Bidaiak
I T A L I A
Errekarro sakonak osatzen dituzte lur barrutik itsasora doazen mendi bizkar luzeek. Tunelez zeharkatzen ditu mendiok autobiak; erreka-zuloak, ordez, zubi ikaragarri garaiez. Tunela eta zubia besterik ez da autobia kilometro luzeetan bai Frantzia aldetik, baina Italia aldetik batez ere. Eta gu Leitzarango tunel eta zubiak zerbait zirelakoan geunden. Sudupek badaki nonbait euskaldun gutxi datorrela hemendik bere zubi eta tunelekiko harrokeriak jotzeko.
Autobide astakeriak ez dira Euskal Herriko patrimonioa soilik.
Tunel eta zubiez gain, ezberdina da Italiako autobide hau. Ez du arzen edo alboko tarterik. Ugariak dira, bai, atseden guneak, baina motz eta meharrak, nahiz ikuspegiagatik batzuk izugarri erakargarriak izan. Jite propioa du Italiako norabide-herrien iragarki oholeriak ere.
Autobidea berritze lanekin moztuta egotea ere ez da Euskal Herriko patrimonioa: edonon dago berrikuntzaren bat. 40 kilometroz izan dugu autobidea joan etorrirako bide bakarrarekin. Koplarik gabe eteten dute norabidea. Herri aurreratuen pribilegioa ote arduradunek nahi dutena egitea!.
Bidesariak, ordainketak… takian potian, Irurtzundik Zaragozara bezala. Ezin egin ibilaldi luze bat joanaldi batetan. Konpainia-enpresa asko sartu da negozioaren usainera, bakoitza bereari, ez bidaiariaren erosotasunari, begiratuz.
Izugarriak dira kamioi ilarak Austria alderako autopistan. Kamioia da garraio gailu nagusia Europan. Ekonomiaren bilakaeraren ondorioa. Bakarren irabazia. Zergatik ez trena Errusian bezala. Garbiagoa eta merkeagoa.
Dena mendia da Italiako lurralde hau. Mendi garaiak ikusten dira. Herriak, herriak eta herriak mendi magalean. Goietan herri batzuk, beherago beste batzuk. Basoaren erdian denak, urruti, isolatuta. Horrelako parajean bizi den biztanleak nahitaez berezia eta ezberdina behar du izan. Nortasun propioa, kultura propioa, mamitu behar da hor ikusten diren herrietan, gaur egun bakartasuna arindu bada ere.
Berotegiak. Izugarrizko flasha. Kostaldetik Italiara sartuz dena ikusten da berotegi lehen kilometro etengabeetan. Sororik ez dago, malda baita dena; malda oro da berotegi, zapalda zabaletan kokatuta. Tuneletik atereaz bat, zubia behatoki, han dituzu aurrean, mendi goian eta mendi behean, berotegiak. Ez dute gain kurbatua Euskadikoek bezala, planoa baizik. Txabola zabalak dirudite. Herri ezberdinetako nekazariekin harremanetan jartzeko irrikak jo nau, ze barazki lortzen duten jakin nahiez. Zerbait berezia landu beharko du Euskadiko nekazariak Europako merkatuan hauekin lehiatu behar badu.
Auto txiki asko ikusi dugu, gure lehengo 600aren parekoak, Fiatnanoak.
Aurrez iragarrita daude herriak, baina herriak berak ez du herriaren iragarkirik sarreran, eta behin ere ez dakigu zein herritan gauden. Zeharo ezberdinak dira herriak hemen. Herri polit asko utzi dugu ikusteke: euripean ez dago inora joaterik.
Txalet eta etxetxo asko ikusten da baso eta mendietan. “Un chalet en la sierra”. Liberalismoa, bakoitzak berea.
Ermita mendi tontor zorrotz puntan egotea, ez da Euskal Herrikoa bakarrik.
Elizak gailentzen dira nabarmen herrietan, hemen ere.
“Italia is diferent”: hilerriak behintzat bereziak dira.
Mendikate zabala pasatu dugu, kilometroak eginez mendi tartean. Zuhaitz gaztetxoko hariztiak dira. Ez dago ganorazko basorik. Ez dirudi Etxarriko Digante eta Patriarkarik dagoenik.
Atzo couscus, gaur espagetia soilik afaldu dugu kanpineko jatetxean. Ez zegoen besterik. Bakarrak ginen. 9000 lira. Hemen milaka liraz ordaintzen da dena.
Jende adeitsua, hitz egin dugun bakarrak behintzat: autopistetako ordain etxoletakoak eta Vilanueva de Albengako plazan kanpinaz galdetzeko hitz egin diegun hiru agureak ere. Berbariak eta sinpatikoak hirurak.
Euria izan dugu lagun Lansargues-en jaiki aurretik hemen oheratu gareneraino. Logura ematen du euri tanten lona kontrako danbor-hotsak; lausotu egiten du ikusmena, aldiz, errepidean.
Denda muntatzeko tartetxoa adina bakarrik atertu du.
Kanpina: Villanueva de Albengan jarri dugu denda. Kanpinean. Cetera una volta da kanpinaren izen kilikagarria. Behatoki zoragarria den gain batean. Eguzkia bakarrik falta zaio leku pribilegiatu honi. Albenga zabala aurrean eta itsaso zabalagoa urrutira, lur zabalak, herriak, aireportua, ez dakit ze kirol-pista behean, tontor batean eliza eta herritxoak magalean, mendiak bi aldeetara, autobia erraldoia mendian gora... Toki paregabea.
Maiatzaren 13a. Larunbata. 3.a
LIGURIA
Erroma Inperioaren historiatik eta latineko itzulpenetatik ezaguna eta entzuna, gaztetako imajinazioak ematen dion misterio kutsua duen Ligurian gaude. Italiako Rivieran, Mediterraneoko Alpeetan, itsas alboko mendi baten magalean, mendiz inguraturik. Balkonada da kanpina,gure dendaren kokagunea, Albengako haranaren gainaldean.
Txori kantariak, noizbehinka marramiau egiten duen katu beltza, eta inguruan bazter batean dugun Milanoko bikotea gara hemen bizi garan bakarrak. Hor beheko eta han goietako zuhaitz artean galdurik bada denda eta bungalow gehiago ere.
Gurdizko zaldi lasterketarako hipodromoa da hor beheko pista. Hegazkintxoentzakoa da aireportua.
Albenga. Herri zaharra. Erromatarren egitura gordetzen omen du alde zaharrak. Pare bat harra luze eta arra bete zabaleko harlosaz estalitako zorua, guardasol irekirik ia hartzen ez duten kale estuak, zubitxoak bailitzan etxeak bata besteari lotu eta eultziz kale gaineko kontrafuerte, horma-bular sarriak, mudejar tankerako adreiluzko dorre garai ugariak, gaur etxeen orma baina hiri hertsia zela adierazten duten harresi hondakinak, hirira sartzeko arkudun ateak… zoriona da eguerdiko bakardadean euripeko guardasol aterpean Albenga zaharreko ibilaldi lasaia.
Baptisterio edo ponte-eliza da guretzat eraikuntza ezezagun berria. Oktogonala, adreiluzkoa. Eliza alboan dago, elizatik berezita. Ba omen ikusteko bitxikeriarik barruan, baina itxita dago.
Erromatarren mosaikoak, duomoa, eraikuntza zaharrak erakustoki bihurtuta, mila bazter eta kantoi atsegin, santuak orman beraientzako zulotxoan noizbehinka... Adreiluzkoak dira eraikuntza denak.
Zabala da Albenga berria, berriki eraikitako beste edozein hiri bezalakoa. Badu bere turismo gunea, betikoa, denekoa. Ez da batere atsegina hondar iluneko hondartza estu eta oraingoz zikina.
Denda eder ugari, ugariagoak pizzeriak. Izanen da non afaldu. Fruta eta barazkiak saltzen dira, ez garesti, kalean, gure dieta gorde ahal izango dugun itxaropena sortuz.
Pipildu dira kaleak bazkal ondoren, guk alde egin dugunean.
Arabiar asko ageri da. Etorkinak. Talde propio berezia osatzen zuten plaza batean.
Kultura usaineko ezer ez dugu antzeman, ez musika-emanaldi, antzerki, hitzaldi... iragarki edo antzerakorik.
Alassio. Turista herri petoa. Bere Santa Klara irla du badia zabalaren ertzean, arratoi edo balea dirudi. Hondartza estu luzea: ikusezin egiten dute kabinek ibiltariarentzat.
S. Anbrosio eliza: handia, pintura aldare argi-armiarma santu-irudi askokoa. Lourdesko kobazulo handia, 3. gizaldiko martiri mordo baten hezurrak kristalezko kutxa batetan. Adineko atso koadrila zegoen arrosarioa ozenki errezatzen arratsaldeko lauretan. Erromaniko tankerako 7 solairuko dorre zahar berezia du interesgarriena: estuko edo igeltsuzko kanpoaldea, adreiluzko erromaniko tankerako leihotxoak, dorre-punta zorrotza… berezia.
El mureto: artista ezagunen firmak daramatzaten azulejoz osatutako horma, metro eta erdi gorantz, berrogei eta hamar bat metro luze; bada bertan lan politik; bitxia.
Alde zaharrak ez du graziarik. Saltegi ona eta dotorea du. Pare bat eukalipto handi eta hiru palmondo izugarri garaiak ditu plazak.
Bati galdetuko Muretoa non, eta hara non Colonbian 10 urtez egondakoa zen, gaztelaniaz zekiena.
Petrarca zuen izena Albergako kale batek, Alassioko beste batek, aldiz, Dante.
Handiak dira kale hormetako hildakoen eskelak, bi folio adinakoak, ondo landuak, ertz beltz zabalekoak, inprimatuak; “pegada” itzelak osatzen dituzte. Horientzat ez du balio “divietto di affisione” debeku-oharrak.
Inserso autobuskada hemen ere, baina “a lo pobre”, behartsu itxuran, bakoitza bere janari eta guzti dakartzate edo datoz. Baina etorri egin dira!!!.
Ikusgarria dakusagu ingurua itsas gaintxoan doan errepidetik. Laigueglia, Andora, S. Bartolomeo al mare, geldialditxo bat egiteko herri tentagarriak dira. Bere alde zaharra, -borgo medievale-, iragartzen dute. Nekatuko garen beldur, aurrera egin dugu tentazioa gaindituz.
Mendiarteko haran baten itsas kontrako bukaera da herri bakoitza, S.Bartolomeo ezik. Hau goi batean dago; eliza gailenetik beherantz zabalduz doa herria.
Turismora zuzendu dute herri-jarduera herri denek. Jende gutxi dabil gaur, giza-izurritea izango da udaran.
Elizak agertzen dira gailen herri guztietan.
Bitxikeria: errepide kontra, lorategi bateko baranda gainean, pinu bat bere sostengu, zumezko ipurdi estu biribileko morez pintatutako ezarleku bat ageri zen, adornurako agian.
Autoen administraziorako lurraldeak behintzat ez dira zabalak, ez dakit hirika, probintziaka ala nola banatzen diren. Savonak eta Imperiak Espainiako kontakera zaharra dute: herriaren lehen hizkiak eta sei zenbakiko zenbaketa. Ez dakit probintziak diren ala bestelako administraziorako lurraldeak.
Imperia. Arkuen herria. Portu kontrako kale luzeak, barrualdean plaza nagusira jotzen duten hiru kaleek, plazak berak ere, arkuak dituzte. Ez dakit zeren aterpe. Agian euri asko egiten du beti, egunotan bezala. Alde zaharrak ez du graziarik. Eliza ponpoxoa da hemengoa ere, saindu hezurrik ez du baina bai arratsaldeko seietan apaiza zuzendari dutela arrosarioa ozenki errezatzen duen atso koadrilatxoa. Santu horma-zulo potxoloa kale batetan: noizbehinkako ezuste atsegina. Arkupe luze bat da gazteen topaleku, Kamerun urrun duen Iñaki bat dabil bertan. Oso herri animatua, jai bezperako bizitasuna du gaur: jendea jaiko jantzita, kafetegiak jendez lepo. Emakumeen takoi zabal altuak, bakeroak... denekoak bihurtu dira jantzi guztiak, ez dago jakiterik ze herrialdetan gauden, etxura edo koloreetan zein den Italiako janzkera mota. Ispilu biselatu ederrak ageri dira arkupeetako zutoin zabaletan: bere burua begiratzen du bertan oinezko koketoak. Oso animatuak daude gizonezkoen hile apaindegiak, koketoak dira nonbait gizonezko italiarrak. Polita da Inperiako kafetegiko leiho kuxkuxero batetan orduak patxaran pasatzea. Pasta fresko asko egiten da hemen, dendetan bertan daude pasta egiteko makinak, denen agerian. Lotuta daramatzate txakur denak kaleetan, parkeetan, aldiz, solte. Zakarrontzi asko dago, paperontzirik ez.
Portua du Imperiak, portu zabala. Arrantzontzi txikiak nagusitzen dira, badira kabotajeko handi bakar batzuk ere. Trenbidez sartzen dira bagoi handiak hirian barrena porturaino.
Bada pasta fabrika handi bat ere portu inguruan: AGNESI, guretzat ezezaguna. GALLO edo balitz...
“Soigni el estatat” aholkua taberna bateko atean.
“beba coca-cola” y “cuide la salud”
“Non potete murare le idee” zioen pintada batek kaleko orman.
Komunikabide publikoa.
7etan ixten dute gasolindegiek. Lortu daiteke gasolina gasolindegi batzuetan beranduago ere dirua sartuz, baina erne ibili behar da.
Inguruak begirada ezberdinez begiratuz bueltatu gara Albengara.
Itsas-entsalada eta ase gaituen pizza erraldoi banaz afaldu dugu.
Gaueko ilunpean, igelen kantu lakarra airean. Argi multzoa beterik ez da Albenga urrunean gure behatokitik.
Maiatzaren 14a. Igandea.4.a
Genoa Golkoko beste aldeko mendiak ikus ditzazkegu goizean, ostarte zabalekin argitu baitzaigu gaur eguna. Golkoaren zabalera handieneko ertzean dago kokatua Albenga.
M. Luisaren katarroaz gain, euriak eta giro hezeak sortu digu arazoa: kondentsazioz-edo denda azpiko sakonerara ur asko pilatu zaigulako, busti egin zaigu koltxoi tapaki izararen erdia. Natura porta zaigunez, hor daude zintzilik, Albenga eta Golkoaren ikur bailitzaz, eguzki epelean dilindan.
Umeltasunaren umeltasunez, zizareak ateratzen zaizkigu, harripetik bailitzan, aurreko esterila azpitik.
Eguzkiaren eraginez edo, txorien elkarrenganako maitasun deiak ozenagoak biziagoak ugariagoak dira urruneko autoen oihartzunak soilik urratzen duen isiltasun hezean. Eguzki mehe pean ugariagoak dira mendietako berde tonuak kontraste handiagoz berezituz. Mendi tontorreko dorrea bera argiago nabarmentzen da osteko laino zuriaren kontra. Gorantz eta gure garaieran doanez autopista aurreko mendi magalean, dir-dir egiten digute autoko metalek, gurpildun ziogotan presoek bizi direla mezua bidali nahiko baligukete bezala.
Parapentea agertu zaigu aurreko aire-zabalgunean helikoptero edo hegazkinen ordez. Aireportuko berdegune zabalean lurreratu da. Ezin ba huts egin.
Ceriale: Turisterria. biztanle denak eraman zituzten esklabo sarrasinek 1637an. Ez dugu sarrasinen aurkako defentsa dorrea aurkitu. Hemen dabiltza, baina, arabiar eta afrikar etorkinak, iraupenerako inbasioan, europarrentzat lanean.
Errepide arrunta da gaur egun erromatarren Via Augusta hura. Erromatarren garaian lez, beste tarterik ez eta itsasgain doa errepidea bidaiari patxadatsuen atseginerako. Ziztu bizikoek hobe dute begirik ez kendu errepidetik, etengabekoak baitira bihurguneak.
Borghetto Santo Spiritu. Izenari dagokion herri dotorea. Bere zigilua du honek: beste herrien antzerakoa arren, ezberdina egiten du bere grazia propioak.
Herri zaharra: bi kale luze paraleloek, kale biak elkartuz eta arnasa emanezko guneak eta alboetara irtenbide diren etxepeko kalexka pasabide zabal bobedadun ilunek osatzen dute alde zaharra. Marokoko berberen eraikuntza bereziak gogarazi dizkigute, non kale eta pasabideak etxepeak diren. Pribilegioa da kale hauetan ia bakarrik, norbere pausoen oihartzuna lagun, paseatzea.
Eliza: erabat loratua zegoen prozesioan eramateko gurutze erraldoi berezia, apaingarri metaliko zuri eta pintatuz gainezka, eskuleku apalez gertatuta; Mandoa izeneko koadroa: -egilea eta urtea jartzen ditu-: mando bat agertzen da belaunikatuta apaizak paliopean daraman kustodiaren aurrean; koadro eta irudikapen bitxia, bada istorioren bat; pitxia bat da kanpoko atearen heldulekua, Kristo batez osatua.
Lur barruko jendea dabil hemen ere kaleetan igandean, itsasertzera egun pasa etorrita.
Angelak ere badu taberna Borghetton.
Ugariagoak izateaz gain, Euskal Herrian baino altuago daude minigonak Italian, motxagoak dira alajaina.
XII. gizalditik honakoa omen da olioa herrialde honetan. Euren esanetan munduko onena. Oso ona da, izan.
Toirano. Mendi biluzi izugarrien babesean, Erdi Aroko kaleetako bakardadean hemen ere, lasaigarria da eguerdiko ibilaldia. Kale luzeak; erromatarren kapitel sendoz burutuak daude arkuetako zutabe batzuk. Autoak dabiltza gaineko erdian kaperatxoa duen Erdi Aroko hiru begiko zubi potxoloaren gainetik, garai batean zaldiak bezala. Zubi kontra bada garbitoki auskalo noizkoa, errekako ur garbi etengabeaz baliatzen dena.
Argazkia ateratzeko tentazioa gainditzea ez da erraza hainbeste txoko xarmanten aurrean.
Ahatek ez dute atsegin korronte bizian igeri egitea, albotik saihesten dute uraren eroana.
Orma batean ehunak neurtzeko ibiltzen zen burdinazko neurri ofiziala: arra beteak ematen du neurria.
Bidaiak
Ibilbideko hiri - herriak:
* LIGURIA. Albenga, Alasio, Imperia, Laigueglia, Andora, S. Bartolomeo al mare, Ceriale, Borgeto Santo Spiritu, Toriano, Borghetto, Loano, Pietra Ligure,Finale Ligure, Noli, Spotorno, Savona.
* Genoa Golkoa: Borgueto, Nali, Savona,Castelbianco, Nasino, Alto, Capruna, Colle Capruna, Ponte di Nava, Pornasio, Pieve di Teco, Pogli di Orfovero, Genoa, Nervi, Camogli, Rapallo, Chavari, Sestri Levante.
* MEDITERRANEOKO ALPEAK, Bardineto, Galizano, Valsorda Santutegia, Garesio, Zuccarello, Cisano sul Neva.
* TOSCANA. Marina di Massa, Sestiri Lebante, Fiascherino, Tellaro, Lerici, Portovenere, Sarzana, Monterroso al mare, La Specia.
* RIVIERA APUANA. Camaiore, Viareggio, Pisa, Lucca, Carrara, Masa.
* IPAR-EKI TOSCANA: Massananosa, Peccia, Collodi, Montecatini, Firenze.
* APENNOAK. EMILIA ROMANA. Casanova, Roca de S. Casiano, Rimini, Ravena.
* SAN MARINO.
* MARCHES. Catolica, Gradara, Capone, Urbino.
* EMILIA. - San Apolinar di Clase, Cecena, Forli, Bolonia, Ferrara.
* REPUBLICA DE VENETO- Padua, Bataglia, Rovigo, Montagnana, Este, Monselice, Mestre, Venezzia, Vicenza, Monte Berici, Noventa Vicenta, Montebello, Soave,Verona, Mantua.
* FRIULI- Portogruaro, Aquileia Velvedere, Grado, Udine, Palmanova, Triestre, Muggia, Aquileia, San Pier de Isanzo, S. Martil del Carso, S. Michel, Gorizia, Cormoris, Civitzte del Friuli. .
* TRENTINO-ADIGE GARAIA. Carbonare, Bolzano/Bolzen, Merano/Meren, Venosta bailara, Glorentza, Sarentino/Sarenthein, Paso Penne, Vipitento, Brunico bailara, Brunico, Bresanone, Trento, Brenta Mendiak, Redena bailara, Genova bailara, Paso Campo Carlomagno, Tovel lakua, Dolomitak, Ortisei, Paso Gardena,
* BELLUNO. Paso Campolongo, Arabba, Paso di Falzzanera, Cortina de Ampezzo, Paso Pordoi, Canazei, Monzon, Paso de Costalugna.
* Garda lakua. LOMBARDIA. Berscia, - Milan, Pavia, Certosa de Pavia.
* TOSCANA. Siena, Monteriggioni, Colle di Val d´Elsa, S. Gimignano, Volterra, S. Quirico d´Orcia, Pieza, Montepulciano, Torrita, Sinalugna, Lucignano, Trasimeno lakua, Torre Sella.
* UMBRIA., Peruggia, Asis,
* LAZIO-LATIUM. Cascata di marmore, Poggio Bustone, Pediluco, Rieti, Narni, Amelia, Lugnano, Guardea, Bashi, Orvieto, Montefiascone, Viterbo, Orte, Terni, Spoleto, Monteluco, Todi, Erroma, Ostia, Tarquinia.
* PIAMONTE. Asti, Acqui Terme, Alba, Castagnito, Monferrato, Casale de Monferrato, Albugnano, Po ibaia, Abbadia de Vezzolano, Superga, Chieri, Torino.
* Ivrea, Verres, AOSTA, Isogne, Aosta, Courmayer, Chamonix, Savarenche bailara, Paradisu Handia, Fenix, Garin, Valtournenche, Breuli, Cervinia, Pantaleon Saindua, Aymaviles, Pondel ibaia, Cogne, Lillaz, La Thuile, San Bernardo Txikia.
- FRANTZIA. Aux en Provence, Nimes.
Maiatzaren 11. Osteguna. 1.a
FRANTZIA
Ospitaletik pasatu naiz urteroko azterketa egiteko. Markapasosa ondo dago. Bihotza auskalo. Orain aparatua soilik begiratzen baitidate, lehen bihotza ere begiratzen zidaten. Azkunak dirua aurreratuko du, baina gaixoaren patxadarik ziurtatu ez.
Maria Luisak, ostera, lagun txarra bereganatu du bidaiarako: txakurreztula du.
Mugan txakurrik ez dagoen arren, ziur gaude nonbaiteko bideo batetan grabatuak izan garela. Atutxa guztien konputagailuek Berta bakarra osatu dutenetik, mugak ezabatu aurretik baino kontrolatuago gaude. Gaur egungo askatasunaren esklabutza. Bisitatuko dugun Italian katez lotzen zituzten esklaboak, konputagailuz kateatzen gaituzte gu. Haiek eta gu, esklabo, diruaren eta agintearen zerbitzari.
Atlantikotik Mediterraneora.
Bearnon hasi gara, lur zabal ondo zainduetan, mahastiez gozatuz. Lurralde guztiek dute bere mahatsa. Baita bere ardo berezia ere. Munduko onena gehienetan eta onena ez bada ardo onenekin nahasteko eramaten dutena. Ez da bere ardoaz harro sentitzen ez den herririk. Italian ere hala izango da. Azkenean eta askotan, marketin arazoa besterik ez bada ere ardoaren hori.
Frantzia nekazaria. Lur landua da begirada barruko lur dena. Txukun zaindutako lurra. Halakoa izan da egun osoz zeharkatu dugun Frantziako lurralde dena. Bera bezain eskuinekoa izanik ere, Chiracek gari ale bat bera ere ez dio barkatuko Aznarri Europako nekazari arazoetan. Agian, Feliperekin bezalatsu, tratu-gai erabiliko du nekazaritza terrorismoaren aurkako laguntzaren truke.
Zergatik ote arkazia dela nagusi hemen, autobiaren ertzetan behintzat.
Baso-kasko asko dakusagu han-hemenka. Sakanako harizti-pagadiak ditugu amets. Izan ote hemen holakorik: Italiatik egin omen zuen bidea pagoak Euskal Herrira, beraz Frantzia zeharkatu zuen, zergatik galdu ote hemen pagoa?.
Ez dugu ikusten herririk, etxe solteak baizik. Zergatik lurralde batzuetan herrietan elkartzen dira biztanleak, baserriak eta nekazal etxeak; beste lurralde batzuetan ordea ez, Euskal Herrian kasu, non sakabanatuta dauden. Baserriak. Gerra, lapurrak, elkar babestu beharra, lurraren egitura... zerbait horrelako dago herrien egitura nolakotasunaren eraginean.
Hasi gara herritxoak ikusten, urruti xamarretik bada ere. Elizak nabarmentzen dira hemen ere. Xumeak dir elizok, punta zorrotzeko dorre motzekin.
Lourdesera erromesaldi garaietatik ezaguna dugun Gave ibaia. Ur asko eta garbia darama. Urtzen ari dira mendi garaietako elurra. Urbasak, aldiz, bere golkoan gordetzen du ura, itzuri zuloen arabera kanporatuz.
Lurralde honetan ere elur asko da nonbait: arbel teilazko pikoak dira teilatuak,.
Lurralde ondulatuak, berdeak, erakargarriak.
Herri bakoitzari bere industrialdea dagokio, handia edo txikia, herriaren arabera.
Deneko gaitza: errepideko obrak. Palak, kamioiak, galipoteroak, zilindroak... hautsa!!!. Sakanan gaudela dirudi.
Gizakiaren hobeari begirako lanak ala auto gehiago saltzeko bidea dira errepideak,?. Autoa zen sasoi batetan Espainiako ekonomiaren ardatz nagusia. Autobien eraikuntzak gizendu du Roldan askoren poltsikoa ere.
Lur zabal polita ere aspergarri bihurtzen da orduetako kilometro luzeen ondoren.
Zuriak dira Frantzian polizien autobusak. Edozein dela ere furgonaren kolorea, presoa beti preso.
Autobiako norabide biak bereizten dituen tarteak ez du bi metroko zabalerarik. Sakanako autobia berriari, ordez, 12 metroko tartea eman behar omen diote zenbait tartean, hala diote. Hondatzen hasi ezkero, ahalik eta gehien hondatu, hori dirudi dela gure agintarien filosofia. Lur asko dagoelako izanen da, edo auskalo ze poltsiko gizen areago gizendu nahi delako. Hemengo tarteko hesia sastraka antzerako berdegune trinkoa da, segurtasuna ziurtatuz. Politikoek diotena nola ia inoiz ez den egia, gehienez egi-erdia, behin ere herriak ezin du jakin ze arrazoiz gauzatzen dituezten bere ekimenok.
Inguruko ikuskizun osoa kentzen dute autobiaren ertzeko zuhaitzek. Gidaria ez nahasteko edo. Baina zergatik kendu begirada ingurura luzatze atsegin hori beste autokideei?.
Alboko hesi berdeek pasillo bihurtzen dute autobia.
Hurreratu egiten ditu herri handiak autobiak, baina herri txikiak urrundu. Autobiaz joan garenetan ez dugu ia herri txiki bat bera ere ezagutu, bera ikusteko desbideratu ez bagara behintzat. Autobiarik gabe egin dugun tartean, aldiz, beste bizitasun bat hartu du bidaiak. Hurrago sentitzen gara herriengandik, mila xehetasun jasotzen dituzu, pasoan bazoaz ere. Kilometro asko egin behar-eta autobia hartzen dugu, baina hobe genuke bidaia ordu gehiagorako planifikatu eta herrietatik pasatu. Sakanako autobia martxan denean askoz gutxiagok ezagutuko dute Etxarri. Ordizia eta Beasaingo probintzianoek soilik.
Autobia frantsesek badute bereizgarririk: atsedenleku zabal egokiak, geratu eta bertan lasai egoteko lekuak. Gasolindegi bakoitzak badu berea.
Berdea da hemen ere udaberria.
Urrutira ikusten ditugun tximiniek zabaldutako lurrunagatik edo, gas usai sarkorrak inguratzen gaitu. Kutsadura ez da herri atzeratuen ezaugarria, aurrerakuntzarena baizik. Baina zer da aurrerakuntza?.
Hemengo soro bakoitza ez da zabala. Lurra banatuta dago, agian lur-jabetza bera ere bai. Ez da ikusten elkarlaneko soro zabalik. Lur komunak ziren, herri lurrak, Europa Ekialdekoak. Galtzen doaz haiek ere. Hemen bakoitza berera dabil. Taldean, meza eta buila konpartitzen dira soilik.
Alanbrezko horreoetan gordeta daude artaburuak. Ez dakit nola libratzen diren arratoiengandik. Zerk bultzatu zituen gailegoak horreoak harrizkoak egitera, harri asko edukitzeak ala arratoiez libratzeko zuten modu bakarrak?.
Bi txakur txankamehedunekin jaitsi da adineko bikotea autobideko geldiunean. Botila bat ur eta palankanatxoa eskuetan zituztela txakurtxoek edan zezaten, baina txakurrek egarririk ez.
Lourdes: laiko heldu nintzen behin bertara eta apaiz atera.
In aeternum uste nuen, hala esaten ziguten, baina hemen noa orain M.Luisaren bikote.
Tarbes: Desagertu egiten zitzaigun urtero Anas apaizkidea Lourdesera erromesaldi egunetan. Bere ustez klandestino zebilen, baina denok zekigun Tarbesera joaten zela bere grabatuak saltzera erromesaldiko bidaia aprobetxatuz. Antolatzaile zelarik, segur aski ez ote zuen kaxatik ordainduko bidaia?. Hau ere fondo erreserbatuen erabilpen okerraren antzerako delitua izanen da, ez?.
Lehentxeago Kantauri itsasoan geunden eta ordu batzuk beranduago Mediterraneoan gaude.
Lansargues: zelai berdea da kanpina, zuhaitz asko du baina, gaur behintzat, eguzkirik ez geriza egiteko.
Frantziak baditu bazter erakargarriak, baina baita turismorako herri erraldoi eta ankerrak, La Grande Motte bezalakoak. Mediterraneoko kutsadura dira herri hauek.
Maiatzaren 12a. Ostirala. 2.a
Lunel: Itsasoa urrean duen arren lur barruko herria. Txukuna, atsegina.
Couscous afaldu dugu, itsasoz bestalde dagoen Maroko gogoratuz.
Inguruko herritxoak ikusi ditugu. Nekazari herri aspaldikoak.
Bidegurutzeko borobila da gaur egun Frantziaren ezaugarri nagusietakoa, eta esportagarri berezia, hemendik urte gutira borobil guneoz erregulatuko da Europako auto zirkulazioa, Euskadikoa behintzat.
Canes-Niza inguruko mendiak ere etxez josita daude kilometroetan, zuhaitzak bezain ugariak bihurtu dira etxeok. Herri txukun dotoreak ematen dute. Autobiak ere beirazko panelak jarri ditu alboetan hotsak molesta ez ditzan turista aberatsak.
Rodano mitikoa zeharkatu dugu.
Aix en Provence eta Arles ezagutzeko asmoa genuen baina euriak galarazi digu.
Padura zabalak daude bai atzoko bidean bai gaur Arles inguruan. Ez ditut ezagutzen Espainiakoak, Daimieleko Taulak izan ezik. Euskadikoak oso txikiak dira eta Zumaiakoa, Txingudi eta Urdibaikoak nahiko arriskuan daude; golfari esker salbatu da Zarauzkoa.
Bidaiak
Argibide gisa
Maria Luisa eta biok, jubilatu ondoren, udaberri oro bi hilabeteko bidaiak egiteari ekin genion. Maiatza eta Ekaina ziren bi hilabeteok.
Denda edo karabana kanpin batean jarri eta inguruko lurraldea ezagutzea izan da gure jokamoldea.
Kanpadendarekin hasi ginen. Hala egin genituen lehen bi urteak. Euria besterik ez genuenez izan bi urteotan, eta bidaia oso deserosoa gertatu zitzaigunez, karabana bat erostea erabaki genuen eta karabanaz egin genituen aurrerako bidaiak. Marokoko nire txakalaldiaren ondoren, zentzuak bidaia motok bukatzea eskatu zigun arte.
Noiz-non
1995: Italia
1996: Alemania, Luxenburgo
1997: Txekia, Eslovakia
1998: Holanda, Danimarka
1999: Portugal, Huelva, Extremadura
2000: Eslovenia, Hungaria
2001: Bretainia Handia
2002: Italia
2003: Normandia, Belgika
2004: Suitza
2005: Maroko
Bidezkoan ezagutu genituen Frantzia, Italia, Austria eta Alemaniako beste hainbat hiri eta lurralde.
Bidaialdi luzeoz gain, hainbat irtenaldi labur egin genituen, bai dendarekin bai karabanarekin. Espainia Estatuko lurralde denetan ibili gara.
Euskal Herriko ibilaldien egunkaririk ez dut, Nafarroako zenbat lurraldekoak ezik. Hain etxeko, hain bertako, hain ezagun izanik, ez dut idatzi beharraren premiarik sentitu.
Bidaia organizatu laburragoak ere egin ditugu:
Noiz-non
1979: Bretainia
1983: Bulgaria, Errumania
1994: Austria
2001: Turkia
2003: Irlanda
2005: Tunez
2008: Polonia
2009: Grezia
Azken aldian INSERSOren irteerekin nahikoa dugula erabaki dugu. Adinak agintzen du. Baina egunkariarekin jarraitzen dut. Nire mania edo joera bat da nonbait.
Bidaia eta txango guztion egunkariak ditut ordenagailuan. Oharrak jaso eta egunaren bukaeran oharroi nolabaiteko egitura emateko ohitura izan dut beti. Inolako literatura lan edo ariketa bat egiteko asmorik gabe. Ikusi eta bizitako sentipenak jaso soilik. Ahalik eta txukunen. Besterik ez.
Ez dakit norbaiten interesik sortaraziko dituen nire bidaia egunkariok. Hor daude ordenagailuan eta sarean jartzea erabaki dut. Beste lan batzuekin tartekatuz. Garunak lijer mantentzeko balio dit. Altzeirmenaren aurkako borroka baita jadanik gurea. Asko dira bidai-egunkariok. Ez dakit noraino helduko naizen, Adinak eta ahalmenak jarriko die muga.
Poeten uharan 2
IV
ZERA ESAN ZENIDAN
Kartzela
Kartzela zela esan zenidan
amaren sabel epela
kartzela zela ere
etorri nintzen mundua
kartzela bertako dena ere
Zamorako giltzapetzeaz gaindi
Baina, txo
hori ez al da
gehiegitxo
Begiradak
Begiradak gurutzatu genituen
biluztu egiten zintudala zenidan
eder bezain lagunkoi zinatekeen
nerantzun nik nerean
Isil
Isil egotea gomendatu zenidan
Barne xuxurla entzuteko parada
loaldiko ametsen oparia
soinu ezberdinen sinfonia
maitasun kilika gozoa
barne isila
kanpora gor bihurtu ninduen
isiltasuna gorreria ez dela erakutsiz
iluna argia bihurtu zitzaidan
isila bera doinu
Euskara
Muinera bidea erakutsi zenidan
Txepetx maisu hartuz
baina periferian darraigu
Omen-ote
Hizkuntza zaharrenaren lurralde hau
gizarte aurreratua omen
Bai? galdetu zenidan
Euskaradun baina erdaraz
hileta kanpai oihartzuna ote
Bai! nerantzun
Poetak
Iraultza helburu
utopiaz bizi
gizarte berri batez amets
gutxi batzuk gehienez
baina egon daude
zenion zuk
heroiak
zoroak
fededunak
agian poetak
nionen nik
Jakituria
Adineko edo gazte
dena duela deskubritzeko
ikasi duenak
eskuratu du jakituria
hori esan zenidan
Nor
Negarra ordez ekina
trufatu zinen
Burua hotz
giharrak tenk
aholkatu zenidan
Garaia da
presatu ninduzun
Egiazko aurkaria nor
ez zenidan argitu
Ezgaraiko garaia
Trantsizioan ez omen transfugarik
ez jaka aldaketarik
lehengo praketan zangoak
zapata berdinetan oinak
ideia berak garunetan
sastrea soilik aldatu zuten
Etxea galtzeko beldur geldo
orubea dugula arriskuan
ohartarazi zenidan
G.E.D.
Gure Esku Dago
Zer Dago Gure Esku
Esku Dago Gure zer
Gure Esku zer Dago
Zer horri buruz
zer dagoen
ez dakit
Poeten uharan 2
III
NOR GARA GU
Maitemin I
Bide propioak ditu
maitemintzeak
bere erritmoa orbainek
Teknologien aroan ere
Lehenago edo geroago
denborak lausotzen ditu
maitasun hitz eztienak
Maitemindu bakartia da gizakia
Maitemin II
Begiraden fereka
ezpainak irriz
atzamar saretuak
Komunikazioaren xarma
Bizipen trukaketa isila
sentipen partekatze kilikagarria
maitemintze printza minak
Txio guztien gaindi
LAUhibaiBURU
Donostia, San Sebastian urdina
Easo eder islatzen da Urumean
Urumean eder islatzen da Easo
San Sebastian Donostia urdina
Bilbo Botxo zurigorriak
Nerbiok BB lez laztanduak
BB lez Bilbok laztanduak
zurigorriak Botxo Bilbo
Baiona Baiona-Txiki nabarrak
bat bi ibaietan
bi ibaietan bat
nabarrak Baiona-Txiki Baiona
Gasteiz Vitoria berdea
ibai gabe zurtz
zurtz ibai gabe
berdea Vitoria Gasteiz
Sekuentzia (I)
Aberastasuna
boterea
politika
legea
justizia
epailea
zigorra
kateko azken begia
txiroa
Beti erruduna
Sekuentzia (II)
Inposaketa
ukazioa
bolbora
beldurra
tortura
kartzela
Demokraziaz pozoitu digute bizikidetza
bake-gizonak
omen
Bizi-ordaina
Hil kanpaiak!
herio alarauak
Norberegatik ez diren bitartean!.
Esperantza
Ni lurra naiz
lurra eta altzo oparoa
altzo oparoa eta sabel ernaldua
sabel ernaldua eta
lili bat sortuko den lilura
Zu lorea zara
lorea eta udaberri ugalkorra
udaberri ugalkorra eta erleen paradisua
erleen paradisua eta
paradisu galdu hau eztiago eginen ametsa
Hura lorazaina da
lorazaina eta bizipozaren gordailua
bizipozaren gordailua eta irribarrearen jagolea
irribarrearen jagolea eta
mundua lorategi izanen utopia
Gu lorategia gara
lorategia eta bizinahien lurruna
bizinahien lurruna eta bizi-minaren lurrina
bizi-minaren lurrina eta
etorkizun koloretsu baten goizabar
Zuek mintegia zarete
mintegia eta lore-sorta pizgarria
lore-sorta pizgarria eta oroigarri ernarazlea
oroigarri ernarazlea eta
etorkizun jori baten igarlea
Haiek udaberria dira
udaberriko sasi eta arantza artean
arantza artean eta sastraka guztien gaindi
herri bat loratuko den esperantza
Jainkoak
Ez dela Jainkorik
sinesten dut
Baina jainkotxoak ditut
nola bizi bestela.
Zer den
Koartelera eraman zuten
eta han ikasi zuen
bortizkeria zer den
Izan zen garai bat
Izan zen garai ba noiz
Euskal Herria izan zen
euskaldunon ezkutaleku
Izan zen garai bat noiz
hitza ez zen izan
euskaldunen harreman gailu
Izanen da garai bat noiz
hitza izanen den iskilu
liburua zulo eta liburutegia gordeleku.
Sekuentzia III
Lanik eza
pobrezia
ustelkeria
gosea
ukazioa
morrontza
Lasai egoteko eskatu ziguten
Katalogoa
Amestutako musuak
ezustekoak
eman ez nituenak
eman behar nituenak
musu isilak
ezkutukoak
kortesiazko musuak
pasiozkoak
maitaleenak
lehen musuak
Tamalez, baina
ez duk gogoratzen
gurasoen lehen musua
goxoa behar zuen
Geuk
Geuk aukeratu genituen
eliterik horizontalena omen
Larrutu gintuzten
lapurtzen digute
horizontalean, noski,
Aukeratu eginen ditugu
eliterik horizontalena
berriro ere
Geuk
Poeten uharan 2
II
NORBEREPEAN
Flying
Zegoen adar berean jarri zen
elkarrekin egin zuten aurrerakoa
Giza konpainia
giza hegaldia
Zoko hau
Norabaiteko noragabean
nire baitara naramate pausoek
ezagutzen ez dudan zoko batera
kendu uste nituen hautsak harrotuz.
Bertan aurkitzen dut naizen hau
eta berarekin gelditzen naiz
tarteka gozo hurrengo deseroso
ni neu ote galdezka sarri.
Eraman nahi izan dut lagunen bat
nire barne zoko horretara
baina bidean gelditzen zait beti
norberarenak soilik baita bakoitzaren bidea
bakarka gehienetan bakarti egin beharrekoa.
Gizakiaren bakardadea
ihes egin nahi dioguna
gurekin daramaguna.
Hobe ez
Ai ahal bagenu
besteen garunetako murmurioaz
jabetu
Hobe ez
Kaleidoskopioa
Sabeleko kulunkan jada
hasi ziren burmuinean
lehen bizipen urriak
multzo koloretsuetan biltzen
Sentipenen zurrunbiloan
bizipozen izpi argiak
zein arantza mingarriak
formen jolasean zerraien
Hogeitaka hizki soilik
dantzari idazlearen garunetan
balizko mila multzotatik
zeinetan nahastuko ote.
Distiratsua edo apala
idazki oro
beti da koloretsua.
Sigi-saga zuzena
Sigi-saga
zuzenean
helmugaraino
Bizitza
Hiritar
Kaledia
planoa behar duen labirintua
Kalea
erraz presatzen den giza korrontea
Espaloia
giza basoko bidezidorra
Semaforoa
trenik ez den geltokia
Zebrabidea
galipotezko sabana
Oinezkoa
automatizatutako gizakia
Bihar?
Robota?
Auskalo!!!!
Herio
Elizakoak,
“emon jetsek pasaportea”
Heriotza,
“horrenak egin jok”
Hil-kanpaiak,
“beste bat zulora”
Eskela,
“zeini tokatu ete jakok”
Hiletak,
“ lan-eguna gaur belek”
Hilobia,
“hortik ez duk mugitxuko”
Errautsak,
/ “harrak paruan dauaz horrekin”
Oroigarri-orria,
“paperak geixao aguantatze jok akorduak baino”
Heriotz-agiria,
“Josafat zelairako pasia”
Hilerrian: eRre hIk Pe
“horrek etxok geixao erreko”
Goiz-ordua
Ez da liraina
ez da lerdena
Goizeroko lehen erosketan
adeitasuna oparitzen dit ogiarekin
irribarrea egunkariarekin
Egunaldirako bizipoza damaidate
bizizale egiten naute
Maitagarriak dira
Maitasuna eta arrautsa
Maitatua
ala
maitale
Arrautza
ala
oiloa
Bikotea
Bikotekide bakoitzak
aditz oro
neu-zu ordez
GU
jokatzen ikasi duenean
bilakatu dira
bikote
Poeten uharan 2
I
GURPIL ZOROAN
Pertsona zintzo eskuzabalena arren
Akats nabarmen bat bazenegi
Horrez gogoratuko zaituzte
Darrait
Egunon, Eibar!
Egunon, Euskal Herria
esan nahi nuen
Ataurretik
Ataurretik pasa ziren lamiak
bizipoz eta bizibeharrez
mundu magikoa marraztu ziguten
harpetako hormetan
Ataurretik pasa ziren otsoak
bizibeharraren aitzakiaz
bizipoza lapurtu ziguten
hauteskunde ontzietan
Ataurretik pasa dira mariorratzak
udaberri egunsentian
kolorez margotu digute irribarrea
magiaren esperantzaz
Mundukide
Topo egin zuten espermak eta obuluak
munduan nintzen
Haurtzaroa, mundua jolastoki
Gaztaroa, munduaren jabe
Helduaroa, munduko jopu
Zahartzaroa, mundutik at
AGUR
Bego lasai mundua
Banoa
izana izatera
Alanbrean
Kontzienteki edo ez
zehatz nahiz lauso
ez da pentsatu gabeko
giza emaitzarik.
Ez da hasierarik gabeko ezer
hasiera baita
bukaeratik hastea ere.
Ez dakit zer aterako zaidan
baina zerbait aterako zaidala dakit.
Poetaren uharan nabil
alanbre gainean antzo
oreka gordez zerbaiten bila
azpian sarerik ez dudala jakitun.
Idaztearen misterioa eta plazera.
Supr v Enter
Ez eman inori nire izenik,
lagunek ezagutzen naute
etsaiek ere bai
Zirriborroa da gehiena bizitzan
ia dena aldatuko genukeelako
edo gutxienez hobetu.
Haragian tatuatuak ditut galderak
ezabatuko nituzkeenak
baina ezabatu ezin ditudanak.
Supr tekla sakatuko nuke
baina enter-i ematen diot
lotsa guztien gaindi.
Ekaitzak jarri izan du
nire izena besteen ahotan
anonimo nahi banuen ere.
Transzendentzia ametsa
ez ote gehienetan
iraun nahi izatearen estalkia.
Ipotx
Larreko bazka idilikoan dago behia
xerraki edo tetabrik-gai izanen dela ezaxolati,
bikote bilako bakardadea zaio zozoari
belarrientzat fiu-fiu sinfonia gozagarria.
Pagadi pinudi bihurtua da gizartea
entresaka bortitzez soildua,
tramoiari anonimoa, aldiz, gizakia
kenketa bilakatu zaiona batuketa.
Oasi bateko desertua gara
zabala edo meharra
beti latza eta idorra,
gabeziez elikatutako ipotxak
hanka-puntetan erakusleihoei so.
Orria
Nork daki zein udaberritan jaio zen
adarreria biluzian kulunkan datzan
orri horaila
Egunsenti ilunaurre egurats bortitz gozoetan
amets malko irri ezin min sarrien
testigu isila
Ez ekaitzek, ez izozteek dute erautsi
ezta lehorteek ez sapek ihartu
orri menderakaitza
Pozoitzen, aldizka limurtzen, ahalegindu dira
etenik gabe eraso dute basati
orri madarikatua.
Nork jakin noizarteko urtaroz dirauko
burujabe harro jabal bipil
orri tematiak
Poesia
Sermoiekin hasi nintzen
kristautasuna legamia zela ustez,
panfletoen aroa etorri zen gero
herriak iraultza eginen amets,
ideiak aldaketa-eragile zirelakoz
zutabeak idatzi nituen ondoren.
Utopia egunak ziren haiek
mundua irauli esperantzan
gizaki gizartea aldarazi irudiz.
Errealitatearen ifrentzua da fikzioa
fikzioa bera errealitatearen isla
subjektiboa izaki biak, biak binperrak.
Poemei urkia jartzen diet orain
baina nik zer dakit poesia zer den,
biluzik harrapatzen bainau beti.
Pink-a I
Pink-a jarri dut paparrean
bi gezi dituen E.H.ko mapa
erbestean dauzkatelako
etxean behar dutelako.
Presoak!
Pink-a daramat paparrean
denek dakite nortzuk diren
ez dakitenek ere jakin bezaten
non dauden eta non behar duten.
Etxean!
Pink-a paparrean
norbaitek pinkartuta begiratzen badit ere
ez dut inor samindu nahi
gure samindura erakutsi besterik ez.
Orain!
Pink-a II
Ez da
neutralik
inoiz
inon
ezertaz.
Soak
- Amesti begirada duk
Ez ote ametsen amildegiarena
- Zenbat isilpeko barne zirrikitu horietan!
Jopuaren ahalegin kontaezinak
- Pailazoa dirudik apar zuriz
Pailasoagoa ez ote aparrik gabe.
- Apain geratu haiz.
Ala kanpolarrosa?.
Bizarra egiterakoan,
bi begirada elkarri so,
egia zor,
gezurra tarteka,
bata bestearen ifrentzu.
Laurogeikotan
Orain
geroaldi infinitura ibia noiz agertuko
orainaren erriberan doaz azken pausoak
ezer probetxagarririk egin ote galdez.
Orain
atzera soa besterik ez zait gelditzen
zenbateraino merezi izan duen bizitzak
izana ez-izana baino hobea omen arren.
Orain
hizkiak irabiatuz ematen dut denbora
erantzun bila-jolasean bezala
agian neure burua aurkitu edo engainatuz.
Jada
ile-mozleak, podologoak edo anbulatorioak
zedarritzen dute denbora.
Supr
Idazleek gehien darabiltena
“supr” tekla delakoan nago.
Poeten uharan 2
IV
Askatasuna
Beretzako tokitxo bat irabazi,
babes-esparru bat gorde,
metro bat gutxienez,
zirrikitu bat sikiera,
arnasa hartzeko,
norberaren jabe izateko,
hori konkistatzeko
borrokatzen du gizakiak.
Libre izanen delakoan zoko konkistatu horretan,
nahi dena egitean dagoelakoan askatasuna,
baina bere eta besteen pizti eta jaungoiko bihurtzen da
bere bakardadean bizitzera kondenatuta.
Argisentia
Bisitatzen gaitu zorionak
enarak udaberrian lez
gutxitan dugu baina
aterpe bat beretzat.
Pausatzen zaigu tximeleta koloretsua
ai daramatzagun betaurrekoek
daltoniko bihurtuko ez bagintuzkete.
Ez da hain beltza gausentia
goizargiaz gozatzen dakienarentzat
egun eginen baitzaio gaua.
Lorratzak
Ez da gizakiaren pausorik
arrastorik uzten ez duenik,
arrastoak utzi beharra da, aldiz,
zenbaiten ezinbesteko irrika
nahiz larreak eta euriak
ezabatuko dituen berehala.
Zergatik apurrak utzi itzultzerako
itzulerarik gabekoa baita bidaia
pauso duinez joan, hori da xedea.
Hegazkina zeruan
Ezin izan zizkioten hegoak ebaki,
hormez eta mendekuz gatibu
zekusan hegazkina baino askeago zen.
Arrainontzia
Ur-tanta nahi zuen izan
errekan tairik gabe joanean
bazterrak hezetuz harriak leunduz
tanta-kideekin bide-kide
noiz non itsasoratu kezkarik gabe.
Agian arrainontziko arraintxoa zen
norbaiten meneko hilkorra besterik ez
errekarik dagoenik ere ezjakin.
Harakina
Erabakitzea da bizitza,
zatiketa da erabakitzea,
hautatzea dakarrelako
zitekeena albo uztea.
Izaki zatikatua da gizakia
kontaezin erabakitan ebakia
askatasunak egiten baitu
zu zeu izatea zeure harakina.
Zeuk erditu duzu zaren hori
izatez zarelako zatikorra
iragana ez da inola iragana
beti da berandu ez izateko zarena.
Labirintoko misterioa
Hizkiak jolas zein lan-tresna
hitzen alanbrean ekilibrista
esaldiez erreboltari temati
abstrakzioa nola eho alkimista
bizipenen prestidigitadore
gogoeta-sinfoniaren musikari
bizi-nahien ernamuin
tximeletaren fereka amets.
Idazlearen labirintua
idaztearen miraria.
Izarloka
Takada kontaezineko karanbola
noiz nintzen izaki, noiz ni
zizt bateko taupada nolanahi.
Gorpuzki hauts atomo
kontzientziaren gaindiko egoeran
nonbaiteetan barreiatuta dirauko
Arrasto ezabatua besterik ez
nia guztiez haratago
izarloka izartegi infinituan.
Ametsa
Amets egin dudala
egin dut amets
ametseko ametsak
egiazko egia zirudien.
Hitza
Sermoi asko entzun ondoren
hitzengan fedea galdu zuen,
mitinez mitin ibiliz
politika baztertu zuen
Pailasoak
Jauntxoak dirudite togaz
baina morroitzat dauzkate,
kaleko janzten dira
kapusaiz diraute aldarean
Engainatzen dutela uste dute
baina hautatu antzuak dira.
Frak apaina jantzi zuen pailazoak
baina pailazo jarraitu zuen.
Diogenes
Langileak ikusi ditut
Gabon argiak zintzilikatzen
ez dut aurkitu baina
Diogenesik pertsona bila.
Hameling
Hamelingo hiru aztiek
gamelu gainean koloretsu
gozokiak parrastan ereinez
liluratu zituzten umeak.
Diru-poltsa eskasiaz gurasoak
eguneroko laztasunean umeak
dirau herriak biharamunean.
Truk
Trukea deitzen diote esplotaziori.
Beti bat eta bera da irabazle.
Gutuna
Erantzunik ez zekarren postontzia
idatzi ez nuen gutuna
horiei darie samin-malkoa.
Min dagit idatzi ez nuenak
nostalgia deragit jaso gabeak
ate-joka bailebil postaria
Enararik gabeko udaberria
tarinik gabeko udazkena
“bihotzean min dut”
Poeten uharan 2
III
Zubia
Beharrezko du zubia gizakiak
hurkoarekin lotura dakion
edo buruaz beste egiteko.
Beharrezkoak ditu zubipeak ere
kideekin elkartzeko
edo gorpuzkinak bilatzeko.
Beti zubian
erpinean
zein pean
gizakia.
Ezkutuka
Aingeru zaintzailea zen lehenengo
Jainko oroikuslea etorri zen gero
agindupea etxean zein eskolan
diktadura eta demokrata tiranoak
kamera zelatariak edonon begiluze
marra gorriak espaloi orotan
Ezkutuka eta ihesi beti
gizakia
aske izanen esperantzan.
Haritza
Orube txiki bat dugu
non haritz bat landatu genuen
geriza emanen zigun bizipozez.
Islak
Konfesategia garai batean
psikiatra etorri zen gero
txioak dira orain
nola barne korapiloak askatu
idaztea izan daiteke kanila
lagunartea hitzen jario-bide
ardoa ere ba omen konfesore
baitara soari diogu izu
mintza ez baita sarri
mamiaren isla.
Kometa
Jada luze, gero eta luzeago haria
goian darabil haizeak kometa
naizenaren isla nabarra
amets eta bizipenen gordailu
Lasai inor ez arren zain
bizipozez begiratzen diot
kordela eutsiz eta haria emanez
goiotan noiz galduko ote.
Hegan
Habia
bere baitan
egiten jakin duenak
edonora hegaldatu ahal dezake.
Begiak
Begiak zabalik biziz
urtaro oro da udaberri
begiak itxita, aldiz,
inoiz ez egunsentirik.
Adinaroak
Haurtzaroa
ibilirako ikastaroa
desbabes gorrienetako negua
Gaztaroa
mundua jango
ametsak loratuz udaberria.
Helduaroa
arazoen preso
uzta gazi-gozoko uda.
Zahartzaroa
bizipenen hondarrean
orbel noiz izango udazkena.
Antzarak
Hiruki antzeko formazioan
gezia bailitzan
mutur bakarreko ilaretan taldetuta
erpinean doanari jarraiki
haizeari branka zerua zulatuz
edonor dela ere buru
etenik gabeko aurrera geldiezinean
taldeari uneoro eutsiz
atzekoari hegada arinduz
bata bestearen babes
karraka lakarrak kodigo
komunikazio estuan beti
behe-laino trinkoa bazaie oztopo
zain egonen noiz saretuko
Hegoaldera doaz antzarak
bizigiro erosoago baten bila
argi dauka helmuga non gidariak
bere indarrean fedea taldeak
galduko da baten bat bidean
baina helduko dira helburura
Zutik
Mirabe sukaldari umezain
soldatarik gabeko lanetan
gutxietsiak baztertuak kolpatuak
hilak ere
eskubideak pribilegio, tabu ezarriak,
behin behineko askatasunean lez
oparitutako eskubidez bezala.
Ez dira ezkutatu zauriak milizkatzera,
intzirika ordez garrasika
aldarrikapen bihurtu dute kalea.
Zurtz zeuden emakumeak
hilurren egotea parekoa zen.
zurztasuna
Zut dira jada
duintasunaren haragokoa da
zutikakoa
Isileko bakardadeak
Eder gozagarriak
saminak aldi berean
isileko maitasun isilak
bakardadean oratuak baitira.
Igelak kroaka
Igelen kro-kroei adi
lagun bila bakardadean
harrabotsa musika bihurtuko utopian.
Kalean zaparradapean putzuak ispilu
zerbait ederragoa islatuko liluraz
errealitatetik ametsera ihesi.
Itsasoan uhinei bular igeri
haraindian mundu berri bat ote
eternitatean iraungo esperantzan.
Ezerezean nola galtzen ke-kiribilari so
bizitza arte bihurtu ilusioz
oihu libre bat izango ameslari.
Jainko propioa asmatuz bakoitza
igelei begira egiten dugu bizitza.
Poeten uharan 2
II
Eskuz esku
Bidelagunek ematen diote
eramangarritasuna
egunerokotasunari
argiagoak diraute
egun beltzenenak
hurkoaren eskutik
Ba
Zorionaren irria baderagit
haizearen xaramela baherakutsan
uhinen indarra badarian
adore hauspoa baleuka
udaberriaren bizipoza bazenekar
ilargiaren barea bazenerabilte
begiek egia balioke
Ai
Balizkook
Baiezkoak
Balira
Piztia
Animalia oldarkorra da piztia
piztiagoa gizakia
adimenduna heinean
Naufragoa
Itsas handira bota gintuzten
igeri ikasi behar izan dugu
galernei aurre egin
marrazoen arriskuan beti
Beti izan da
igerigailurik gabeko naufragoa
gizakia
itsasoak ez baitu ertzik
Urtaroak
Ez da beti udaberri edo uda
ezta udazken edo negu
baina herri orok
lau urtaroak bizi ohi ditu
Bizi-min
Eder eguzkitan
itsu ilunpean
irriz batzean
malkoz banatzean
bizipoza da argia
indarra bitakoa
Biziraun
Haizea behar du kometak
haizea txorien hegoek
aire arina globoak altzoan
Gizartea, lagunartea, gogoeta
giza ibiliko arnasa
Arratsa
Izangotik izanginenera bueltan
silueta lausoak dira oroitzapenak
laino urrekarako arrats nabar geldian
ibili luzeko espejismo nostalgikoak bailira
Joan goaz
Izanikoen tranpolin malgutik jauzika
ikusi ditut lagunen oroimenak
beti joanean doan ibaian murgilduz
ahanzturaren ozeano anonimoan galtzeko
Txanda noiz helduko
zain daudenen itxaronaldia da
bizitza
Loturak
Ez naiz espaloietako alderrai bat
hari ikusezinez bildutako ibiltaria baino,
jendartean blaitu nau zaparradak
jendetzan babestuta aurkitu naiz arkupean,
soinu isil batek kilikatzen nau
gizarte bateko partaidetza sentipenak.
Ederra egiten dute gizakideen loturek
bizitza.
Baina
Arrakalak eragin dizkit bizitzak
baina liliak erne dira ebakiondootan.
Hosto erortzear bilakatu nau adinak
baina ederra da udazken nabarra.
Lainotu zait oroimena
baina beti dago argi txinta bat zeruertzean.
Lehortu zaizkit azal eta mintzak
baina goiz orok dakar ihintza.
Gorputzaren gatibu bilakatu naiz
baina pentsamenak egiten nau libre.
Ihar
baina
bizi naiz
Aitorpena
Itsaso amestu askotara eraman naute espaloiek,
iragana ez zait oroipen bizipen baizik,
gaurko egin zaizkit esperantza urrun haiek,
txikle likatsu ugari zoletan itsatsi bazait ere.
Begi ostean diraute amets gauzatuek,
argazki-album premiarik gabeko oroitzapenak,
korrontean noa uhinetan kulunkari
zeharkatuko ez dudan ozeanoa dut zain.
Iragana bizipen
oraina bizipoz
geroa biziraupen
bizitza dut aitorpen.
Gazi-gozo
Limoia bezain garratz
laranja beste gozo
bizitza beti zaizu
ezti eta makatz
Txotxongiloak
Zilborrestea ebakita aske,
kordel, zetazko hari edo listariz
lotzen dute geroz gizakia.
Marionetak gara
esku sarri anonimoek
eragindako harietatik
zintzilikatuak.