Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan 2

Poeten uharan 2

Jon Etxabe 2018/09/14 09:30
36.- Esna nahi nuke IV

IV

Askatasuna

Beretzako tokitxo bat irabazi,

babes-esparru bat gorde,

metro bat gutxienez,

zirrikitu bat sikiera,

arnasa hartzeko,

norberaren jabe izateko,

hori konkistatzeko

borrokatzen du gizakiak. 

 

Libre izanen delakoan zoko konkistatu horretan,

nahi dena egitean dagoelakoan askatasuna,

baina bere eta besteen pizti eta jaungoiko bihurtzen da

bere bakardadean   bizitzera kondenatuta.

 

 

Argisentia

Bisitatzen gaitu zorionak

enarak udaberrian lez

gutxitan dugu baina

aterpe bat beretzat.

 

Pausatzen zaigu tximeleta koloretsua

ai daramatzagun  betaurrekoek

daltoniko bihurtuko ez bagintuzkete.

 

Ez da hain beltza gausentia

goizargiaz  gozatzen dakienarentzat

egun eginen baitzaio gaua.

 

 

Lorratzak

Ez da gizakiaren pausorik

arrastorik uzten ez duenik,

arrastoak utzi beharra da, aldiz,

zenbaiten ezinbesteko irrika

nahiz larreak eta euriak

ezabatuko  dituen berehala.

 

Zergatik  apurrak utzi itzultzerako

itzulerarik gabekoa baita bidaia

pauso duinez joan, hori da xedea.

 

 

Hegazkina zeruan

Ezin izan zizkioten hegoak ebaki,

hormez eta mendekuz gatibu

zekusan hegazkina baino askeago zen.

 

 

Arrainontzia

Ur-tanta nahi zuen izan

errekan tairik gabe joanean

bazterrak hezetuz harriak leunduz

tanta-kideekin bide-kide

noiz non itsasoratu kezkarik gabe.

 

Agian arrainontziko arraintxoa zen

norbaiten meneko hilkorra besterik ez

errekarik dagoenik ere ezjakin.

 

 

Harakina

Erabakitzea da bizitza,

zatiketa da erabakitzea,

hautatzea dakarrelako

zitekeena albo uztea.

Izaki zatikatua da gizakia

kontaezin  erabakitan ebakia

askatasunak egiten baitu

zu zeu izatea zeure harakina.

 

Zeuk erditu duzu zaren hori

izatez zarelako zatikorra

iragana ez da inola iragana

beti da berandu ez izateko zarena.

 

 

Labirintoko misterioa

Hizkiak jolas zein lan-tresna

hitzen alanbrean ekilibrista

esaldiez erreboltari temati

abstrakzioa nola eho alkimista

bizipenen prestidigitadore

gogoeta-sinfoniaren musikari

bizi-nahien ernamuin

tximeletaren fereka amets.

 

Idazlearen labirintua

idaztearen miraria.

     

 

Izarloka

Takada kontaezineko karanbola

noiz nintzen izaki, noiz ni

zizt bateko taupada nolanahi.

 

Gorpuzki hauts atomo

kontzientziaren gaindiko egoeran

nonbaiteetan barreiatuta dirauko

 

Arrasto ezabatua besterik ez

nia guztiez haratago

izarloka izartegi infinituan.

 

 

Ametsa

Amets egin dudala

egin dut amets

ametseko ametsak

egiazko egia zirudien.

 

 

Hitza

Sermoi asko entzun ondoren

hitzengan fedea galdu zuen,

mitinez mitin ibiliz

politika baztertu zuen

 

 

Pailasoak

Jauntxoak dirudite togaz

baina morroitzat dauzkate,

kaleko janzten dira

kapusaiz diraute aldarean

Engainatzen dutela uste dute

baina hautatu antzuak dira.

 

Frak apaina jantzi zuen pailazoak

baina pailazo jarraitu zuen.

 

 

Diogenes

Langileak ikusi ditut

Gabon argiak zintzilikatzen

ez dut aurkitu baina

Diogenesik pertsona bila.

 

 

Hameling

Hamelingo hiru aztiek

gamelu gainean koloretsu

gozokiak parrastan ereinez

liluratu zituzten umeak.

 

Diru-poltsa eskasiaz gurasoak

eguneroko laztasunean umeak

dirau herriak biharamunean.

 

 

Truk

Trukea deitzen diote esplotaziori.

Beti bat eta bera da irabazle.

 

Gutuna

Erantzunik ez zekarren  postontzia

idatzi ez nuen gutuna

horiei darie samin-malkoa.

 

Min dagit idatzi ez nuenak

nostalgia deragit  jaso gabeak

ate-joka bailebil postaria

 

Enararik gabeko udaberria

tarinik gabeko udazkena

“bihotzean min dut”

etiketak: Poeten uharan 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.