Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan 2

Poeten uharan 2

Jon Etxabe 2018/09/21 09:32
37. Ni ez naiz poeta I

I

 

GURPIL ZOROAN

 

Pertsona zintzo eskuzabalena arren

Akats nabarmen bat bazenegi

Horrez gogoratuko zaituzte

 

Darrait

Egunon, Eibar!

 

Egunon, Euskal Herria

esan nahi nuen

 

Ataurretik

Ataurretik pasa ziren lamiak

bizipoz eta bizibeharrez

mundu magikoa marraztu ziguten

harpetako hormetan

 

Ataurretik pasa ziren otsoak

bizibeharraren aitzakiaz

bizipoza lapurtu ziguten

hauteskunde ontzietan 

 

Ataurretik pasa dira mariorratzak

udaberri egunsentian

kolorez margotu digute irribarrea

magiaren esperantzaz 

 

 

Mundukide

Topo egin zuten espermak eta obuluak

munduan nintzen 

 

Haurtzaroa, mundua jolastoki

Gaztaroa, munduaren jabe

Helduaroa, munduko jopu

Zahartzaroa, mundutik at 

 

AGUR 

 

Bego lasai mundua

Banoa

izana izatera

 

 

Alanbrean

Kontzienteki edo ez

zehatz nahiz lauso

ez da pentsatu gabeko

giza emaitzarik. 

 

Ez da hasierarik gabeko ezer

hasiera baita

bukaeratik hastea ere.

 

Ez dakit zer aterako zaidan

baina zerbait aterako zaidala dakit.

 

Poetaren uharan nabil

alanbre gainean antzo

oreka gordez zerbaiten bila

azpian sarerik ez dudala jakitun.

 

Idaztearen misterioa eta plazera.

 

 

Supr v Enter

Ez eman inori nire izenik,

lagunek ezagutzen naute

etsaiek ere bai 

 

Zirriborroa da gehiena bizitzan

ia dena aldatuko genukeelako

edo gutxienez hobetu. 

 

Haragian tatuatuak ditut  galderak

ezabatuko nituzkeenak

baina ezabatu ezin ditudanak.

 

Supr tekla sakatuko nuke

baina enter-i ematen diot

lotsa guztien gaindi.

 

Ekaitzak jarri izan du

nire izena besteen ahotan

anonimo nahi banuen ere.

 

Transzendentzia ametsa

ez ote gehienetan

iraun nahi izatearen estalkia.

 

 

Ipotx

Larreko bazka idilikoan dago behia

xerraki edo tetabrik-gai izanen dela ezaxolati,

bikote bilako bakardadea zaio zozoari

belarrientzat fiu-fiu sinfonia gozagarria.

 

Pagadi pinudi bihurtua da gizartea

entresaka bortitzez soildua,

tramoiari anonimoa, aldiz,  gizakia

kenketa bilakatu zaiona batuketa. 

 

Oasi bateko desertua gara

zabala edo meharra

beti latza eta idorra,

gabeziez elikatutako ipotxak

hanka-puntetan erakusleihoei so.

 

 

Orria

Nork daki zein udaberritan jaio zen

adarreria biluzian kulunkan datzan

orri horaila

 

Egunsenti ilunaurre egurats bortitz gozoetan

amets malko irri ezin min sarrien

testigu isila

 

Ez ekaitzek, ez izozteek dute erautsi

ezta lehorteek ez sapek ihartu

orri menderakaitza

 

Pozoitzen, aldizka limurtzen,  ahalegindu dira

etenik gabe eraso dute basati

orri madarikatua.

 

Nork jakin noizarteko urtaroz dirauko

burujabe harro jabal bipil

orri tematiak

 

 

Poesia

Sermoiekin hasi nintzen

kristautasuna legamia zela ustez,

panfletoen aroa etorri zen gero

herriak iraultza eginen amets,

ideiak aldaketa-eragile zirelakoz

zutabeak idatzi nituen ondoren.

 

Utopia egunak ziren haiek

mundua irauli esperantzan

gizaki gizartea aldarazi irudiz.

 

Errealitatearen ifrentzua da fikzioa

fikzioa bera errealitatearen isla

subjektiboa izaki biak, biak binperrak.

 

Poemei urkia jartzen diet orain

baina nik zer dakit poesia zer den,

biluzik harrapatzen bainau beti.

 

 

Pink-a I

Pink-a jarri dut paparrean

bi gezi dituen E.H.ko mapa

erbestean dauzkatelako

etxean behar dutelako. 

 

Presoak! 

 

Pink-a daramat paparrean

denek dakite nortzuk diren

ez dakitenek ere jakin bezaten

non dauden eta non behar duten.

 

Etxean! 

 

Pink-a paparrean

norbaitek pinkartuta begiratzen badit ere

ez dut inor samindu nahi

gure samindura erakutsi besterik ez.

 

Orain! 

 

 

Pink-a  II

Ez da

neutralik

inoiz

inon

ezertaz.

 

 

Soak

- Amesti begirada duk

Ez  ote ametsen amildegiarena

- Zenbat isilpeko barne zirrikitu horietan!

Jopuaren ahalegin kontaezinak

- Pailazoa dirudik apar zuriz

Pailasoagoa ez ote aparrik gabe.

- Apain geratu haiz.

Ala kanpolarrosa?. 

 

Bizarra egiterakoan,

bi begirada elkarri so,

egia zor,

gezurra tarteka,

bata bestearen ifrentzu.

 

 

Laurogeikotan

Orain

geroaldi infinitura ibia noiz agertuko

orainaren erriberan doaz azken pausoak

ezer probetxagarririk egin ote galdez.

 

Orain

atzera soa besterik ez zait gelditzen

zenbateraino merezi izan duen bizitzak

izana ez-izana baino hobea omen arren.

 

Orain

hizkiak irabiatuz ematen dut denbora

erantzun bila-jolasean bezala

agian neure burua aurkitu edo engainatuz.

 

Jada

ile-mozleak, podologoak edo anbulatorioak

 zedarritzen dute denbora.

 

 

Supr

Idazleek gehien darabiltena

 “supr” tekla delakoan nago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.