Poeten uharan 2
II
NORBEREPEAN
Flying
Zegoen adar berean jarri zen
elkarrekin egin zuten aurrerakoa
Giza konpainia
giza hegaldia
Zoko hau
Norabaiteko noragabean
nire baitara naramate pausoek
ezagutzen ez dudan zoko batera
kendu uste nituen hautsak harrotuz.
Bertan aurkitzen dut naizen hau
eta berarekin gelditzen naiz
tarteka gozo hurrengo deseroso
ni neu ote galdezka sarri.
Eraman nahi izan dut lagunen bat
nire barne zoko horretara
baina bidean gelditzen zait beti
norberarenak soilik baita bakoitzaren bidea
bakarka gehienetan bakarti egin beharrekoa.
Gizakiaren bakardadea
ihes egin nahi dioguna
gurekin daramaguna.
Hobe ez
Ai ahal bagenu
besteen garunetako murmurioaz
jabetu
Hobe ez
Kaleidoskopioa
Sabeleko kulunkan jada
hasi ziren burmuinean
lehen bizipen urriak
multzo koloretsuetan biltzen
Sentipenen zurrunbiloan
bizipozen izpi argiak
zein arantza mingarriak
formen jolasean zerraien
Hogeitaka hizki soilik
dantzari idazlearen garunetan
balizko mila multzotatik
zeinetan nahastuko ote.
Distiratsua edo apala
idazki oro
beti da koloretsua.
Sigi-saga zuzena
Sigi-saga
zuzenean
helmugaraino
Bizitza
Hiritar
Kaledia
planoa behar duen labirintua
Kalea
erraz presatzen den giza korrontea
Espaloia
giza basoko bidezidorra
Semaforoa
trenik ez den geltokia
Zebrabidea
galipotezko sabana
Oinezkoa
automatizatutako gizakia
Bihar?
Robota?
Auskalo!!!!
Herio
Elizakoak,
“emon jetsek pasaportea”
Heriotza,
“horrenak egin jok”
Hil-kanpaiak,
“beste bat zulora”
Eskela,
“zeini tokatu ete jakok”
Hiletak,
“ lan-eguna gaur belek”
Hilobia,
“hortik ez duk mugitxuko”
Errautsak,
/ “harrak paruan dauaz horrekin”
Oroigarri-orria,
“paperak geixao aguantatze jok akorduak baino”
Heriotz-agiria,
“Josafat zelairako pasia”
Hilerrian: eRre hIk Pe
“horrek etxok geixao erreko”
Goiz-ordua
Ez da liraina
ez da lerdena
Goizeroko lehen erosketan
adeitasuna oparitzen dit ogiarekin
irribarrea egunkariarekin
Egunaldirako bizipoza damaidate
bizizale egiten naute
Maitagarriak dira
Maitasuna eta arrautsa
Maitatua
ala
maitale
Arrautza
ala
oiloa
Bikotea
Bikotekide bakoitzak
aditz oro
neu-zu ordez
GU
jokatzen ikasi duenean
bilakatu dira
bikote