Pablo Casares Erakusleihoan
Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazi nahi dizue abenduaren 20an Pablo Casaresen poesia irakurraldia izango dugula gurean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Pablo García Casado poetaren hitzak bere eginez, Casaresek (Donostia, 1972) dio “orain arte koloreak eta formak, mundu krudela, fantastikoa, lizuna bezain miresgarria deskubritu berri zituen itsua nintzen. Orain funtzionamendua deskubritu beharra dago. Gauzak estaltzen dituzten gelatina lodia zeharkatzea tokatzen da”. Askotan ez omen daki zergatik idazten duen, bere testuek ez dutelako inolako garrantzirik, haren bertsorik gabe ere jarrai baitezake munduak aski lasai. Hala ere, idaztea zerbait saihestezina izaten da batzutan. Anbizioa ere ezin ahaztu eta, seguruenik hori izango da norbera idaztera bultzatzen duena, adibidez, poema on batek.
Poema gehienek literaturaren eta artearen ohiko tematika jorratzen dute; hots, heriotzari diogun beldurra, amodioa eta desamodioa, bizitzaren kontuak, azkenean. Poesiari aire ez hain serioa ematearen aldekoa da gure poeta, lirismoa inoiz ahaztu gabe. Poemak horretarako aukera emanez gero, ironiarekin jokatzea gustuko du. Norberaren eskarmentuarekin distantzia jartzea oinarrizkoa da, nahiz eta norberaren esperientzia izan edozein espresioren funtsa.
Gaur arte argitaratutako poemak irakurriko ditu Pablok kronologikoki, nahiz tarteka ineditoren bat sartu.