Poeten uharan 2
III
NOR GARA GU
Maitemin I
Bide propioak ditu
maitemintzeak
bere erritmoa orbainek
Teknologien aroan ere
Lehenago edo geroago
denborak lausotzen ditu
maitasun hitz eztienak
Maitemindu bakartia da gizakia
Maitemin II
Begiraden fereka
ezpainak irriz
atzamar saretuak
Komunikazioaren xarma
Bizipen trukaketa isila
sentipen partekatze kilikagarria
maitemintze printza minak
Txio guztien gaindi
LAUhibaiBURU
Donostia, San Sebastian urdina
Easo eder islatzen da Urumean
Urumean eder islatzen da Easo
San Sebastian Donostia urdina
Bilbo Botxo zurigorriak
Nerbiok BB lez laztanduak
BB lez Bilbok laztanduak
zurigorriak Botxo Bilbo
Baiona Baiona-Txiki nabarrak
bat bi ibaietan
bi ibaietan bat
nabarrak Baiona-Txiki Baiona
Gasteiz Vitoria berdea
ibai gabe zurtz
zurtz ibai gabe
berdea Vitoria Gasteiz
Sekuentzia (I)
Aberastasuna
boterea
politika
legea
justizia
epailea
zigorra
kateko azken begia
txiroa
Beti erruduna
Sekuentzia (II)
Inposaketa
ukazioa
bolbora
beldurra
tortura
kartzela
Demokraziaz pozoitu digute bizikidetza
bake-gizonak
omen
Bizi-ordaina
Hil kanpaiak!
herio alarauak
Norberegatik ez diren bitartean!.
Esperantza
Ni lurra naiz
lurra eta altzo oparoa
altzo oparoa eta sabel ernaldua
sabel ernaldua eta
lili bat sortuko den lilura
Zu lorea zara
lorea eta udaberri ugalkorra
udaberri ugalkorra eta erleen paradisua
erleen paradisua eta
paradisu galdu hau eztiago eginen ametsa
Hura lorazaina da
lorazaina eta bizipozaren gordailua
bizipozaren gordailua eta irribarrearen jagolea
irribarrearen jagolea eta
mundua lorategi izanen utopia
Gu lorategia gara
lorategia eta bizinahien lurruna
bizinahien lurruna eta bizi-minaren lurrina
bizi-minaren lurrina eta
etorkizun koloretsu baten goizabar
Zuek mintegia zarete
mintegia eta lore-sorta pizgarria
lore-sorta pizgarria eta oroigarri ernarazlea
oroigarri ernarazlea eta
etorkizun jori baten igarlea
Haiek udaberria dira
udaberriko sasi eta arantza artean
arantza artean eta sastraka guztien gaindi
herri bat loratuko den esperantza
Jainkoak
Ez dela Jainkorik
sinesten dut
Baina jainkotxoak ditut
nola bizi bestela.
Zer den
Koartelera eraman zuten
eta han ikasi zuen
bortizkeria zer den
Izan zen garai bat
Izan zen garai ba noiz
Euskal Herria izan zen
euskaldunon ezkutaleku
Izan zen garai bat noiz
hitza ez zen izan
euskaldunen harreman gailu
Izanen da garai bat noiz
hitza izanen den iskilu
liburua zulo eta liburutegia gordeleku.
Sekuentzia III
Lanik eza
pobrezia
ustelkeria
gosea
ukazioa
morrontza
Lasai egoteko eskatu ziguten
Katalogoa
Amestutako musuak
ezustekoak
eman ez nituenak
eman behar nituenak
musu isilak
ezkutukoak
kortesiazko musuak
pasiozkoak
maitaleenak
lehen musuak
Tamalez, baina
ez duk gogoratzen
gurasoen lehen musua
goxoa behar zuen
Geuk
Geuk aukeratu genituen
eliterik horizontalena omen
Larrutu gintuzten
lapurtzen digute
horizontalean, noski,
Aukeratu eginen ditugu
eliterik horizontalena
berriro ere
Geuk