Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Topaketak-Encuentros (VII), Tabacalera

Mikel Iturria 2006/05/19 08:00

Goizeko 11:40 ziren, kafea hartu ondoren, Aurkene Alzuak sarreratxoa egin duenean. Bost minutu pasa dira Josean Muñozek atrila hartu duenerako. Patxadaz, lasai, hitz neurtuak, tonua aldatu gabe, ederto. Berak hitz egin ondoren eztabaidarako tartea zabaldu da. Mahainguruan, Joseanekin batera, Kepa Kortak (Donostiako Plan Estrategikoa), Mikel Lejarzak (Grupo Árbol, besteak beste) eta Lourdes Fernándezek (Manifesta 5 eta ARCO-ko egungo zuzendariak) egin zuten berba.

Josean Muñoz, Tabacalera

Lehenengo hitzak euskaraz egin ditu Joseanek. Gaurkoa gazteleraz esango duela. Izan ere, gaztelera-ingelesa eta ingelesa-gaztelera ziren itzultze aukerak. Dena den, euskara proiektuaren funtsa dela esan du.

XX. mende hasieran zabaldutako fabrikan egingo dela zentroa aipatu du, langile auzo batean.

Noiz: Proiektua XXI. mendean sortzen da, internet gure bizitzan sartu ondoren. Eta hori datu aipagarria da: muga guztiak pikutara joan dira. Une honetan, autore izateko aukera dugu.

Non: Donostia-Gipuzkoa-Euskal Herria. Ez da terreno baldioa. Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia Kulturaren Zine Unitatea, Liburutegiak (nire oharra: kultur etxeak aipatzea ahaztu zaio), Arteleku, Oteiza museoa, Chillida-Leku…

Ez gara museo izango: ez dugu gauzak gordetzeko asmoa. Partekatzea, hedatzea, partehartzea.

Eraikina: bi irteera dituen edifizioa da, bata langileentzat, bestea kargarako, tren geltokira ematen duena. Eraikina ez da Donostiako argazkian azaldu.

Gaur egun, parke publikoa (Cristina-Enea) du aldamenean eta Tabacalera ere publiko da egun. Eta datu hau garrantzitsua da: lehen dena zen pribatu, itxia.

CICC hiru erakundeek osatzen dute (Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza). Hirurek hiria aipatzen dute: Donostia, Gipuzkoa Hiria, Euskal Hiria. Azken hau, gainera, ez dago batere garbi, eztabaidagarria da (hiru lurraldeak, zazpi probintziak).

Eremu hauek aipatu ditu: produkzioa, erreflexioa, erakustaldia, prestakuntza eta artxiboa-hedapena (webgunea).

Hiriaren definizioa eztabaidagarria da: hirien hiri, pasoko hiri, mugako hiri. Euskaldunak kanpora joan gara. Batez ere, bi bide jorratu ditugu: Latinoamerika eta Iparraldea, itsasgizonak eta arrantzaleak.

Hiri transfronterizoa. Bi hizkuntza ditugu, abiapuntu gisa, migrazioa bertan dugu-eta, ingelesa ahaztu gabe. Joseanek esan du hizkuntza ez dela ahuldadearen sinonimo: justu kontrakoa, nahiz euskara hizkuntza minoritario izan, abantaila da, ez handicap.

Anjel Lertxundi aipatu du: elebitasuna bizikidetza eskola dela, “escuela de convivencia”. Neurri horretan gertuago dugu Reykavik eta Girona, Madrid eta Paris baino. Iparrak erreferente behar du izan. Gaztelerak ematen du aukerarik Latinoamerikara joateko. Eta bi norabide horietan aritu ahal izatea abantaila handia da.

Joseanek adierazi du gai potolo hauek maneiatzen dituztela lan hipotesi gisa: hiria, hizkuntza eta gorputza (pertsona, norbanakoa, intimitatearen merkantilizazioa).

Era berean, une honetan teilatua baino lurra dela garrantzitsuagoa: plaza, gune publikoa. Bizitzaren gunea izan behar du eta denok egon gaitezke bertan, ez bakarrik kultura munduko jendea.

Eremu guzti hauek berrikuntza hitzak ukitu behar ditu.

Etxe baten moduko irudia jarri du eta ondorengo hauek aipatu ditu:

Irudia eta teknologia berriak; Industria eta teknologia berriak; Arte garaikidea eta argazkigintza (COFF); Zinea-bideoa-musika-telebista (Euskadiko Filmategia); Kultur Informazio Gunea: Kulturen arteko topalekua; Liburutegia; Zerbitzuak/aisialdia.

Industriak ezin du kulturatik at egon. Erakundeek eta enpresek parte hartu behar dute. Azken hauek dirua jarri beharko dute, baina horretarako proiektuaren barruan egon behar dute derrigorrez. Ezin da dena egin ondoren, eskean joan. Gipuzkoako I+G-aren garrantzia azpimarratu du Muñozek eta eremu horrek eraikinaren oinarrian egon behar duela.

Erramintak partekatzeko fabrika. Bizirik mantendu beharrezko gunea izan behar du. Jarraitu behar dugu erreflexionatzen, pentsatzen, eztabaidatzen.

Une honetan eremuz eremu ari gara eta dagoena optimizatu nahi dugu. Bitartean, plaza kontzeptuarekin geratu behar dugu. Uda gertu dagoenez, gonbidatu du jendea bertara joatera, espazioa bereganatzeko. Okupatzeko, azken finean.

Kepa Korta, Donostiako Plan Estrategikoa

Kepak Donostiari buruzko zenbait datu aipagarri bota ditu (zertarako ari garen lanean, gutxi gora behera).

Europan ba omen dago 200.000 biztanle baino gehiago dituzten 180 hiri. Hiri horien sailkapena 17 irizpideren arabera egiten da.

Gipuzkoa kontutan hartuz, kultur espezializazioa handia dela esan du. Garapena azkar doa: etorkinak behar ditugu eta etorriko dira.

Formakuntza: gero eta unibertsitari gehiago dago. Europan bataz bestekoa % 20aren bueltan bada, hirian % 36koa da portzentaia hori 35-39 urte bitartekoen artean.

Inbestigazio-gune asko daude: hiru probintzietan 56 daude, 30 Gipuzkoan, 19 Donostialdean.

Irudiaren hiria egitea da proiektua eta hor paper garrantzitsua joka dezake Tabacalerak.

Nola sortu zen proiektua? Bi gune erakargarri ditugu: Kontxako Badia eta Guggenheim. 2001ean hiru erakundeek sinaturiko akordioa gogoratu du. 2002ko maiatzean Manifesta 5 antolatzea erabaki zen. 2003-2005ean Tabacalerako eredua lantzen da, 2006an zuzendaria eta lan-taldea aukeratu dira.

Imaginarioa (helburu eta irizpide garrantzitsuak), Bartomeu Marík eginiko lana eta etorkizunari begira ondorengo hauek aipatu ditu: akordioa; azpiegiturak eta pertsonak; proiektuaren gizarteratzea; nazioarte mailako sarea; jarduerak; proiektu urbanistikoa eta arkitektonikoa.

Mikel Lejarza, Grupo Árbol

Bertaratutakoak euskaraz agurtu ondoren, Lejarzak esan du oso gustura datorrela, nahiz ez jakin zergatik gonbidatu duten bera Tabacaleraren proiektura. Hasieran, gainera, anekdota bat kontatu du.

Hau da, bera telebistaren mundukoa da, hedabide friboloa, denostatua. Telebista txarra da eta liburua guztiz kontrakoa. Aurten, urrian, 50 urte beteko ditu telebistak Espainian. XXI. mendeko medioa baino XX. mendekoa da.

Hori bai, % 88,6ak egunero pizten du telebista gutxienez minutu batez. Prentsa, berriz, % 44ak irakurtzen du eta interneten % 31a ari da. Beraz, kontsumo izugarria du hedabide honek.

Telebista sortu zenean, aisialdiaren demokratizazioa ekarri zuen. Funtsezkoa izan zen gai izatea berezko hizkuntza sortzeko.

Komunikazioaren edo digitalizazioaren gizartea hemen dago jada. Erronka du epe motzera: lengoaia propioa sortu beharra. Telebistak palanka egingo du.

Tabacalera proiektu izugarria da, baina, bere ustez, agente aktiboa behar du izan lengoaia propio hori sortzerako orduan.

Exhibizioa ondo dago gure inguruan, baina produkzioak eta sorkuntzak jarri behar dira erdian, epizentroan.

Bukatzeko, bi datu: Eliza alde batera utzita, telebista da irudi txarrena duena jendearen artean (eta barre egin du San Telmoko elizan bota duenean konturatzerakoan); Billy Wilder gogoan: egin dezagun nahi duguna, baina ezin dugu jendea aspertu.

Lourdes Fernández, ARCO

Manifesta 5 antolatu zuen Lourdes Fernándezek. Eta gaur egun ARCO feriako zuzendari izendatu berria da. Apenas hitz egin duen. Manifesta 5 defendatu du eta ARCO feriaren zenbait lan ildo aipatu ditu, ustez Tabacalerak kontutan hartu beharrekoak. Denbora gutxi dagoela eta onena eztabaida-tartea zabaltzea izango dela.

Eztabaida

Ángel Álvarezek (Convention Bureau-n ibilitakoa) eztabaida ireki nahi izan du. Ez da oso gustura geratu Josep Ramonedak esan duelako berak ez duela turistentzat lanik egiten. Ángelen ustez turistak erakartzeko gune izan behar du zentroak. Ez dugu dirurik barrura begira lan egiteko.

Mikel Lejarzak esan du Tabacalerak talentua(k) erakarri behar d(it)uela. Turistak, noski baietz, baina talentua batez ere. Eta adibidetzat jarri du atzo puntako sukaldari euskaldun baten jatetxean egon zela eta sukaldean zenbat ikasle kanpotar zegoen.

Urkok galdetu dio Josean Muñozi finantzabideak loturik ote dauden. Muñozek gai horiek lotu gabe daudela esan du. Ezin dugu lurrean ibili, oraindik, beste maila batean ari gara. Kontutan hartzekoa izan daiteke ZKM zentroa. Hori bai, jakinik Karslruhe ingurua industria konpainia handiez osatua dagoela eta hemengoa enpresa txiki eta ertainez josia dagoela. Gizarte guztiak konpartitu behar du proiektua, industriaren beharrak aintzat hartu behar dira, finantzabideak ezin dutelako publikoak izan soilik.

Mikel Lejarzak argi esan du diru asko behar dela, baina garrantzitsuena gizartean ilusioa piztea dela. Herritarrek zer nahi dute proiektu hau edo Corte Inglés? Beraiek erabaki beharko dute. Hori bai, kontutan hartu proiektu hau, komertzialki, oso interesgarria dela, kultura garaikidea duelako oinarrian. Adibide gisa FNACera joaten dela bera igande arratsaldetan eta tokia lepo egoten dela.

Chillida-Leku museoaren izenean hitz egin du emakume batek. Garrantzitsuena kalitatea da. Gure museora, dio, turista eta bisitari asko datoz.

Guggenheim museoaren izenean beste emakume batek hartu du hitza. Donostiarra da. Ez zaizkio gustatu Donostia-Bilboren baitan ulertu dituen gaurko zenbait aipamen (adibidez, Kepa Kortak aparatu deitu dio Gehry-renari; Kortak gero argitu du hori ez duela tonu iraingarrian bota). Ordezkari honek esan du beti publikoari begira egiten direla programazioak (zenbat eta bertako jende gehiago, orduan eta kanpotar gehiago ere). Kontuan hartu beharreko kontzeptua ez omen da bertakoak-kanpokoak: gaur egun ez dago distantziarik eta asteburuko publikoa dago.

Gainera, aipatu du, Guggenheim museoak bisioa, misioa eta balio argiak dituela (nahiz eta bere garaian oso eztabaidatuak izan). Guzti hori argi dute eta ez dira horietatik aparte joaten.

Guggenheim museoaren kudeaketaz ere egin du berba. Gaur egun, zuzendaria munduan zehar dabilela horri buruzko hitzaldiak ematen.

Aipatu du ere, bere garaian, inguruko gizarteak ez zuela ilusio handirik proiektu horrekiko. Gaur egun, berriz, ilusioa handia da. Erronka ederra da, Joseanek adierazi dituen printzipioekiko leialtasuna mantenduz gero.

Josep Ramonedak argitu nahi izan du ez duela ezer turismoaren aurka. Jendea erakartzeko gai diren gauzak egin behar baititu. Etxea betetzen denean pozik dagoen horietako dela bera. Kontutan hartu, hori bai, La Pedrera eraiki zenean ez zela turistentzako egin, baina gaur egun bisitari asko dituela. Bukatzeko, neurriak, tamainak ekarri ditu gogora. CCCBk 12000 metro koadro ditu, datorren urtean 15000 metro koadro izango ditu obrak bukatzerakoan. Urtean 10 milioi euroko aurrekontua maneiatzen du.

Mikel Lejarzak esan du ez duela Bilbo-Donostia borrokarik nahi. Eta haren ustez Guggenheim museoak hasieratik piztu zuen bilbotar guztien ilusioa. Proiektu horrek lidergo garbia izan zuen.

Herritar batek agintarien artean dagoen dibortzioa, berriz ere, agerian geratu dela esan du. Politikari jaun-andreak, arren, ados jarri. Nola beteko dugu amets hau?

Eta honela amaitu zen eztabaida. 13:30etan Fuensanta Nietok, Nieto y Sobejano arkitekto estudiokoak, San Telmoko proiektu arkitektonikoaren berri eman zuen. Alde egin nuen.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (VI), Karlsruheko ZKM

Mikel Iturria 2006/05/18 08:00

Goizeko 10:30etan hasi zuen Berhard Serexhek bere saioa. Datuak jaurtitzeko erabili zuen pantaila eta komunikazio gaietan aditua dela nabaritu zitzaion.

ZKM

ZKM zentroaren sorrera 1985ean abiatu omen zen. 1988an, kontzeptua erabaki zuten: arte gunea egitea. Elkartea 1989an sortu zen, udalak eta erregioak jarritako diruarekin, erdi bana.

Berhard-ek esan zuen funtsezkoa izan zela proiektua ondo esplikatzea hiritarrei. Eta horretarako ekintza ezberdinak egin zituztela: Multimediale, kontzertuak, etab.

1995ean hasi egin ziren eraikitze lanak. 100 milioi euroko inbertsioa aurreikusi zuten kristalezko kubo bat egiteko, baina hiriko gobernuak atzera egin zuen, dirutza zelako, beldurtuta. 1996an aldaketa handiak egon ziren.

Donostiak duen eraikina baino askoz handiagoa da ZKMren egoitza. Hau da, Tabacalerak lau patio eta hiru altura ditu. ZKMk begiz jo zuen arma-fabrika zaharra, 10 patio eta 5 alturakoa. 1990ean itxi egin zuten fabrika eta artistek okupatu zuten espazioa. Gobernuak saldu nahi zuen eraikina, bota. Artistak barruan egonda, ezinezkoa bihurtu zen asmo hori. Bertan ireki zuten ZKM.

1997an, ZKM erregioaren marka bilakatu zen. Kritika asko jaso zituen, efikazia faltagatik (zenbakiak, jendea…). Halere, gaur egun, berak dioenez, programa aski zabala dute.

Berhard-ek bertan dauden espazioen zerrenda egin zigun (udal galeria, Media Museum, Diseinu, arte eta media eskola, Arte garaikidearen museoa…). Finantzabide publikoa du % 100ean. Urtero 14-16 milioi euro maneiatzen dituzte.

Trabak

Elitista ala populista? Hasiera batean gai hau planteatu omen zen. Izan ere, politikari eta gestoreak izan ziren diseinuaz arduratu zirenak, ez zen jendearengandik sortu. Berhard-ek galdetu du ea Egiako zenbat jende zegoen bertan. Hau da, Tabacalera egingo den auzoko zenbat jende zegoen jardunaldietan. Inork ez du besorik altxa edo ezer esan. Baten bat egongo zen.

Politikarien onespena: sostengarritasuna. Politikariek beti zenbakiak eskatzen dituzte. Oraingoz, bisitari kopuruak gora jarraitzen du, nahiz eta hori, berez, ez izan kalitatearen neurgailu.

Legislazio publikoa: proiektuaren % 90a eremu publikoan mugitzen da. Eta horrela jarraitu behar du. "Res publica" gutxi gorabehera.

Tamaina: izugarria dirudi, petroliontzi bat, kapitain bakarrak maneiatzen duena. Eta hori ez da idealena, erreakzionatzeko orduan.

Nola lortu bisitari gehiago?

Nola mantendu goi mailako profila? Ondo aukeratu behar da.

Nola egin aurre hain aldakorra den ekonomiari? Kultura, finean, ekonomiaren motorra bihurtzen da.

Bukatzeko, Berhard-ek esan du batzuetan ez dagoela nahikoa astirik gauzak behar bezala pentsatzeko. Gauzak egitearen alde azaldu da bera.

Eta nik pentsatu dut, aleman batek hori esatea… Ez gaituzu ezagutzen ala? Ez al dakizu hemengo gaitza askotan izaten dela gauzak pentsatu gabe egitea?

Orokorra

Topaketak-Encuentros (V), Kultur instalazioen etorkizuna

Mikel Iturria 2006/05/17 08:00

Gauzarik interesgarrienak ostiral goizean entzun nituen. Tabacalera izan zen goizeko gaia. Lehen orduan Josep Ramoneda (Bartzelonako CCCB-ko zuzendaria) aritu zen.

Josep Ramoneda, Bartzelonako CCCB

Aretora sartu naizenean, 9:50ean, hizketan hasi berria omen zegoen Ramoneda. Ez du power-point-ik erabili. Atrilean, zutik, mintzatu zaigu. Lasai.

Multikulturalismoaren sukarra gainditzen ari gara, zorionez. Eskubide radikal etniko eta erlijioso horiek arriskutsuak dira bere ustez. Laborategi horretan kiskali zen Jugoslabia ohia.

Gizartearen merkantilizazioa erabatekoa da egun: subjektu merkantilizatua arazo da.

Kant-en bi kontzeptu aipatu ditu: bata, emantzipazioa da (pentsatzeko eta erabakitzeko gai izatea; horretan lagun dezake kultur gune batek); bigarrena, erlatibismoaren aurka (pentsatu eta eragin balore unibertsalekin; bestela, lehen eta bigarren mailako hiritarrak sortzeko arriskua dago).

Garapen zientifikoa kontutan hartzekoa da ere, baina Hanna Arendt gogoan, “ezinezkoa da aurreratzea, egiten ditugun gauzak ulertzeko gai ez bagara”. Nanoteknologia, adibidez. Kontuz, arduratsu jokatu behar da.

Teknologiaren arriskuak:

Informazioaren gizartea: gehiegizko informazioa. Zero informazioa bezain txarra. Kultur gune berri hauen papera sarean seinaleak jartzea da, pertsonek orientazioa gal ez dezaten.

Banalizazioa edo hutsalkeria: klasiko izan behar da. Hau da, irizpide estetiko, etiko eta epistemologikoak behar ditugu.

Espirituaren eta gorputzaren industriek izan duten garapena: kontsumoaren logika da gorputza eta arima "hobetzea".

Demokrazia defektiboa: Margaret Thatcher-ek esan zuen "ez dago gizarterik, pertsonak baizik". Terriblea da, baina betetzen ari da. Eta hori asetutako gizarteen gaitza da.

Hau da, Ramonedaren ustez, markoa.

Kultura eta politikaren arteko harremana

Zergatik interesatzen zaizkie erakundeei kultur guneak?

Kulturak duen botere sinbolikoa: edozein agintarik erakutsi behar du kultur kromoren bat, baita baboenak ere.

Merkataritza- eta industri-dimentsioak: turistak erakartzeko argia edo foku da. CCCB kultur gunea da eta inoiz ez du funtzionatuko turisten esanetara. Gustura dago etxea betetzen zaionean, baina hori ez da edozein preziotan egin behar. Une honetan, 10 bisitaritik, 6,5 Bartzelona ingurukoak dira, 2,5 atzerritarrak eta 1 Kataluniakoa edo Espainiakoa. Eta antzekoa da Pompidou zentroak duen proportzioa. Tranpatxoa ere omen dago Parisko zentroan: bertan liburutegi publikoa sartzen baita. Dena den, kontutan hartzekoa da kultur industriak gorantz doazela.

Lehen esan du jendeak ez duela bereziki kultura eskatzen, baina badago eskaerarik, nahiz eta ez atera manifestaziotan. Lausoa da, eskatzaileak ez dira zorrotzak. Eta hori ez da ona. Adibide gisa, komunikabideetako kritikariek zein ondo tratatzen duten aipatu du. Ez da kexatuko, baina ez duela bere burua presionatuta ikusten.

Legitimitate demokratikoa: hierarkiaren lehen mailan jarri behar da publikotasunaren kudeaketaz mintzatzen garenean. Hau da, badute Ramoneda kargutik kentzerik, baina ezin dute muturra sartu haren programazioan. Oinarrizkoa da eta hasiera-hasieratik adostu beharrekoa. Hori eta adierazpen askatasuna. Aitortu du abantaila duela, Diputazioa baita patronorik handiena CCCBn eta berau eguneko tentsio politikotik at omen dago (Diputazioa).

CCCBri buruzko zenbait ohar

Migrazioa, etorkinak, berritasunak dira. Globalizazioak espazioa txikitu egin du eta denbora azeleratu. Raval auzoan 80.000 biztanle daude, horietatik % 55 etorkina da. Duela 10 urte, etorkinen portzentaia % 2koa zen. Gaur egungo migrazioa hirietara doa eta hori ere bada nobedadea.

Imaginario ezberdinak gurutzatu egiten dira. Hirietan espazio publiko eta ez publikoen arteko gurutzaketa gertatzen da. Azken horren adibide da Johannesburg hiria. Bertan, hiriaren erdialdeko plazak hutsik daude, Sowetora joan behar duzu. Hiriak espazio bakarra izan behar du eten multikulturalistari aurre egiteko.

Beste imaginarioekin gertatzen den intseminazioa: mugak puskatzen dira eta Europan bertako islama sortzen ari da, bertakoen marka nabarmena duena.

Gizateriaren ideia birsortu behar dugu, mehatxatuta baitago.

Bukatzeko, kultur guneak tipularen antzekoa izan behar du, Ramonedaren iritziz. Inbestigazio- eta esperimentazio-gunea da bihotza. Gero, gainerako kapak. Eta inbestigazioak ideiak behar ditu kuriositatearen motorra pizteko.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (IV), Victoria Eugenia Antzokia

Mikel Iturria 2006/05/16 08:30

Bazkaldu ondoren, Victoria Eugenia: Hiriko antzokia izan zen eztabaidagai. York Theatre Royal antzokiko Daniel Bates jaunak aurkeztu zuen Ingalaterrako York hiriko teatro honen zeregina, Ramon Etxezarretak gure antzokiaren erabilera proiektuaren berri eman zuen eta, ondoren, mahaingurua: Filgi Claverie (Ballet Biarritz), Norka Chiapuso (Donostia Kultura), Miguel Martin (Donostiako Jazzaldia eta Musika Bulegoa) eta Eduardo Clausen (Cultura Musical elkartekoa). Antton Azpitartek, Donostia Kulturako zuzendariak, bete zituen moderatzaile lanak.

Daniel Bates, York Theatre Royal

16:30etan hasi zen hitz egiten eta gehiegi luzatu zen Dan. 50en bat minutuz aritu zen. Hau ere power-point moment izan zen.

York hiriak 184.000 biztanle ditu. Beraz, alde horretatik Donostiaren antza du. Ondare garrantzitsua dute. 56.000 biztanle dira 25 urte azpikoak eta 40.000 biztanle 60 urtetik gorakoak. 76 eskola ditu herriak eta bertan 26.000 ikasle ari dira. 2 unibertsitate, 16.000 ikasle.

Turistak: urtero 4.000.000 turista (Donostian, 1.200.000). Txokolatea eta trenbide-industriaren tradiziotik datoz. Europa iparraldeko elizarik handiena. Bikingoen kultura. 4 antzoki, galeria 1, 3 museo, 12 talde amateur, 3 youth theatre.

York Royak Theatreri dagokionez, 250 urteko historia du. Urtero 7 produkzio lantzen dituzte, gehi beste 5 estudio-produkzio. Bazkideak behar dituzte finantza gastuak estaltzeko.

Urtero 4000 ikusle galtzen zituztela ikusirik, aldaketaren beharraz jabetu ziren 2001. urtean. Gazteak ez ziren hurbiltzen antzokira, esperimentaziorako tarterik ez zegoen…

Total, buelta eman diotela egoerari. Konpainia bati egoitza eman diote eta piramidearen puntan publikoa eta langilegoa jarri omen dituzte. Arrisku gehiago hartu zituzten. Hemen xelebrekeria bota du: gay antzezlan bat landu zutela. Ez dakit serio demonio ari zen edo ez. Ez du aurpegiera aldatu.

Gazte jendearen aldeko apustuak publiko gehiago ekarri du: 2001ean 9.000, 2005ean 25.000. Gazte jendearen artean 20 enbaxadore izendatu dituzte. Zein da hauen papera? Hilero biltzen omen dira, produkzio berriei buruz idazten dute, propaganda sofistikatuagoa erabiltzen dute.

Teatro honek badu Hezkuntza Saila. 5 lagun full time, gehi beste 30 lagun tarteka, ari dira lanean. Iaz 885 tailer eman zituzten eta 23.000 partehartzaile izan dituzte.

Youth theatreak 300 bazkide ditu: gutxienez, urteko produkzio batean hartu behar dute parte. 100 lagun omen dituzte itxaron zerrendan.

Ikastetxe bazkidetuak dituzte. 6 eskola aukeratu dituzte eta urtero 4.000 libra jartzen ditu zentro bakoitzak.

Etorkizuna: sarrerak saltzeko sistema berria, webgune berritua (2006ko otsaila), turistak, gune berriak jendearentzat, hirugarren eszenatokia, sarreren salneurriak gora egingo du…

Zein da teatro honen balioa hirian? Lobby-a beharrezkoa da, evening economy (7 milioi libra), auzo kulturala hirian. Ah! Datu garrantzitsua: 120 enplegatu dituzte.

Ramon Etxezarreta, Donostiako Udala

17:25ean igo da Ramon. Antzokiaren erabilerak jorratuko dituela argitu du. Politikari ttiki baten interbentzioa dela eta kontutan hartzeko hori.

Zeintzuk dira gure erreferentziak? Bilboko Arriaga, Logroñoko Bretón, Iruñeko Gaiarre, Gasteizko Principal, Baionako Essence Nationale.

Power point-ari eragin dio Ramonek ere. Adierazi du nola, mila kontu gainditu ondoren, azkenean, obren amaiera gertu dagoela eta 2007ko udaberrian jarriko dela martxan antzokia.

Ia 21 milioiko inbertsioa izan dela. Udalak 11.750.000 euro ordainduko ditu eta Kultura Ministerioak 7.730.000 euro. Gainerakoa? Ez du argitu.

884 eserleku izango ditu (lehen 1052). Erosotasun handiagoa. Gune ezberdinak. Ohorezko palkoa kenduko da eta horrela proiekzio-kabina egokia jarriko da.

Zein izango da eskaintza? Hiriko kultur gune guztiak koordinatu beharko dira.

Zinema asko: hiriko jaialdi inportante guztiak. Adibidez, Zabaltegiko perlak hemen eskainiko dira.

Formatu handiko antzerkia: derrigorrezkoa izango da Europako zirkuituan sartzea joera ezberdinak hemen erakusteko (ez bakarrik antzerki espainola). Gainera, gazte eta eskola-ikusleentzako eskaintza egongo da, Antzerki Feria.

Dantza ikuskizunak. Ballet Biarritz erakundearekin, Egiako Kultur Etxean egoitza duena gaur egun, dagoen harremana handituko da. Erakunde ezberdinek argi omen dute kontu hau.

Musika: opera, zartzuela eta musikalak. Jazzaldia eta beste zenbait programa.

Produkzioa: Arriaga antzokiak ia 3 milioi euroko aurrekontua du alor honetan. Donostiako antzokiak 200.000 euro izango ditu.

Prestakuntza: konpetentzia ez da Udalarena eta hori arazo da. Dena den, ikastaro laburrak eskaintzeko asmoa omen dago.

Beste baliabide batzuk: entsaioak egiteko guneak, erabilera anitzeko aretoak, etab.

Bulegoak: Donostiako Zinemaldia, Donostia Kulturaren bulegoak (ez denak), Donostiako Jazzaldia.

Programazioa: 139 funtzio (jaialdiak kontutan hartu gabe), 2.826.000 euroko aurrekontua. Diru-sarrerak, 1.795.000 euro. Defizita, 1.052.000 eurokoa, Udalak asumituko du.

Kudeaketa: erabakia hartu gabe dago. Bizpairu formula aipatu ditu Ramonek.

Bat: Kursaal Fundazioak bere gain hartzea formatu handiko ikuskizunen programazioa. Eta Udalak, gainerakoa.

Bi: Dirulaguntzak jasotzea edo beste erakunde batzuk hartzea zenbait bloke programatiko beren kontura.

Filgi Claverie, Ballet Biarritz

Filgik argitu nahi izan du Donostian badagoela gaur egun dantza programazioa, Kursaalean eta Egiako Kultur Etxean (Gazteszenan) gauzatzen dena. Ez da guk nahiko genukeena (baldintza falta), baina bai hartu behar dela kontutan datu hau.

Beraz, Victoria Eugenian egin beharreko programazioak osatu behar du gaur egun dagoena. Dantza erakustaldiak eta hedapena landu beharra dago.

Victoria Eugeniako eszenatokiak formatu txikiko eta ertaineko dantza ikuskizunak egiteko aukera ematen du soilik, ez formatu handikoa. Hauek tokia dute Kursaalen. Dena den, gaur egun eskaintza gehiena formatu txikikoa eta ertainekoa da.

Dantza arte diziplina ezezaguna da, jendeak beldurra dio. Ezin gauetik egunera publikoa sortu. Denbora behar da eta horretarako tokia behar da sentsibilizazio-guneak jartzeko. Hau da, tailerrak, jendaurreko entsaioak, entzunaldiak…

Produkzio gunea. Dantza konpainiei eszenatokia uztea ere bada ekarpena, nahiz eta ez izan ekarpen ekonomikoa. Konpainiek baloratzen dute hori.

Filgik argi adierazi du Donostiak dantzaren erakusleihoa behar duela. Hau da, ez da nahikoa urteko programazioa. Dantza jaialdia behar-beharrezkoa da. Zerbait glamourosoa behar da, puntuala, arreta deitzekoa. Era berean, Claveriek adierazi du Biarritz Festival bazkide izateko prest dagoela, laguntzeko prest dagoela.

Norka Chiapuso, Donostia Kultura

18:05ean iritsi zaio txanda Norkari. Denboraz larri geundenez, prestatutako idatzia irakurri egin du Norkak. Azkarregi irakurri du Norkak eta ez naiz gai izan behar den bezala oharrak hartzeko.

Goizetik gauera ateak zabalik izan behar dituen gunea izango dela esan du. Kursaal-arekin koordinatzea beharrezkoa dela ere bai. Euskadiko Antzokien Sarean hasieratik dagoela, baita Red Españolan ere. Latinoamerikako sare batean sartuta dago. Eta, bukatzeko, Iparraldeari begira dagoela (Biarritz, Baiona…).

Antzoki honekin formatu handiko antzerkia bueltatuko da Donostiara. Europari begira jarri behar dugu. "Traficantes de sombras" izeneko testua irakurri egin du.

Miguel Martín, Jazzaldia eta Musika Bulegoa

Aldez aurretik ezer prestatu barik etorri dela esan du Miguelek. Ume mokoa zenean, goiko rosetoian dauden margoei begira zenbat ordu pasa zituen gogoratu nahi izan du. 21 urte zituenean, Musika Hamabostaldiko produkzio buru lanetan, bizitza aldatu zitzaion margo horiek gertutik ikusteko aukera izan zuenean. Hiri honen kultura garaikidean ezinbesteko gunea da Victoria Eugenia.

1999an itxi zituen ateak teatroak eta 2007an, zorionez, beste hiri batekin egingo du topo. Kursaal zabaldu zenean beldur handia zegoela bertako bi aretoak betetzeko. Gaur egun esan daiteke urtean zehar askotan betetzen dela Kursaala.

Musika asko programatzen da hiri honetan (programazioaren gehiena). Kontuan hartu beharko da teatroaren edukiera eta eszenatokiaren neurriak. Baltzintzatuta gaude, baina programazio egokia egin beharko da. Dena da posible teatroan, dirua egonez gero. Garrantzitsua kontzeptua harrapatzea.

Kursaal-ari dagokionez, kontutan hartu beharra dago ez duela teatro baten modura funtzionatzen. Antzokiak laguntzen du produkzioa, parte hartzen du programazioan. Koprodukzioa eta egoitza formulak ditu teatroak. Bi harrobi on (Donostiako Musika eta Dantza Eskola zein Musikene). Mugaz bestaldeko kooperazioa kontutan hartu behar da (eta ez bakarrik hurbilekoa, baita urrunekoa ere).

Eduardo Clausen, Cultura Musical

Labur mintzatuko dela esan du Eduardok. Gainera, Miguel Martinek esandako guztiarekin ados dagoela.

Cultura Musical elkartea gainditutako ereduan oinarritzen da eta erabilera berriei begira eraikitzeko material gisa hartu beharko litzateke kontutan. Irabazi asmorik gabeko elkartearentzat Victoria Eugenia ixtea trauma izan zen.

Kursaal-era joan zirenean garestitu zen beraien jarduna. Gaur egun, hobeto daude, Fundazioaren partaide direlako.

Eztabaida

Kepa Kortak hartu du hitza galdetzeko ea nolako lotura eta koordinazioa izango duen Kursaalarekin.

Miguel Martinek erantzun dio ona dela lehiakortasuna. Norkak esan du garrantzitsuena hiriak balizko ikuskizuna ez galtzea dela. Martinek bai esan duela data-koordinazioa beharrezkoa dela. Nolabaiteko agenda komuna sortu behar dela, baina ausart jokatzen dugula (adibidea, Depeche Mode/Jazzaldia, egun berean).

Eduardo Clauseni ez zaio gustatu lehiakortasun hitza, batez ere prezio publikoetaz ari garenean. Hau da, kontzeptu hori ekonomi pribatuari dagokiola. Koordinazio falta osasuntsua izan daiteke politika munduan, baina arriskutsua da kulturaz ari garenean.

Ezagutzen ez dudan emakume batek gauza asko nahasten ari direla esan du (teatroa, zinema, musika). Edadetua da eta gazteak hainbat aldiz aipatzea ez zaio gustatu. Nagusien apetak ere kontutan hartzeko.

Eduardo Clausenek barkamena eskatu du. Berak izan beharko luke publiko horren ahotsa. Elkarteak 600-700 abonatu ditu, gehienak edadetuak, askok 50 urteko bazkidetza dute. Cultura Musical elkarteak 60 urte ditu.

Filgi Claveriek erantzun dio ballet klasikoa ikustera gonbidatu nahi duela Miarritzera (emakumeak Donostian ez dagoela eskaintzarik esan baitu). Filgik esan dio oso talde gutxi ateratzen direla giran ballet klasikoa eskainiz. Bere ustez, garrantzitsuena da gaur egungo programazioa osatzea. Arazoa ez da bata klasikoa eta bestea garaikidea izatea.

Gizon ezezagun batek gogoratu nahi izan du Donostian 4 teatro itxi direla azken hamarkadetan. Antzerkizaletasuna sustatu eta sortu behar da. Garai bat amaitu dela-edo. Norkak erantzun dio Donostiak jarraitzen duela izaten teatro plaza. Hau da, konpainia asko daudela bertan. Besteak erantzun dio aukera handiak pasatzen utzi direla. Norkak, berriz, gaur egun beste kontsumo batzuk daudela, beste antzoki eta aretoak ireki direla.

Beste emakume batek kultur etxeetan dagoen antzerki eskaintza ona dela esan ondoren, puntako antzerki eskaintza faltan botatzen duela adierazi du. Hau da, inguruko hiriburuetan eskaintzen diren lanak ez direla hona ekartzen. Norkak Antzoki Zaharraren mugak gogoratu dizkio. Andreak, berriz, ez zituela berak tamaina handiko antzezlanak aipatu nahi.

Eta honela amaitu zen arratsaldeko eztabaida. Gero, koktela eta musika zuzenean.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (III), San Telmo Museoa

Mikel Iturria 2006/05/15 08:30

Kafea hartu ondoren, San Telmo Museoari buruzko gogoeta etorri zen. Juan Velázquezek moderatu zuen Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoko zuzendaria, Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusiko goi kargua, eta Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariaren arteko eztabaida. Bildutakoek egindako zenbait galdera ere erantzun zituzten.

Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoa

12:10ean hasi da. Poliki, lasai, argi. Ondarea ez da esistitzen: sortu egin behar da.

Museoa: burgesia ilustratuaren gune sinbolikoa izan da.

Migrazioa: identitate-paradigmak aldatu egingo dira.

Glocalidad: "lo local ha de enmarcarse en el marco de lo global".

Adostasuna, kontsentsua: beharrezkoa politikaz ari garenean, baina oso arriskutsua kulturaz ari garenean. Kulturan ñabardura baita garrantzitsua.

Etorkizuneko museoek balio beharko dute "particular-universal" solasaldirako.

Museoek migrazio mugimenduekin egongo diren kontradikzioak azaleratzeko eta kultur eztabaida bultzatzeko gune izan beharko dute. Gune hauetan solasaldiak, eztabaidak, gatazkak… egon behar dute.

Erakusketa iraunkorrak: gaur egunean ezin dute betirako izan. Ez dakit maiztasuna zein den, baina aldatu behar ditugu noizean behin.

Lau helburu bete behar dituzte museoek:

Entretenimendua: interesa.

Heziketa: hitz malditoa.

Eskarmentua: norberarena…

Gizarte interakzioa.

Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusia

12:35ean hasi eta datu mordoa bota du Víctorrek. Oso teknokrata azaldu da, baina argi eta garbi erakutsi digu Espainian dauden 1137 museoak buruan dituela tipoak.

Horietatik % 67,7 publikoak dira, % 30,6 pribatuak eta % 1,7 mistoak.

Power point-ari eraginez mintzatu da. Zutik. Espainiako Museo Sistemaren barruan dago San Telmo Museoa. Ministerioaren partehartzea zehaztu du.

Susana Soto, San Telmo Museoa

13:00ean iritsi zaio txanda. Proiektu museologikoa izan du berak hizpide (memoria eta lurraldea). Ostiral eguerdian hitz egingo du Nieto eta Sobejano arkitekto estudioko kide batek proiektu arkitektonikoaz.

San Telmo Museoa XVI. mendeko konbento dominikoa dela esan du. Museoaren historian zehar Aranzadik eta Josemiel Barandiaranek jokatutako paper garrantzitsuaz mintzatu da. Lehenengo krisiak 1960. hamarkadan hasi zirenetik, behin-behinekotasun egoeran dago museoa.

Krisia ez da hemengoa: Europan XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran sortutako museotan orokorra da krisia.

Proiektuak San Telmo museoa ondare- eta kultur-gune bihurtzen du. Datu bat kontutan hartzekoa: Donostiak 1.200.000 turista-bisitari ditu urtean. Eraikinak dituen arazo mordoa zerrendatu du. 1991 urtean Mulhouseko Konferentzian "gizarte museoak" kontzeptua finkatu zela dio Susanak. 7 erreferente ere aipatu ditu: Grenoble, Lyon, Paris, Marseille, Montreal…

Aurrekontua 24 milioikoa da. 8 milioi Estatuak jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak milioi 1.

Eztabaida

Juan Velázquez hasi da txandak banatzen. Ezagutu ez dudan emakume batek kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak parte ez hartzea obra garrantzitsu honetan.

Montserrat Fornellsek (San Telmo Museoko Lagunen Elkartea) eskatu du mikrofonoa. Donostia, Bilbo eta Gasteiz baino atzeratuago dago museo-azpiegiturei dagokienez. Elkarteak ia 700 bazkide dituela esan du. Eraikina zabaltzea eta proiektua bera gustuko ditu Montsek. Espero du behingoz proiektuak aurrera egitea, nahiz eta finantziazioa oraindik zehazteke dagoen. Eskandaluzkoa da Jaurlaritzak aurrekontuaren herena ez jartzea.

Erakusketa iraunkorei buruzko kontzeptua zehaztu du Nicolauk.

Santa Teresa zer den galdegin du norbaitek eta Foru Aldundiak jokatu beharreko paperaz. Susana Sotok esan du San Telmok proposatu zuela bat-egitea eta museo-gune bakarra egokitzat jo du. Badagoela aukerarik museo-auzoa sortzeko Alde Zaharrean: San Telmo, Santa Teresa, Urgull, Aquarium, Itsas Museoa…

Odón Elorzak benetan ari direla esan du, oraingoan baietz. Gainerako erakundeek konpromiso handiagorik hartzen ez badute ere, aurrera egingo duela Udalak. Foru Aldundia prest zegoela San Telmo Museoa bere baitan hartzeko, baina hiriak ez duela ondare hori galdu nahi.

Antoni Nicolauk harreman txar horiek konpondu behar direla dio, kanpotik begiratuta. Hiritarra, bisitaria, ez doa Udalaren museo batera edo Diputazioaren museo batera. Bost axola zaio hori herritarrari. Arduragabekeria litzateke Santa Teresa eta San Telmo proiektuak bat ez egitea.

Antton Azpitartek, Donostia Kulturako zuzendariak, San Telmo euskal gizartearena behar duela izan adierazi du. Eusko Jaurlaritzari hartutako erabakia berriro pentsatzeko eskatu dio.

Juan Velázquezek finantzabide pribatuaren gaia jarri du mahai gainean. Víctor Cageaok esan du ekimen oso zehatzetan jorratzen dela bide hori (errestaurazio batzuk, ekitaldiren bat). Hori, behintzat, Ministerioaren eremuan.

Cageaoren ustez, munduarena, mundukoa da ondarea, ez da herriarena, ezta Gipuzkoarena ere. Gizartearentzat direla museoak. Era berean, bildumak ematen diola singulartasuna museo bati eta hori ezin dela ahaztu.

Bestalde, azpiegitura honek aldakorra (“versátil”) izan behar du derrigorrez. Hasiera-hasieratik komeni da kontutan hartzea. Izan ere, ondareak diru-kostu bat du. Hau da, joerak alda daitezke eta, urte batzuk barru, dirurik gabe egon gaitezke erronka horiei aurre egiteko.

Honela amaitu zen goizekoa.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (II), hiru administrazioen kultur proiektuak

Mikel Iturria 2006/05/14 08:30

Ramon Etxezarretak jendea agurtu ondoren, Miren Azkarateri eman dio hitza. Gero, Joxe Joan Gonzalez Txabarrik eta Odon Elorzak egin dute berba.

Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritza

Euskaraz hasi eta gaztelerarekin tartekatuz hitz egin du kontseilariak. Ez dut apunte askorik hartu, tokia, tonua hartzen ibili bainaiz, ingurua ezagutzen.

Azkaratek kontatu du nola 2001eko maiatzaren 10ean hiru erakundeek (Jaurlaritza, Aldundia eta Udala) sinatu zuten akordioa Tabacaleraren egitasmoa aurrera eramateko. Local-global horretan jardun beharraz eta Estatuan zein Europan erreferente bihurtzeko beharraz. Karlsruheko adibidea aipatu du, jardunaldi hauetan aurkeztuko zaiguna.

Tabacalerako egitasmoan, San Telmorentzat jartzekoa zuten dirua bideratu zutela esan du Azkaratek.

Donostialdean daramaten beste zenbait egitasmoren berri ere eman du. Denentzat ezagunak: EITB eta EOS, baita Errenterian dagoen Eresbil ere.

Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Gipuzkoako Foru Aldundia

Kepa Kortak hartu du hitza. Alkatea berandu datorrela esateko. Txabarri aldun nagusiak hitza hartu eta minutu batera sartu da aretoan Odon.

Joxe Joanek kultur proiektuak ditu aipagai. Koldo Mitxelena Kulturunea, Arteleku(harribitxia dela esan du), Santa Teresa (Alde Zaharrean dagoen eliza, tesoro arkeologikoa). San Telmorekin batera Gipuzkoako memoriaren lerroburu izan behar duela Santa Teresak.

Dirulaguntzak, bekak eta fiskalitateak dituen aukerak erabiliz 13 milioi euro banatu direla iaz kultura, kirola eta hizkuntz normalkuntzan.

Haria galdu eta, bote prontoan, "kultura gastronomikoa" hitza entzun dut. Donostia kultur hiriburua dela, baina berak Gipuzkoa Hiria kontzeptua aipatu du, Euskal Hiriaren barruan.

Etorkizunari begira, hiru ildo nagusi:

Koldo Mitxelena erakundea: erreferentziazko erakundea izango da programazio eta produkzio propioak bultzatzeko. Eztabaida zabalik dago.

Irungo URI eraikina: Gipuzkoako kultur sistemaren hornitzailea izango dena. URI, Unión Radio Irun enpresaren pabiloi zahar bat da.

Informazioaren gizartea: e-gipuzkoa. Erronka: sarean lan egitea.

Odon Elorza, Donostiako Udala

Alkateak hartu du hitza 11:05ean. Lehen hitzak euskaraz. Irakurtzen hasi da, baina berehala utzi du eta gazteleraz jarraitu du. Gogor.

Auzoetan dauden kultur etxeen sarea kenduta, ez dugu lehen mailako ekipamendurik. Autokritika egin beharra dago: ondo daude ekipamendu handi horiek barrura begira, baina motz gelditzen dira hiriak aurrera egin dezan. Kultur berpizkundea aipatu du.

Anbizioa behar dugu: kalitatea eta berrikuntza. Iparraldea eta Bilbo, Euskal Herria ere bai.

Autobonboa: ez dago Espainian, gure tamainako hiririk egun ditugun antzeko kultur proiektu eta erronka hauetan sartuta dagoenik.

Victoria Eugeniak ia 21 milioi euro behar ditu. Estatuak ia 9 milioi jarriko ditu. Euskal Herriko antzokirik onena izan behar du, Arriaga antzokiarekin batera. Ballet Biarritzek bigarren egoitza behar duela bertan. Eta Iparraldeko beste zenbait talderekin egin beharreko harremanaz jardun du.

San Telmo martxan jartzeko, 24 milioi behar ditugu. Estatuak 8 milioi jarriko ditu. Oraindik pendiente daudela gainerako diru kontuak. Ez da izango hiriaren museoa, ez da Gipuzkoakoa ere. Euskal Herrikoa izan behar du, Bilboko Arte Ederretako Museoa bezalatsu. Gero, museoari buruzko eztabaidan, hitza hartu eta beste erakundeen laguntzarik ez badu ere, udalak aurrera egingo duela adierazi du.

Tabacaleraren kasuan hiru erakundeek jarriko dute dirua. Bakoitzak heren bat. Altadisekin itxitako tratua hiriaren, udalaren meritu izan zen. Egin zitekeen merkataritza gunea bertan, baina gure apustua kultur faktoriaren aldekoa da. Hiru erakundeak ados gaude eta erronka ederra dugu aurrera begira.

Odonek esan du hiritarrak oso gustura daudela kultur etxe eta liburutegi sarearekin. Eta auzoetan kultur mailan egin berri diren eta egingo diren inbertsioen berri eman du.

Bukatzeko, bake garaian gaudela eta harritu nauen ondorengoa: ozen esan du ez dagoela inolako interbentzionismo politikorik Donostiako kultur guneetan, ez jaialdietan, ez inon.

Orokorra

Topaketak-Encuentros (I), Donostiako Kultur Proiektuak

Mikel Iturria 2006/05/13 12:50

Maiatzaren 11 eta 12an, Donostiako Plan Estrategikoak, Udalarekin eta Donostia Kulturarekin batera, antolaturiko Topaketak izan dira San Telmo Museoan. Bertan, Donostian puri-purian dauden hiru kultur proiektu potoloei buruz (Tabacalera, Victoria Eugenia eta San Telmo, hor behean hirurak mapan) jendaurrean hitz egiteko aukera izan da.

Ostegun goizean, Miren Azkarate, Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta Odón Elorza agintariek ireki zituzten jardunaldiak, Ramon Etxezarreta zinegotziak etorritakoei egindako agurra ahaztu gabe. Ordezkatzen dituzten administrazioen kultur proiektuak agertu zituzten jendaurrean, baita dagoeneko ezagunak diren liskarrak ere.

Kafea hartu ondoren, San Telmo Museoari buruzko gogoeta etorri zen. Juan Velázquezek moderatu zuen Antoni Nicolau, Bartzelonako Hiriko Historiaren Museoko zuzendaria, Víctor Cageao, Kultura Ministerioko Estatu-Museoen Zuzendaritza Nagusiko goi kargua, eta Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariaren arteko eztabaida. Bildutakoek egindako zenbait galdera ere erantzun zituzten.

Bazkaldu ondoren, Victoria Eugenia: Hiriko antzokia izan zen eztabaidagai. York Theatre Royal antzokiko Daniel Bates jaunak aurkeztu zuen Ingalaterrako York hiriko teatro honen zeregina, Ramon Etxezarretak gure antzokiaren erabilera proiektuaren berri eman zuen eta, ondoren, mahaingurua: Filgi Claverie (Ballet Biarritz), Norka Chiapuso (Donostia Kultura), Miguel Martin (Donostiako Jazzaldia eta Musika Bulegoa) eta Eduardo Clausen (Cultura Musical elkartekoa). Antton Azpitarte, Donostia Kulturako zuzendaria aritu zen moderatzaile lanetan.

Gauzarik interesgarrienak ostiral goizean entzun nituen. Tabacalera izan zen goizeko gaia. Lehen orduan Josep Ramoneda (Bartzelonako CCCB-ko zuzendaria) aritu zen. Ondoren, Karlsruhe hiriko ZKM zentroko Komunikazio zuzendariak hartu zuen hitza, Berhard Serexhek. Kafea hartu eta Josean Muñozek Tabacalerako proiektuari buruz esandakoak gustura entzun nituen. Mahainguruan, Joseanekin batera eta Aurkene Alzuaren gidaritzapean, Kepa Kortak (Donostiako Plan Estrategikoa), Mikel Lejarzak (Grupo Árbol, besteak beste) eta Lourdes Fernándezek (Manifesta 5 eta ARCO-ko egungo zuzendariak) egin zuten berba.

Amaieran, bezperan hitz egin behar zuen Nieto Sobejano arkitekto estudioko kide batek aurkeztu zuen San Telmo Museoko proiektu arkitektonikoa, baina ez nintzen geratu.

Prentsa idatziak jardunaldi hauei buruz jasotakoak hemen bildu ditut. Hurrengo egunean nire apunteak copyleft zabalduko ditut. Euskaraz, hemen. Gazteleraz, han.

Hiru administrazioen kultur proiektuak Donostian

Los proyectos culturales de las tres administraciones en Donostia-San Sebastián

San Telmo Museoa

El Museo San Telmo

Victoria Eugenia Antzokia

El Teatro Victoria Eugenia

Josep Ramoneda: kultur instalazioen etorkizuna

Josep Ramoneda: el futuro de las instalaciones culturales

Karlsruheko ZKM

El ZKM de Karlsruhe

Tabacalera, euskaraz

Tabacalera, gazteleraz

Nire ikuspuntua-edo

Y digo yo

Maiatzaren 14ko eguneratzea: lana uste baino potoloagoa izan da, baina amaitu dut. Norbait gustura ez badago nik haren ahoan jarritakoarekin edo beste zerbait adierazi nahi badu, hona hemen nire e-maila: iturri a bildua puntu org.

Maiatzaren 29ko eguneratzea: Plan Estrategikoaren Bulegoak jarri ditu jada bere webgunean jardunaldien laburpenak. Pdf formatuan daude:

Euskaraz eta gazteleraz

Poltsiko Antzerkia eta Literaktum Donostian

Mikel Iturria 2006/05/09 18:36

Gaur goizean zen aurkeztekoa hurrengo hiru aste bukaeratan egingo den Poltsiko Antzerkia jaialdia. 26 ekitaldi antolatuko dira auzo ezberdinetako tabernetan. Bestalde, hilabete hasieran aurkeztu zen maiatzaren 16tik 20ra, Donostiako auzoetako kultur etxeetan eta Liburutegi Nagusian, egingo den Literaktum jaialdia.

Poltsiko Antzerkiaren zikloari hasiera emango dio, besteak beste, Ander Lipus komerianteak, zenbait bertsolarirekin batera, martxan jarri duen Bertsotranpak izeneko emanaldiak. Pasa den urtean aritu ziren estreinakoz Algortan. Aurtengo Aste Santuan egon dira Aulestin eta Donostian Via Fora jatetxean, Espai Catalunya Topalekuaren egoitzan, egongo dira maiatzaren 11n, gaueko 21:00etan. Eta 18an, Intxaurrondoko Txiki Tabernan, hemen 20:00etan.

Bertsolarien artean, Andoni Egaña txapelduna eta Getxoko Fredi eta Xabi Paia anaiak daude. Antzerkiola Imaginarioan dabilen Aitor Agiriano musikariak ere hartuko du parte ikuskizunean.

Ostiralean, berriz, Larramendi kaleko Soma 107 tabernan, gaueko 23:30etan, Ajo (Mil Dolores Pequeños taldeko abeslari ohia) eta Mastretta musikaria arituko dira Striptease Cardiovascular lanarekin. Funtsean, Ajok mikro-poesiak irakurriko ditu eta Mastrettak musika jarriko du.

Maiatzaren 16an, asteartean, Literaktum hasiko da. Jaialdi hau ez dago bakarrik literatur sorkuntzari begira eta beste zenbait arte diziplina ere hartzen ditu kontutan. Iaz, zinema; aurten, musika. Besteak beste.

Honela, maiatzaren 16an, Ernest Lluch Kultur Etxean bi abeslari jarriko ditugu elkarrekin solasean. Batak, Jabier Muguruzak, jazz, pop eta literatur erreferentziak ditu abiapuntu. Besteak, El Chojín-ek, kalea izan du unibertsitate (hip-hop). Jabier ezagutzen nuen, baina Chojín-en azken diskoa berriki entzun dut eta sorpresa polita izan da. Joseba Martinek, La Jungla Sonora irratsaio beteranoko aurkezleak, jarriko ditu biak lanean eta bakoitzak nola lantzen dituen kantak ikusteko parada izango dugu.

Finean, konturatuko zineten, arte adierazpen horien (antzerkia, literatura) muga-mugan dauden beste hiru adibide hauek izan dira gehien interesatu zaizkidanak niri hemen aipatzeko. Norbaitek esango du, esaten dute, "hori ez da antzerkia" (bertsoa) edo "hori ez da literatura" (musika). Niri bost. Etiketak mundua etiketatzeko.

Foroa baino forroa

Mikel Iturria 2006/05/07 12:31

Igande arratsaldean DFoto izeneko Bideo-artearen eta Argazki Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 3. ediziora joan nintzen. Kursaaleko kuboetan egiten den azoka da hau eta COFF fundazioak antolatzen du.

Gutxi dut esateko. Lehenengo aldiz egon nintzen feria horretan eta lekuz kanpo ikusi nuen nire burua. Interesgarria izango dela ziur nago, baina Ismael Manterola aditua ere aspertu egin zela irakurri dugu gaur.

Ostiraleko funtsa, dena den, hiriaren beste tenplu hiper-modernoan zegoen ekitaldia zen. Iban Zaldua idazleak etxean aurkezten zuen Mentiras, mentiras, mentiras liburua. 2000an argitaratutako ipuin haiek itzuli ditu Ibanek eta Lengua de Trapo argitaletxeak publikatu ditu orain.

Kasualitateak nahi izan du aurreko su-etenean idatzitako ipuin ausart haiek su-eten iraunkorraren garai honetan gazteleraz irakurtzeko aukera egotea.

Luxuzko bi aurkezle izan zituen Ibanen liburuak: Pedro Ugarte eta Juan Garzia egon ziren ring-ean.

Ring-a zergatik? Borroka egoten delako FNACen Forumean. Tokia zabaldu berritan, Jabier Muguruzaren "Abenduak 29" diskoaren aurkezpena egiteko emandako kontzertu laburrera joan nintzen. Pasa den urteko urrian izan zen hori eta orduan ez nintzen gustura geratu. Harritu ere egin nintzen tokia nolakoa zen ikusita.

Toki deserosoa zena okerragoa da egun: foroa eta kafetegia banatzeko gortina beltza jarri baitute. Batek esan zuen bezala "forro de los cojones". Honela ekitaldira joan direnek sufritu behar dute estalkiaren beste aldean kafetegiko bezeroek horrelako tokietan ohiko diren zalapartak armatzea.

FNACek jakingo du zer nahi duen. Bertan zer edo zer aurkeztu nahi duenak, edo aurkezpenera joan nahi duenak, jakinaren gainean egon dadila. Ring batean sartuko dira.

Realaren kapital handitzea zertarako

Mikel Iturria 2006/05/04 08:00

Igande arratsaldea. 17:00ak izateko hogei minutu falta dira eta Anoeta Estadiora sartu naiz. Gure mutilek beroketa ariketak nola egiten dituzten ikusi ondoren, nire eserlekua dagoen zonaldera abiatu naiz. 7. atetik sartu naiz estadiora, eskailerak igo eta gora egin dut.

Nire eserlekua dagoen tokira hurbiltzen naizenean, aldameneko bi eserlekuak uso kakaz blai daudela konturatzen naiz. Bietako batekin, gainera, usoek ezin hobeto asmatu dute.

Aldamenean nire bi lagun eseritzen dira. Badakit ez direla etorriko, baina txartela lagun batzuei utzi dietenez, eta denbora dudanez, inguruan dagoen atezain bati kontatzen diot nire arazoa. Ea norbaitek garbi dezakeen galdetzen diot. Berak ezin duela handik mugitu eta Segurtasun kabinan daudenei esateko. Bertan dagoenak, bera ez dela klubeko langile, ertzaina baizik, eta joateko beheko atera.

Sartu naizen atera, 7. atera, hurbildu, bertan dagoenari nire prolemak berriro kontatu eta lehenengo atezainaren moduan berak ezin duela handik mugitu. 8. atera joateko, han dagoela koordinatzailea.

Nire pazientzia, normalean potea akitu samarra eramaten dut, agortzear dago, baina ez dut aurpegia aldatzen. 8. atean dagoen koordinatzaileari, berriro, nire arazoa esplikatu. Hartu talkia gure lagunak. Norbaiti deitu. Haren mezuren bat jaso. Nire eserlekura joateko eta azalduko zela norbait.

Norbait azaldu? Seguru nago tokia oraindik garbitu gabe dagoela, nahiz eta igandean partida garrantzitsua jokatu behar gure mutilek.

Eserleku bakoitzean kapital handitzearen berri ematen duen foileto bana dago. Hartu foileto batzuk eta aldameneko bi eserlekuak behar diren bezala tapatu genituen.

Nire lagunen lagunak etorri ziren, eseri eta Realak nola galdu egin zuen ikusi zuten. 1-2 Sevillaren aurka.

Realaren kapital handitzea zertarako? Usoen kakak estaltzeko.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter