Gabiria eta Urikeriak
Julen Gabiriari bidali nion aurrekoan e-maila. Berrian irakurri nuenez, "Urikeriak" emanaldiaren gidaria zen bera. Bi galdera egin nizkion: ea zer zen eta ea zer moduzko boloa atera zitzaien Bilborock-en. Erantzuna gustatu zaidanez eta ez blogaria dela kontutan hartuz, beti ere bere oniritziarekin, hona ekartzea erabaki dut. Haren erantzunaren aurretik irakurri nuen Patxi Lurra aita barriaren mezua. Norbait ausartuko al da Donostiakeriak egitera?
Milar esker, Julen. Zer da Urikeriak
Narratzaile-aktore bat; bi bertsolari; hiru musikari; eszenografia: banku bat, tabernako barra bat, farola bat, pertxero bat arropekin (fular bat, gabardina bat, sonbreiru bat, betaurreko lodi batzuk -bertsolariek nahi bezala erabiltzeko edo ez erabiltzeko-); argazkiak atzeko pantaila batean proiektatuta (bertsolariak kantuan ari direnean ez).
Gai nagusia: Bilbo Zaharra eta San Frantzisko ingurua (hau da, baztertuen auzoa: kolore guztietako etorkinak, ijitoak, droga, prostituzioa, miseria... baina garai batean, hor egiten zuen bor-bor hiriak).
Nire rola: Ni eskale bat naiz (tabernaria beste batzuetan), Bilbo Zaharraren historia osoa ezagutzen duen eskale bat. Ez ikasketak ditudalako, baizik eta beti bizi izan naizelako bertan. Horrela bada, ezagutu izan dut Bilboko lehen auzoa izandako arrantzaleen asentamendua, geroagoko meatzeak (horrekin batera sortu zen langile-klasea eta langile-mugimendua, eta horrekin batera prostituzioa), sozialismoaren eta abertzaletasunaren sorrera, XX. mende hasierako urte zoro eta alaiak, frankismoa, trantsizioa eta gaur eguneko egoera, besteak beste.
Planteamendua: Publikoa, turista ingeles talde bat, auzoz nahastu da: Guggenheimera joan nahi zuten eta San Frantziskon agertu dira. Emanaldia hasi bezain pronto, joateko gonbita egiten diet, baina ez doaz (noski), eta emanaldia hasten da.
Eskaleak, 8 bat testuren bitartez, auzoaren historiaren berri ematen die, baina ez modu historizista batean, baizik eta modu pertsonalagoan. Hau da, sozialismoaren sorrera testuinguru bat izan daiteke, baina ez da sozialismoaren gaia aztertuko datuak eta izenak emanez, ezpada anekdota soil batetik abiatuta: giroa iradokiz, nolabait. Horrela, 8 gairekin, San Frantziskoko historia errepasatuz.
Testuak literarioak dira. Nik ez diet bertsolariei esaten "zu, Maialen, tabernaria zara; zu, Unai, etorkin beltza zara". Ez: nik testu bat irakurtzen dut, eta testu horretan egon daitezke 1, 2, 3, 4 edo x pertsonaia, eta bertsolariek harrapatu beharko dute gehien interesatzen zaien ikuspuntua.
Nire testuaren eta bertsolarien artean, musikariek 30-45 segundoko piezatxo bat jotzen dute, eta, bien bitartean, argazkiak proiektatzen dira.
Bertsolarien saioa guztiz librea da: beharbada, orain egingo dituzte hiruna bertso, eta gero seina, ezin da jakin. Saio osoa da inprobisazio hutsa.
Saioan zehar, musikariek ere izango dute protagonismoa, pare bat kantu luze ere joko baitituzte. Era berean, nahi izanez gero (horrela gertatu zen), musikariak sar daitezke bertsolarien musikaren barruan, eta bertsolariak kantuan ari diren bitartean musikariek ere doinu horiek jo ditzakete.
Beste detaile bat: bertsolariek eta narratzaileak haririk gabeko mikrofonoak daramatzate (aurpegian jartzen diren txiki horietakoak, tipo Madonna). Ze garrantzi dauka detaile horrek? Handia: bertsolariek ez dute ohiko mikrofonoaren babesik (Unai Iturriagak esana: "ez sinistekoa da hain gauza meheak zelako babesa ematen digun, zelan ezkutatzen garen haren atzean"), eta, era berean, orain eszenatoki osotik atzera eta aurrera ibiltzeko aukera dute.
Zer moduz joan zen ekitaldia
Beharbada ez nuke nik esan beharko, eta Patxi Lurrak egin du lan erdia: akojonantea izan zen. Zaila da kontatzen zer bizi izan nuen eszenatokitik, ikuspegia guztiz desberdina eta berria izan zelako niretzat. Gauza bitxi bat sentitu nuen: jendea ez zen ikusten (ilun zegoen), baina sumatu nuen dena ederto zihoala: jendearen barreak entzuten nituen, txalo-zaparradak, parte-hartzea ere bai batzuetan (nik galderaren bat airera bota eta norbaitek erantzutean)... Niretzat, hori izan zen eszenatokitik sentitu eta bizi izan nuen esperientziarik zirraragarriena: dena ondo egiten ari ginela sentitzea, eta konturatzea jendea (nik ikusi ez arren) ederto jasotzen ari zela guk botatakoa. Eta amaieran txaloak: sinistuko duzu, esaten badizut nire lana amaituta, 2 minututik gorako zaparrada jaso nuela? Izugarria.
Ba nik ere esango dut, akojonantea izan zen, benetan. Eszenatokitik behera ere bai.