Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan 2

Poeten uharan 2

Jon Etxabe 2018/09/07 09:17
36. Esna nahi nuke III

III

 

 

Zubia

Beharrezko du zubia gizakiak

hurkoarekin lotura dakion

edo buruaz beste egiteko.

 

Beharrezkoak ditu zubipeak ere

kideekin elkartzeko

edo gorpuzkinak bilatzeko.

 

Beti zubian

erpinean

zein pean

gizakia.

 

 

Ezkutuka

Aingeru zaintzailea zen lehenengo

Jainko oroikuslea etorri zen  gero

agindupea etxean zein eskolan

diktadura eta demokrata tiranoak

kamera zelatariak edonon begiluze

marra gorriak espaloi orotan

 

Ezkutuka eta ihesi beti

gizakia

aske izanen esperantzan.

 

 

Haritza

Orube txiki bat dugu

non haritz bat landatu genuen

geriza emanen zigun bizipozez.

 

 

Islak

Konfesategia garai batean

psikiatra etorri zen gero

txioak dira orain

 

nola barne korapiloak askatu

 

idaztea izan daiteke kanila

lagunartea hitzen jario-bide

ardoa ere ba omen konfesore

 

baitara soari diogu izu

 

mintza ez baita sarri

mamiaren isla.

 

 

Kometa

Jada luze, gero eta luzeago haria

goian darabil haizeak kometa

naizenaren isla nabarra

amets eta bizipenen gordailu

 

Lasai inor ez arren zain

bizipozez begiratzen diot

kordela eutsiz eta haria emanez

goiotan noiz galduko ote.

 

 

Hegan

Habia

bere baitan

egiten jakin duenak

edonora hegaldatu ahal dezake.

 

 

Begiak

Begiak zabalik biziz

urtaro oro da udaberri

begiak itxita, aldiz,

inoiz ez egunsentirik.

 

 

Adinaroak

Haurtzaroa

ibilirako ikastaroa

desbabes gorrienetako negua

 

Gaztaroa

mundua jango

ametsak loratuz udaberria.

 

Helduaroa

arazoen preso

uzta gazi-gozoko uda. 

 

Zahartzaroa

bizipenen hondarrean

orbel noiz izango udazkena. 

 

 

Antzarak

Hiruki antzeko formazioan

gezia bailitzan

mutur bakarreko ilaretan taldetuta

erpinean doanari jarraiki

haizeari branka zerua zulatuz

edonor dela ere buru

etenik gabeko aurrera geldiezinean

taldeari uneoro eutsiz

atzekoari hegada arinduz

bata bestearen babes

karraka lakarrak kodigo

komunikazio estuan beti

behe-laino trinkoa bazaie oztopo

zain egonen noiz saretuko

 

Hegoaldera doaz antzarak

bizigiro erosoago baten bila

argi dauka helmuga non gidariak

bere indarrean fedea taldeak

galduko da baten bat bidean

baina helduko dira helburura

 

 

Zutik

Mirabe sukaldari umezain

soldatarik gabeko lanetan

gutxietsiak baztertuak kolpatuak

hilak ere

eskubideak pribilegio, tabu ezarriak,

behin behineko askatasunean lez

oparitutako eskubidez bezala.

 

Ez dira ezkutatu zauriak milizkatzera,

intzirika ordez garrasika

aldarrikapen bihurtu dute kalea.

 

Zurtz zeuden emakumeak

hilurren egotea parekoa zen.

zurztasuna

Zut dira jada

duintasunaren haragokoa da

zutikakoa

 

 

Isileko bakardadeak

Eder gozagarriak

saminak aldi berean

isileko maitasun isilak

bakardadean oratuak baitira.

 

 

Igelak kroaka

Igelen kro-kroei adi

lagun bila bakardadean

harrabotsa musika bihurtuko utopian.

Kalean zaparradapean putzuak ispilu

zerbait ederragoa islatuko liluraz

errealitatetik ametsera ihesi.

Itsasoan uhinei bular igeri

haraindian mundu berri bat ote

eternitatean iraungo esperantzan.

Ezerezean nola galtzen ke-kiribilari so

bizitza arte bihurtu ilusioz

oihu libre bat izango ameslari.

 

Jainko propioa asmatuz bakoitza

igelei begira egiten dugu bizitza.

etiketak: Poeten uharan 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.