Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2018/11/02 10:04
Italia 95-Liguria

I T A L I A

 

Errekarro sakonak osatzen dituzte lur barrutik itsasora doazen mendi bizkar luzeek. Tunelez zeharkatzen ditu mendiok autobiak; erreka-zuloak, ordez, zubi ikaragarri garaiez. Tunela eta zubia besterik ez da autobia kilometro luzeetan bai Frantzia aldetik, baina  Italia aldetik batez ere. Eta gu Leitzarango tunel eta zubiak zerbait zirelakoan geunden. Sudupek badaki nonbait euskaldun gutxi datorrela hemendik bere zubi eta tunelekiko harrokeriak jotzeko.

Autobide astakeriak ez dira Euskal Herriko patrimonioa soilik.

Tunel eta zubiez gain, ezberdina da Italiako autobide hau. Ez du arzen edo alboko tarterik. Ugariak  dira, bai, atseden guneak, baina motz eta meharrak, nahiz ikuspegiagatik batzuk izugarri erakargarriak izan. Jite propioa du Italiako norabide-herrien iragarki oholeriak ere. 

Autobidea berritze lanekin moztuta egotea ere ez da Euskal Herriko patrimonioa: edonon dago berrikuntzaren bat. 40 kilometroz izan dugu autobidea joan etorrirako bide bakarrarekin. Koplarik gabe eteten dute norabidea. Herri aurreratuen pribilegioa ote arduradunek nahi dutena egitea!.

Bidesariak, ordainketak… takian potian, Irurtzundik Zaragozara bezala. Ezin egin ibilaldi luze bat joanaldi batetan. Konpainia-enpresa asko sartu da negozioaren usainera, bakoitza bereari, ez bidaiariaren erosotasunari, begiratuz.

Izugarriak dira kamioi ilarak Austria alderako autopistan. Kamioia da garraio gailu nagusia Europan. Ekonomiaren bilakaeraren ondorioa. Bakarren irabazia. Zergatik ez trena Errusian bezala. Garbiagoa eta merkeagoa.

 

Dena mendia da Italiako lurralde hau. Mendi garaiak ikusten dira. Herriak, herriak eta herriak mendi magalean. Goietan herri batzuk, beherago beste batzuk. Basoaren erdian denak, urruti, isolatuta. Horrelako parajean bizi den biztanleak nahitaez berezia eta ezberdina behar du izan. Nortasun propioa, kultura propioa, mamitu behar da   hor ikusten diren herrietan, gaur egun bakartasuna arindu bada ere.

 

Berotegiak. Izugarrizko flasha. Kostaldetik Italiara sartuz dena ikusten da berotegi lehen kilometro etengabeetan. Sororik ez dago, malda baita dena; malda oro da berotegi, zapalda zabaletan kokatuta. Tuneletik atereaz bat, zubia behatoki, han dituzu aurrean, mendi goian eta mendi behean, berotegiak. Ez dute gain kurbatua Euskadikoek bezala, planoa baizik. Txabola zabalak dirudite. Herri ezberdinetako nekazariekin harremanetan jartzeko irrikak jo nau, ze barazki lortzen duten jakin nahiez.  Zerbait berezia landu beharko du Euskadiko nekazariak Europako merkatuan hauekin  lehiatu behar badu.

 

Auto txiki asko ikusi dugu, gure lehengo 600aren parekoak, Fiatnanoak.

Aurrez iragarrita daude herriak, baina herriak berak ez du herriaren iragarkirik sarreran, eta behin ere ez dakigu zein herritan gauden. Zeharo ezberdinak dira herriak hemen. Herri polit asko utzi dugu ikusteke: euripean ez dago inora joaterik.

Txalet eta etxetxo asko ikusten da baso eta mendietan. “Un chalet en la sierra”. Liberalismoa, bakoitzak berea.

Ermita mendi tontor zorrotz puntan egotea, ez da Euskal Herrikoa bakarrik.

Elizak gailentzen dira nabarmen herrietan, hemen ere.

“Italia is diferent”: hilerriak behintzat bereziak dira.

 

Mendikate zabala pasatu dugu, kilometroak eginez mendi tartean. Zuhaitz gaztetxoko hariztiak dira. Ez dago ganorazko basorik. Ez dirudi Etxarriko Digante eta Patriarkarik dagoenik.

 

Atzo couscus, gaur espagetia soilik afaldu dugu kanpineko jatetxean. Ez zegoen besterik. Bakarrak ginen. 9000 lira. Hemen milaka liraz ordaintzen da dena.

Jende adeitsua, hitz egin dugun bakarrak behintzat: autopistetako ordain etxoletakoak eta Vilanueva de Albengako plazan kanpinaz galdetzeko hitz egin diegun hiru agureak ere. Berbariak eta sinpatikoak hirurak.

 

Euria izan dugu lagun Lansargues-en jaiki aurretik hemen oheratu gareneraino. Logura ematen du euri tanten lona kontrako danbor-hotsak; lausotu egiten du ikusmena, aldiz, errepidean.

Denda muntatzeko tartetxoa adina bakarrik atertu du.

 

Kanpina: Villanueva de Albengan jarri dugu denda. Kanpinean. Cetera una volta da kanpinaren izen kilikagarria. Behatoki zoragarria den gain batean. Eguzkia bakarrik falta zaio leku pribilegiatu honi. Albenga zabala aurrean eta  itsaso zabalagoa urrutira, lur zabalak, herriak, aireportua,  ez dakit ze kirol-pista behean, tontor batean eliza  eta herritxoak magalean, mendiak bi aldeetara, autobia erraldoia mendian gora... Toki paregabea.

 

 

Maiatzaren 13a. Larunbata. 3.a

 

LIGURIA

 

Erroma Inperioaren historiatik eta latineko itzulpenetatik ezaguna eta entzuna, gaztetako imajinazioak ematen dion misterio kutsua duen Ligurian gaude. Italiako Rivieran, Mediterraneoko Alpeetan, itsas alboko mendi baten magalean, mendiz inguraturik. Balkonada da kanpina,gure dendaren kokagunea, Albengako haranaren gainaldean.

Txori kantariak, noizbehinka marramiau egiten duen katu beltza, eta inguruan bazter batean dugun Milanoko bikotea gara hemen bizi garan bakarrak. Hor beheko eta han goietako zuhaitz artean galdurik bada denda eta bungalow gehiago ere.

Gurdizko zaldi lasterketarako hipodromoa da hor beheko pista. Hegazkintxoentzakoa da aireportua.

 

Albenga. Herri zaharra. Erromatarren egitura gordetzen omen du alde zaharrak. Pare bat harra luze eta arra bete zabaleko harlosaz estalitako zorua, guardasol irekirik ia hartzen ez duten kale estuak, zubitxoak bailitzan etxeak bata besteari lotu eta eultziz kale gaineko kontrafuerte, horma-bular sarriak, mudejar tankerako adreiluzko dorre garai ugariak, gaur etxeen orma baina hiri hertsia zela adierazten duten harresi hondakinak, hirira sartzeko  arkudun ateak… zoriona da eguerdiko bakardadean euripeko guardasol aterpean Albenga zaharreko ibilaldi lasaia.

Baptisterio edo ponte-eliza da guretzat eraikuntza ezezagun berria. Oktogonala, adreiluzkoa. Eliza alboan dago, elizatik berezita. Ba omen ikusteko bitxikeriarik barruan, baina itxita dago.

Erromatarren mosaikoak, duomoa, eraikuntza zaharrak erakustoki bihurtuta, mila bazter eta kantoi atsegin, santuak orman beraientzako zulotxoan noizbehinka... Adreiluzkoak dira eraikuntza denak.

Zabala da Albenga berria, berriki eraikitako beste edozein hiri bezalakoa. Badu bere turismo gunea, betikoa, denekoa. Ez da batere atsegina hondar iluneko hondartza estu eta oraingoz zikina.

Denda eder ugari, ugariagoak pizzeriak. Izanen da non afaldu. Fruta eta barazkiak saltzen dira, ez garesti, kalean, gure dieta gorde ahal izango dugun itxaropena sortuz.

 

Pipildu dira kaleak bazkal ondoren, guk alde egin dugunean.

Arabiar asko ageri da. Etorkinak. Talde propio berezia osatzen zuten plaza batean.

Kultura usaineko ezer ez dugu antzeman, ez musika-emanaldi, antzerki, hitzaldi...  iragarki edo antzerakorik.

 

Alassio. Turista herri petoa. Bere Santa Klara irla du badia zabalaren ertzean, arratoi edo balea dirudi. Hondartza estu luzea: ikusezin egiten dute kabinek ibiltariarentzat.

S. Anbrosio eliza: handia, pintura aldare argi-armiarma santu-irudi askokoa. Lourdesko kobazulo handia, 3. gizaldiko martiri mordo baten hezurrak kristalezko kutxa batetan. Adineko atso koadrila zegoen arrosarioa ozenki errezatzen arratsaldeko lauretan. Erromaniko tankerako 7 solairuko dorre zahar berezia du interesgarriena: estuko edo igeltsuzko kanpoaldea, adreiluzko erromaniko tankerako leihotxoak, dorre-punta zorrotza… berezia. 

El mureto: artista ezagunen firmak daramatzaten azulejoz osatutako horma, metro eta erdi gorantz, berrogei eta hamar bat metro luze; bada bertan lan politik; bitxia.

Alde zaharrak ez du graziarik. Saltegi ona eta dotorea du. Pare bat eukalipto handi eta hiru palmondo izugarri garaiak ditu plazak.

 

Bati galdetuko Muretoa non, eta hara non Colonbian 10 urtez egondakoa zen, gaztelaniaz zekiena.

Petrarca zuen izena  Albergako  kale batek, Alassioko beste batek, aldiz, Dante.

Handiak dira kale hormetako hildakoen eskelak, bi folio adinakoak, ondo landuak, ertz beltz zabalekoak, inprimatuak; “pegada” itzelak osatzen dituzte. Horientzat ez du balio “divietto di affisione” debeku-oharrak.

Inserso autobuskada hemen ere, baina “a lo pobre”, behartsu itxuran, bakoitza bere janari eta guzti dakartzate edo datoz. Baina etorri egin dira!!!.

 

Ikusgarria dakusagu ingurua itsas gaintxoan doan errepidetik. Laigueglia, Andora, S. Bartolomeo al mare, geldialditxo bat egiteko herri tentagarriak dira. Bere alde zaharra, -borgo medievale-, iragartzen dute. Nekatuko garen beldur, aurrera egin dugu tentazioa gaindituz.

 

Mendiarteko haran baten itsas kontrako bukaera da herri bakoitza, S.Bartolomeo ezik. Hau goi batean dago; eliza gailenetik beherantz zabalduz doa herria.

Turismora zuzendu dute herri-jarduera herri denek. Jende gutxi dabil gaur, giza-izurritea izango da udaran.                 

Elizak agertzen dira gailen herri guztietan.

Bitxikeria:  errepide kontra, lorategi bateko baranda gainean, pinu bat bere sostengu, zumezko ipurdi estu biribileko morez pintatutako ezarleku bat ageri zen, adornurako agian.

Autoen administraziorako lurraldeak behintzat ez dira zabalak, ez dakit hirika, probintziaka ala nola banatzen diren. Savonak eta Imperiak Espainiako kontakera zaharra dute: herriaren lehen hizkiak eta sei zenbakiko zenbaketa. Ez dakit probintziak diren ala bestelako administraziorako lurraldeak.

 

Imperia. Arkuen herria. Portu kontrako kale luzeak, barrualdean plaza nagusira jotzen duten hiru kaleek, plazak berak ere, arkuak dituzte. Ez dakit zeren aterpe. Agian euri asko egiten du beti,  egunotan bezala. Alde zaharrak ez du graziarik. Eliza ponpoxoa da hemengoa ere, saindu hezurrik ez du baina bai arratsaldeko seietan apaiza zuzendari dutela arrosarioa ozenki errezatzen duen atso koadrilatxoa. Santu horma-zulo potxoloa kale batetan: noizbehinkako ezuste atsegina. Arkupe luze bat da gazteen topaleku, Kamerun urrun duen Iñaki bat dabil bertan. Oso herri animatua, jai bezperako bizitasuna du gaur: jendea jaiko jantzita, kafetegiak jendez lepo. Emakumeen takoi zabal altuak, bakeroak... denekoak bihurtu dira jantzi guztiak, ez dago jakiterik ze herrialdetan gauden, etxura edo koloreetan zein den Italiako janzkera mota. Ispilu biselatu ederrak ageri dira arkupeetako zutoin zabaletan: bere burua begiratzen du bertan oinezko koketoak. Oso animatuak daude gizonezkoen hile apaindegiak, koketoak dira nonbait gizonezko italiarrak. Polita da Inperiako kafetegiko leiho kuxkuxero  batetan orduak patxaran pasatzea. Pasta fresko asko egiten da hemen, dendetan bertan daude pasta egiteko makinak, denen agerian. Lotuta daramatzate txakur denak kaleetan, parkeetan, aldiz, solte. Zakarrontzi asko dago, paperontzirik ez.

 

Portua du Imperiak, portu zabala. Arrantzontzi txikiak nagusitzen dira,  badira kabotajeko handi bakar batzuk ere. Trenbidez sartzen dira bagoi handiak hirian barrena porturaino.

Bada pasta fabrika handi bat ere portu inguruan: AGNESI, guretzat ezezaguna. GALLO  edo balitz...

 

“Soigni el estatat”  aholkua taberna bateko atean.

 “beba coca-cola” y “cuide la salud”

“Non potete murare le idee”  zioen pintada batek kaleko orman.

 Komunikabide publikoa.

7etan ixten dute gasolindegiek. Lortu daiteke gasolina gasolindegi batzuetan beranduago ere dirua sartuz, baina erne ibili behar da.

 

Inguruak begirada ezberdinez begiratuz bueltatu gara Albengara.

Itsas-entsalada eta ase  gaituen pizza erraldoi banaz afaldu dugu.

 

Gaueko ilunpean, igelen kantu lakarra airean. Argi multzoa beterik ez da Albenga urrunean gure behatokitik.

 

 

 

Maiatzaren 14a. Igandea.4.a

 

Genoa Golkoko beste aldeko mendiak ikus ditzazkegu  goizean, ostarte zabalekin argitu baitzaigu gaur eguna. Golkoaren zabalera handieneko ertzean dago kokatua Albenga.

 

M. Luisaren katarroaz gain, euriak eta giro hezeak sortu digu arazoa: kondentsazioz-edo denda azpiko sakonerara ur asko pilatu zaigulako, busti egin zaigu koltxoi tapaki izararen erdia. Natura porta zaigunez, hor daude zintzilik, Albenga eta Golkoaren ikur bailitzaz, eguzki epelean dilindan.

Umeltasunaren  umeltasunez, zizareak ateratzen zaizkigu, harripetik bailitzan, aurreko esterila azpitik.

 

Eguzkiaren eraginez edo, txorien elkarrenganako maitasun deiak ozenagoak biziagoak ugariagoak dira urruneko autoen oihartzunak soilik urratzen duen isiltasun hezean. Eguzki mehe pean ugariagoak dira mendietako berde tonuak kontraste handiagoz berezituz. Mendi tontorreko dorrea bera argiago nabarmentzen da osteko laino zuriaren kontra. Gorantz eta gure garaieran doanez autopista aurreko mendi magalean, dir-dir  egiten digute autoko metalek, gurpildun ziogotan presoek bizi direla mezua bidali nahiko baligukete bezala.

 

Parapentea agertu zaigu aurreko aire-zabalgunean helikoptero edo hegazkinen ordez. Aireportuko berdegune zabalean lurreratu da. Ezin ba huts egin.

 

Ceriale: Turisterria. biztanle denak eraman zituzten esklabo sarrasinek 1637an. Ez dugu sarrasinen aurkako defentsa dorrea aurkitu. Hemen dabiltza, baina, arabiar eta afrikar etorkinak, iraupenerako  inbasioan, europarrentzat lanean.  

Errepide arrunta da gaur egun erromatarren Via Augusta hura. Erromatarren garaian lez, beste tarterik ez eta itsasgain doa errepidea bidaiari patxadatsuen atseginerako. Ziztu bizikoek hobe dute begirik ez kendu errepidetik, etengabekoak baitira bihurguneak.

 

Borghetto Santo Spiritu. Izenari dagokion herri dotorea. Bere zigilua du honek: beste herrien antzerakoa arren, ezberdina egiten du bere grazia propioak.

Herri zaharra: bi kale luze paraleloek, kale biak elkartuz eta arnasa emanezko guneak eta alboetara irtenbide diren etxepeko kalexka pasabide zabal bobedadun ilunek osatzen dute alde zaharra. Marokoko berberen eraikuntza bereziak gogarazi dizkigute, non kale eta pasabideak etxepeak diren. Pribilegioa da kale hauetan ia bakarrik, norbere pausoen oihartzuna lagun, paseatzea.

Eliza: erabat loratua zegoen prozesioan eramateko gurutze erraldoi berezia, apaingarri  metaliko zuri  eta pintatuz gainezka, eskuleku apalez gertatuta; Mandoa izeneko koadroa: -egilea eta urtea jartzen ditu-: mando bat agertzen da belaunikatuta apaizak paliopean daraman kustodiaren aurrean; koadro eta irudikapen bitxia, bada istorioren bat; pitxia bat da kanpoko atearen heldulekua, Kristo batez osatua.

Lur barruko jendea dabil hemen ere kaleetan igandean, itsasertzera egun pasa etorrita.

Angelak ere badu taberna Borghetton.

 

Ugariagoak izateaz gain, Euskal Herrian baino altuago daude minigonak Italian, motxagoak dira alajaina.

XII. gizalditik honakoa omen da olioa herrialde honetan. Euren esanetan munduko onena. Oso ona da, izan.                              

 

Toirano. Mendi biluzi izugarrien babesean, Erdi Aroko kaleetako bakardadean hemen ere, lasaigarria da eguerdiko ibilaldia. Kale luzeak; erromatarren kapitel sendoz burutuak daude arkuetako zutabe batzuk. Autoak dabiltza gaineko erdian kaperatxoa duen Erdi Aroko hiru begiko zubi potxoloaren gainetik, garai batean zaldiak bezala. Zubi kontra bada garbitoki auskalo noizkoa, errekako ur garbi etengabeaz  baliatzen dena.

Argazkia ateratzeko tentazioa gainditzea ez da erraza hainbeste txoko xarmanten aurrean.

Ahatek ez dute atsegin korronte bizian igeri egitea,  albotik saihesten dute uraren eroana.

Orma batean ehunak neurtzeko ibiltzen zen burdinazko neurri ofiziala: arra beteak ematen du neurria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.