Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan 2

Poeten uharan 2

Jon Etxabe 2018/08/31 09:22
36. Esna nahi nuke II

II

 

Eskuz esku

Bidelagunek ematen diote

eramangarritasuna

egunerokotasunari

argiagoak diraute

egun beltzenenak

hurkoaren eskutik

 

Ba

Zorionaren irria baderagit

haizearen xaramela baherakutsan

uhinen indarra badarian

adore hauspoa baleuka

udaberriaren bizipoza bazenekar

ilargiaren barea bazenerabilte

begiek egia balioke 

 

Ai

Balizkook

Baiezkoak

Balira

 

 

Piztia

Animalia oldarkorra da piztia

piztiagoa gizakia

adimenduna heinean

 

 

Naufragoa

Itsas handira bota gintuzten

igeri ikasi behar izan dugu

galernei aurre egin

marrazoen arriskuan beti

 

Beti izan da

igerigailurik gabeko naufragoa

gizakia

itsasoak ez baitu ertzik

 

 

Urtaroak

Ez da beti udaberri edo uda

ezta udazken edo negu

baina herri orok

lau urtaroak bizi ohi ditu

 

 

Bizi-min

Eder eguzkitan

itsu ilunpean

irriz batzean

malkoz banatzean

bizipoza da argia

indarra bitakoa

 

 

Biziraun

Haizea behar du kometak

haizea txorien hegoek

aire arina globoak altzoan

 

Gizartea, lagunartea, gogoeta

giza ibiliko arnasa

 

 

Arratsa

Izangotik izanginenera bueltan

silueta lausoak dira oroitzapenak

laino urrekarako arrats nabar geldian

ibili luzeko espejismo nostalgikoak bailira

 

 

Joan goaz

Izanikoen tranpolin malgutik jauzika

ikusi ditut lagunen oroimenak

beti joanean doan ibaian murgilduz

ahanzturaren ozeano anonimoan galtzeko

 

Txanda noiz helduko

zain daudenen itxaronaldia da

bizitza

 

 

Loturak

Ez naiz espaloietako alderrai bat

hari ikusezinez bildutako ibiltaria baino,

jendartean blaitu nau zaparradak

jendetzan babestuta aurkitu naiz arkupean,

soinu isil batek kilikatzen nau

gizarte bateko partaidetza sentipenak.

 

Ederra egiten dute gizakideen loturek

bizitza.

 

 

Baina

Arrakalak eragin dizkit bizitzak

baina liliak erne dira ebakiondootan.

Hosto erortzear bilakatu nau adinak

baina ederra da udazken nabarra.

Lainotu zait oroimena

baina beti dago argi txinta bat zeruertzean.

Lehortu zaizkit azal eta mintzak

baina goiz orok dakar ihintza.

Gorputzaren gatibu bilakatu naiz

baina pentsamenak egiten nau libre.

 

Ihar

baina

bizi naiz

 

 

Aitorpena

Itsaso amestu askotara eraman naute espaloiek,

iragana ez zait oroipen bizipen baizik,

gaurko egin zaizkit esperantza urrun haiek,

txikle likatsu ugari zoletan itsatsi bazait ere.

 

Begi ostean diraute amets gauzatuek,

argazki-album premiarik gabeko oroitzapenak,

korrontean noa uhinetan kulunkari

zeharkatuko ez dudan ozeanoa dut zain.

 

Iragana bizipen

oraina bizipoz

geroa biziraupen

bizitza dut aitorpen.

 

 

Gazi-gozo

Limoia bezain garratz

laranja beste gozo

bizitza beti zaizu

ezti eta makatz

 

 

Txotxongiloak

Zilborrestea ebakita aske,

kordel, zetazko hari edo listariz

lotzen dute geroz gizakia.

 

Marionetak gara

esku sarri anonimoek

eragindako harietatik

zintzilikatuak.

etiketak: Poeten uharan 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.