Bidaiak
Argibide gisa
Maria Luisa eta biok, jubilatu ondoren, udaberri oro bi hilabeteko bidaiak egiteari ekin genion. Maiatza eta Ekaina ziren bi hilabeteok.
Denda edo karabana kanpin batean jarri eta inguruko lurraldea ezagutzea izan da gure jokamoldea.
Kanpadendarekin hasi ginen. Hala egin genituen lehen bi urteak. Euria besterik ez genuenez izan bi urteotan, eta bidaia oso deserosoa gertatu zitzaigunez, karabana bat erostea erabaki genuen eta karabanaz egin genituen aurrerako bidaiak. Marokoko nire txakalaldiaren ondoren, zentzuak bidaia motok bukatzea eskatu zigun arte.
Noiz-non
1995: Italia
1996: Alemania, Luxenburgo
1997: Txekia, Eslovakia
1998: Holanda, Danimarka
1999: Portugal, Huelva, Extremadura
2000: Eslovenia, Hungaria
2001: Bretainia Handia
2002: Italia
2003: Normandia, Belgika
2004: Suitza
2005: Maroko
Bidezkoan ezagutu genituen Frantzia, Italia, Austria eta Alemaniako beste hainbat hiri eta lurralde.
Bidaialdi luzeoz gain, hainbat irtenaldi labur egin genituen, bai dendarekin bai karabanarekin. Espainia Estatuko lurralde denetan ibili gara.
Euskal Herriko ibilaldien egunkaririk ez dut, Nafarroako zenbat lurraldekoak ezik. Hain etxeko, hain bertako, hain ezagun izanik, ez dut idatzi beharraren premiarik sentitu.
Bidaia organizatu laburragoak ere egin ditugu:
Noiz-non
1979: Bretainia
1983: Bulgaria, Errumania
1994: Austria
2001: Turkia
2003: Irlanda
2005: Tunez
2008: Polonia
2009: Grezia
Azken aldian INSERSOren irteerekin nahikoa dugula erabaki dugu. Adinak agintzen du. Baina egunkariarekin jarraitzen dut. Nire mania edo joera bat da nonbait.
Bidaia eta txango guztion egunkariak ditut ordenagailuan. Oharrak jaso eta egunaren bukaeran oharroi nolabaiteko egitura emateko ohitura izan dut beti. Inolako literatura lan edo ariketa bat egiteko asmorik gabe. Ikusi eta bizitako sentipenak jaso soilik. Ahalik eta txukunen. Besterik ez.
Ez dakit norbaiten interesik sortaraziko dituen nire bidaia egunkariok. Hor daude ordenagailuan eta sarean jartzea erabaki dut. Beste lan batzuekin tartekatuz. Garunak lijer mantentzeko balio dit. Altzeirmenaren aurkako borroka baita jadanik gurea. Asko dira bidai-egunkariok. Ez dakit noraino helduko naizen, Adinak eta ahalmenak jarriko die muga.