Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Topaketak-Encuentros (IV), Victoria Eugenia Antzokia

Mikel Iturria 2006/05/16 08:30

Bazkaldu ondoren, Victoria Eugenia: Hiriko antzokia izan zen eztabaidagai. York Theatre Royal antzokiko Daniel Bates jaunak aurkeztu zuen Ingalaterrako York hiriko teatro honen zeregina, Ramon Etxezarretak gure antzokiaren erabilera proiektuaren berri eman zuen eta, ondoren, mahaingurua: Filgi Claverie (Ballet Biarritz), Norka Chiapuso (Donostia Kultura), Miguel Martin (Donostiako Jazzaldia eta Musika Bulegoa) eta Eduardo Clausen (Cultura Musical elkartekoa). Antton Azpitartek, Donostia Kulturako zuzendariak, bete zituen moderatzaile lanak.

Daniel Bates, York Theatre Royal

16:30etan hasi zen hitz egiten eta gehiegi luzatu zen Dan. 50en bat minutuz aritu zen. Hau ere power-point moment izan zen.

York hiriak 184.000 biztanle ditu. Beraz, alde horretatik Donostiaren antza du. Ondare garrantzitsua dute. 56.000 biztanle dira 25 urte azpikoak eta 40.000 biztanle 60 urtetik gorakoak. 76 eskola ditu herriak eta bertan 26.000 ikasle ari dira. 2 unibertsitate, 16.000 ikasle.

Turistak: urtero 4.000.000 turista (Donostian, 1.200.000). Txokolatea eta trenbide-industriaren tradiziotik datoz. Europa iparraldeko elizarik handiena. Bikingoen kultura. 4 antzoki, galeria 1, 3 museo, 12 talde amateur, 3 youth theatre.

York Royak Theatreri dagokionez, 250 urteko historia du. Urtero 7 produkzio lantzen dituzte, gehi beste 5 estudio-produkzio. Bazkideak behar dituzte finantza gastuak estaltzeko.

Urtero 4000 ikusle galtzen zituztela ikusirik, aldaketaren beharraz jabetu ziren 2001. urtean. Gazteak ez ziren hurbiltzen antzokira, esperimentaziorako tarterik ez zegoen…

Total, buelta eman diotela egoerari. Konpainia bati egoitza eman diote eta piramidearen puntan publikoa eta langilegoa jarri omen dituzte. Arrisku gehiago hartu zituzten. Hemen xelebrekeria bota du: gay antzezlan bat landu zutela. Ez dakit serio demonio ari zen edo ez. Ez du aurpegiera aldatu.

Gazte jendearen aldeko apustuak publiko gehiago ekarri du: 2001ean 9.000, 2005ean 25.000. Gazte jendearen artean 20 enbaxadore izendatu dituzte. Zein da hauen papera? Hilero biltzen omen dira, produkzio berriei buruz idazten dute, propaganda sofistikatuagoa erabiltzen dute.

Teatro honek badu Hezkuntza Saila. 5 lagun full time, gehi beste 30 lagun tarteka, ari dira lanean. Iaz 885 tailer eman zituzten eta 23.000 partehartzaile izan dituzte.

Youth theatreak 300 bazkide ditu: gutxienez, urteko produkzio batean hartu behar dute parte. 100 lagun omen dituzte itxaron zerrendan.

Ikastetxe bazkidetuak dituzte. 6 eskola aukeratu dituzte eta urtero 4.000 libra jartzen ditu zentro bakoitzak.

Etorkizuna: sarrerak saltzeko sistema berria, webgune berritua (2006ko otsaila), turistak, gune berriak jendearentzat, hirugarren eszenatokia, sarreren salneurriak gora egingo du…

Zein da teatro honen balioa hirian? Lobby-a beharrezkoa da, evening economy (7 milioi libra), auzo kulturala hirian. Ah! Datu garrantzitsua: 120 enplegatu dituzte.

Ramon Etxezarreta, Donostiako Udala

17:25ean igo da Ramon. Antzokiaren erabilerak jorratuko dituela argitu du. Politikari ttiki baten interbentzioa dela eta kontutan hartzeko hori.

Zeintzuk dira gure erreferentziak? Bilboko Arriaga, Logroñoko Bretón, Iruñeko Gaiarre, Gasteizko Principal, Baionako Essence Nationale.

Power point-ari eragin dio Ramonek ere. Adierazi du nola, mila kontu gainditu ondoren, azkenean, obren amaiera gertu dagoela eta 2007ko udaberrian jarriko dela martxan antzokia.

Ia 21 milioiko inbertsioa izan dela. Udalak 11.750.000 euro ordainduko ditu eta Kultura Ministerioak 7.730.000 euro. Gainerakoa? Ez du argitu.

884 eserleku izango ditu (lehen 1052). Erosotasun handiagoa. Gune ezberdinak. Ohorezko palkoa kenduko da eta horrela proiekzio-kabina egokia jarriko da.

Zein izango da eskaintza? Hiriko kultur gune guztiak koordinatu beharko dira.

Zinema asko: hiriko jaialdi inportante guztiak. Adibidez, Zabaltegiko perlak hemen eskainiko dira.

Formatu handiko antzerkia: derrigorrezkoa izango da Europako zirkuituan sartzea joera ezberdinak hemen erakusteko (ez bakarrik antzerki espainola). Gainera, gazte eta eskola-ikusleentzako eskaintza egongo da, Antzerki Feria.

Dantza ikuskizunak. Ballet Biarritz erakundearekin, Egiako Kultur Etxean egoitza duena gaur egun, dagoen harremana handituko da. Erakunde ezberdinek argi omen dute kontu hau.

Musika: opera, zartzuela eta musikalak. Jazzaldia eta beste zenbait programa.

Produkzioa: Arriaga antzokiak ia 3 milioi euroko aurrekontua du alor honetan. Donostiako antzokiak 200.000 euro izango ditu.

Prestakuntza: konpetentzia ez da Udalarena eta hori arazo da. Dena den, ikastaro laburrak eskaintzeko asmoa omen dago.

Beste baliabide batzuk: entsaioak egiteko guneak, erabilera anitzeko aretoak, etab.

Bulegoak: Donostiako Zinemaldia, Donostia Kulturaren bulegoak (ez denak), Donostiako Jazzaldia.

Programazioa: 139 funtzio (jaialdiak kontutan hartu gabe), 2.826.000 euroko aurrekontua. Diru-sarrerak, 1.795.000 euro. Defizita, 1.052.000 eurokoa, Udalak asumituko du.

Kudeaketa: erabakia hartu gabe dago. Bizpairu formula aipatu ditu Ramonek.

Bat: Kursaal Fundazioak bere gain hartzea formatu handiko ikuskizunen programazioa. Eta Udalak, gainerakoa.

Bi: Dirulaguntzak jasotzea edo beste erakunde batzuk hartzea zenbait bloke programatiko beren kontura.

Filgi Claverie, Ballet Biarritz

Filgik argitu nahi izan du Donostian badagoela gaur egun dantza programazioa, Kursaalean eta Egiako Kultur Etxean (Gazteszenan) gauzatzen dena. Ez da guk nahiko genukeena (baldintza falta), baina bai hartu behar dela kontutan datu hau.

Beraz, Victoria Eugenian egin beharreko programazioak osatu behar du gaur egun dagoena. Dantza erakustaldiak eta hedapena landu beharra dago.

Victoria Eugeniako eszenatokiak formatu txikiko eta ertaineko dantza ikuskizunak egiteko aukera ematen du soilik, ez formatu handikoa. Hauek tokia dute Kursaalen. Dena den, gaur egun eskaintza gehiena formatu txikikoa eta ertainekoa da.

Dantza arte diziplina ezezaguna da, jendeak beldurra dio. Ezin gauetik egunera publikoa sortu. Denbora behar da eta horretarako tokia behar da sentsibilizazio-guneak jartzeko. Hau da, tailerrak, jendaurreko entsaioak, entzunaldiak…

Produkzio gunea. Dantza konpainiei eszenatokia uztea ere bada ekarpena, nahiz eta ez izan ekarpen ekonomikoa. Konpainiek baloratzen dute hori.

Filgik argi adierazi du Donostiak dantzaren erakusleihoa behar duela. Hau da, ez da nahikoa urteko programazioa. Dantza jaialdia behar-beharrezkoa da. Zerbait glamourosoa behar da, puntuala, arreta deitzekoa. Era berean, Claveriek adierazi du Biarritz Festival bazkide izateko prest dagoela, laguntzeko prest dagoela.

Norka Chiapuso, Donostia Kultura

18:05ean iritsi zaio txanda Norkari. Denboraz larri geundenez, prestatutako idatzia irakurri egin du Norkak. Azkarregi irakurri du Norkak eta ez naiz gai izan behar den bezala oharrak hartzeko.

Goizetik gauera ateak zabalik izan behar dituen gunea izango dela esan du. Kursaal-arekin koordinatzea beharrezkoa dela ere bai. Euskadiko Antzokien Sarean hasieratik dagoela, baita Red Españolan ere. Latinoamerikako sare batean sartuta dago. Eta, bukatzeko, Iparraldeari begira dagoela (Biarritz, Baiona…).

Antzoki honekin formatu handiko antzerkia bueltatuko da Donostiara. Europari begira jarri behar dugu. "Traficantes de sombras" izeneko testua irakurri egin du.

Miguel Martín, Jazzaldia eta Musika Bulegoa

Aldez aurretik ezer prestatu barik etorri dela esan du Miguelek. Ume mokoa zenean, goiko rosetoian dauden margoei begira zenbat ordu pasa zituen gogoratu nahi izan du. 21 urte zituenean, Musika Hamabostaldiko produkzio buru lanetan, bizitza aldatu zitzaion margo horiek gertutik ikusteko aukera izan zuenean. Hiri honen kultura garaikidean ezinbesteko gunea da Victoria Eugenia.

1999an itxi zituen ateak teatroak eta 2007an, zorionez, beste hiri batekin egingo du topo. Kursaal zabaldu zenean beldur handia zegoela bertako bi aretoak betetzeko. Gaur egun esan daiteke urtean zehar askotan betetzen dela Kursaala.

Musika asko programatzen da hiri honetan (programazioaren gehiena). Kontuan hartu beharko da teatroaren edukiera eta eszenatokiaren neurriak. Baltzintzatuta gaude, baina programazio egokia egin beharko da. Dena da posible teatroan, dirua egonez gero. Garrantzitsua kontzeptua harrapatzea.

Kursaal-ari dagokionez, kontutan hartu beharra dago ez duela teatro baten modura funtzionatzen. Antzokiak laguntzen du produkzioa, parte hartzen du programazioan. Koprodukzioa eta egoitza formulak ditu teatroak. Bi harrobi on (Donostiako Musika eta Dantza Eskola zein Musikene). Mugaz bestaldeko kooperazioa kontutan hartu behar da (eta ez bakarrik hurbilekoa, baita urrunekoa ere).

Eduardo Clausen, Cultura Musical

Labur mintzatuko dela esan du Eduardok. Gainera, Miguel Martinek esandako guztiarekin ados dagoela.

Cultura Musical elkartea gainditutako ereduan oinarritzen da eta erabilera berriei begira eraikitzeko material gisa hartu beharko litzateke kontutan. Irabazi asmorik gabeko elkartearentzat Victoria Eugenia ixtea trauma izan zen.

Kursaal-era joan zirenean garestitu zen beraien jarduna. Gaur egun, hobeto daude, Fundazioaren partaide direlako.

Eztabaida

Kepa Kortak hartu du hitza galdetzeko ea nolako lotura eta koordinazioa izango duen Kursaalarekin.

Miguel Martinek erantzun dio ona dela lehiakortasuna. Norkak esan du garrantzitsuena hiriak balizko ikuskizuna ez galtzea dela. Martinek bai esan duela data-koordinazioa beharrezkoa dela. Nolabaiteko agenda komuna sortu behar dela, baina ausart jokatzen dugula (adibidea, Depeche Mode/Jazzaldia, egun berean).

Eduardo Clauseni ez zaio gustatu lehiakortasun hitza, batez ere prezio publikoetaz ari garenean. Hau da, kontzeptu hori ekonomi pribatuari dagokiola. Koordinazio falta osasuntsua izan daiteke politika munduan, baina arriskutsua da kulturaz ari garenean.

Ezagutzen ez dudan emakume batek gauza asko nahasten ari direla esan du (teatroa, zinema, musika). Edadetua da eta gazteak hainbat aldiz aipatzea ez zaio gustatu. Nagusien apetak ere kontutan hartzeko.

Eduardo Clausenek barkamena eskatu du. Berak izan beharko luke publiko horren ahotsa. Elkarteak 600-700 abonatu ditu, gehienak edadetuak, askok 50 urteko bazkidetza dute. Cultura Musical elkarteak 60 urte ditu.

Filgi Claveriek erantzun dio ballet klasikoa ikustera gonbidatu nahi duela Miarritzera (emakumeak Donostian ez dagoela eskaintzarik esan baitu). Filgik esan dio oso talde gutxi ateratzen direla giran ballet klasikoa eskainiz. Bere ustez, garrantzitsuena da gaur egungo programazioa osatzea. Arazoa ez da bata klasikoa eta bestea garaikidea izatea.

Gizon ezezagun batek gogoratu nahi izan du Donostian 4 teatro itxi direla azken hamarkadetan. Antzerkizaletasuna sustatu eta sortu behar da. Garai bat amaitu dela-edo. Norkak erantzun dio Donostiak jarraitzen duela izaten teatro plaza. Hau da, konpainia asko daudela bertan. Besteak erantzun dio aukera handiak pasatzen utzi direla. Norkak, berriz, gaur egun beste kontsumo batzuk daudela, beste antzoki eta aretoak ireki direla.

Beste emakume batek kultur etxeetan dagoen antzerki eskaintza ona dela esan ondoren, puntako antzerki eskaintza faltan botatzen duela adierazi du. Hau da, inguruko hiriburuetan eskaintzen diren lanak ez direla hona ekartzen. Norkak Antzoki Zaharraren mugak gogoratu dizkio. Andreak, berriz, ez zituela berak tamaina handiko antzezlanak aipatu nahi.

Eta honela amaitu zen arratsaldeko eztabaida. Gero, koktela eta musika zuzenean.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (III), San Telmo Museoa

Mikel Iturria 2006/05/15 08:30

Kafea hartu ondoren, San Telmo Museoari buruzko gogoeta etorri zen. Juan Velázquezek moderatu zuen Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoko zuzendaria, Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusiko goi kargua, eta Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariaren arteko eztabaida. Bildutakoek egindako zenbait galdera ere erantzun zituzten.

Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoa

12:10ean hasi da. Poliki, lasai, argi. Ondarea ez da esistitzen: sortu egin behar da.

Museoa: burgesia ilustratuaren gune sinbolikoa izan da.

Migrazioa: identitate-paradigmak aldatu egingo dira.

Glocalidad: "lo local ha de enmarcarse en el marco de lo global".

Adostasuna, kontsentsua: beharrezkoa politikaz ari garenean, baina oso arriskutsua kulturaz ari garenean. Kulturan ñabardura baita garrantzitsua.

Etorkizuneko museoek balio beharko dute "particular-universal" solasaldirako.

Museoek migrazio mugimenduekin egongo diren kontradikzioak azaleratzeko eta kultur eztabaida bultzatzeko gune izan beharko dute. Gune hauetan solasaldiak, eztabaidak, gatazkak… egon behar dute.

Erakusketa iraunkorrak: gaur egunean ezin dute betirako izan. Ez dakit maiztasuna zein den, baina aldatu behar ditugu noizean behin.

Lau helburu bete behar dituzte museoek:

Entretenimendua: interesa.

Heziketa: hitz malditoa.

Eskarmentua: norberarena…

Gizarte interakzioa.

Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusia

12:35ean hasi eta datu mordoa bota du Víctorrek. Oso teknokrata azaldu da, baina argi eta garbi erakutsi digu Espainian dauden 1137 museoak buruan dituela tipoak.

Horietatik % 67,7 publikoak dira, % 30,6 pribatuak eta % 1,7 mistoak.

Power point-ari eraginez mintzatu da. Zutik. Espainiako Museo Sistemaren barruan dago San Telmo Museoa. Ministerioaren partehartzea zehaztu du.

Susana Soto, San Telmo Museoa

13:00ean iritsi zaio txanda. Proiektu museologikoa izan du berak hizpide (memoria eta lurraldea). Ostiral eguerdian hitz egingo du Nieto eta Sobejano arkitekto estudioko kide batek proiektu arkitektonikoaz.

San Telmo Museoa XVI. mendeko konbento dominikoa dela esan du. Museoaren historian zehar Aranzadik eta Josemiel Barandiaranek jokatutako paper garrantzitsuaz mintzatu da. Lehenengo krisiak 1960. hamarkadan hasi zirenetik, behin-behinekotasun egoeran dago museoa.

Krisia ez da hemengoa: Europan XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran sortutako museotan orokorra da krisia.

Proiektuak San Telmo museoa ondare- eta kultur-gune bihurtzen du. Datu bat kontutan hartzekoa: Donostiak 1.200.000 turista-bisitari ditu urtean. Eraikinak dituen arazo mordoa zerrendatu du. 1991 urtean Mulhouseko Konferentzian "gizarte museoak" kontzeptua finkatu zela dio Susanak. 7 erreferente ere aipatu ditu: Grenoble, Lyon, Paris, Marseille, Montreal…

Aurrekontua 24 milioikoa da. 8 milioi Estatuak jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak milioi 1.

Eztabaida

Juan Velázquez hasi da txandak banatzen. Ezagutu ez dudan emakume batek kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak parte ez hartzea obra garrantzitsu honetan.

Montserrat Fornellsek (San Telmo Museoko Lagunen Elkartea) eskatu du mikrofonoa. Donostia, Bilbo eta Gasteiz baino atzeratuago dago museo-azpiegiturei dagokienez. Elkarteak ia 700 bazkide dituela esan du. Eraikina zabaltzea eta proiektua bera gustuko ditu Montsek. Espero du behingoz proiektuak aurrera egitea, nahiz eta finantziazioa oraindik zehazteke dagoen. Eskandaluzkoa da Jaurlaritzak aurrekontuaren herena ez jartzea.

Erakusketa iraunkorei buruzko kontzeptua zehaztu du Nicolauk.

Santa Teresa zer den galdegin du norbaitek eta Foru Aldundiak jokatu beharreko paperaz. Susana Sotok esan du San Telmok proposatu zuela bat-egitea eta museo-gune bakarra egokitzat jo du. Badagoela aukerarik museo-auzoa sortzeko Alde Zaharrean: San Telmo, Santa Teresa, Urgull, Aquarium, Itsas Museoa…

Odón Elorzak benetan ari direla esan du, oraingoan baietz. Gainerako erakundeek konpromiso handiagorik hartzen ez badute ere, aurrera egingo duela Udalak. Foru Aldundia prest zegoela San Telmo Museoa bere baitan hartzeko, baina hiriak ez duela ondare hori galdu nahi.

Antoni Nicolauk harreman txar horiek konpondu behar direla dio, kanpotik begiratuta. Hiritarra, bisitaria, ez doa Udalaren museo batera edo Diputazioaren museo batera. Bost axola zaio hori herritarrari. Arduragabekeria litzateke Santa Teresa eta San Telmo proiektuak bat ez egitea.

Antton Azpitartek, Donostia Kulturako zuzendariak, San Telmo euskal gizartearena behar duela izan adierazi du. Eusko Jaurlaritzari hartutako erabakia berriro pentsatzeko eskatu dio.

Juan Velázquezek finantzabide pribatuaren gaia jarri du mahai gainean. Víctor Cageaok esan du ekimen oso zehatzetan jorratzen dela bide hori (errestaurazio batzuk, ekitaldiren bat). Hori, behintzat, Ministerioaren eremuan.

Cageaoren ustez, munduarena, mundukoa da ondarea, ez da herriarena, ezta Gipuzkoarena ere. Gizartearentzat direla museoak. Era berean, bildumak ematen diola singulartasuna museo bati eta hori ezin dela ahaztu.

Bestalde, azpiegitura honek aldakorra (“versátil”) izan behar du derrigorrez. Hasiera-hasieratik komeni da kontutan hartzea. Izan ere, ondareak diru-kostu bat du. Hau da, joerak alda daitezke eta, urte batzuk barru, dirurik gabe egon gaitezke erronka horiei aurre egiteko.

Honela amaitu zen goizekoa.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (II), hiru administrazioen kultur proiektuak

Mikel Iturria 2006/05/14 08:30

Ramon Etxezarretak jendea agurtu ondoren, Miren Azkarateri eman dio hitza. Gero, Joxe Joan Gonzalez Txabarrik eta Odon Elorzak egin dute berba.

Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritza

Euskaraz hasi eta gaztelerarekin tartekatuz hitz egin du kontseilariak. Ez dut apunte askorik hartu, tokia, tonua hartzen ibili bainaiz, ingurua ezagutzen.

Azkaratek kontatu du nola 2001eko maiatzaren 10ean hiru erakundeek (Jaurlaritza, Aldundia eta Udala) sinatu zuten akordioa Tabacaleraren egitasmoa aurrera eramateko. Local-global horretan jardun beharraz eta Estatuan zein Europan erreferente bihurtzeko beharraz. Karlsruheko adibidea aipatu du, jardunaldi hauetan aurkeztuko zaiguna.

Tabacalerako egitasmoan, San Telmorentzat jartzekoa zuten dirua bideratu zutela esan du Azkaratek.

Donostialdean daramaten beste zenbait egitasmoren berri ere eman du. Denentzat ezagunak: EITB eta EOS, baita Errenterian dagoen Eresbil ere.

Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Gipuzkoako Foru Aldundia

Kepa Kortak hartu du hitza. Alkatea berandu datorrela esateko. Txabarri aldun nagusiak hitza hartu eta minutu batera sartu da aretoan Odon.

Joxe Joanek kultur proiektuak ditu aipagai. Koldo Mitxelena Kulturunea, Arteleku(harribitxia dela esan du), Santa Teresa (Alde Zaharrean dagoen eliza, tesoro arkeologikoa). San Telmorekin batera Gipuzkoako memoriaren lerroburu izan behar duela Santa Teresak.

Dirulaguntzak, bekak eta fiskalitateak dituen aukerak erabiliz 13 milioi euro banatu direla iaz kultura, kirola eta hizkuntz normalkuntzan.

Haria galdu eta, bote prontoan, "kultura gastronomikoa" hitza entzun dut. Donostia kultur hiriburua dela, baina berak Gipuzkoa Hiria kontzeptua aipatu du, Euskal Hiriaren barruan.

Etorkizunari begira, hiru ildo nagusi:

Koldo Mitxelena erakundea: erreferentziazko erakundea izango da programazio eta produkzio propioak bultzatzeko. Eztabaida zabalik dago.

Irungo URI eraikina: Gipuzkoako kultur sistemaren hornitzailea izango dena. URI, Unión Radio Irun enpresaren pabiloi zahar bat da.

Informazioaren gizartea: e-gipuzkoa. Erronka: sarean lan egitea.

Odon Elorza, Donostiako Udala

Alkateak hartu du hitza 11:05ean. Lehen hitzak euskaraz. Irakurtzen hasi da, baina berehala utzi du eta gazteleraz jarraitu du. Gogor.

Auzoetan dauden kultur etxeen sarea kenduta, ez dugu lehen mailako ekipamendurik. Autokritika egin beharra dago: ondo daude ekipamendu handi horiek barrura begira, baina motz gelditzen dira hiriak aurrera egin dezan. Kultur berpizkundea aipatu du.

Anbizioa behar dugu: kalitatea eta berrikuntza. Iparraldea eta Bilbo, Euskal Herria ere bai.

Autobonboa: ez dago Espainian, gure tamainako hiririk egun ditugun antzeko kultur proiektu eta erronka hauetan sartuta dagoenik.

Victoria Eugeniak ia 21 milioi euro behar ditu. Estatuak ia 9 milioi jarriko ditu. Euskal Herriko antzokirik onena izan behar du, Arriaga antzokiarekin batera. Ballet Biarritzek bigarren egoitza behar duela bertan. Eta Iparraldeko beste zenbait talderekin egin beharreko harremanaz jardun du.

San Telmo martxan jartzeko, 24 milioi behar ditugu. Estatuak 8 milioi jarriko ditu. Oraindik pendiente daudela gainerako diru kontuak. Ez da izango hiriaren museoa, ez da Gipuzkoakoa ere. Euskal Herrikoa izan behar du, Bilboko Arte Ederretako Museoa bezalatsu. Gero, museoari buruzko eztabaidan, hitza hartu eta beste erakundeen laguntzarik ez badu ere, udalak aurrera egingo duela adierazi du.

Tabacaleraren kasuan hiru erakundeek jarriko dute dirua. Bakoitzak heren bat. Altadisekin itxitako tratua hiriaren, udalaren meritu izan zen. Egin zitekeen merkataritza gunea bertan, baina gure apustua kultur faktoriaren aldekoa da. Hiru erakundeak ados gaude eta erronka ederra dugu aurrera begira.

Odonek esan du hiritarrak oso gustura daudela kultur etxe eta liburutegi sarearekin. Eta auzoetan kultur mailan egin berri diren eta egingo diren inbertsioen berri eman du.

Bukatzeko, bake garaian gaudela eta harritu nauen ondorengoa: ozen esan du ez dagoela inolako interbentzionismo politikorik Donostiako kultur guneetan, ez jaialdietan, ez inon.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (I), Donostiako Kultur Proiektuak

Mikel Iturria 2006/05/13 12:50

Maiatzaren 11 eta 12an, Donostiako Plan Estrategikoak, Udalarekin eta Donostia Kulturarekin batera, antolaturiko Topaketak izan dira San Telmo Museoan. Bertan, Donostian puri-purian dauden hiru kultur proiektu potoloei buruz (Tabacalera, Victoria Eugenia eta San Telmo, hor behean hirurak mapan) jendaurrean hitz egiteko aukera izan da.

Ostegun goizean, Miren Azkarate, Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta Odón Elorza agintariek ireki zituzten jardunaldiak, Ramon Etxezarreta zinegotziak etorritakoei egindako agurra ahaztu gabe. Ordezkatzen dituzten administrazioen kultur proiektuak agertu zituzten jendaurrean, baita dagoeneko ezagunak diren liskarrak ere.

Kafea hartu ondoren, San Telmo Museoari buruzko gogoeta etorri zen. Juan Velázquezek moderatu zuen Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoko zuzendaria, Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusiko goi kargua, eta Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariaren arteko eztabaida. Bildutakoek egindako zenbait galdera ere erantzun zituzten.

Bazkaldu ondoren, Victoria Eugenia: Hiriko antzokia izan zen eztabaidagai. York Theatre Royal antzokiko Daniel Bates jaunak aurkeztu zuen Ingalaterrako York hiriko teatro honen zeregina, Ramon Etxezarretak gure antzokiaren erabilera proiektuaren berri eman zuen eta, ondoren, mahaingurua: Filgi Claverie (Ballet Biarritz), Norka Chiapuso (Donostia Kultura), Miguel Martin (Donostiako Jazzaldia eta Musika Bulegoa) eta Eduardo Clausen (Cultura Musical elkartekoa). Antton Azpitarte, Donostia Kulturako zuzendaria aritu zen moderatzaile lanetan.

Gauzarik interesgarrienak ostiral goizean entzun nituen. Tabacalera izan zen goizeko gaia. Lehen orduan Josep Ramoneda (Bartzelonako CCCB-ko zuzendaria) aritu zen. Ondoren, Karlsruhe hiriko ZKM zentroko Komunikazio zuzendariak hartu zuen hitza, Berhard Serexhek. Kafea hartu eta Josean Muñozek Tabacalerako proiektuari buruz esandakoak gustura entzun nituen. Mahainguruan, Joseanekin batera eta Aurkene Alzuaren gidaritzapean, Kepa Kortak (Donostiako Plan Estrategikoa), Mikel Lejarzak (Grupo Árbol, besteak beste) eta Lourdes Fernándezek (Manifesta 5 eta ARCO-ko egungo zuzendariak) egin zuten berba.

Amaieran, bezperan hitz egin behar zuen Nieto Sobejano arkitekto estudioko kide batek aurkeztu zuen San Telmo Museoko proiektu arkitektonikoa, baina ez nintzen geratu.

Prentsa idatziak jardunaldi hauei buruz jasotakoak hemen bildu ditut. Hurrengo egunean nire apunteak copyleft zabalduko ditut. Euskaraz, hemen. Gazteleraz, han.

Hiru administrazioen kultur proiektuak Donostian

Los proyectos culturales de las tres administraciones en Donostia-San Sebastián

San Telmo Museoa

El Museo San Telmo

Victoria Eugenia Antzokia

El Teatro Victoria Eugenia

Josep Ramoneda: kultur instalazioen etorkizuna

Josep Ramoneda: el futuro de las instalaciones culturales

Karlsruheko ZKM

El ZKM de Karlsruhe

Tabacalera, euskaraz

Tabacalera, gazteleraz

Nire ikuspuntua-edo

Y digo yo

Maiatzaren 14ko eguneratzea: lana uste baino potoloagoa izan da, baina amaitu dut. Norbait gustura ez badago nik haren ahoan jarritakoarekin edo beste zerbait adierazi nahi badu, hona hemen nire e-maila: iturri a bildua puntu org.

Maiatzaren 29ko eguneratzea: Plan Estrategikoaren Bulegoak jarri ditu jada bere webgunean jardunaldien laburpenak. Pdf formatuan daude:

Euskaraz eta gazteleraz

Poltsiko Antzerkia eta Literaktum Donostian

Mikel Iturria 2006/05/09 18:36

Gaur goizean zen aurkeztekoa hurrengo hiru aste bukaeratan egingo den Poltsiko Antzerkia jaialdia. 26 ekitaldi antolatuko dira auzo ezberdinetako tabernetan. Bestalde, hilabete hasieran aurkeztu zen maiatzaren 16tik 20ra, Donostiako auzoetako kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian, egingo den Literaktum jaialdia.

Poltsiko Antzerkiaren zikloari hasiera emango dio, besteak beste, Ander Lipus komerianteak, zenbait bertsolarirekin batera, martxan jarri duen Bertsotranpak izeneko emanaldiak. Pasa den urtean aritu ziren estreinakoz Algortan. Aurtengo Aste Santuan egon dira Aulestin eta Donostian Via Fora jatetxean, Espai Catalunya Topalekuaren egoitzan, egongo dira maiatzaren 11n, gaueko 21:00etan. Eta 18an, Intxaurrondoko Txiki Tabernan, hemen 20:00etan.

Bertsolarien artean, Andoni Egaña txapelduna eta Getxoko Fredi eta Xabi Paia anaiak daude. Antzerkiola Imaginarioan dabilen Aitor Agiriano musikariak ere hartuko du parte ikuskizunean.

Ostiralean, berriz, Larramendi kaleko Soma 107 tabernan, gaueko 23:30etan, Ajo (Mil Dolores Pequeños taldeko abeslari ohia) eta Mastretta musikaria arituko dira Striptease Cardiovascular lanarekin. Funtsean, Ajok mikro-poesiak irakurriko ditu eta Mastrettak musika jarriko du.

Maiatzaren 16an, asteartean, Literaktum hasiko da. Jaialdi hau ez dago bakarrik literatur sorkuntzari begira eta beste zenbait arte diziplina ere hartzen ditu kontutan. Iaz, zinema; aurten, musika. Besteak beste.

Honela, maiatzaren 16an, Ernest Lluch Kultur Etxean bi abeslari jarriko ditugu elkarrekin solasean. Batak, Jabier Muguruzak, jazz, pop eta literatur erreferentziak ditu abiapuntu. Besteak, El Chojín-ek, kalea izan du unibertsitate (hip-hop). Jabier ezagutzen nuen, baina Chojín-en azken diskoa berriki entzun dut eta sorpresa polita izan da. Joseba Martinek, La Jungla Sonora irratsaio beteranoko aurkezleak, jarriko ditu biak lanean eta bakoitzak nola lantzen dituen kantak ikusteko parada izango dugu.

Finean, konturatuko zineten, arte adierazpen horien (antzerkia, literatura) muga-mugan dauden beste hiru adibide hauek izan dira gehien interesatu zaizkidanak niri hemen aipatzeko. Norbaitek esango du, esaten dute, "hori ez da antzerkia" (bertsoa) edo "hori ez da literatura" (musika). Niri bost. Etiketak mundua etiketatzeko.

Foroa baino forroa

Mikel Iturria 2006/05/07 12:31

Igande arratsaldean DFoto izeneko Bideo-artearen eta Argazki Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 3. ediziora joan nintzen. Kursaaleko kuboetan egiten den azoka da hau eta COFF fundazioak antolatzen du.

Gutxi dut esateko. Lehenengo aldiz egon nintzen feria horretan eta lekuz kanpo ikusi nuen nire burua. Interesgarria izango dela ziur nago, baina Ismael Manterola aditua ere aspertu egin zela irakurri dugu gaur.

Ostiraleko funtsa, dena den, hiriaren beste tenplu hiper-modernoan zegoen ekitaldia zen. Iban Zaldua idazleak etxean aurkezten zuen Mentiras, mentiras, mentiras liburua. 2000an argitaratutako ipuin haiek itzuli ditu Ibanek eta Lengua de Trapo argitaletxeak publikatu ditu orain.

Kasualitateak nahi izan du aurreko su-etenean idatzitako ipuin ausart haiek su-eten iraunkorraren garai honetan gazteleraz irakurtzeko aukera egotea.

Luxuzko bi aurkezle izan zituen Ibanen liburuak: Pedro Ugarte eta Juan Garzia egon ziren ring-ean.

Ring-a zergatik? Borroka egoten delako FNACen Forumean. Tokia zabaldu berritan, Jabier Muguruzaren "Abenduak 29" diskoaren aurkezpena egiteko emandako kontzertu laburrera joan nintzen. Pasa den urteko urrian izan zen hori eta orduan ez nintzen gustura geratu. Harritu ere egin nintzen tokia nolakoa zen ikusita.

Toki deserosoa zena okerragoa da egun: foroa eta kafetegia banatzeko gortina beltza jarri baitute. Batek esan zuen bezala "forro de los cojones". Honela ekitaldira joan direnek sufritu behar dute estalkiaren beste aldean kafetegiko bezeroek horrelako tokietan ohiko diren zalapartak armatzea.

FNACek jakingo du zer nahi duen. Bertan zer edo zer aurkeztu nahi duenak, edo aurkezpenera joan nahi duenak, jakinaren gainean egon dadila. Ring batean sartuko dira.

Realaren kapital handitzea zertarako

Mikel Iturria 2006/05/04 08:00

Igande arratsaldea. 17:00ak izateko hogei minutu falta dira eta Anoeta Estadiora sartu naiz. Gure mutilek beroketa ariketak nola egiten dituzten ikusi ondoren, nire eserlekua dagoen zonaldera abiatu naiz. 7. atetik sartu naiz estadiora, eskailerak igo eta gora egin dut.

Nire eserlekua dagoen tokira hurbiltzen naizenean, aldameneko bi eserlekuak uso kakaz blai daudela konturatzen naiz. Bietako batekin, gainera, usoek ezin hobeto asmatu dute.

Aldamenean nire bi lagun eseritzen dira. Badakit ez direla etorriko, baina txartela lagun batzuei utzi dietenez, eta denbora dudanez, inguruan dagoen atezain bati kontatzen diot nire arazoa. Ea norbaitek garbi dezakeen galdetzen diot. Berak ezin duela handik mugitu eta Segurtasun kabinan daudenei esateko. Bertan dagoenak, bera ez dela klubeko langile, ertzaina baizik, eta joateko beheko atera.

Sartu naizen atera, 7. atera, hurbildu, bertan dagoenari nire prolemak berriro kontatu eta lehenengo atezainaren moduan berak ezin duela handik mugitu. 8. atera joateko, han dagoela koordinatzailea.

Nire pazientzia, normalean potea akitu samarra eramaten dut, agortzear dago, baina ez dut aurpegia aldatzen. 8. atean dagoen koordinatzaileari, berriro, nire arazoa esplikatu. Hartu talkia gure lagunak. Norbaiti deitu. Haren mezuren bat jaso. Nire eserlekura joateko eta azalduko zela norbait.

Norbait azaldu? Seguru nago tokia oraindik garbitu gabe dagoela, nahiz eta igandean partida garrantzitsua jokatu behar gure mutilek.

Eserleku bakoitzean kapital handitzearen berri ematen duen foileto bana dago. Hartu foileto batzuk eta aldameneko bi eserlekuak behar diren bezala tapatu genituen.

Nire lagunen lagunak etorri ziren, eseri eta Realak nola galdu egin zuen ikusi zuten. 1-2 Sevillaren aurka.

Realaren kapital handitzea zertarako? Usoen kakak estaltzeko.

Euskal Herria Jamaika Clash, Fermin Muguruzaren disko berria

Mikel Iturria 2006/05/02 08:30

"Euskal Herria Jamaika Clash" abestiaren bideoa da goikoa.

Apirilaren 23an Zazpikan agertu zen elkarrizketa jaisterik dago negugorriak.net webgunetik. Adi ibili, aste batzuk barru kenduko baitute.

Irun-Kingston konexioa, Ferminen artikulua Berrian, apirilaren 29an. Jamaikan bizitako esperientzia kontatzen du bertan. Euskarazko testu hau gazteleraz jarri dut nik pedradas blogean.

Maiatzaren 3an da diskoaren aurkezpena. Eguerdiko 12:00etan KMn. KM 2.0.

Maiatzaren 3an, gaueko 21:30etan, elkarrizketa Bertatik Bertara telebista saioan.

Maiatzaren 4tik aurrera egongo da diskoa erosteko aukera.

Maiatzaren 3ko eguneratzea: Maiatzaren 7an ez, maiatzaren 9an, gaueko 23:00etan, ETB1ek botako omen du Ferminek Jamaikan bizitako esperientziaren berri ematen duen dokumentala.

Maiatzaren 4ko eguneratzea: atzo egin zuen KMn aurkezpena Ferminek. Koloretsua, jendetsua, desberdina. Areto nagusian 60-70en bat lagun egongo ginen.

Horrela jaso dute komunikabideek atzokoa, Haria-tik tiraka

Berria

Eitb24.com

Gara

Diario Vasco

Noticias de Gipuzkoa

Dena dela, blogosferan ere izan da honetaz idatzi duen pertsonarik. Adibidez Gaztelumendi aka ptx

Diskoaz egin beharko dugu berba beste egun batean. Itxura oso ona du-eta.

Maiatzaren 7ko eguneratzea: "Euskal Herria Jamaika Clash" dokumentalaren estreinaldia gaur Irungo Lakaxita gaztetxean izango da. 18:30etan izango dela dio lotura horrek, baina atzo 18:00etan izango zela irakurri nuen.

Serio Demoniok langileriari

Mikel Iturria 2006/05/01 08:30

"Aitortu behar da Sanzek gaitasun paregabea duela pertzepzio ikaragarriak izateko. Martxa honetan, esanen du pertzepzioa duela LAB, CGT eta CCOO The Organization-en aginduz saiatzen ari direla ixten Volkswagenen Landabengo lantegia".

"Ikaragarria. VWen gertatzen ari dena. Azken hiru urteotan, Landabenen 700 lanpostu desagerrarazi dituzte, langileen soldata % 10 jaitsi da eta malgutasuna areagotu da. Sindikatuen Lan Hitzarmenerako azken eskaintzak zuzendaritzaren eskaera ia guztiak biltzen ditu. Zergatik ez du onartu VWk? Epe ertainean Ekialdeko Europara alde egiteko erabakia hartua duelako, eta ihesaldiaren errua langileei egotzi nahi dielako. Zergatik? Etekin are handiagoak lortzeko. Iaz, VWk Nafarroan 18 milioi euroko irabaziak izan zituen. Mundu osoan, 1.120 milioikoak. Halere, gehiago nahi dute, eta horregatik ari dira Ekialdeko Europan lantegiak eraikitzen, egungo haren lantegiek sal ditzaketenak baino auto gehiago fabrikatzeko gaitasuna duten arren".

"Zergatik egin du Foru Gobernuak VWen alde? Hari ere komeni zaiolako errua langileei egoztea, inork ez dezan errudunik bila Diputazioan, Nafarroa industrialki Errepublika banana-ekoizle bilakatu duten agintari erregionalisten artean. Gobernuaren azken demagogia ariketa, esatea VWeko langileen greba egun bakoitzeko Foru Ogasunak milioi bat euro galtzen duela, "ospitaleak eta eskolak eraikitzeko". Edo foruzainek langileak egurtzeko borrak erosteko. Antza, zuzendaritzak malgutasunaren izenean urtean hainbat lanegunez lantegia ixten duelarik, Ogasunak ez du sosik galtzen. Enpresaburuek gero eta gehiago irabazten dute, langileok gero eta gutxiago, eta gaiztoak langileok gara, hamarkadetako borrokaz lorturiko eskubideei ez diegulako muzin egiten. To eta no".

Juan Kruz Lakasta / Zaldieroa Serio demonio, Tartea, Berria. 2006ko apirilaren 29an.

Eta diot nik: ozenago agian, argiago ezin esan.

Bilbo Dub Jukebox party

Mikel Iturria 2006/04/29 09:40

Harkaitz Canori entzuna diot hegaldiek hobetzen dituztela liburuak (hau da, abioietako irakurketek liburuak hobetzen dituztela). Aste Santuaren atarian Tenerifera joan nintzen. Abioian nirekin pare bat liburu: El filo de la hierba eta Bilbo Dub Kronikak. Canori detailetxo bat ahaztu zitzaion: zer gertatzen da abioian hormonak puri-purian dituzten gazteez osaturiko bi talde egonez gero? Pufff!!! Irakurraldia sufrikario bat bihurtzen dela… Abisatu bezala Paddy Rekalde eta lagunak azaldu ziren ostegunean kultur etxean. Furgoneta aparkatu, eszenatokia atondu, trago batzuk hartu eta… gozatzera.

Eta hori izan zen laukotearentzat, baita eserlekuan ipurdia itsatsita zuen ikuslegoarentzat, ostegunekoa: party bat. DJ Ander Groundek soinu banda jarri zion Paddyren irakurraldiari, Gabriel Arestiri idatzitako lehen gutunarekin hasi zen irakurraldiari.

Bost zati izan zituela irakurraldiak esan zidan Paddyk, edo hori ulertu nion. Igual lau izango ziren. Drum & Bass, dub, reggae doinuak, inkluso Anariren ahotsa entzun genuen bafleetatik.

Ohar batzuk hartu nituen, baina, halako batean, koadernoa itxi eta boligrafoa gorde egin nuen. Rekalderen ahotsa, DJaren musika … eta Gotzon Garaizabal eta Peru Txaman margolarien paleta koloretsua ikustea plazera zen. Zertarako hartu oharrak? Bidaiak argazki makinaren bisoretik begiratzera bezala izango litzateke.

Ekitaldiak irauten zuen bitartean ez genuen argazkirik atera. Bukaeran hartu genuen baten bat. Ea datorren astean iruzkintxo hau ilustratzeko moduko argazkirik topatzen dudan.

Zuen herrian, aldamenekoan edo auskalo non "Bilbo Dub Jukebox" laukotearen party-aren berri ematen duen karteltxoren bat ikusiz gero edo mezu elektronikoren bat jasoz gero, ez izan zalantzarik. Ederra izango da. Seguru.

Ez esan gero nik abisua eman ez dudala.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter