BURUTAPENAK 5
Barne zidorretan
Garena
* Misterio bat gara pertsona bakoitza, bestearen misterioa ez ezagutzeak zailtzen du harremana.
* Buztina gara: komeni zaien forma ematen digute nortzuk diren ere ez dakigun moldatzaileek.
* Biltegi psikologiko baten jabe omen gara bakoitza: hala da.
* Bakoitza bera izan ordez, besteak imitatuz osatutako robotak gara.
* Gu geu bakoitza gara itsasoa, sakona, azala, barea, ekaiztsua…
* Hainbat drama eta komedietako figuranteak gara, hor gaude, baina ez dugu eraginik gertatzen ari den draman.
* Besteak txarragoak izateak egiten gaitu onak, edozein arlotan: hortaz jabetzen ez denak izanen du estropezurik bizitzan.
* Zintzo eta zorrotz begiratuko bagenio bakoitzaren barrenari, zenbat mozorro janzten dugun jabetuko ginateke.
* Jartzea baino askoz zailagoa da mozorroak kentzea.
* Ez ote gara mozorrotzen ispilu aurrean jartzen garenean ere.
* Arrastotxoa utzi nahi genuke, nahiz jakin, ontzi handia izan edo bateltxoa, ubera bezala galduko garela itsaso zabalean.
* Denok nahi dugu zerbait izan, besterik esaten badugu ere.
* Loaren zein alderditan bizi garen ez dakigula bizi gara sarri.
* Naturaren zati izanik, urtaroek edo egunaroek bezala, aldaketak ditu zorionak ere, une goibelago edo argiagoak ditugu.
* Ez dira deuseztatzen ahaztu nahi genituzkeen sakoneko oroitzapen horiek, hor azaltzen zaizkigu tarteka, giltza non utzi dugun erabat ahaztu bazaigu ere.
* Sentimendu eta eraginkortasunaren arteko talka da gizakiaren egoera latzenetariko bat.
* Begiruneak erakusten du zentzudunaren sena.
* Munduari begiratzen ikasi, gizakiaren ikasgai nagusia.
Ginatekeena
* Bi motakoak dira ametsak, berez datozenak eta asmatuak: azken hauek gehiago dira utopiak, bizitzaren aringarri bezala irudikatutakoak.
* Goragoko maila batean bizi da amets egiten duena.
* Behin ere ez da absurdoa ametsa, logika bat du, ezkutuan arren, zerbaiti erantzuten dio.
* Etorkizunik gabeko gizakiak gara, oso urrun gelditzen gara agindu edo amestutako helburuetatik, irteerako edo hasierako marra inguruan gehienetan.
* Zenbat funsgabeko istorioek eta gogoetek betetzen dituzten gure pentsamenduak!.
* Sarri gara geure buruaren psikiatra edo sendagile, baina ez dakigu gure gaitzok nola sendatu, agian sendatu nahi ditugun ere.
* Identitaterik eza, tartekako ihesa eta atsedena.
* Sufrimendua da batez ere gizakiaren ahala ahultzen duena.
* Bidaia-kide saihestezina da sufrimendua, antidoto zaila du gainera, batez ere psikikoa denean.
* Normaltzat hartzen ditugu inguratzen gaituzten mundua eta gizartea, ez ote dugu atrofiatuta gure ikusmoldea eta sentimen ahalmena begietako arazoak dituztenek antzera.
* Eutsi eta isildu izan ohi da askoren jarrera erantzukizun bat datorkionean: hobe aurre egin eta prest egotea.
* Kontrakotasun batean bizi da gizakia, atzera darama bere izaeraren ezinbestekoa den oroitzapenak, aldi berean aurrera bultzatzen du bizitzak.
* Zenbait tertulia-kide, idazle ere, lausotu egiten dira luzapenetan kiribilduz: ideiak edo esan nahi edo behar dutena garbi ez dutelako da.
* Ezlekuak leku bihurtzea, bidaiatzearen xedea.
BURUTAPENAK 5
Garunen labirintoan
Giza izaera
* Jakituria ez da asko jakitea, dakienarekin bizitzari erantzutea baizik.
* Ametsa eta errealitatea berezi ezin oztopoa dira zorionera bidean.
* Zer da espiritualtasuna: auskalo, norbere baitako sentipenen inguruko zerbait behar du izan.
* Gabezien erakuslea da topikoa.
* Zenbait une eta zenbat gauza eder perbertitzen ditugun gaizkia egiteko erabiliz.
* Ez omen irakurketa baino jardun bakartiagorik: barnera bidaia baita.
* Patetikoak bihurtzen dira transzendentalak izan nahi duten horiek.
* “Paradisu guztietan daude sugeak”: daude.
* Desagertzera kondenatuak daude kalean, garraiobideetan, saltokietan… gurutzatutako begiraden aurpegiak.
* Nahigabe askoren sendagaia da negarra.
Giza zirrikituetan
* Zorionetik hurbil dabil gau oro ilbete eta egun oro udaberri bilakatzea lortzen duena.
* Botere bat da bai barkamena ematea bai barkamena eskatzea.
* Zurruntasuna ez da eraginkorra, malgutasunak, aldiz arriskua dakar: biak ere neurriz kanpokoak direnean.
* “helburu garbirik gabeko indarkeria”: ez dut uste sekula santan indarkeriari buruzko iritzi konpartitu orokor bat lortuko denik, interes ezberdin larregi baitago indarkeriaren inguruan.
* Legitimoa omen biolentzia, bortizkeria, aldiz, ilegitimoa: hitzen joko interesatua.
* Azken ordura arte konturatu ere egin gabe etorri ohi da porrota.
* Xede argia behar da ekintza bat gauzatzeko, betiko errutinak irensten zaitu hori gabe.
* Hamalaukoa omen intxaur dozena urrutitik begiratuta: lausotu egiten ditu distantziak ekintza zein gertakizun latzak.
* Laudorioari torpedoa ohi da “baina” oro.
* Testigantza bat ez dela sekula neutroa: ez dago ezer neutrorik, ez egilearen ez hartzailearen aldetik, kimikan ere.
* Gaizki egindako aberastasuna ez du eskuzabaltasunak zuritzen.
* Isiltasun bihurtzen omen ohitura: bada halako zerbait.
* Zaila da lege askatzaile bat sorraraztea, zailagoa lege hori bizi-lege bihurtzea.
* Iraganak beti du ondorio zuzen eragilea gaurko erabakietan, eta gaurkoak gerokoetan.
* Dakiguna zer esaten dugun jakin gabe esatea: gertatzen den zerbait da hori.
* “Harrigarria da segundo batean zenbat zer bildu dezaken azpikontzientziak”: Hala da.
Bide berrietan
* Ez dakit kanpoko errealitateari ihesi jotzen dugun barneko errealitatera, ala barneko errealitateari ihesi egiten dugun kanpoko errealitatera jauzia.
* Azpimarraren lana betetzen omen du irribarreak batzuetan: gogoeta erakargarria.
* Mirespenean oinarritzen dela maitasuna: badu egiatik asko iritzi horrek.
* Maitasunak badaki mutua izaten.
* Zein malgua den maitasunaren eta norberekeriaren muga.
* Esperientziaren laburpen bat delakoan nago sentipena.
* Nomadak izan behar dute sentimenduak, alderraiak izatean da arriskua.
* Arma boteretsua omen alaitasuna, itxaropena sortzen duelako: horretan nago.
* Pazientzia eta itxaropena, anaia bikiak.
* Itxaropenak baino iraupen luzeagoa ote du idealak.
* Sufrimendu askoren iturria omen ilusioa: gozamen askorena ere.
* Beldurra: ez garen zerbait izatea.
* Ona ala txarra da ahazmena?.
* Ez dakit zenbat zelula hartzen dituen garunetan ahazteak, baina toki handia du bizitzan.
* Beharrezkoa omen ahaztea, hil egingo omen litzake gizakia eginiko dena gogoratuko balu, garunak ez liratekeelako gai izango dena gordetzeko: gogoeta bitxia.
* Inor gutxik erreparatzen ez dituen zokoetan xarma aurkitzean datza zorion izpi bizigarria.
* Neutroak dira zenbait hots, agian denak, norberaren aldarteak egiten ditu tristeak edo alaiak.
* Ez omen da egunerokorik eramaten norberaren bizitzako une garrantzitsuenetan: giroa eta gaitasuna falta zaizkigulako agian; gerora, baina, bai idazten dela bizitakoa, mentalki bada ere.
* Ariketa erakargarria, denbora-pasa kilikagarria, da norberaren pasadizo xelebre samarren zerrenda, mentalki bada ere, egitea.
* Egokiak dira lorik gabeko gauak eguneko asmaezinen korapiloa askatzeko.
* Ez dut uste seme-alabek gurasoei zor dienik bizitza, kimuak sortuz gero baitatoz gehienetan maitasuna eta abarrak.
* Barne zurrunbiloetatik ihesi kanpoko zirimolak irentsita alienatuta izatea da gaur egun gizakiaren arazo nagusienetariko bat.
* Probabilitateen itxaropena da gizakion bizitzan ahalegintzeko sostengua.
* Zenbat leku har dezaken hildako batek gure barnean.
* Bereganatu du patxada bizitzeko leku eta giro egokia edo gustagarria aurkitu duenak.
Beti joanean
* Desberdin neurtzen da denbora, baldintza eta egoeraren arabera.
* Konbentzio bat omen da denbora, giza bizitza neurtzeko modu bat: baleko definizioa.
* Lakio bat da denbora, bertan harrapaturik gaude: alde batetik ez dio perspektibarik ematen bizitzari, bestetik bere esklabo egiten gaitu.
* Badira denborarik ez duten egoerak, grabitaterik gabe bezala espazioan, galduta bezala zaude, ingurutik at, lasaitasun osoan.
* Denbora izozten duela hotzak: denborak bere horretan darrai, bizidunok, aldiz, hil egiten gara.
* Ariketa bat da atsedena hartzea, ikasi egin behar den zerbait, atsedena ez baita denbora galtze bat.
* “Behin” eta “aspaldi”, biak orainarii ihesi, “gero” ere bai.
* Denbora laburra bizi dugu, baina aldi berean aldi luzeetarako historia osatzen ari gara.
* Denbora eskatzen du eginbeharrekoa zehaztasunez gauzatzeak, patxada eskatzen du zehaztasunez jabetzeak ere; bizipen gozo asko galtzen du presaka bizi denak.
* Tarteka gutxiko salbuespena da denborak bakoitza bere lekuan uzten duela hori.
Txanpon orok ifrentzua
* Idoloak: tarte eta aldi baterako kontsumo-gaiak
* Gu geu izan nahiko genuen hori da heroia edo idoloa, inkontzienteki bada ere.
* Norberak egiten ditu besteak heroi edo etsai.
* Ekintzena da galderei erantzun argi eta eraginkorrena.
* “Distantzia, han eta hemen guztiak batzen diren lurraldea”: zer pentsa eragiten du.
* Ez dago halabeharrezkorik, denak du arrazoi edo eragileren bat.
* Ekintza orok du bere helburu edo azalpena, inkontzienteki bada ere.
* Nik neuk egiten dut errealitatea.
* Ez dugu patuan sinesten baina patua diruditen zer asko gertatzen da.
* Topiko bat da historia errepikatu egiten dela hori, errepikaezina baikara bakoitza.
* Anormala ere normala bihurtzen du egunerokoak.
* Zerebroa omen errealitatea, forma jakin bat ematen diolako errealitateari: zerbait horrelako da, bai.
* Ez da existitzen perfekzioa, dena hobetu baitaiteke.
* Ez dira argigarrienak adierazpen luzeenak, pentsarazten duten esaldi labur esanahiez trinkoak dira argigarrienak eta eraginkorrenak.
* Iragana da gehienetan gure babesgunea.
* Lausotu egiten ditu distantziak ikuspegia eta oroitzapenak; sentimenduak, aldiz, gehienetan bizitu.
* Edozein lora da polita zabortegi batean.
BIDAIAK 99. PORTUGAL
Uztailaren 4a. Igandea. P:34.a
“Olerkiak”. Loramendi:
Animalia zital arbuiagarria da sugea Loramendirentzat ere. Suge koitadua!.
Argi-oilarra, gazteleraz abubila, izan dugu gaur leiho aurrean: behin ere ezin izan dut ikusi ahal hain luzaroan eta hain gertu; moko luze, gandor harro luze, arre-hori lumak... haztakatu ditu hondar arteko belar-hondo ziztrin bakanak, egin du gosaria auskalo zenbat txindurri eta zomorro irentsiz. Loramendik eginen zion deskribapen poetikoa, irentsi dituen zomorroei hain gozoa gertatu ez bazaie ere bere bisita.
“Buen dia, compañero” bota dit tonu lagunkoi batez konketa-gunera sartu den gizonak; PCko ez bada, ingurukoa: mila ikur eta ezaugarri ditu ideologiak.
Dotore hitz eginen dute batzuk, besteak erantzun zorrotzekoak izanen dira, hau dotorea izanen da, hura herrikoiagoa janzkeran... itxura ezberdina azalduko dute baina perkal berdin-berdinekoak dira politiko denak, salbuespenik gabe, hitzak hitz, itxurak itxura, aldagaiak aldagai.
Igandea eta lainotuta, asteburuari tokatzen zaionez. Bi laino mota nabarmen bereizten dira: gorenean zuri-zuri luzexka meheak, eta beherago laino ilun samar multzoak.
Merkatu eguna Fuzetan, hondartzara bidean, bitxia: antigoalekoen saltzaileak dirudite, bakoitzak etxean edo inguruan aurkitu duena daramala salgai dirudi, rastro-azoka antzerakoa; asko dira saltzaileak, baita erosle zein begiluzeak.
Estuak dira Fuzeta herriko kaleak, ugariak autoak, asko oinezkoak ere: lanak dakartza kaleak autoz zeharkatzea, gidariek nola oinezkoek patxadan hartzen dute egoera, presarik gabeko jendea dirudi, bizimodua patxaran hartzen duena, gureetan ez bezala, autoa hondartzaraino eroaten ibili gabe herriko sarreran autoa uzten dutenak.
Gatzagak herri albotxoan: zuritu gabe dago oraindik gatz-uzta.
GUADIANA INGURUAK
Mendi barrura hartzen du autobideak itsasalde laua utziz, mendiartea izanen da ere ibilgua gaur.
Hiru-laugarren aldiz jadanik: eroria dago etxea, tximiniak baina zut dirau, garrantzi handia ematen zioten nonbait suari eta oinarri sendoz jaso ohi zituzten tximiniok.
Guadiana zabala, Tuterako zubia, Ayamonte, Huelvako lurraldea... ditugu aurrez aurre. Espainiako hizkuntza ezagutzen dugu, baita bertako ohiturak ere, lagungarri zaizkigu hainbat zehaztasun, baina Portugal bezain arrotza zaigu Espainia euskaldunoi, arrotzagoa oraindik Portugal baino, ankerra zaigulako, aurka jarriz eraso egiten baitigu ehunka urteetako menperatze ahaleginetan.
Castro Marin. Herri txikitxoa, txukuna, argia, kolore ezberdin biziz dotoretuak fatxadak zein leiho eta ate bueltak, hainbat azulejozko fatxada... ahalegintxoak egiten dituen herri dotoretxo zaindua. Harresiek biltzen dute tontor luzea, bigarren tontor batean gotorlekua kokatzen da, eta hirugarren tontor batean eliza dirudiena gailentzen. Behe gunean ez koska ez irtentxo, hormatzarrak diruditen harresiak; behe-beheko lauan dago kale-sarea, harresien pean, eliza bilduz; gaztelua baino beherago baina bera ere gaintxo batean, herria gainditu eta menperatuz, eliza zuria. Elizak du ospea, baina kaleak dira ikustekoak, erakargarriak, gu ausartu ez bagara ere bertako ibiltari izaten; arrotz sentitu gara, inoren etxean bezala, eta eliza alboan soilik geratu gara, interesgarria omen eta, baina itxita dago. Tximinia txikiak baina politak nabarmentzen dira teilatu ertzetan.
Ayamonte ageri da, argi, aurreko magalean, S.Antonio berriz ia ikusezina lautadako bere zapalean, bien artean Guadiana.
Gatzaga: igandea arren gatz-pilaketan ari da gizakume bat, gure baserritarrak ibiliko diren bezala plazarako ortuariak gertatzen edo behiak jaisten.
Guadiana ibaiaren bila abiatu gara. Etxe-multzo zuri politak dira herriak, ingurua, aldiz, tristea. Bakartiak behar dute izan herritxook. Mendi gorriko paraje hitsa: hala izanen dira Almodovarrera arte, Mertola ingurua salbu. Artelatz, pinu edo arte bakan batzuk, txara dirudi mendate osoak, Bragan hain deigarri egin zitzaigun sastraka antzerakoak erabat bereganatu baitu dena, mendia sastrakadi bihurtuz. Bada izan ahaleginik mendiok basotzeko, garbitu egin dituzte, oraindik gorriagoak bihurtuz, eta maldetan, mailaz maila, ilaretan, buru borobileko pinua landatu dute; inoiz gerririk eginen duten ere pinuok lur lehor honetan!.
Junqueira, Kataluniako muga-herria gogaraziz.
Xaloa zen gurdia, mulua berriz kolorezko uhaleria eta gainerako osagaiz apainduta zihoan.
Europako diruz ari dira egiten errepide konponketa eta herria berreskuratze lan oro, letreroz argi iragarrita dago noren kontura diren berrikuntzok. Ezkerreko eskuak badaki eskumakoak zer ematen duen.
Azinzal. Mendi arteko herritxo zuria baina tristea: lurrezkoa da zorua, ezin apalagoa azokatxoa ere.
Umetxoa jolasean atarian kalea busti ondorengo putzutxo batean: edozer bihur dezake jostailu umeak.
Mendiartez mendiarte, erreka-zuloetako kanabera ilara sendoek esaten digute badela umeltasuna zulogunetan.
Ahuntz-talde handi bat, eguzki gorritan, ahuntz-zainaren lastozko kapela baino hori eta gorriagoa den lursailean.
Alcaria. Herri txikitxoa da, zuri-zuria, kaleetan barneratzeko gogoa sartzen digu baina berriz ere arrotz eta sarkin sentitzen gara.
Emakume bat ari da uretan sakonune bateko putzutik; putzuak pare bat metro diametroko gurpil handi bat du urketa errazteko edo: itxuraz erraz eragiten dio eta indar gutirekin lortzen du ura azaleratzea; errespetuagatik ez naiz ausartu argazkia ateratzen, baina bitxia zen bai sistema bai ikuskizuna.
Labak ikusten dira etxe alboetan, zarpeatuak eta zurituak batzuk, harri pilatuen aurpegia eskainiz betetsuk: lur laurik ez bada ere garia izan zela esaten digute labok, etxe bakoitzak bere ogia erretzen zuela.
Heldu gara Guadiana ibai gainera: zabal eta eder doa, bi nazio edo estatuak banatuz; berak ez ditu banatzen, gizakia baliatzen da beraz bereizketa-zatiketa eginkizun ankerra ezartzeko. Lur barruan gauden arren bertaraino heltzen da itsasoa, berak zabaltzen eta edertzen du ibaia, zeren gero Mertolan mehar eta ur gutirekin ikusiko dugu ibai hau bera. Badajoz-etik Mertola beheraino Portugal barrutik egiten du ibilia bide luzez Guadianak, hortik aurrera muga izanen da herri bien erdian. Belaontziak gutxienez Alcoutineraino igotzen dira. Atsegina behar du izan ur lasaiotan nabigatzea.
Lur mota berdina da ibaiaren alde batekoa zein bestekoa: ze demontrek eragin du alde batekoek eta bestekoek hizkuntza, ohitura, bizitzari buruzko filosofia, jokaera, kultura, artea... hain ezberdinak edukitzea, sarri kontrajarriak?. Politikoek, agintariek, interesatuek, aberastasuna eta boterea tarteko zutenek banatu dituzte herriak, elkarren aurka jarri. Gizakiak zatitu du gizartea, berez bat zena banatu egin du, zati bakoitza elkarren aurka jarriz, ideologia, pentsaera eta sentipen interesatuagatik muga faltsuak ezarri eta erabiliz. “Nirea” eta “zurea” kontzeptu bereizgarriak sartuz eta ezarriz menperatu eta erabili dute gizartea guti batzuk. “Nirea” eta “zurea” horren ezaugarria da Guadiana. Portugal aldetik ibai ertza landua dago, laranjadiak, mahastiak, artasoroak... dira nagusi lur landuotan, herriak ere sarriak dira nahiz txikiak; beste aldetik berriz, Espainia aldetik, kanaberadia edo padura besterik ez da jaiotzen San Lucar de Barramedara arte. Hegazti bat hego zabal ibai-erdi gainean: nongoa ote hau?, portugaldarra ala espainiarra?. Parlamentuek argituko dute laster arazoa lege baten bidez, egingo dute hegaztia nortasun agiriaren jabe, hanka edo lepondoan lotuz.
Guerreiros do Rio. Uz gezako piratak, hemengoak. Badu ontziak lotzekoa oholtza txitxi txikitxo bat, moila xumea.
Laranjeiras. Bigarrenez herri-izen bera.
Alcoutin, bestaldean parez pare Sanlucar de Guadiana. Biak aurrez aurre, 100 metroko urez banatuta, biak zuri mendi magalean, biek dute gaztelu edo gotorlekua tontorrean, muturka ibili diren seinale; Sanlucarko musika hotsa ez ezik oilar-kukurrukua ere entzun dugu. Piparpotea dager bestaldeko plazan. Arrastoek diotenez, bertaraino heltzen da itsas marea.
Lau pausotan bukatzen da Alcoutin, turista-herria nahi du izan, izan nahian dabiltza behintzat, nabariak dira dotoretu nahiko ahalegintxoak; bada belaontzirik ere oholezko moilan. Ahalegin antzerakoa nabari da Sanlucaren ere, behatoki bilakatu dute haize-errota bat tontor batean. Alkoutinen Kontsezio elizatxoa dago tontortxoan, estrategikoki kokatutako behategia, ibai eta herriaren gainean: elizari buruzko erakusketa edo museoa jarri dute barruan. Eliza: kapitel landuak dituzte 8 zutabeek, erabat ezberdina delako da deigarria pulpitua, baina ez du askorik balio, alboetako aldareak pintatuz itxuratu dituzte, santu-irudirik gabeko zur iluneko erretaulan Jesukristoren irudiak hartu dio lekua kustodiari.
Guadiana utzi eta Mertolara hartzen dugu. Mendi mortuak dira hauek.
Cortes Pereira. Mendi-mendiko herri txiki zuria, ez zaio inondik lur landurik ikusten, ez orturik, ez fruta-arbola edo pikondorik ere, almendrondo bakan batzuk mendian, besterik ez.
Tontorreria lau batean egiten dugu bidaia, mendia dugularik ikuspegi zabala alde bietara, baina oso tristea da bai lurraldea bai ibilia, hemen ez dago ezer.
ALENTEJO.
Erreka-zuloko zubiaren ondoren ezaguna zaigun letrero erraldoiak erakusten digu ze lurraldetan sartu garen, baita zein harro diren ere bere lurraldeaz.
Lurralde taxu berak jarraitzen du gorantz egin ondoren ere; tontortxoek lautasuna desitxuratzen dioten mendi mortu laua.
Mezquita. “Sinagoga” herria aurkitu genuen atzo.
Gainez gain, hau ez da ezagutu genuen Alentejo hura. Baina hara non mortu hori honetan behi aldra aurkitzen dugun artzain-elektrikoz zaindua: ze jan dezakete hor!!!.
Espiritu Santo. Geroagokoak direla esango nuke etxe-horma entokatu-zarpeatu zuriak; bertako arbel-harri zapal ilunak pilatuz eginiko etxe eta hormak ziren hauek.
Artaldea, erabat kamuflatuta lur gorritan, ia ikusezin.
Etorri behar ginen bai mendialde hau ezagutzera!!!. Mortuagatik da berezia, hain berezia gainera!. Izugarria.
Pinu buruhandiz estaltzen dira mendia eta lurra Mertola inguruan. Badira itxura fineko zaldiak ere.
Mertola. Ohiko egitura. Tontorrean gaztelua, magalean kale-sarea eta zuloan Guadiana ibaia, nahiko urri urez hemen: begi-zulo horietako batean gordetzen ote?. Hiribildu aldapatsua; mila kaletxo, bihurgune eta zirrikitu ditu bere txikian: Erdi Arora jauzia. Aurrekotik dugu gogoan eliza: sinagoga izana, meskita jitea ematen diote kapitel landuko 8 harrizko zutabe eta 16 sabai zorrotzek; erakusketa antolatu dute, santu-irudiak dira ikusgai batez ere: badira santu-irudi txiki politak, baita Ecce Homo naif deigarriak ere, agian denborak eta kandela keez belztutako koadro ilunak.
Gainez-gainezkako basamortuan diraugu Almodovarera, menditeria zabala erakutsiz alde bietara. Eukalipto lerden sendoak dira zuhaitz bakarrak herri inguruetan. Garitza zabalak noizbehinka, buru txiki-txiki eta gehienez pare bat harra beteko lastoko garitzak, uste izan dugu olo-saila ote zen ere: agian hemen hartu daiteken gari mota bakarra, mortu honetarako egokiena behintzat. Pinua ere erruz birlandatu dute.
Bada lineako autobusa!. Tira!.
Castainhos. Noiz izan ote hemen gaztainondoak!.
Gainez-gain goaz ala lurralde garaia da, besterik gabe.
Sambranas. Berrin berri egindako herria dirudi.
Hemen hasten zaigu guk ezagutzen dugun Alentejo, artelatzak lur horian...
Inguru honetako tximiniak ez dira Alentejoko tximinia leun, zapalak, Algarveko borobil edo karratuak baizik.
Almodovar. “Municipio de Europa”. Herri laua, gaztelurik gabea. Gaur erabat hila dago, dena itxita, ikusi nahi genuen eliza ere. Lehen eta behe-solairuko etxeek osatzen duten kale-sare zabala. Udaletxe zurian habiak egin dituzte katakiek, hainbat herritan bezala. Errekan zubitxo erromatar xarmant poxpolina, ur gutirako eraikitako zubitxoa, gaur egun azala baina zabala bada ere erreka-zuloa.
Motozaleen bilkura da gaur herrian: artelatz baso batean barreiatuta daude motorzale pila: ikuskizun bitxia da halako moto-pila zuhaitz artean ikustea.
Itsasorantz hartu dugu. Zoru hondatuko errepidea, mendiz mendi, magalik magal, bihurgunea bihurgunearen ondoren. Artelatz-basoak luzatzen dira mendiz mendi Sao Bras de Aporteleraino, gero erabat soiltzen da mendia. Artelatzak hartzen du mendia baina azpi garbiaren ordez delako sastraka zikina jabetu da denaz. Zaldizko bat aurkitu dugu errepidean: dehesa edo larre hauetako irudia.
Ez digu agurrik eman Alentejok, ongietorririk ere ez Algarvek.
ALGAVRE.
Besteiros. Artelatz azal piloak tolestuta: metro bateko luzeran borobil osoko azala atereaz biluzten dituzte artelatzok.
Cavalhos. Behatokia da errepidea.
Caldereirao. Ikuspegi izugarri zabala, urrutietako zerumugaraino tontorreria leuna, erabat lehorra, zuhaitzik gabekoa.
Caldereirao-Vale de la Rosa. Iturri asko dago bi herrietan: etxeetan urik ez ote dagoen galdetzen diogu elkarri.
Cortelha. Izenak dioenez, bada azala herri honetan.
Cortelha inguruko errepide harrotua begiratu eta pairatuz, esan daiteke galtzadarrizkoa izan zela errepide hau eta hor dirau oraindik azpian. Galipotezko errepide leuna zibilizazioaren adierazle edo ezaugarria bada, ez da oraindik honaino zibilizaziorik heldu.
A Portel. Herri zabala, beste itxura bat erakusten du, etxetxo zuriak zuhaitz artean, ondo-bizien bizitokia dirudi.
Erreta daude mendi-sail zabalak, txara berritu da, zenbait artelatz ere jaio da, baina hainbat zuhaitz daude hilotz, adar idorren hezurdura beltza tragikoki erakutsiz.
Sao Braseraino heltzen da itsasertzeko zibilizazioa errepide zabal zoru leunekoaren bidez, bertan galtzen da Alentejotik luzatzen den artelatz-basoa. Zibilizazioa heldu da, artelatza galdu.
Zikoinak ditugu lagun lautadan: presente daude fabrika bateko adreiluzko tximinia luzeetan, baita etxeetako tximinietan ere.
Mendi koniko baten tontorrenean, teilazko estalkiarekin, zuri-gorri dago haize-errota, erabat bakarti, paisaia argituz. Berehala bigarren bat... bidaia osoan hainbat eta hainbat aurkituko ditugu, tontorrean beti, herrietatik hurbil, gaur egun gari-sailik ez den lurraldeetan ere, garai joan baten ekonomia ereduaren ezaugarri eta lekuko. Gehienak, ia denak, hondatuta daude, sobera gelditu ziren ekonomia-mota desagertzean.
Bezero guti du autobideak igandeko goiz orduetan, autozale guti izan dute ibili osoko errepideek: ibili lasaia izan da gaurkoa.
Haize bortitza itsasertzean, hondartzak hutsik, gordeleku ostekoak ziren soilik hondartzako bezero bakarrak.
251 kilometro, merezi zuten bai Guadianak, bai Mertolak bai mendi mortuek.
Uztailaren 5a. Astelehena. P:35.a
“Olerkiak”. Loramendi:
Lehen orduetan jaikiz, Loramendik izanen zuen kanpin honetan non eta zerekin ase etorria, txorien txorrotxo-txioak entzunez.
Ia ez da gurdirik ikusi ahal gaur egun Portugalen, gaur baina ikusi ahal izan dugu bat, lau pertsona zihoazen bertan, familia osoa jaiko jantzita kalera bidean, errepidez; goma-gurpileko gurdi txikitxoa, pintatu gabeko gurdia; mulu tiratzailea, aldiz, uhaleria eta gainerako osagai dotoretxoz apaindua zen. Zalgurdi txikitxoa izan zaigu, baita ere, ikuskizun Alfuferako urbanizazio erraldoian, bide-berria den kale nagusitik auto artean gizon nagusi bat zela gidari. Izan da bide ertzean iragarki eta amu den gurdi pintatu polit bat, hari atera behar izan diot gurdion oroimenerako argazkia.
Industrigune zabala du Farok Mendebal aldera. Faro zeharkatzea ez da nahastua, bai ordea luzea nahiz zeharbidetik egin.
Almancil. “Aldea”: auzoa da agian baina herri bat haina koskortua, “pintoresca”: etxe apaleko herri handi bat. Zonaldeko burua agian, dendateria eta saltoki ugariz osatua, turismo-gunea dirudi; ez du interesgunerik gu bezalako ibiltarientzat; aurrera egin dugu.
Belar horiok berde, polita izanen da ingurua Maiatzean, baina udaberrian ere hautsa izanen da hemen nagusi. Ez dator urik zubipeetan. Ur-putzuak agertu zaizkigu gaur berriro, bere ubideekin eta osagai sendoz, baina utziak eta hondatuak hauek ere: garai batean ongi ureztatzen ziren lurrok, gaur egun ez da lurrotatik bizi den nekazaririk, katalepsiak jota dago lurra, gaixorik, agian lo soilik, norbaitek esnatu araziko zain, emankor eta hornitzaile izan gogoz.
Vale judeu. “Sinagoga” herria inguruan da.
Udaleku edo uda-herri jitea du Farotik Albufeira arteko lurraldeak: landetxeak, jauregiak, txaletak, lurrez eta hesiz bildutako etxetxo politak, urbanizazio txukunak, bazter zaindu garbiagoak, hauts gutxiago ertzetan, makina-garbitzaileak kaleetan...
Vilamoura. Erabat turista-herria omen. Bertan ditu biltegiak La Guipuzkoana garraio konpainiak: izen bereko kamioi pila, tarteka handiak, ikusi dugu Portugal osoan, enpresa sendoa da nonbait.
Aurrez aurre du itsasoa hondartzak zonalde honetan, tarteko ur geldi, aintzira edo isasadarrik gabe, Taviratik Farora bitarteko dunazko moilarik gabe: horregatik da agian hau turistagune.
Albufeira. Harresiak bailitzaz etxetzarrek biltzen dute lehengo hiria. Uda-herri peto-petoa, bai egituraz bai kanpotarrez, ikusi dugun turista-herri petoena; berrin berri sortutako etxetxo sailak dira turista auzoak, Mediterraneotik ezagunak zaizkigun osagai guztiekin: dendateria merkea eta edonola jantzitako turista kanpotar merkea opor-pasa arduragabean: turista-herri bihurtu da erabat antzinako Albufeira. Itsaslabarrek babestutako hiribildua edo gaztelua zen goiko zatia; nahiko utziak daude kalexka estuak, ez dabil kanpotarrik; iragarri egiten dute non ziren garai batean hirira ateak, gaur egun harresi hondakin apur bat besterik ez baitzaio gelditzen. Beherenean, erabat turista-gune bilakatuta daude bai kale-sare bihurriak bai plaza: saltoki, taberna, jatetxe...txiringito itxurako merkea eta jaki azkarrekoa. Erruz dabilkio bisitaria eta udatiarra, hondartza beteaz, kaleak beteaz, plaza beteaz: erdigunera jotzen du nonbait inguruko etxeterietako kanpotar orok; bizi-bizia da giroa. Bada aurreko mendi-maldan kale estuko kale-sare bat, zaharra, erabat utzia, pobrea, hitsa, hila, bertakoa ezik inor ez dabilena: bi mundu erabat ezberdin banatzen ditu 50 metrotako tarteak. Hiru hondartza ditu elkarrengandik haitzek banatuta. Arrantzaleen txalupek, motora txikiak denak, hondartza dute portu. Alde zaharrean ate manuelino polita du Miserikordia Elizak eta Miserikordia Etxearen sarrera ate gotiko txiki polita da; kale-sarean bertan ikus daiteke beste etxetxo baten ate gotiko txiki bat ere, inolako apaindurarik gabekoa.
Bada denda onik herrian: Coimbran ikusi, aukerak erruz izanen genituelakoan utzi, baina ondoren bila ibili arren bakar bat ikusi ez dugun zopa-ontzia aurkitu dugu: tamalez, beste bat erosia dugu jadanik haren antzekorik aurkitzen ez eta, etsita.
Guia Sta. Barbara de Nexe eta Sa Jao da Venda, eliza ikusgarriak omen.
Estoi. “aldea tipica” iragartzen dute: herenegun pasa ginen Estoitik eta ez zigun itzultzeko grinarik sortu, eliza “interesgarriak” berriz hainbat ikusi ditugu jadanik. Etxera hartzea erabaki dugu.
131 kilometro, okerreko ibili eta guzti.
Usteldua, beltz, dago hondar-azpia hondartza aurreko dunetara bitarteko ur lasaietan; maria beheraz profitatuz zuloa egin du ume koadrilak hondartzan, harea ustelduz elkarri gorputza erabat belztuz, algara bizi artean eta begi dirdaitsuz elkarri so, jolastu dira luzaro. Edozerekin egin ahal du jolas umeak.
Amuan bota duen peskaria nahiko ohikoa da txiste marraztuetan: uretatik aterki zuri-gorria ateratzen ikusi dut gaur peskaria hondartzan.
Uztailaren 6a. Asteartea. P:36.a
“Olerkiak”. Loramendi:
*Ordenuaren kantaria, elizaren zein naturaren goreslea.
Azkenaurreko eguna. Ez dut penarik Portugalgo ibilia bukatzen zaigulako: Portugalek ez nau ukitu, gutxiago liluratu, ezta ere erakarri. Denean daude herriak, baina hutsune handiak dituen lurraldea iruditu zait; herririk ez balego bezala, erabat indiferente pasa natzaie herrioi albotik, ez didate ia ikusmin eta jakin-nahirik sortarazi. Agian beroak du errua edo eragina, agian eukaliptoek, mendi mortuek, lur idorrek...
Cacela Velha. Txiki-txikia, zuri-zuria, pospolina, kapritxozkoa, xarma dariona, plaza eta elizatxo politaren bueltan, kokagune ederrean, behatokia itsas gainean; itsasoa, hareazko moila edo duna, eta barruko ur lasaia dituela batelen babesleku; ikuspegi aparta goiz dirdiratsuan, gidaliburuak aitatu ere egiten ez duen arren. Gotorleku nanoa harkaitz gainean eta plazan ura ateratzeko gurpil handi horietariko putzua, Alcarian deigarria egin zitzaigunaren bertsua.
Emakume bat hurreratu zaigu putzua ez zebilela esanez; gero, azken unean, ez dakit zer erosi nahi ote genuen galdetu digu, lotsati bezala, baina ez dugu jakin zer zen eskaintzen ziguna.
Vilanova de Gacela. Inola ere ez du aurrekoaren ukiturik. Inguruko herrien zerbitzugunea, pasoko bidaztiok ez dugu zereginik bertan. Txukuna, aratza, begiratzea atsegin zaizun horietako etxe baxuko zuria, baina ez du besterik, gidaliburuak goraipatzen duen arren.
“Mostra de teatro de Argarve” iragartzen dute kale gaineko pankarta handi batez.
Manta Rota. Izan, arrantzale herria izan zen, diotenez; gaur egun etxetxo berritxo dotoretxoko herritxo zabala da, hondartza gainean. Uda eta hondartza giroa nagusitzen da erabat: jendea erruz dator hondartzara, dendateria, tabernateria... ez da falta, baina ez da atzerritarren udalekua.
Monte Gordo. Marroiz, monumentuen kolorez, dago iragarrita norabide karteletan. Turismoari so sortu den herri berria, etxe-pilaketa berria, jendetzak erakartzeko asmatua. Arrantzalea zen garai haietatik itsasoa, hondartza eta etxetxo bakan batzuk soilik geratzen zaizkio. Arnasa handiko itsasertz eta hondar gaina. Kale zabalak, argiak, ibil eta egonleku direnak, arnasa dutenak, autorik gabeak. Dena saltoki, dena taberna, dena jatetxe, baina ez da deigarria suertatzen. Hondartza gainean duna tankerako eremu lau zabala, gorago etxeetarainoko tarte zabala aparkaleku erraldoi bihurtuta eta lorategiz apaindutako pasealeku erosoa.
“Vicio de praia”, izen polita itsasgaineko taberna batentzako.
Aldea Nova. Vilarreal aurretxoan.
Lurralde laua da itsasbazterreko inguru hau: lur idor, hori, tristeak. Behi makalak larrean padura jiteko lurretan. Zeramika saltokiak errepide ertzean.
FEDER, Europako diruak dabiltza Espainiako ertz-ertz honetan ere; hala izan zen Iparreko ertzean ere, hala da Hegoaldeko ertzean, hala izan da erdibidean.
Oso barrura sartzen da itsasoa S. Antonion, padura zabalak sortuz.
Castro Marin gotorleku sendoa dager Hegotik begiratuta ere.
ESPAINIA
Tuterako zubia tunela da Guadiana gainean, euskarriak eta burdineria euslea gorputz bakar trinko sendoa ikusten baitira aurrez aurre hartuta. Zabala bada Guadiana, zabalagoak dira padurak. Behi makalak larrean padurako berdegune lehorrenetan.
Muga zeharkatuaz bat errepide negargarri hondatua hasi zaigu, eta herrira hurreratuz txapelokerren kuartelarekin eta piperpotearekin egin dugu topo.
Espainian ere Europako diruak dabiltza konponketa eta berrikuntzetan: hainbeste harrokeria, limosnaz bizi eta aurpegia edertzeko.
Ayamonte. Zikoinak hiribarruan bertan, futbol-zelaiko argindar postean jarria dago kabi bat, beste bat sarrerako irtentxoan: hauek dira bai PPk bai PSOEk onartzen dituzten etorkin bakarrak, onartu ere urte erdiz, alde egiten dutelako.
Herri txukuna eta atsegina. Beroa ere nonbait, erdiguneko oinezkoen kale-sarea zapi-estalkiz babestua baitago. S.Antonio bestaldean, Guadiana eta ferrya erdian eta Tuterako zubia gorago. Urrutitik begiratuta maldan dagoela badirudi ere, lauan dago erdigunea. Badu pare bat plaza eder: berrikuntza lanetan murgildua bata, andaluziar jitekoa bestea, azulejo eta zeramikaz apaindua. Ez du beste munduko zerikusirik, ezta zer erakutsi handirik ere, baina S.Frantzisko elizaren dorre zuri-arrosa lerdena eta deigarria da edozein gidarirentzat.
Bila etorri garen Huelva probintziari buruzko argibide eta zehetasun idatziak aurkitu ditugu, baita Espainiako mapa bat erosi ere.
Ez gara etxeanago sentitu Espainian, gaztelerak portugesak bezain arrotz jo gaitu belarrietan.
PORTUGAL
Vila Real de Sto. Antonio. Marrazteko lumaz diseinatutako hiri bat aipatzekotan, S.Antonio litzake bat. Pombal Markesak asmatu zuen nonbait hiri hau, Napoleonen leinu berekoa zen nonbait: elkar gurutzatzen diren kale artezak, etxe baxu mozkoteak, teilatu berezi bertakoak plaza nagusiaren bueltan… Turista-herria agian, baina espainiar turisten bisita-gunea da batez ere, dendateria da nabarmentzen dena. Belaontziak ibai ertzean.
Motorrarekin alanbre gainekoak egiteko osagarri eta baliabideak antolatzen ari da gizakume bat Pombal plazan. Ikasi dut nola jaso tantai luze bat: oso erraz, 3 tirante eta txirrika batekin.
Errepide zabal eta zoru berdinekoa, arteza eta erosoa, gertatu du Sto Antoniok Monte Gordoraino: interesak tarteko, berehala bihurtzen dira autobide mapetako errepide zuriak zein horiak. Bi aldiz gertatu zaigu trenbide-pasagunean gelditu beharra: bi bagoitzarreko trenak izan dira, goizekoak dozena erdi bidaiari zeramatzan altuenez, bazkalostekoak bat bera ere ez, kanpotik ikusezin, eserlekuetan siesta botatzen ez bazihoazen behintzat.
Banaka-banaka ugari ikusten ari gara bertako gurdiak, ibilian zein etxaurrea dotoretzen, edergarri.
Asko dira gatzagak bai Castro Marinen bai Fuzetan, zabalak, txukun sailkatuak. Batean lehortua zuten uzta, beste batetan lehortze eremuak urez betetzen ari ziren berriro.
115 kilometro, Espainiara artekoak.
Ia freskoa gertatu zaigu 28 graduko hozberoa etxatoiean. Dena da erlatiboa bizitzan eta munduan.
Harea-azpi likinean atzamarka aztertuz bilatu eta jasotzen ditu txirlak herriko jendeak; nagusiak eta emakumeek dabiltza batez ere zeregin horretan. Hainbat eta hainbat dabil itsasbeherak azalean utzi dituen itsas lur eremu berdexka zabalean. Hankapean min egiteraino ugariak dira hondartzan txirla eta antzerako itsaski-oskol hutsak.
Frantses autobuskada edo hegazkinkada heldu da Fuzetara, belarriak eta airea betetzen duten hitz-jarioen arabera. Gaur ez dago ia inor herrikorik hondartzan.
Nola gozatzen duten lur barruko umeek hondartza eta itsasoan.
Ez da zabor eta hondakin bilketa bereizketarik egiten ia Portugal osoan.
Azken kanpaleku honetan, aurreko guztietan bezala, ez da komun-paperik botatzen komun zulora, bilketa-ontzi berezia du komun-gela bakoitzak. Paperik ere ez dago komunetan, norberak eraman behar du: komunera paperik ez botatzeko aholkua zekarren ate osteko papera erabili du norbaitek garbiketarako.
Lehenengo aldiz ikusi dut gazte bat buruko-ilea egiten, komunetako konketa aurrean zegoen, burua busti eta bizarra egiteko tresnarekin egin du; buru gain-gainekoa falta zitzaion: gaztea noiz ikusiko nago orain, ia buru osoa egin duen ala gandorrik utzi duen jakiteko.
“Oroituz”. Jon Arretxe.
Indiako lurretan dabil eleberriko bidaztia bizitzaren nondik norakoari erantzun nahirik. Aurre-aurrean, hondartza ertzean, ibaira sarrerako moilatik bertan, urez kanpoko jauzia egin du bete-betean ikusi ahal izan dudan harra beteko arrain batek eltxoren baten bila seguruenik; hegazti zuri burubeltzak ur barrura egiten dute maiz jauzia, harri-bola bailitz arrain bila segur aski; ehunka karakolilo edo magurio edo karrakela luzexka aletxo mugikorrak dira hondartzako ur-ertzeko azalenean zerbaiten bila; herriko zakur zurtzak batengandik bestearengana doaz, sarri alboan jartzen zaizkigula, ugazaba baten bila, norbaitek zer emango edo gutxienez kasu egitea eskatuz, sarri ez dakigula zein den txakur ugazabaduna eta zein zurtz; hondartzako gizakiok, berriz, lasaitasuna, belzturaren itxura osasuntsu zein dotorea, edo auskalo zer nahi dugun eguzkitako egun beroan edo itsasoko bustian.
Denok gabiltza zerbaiten bila, bizitza zerbaitez elikatuz beharrez.
Uztailaren 7a. Asteazkena. P:37
S.Fermin eguna, Iruñeako jai egunak, sanferminak: lege oro iraultzen den eguna Iruñean, egun akratak, inhibizioak uxatzen diren egunak, nahiz alkoholaren laguntzaz, legeak agintzen ez duen egunak, arauz kanpo bizitzekoak... Riau-Riauean agintari eta politikoak, apaizak eta santuak, publikoki iraintzera Iruñara pozik joango nintzaken eguna.
Huelvako egonaldia hausnartu eta prestatzen ari naiz atzo ezkero. Beraz bukatu zaigu Portugalekoa, mugaz bestaldera aldatzen hasi zaigu jadanik interesgunea.
Ez dugu fado bat bera entzun inon. Ez irratian, ez tabernetan, ez jatetxeetan, ... agian musika gutxi entzuten delako Portugalen.
Azken ibilia Portugalen. Mapa erabat marraztu dugu jadanik eginiko ibilbidez. Oraindik bi aste luze geratzen zaizkigun arren Huelvan, etxeratzen goazen sentipena bizi dugu.
Zoragarri daude eguzkiak txingartu aurretik lautada zein mendebaldea. Agur esaten diegu.
Faroko etxetzarrak eurak ere ez dira handiak urrutik begiratuz.
Ez dirudi atzerritarrek negoziorik dutenik hemen, Mediterraneoan edo Kanarietan bezala.
Boliqueime. bihurri xamarra, kolorgetua eta luzea, edertu nahizko berrikuntzetan sartua.
Zuhaitz asko dago gaurko ibilbide osoan, landuak daude zuhaitz azpiotako lurrak: algarroboa, olibondoa, almendrondoa, pikondo ugaria... Dotoretxoak ikusten dira bere idorrean ere lau etxeko herritxoak. Lurretik bizi den jendea dirudi, landuak eta zainduak daude herri inguruko lurrak. Landetxe ederrak, hormaz eta hesiz babestua jabegoa...
Cerca Velha. Gurpil handiko gurdi pintatuan doa nekazari bat, xume jantzia bera, mulua berriz uhaleri dotorez apaindua.
Tomate saila madariondoekin batera!.
Paderne. Lur barruko herri petoa, kale bihurriak aldats leunean, galtzadarrizko zorua herri orok bezala, plazatxo txiki txukuna. Kolorgetu samarrak daude etxeak, bere ohizkoan, urteen egunerokoan egon izan diren bezalatsu, ez turistei deika edertuak, zurituak edo pintatuak. Eliza argia, gustagarria gertatzen zaizu sartuaz bat, txikia arren kapitel landuko 16 zutabe harrizko ditu; 3 nabekoa, bere aldare eta bankuteriarekin nabe bakoitza, 3 eliza ezberdin bailitzaz; arku harrizko manuelino kiribildua presbiterioan, erretaula nagusia eta alboko aldare bat iparraldean ikusi genituen antzerako barroko urre kolore ilunekoak: bidaia hasieran izan genituen aldareak ditugu beraz despedidarako; zur urdineko sabaia, inguruko eliza orok bezala; bataio-kaperak bi zulo, arnasbide edo tximinia ditu: ez diogu antzik ematen zertarako behar zuten izan, sua egiten zen bertan eliza berotzeko edo sinagoga batean ikusi genuen antzera bozgorailu edo ahots-tutuak ziren.
8 safari-jeepek hartu gaituzte erdian bidegurutze batean: aspertu aurpegiko gaztez beteta zihoazen.
Pistaz pista egin dugu bide-sail bat errepide galipoztaztua safari zaleei utzita. Nekazari gune bakartietatik. Zuri-zuriak dira nekazal etxeak lur idorrean, inguruak ostera ez daude batere zainduak. Harri-bola piloa atera dute zuhaitz arteko lurretatik eta ertzetan pilatu multzoka zein ilaran, lurra landu ahal izateko edo zuhaitzon uzta erosoago jasotzeko. Lehen aitatutako zuhaitz mota oro da hemen ere, denak nahasian.
Zergatik ez dira herriak zaindu eta edertzen herrikoentzako soilik. Herritarrak ez al du merezi kanpotarrak haina. Kanpora ateratzeko dotoretzen gara geu ere, etxean gurekin bizi denak kalekoak haina mereziko ez balu bezala.
Alte. Mendi magaleko herri piku potxoloa. Herri osoa dago zainduta; etxetxo baxuek, ohi denez zuriak, ez dute ezer berezirik baina halako sentipen gustagarria sortarazten dute, ikuspegi atsegina eskainiz. Kale bihurriak, mailadiak tarteka batetik bestera igotzeko, zoko politak. Merezi du bisita egitea baita kale arteko ibilitxoak ere. Bisitari eta turista asko datorkio dendateria eta jatetxeei erreparatuz, baina ez da lourdes, ez dago kinkila-dendarik. Manuelino ederra da. Ur elizako atea
Inguruko baselizak berriz lauburu peto-peto euskalduna du fatxadako bekokian.
Harrizko esku-soinu erraldoia: eskultura bitxia plazatxo batean, bada nonbait musikariren bat herrian.
Ogiaren jaialdia egiten dute: bertako jaialdi petoa da, edo bisitariak erakartzeko asmatu dute.
Goizeko 11etarako herriko txakur denak, asko dira hemen ere herri orotan bezala, hankaluze bere burua itzalean botata daude kaleko edonon.
Emakume nagusi bat da herriko kale-garbitzailea: “Conservador de ambiente” jartzen du buzo berdeko bizkarraldean. Zinta beltzez inguratutako lastozko kapela darama buruan.
Caldeirao mendikatea. Bertaratu ahala soiltzen joan da mendia, betiko txara bilakatu da azkenez. Gainez gain, ia geu bakarrik errepidean, gidaritza eta ibilgu atsegina da. Garbituta daude tarteka basoak, olibondoa birlandatu nahi dute magal pikoetan. Mendialde atsegina, mendi gainalde batean gabiltzan sentipena dut berriro, goietako lautada batean, mendiarteko bailarak zeharkatzen ditugun arren. Mahastiak, arto-sailak, agertu zaizkigu, baita makal sail bat ere. Tarteka emakume nagusiren bat guardasolarekin gerizpeginan bere buruari. Gizakumeek sonbrerua daramate, baina ez dabil beltzez jantzitako kristaurik, Iparrean bezala.
Aguas frias, Sitio das aguas, ... “agua” hitza daraman hainbat herri ageri da errepide-gurutzetako norabideetan: agian ur asko dute, olibondoak ere ureztatu ahal izateko haina.
Salir. Goi batean kokatutako herria, gazteluaren hondakinak tontor batetan, alboko tontor garaiagoan eliza, baina garaien ur-biltegia, erraldoi, habi beltzak nabarmentzen zaizkiola horma zurietan. Talaia paregabea da eliza, behatokia inguru oroko ikuspegia eskainiz, ur-biltegia berriz katakien habia lekua. Lorategi atsegin bat tontorreko mendebalera, bi palmondo garai nabarmentzen zaizkiolarik. Ohi denez, herriko goi aldea, kale estuak beherantz, erabat utzia dago, ia eroria, bertan bizi direnak txirotasun ukaezinean bizi dira, itxurari begiratuz behintzat, hemen ere beheko etxe berriagoetara aldatu zen biztanleria. Behe zatiak ere aspaldikoa izan behar du, harrizko ate eta leihoak baititu.
Emakumea zen herri honetako kale-garbitzailea ere, lan-jantzi berdedun nagusia; ez zeraman lastozko kapelarik, ezta ere “Conservador de ambiente” iragarkirik. Deiturarekin batera soldata ere hobetzen badiete tira!. Izenak berez eragin guti du: kartzelan presozainei “funcionario” kategoria jarri zieten gure garaian, baina lehen bezain ”carcelero” anker izaten jarraitu zuten.
Mezquita herriarekin egin dugu topo, Sinagoga aurkitzea falta zaigu orain.
Iparrean ez bezala, hemen lora asko dager etxaurretan, etxe-buelta alaiak dira. Andaluziako etxeen jitea dute.
Adreilu edo teila fabrika handia, agian bai teilak bai adreiluak egiten dituzte.
Txara bihurtu zaigu berriro mendia.
Erabat berritu dute Louletik Salir-erainoko errepidea. Errepide zuria da mapan, zabala eta erosoa erabat lurrean. “Ze interesek eraginda?”, galdetzen genion biok elkarri; berehala izan dugu erantzuna: mendi magaletan txalet eta etxetxo dotoreak hasi dira ugaltzen, Louléko aberaskilen txalet-toki bihurtzen ari da ingurua, segur aski dirudun, etxegile eta bankuen espekulazio-gai.
Loulé. Hiri zabala, handia, inguruko handiena, zerbitzu hiria, erosketa hiria, etxe garaiko alderdi berri zabalarekin. Bihurri eta aldrebes samarra da alde zaharra, zaharkitu itxurakoa, baina bitxikeria bat du: erabat erabilia dago, ez bizitoki bezala, saltoki bezala baizik: behe solairu oro da denda, bulego eta artisauen lantegia. Nabari zaio merkatal hiria dela, denda eta biltegietan zaio nabari. Hiribildua izana, ondo zaindutako harresi zati batzuk eta ate bihurri bat gelditzen zaizkio. Merkatu plaza arabiar arku eta burdinazko egituragatik oso deigarria bada, ederragoa da barruko ortuarien eskaintza oparoa. Harrizko iturri zabala, lau tutuetatik ura erruz dariola. Miserikordiako elizak ate manuelino ederra du, argazkia atera nahi izan diogu ikusten dugun azkenengo ate manuelinoa delako; erretaula ere pospolina du, barroko koloretsu bizi eta argia.
Handia behar du izan hiriko futbolzelaiak argi-tantaiek eta foko-txortek diotenez.
Erratzak egiteko antzinako makina ikusi dugu udal museoko sarreran: kriston tramankulua.
Ezberdinak dira hiriko tximiniak, horreo jitea dute, teilaz egindako arnasbideekin eta teilazko ertz kakodunekin.
Asko-asko dira berotegiak Faroko lautadan, plastiko-zuriune zabalak ikusten dira lurralde osoan barreiatuta.
Fuzeta aurretxoan bada umil, ia ikusezin, zubitxo xarmant bat, estua eta arku zorrotzekoa izan behar duena: ez gatzaio hurreratu ez dagoelako autoa non baztertu.
Algarveko eliza denek harrizko gurutze txikiak dituzte kanpoko horma eta ate alboetan.
128 kilometro, Portugaleko azkenak.
62.931 kilometro erakusten ditu kontagailuak: 7.000 kilometro eskas dira Portugalen egindakoak.
Pertsona baten ipurmamiak adinako handiak ditu titiak eguzkitan gerritik gora gorri etzanda dagoen emakume batek. Konplexurik ez du behintzat.
Ibili batez eman diot agurra Portugali, azken argiko ordu magikoan: zerumugako mendi-oste gorritua, izarrak argitzen, Artizarra ñir-ñir, faroak zig-zag, txalupak ilaran ibaian... eta jendea erruz ibili barean edo egon lasaian, gazte zein nagusi, gaugiro gozoan.
Fulbito lehiaketa ere ikusi dut argindar argira, jokalari bizkorrak, bikaina jokoa, jendea erruz, egonalditxoa ere atsegina.
Haizea eta isiltasunaren ondorioz, agian itsasoa bera ere bizi, hareazko hormez bestaldeko itsaso hotsa ozen eta burrunbatsu heltzen da gaur hondartzara.
Bukatu da Portugalekoa.
XVII
Laburpen gisa
Orokorrean:
- Herri pobrearen jitea nabari zaio.
- Zerbait egin eta estrukturak berritu nahian bezala ikusten da: dena da berrikuntza lana.
- Europako diru laguntasuna iragartzen da berrikuntza lan orotan: Europa Batuko plangintza barruko berrikuntza lanak.
Portugaldarra:
- Mozkotea, beltzarana.
- Adeitsua bai dendetan, bai kalean, batez ere zerbait galdetzen zaionean.
- Herri-herriko jendea bai janzkeran bai portaeran, hiri nagusietan ere.
- Auto berri asko erosten ari direla dirudi, autoaren kulturan deblauki sartzen ari zaiela.
- Xume jantzita: ez da ikusten dotoretasun berezirik, janzkera modelo berezi, arraro edo modernorik.
- Oso gizon guti dabil praka motxekin itsasertzean bertan ez bada.
Herriak:
- Oso xumeak, ez dute monumentu edo zer begiratu handirik, ez dira deigarriak, ez zaituzte gelditzera erakartzen.
- Etxe soltez osatuak, bakoitza bere etxe-bueltako lurrarekin, zaindua, baina xume zaindua, Holanda eta Europa enparauko ardura eta gusturik gabe.
- Kale hegaletan luzatzen direnean hartzen dute kale itxura.
- Etxe txaparro asko, baxuak, behe-solairu edo lehen-solairukoak.
- Ate zein leiho bueltak pintatuak daude, okre eta urdinez gehien bat.
- Hainbat herritan jaietarako apainduta daude zenbait kale, nabaria da badela kaleak apaintzeko jokabidea: apaindura xumeak dira, paperez eta eskuz eginiko lora, abar berde ebaki-berri, girlanda eta antzerakoz.
Lurraldeak:
- Alentejo: hiriak, larreak, artelatzak, abere-hazkuntza, olibondoak... berezia!.
- Santaren ingurua: ureztatua, berdea, ortugintza...
- Iparra: zokoena eta garaiena...
-Algarve: turismo bila dabilen herrialde tristea, eguzkia eta itsasoa duena salgai. Espainiako turismo-gunetik alderdi txarrena kopiatzen ari da.
Eliza:
- Oso jainkozalea ikusten da Iparra, agian Korpus eguna tokatu zitzaigulako.
- Iparrean hainbat jende ikus daiteke goiz erdian zein arratsaldea elizan otoitzean, pertsona heldua nagusiki, baina baita gazte jendea ere.
- Herrietan gure umetan gisa egiten dira prozesioak. izugarria izan zen Korpusti egunekoa Viana do Castello-n.
Nekazaritza:
- pertsona helduak dira ia nekazari herrietako bizilagun denak, baita lurretan lanean dabiltzanak ere.
- fruta eta ortuari saltzaile asko errepide ertzetan, batez ere asteburuetan.
- pobrezia itxura hartzen zaie nekazari herri zein biztanleriari.
- lur landu gutxi.
- asko dira utzitako lur landu sailak.
- landu ezineko lursail ugari.
- Alentejora mugatzen da abeltzaintza.
- ibai ertzetan aurkitzen da lur landua: Tajo ertzetan, Santaren...
- Santaren inguruko lurzoru zabalak, berdeak, aberatsak...
- artasoroak dira nagusi.
- baratzak etxe bueltan.
- fruta arbola asko, Iparrean batez ere gereziondoa da nagusi.
- gari gutxi.
- badabil traktorea, baina batez ere kultibadore txikiak, isokarroak eta motortxoak lursailetara joateko zein garraiorako.
- Dehesak, larreak, Alentejon: larreotan artelatza, olibondoa herri inguruetan, artea, tarteka garia eta lurzoru gehienean horitutako belarra.
Zaborrak:
- Ez da zabor hondakinen bilketa berezirik egiten ia Portugal osoan, hiri eta lurralde bakanen batetan ezik. Edukiontzi berdinetara doa zabor ezberdin dena.
- Zarrasteltzera behartuta daude herri pobreak, garestia baita birziklatzea bera.
Mahastiak:
- denean.
- nora saltzen da hainbeste mahats edo non egiten hainbeste ardo, Oporton soilik?.
Eukaliptoa:
- izurritea bezala zabaldua Portugal osoan.
- gizaki pobreek, bere herrian zein atzerrian, inork egin nahi ez duen lana egiten duen bezala, guti eta gaizki ordaindua gainera, inork bere lurretan landatu nahi ez duen zuhaitz mota hau sartu dute Portugalen, lurra kutsatuz, Europarako papergintzarako gaia lortzeko: herri pobreen patua, esplotatu egiten dituzte pobreziaz baliatuz.
Artelatza:
- ugaria da erdialdetik behera.
Errepideak:
- autobide guti.
- hiru bidekoak dira autobide nagusiak, ondo daude eta egin-berriak dirudite.
- nahiko gaizki daude bestelako herri-bide gehienak, batez ere zenbait itsaso-inguruetako pinudi - dunetakoak.
- ahalegin handia egiten ari dira errepide berrikuntzan.
Artea:
- Lurrikarak hondatu zizkion eraikuntza gehienak, ondarerik gabe utziz. Ondoren eraiki ziren eliza eta gainerakook, estilo ezberdinetan.
- Monumentu bakan batzuk berreraiki dira lehen ziren bezalatsu.
- Barrokoa da nagusi elizetan, oso loratua eta urreztatua, askotan urre ilunez-edo ilundua.
- Manuelismoa da Portugaleko arte berezia monumentu nagusietan, manierismoa ere: erabat loratu, dotoretu eta kiribiltzen dute zizel kolpez harria.
Musika:
- Oso guti entzuten da.
- Fadoa ez dugu inon entzun.
Bitxikeriak:
- Komuneko papera ez da komun-zulora botatzen Portugal osoan, ez dakit ohituraz ala urarekin eta iturgintzarekin zerikusia duen zerbaitegatik den.
BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainaren 29a. Asteartea. P:29.a
“Ur tximeletak”. Pili Kaltzada:
“Zenbat balio du hitz batek?. / Nolako hitzak; / Noren hitzak; / Noizko hitzak ...”. Simaurra diren hitzak egunotako hauteskunde ondorengo hitzarmenak. Horiek gauzatzen dute gure bizitza!!!.
Aldaketa eguna gaurkoa. Ibiltariaren kezka itsatsi zaigu gaur berriro: zer aurkituko, non aurkituko. Elkartezin gurutzatu ohi dira sarri bidaietan asmoak eta errealitatea. Nora joan badakigu, nora joan nahi dugun ere bai, non geratuko garen, baina, nork daki!, auskalo nola bideratuko garen: hori da bidaiaren urduritasuna eta erakargarritasuna.
Alentejo Hegora eta ondoren Algarvera, hori da gaurko ibilbidea.
ALENTEJO HEGOA
Iparraren antzekoa izanik, ezberdina da Alentejo Hegoa, artelatz bakaneko lur laua, dehesa edo belagaia itxurarik gabekoa, mortuagoa: horiak ez du berdearen kontrapunturik; guti batzuk besterik ez dira herriak, muinoetan ordez lauan, egituraz ere ezberdinak, tristeagoak, gordeagoak.
Zikoina habi pila: argindar dorre erraldoietako ertz zorrotz bakoitzean bat, (nola demontre bihurritzen dituzte abar eta belarrak burdina mutur zorrotz horietan!), zementuzko indar hagetan, zuhaitz adar lehortuetan, telefono mugikorrek eskaintzen duten burdina mutur guztietan. Eliza-dorrerik ezean zorrotz eta garai dagoen orori heltzen diote.
Eskasa da errepidea, tarteka bederen, badirudi urrun eta baztertuta egon dela Hegoa, oraindik dagoela: hasiak dira konpontzen, zabaltzen, baina ez da izanen oraingoz Ipar-Erdialdeko bide hirukoitzeko errepidea, tarteka bide hirukoitza egin badute ere. Ez dabil autoteria handirik, kamioirik ere ez asko; gu beti gara bakarrak edo ilarako azkenak, horrek esan nahi du auto guti dela eta erraz aurreratzen gaituztela. Iparrak eta Erdialdeak ez du harreman handirik Hegoarekin, errepidetik begiratuta behintzat. Erdiguneko Lisboan jasoko dituzte turismoaren etekinak, hori, ordea, bankuen bidez egiten da, ez da errepiderik behar.
Aukerako test-gailua da etxatoia errepide zoruaren leuntasuna zenbaterainokoa den neurtzeko: izugarri dantzari doa gaur gure atoia. Berdina da tarteka zorua, abia biziagoan jartzen da, baina hara non tarte latz eta koskordunak tirtiri jartzen duen gure tramankulua. Xehetasunak, detaileak, ematen dio azken ukitua edozeri.
Algarve mugarantz artelatza desagertzen joan zaigu aldiro-aldiro, bakanago agertzeko. Lurralde zelai horia da nagusi. Gora eta behera hasi da lurra ondoren. Mendi-saila izan da gero kilometro askotako ibilbidea, probintzia arteko lurraldea. estu-estua da hemen Milfontes-en hain eder eta zabal ezagutu genuen Mira ibaia.
Ourique. Alentejo da oraindik, gainbeheran dago baina ez zaio ikusten gaztelurik, ez zen nonbait borroka-leku izan.
Lur gorria, arteak hartu dio lekua artelatzari. Txerri aldra, beltzak edo lurretan belztuak, lurgorri idorra muturrez harrotzen auskalo zeren bila.
Errekatxo bat hegorantz, halako batean: aldatu gara isurialdez. Serra do Caldeirao behar du izan mendilerroak, mapari begiratuz. Txara da mendia, zuhaitzik gabeko mendi soila; Iparreko mendiak betetzen zituen sastraka motak hartua du mendi osoa hemen ere, jadanik lorerik gabe. Mendilerroa da berriro muga edo herri banatzaile. Nazio beraren barruan ere eragina izan behar du mugaren alde batekoen zein bestekoen arteko bizimodu, izaera, ohitura, jokabide eta pentsamoldean: naturak eragin zuzen eta erabatekoa du gizartean.
ALGAVRE
Ez dakigu noiz edo non sartu garen Algavren, Portugalen ez baitute probintziarik iragartzen errepideko mugetan. Errepide ertzeko La Fronteira kafetegi edo txiringitoa izan zaigu mugaren adierazle. Gidaritza lasaia da mendiarte barrukoa, aurreko bide artezekoa bezalatsu.
Haize-errotak zenbait tontorretan, iparrekoen paretsuak, borobil xumeak, besoak jadanik galduta. Ez da herririk agertzen baina izan behar dute mendiarte horretan, iragarrita baitaude errepidean, ”errota non, gizakia inguruan”.
Sarriak dira kafetegi eta jatetxeak itsasora arteko bidean, ganorazkoak dira: asteburu eta oporretan bisitari edo bidaiari asko den esangura. Nabarmena da Algarven gaudela: Algarve izena daramate hainbat saltegi eta lantokik bere fatxada edo atariko iragarkietan.
Ze irudimen tximinietan!. Gero eta txikiagoak bilakatuz joan dira tximiniak bidaia osoan, izugarri politak dira Hegokook, bata besteagandik ezberdinak, asko eta askok berdinak badirudite ere; hiruzpalau tximinia ezberdin aurki daiteke teilatu berean. Artistak dira igeltseroak, aldi berean barneratua dute tximiniaren kultura etxe-jabeek ere. Hainbat tximinia mota ezberdin ikus daiteke salgai zeramika biltokietan.
Lautada zabala agertu zaigu mendiartetik ateratzerakoan, baina paisaia ez zaigu askorik aldatu: hori gunea zuhaitz berdeekin, lehengoaren paretsua jarraitzen du mendiak.
Itsas bazterrean gara jadanik. Ezkorra da lehen iritzia. zatar itxura hartu diogu inguruari. Marruskatuta bezala errepide bazterrak, gorri, etxegintza hondakinez itsusiak, etxetzarrak itsas aldera begiratuz, zuhaitz piura tristeak, lur landurik ez, zikin edo zabortegi itxurako parajea, belar lehorra, obrak, hautsa... Oso lurralde pobrea dirudi, ez da inola ere atsegina. Turismo gune merkearen tankera hartzen diogu. Merketeria sentipena jasotzen dugu. Dena da etxea, itsasorantz erraldoiak, errepide ertzean txikiak. Zeramika biltegiak erruz errepide ertzean, jendea erakartzeko ohizko muntaiak, ur-txirristak, zaldiko-maldikoak, kinkila dendateriak... Andaluzia edo Mediterraneoko itsasertza dirudi. Nabaria da uda giroa: itsasoa, jendea, etxetzarrak...
Portimaoko etxetzarrak nabarmentzen dira urrutira, zuri: ez dute hain gaizki jotzen, dotore ere egiten dute, astakeria behar duela nabaria den arren. Eliza baino askoz handiagoa eta garaiagoa da ur-biltegia Lagoan: jendea pilatuzko inurritegia edo erlategia dirudi hiriak. Kaos da zirkulazioa: auto ilara luzeak pilatzen dira semaforoetan. Portimaoko itsasadarra zeharkatu dugu, Tuterako zubi luze ikusgarritik, tunel baten antza hartzen du burdineria zuriak. Une batez, istinga azal-azala, likin iluna, bilakatzen da itsasadarra.
Gurditxo bat zihoan bidexka batetik gora ortuariz zamatua: txikitxoa, berde-gorriz pintatua.
Kanpalekua. Alvor herrian. Zuhaitz ugari dago, bada ale handiz oparo den pikondoa, baina hareazko lur gorria eta hautsa dira nagusi. Tristura dario: egarri den esparrua da. Lurretik bertatik hasten zaizkion bi beso sendoko olibondo baten pean kokatu dugu gure etxe ibiltaria.
Portimao. Labirinto erraldoia, izugarri zabala, kilometroetako inguru zabalean eraiki diren etxetzarrez osatua. Eraikitzen darraite oraindik, bukatugabeko hiria dirudi, da izan. Hautsa, hondakinak, bazter utziak... Pobreen turismo-gune eskerga. Hondartza luzea, zabala, polita, harkaitz punta-luze argiak tinko zut hondarrean zein uretan. Ahalkegabekeria, lotsagabekeria neurrigabekeria: itsasertz gehiena harrapatua dute banaka batzuk, kafetegi, hotel, saltoki eta antzerako zerbitzuek bereganatuak, ondoren lapurtuari berari, herriari, berriro saltzeko. Nork irabazi du hemen: etxegileek, dirudunek, hotelariek, politikoek... Agian denak!. Lanpostuak sortuko ziren baina etekinak sortarazteko, lana eskaintzen zaion horri berorri larrua ere kentzeko. Hirigintza-kaosa, etxe anabasa, edonola, edozein astakeriaren truke kanpotarrei dirua ateratzeko.
Bi mundu ezberdin berezi behar dira hirian: itsasbazterrekoa eta herri zaharra. itsasadar bare bat lortzen du moila luzeak Alde Zaharraren inguruan. Oso zaila da ordea erdigunera jotzea eta bertan gelditu ahal izatea. Dena da atzerritarra Portimaon. Portugaldarra bazen hondartza eta kanpalekuko bezeroa Ipar aldean, atzerritarra da hemen, jubilatuez gain, helduak eta gazteak ere. Hasiak dira Europan udako oporrak.
Alvor. Xarma du Alde Zaharrak, itsasora bertaraino doaz kale estu artezak, elkar gurutzatuz. Hondartza zabal luzea, bazter zoragarriak bertan, haitzulo erakargarriak, kala gardenak... ohizko txalupa eta pedaloiak erruz hondartzan. Jendez lepo dago hondartza. Eguzkia eta hondartza eskaini eta saltzen du Algarvek. Moila luzeko portu zabala. Itsasgaineko luzera osoan zein barnealdean turistentzako etxetzarrak.
Aukerako gozoa dago itsasoko ura, paregabea izan zaigu hondar gaineko ibilia ere.
237 kilometro, Portugaleko Hegorantz eta Hegoan.
“Dokumentu isil-gordeak Telebistan asteartean” zioen hegazkin batek buztana bailitzan zeraman iragarkiak. Aspaldiko sekretuak argitaratzea premiazkoa da, baina noiz argitaratu behar dituzte gaur-gaurkoak?. 50 urtera, protagonista eta gaizkile politikoak hil ondoren?.
“Esku leuna”. Gotzon Garate.
Gau oroko intriga ttantta.
Ekainaren 30a. Asteazkena. P:30.a
“Ur tximeletak”, Pili Kaltzada:
*-“ Non da itxaropena ... / Aspaldi falta da gure artetik ... Galdutzat jo beharko dugu, orduan”. Ez da itxaropen gabeko gizakirik, itxaropen bat galtzeaz bat sortzen da berria.
29 graduko hozberoa goizeko 9ak eta erdietan.
Bezero gaztea da nagusi kanpinean, gazte portugaldarra, auto txikiez dabilen dendadun gazte jendea. Nabarmena da ere holandarren presentzia.
Zozo bakar bat agertu zaigu zuhaizpean, lagun dugu tarteka txintaren txioa, baina txuarrea da ugariena hondarra aztertzen. Txuarra, denera hedatu eta denera egokitzen den txoria, politikoak bezalatsu.
Zigarro mutxikinak pixontzietan: deneko zikinkeria.
Komuna eta komunetako zereginak gogoanago edukiko bagenitu, umilagoak eta gizatiarragoak ginateke, apalagoak egingo gintuzke gure zenbait errealitate xumeek, baina komuna bera ere areto dotoretxoa bilakatu dugu, sublimatu egin dugu gure kaka eta pixen errealitatea bera.
Mendebaleko ertza:
Ez da aldatu atzoko paisaia, ezta sortarazten digun iritzi ezkorra ere. Atzoko osagai berdinek diraute. Laru dago ingurua, urte oro bezala Maiatzean atera bagina ibilira, lurralde dena berdea eta deigarria izango zitzaigun, aurten ordea uda bete-betean gabiltza. Zuriak izanik ere, triste itxura dute etxeek zein herriek. Nekatu edo egarri denaren jitea erakusten dute zuhaitzek, tristura ganduz biltzen du lurralde osoa hondar gorrixkak.
Ez da harritzekoa lur gorri honekin zeramika ugari izatea, buztin egosiaren kolore bera du behintzat.
Hara non gaur ere gurditxo bat, bide-berrian oraingoan, hori-urdin pintatua, mando batek eramana; bi sonbrerodun gizakume gurdi gainean. Behi aldra bat gari-saila izandakoan auskalo zeren bila behizain heldu baten begiradapean.
Atseden hartzea da bidezainen zereginetako bat Algarven ere.
Odiaxere. Eliza interesgarria omen bertakoa, baina indarrak neurtu beharra dugu, gero eta beroagoa datorkigun labearen aurrean. Ez gara gelditu.
Padura-lur asko inguruan, itsasoaren mailan dago nonbait lurra, eta istinga bihurtzen du dena maria gorak.
Lagos. Etxetza multzo erraldoia besterik ez da urrutitik. Antzinako erdigunera, Alde Zaharrera, jo dugu bertaratzean, horregatik edo, oroitzapen baikor eta sentipen goxoa utzi dizkigu: agian hori bera gertatuko zitzaigun atzo Portimaon hasieratik Alde Zaharrera jo bagenu. Uda-herri petoa, ez du ezer berezirik, baina bada, eguzkiak berotu aurretik, kaleetan ibiliz gozatzeko hiria. Ez diote antzinatasun jitea ezabatu Alde Zaharrari, xarma du, kale-sare zabala da, tarteka bihurria, oinezkoen kale eta saltoki bilakatu da esparru zabal bat; taberna da gehienean peora bakoitza, giro bizia izanen da eguzkiak bakean uzten dueneko arrastian. Hiribildua izana, harresiek diraute, etxeekin nahasian. Gotorlekua, batez ere itsasoaren erasoei aurre egiteko dirudi. Portu-gunea, tristea da, moilaz edo hormez hesi dute itsasadarra, hormatua dago itsasoa, bideratua; itsas usain sarkorra usnatzen da, hori ezin izan diote kendu.
S.Antonioren irudia: Kapitain militar baten soldata jasotzen zuen garai batean, 1780tik aurrera, berriz, teniente jeneralarena.
Bada arkupe bat, non bertan egiten omen ziren esklabo salerosketak.
Behin-behineko zezen-plaza, zaldiko-maldikoak, eta feria gune itxurako bilgune bat: jaietan daude edo udako bisitarien kontu sos batzuk atera nahian dabil besterik ezin duena edo feria-mundua gustuko duena.
Itsasertz harrigarria, ederra, hori da Algavreko altxorra, hori dute eta hori jarri dute salgai, itsasertza da kanpotarrei eskaintzen digutena.
Ponta da Piedade. Itsaslabar ikusgarri garaiak, mortua labarron gainean; ura zizeltzat erabiliz naturak landu dituen mila forma, zulo, zubi, haitz azpi eta bihurgune paregabe zoragarriak labarretan. Itsasoz dator harkaitzetaraino abenturazalea, barne zirrikitu eta haitzartean jolastera, oinezkoak berriz ibiliaz egin du bide-zidor sarea beheko zuloraino.
Haize-errotak, hemen ere tontor gainetako ikuskizun: bati txapela falta zaio, beste bati besoen ardatzak dirauko.
38 graduko hozberoa. Beroa ere salgai dute Algavren.
Vila do Bispo. Eliza-dorre dotoretxo baxutoa.
Basoa osatzen dute, elkar lotuz, pinu buru-zabalek Bispotik gora, mendi osoa estaliz, gutitan ikusten den bezalako pinudi trinko-trinkoa. Mendi bat berreskuratu nahian dabiltza pinua landatuz.
Errepide zabala eskaini diote berritu ondoren Sagresi: turismoa erakarri nahi dute, arratsalde-pasa bat eskaini nahi diote inguruko turistari, aspertu ez dadin.
Ponta do Sagres. Algavre Mendebal ertzeko ertzik ertzeenean. Gotorlekua da haitz-mutur zabala. Barru zabalean, ezer ez, denda eta antzerakoak ezik Erruz dabil jendea, uneoro doa berritzen autoteri izugarria aurreko aparkaleku izugarrian. Gotor lekuaren ostean, zabal, itsaslabarren babes berezkoaz bera ere gotorleku, zabalgune zabala, kare-harri higatuak, latz eta punta-luze, S.Donato gaina bailitzan; Beriainen antzo, labarrak 100 metrotik gorako ebakiduran doaz bertikalean itsasora, horma sendoa gauzatuz. Itsasertz osoa da horrelakoa. Bi sifoi erraldoi, Hondarretako Haizeen Horratzean bezala, nanoetan nano hura, erraldoi ikaragarriak behar dute izan hauek maria eta itsas egokiarekin. Hemen inspiratu ote zen Txillida?. Non ibili aukerakoa eskaintzen du lur mutur honek eta bertako gotorlekuak.
Betidanik izan zuen Portugalek itsasoan bere interes nagusienetarikoa. XVI. gizaldian !!! ezarri zuen Nabigazio eskola Ponta do Sagresen.
Dozena batetik gora zentral eoliko Bispotik gora, jiraka errepide ertzean. Gorantz egin dugu Alfambraraino, gero lur barrutik Lagosera itzultzeko asmoz. Bitxia da izan paisaia, aldi berean tristea, hain hits izateak egiten ditu bitxi: zuhaitzik gabeko mendi mortuak, soilak, Iparreko sastraka antzerako berde ilun haiek estaltzen dute ia mendi osoa itsasertzera arte, ginarra antzerako sastrakak, pinu edo eukaliptoak bide ertzean. Ez zait laket ingurua.
Carrapateira.
Dunak. Ondoren beste zenbait herri txiki. Etxe solte zuriko herri bakartiak. Ez da ganorazko baratzik. Zenbait mahasti, galsoro galdu, pikondo eta ezer guti gehiago. Bi erlategi mendi etxe-bueltan. Tristura sartzen zait, agian beroak badu eragina nire sentipen honetan.
Lurralde menditsua.
Serra do Espinhaco de Cao, mendikate leuna eta gorria, artelatz bakan batzuk besterik ez da.
Portugaldarrek ere mundua menperatzeko belaontziak egin beharraren beharrez baso oso desagerrarazi ote zuten, mementoko aberastasunarekin batera geroko gabezia ere ekarriz.
Errepidea tarteka ona, hurrengo hala-holakoa: berritzen ari dira, Europako diruarekin, nola ez.
Bensafrin da Bravura,
Barragem, silo arabiarrak omen daude.
Moinhos Velhos, auzo petoa omen da
Alfambra, paisaia ikusgarria ei da.
Ez gatzaie joan, nahikoa genuen gaur ikusitakoarekin; hondartza eta itsasoko freskurara jotzea erabaki dugu.
Holandar furgoneta bat izan dugu aurrean herritxo bat zeharkatzerakoan, beraietan ohi duten bezala egin du, abiadura erabat geldoan; etxerik eta bizitza aztarrenik ez bazegoen ere, herria zen eta kitto.
3 txalupa, beraietatik bat oso handia mendi-sail erabat piku eta hormaz hesitutako lurgorri landugabean: ze burutapen ote lur zatiaren ugazabak!.
39 graduko hozberoarekin etxeratu gara hirurak eta erdietan
Braganzan gertatu zitzaidan lehenengoz, gaur bigarrenez: etorri ginen egunean jabetu nintzen ez zebilela argindarra hartzeko entxufeetariko bat, eta ez nuen erabili, jakina, baina hara non gaur agertu zaigun Alemania matrikuladun bat, gure kablea entxufez aldatu duen, gure kablea hondatutakoan jarri du eta berea guk genukeenean, argindar gabe utziz. Zorionez garaiz jabetu naiz, deitu eta aldarazi diot. Aurpegi gogor asko dabil munduan. Barka eske etorri zait gero etxatoira.
ABC soilik zuten Lagos-en, besteak beranduago etortzen omen. Ez dugu Espainiako egunkaririk inon aurkitu Braga geroztik, egunoro ibili garen herri orotan begiratu dugun arren. Espainiar guti edo irakurtzen ez duten espainiarrak dabiltza Portugalen.
“Esku leuna”. Gotzon Garate.
Gaueroko suspense tanta.
Uztailaren 1a. Osteguna. P:31.a
“Ur tximeletak”Pili Kaltzada:
* “Hildako gezurra”. Bizi-bizirik diraute politikoen gezurrek.
Erdialdea eta barnealdea
Oraingoan ere ez zaigu atzokotik askorik aldatu ez giza paisaia ez natur paisaia. Herri triste txikiak, gutxi, ortu buelta tristea etxe bueltan, zenbait gari-sail, pikondo mahasti eta laranjondo, mendi soila artelatz eta eukalipto bakanekin. Bada ureztatze-kanal bat baina gabiltzan turisten bezalakoa da, pasokoa, beste norabait darama ura.
Oso barrura sartzen da itsasoa padura-lurrak sortuz.
Bederatzi eta erdiak dira eta 32 graduko hozberoarekin goaz.
Bailara zabal oso aberatsa: lur landuak, laranjadiak, fruta-arbolak, olibondoak, arto-sailak...
Silves. Lautadaren ertzean, tontor batean. Arabiarren garaian Algarveko hiri nagusia izan omen zen, Europan ere burutxo izana kultura arloan, Cordoba berari ere itzala eginez. Betiko egitura: gaztelua tontorrean, beherago eliza eta beherantz galtzadarrizko kale-sare pikoa. Albo bateko kaleak luze artez zabalak dira, kiribildu estuak beste aldekoak: aberatsenak lehenak, pobreenak besteak. Behean plaza ederra, zabala, dena lorategi eta gerizpe, egonleku aparta. SE: harri gorriko gotikoa, pare bat leiho erromanikorekin; kapitel higatuko ate gotiko zabala da sarrera, barrunbea deigarria egiten dute harri gorrizka, zutabe oktogonal eta leiho gotiko garai-luzeek; sobrioa erabat, apaindurarik gabekoa, presbiterioa ezik; ederra egiten dute presbiterioa sabaiko giltzarri, kapitel, hormako hilobi, zutabe sendo, alde bateko sabaiko pinturek eta bi hilobi landugabeko latz gordetzen dituen kapera gotiko politak. Leiho manuelino erakargarria du eliza aurreko etxeak. Gaztelua: sarrerako ate berezi-berezia: kubo gorri handia, ate luze garaia hasieran eta baxu luzexka gero alborantz; turistentzako dotoretua, lorategi, arte-areto eta erakusketez bete dute huts gelditu zitzaion barnea; ibili atsegina du, erakusketez gain ikuspegi zabala, ez ederregia lur-lau oparoaz gain inguruko mendi soilak ageri baitira; sorgin eta Inkisizio gelan sorgin-ehiza eta tortura-tresneria erakusketa; aipatzekoa ere 5 arku gorri borobileko zubi zuri ederra: ontziz etortzen omen ziren garai batean itsasotik bertaraino.
7 hizkuntzatan dator elizari buruzko azalpena, gaztelerazkoak ez du Espainiako banderarik, beste denak bere herrialdekoa duten bezala.
500 urte baino lehen erakutsiko dira gaur egungo tortura tresneria eta politiko zein polizien jokabideak; gaur hemen, gazteluan, erakusten digutenaren bezain ankerrak iritziko diete, eta Inkisiziokoak bezain borrerotzat hartuko dituzte gaurko polizia-politikoak.
Zaldizkoak dira poliziak Silvesen.
Turista-bisitari asko dator, gatoz, etorri ikusi eta alde egiten dutenak, dugunak denak. Ez dago turista girorik hirian, eliza eta gazteluko joan-etorria izan ezik.
Artelazki piloak daude han-hemenka taxuz tolestuta.
Laranjeira. Laranjondo herria behar zuen garai batean izen hori jartzeko. Gaur egun laranjondo ugari ikusi ahal da, baina ez da laranjondo-sail zabalik, ez laranjadirik.
Monchique Mendizerra. Garaia baina leuna, berdea baina nahiko soila. Badirudi basotu nahi dutela behealdeko magaleria eukalipto edo pinuz, baina ez dirudi zuhaitzok hazteko gogo bizirik dutenik; egarri dira agian. Gorago eta trinkoagoa da basoa. Lurralde biziak dira pasoan ikusteko, baina gogorra behar du izan hemen bizimoduak. Nabarmentzen doa turista giroa gorantz egiten dugun heinean, era guztietako txiringitoak daude turisten zain: taberna, jatetxe, zeramika saltokiak, fruta etxolak, merketeria... Kolore ezberdineko uhaleri eta gainerakoz dotoretutako mulua, gainean sonbreru eta guztiko gizon nagusia zuela: bikoteari argazkia nork aterako, edo mulu gainean nork irten nahi duen zain: pobreen ogibide derrigorrezko tristea; Tunisiako gameludunak ditugu gogoan.
Caldas de Monchique. Erreka-zulo batean. Turistei egokitutako bainuetxea, ezin deitu zaio eta bainu-herria, ez baitago ia etxerik. Erreka-zulo atsegina mendi magaleko ibilbideekin. Bere garaian gozoa eta lasaia behar zuen izan, gaur egun autobuskadaka datoz turistak, autoak etenik gabeko sokan: ordu laurden egiten dute eta aire. Inor ez dator hona inguruko mendietara txangorik egitera. Bainuetxeaz aparte denda eta zenbait taberna mahaiteriaz betetako plazaren inguruan arbolape ederrean, besterik ez. Badira eukalipto eta bestelako zuhaitz sendo aspaldikoak erreka kontrako lorategi eta ibiltokietan. Txukun eta gustuz zaindua dena. Jendetsuegia: uneoro dago gainezka, autobusen bat beti erdi-erdian jendez husten.
Argazki-makina hondatu zait.
Garai batean Portugaleko lurralde deprimituena omen zen hau. Gaur turismoari esker jaso nahi du burua. Pinoa eta artelatza, mendi hauetako zuhaitzak. Inguru itxurosoa, etxetxoak zuhaitz artean, madrildarren “una casita en la sierra”, mendi giroa gustatzen zaion Portimao inguruko ondo-biziaren parajea.
Nave, Meia Viana: oso txikiak dira, ia elkarri lotuta.
Monique. Zaindua, txukuna, turistei begira. Kale estu pikoak. Ez dago zuritasunez brist, baina etxe zuri asko ditu. Turista asko dator, denak denbora gutirakoak, heldu orduko alde egiten dutenak. Eliza du erakusteko: interesgarria da, sarreratik bertatik sortarazten du iritzi baikorra: ate manuelinoa, zutabe gorrixkako kapitel manuelinoa soka zizelatu kiribilduarekin, Iparrean hain bertako ziren erretaulen jiteko urre kolore nabarmeneko erretaula barrokoa, dena azulejo den kapera, burdinazko ate ederra, zurezko sabaia. Tringili-trangala biraka noria berezia plazan, urmael batetan.
Ezin izan dit konpondu argazki-makina herriko argazkilariak.
46 graduko hozberoa. Aljezurerainoko ibilia utzi eta etxera jo dugu. Lixiba zain dugu, dutxa ere bai.
Ingelesera entzuten da asko Alvoreko hondartzan. Bidaia-etxe bakoitzak barruti zehatzak erabili ohi ditu bezeroak bertara bidaltzeko: irabazia non, bezeroa hara.
91 kilometro, mendikoak.
Egun beltza gaurkoa:
- bi aldiz elkar galdu dugu, Silves-eko gazteluan behin arte-aretora sartu naizenean, Monchique-ko kaleetan gero, denda batera sartu nintzenean M. Luisa ohartu gabe;
- erreminta poltsa galdu dut, ezohizko leku batean agertuko zaizkidala uste dudan arren, gauerako irakurtzeko argia konpondu ezinik gelditu gara;
- argazki makina ere izorratu zait.
Egun malapartatua beraz.
Orain arte ez dugu aurkitu euskaradun bat bera. Galé kanpinean bazen Bilboko bikotea ume batekin: mutila Cacereskoa zen neska Lizarrakoa, umea izanen zen bilbotarra jaiotzez.
Gazteleradunik ere ez dugu bat bera aurkitu Lisboatik behera, gorantz ere apenas.
Katu pila izan ditugu, baita txakurrak ere: katuak bertakoak dira, txakurrak ekarriak. Hondartza inguruan txakur pilarekin egin dugu topo: denak elkarrekin gerizan etzanda, gazteleraz “tiraos” esan ohi dena.
Uztailaren 2a. Ostirala. P:32.a
“Olerkiak”. Loramendi:
Bere bizitzako hiru gauzek txunditu naute: 1. Nola anaiarekin elkar ulertu ezineraino galdu zuen Euskara komentuan. 2. Gaztelera ez ezik baita Ingelesa ere ikasi izana Euskara galtzen zuen heinean. 3. Hilzorian zela komentuan, ezin egon izan zen ama berarekin, ez zioten klausurara sartzen utzi, aitak, ostera, izan zuen semea ikusteko aukera, gizonezkoa zelako. Fundamentalistak dira klausurako arauak.
Txikitatik ia ikusten ez nituen burubeltzak izan ditugu auzo usuenak kanpin honetan. Alemaniarra eta holandarra berriz bezero sarriena, baina ugariak dira ere portugaldar gazte zein helduagoen bikoteak; badira kanpina bizileku egin dutela uste dugun langileak ere: goiz doaz eta arratsean datoz langile taxuz jantzita.
Seme-alaba koskortuak dituen bikote gazte asko da Portugalen: gazte ezkontze dira nonbait.
Portugaleko azken jauzia izanen da gaurkoa, azken kanpinera goaz. Adioaren kutsua du aldaketak, bidaia bukatu zaigun sentipena. Azken egunez gozatzeko gosea dugu, aldi berean.
Lur gorria kolorez, menditsua da Algarveko lurraldea, tontortxoek osatzen dute paisaia, lur-barrurago eta garaiagoak, bata bestearen ondoren, zuhaitzez estaliak batzuk, lur soil samar besteak. Agian Loulé eta Faro ingurutik aurrera fruta-arbola gehiago dago, laranjadiak eta almendrondo sailak zabalagoak dira, garirik ez da, pikondoak diraute, baita mahastiak ere tarteka. Zabala da Loulé gainaldeko bailara, laranjondo eta almendrondo lerro artezak nabarmentzen dira. Antzerakoak darrai giza zein natura paisaiak. Dotore ikusten dira etxeak goizeko argira, etxe zuriok argitzen dute mendia, dela zuhaitz-arte berdean dela lur gorriko azalera mortuan.
Deigarriagoa zaigu gaur Tuterako zubia, aurrez dugun eguzkiak halako bristada berezia ematen dio burdineria osoari: gaztelu erraldoi bateko ate erraldoia dirudi, ikuskizun bitxia. Lixiba ondoren eguzkitara jarritako maindire erraldoia dirudi Portimaoko gatzaga zabalak. Mendirainoko lautada zabala du Farok ere.
Hondartzak iragartzen dira errepide ertzetan eta bidegurutzetan, zenbait lurraldetan monumentu, gaztelu, eliza eta antzerako eraikinak bezalatsu, daukana eskaintzen du bakoitzak.
Rioseco ibaian ez doa urik, ia ez da ur-gune, ibai-zulo ere.
Denetik da ikusgai teilateria gandortzen duen eliza-dorrea, herri orotan, baina zergatik dira motz zaparroteak Portugalgo eliza-dorreak eta luze lirainak Europako erdialdekoak?. Elurrak labain dezan han luzeak eta etsaiengandik gordetzeagatik hemen motzak?.
Eguerdi aldera tristeago egon ohi dute mendiek zein zuhaitzek, agian ikusi egiten ditugu tristeagoak gu geu moteldu garelako: gure barne egoera luzatu ohi dugu ingurura ere.
Moncarapacho. Bada izena zailtzeko gogoa!, auskalo nola edo zergatik luzatu eta trabatu zen.
Goizeko 10ak, 31 graduko hozberoa.
Laranja-zuku fabrika itsasertzera bidean. Eta berotegi izugarri zabala.
Zoru onekoak dira mapako errepide zuriak barruti honetan. Turista erakarri nahi dute segur aski, baina oraindik ez da turista-herria, errepidea estua da eta ez dago dendateria eta jatetxerik bazterretan.
Fuzeta herriko kanpalekuan kokatu gara. Xumea da, baina zabala. Herri albotxoan dago. Gure azken kokagunea: itsasotik, hondartzatik zein arrantzaleen itsasontzietatik bertan: harea azpian eta eukaliptoak geriza gisa gainean. Eukalipto baten azpian jarri dugu gure etxea, zerbitzu-gunetik gertu, ohi dugunez. Luzarorako datozen familia portugaldarrek osatzen dute bezero kopurua, horrez gain holandar eta alemaniar bakar batzuk.
Fuzeta. Arrantzale herria, herri bizia dirudi, ibai edo moila muturrerainoko kale luzeek osatua, ugari da jatetxe eta antzerakoa, herria bezala xumeak hauek ere. Hareazko moila, horma edo dunak banatzen dute lurra itsasotik, barnealdea babestuz; barnealdean itsasadar, ibai, ubide zein laku izan daiteken ur-esparru luze zabala sortzen da, itsasoaren luzeran, itsasadarra zein ibai puztua izan daitekeena. Harrizko murrua da atrakalekua: ontziek duna artetik dute labirinto-irtenbidea itsasora. Herriraino bertaraino sartzen da padura edo itsas-ur geldoa, non dabiltzan hegazti lepo-luzeak hondar likin lokaztu berdexketan janari bila. Arrantzaleak portu inguruko zoko guztietan barreiatuta dabiltza arrantza-tresneria gertatzen, pita luzeak askatu eta txukun eta eroso bezain azkar pilatzen.
Ingurua ezagutzera atera gara.
Ijito aldra doa bide-berritik, hiru gurditan, bertako nekazarien gurdiak dira, kartola pintatutako gurpil handiak; 8 zaldi eta zaldikumea zeramatzaten beraiekin. Ijitoen gurdietariko bat arbola azpian, geldituta zegoen, espaloi erdia hartuz, amak umeari titia ematen zion bitartean.
Luz de Tavira. Inguruko herri ororen antzerakoa da, lehen bizitzako kale-sarea du, dotore pintatuta daude zenbait etxe. Jaietan nonbait, paperezko girlanda koloretsuz deigarri dotoretuta dago plaza. Manuelino ikusgarria da eliza-sarrera.
Sinagoga. Seguruenik ez du gaur egun sinagogarik.
Bi noria akueduktua dirudien ubide eta guzti: ez ziren nolanahikoak bere garaian noriok. Izan zen garai bat lur hauek ureztatu egiten zirenekoak, arretaz zaindu eta mimatu, biztanleen bizibidea baitziren.
Tavira. Ibaiaren bi ertzetan ezarria, alde batera mugatzen da turiston ibilgua, bertan daude egon ere herritarren egonleku eta solas-guneak. Gorenean gotorleku itxura duen gaztelua, lorategi bihurtuta, bere luzapen gisa hiri zaharra, laua eta motza, utzia zoritxarrez. Ibai inguruan bere garaian arrantzale bizigunea izan behar zuen kale-sare zabala, arrantzale etxe xumeak edo zaharrak, azulejozko fatxada kolorgetuekin, gaur egun ia utzia. Bizi-bizia behar du izan herriko giroak, batez ere moila kontrako kalean, herri-herriko taxua du, taberna eta jatetxe xume baina biziz oparo. Bisitariak bagabiltzan arren ez du turista-herri tankerarik, baina nabari da turista-herria izan nahi duen herria dela. Zaindua dago kaleko barnealdea, baina hemen ere ibaitik aldenduago eta utziago dago kale artea, turistontzat aldiz erakargarriagoa gertatzen zaigu alde hori, herriagoa egiten zaigu, kalean bertan eskegita lehortzen dute lixiba... Herri erakargarria bilakatzen da, ezer handi eta deigarririk gabe ere, xehetasun atseginak ditu: axuleiuzko koadroak, fatxada ederra... Ur garbia eta bizia darama ibaiak, arrain piloa ur-korrontean, zubi gainekoon ikuskizun; moila eta portu da aldi berean ibai ertza: duna luzeek babesten dute hemen ere barru guneko itsasadar, aintzira edo urgune luzea. Ibai ertzean plaza bizi-bizia, erabat dotoretua girlandaz, txorimalo pila dago bertan, zein baino zein politagoa, txorimalo lehiaketa bailitzan. Lonja handi bat, salmenta deietarako kanpaia duela atean. 25 eliza omen herrian, gaztelu albokoa ikusi dugu soilik guk: gotikoa izana, sarrerako arkua eta barreneko bi kaperatxo geratzen zaizkio soilik gotikotik gaur egun; azulejozko kapera eta erretaula xelebreko bi kaperatxo gerta zaizkigu deigarrien; erretaula nagusiko oholeria zutabe eta ohizko aldare bakarreko zertzeladekin osatua, gustu txarrez pintatuta dago.
Husten eta uzten joan dira herri orotako gaztelu azpiko kale-sare gehienak, orain diru pila behar da berreskuratzeko. Gizarte honetako zarrastelkeria, gutxi batzuen negozioa: etxe berriak egin lehenengo zaharreko biztanleria bertara aldatu dadin, hondatzen utzi zahar hori, eta azkenik berreskuratu jende berri bat erakartzeko.
Lau isurialde dituzte antzinako etxeek.
Hondartzak ez du itsas marrarik, dunak doaz aurrez aurre Faro-tik Taviraraino, hareazko moilak, itsasbazterra babestuz eta itsasadar antzerako ubide luzea sortuz, itsaso zabala begiei gordez. Hegaztiak dira hemengo bisitari ugarienak, urte guztiko migratzaileak, biztanleria urtarotik urtarora gehitu-gutxituz, herrietan turistak bezala. Naturgune izendatu dute, zorionez, izanen zen bestela alkate kirtenen bat hegaztien paradisu hau zementu eta harriz giza leku bihurtzeko prest. Duna, itsasadar eta padurengatik ezin da izan turista-gune inguru hau, bedi ba naturgune.
Txalupa handi baten zeharkatu dute bi gaztek dunetako txabolateriatik lurrerainoko tartea, kilometroa baino zabalagoa, zapatila bat besoaren luzagarri zela arrauna, eskuz eragindako zapatilen bultzadaz soilik.
120 kilometro, Portugaleko azken hegazkada etxatoiarekin.
Txuarrak dira kanpineko txoriak, hondar koloreko txuarra arreak, zuhaitz azpiko hondar lehorrean dabiltza bazka bila edo hondarretan lumak astintzen aska eginez, eta txorrotxo-txio. masiboan adarretan. Kanpalekuko gure auzoa.
Jai eguna da nonbait Fuzetan: musika-hotsaren dunba-dunba ozena heltzen zaigu, eta tarteka sirena hotsa gailentzen da gauean.
Zarata handia dago ia kanpaleku gehienetan, kanpaleku baketsuenak ere ez dira bakeleku: zabor biltzailearen traktorea, belar moztailearen sega mekanikoa, autoak, albokoren baten buila eta berbotsa, telebista ozenak... zarata asko dago kanpinetan.
Uztailaren 3a. Larunbata. P:33.a
“Olerkiak”. Loramendi:
* Harritu eta liluratzen nau aditz trinkoaren erabilpen maiztasunak. Lilura baina kolorgetuz doakit: poemaren neurriak, erritmoak edo giroak eskatuta darabil aditz trinkoa ala agian modan zegoelako soilik?. Bere garaiko asmakizuna ote den galdera piztu zait kaskoan, asmatuz ote doazen ustezko dotoretasunak edo hizkuntzaren ahalbideragarritasunaren lilurak diren.
Ez da ia Espainiaren presentziarik Portugalen, ezta Algarven ere mugatik hain hur egonik, ezerezaren bestekoa da espainiera: ez amu-idatzietan, ez iragarkietan, ez monumentuetako azalpenetan, ez gida-paperetan, ez inon, gaztelera ez da ia ikusten ez entzuten. Alemanera, nederlandera edo ingelesa berriz presente daude denean. Espainiarrek ez dute Portugalera bidaiatzen nonbait.
Lur laua da Fuzetatik Farorainokoa. Deigarriak dira errepidetik itsas aurreko duna luzeak. Ugaria da kanabera errepide erretenetan. Ugariak eta zabalak negutegiak: Faro bezalako hiri jendetsu batek akuilatzen du nekazaria, diru-iturri bihurtzen nekazaritza. Laranjondoa, artea, artelatza, olibondoa... lur gorria... etxetxo zuriak...
Bi gurdi errepide ertzean amu eta apaingarri gisa jarriak, zur kolore ilunekoa bata, kolore anitzekoa bigarrena. Politak dira bertako gurdiok.
Olhao. Oso herri hazia, etxe berri garaiz hasi da itsasoa ez den inguru guztietarantz. Trazaketa arteza ikusten zaio errepidetik. Etxe txikiko etorbide ederra era badu. Ez da paseatzera edo gelditzera deitzen zaituen herria; hautsez bildutako herria, harea lurrean eta arnasten duzun hauts ikusezina airean.
Faro. Algarveko hiriburua, Silves-i buruzagitza jan ondoren. Hiru zati bereiz dakioke: hiribildua, hiribildua gainezkatuz zabaldu zen zaharra gaur egun hiriko erdigune bizia dena, eta aurreko dena inguratzen duen etxetzarren eraztuna. Etxetzarrez inguratuta dago beraz gune zaharra, etxe erraldoizko eraztunek inguratutako gunea bilakatu da. Kale-sare barruan daude harresiak, hiriko zati, etxe-hormei itsatsita. Hiribilduan dago monumentuen gehiengoa , baina bizitasuna falta zaio, ez du bristadarik. Oinezkoen kale-sare zabala da aldiz erdigunea, merkatalgo oparo eta dotorea eskaintzen ditu, non turistak baduen zerikusi eta zeri begiratu. Hiri atsegina da Faro ezer erakargarri berezirik ez badu ere; bada goiz bat kalez kale paseatuz eta elizak ikusiz emateko aukera polita, ezer nabarmen ederrik izan ez arren; elizak baitira hemen ere artelanen kokaleku, horrez gain gustuko duenak beti du leiho, ate, fatxada edo txoko interesgarriren bat.
Zikoinak ere biztanleriaren zati lirateke Faron: hainbat ikus daitezke hiri barruan bertan ere. Aireportua da hiriko gauzarik nabarmenetarikoa: padura eta hiri ertzean kokatua, hegazkin tripa luze-lodiak doaz-datoz ia eten gabe hiri gainetik, goiz guztian, marrumaz bilduz inguru osoa, turiston begiak gorantz begira jarraraziz. Itsasertza da hirugarren osagai deigarria: ez da itsasorik moilen kontra, kilometrotara dago itsasoa, hiritik itsasorainokoa dena da padura, hondartza likin berdexka, ura edo ibaia doa bere baitan biratuz eten gabe, sigi-saga, suge erraldoia antzo, hondartza istingatsua zeharkatuz, sekulako ikuskizuna maria beheran, paretsua seguruenik maria goran ere; bertatik dabiltza ontziak, hondarretan inkatu gabe, ez dakit buruz dakitelako bidea edo berezko sena dutelako ontzi-mutilok. Trenbidea, aipatzekoa litzateke ere: zabalera estukoa, itsas ertz-ertzetik doa trenbidea eta trentzarra; portua eta paduraren muga da, hiria erabat banatuz itsaso eta uretatik, porturako pasabidea ere trenbidepetik behartuz. Hiriko Arkua, edo atea, ederra da, agian hiriko monumentu zibil aipagarriena. Se: Izen berdineko plaza zabalaren erdian, Gotzain-jauregia duela parez pare; ordaindu egin behar da sarrera, ez da garestia, merezi ditu 50 duro; barroko urre koloreak egiten du deigarria lehen begiradatik; luze bezain zabala ia, hiru nabe ditu, bere aldare nagusia aurrean bakoitzak, nabe bakoitza eliza bat bailitzan edo eliza hirukoitza bailitzan teilape berean; kapera ugari, hauetako bakoitza ere ia elizatxo bat da; burezur eta bestelako giza hezur luzez eraikitako kaperako erretaula makabroa!!! klaustroa izandakoan; bi organo bitxi, koru alboan bata, gorria, ia karkasa soilik geratzen zaiona, behean bestea etxeko armairutxoa dirudien txikia; orain arte Portugalen ikusi dugun lehen 19 koadroz osatutako triptikoa; dorre baxu, itsasorainoko zabaldia erakusteko adina garaia. S.Pedro: arrantzaleen ermita izana omen, itsasotik nahiko gora dago baina; hiru nabeko luze bezain zabala hau ere; kapera ederren artean azulejozko kapera da nagusi; Sék bezala teilape berdineko eliza hirukotxa dirudi, nabe bakoitza eliza bat; zurezko sabaia du. Carmo: fatxada ederra du, urre kolorekoa da erabat barrutik: urre koloreko aldarek estaltzen dute horma oro, urre kolorekoa da presbiteriora sarrera, urre kolorekoa presbiterioko eliza-nagusiarena edo jauntxo batena behar zuen leiho zabal dotorea; ikusgarria da sakristiako kaoba antzeko zurezko altzariteria: jarleku, armairu, mahai...; hainbat Ecce Homo xelebre eta bestelako santu-irudi eta koadro; bisitarientzako ikuskizun salgaiena “hezurren kapera” da, sarrera ordaindu beharrekoa eta ondo iragarria: bi dira hemen hezurrez estalitako kaperak, osoki, baita sabaia bera ere, erabat burezur eta hezur luzez estalitako hormak dituzte biek: komentuko hilerrian lurperatutako fraideen hezurrak omen dira.
Apaiza azaldu zaigu katedralean: “Ze hizkuntza?, gaztelera, españoles?”. -Ez, euskaldunak gara”. - “Ah!. Jaungoikoa!!!”. Ikaskide euskaldunak izan zituen Salamancan, Euskararen berri eman zioten eta jaungoikoa Goiko Jauna dela erakutsi.
4 isurialdeko etxeak dira hemen ere ia antzinako etxe denak.
Behe-solairukoak dira hiribilduko etxe gehienak, erdigunekoa ere lehen edo gehienez bigarren solairuko eraikinak dira.
39 kilometro, bertatik bertarako joan-etorria.
Uda giroa da nagusi hondartzan ere, uda giroa nagusi den asteburu honetan. Herri osoa elkartu da asteburu arratsaldez hondartzan. Koadrilaka dator jendea, mutil koadrilak, neska koadrilak, neska-mutil koadrilak, familia koadrilak, koadrilan umeak uretan, koadrilan emakumeak berriketan jaiko jantzita oinak uretan eta poltsa lepotik zintzilika; koadrilan dabiltza txakurrak ere, lotuta daudenak ere koadrilarako amorratzen. Kolorez betetzen dute hondartza itzalkinek. Oihuek, barreek, intziriek, deiadarrek, deiek... betetzen dute haizea, eta tarteka baita Farora gain-gainetik doazen hegazkinen burrunbadek ere. Haizeak eta uretan tzangak egiten dute eramangarria eguzki sapa. Ontzi bereziak, artisau itxurako behin-behinekoak, edo ozta-ozta ez direla hondatzen itxurakoak, jendez lepo doaz dunetara, bertan itsas zabalera begira egoteko, edo dunen bestaldeko hondartzen bila doan jendea garraiatuz.
Pailazo bat izan dugu gaur ikuskizun kaleetan: tristea iruditzen zait barre eginarazteko lanbidea.
Txakur herria da Fuzeta. 20 txakurretik gora konta ahal izan ditugu kaleetan afaltzera gindoazela, bere kabuz zebiltzan txakurrak, kale-txakur itxurakoak; beste hainbat izan dira lotutakoak edo jabedunak; ez da txakurrik ez dabilen kalerik.
Kale-giro bikaina, uda gau beroa; taberna, atari zein moila ertzean eserita dago jendea, erruz, kontu-kontari.
BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainaren 27a. Igandea. P:27.a
“Ur tximeletak”. Pili Kaltzada:
* “Noraezean segitzen dugu / etsirik jadanik”. Etsirik ez behintzat. Ala bai?.
* “Agortu al zaigu jadanik / hozkailuko zerbeza guztiak, / hozkailuan gordetako ametsak?”. Beti behar da zerbeza bat hozkailuan eta ametsa bihotzean.
Harritzekoa, ez dugu holandar edo alemaniarrik ikusi kanpaleku honetan!. Egunean zehar gurutzatu ditugu bai bakar batzuk errepidean.
Erretxina kentzen diete hemen pinuei. Kanabera ugariagoa da gaurko lurraldeotan.
Erabat erabilia da Portugalen ere Frantsesen bidegurutzerako asmakizun borobila. Bide txikiak zainduta daude Portugalen, zoru leuna dute gutxienez, zulorik gabekoak behinik behin.
Lagoa de Sto Andre. Duna soil batez itsasotik banatutako aintzira bat da: arnasa ematen dio zabalguneari, eta itxura alaia inguruari.
Jende pila dator hondartzara, goizean goizetik, autobusez, baina batez ere autoz. Hala izanen da, goiz guzian. itsasertz orotan, batez ere herri inguruetakoetan. Lepo daude eguzki zalez hondartzak, ilaratan tolestuta autoak bazterretan.
Vila Nova de Sto Andre. Zuri-zuria, txakurrak ere ilezuriak dira hemen. Herri berri-berria dirudi. Aurrerago aurkituko dugun birfindegi eta argindar zentraleko enplegatu eta enparauak biziko dira bertan. Erdibitu egiten du autobideak, agian autobiaren alde bietara eraiki dute, herria bi zatitan utziz.
Portugaleko autobideak ez du ia inoiz norabide bien arteko tarte txukunik. Sineserako autobideak aldiz erdigune apaindua du, lora edo loredun sastrakaz edertua. Zentral eolikoak dakusagu pinu-arte batean: bihar jakingo dugu non dauden eta zenbat diren; gaur hegorantz eginen dugu biharko utzita Sines-i bisita. Pintada pila bidegurutzeko eta inguruko hormatzarretan, lana errebindikatuz, birfindegiaren arazoak eta iraultza aldarrikatuz: lana agindu omen birfindegiarekin baina hitzak ustel berriro ere. Hondarrak zuri-zuri marrazten du itsasertza infinituraino; garden-gardena da ura haitzetan. Pare bat petroliontzi daude Sines-eko badian, egonean, porturako baimenaren zain.
Erabat atsegina da bidaia, itsas bazterretik aldika, duna ertzetan hurrengo. Arretaz egitekoa baina, erruz baitabil autoa eta jendea errepide ertzetan. Motozaleak ere agertu dira ilara burrunbatsuetan, gaurko ibilgu osoan izanen ditugu bidelagun, beltzez jantzita, bizkor beti. Errepidea uzten doaz han-hemenka autoak, bakoitza bere Sakonetaren bila duna artean. Sakonago aparkatzearen ahaleginez, geriza bila apika, auto-muturrez moztuz joan dira sastrakok, azkenez zulogune sakon egokitu diren arte, garajeak bailira.
Ugariak ziren fruta-saltzaileak saltoki behin-behinekoetan Sines inguruan, Porto Covon berriz arropa-saltzaileak daude eguzki zaleen zain.
Porto Covo. Etxe apalez osaturiko uda-herri petoa, argia, kale zuzeneko argia, edonondik itsasoa beti aurrean, galtzadarrizko zoru eta erdigune erakargarriarekin. Hain herri apainak hondatua du haize-errota, sarreran dotore egingo lukeen arren. Uda-herriak hondartza behar zuen, eta du.
Metroko zabalerako galtzadarriz gogortua edo bukatua du ertza errepideak.
Cabeza de Cabra. Herri bati jartzeko izena!. Ze historia ote du.
Erabat ezberdina da zonalde hau barne aldekoekin alderatuz, horregatik agian herri handi orotan ALENTEJO jartzen du letrero erraldoietan inork besterik pentsa ez dezan, bere nortasunarekin harro.
Lur azpirantz irekitako harrobi batean garbi nabari da hondarra dela zoru azpi dena. Lautada argitzen da tarteka, zabal, belar lehorrez erabat hori.
Vila Nova de Milfontes. Uda-herri erakargarria, xarmanta; izatez ere “nova”, zuria eta berria, etxetxo bikainekin, baxua, erabat zabala, harrokeriarik gabeko xumea, berezko erakargarritasunez bustia; handitxoa, baina astakeriarik gabe; kale estuko kale-sare kiribildu gustagarria da Alde Zaharra. Saltoki herria, baina ez da lourdes, hemen ez da dendateria merkerik, ezta hotel edo jatetxe badaezpadakorik ere. Badu garbitegia ere!. Alde zaharrean kokatua dago elizatxoa, umila, urdin pintatua. Ibiltoki bat behar zuen eta du, behean ur gardenen ikuskizuna eskainiz. Oraindik berrikuntza lanetan murgilduta bizi da, turismoari besoak eskaini guran. Mira ibaia itsasoratzen da bertan, garden, itsasoak puztuta zabal, ia itsasadar bihurtuta. Inguru atsegina.
Sorosleek zainduta ikusten dugun lehen hondartza da bertakoa: ez da hondartza bakar luzea, ibaiaren alde batera zein bestera zokoetan banatutako hainbat hondar-gune baizik. Bazuen gotorlekua ibai gainean, itsasoaren atezain, baina jabego pribatuaren esku gertatu delarik erabat itxuraldatu dute etxebizitza dotore bilakatuz.
Espaloien jabe egin dira gaur hemen autoak.
Gizon adinekoa zetorren itsasotik herrira olagarroa kuboan eta burdinazko gakoa eskuan,
Zubi luze batek zeharkatzen du itsasadarra. Alentejo probintziako behe aldeko lurrak, hegoenak: lur zabalak dira, Holandako lurraldea iduri, hain dira lauak; heldu da ureztaketa bertara, nabaria da lurralde osoa berregokitu nahian dabiltzala, ureztaketaz hondartza emankor bihurtu asmoz; akueduktu moderno batek ematen dio jarraipena ubideari: zirrara sartzen du hondar-saila besterik ez den hareatza ureztatzen ikusteak. Arto-sailak dira nagusi, ikaragarri zabalak, baita arroz-sailak diruditenak ere, tarteka ekilore sailak, baina bada utzitako lursailik zein belar maskaleko belartza tristerik ere. Granja pila, behi asko larrean, ez dakigu ze gogoz belar triste hori jaten.
Lurralde honen erditik doa errepidea eukaliptoz hesitua.
Almogabre. Inguruko herritxoetako bat, polita, atsegina, zuria, urdina, elizatxo apal batekin.
Zergatik ez ote da eliza handirik herriotan?.
Adineko gizona hemen ere, bigarrena gaur, kuboa eta aho zorrotzeko burdinazko pala batez bukatzen zen haga eskuetan.
Cavaleiro. Etxetxo politeko herri txikitxo galdua, harro bera!, itsas gainean.
Gaur egun ez dabil traktorea besterik, gaur egun gurdi pintatuak ez dira ikusten muestrarako ere, ezta edergarri etxe aurreetan jarrita ere. Museoko bitxikeria besterik ez dira jada.
Cabo Sardao. Hor dago itsasargia, agian argia ere eginen du baina erabat hondatua du etxaldea. Hondartzarako pasabidea besterik ez da.
Gu gara errepideko bizidun bakarrak, hegazti migratzaile herritxo txiki galduen inguruan.
Bi zikoina argindar tantai gaineko punteneko habian.
Jaietan daude herri batean: txosna borobil trauskila kolorezko paperez apaindua da dantzatokiko taberna.
ALENTEJO BARNE ALDEA
Pinua eta eukaliptoak estaltzen duen lurralde menditsua. Artelazki piloa garraiatzen da errepidez kamionetan.
Malvado eta Malpensado. Inguru berdinean daude bi herriok.
Lore berotegia, inguruan ikusi dugun berotegi bakarra. Pikondoak eta fruta-arbolak etxe bueltetan.
Zezenketak iragartzen dira, banaka-banaka sarri.
Odemira. Alentejo barruko ohiko herria, gaztelua goian eta etxeteria beherantz: zein aldetikako etsaiengandik babesteko, edo ze aldeko etsaiak erasotzeko, ote hiri hau: Espainia du alde batera, Portugalgo lautada bestera. Mira ibaia doakio barrenean, oinetan. Herri atsegina izanik, hila dago igande eguerdian: hondartzan edo siestan dago jendea. Erabat eraldatuta dago gaztelua, gaztelu jitea galduta, zuria, harresi hondarrak dira harri ilun bakarrak; liburutegi bihurtu dute barrua, anfiteatro ostea.
Alentejon tximinien kultura dutela esan badaiteke, Odemira tximinien herria dela esan beharko: mota ezberdineko tximinia pila, batzuk erabat ezberdinak gainera, lirainak eta bitxiak; etxe berriek ere tximinia politak dituzte, baina txikiak, gasak nonbait ez du irtenbide handirik behar.
Hainbat plaza dago herrian, jaietarako dotoretua dago plaza nagusia musikarientzako oholtza eta guzti; plazan bertan hegaztien zoologiko antzerako muntaia nanotxoa, kaioletan hegaztiok preso daudelarik; urmaelaren erdian dago iturria, ur gainetik joan behar da bertara ura edateko, harrizko zutabetxoz zutabetxo, borobilez borobil. Bada 1823ko harrizko iturria, horma zuri-urdinekoa, herriaren laguntasunez eraikia. Bi eliza elkarren ondoan, zuri-urdinak biak. Behean ibaia, dotore moldatua txalupa, pasealeku eta egontoki atseginez.
Zer esan nahi ote du “Ode” horrek?. Zeren ibai izenaren osagaia d Mira.
Masusta zuri zuhaitza: lehenengoz dastatu dut masusta zuria, oso gozoa da. Masusta beltza ere ikusia dugu ez dakit ze herritan.
Norabidea galdetu diogu gizontxo heldu bati: borondate onenarekin okerreko bidea erakutsi digu: polita delakoz goizez ibili dugun parajera bidali nahi gaitu baina gu mendi barruko bidearen bila gabiltza. Gure kabuz zuzendu behar izan dugu azkenik norakoa. Bidea ziurtatu asmoz errepide ertzean labanaz makila lantzen ari zen gizon bati galdetu diogu gure norakoa: eztarria zulatuta duen bat zen, zapitxo borobil ondratua lepoan adur-zapia bailitzan, ahotsik argitu ezinik gizajoa: bueltatu, jaiki eta, inolako konplexurik gabe, keinuz adierazi digu bide onetik gindoazela: harrigarriak ziren bere begi argi-argi bizi-biziak, irribarretsuak, eguzkiak erabat erretako aurpegian.
Mendiz egin dugu etxerakoa, baso artean tarteka, garitzez bilduta hurrengo; geure-geureak ditugu jadanik eukalipto, pinu eta artelatzak, bada artelatz zahar sendorik tarteka errepide ertzean. Helduaren helduz, ilun marroitua dago garia jadanik. Tarteka desatsegina bilakatzen bazaigu ere eukalipto-baso idor zikina, atsegina zaigu azken ibili hau ere; egun osoko ibilia izan da atsegina, berriro ere geu bakarrik errepidean, mila gora-behera, mila erreka-zulo eta bi mila bihurgunetan murgilduta. Mendi-sailaren babesean doa lautada, itsasorainoko baso lau berdea bilakatu zaigun arte.
Cercal. Bidegurutze borobil handia du sarreran, berde-berdea, ia herriko plaza izateraino. Arnasa, argia eta bizitasuna ematen dio herriari.
Lautada, gari-sailak, landetxe uste ditugun etxetxo zuriak garitza erdian.
Ez herri ez etxe, oso bakartia da Santiagora bidea, gustukoa zaigu ordea.
24 graduko hozberoa: artelatz-basoan ardi narruzko txamarra darama artzain batek, bere alboan alkandora hutsez gazte bat.
221 kilometro, Alentejoko itsasertz jendetsu eta baso-barrunbe bakartietan.
Baretu da kanpalekua.
Itsaso kirrua, ipar hozkirria, azken eguzki gustagarria.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Ez da geldik eta isilik egotekoa gure elgoibartarra
Ekainaren 28a. Astelehena. P:28.a
“Ur tximeletak”. Pili Kaltzada:
* “Aukera galdu guztien damu naiz”. Aukera aukeratua mila aukera galduen ama da. Hautapen bakoitza morroiloa da, mila aukerei atea ixten die, beste hainbestei zabaltzen.
* “Beti dira besterenak / maitasun eder, / biribil, perfektuak. / Beti dira gureak / sumendiak kiskalitako / tximeletak, / ...”. Gureak, aldiz, “besterenak” dira, beste guztientzat. Beraz eder, biribil eta perfektuak.
Ederragoa da paisaia, politagoak herriak, nekeak zulatu gabeko goiz orduetan, etxeratze presati nekatuan baino.
Mendialdera goaz itsasertzeko lautadak utzita: etxe zuriak, etxe bueltako baratz, pikondo, olibondo eta mahastiak; artelatzak, eukaliptoak eta pinoak, txandaka edo erdi nahasian, geriza emanez errepideari, tarteka eukalipto zein artelatz sendo eder lerdenak.
Garai batean artelatz-basoa zen lurralde dena, gerokoa da eukaliptoa. Pobreak eta emigranteak besteek alderatzen dituzten lanetan ari ohi diren pare, nazio eta herrialde pobreek herrialde aberatsek nahi ez dituzten zuhaitzak ekoizten dituzte. Baserritarren diruz ezinak eragin zuen Euskal Herria pinudi bihurtzea ere.
Bira baten ondoren beste bira bat dakar errepideak, baina zoru onekoa da. Bidaia atsegin eta lasaia.
Laranjadiak dira lurralde honetako osagai berria.
Besaulki zahar bat jarri du norbaitek bidertzeko “paragem”ean. Autobusa nonbait berandutu egiten zaio sarriegi.
Beltzez jantzitako amonatxoren bat ikusten dugu tarteka, buruzapia ere beltza: garai batean bertako emakumeen janzkera ohia segur aski.
Urdinak dirudite etxe zein herriak, zuriak izanik ere: Tunisia hiriburu inguruko herritxo polit bat gogarazi dit, leiho, ate buelta eta etxe-ertzak urdinez apaintzen dituztelako “hiri urdina” deitzen diote hari.
Berotegi sail zabal-zabala dakusagu Santiago aurretxoan, ezohizko ikuskizuna, oso bakanak baitira berotegiak Portugalen.
Santiago de Cacem. Alentejoko herri ororen egituraketa: tontorrenean gaztelua, gainbeheran galtzadarrizko kaleak, kale gurutzadura batean herriko plaza nagusia eta bertan pelourinhoa, behean, ia lauan, hiri berria. Gaztelua: sendo egin die aurre harresiek gizaldiei; hilerria bilakatu dute barrunbea, bada hilobi ederrik hilobi eta hezurtegi artean; bigarren harresi-eraztun batek inguratzen du gaztelua maldan beheraxeago; mendi magal erdian bazen bere garaian hirugarren harrizko gerriko bat ere: errepide bihurtu dute gaur egun, “Miradouro” ikusgarria, talaia aparta, behatoki paregabea eta pasealeku bikaina: mendiaren oinetatik itsasoraino lautada berdea hurren, zerumugan bukatzen den itsaso berdea ondoren eta Sines hiria urdingune eta berdegunearen mugan, birfindegi, petrokimika lantegi eta zentral termikoez inguraturik, argindarraren bide erraldoia ordeka berdearen erditik, burdinazko egitura zurixkak zuhaitz artean tantai erraldoi. Eliza: gazteluari itsatsita, fatxada ponpoxoko eraikin dotorea da, lantxo dottorez bildua; albo batean ate erromaniko-gotiko pertxenta aukerako kapitel tailatuekin. Plaza: xumeetan xumeena, porlanezkoa dirudi pelourinoak ere, dotoretu gabea arren ez zaio falta burdina puntazorrotzik. Kale-sarea: pike-pikea, erabat ezgauza, pobreen bizitokia dirudi, ez dago utzia baina bai galdua, turistarik ere ez dator, baina badira bizpahiru kaperatxo xume moinoinoak. Alde berria: behean, mendiaren oinetan, bertan sortu da dendateria eta bizimodu eroso baterako etxeteria berria, diruz ahal duenaren bizitokia. Mendi magal garbian sarrera ezberdineko kapera zuri bat, oso nabarmen. Tren-geltokia ere erakargarria da, bertako jitea du azulejozko panelez kanpo-hormak. Aurreko mendiko hegian 5 haize-errota gutxienez, bere beso eta guztiz bata.
Zaharreko kale batean izarak daude esekita alderik alde, etxetik etxera, kale osoa hartuz.
Zentral termikoaren tximinia garaitzen da erraldoi zuhaitzen gainetik Sinesera bidean. Eolikoak berriz 12 besterik ez dira, ez tantaiegiak gainera: garbi dago ze argindar-ekoizpen aldeko apustua egin den; nolanahi Eusko Gobernuak edo Sanzenak ez ote dute lotura ofizialen bat egingo Sinesekin Olaztiko Gazteizko Gamesaren teknologia eta zentralak saltzeko, itsasertza eolikoz lepo jarri arte, zentral termikoaren belzkeria ekologismoz zurituz?. Hoditeria digantea doa errepide azpitik zein albotik, hodi-autobidea bailitzan: ziurtatuta egongo da agintarien aldetik ez dela arriskurik, baina auskalo zenbaterainokoa den benetako bermea; zirrara sartzen du bertan ibiltzeak petrolio tutuon artean.
“Sineenses querem travalho”. “Agindu zuten baina ez zuten hitza bete”. “Nou nos lixem mas” = Ez gaituzte zikinduko gehiago”, ... ugariak dira pintadak hirira sarrerako horma orotan.
Sines. Alde Zaharrak badu bere grazia, saltsa izanen da kaleotan eguneko azken orduetan edo gauez. Ez du ezer berezirik baina atsegina da. Itsas gaintxoan dago kokatua gaztelua edo gotorlekua, harresiz inguratutako esparru gorria besterik ez da. Industria-hiria dirudi alde berriak, baina hondartza zale bisitaria ere ugaria izanen da, txukuna, zaindua eta polita baititu bai itsasertza bai hondartza. Itsasoari so, eliza aurrean brontzezko jantziekin jauntxo, Vasco de Gama. Bere begiradapean moila luze sendoak erraldoiki ixten duen badia portu handi bihurtuz sartune osoa, harresien gordelekuko moilatzarraren babesean bai arrantza ontzitxoak bai hondartza gaineko ibilbide ederra. Gardenak dirudite urek baina belztuta dago harea zuria jenderik ez dabilen ertzetan.
Nakaoka-ren eskultura erakusketa. Granito beltzean eginak, multzo erakargarriak, beti ere bere estilo bere-berean, antzerakoak arren denak ezberdinak, antzerakoak arren ez aspertu ez gogaitzen dutenak.
Hileta baten segizioa aurkitu dugu kale artean, hil-autoaren atzetik oinez jendetza kale artean.
Eramangarria egiten du eguerdiko eguzkiko ibilia, erosoagotuz, ipar finak.
Hemengoa zen Vasco de Gama nabigatzailea. Non ote Gama, nondik ote datoz Gamako euskaldunak edo Gama Euskaldunak. Lanera etorritako harginen baten ondorengoak ote?.
Europako diruz berritu dituzte portu bazterra eta hondartza ingurua. Yateen portua ere FEDER-ek ordaindu du: herriak jakin gabe aberatsei eginiko oparia, aberatsek pobreez baliatuz eginiko portua. Duela guti ikusi dugu monumentu bat Europako diru-laguntzaz berritua: berrikuntza orok du Europako diru-laguntza Portugalen!.
Portu gainetik bertatik atera zuten moilak egiteko harria,. han dago orain harrobia izandakoa, bortizki eta erraldoiki hozkatutako mendi-muinoa zabortegi bilakatuta.
Sorosleek zaintzen dute hondartza Sines-en. Bigarrenez soilik ikusten ditugu sorosleak Portugalen, agian bainu garai aurretik ibili garelako.
Debekatuta daude txakurrak hondartzan. Halere txakur batek eta bere ugazabak eskaini digu ikuskizun bitxia: planta sendoko txakur ederrak sekulako korrikaldiak egin ditu hondartzan lehenengo, olatu ertzetan ondoren, ur barruan bustialdia hartuz bukatzeko; gero bere jabearekin batera, nahiko ur barrutik, ia alderik alde zeharkatu du igerian badiatxoa.
Poliziek kapela berdea, pistola, eskuburdinak eta gainerako hornikuntzaz gain, karpeta handi bat daramate eskuan, bulegariak bailira.
”Poner una multa” esan ohi da gazteleraz, euskaraz “multa bota” esan ohi dugu.
Laino arrastorik gabeko eguna.
101 kilometro, itsasertz eta mendiz, Alentejo agurtuz.
Kardantxiloa zatekeen txorinoa ikusi nuen atzo etxatoi inguruan, ilunago bere jantzi horia hondar ilunean. Hiru txuharre lotsagabe izan ditugu gaur hondarrean mokoka leiho aurrean bertan. Dena da iluna eta hautsa itsasertz argi honetan.
Ilbetea, beraz marea bizia. Itsas hotsak bildu gaitu gauez.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Intrigazko tartetxo laburrak afalondoero karta-jokoaren ondoren.
BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainaren 25a. Ostirala. P:25.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Urre-liliek guztiok gaituzte sorgindu”. Rikardok ez nau ba ni poemekin liluratzen. Urre-galsoroak dira liluratzen gaituztenak lurralde honetan.
ALENTEJO EKIALDEA
Bi gizon gurpil handi estuko gurdi itxian, zaldia da tiratzailea, baina astoa ere badaramate alboan.
Aurreko egunetako berdintsuak dira paisaia, natura, baita giza ezaugarriak ere. Dena da galsoro. Ze bazka modu aurki ahal dezake zaldi aldrak galsoro ebaki berri batetan; galdutako aleak segur aski. Zuhaitzik eza litzateke aldagai ia bakarra kilometro luzeetan. Txarri aldra, pila, galsoro ebaki berri batean hauek ere, muturra lurrean: harrotzen ote lur lehor hau Etxarrikoek baso biguna haina?. Haize-errota borobilak, txabola bezala erabili eta zainduak, hainbat daude.
Granja izandako etxetxoa, erabat hondatua: tximiniak soilik iraun du, osorik eta tinko. Zenbat amets, zenbat poz, zenbat negar, ze ilusio, ze bizipen, tximinia horren inguruan bizi izandakoak, zenbat bizitza ezberdinen lekuko izan ote da. Tristeak zaizkigu beti ere etxebizitzen hondakinak, oraindik tristeagoak halako paraje bakartietan.
Horiz marraztuta dator errepidea mapan, maila apaleneko errepide bezala, baina errepide ona da. Atsegina eta lasaia gidaritza, bazterrei begira. Ia bakarrak gara errepidean.
Sao Miguel de Machede. Eliza da pintatu gabe dagoen eraikin bakarra, bera da zatarren dagoena.
Garia, ebakita hemen, ebaki gabe han..., fardoak, antzinako karratu luzeak batzuk, borobil handiak besteak..., motxa da.
Berorako paisaia, beroak eginikoa, edo berora egokitutakoa, agian gizakiak izorratutako paisaia. Erakargarriagoa litzake eguzkipean, baina lainotua dugu gaur eguna.
Foros do Queimada. Hiru emakume ari dira finka batetako sarrera zuritzen.
Lurralde bakartiak. Burdina-hariz mugatuta daude lursailen jabegoak, kolore urdinez dotoretutako sarrera zuri panpoxak ematen dietela sarrera. Mota askotako behiak dabiltza larrean, Holandakoak, Piriniokoak, lixiban egoniko zuri behi makal mazkalak, ... : larreak, nekazari bakoitzaren iritziak, edo zerk erabakitzen ote tokian tokiko behi mota. Hile motz eta kolore mazkalekoak dira ardiak.
Behin eta berriro errepikatzen dira kolore zuria eta urdina, dotore elkarlotuz.
Gizon bat haritz arteko lautadan: inurria zirudien, ezereza; baina inguruaren jaun eta menperatzaile, morroia izanda ere.
Itzuli gara mahasti eta artadietara.
Redondo. Oso herri zabala.
Ze demontretik bizi da herri hauetako biztanleria?. Betiko galdera, erantzunik ez diodana.
Sombreroa da helduen buru-estalki usuena.
Ardi gutxi batzuekin zegoen artzaina, bere txapel makila eta txakurrarekin, errepideko metalezko segurtasun-hesian erdieserita: bera izan da lehenengoa eskua jasoz diosala eskaini diguna. Adeitsua edo aspertuta.
Alandroal. Herri deigarria, multzo erakargarria: etxeteria zuria gaztelutxo ilunaren bueltan, digante goibela argi nanotxoz inguratuta. Eliza-dorrea du bitxia, gotorlekua dirudien gazteluaren barruan kokatua, harresi artean: ezkila-dorre zuritxoa zutitzen da zuri dorre karratu garai ilunaren gainean. Kontraste askoko herria.
Espainiako Extremadurakoak behar du izan aurreko mendikateak; mendiak dira bi herrialdeen arteko muga, Guadiana badoa ere sakonean ofizialki herrialde biak banatuz. Natura, politika tresna bezala erabilia.
Aurreko lurraldetako egitura eta jite berdineko tximiniek jarraitzen dute inguru honetan ere, tximinia handiak dituzte etxe txikiek ere: hotza da hemengo negua. Badute zenbait aldagai tximiniok Alentejon: aldagai usuena kea ez dela hodiaren goiko zulotik ateratzen, bi ertzetatik dute atera-bidea, ura edo haizea sar ez dakien?. Aldagai gehiago ere bada tximiniotan, igeltseroaren senak airearen norakoari egokitu beharrak eraginda.
Gora-behera leunak ditu lurrak, beraz errepideak ere, bihurgunerik gabeko tarte artez luzeeeekin, lasaiagoa egiten dute bidaia artezguneok; bakardadean goaz, eguzkia oraindik lainopean gordetzen den goiz honetan.
Izugarri zabala da lurraldea Elva aurretxoan, lur gorri-gorriko lurraldea, buztin kolorekoa. Hiri orotara hurreratzean ohi denez, berritu zaigu paisaia, ugaritu dira arrasto urdineko kortijo zuriak, arte ilunez bilduak edo elkartuak; etorbide bihurtzen dute errepidea eukalipto zahar sendoek ere, arkupe berdea eskainiz.
Esparru zabala ikusten genuen urrutitik, hurreratuz, baina, dena dago hesiz banatuta, partzelatuta: burdina hariz mugatutako natura. Sarea beti sare, begi nasaikoa arren, eragozpen eta kaltegarri izan behar zaio faunari horrela hesitutako, zatikatutako, esparrua. Galdu ere egin da segur aski faunaren zati bat, onenean hainbatek beste esparru hesirik gabeko batera alde egitea lortu du. Animaliek ez dute aukerarik batetik bestera aldatzeko, naturaren eta bere bizilegeen arabera, hautsi egin zaie beharrezkoa zaien bizitza-katea. Preso halako lurralde zabalean!!!. Animalia txikiak eta hegaztiak soilik dira hemen salbu.
Elvas. Eguzkirik gabeko eguna arren, zuri-zuri dager, bitxi eta erakargarria, mendia zuriz pintatu balute lez. Ikuspegi ederra, dotorea, alboetako bi dorretxo koadroaren osagai. Hiritik albo baterako tontor batean gaztelu edo gotorleku bat, bestaldeko tontor baten kono garaiaren puntarenean gaztelua dirudien gotorlekua, herrikoarekin hirugarren gaztelua inguru berean. Hiriko elizak ere gotorleku itxura petoa du. Borroka lekua izan zen nonbait, agian Extremadurako eta Espainiako muga hurrean dagoelako: mugako defentsa-gunea beraz.
Etxekoadro tzarrak harresietatik kanpo ia hiriaren oinetan eta bizpahiru solairuko etxeteria zuria harresietatik hurbil.
Hiribildua. Bi harresi-gerriko edo eraztun ditu, zulogune sakona bi harresion artean, ohiko ate eta zubiak, txukun zainduak eta gordeak harresiak zeharkatzeko. Hiribildu petoa, hiri osoa gotorleku bilakatua. Espainiarren aurka borrokatu beharretik sortutako hiria, gaur egun Espainiako turista eta bisitariei begira bizi da, beraien zain; pezetaz zein eskudoz, baita txartelez ere, ordaindu daiteke erosketa denda gehienetan.
Defentsa arauak aginduta edo mendiak berak behartuta, ez da hirian elkar gurutzatzen den kale artesik. Bertatik begiratuta ez da urrutitik ikusi dugun zuritasunez brist egiten zuen herri erakargarria. Zuri kolorge zurbilduak agintzen du, gainbehera erakusten dute horma harrotuek. Garbia eta txukuna egonik ere, ez da hiri mimatua, diru asko beharko litzake horretarako eta egonen da premia biziagorik hirian. Badu baina zeri begiratu: badira arkuak, azulejo-koadro eta burdineriaz osatutako kaperak kale-hormetan sartuak, bada kale gaineko pasabide potxolorik, bada xingolen katea-leku diren burdina landuko pelourinho dotorea... badu bai zeri begiratu. Ez du eraikuntza dotorerik, eliza ezik: halaz ere, osotasunean hiri ederra dela esan daiteke. Luze doa kale nagusia harresiko ate nagusitik plaza nagusiraino, mendiko hegi-hegian, alde batera eta bestera luzatzen direla kaleak beherantz bihurrituz eta kale-gurutzetan galduz. Kale nagusiaren alboan, bere luzeran baina beherago, oinezkoen kalea, saltoki nagusia, autorik gabe patxadako bakarra. Plaza piloa ditu kaleen gurutzagune edo elkarguneetan, grazia handirik gabekoak, elkartoki edo giza elkargune ez direnak, kale-kantoiak besterik ez direnak kale-sareari arnasa emanez. Errepublika Plaza, plaza ederra da, erronbo baten antzerako irudiz osaturiko mosaikoa du erdian, marmolezko zuri-beltza; bada plazan alde laurden bat osatzen duen arkudun eraikuntza bat, sarrera dotoretxo batekin, baina Kontzesio eliza da plazari nortasuna ematen diona. Gaztelu inguruan hiri zaharrean alde zaharrena den kaletxo deigarria, estua, gatza edo etxean falta dena leihotik leihora, etxetik etxera emateko bezain estua; ate gotikoa du etxetxootariko batek.
Akueduktoa doa hemen ere etxeteriari lotuta, etxeak isatsi dizkiote hiri barruan, harresietatik kanpo aldiz 7 kilometro eta erdian luzatzen da, izugarrizko altuera hartzen du, basta bestearen gainean, bata bestearen euskarri, euskarri dotore, arku pila direla ubidearen egitura.
Eliza piloa, ohi denez: Kontzesiokoak gotorlekua dirudi kanpotik, mendi ia gorenean dago egon ere; barrutik, ordez, jauregi bateko aretoa gogarazten dute marmolez dotoretutako aldareek eta koruko urre koloreko organoaren karkasa erabat landu ederrak: musika soinu goxo batek erakargarriagoa egin digu barrunbea. Ate manuelino bitxia da sarreretako bat. Consolaçao, oktogonal txikia izanik, kapera borobil handi baten tankera ematen diote azulejoz estalitako hormek, kupulak eta 8 zutabe pintatuk: aipatzekoa zutabe mehe baten gainean zutitzen den pulpitutxo xarmanta, burdineria landu ederrez osatua.
Kanpai-hots luze ozenez jo ditu hamarrak eliza-dorreak.
Ahuntzak ikusi ditugu gaur, atzo aldiz ez zen ahuntzik.
Errepideak ez du patxadarik Estremoz-era bidean: asko dira autoak, kamioiak ere ugariak, motel doa trafikoa errepidea ona den arren.
Herrietatik nahiko albo egiten du bidea errepideak, ez dugu beraz herriez ezer jabetzeko aukerarik izan. Nahiko itsusiak daude errepide inguruak. herri inguruetan batez ere, etxe eta etxe-bueltako berrikuntza lanengatik izan daiteke, baina baita utzikeriagatik ere.
Mendi-tontortxoak gauzatzeraino pilatuak daude, nahasian, lurra eta harri zuri zatiak biziki gure arreta jasoz. Marmol erakusketa batek eman digu matazaren hari punta, eta Estremozko sarreran aurkitu dugu matazaren muina: marmol harrobi eta lantegiak nagusitzen dira Estremoz-ko sarreran, ugariak dira marmol harrobiok, beherantz zulatuz ateratzen dute harria eta hondakinak zein lurra alboetan pilatzen.
Estremoz. Erabat bestelakoa zen oroitzapenean nuen herria. Nire gomutako bazterren bila ibili naiz aurkitu ezinik. Ez da nire buruko argazkiko hiri zelaia: aurkitu dudan hiri benetakoak gaztelua du goian eta herria beherantz dator mendi magalean; nik erdiko irudi eder batekin dotorea uste nuen urmael karratua, erabat arrunt da, erdi utzia dago, eta erdiko irudia herio-aingeru zuria da sega beltza eskuan duela; dorre nagusiaren alboan edo aurrean plaza txukuna gogoratzen nuena, kainoi eta kainoi-bonbaz apaindua, aparkaleku txukun zaindua da gaur egun; egun hartan dorre goraino igo nuen, gaur ez: Pousada dotorea da gaur egun, dirudunentzako soilik zabalik. Galduak zeuden nire kaskezurretako zirrikituetan hiriko beste eraikin eta txokoak, baina ustelak gertatu zaizkit gomutan iraun dutenak.
Hiribildua izana, ate batetik sartzen da oraindik hirira. Ezin uka ederra dela, merezi duela bisita, ibili baterako inguru egokia suertatzen dela, baina ezin uka ere ez dela hiri erakargarria, zuri zaharra dela bere zuria. Edozein hirik du beti zerbait soa merezi duenik, Estremozek ere. Marmola darabilte erruz etxegintzan zein zoruan, estatuetan ala monumentuetan. Gaztelua, herritxo bat da, kale estu eta bihurriko hiribildua, baina ez du xarmarik, pobreen bizilekua dirudi, etxe erori asko du; tontorreko eraikin nagusiak soilik daude zainduak; ederrak dira goieneko eraikinok, batez ere marmol zuriko elizpe eta sarrerako arkuteriaz edertutako eliza museoa bihurtua, dorrea eta beste hainbat: tximinia erakusketa dirudi teilateria gainak: zortzi tximinia ezberdin gutxienez zenbatu dut. Plaza pila ditu, izugarri zabala bata, behean, aparkaleku bihurtuta: autoa da gaur egun herri orotan agintzen duen jauntxo eta erregea. Pelourinhoa plaza biluzi zabal batean, ederra urik gabeko marmolezko iturria baztertua bezala... Zezen-plaza ere badu.
Kolore biziko zeramika da eskaintza nagusia, horrez gain ontziteria eta irudi nanoak omen oso bertako buztin-lana.
Turista bakar batzuk besterik ez gabiltza, begiratu batean ez dirudi hiriak turistak erakartzen ahaleginik egiten duenik ere.
Bada oraindik auto artean zalgurdian dabilen agurerik, aro berrira jarri ezinik.
Evoramonte. Gaztelu erraldoia duen herri nanoa: erakusteko dute gaztelua, erakutsi beharrik ez duen arren: urrutietatik ikusten da tontor punta zorrotzean; mendia eta gaztelua biak borobilak; bertaratuz harresiak ikus daitezke gotorlekua inguratuz. Kolore berdea nahasten dute zuriarekin etxeak pintatzerakoan.
Matoi txulo itxura dute poliziek: bota beltz, silbote hasia eta aurpegi beltza…
Artadian ezkutatzen bada ere noizbehinka, erabat hausten du natura berdea autobideak porlanezko izugarriarekin, zubi erraldoiekin.
Lasaia da Evorarainoko errepidea, autoek autobidera dute joera nonbait.
181 kilometro, horiak J.Juan Txiki egunean.
Ia horizontalki eguzkiak kanpina argitzean arratseko azken orduan, izugarri begibistaratu du argi izpien bristadak aireko intsektuteria: urrezko perlez osatu da ingurua, airea osoki betetzen zuten puntu argiz. Geroxeago katakiak agertu dira: ia lurra ukituzko hegadan, bizkor, sigi-sagan, gaueko ehizan.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Ezin ukan azaletik doala liburuaren mamia.
Ekainaren 26a. Larunbata. P:26.a
“Karttografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “beste nonbait egoteko gogo absurdoa”. Zergatik absurdoa?.
Portugalen ikustekoa, ikusi beharrekoa edo ikustea merezi duena ikusi dugula sentipena dugu. Hemendik aurrera ibiliak motzagoak eta egonak luzeagoak izanen dira, hondartza ertzeko egonak eta egunak. Halere jabetu gara Alentejok mila zoko eta zerikusi dituela bertan jarraituz gero. Azala, kanpoko mintza besterik ez dugu ezagutu, are gutxiago ezagutu dugu Portugaleko giza osagaia. Baina bagoaz. Lekuz aldatsen den altzaria ote garen sentipena dugu hor sakoneko zirrikituan, bidaiariak izaki.
Abian gara Hego-Hegora. Ollokiegi, NA matrikula gurutzatu dugu, Lisboara norabidean gu, Espainiarakoan bera.
Tximiniak: bizimolde zein egoera ekonomikoaren ezaugarriak dira tximiniak, beraiek erakusten digu nolako sukaldea den, basotik bizi diren, labarik duten edo ogirik erretzen duten, ... Hemengo etxetxorik txikienak ere bi tximinia ditu, bata behintzat beti da handia. Beheko sua dutelakoan gaude eta paraje honek oso hotza izan behar duelakoan.
Behi aldrak, ugariak; talde bateko behi bakoitzak hegazti zuri lepo-luzea du alboan, behi bakoitzak gutxienez hegazti bana: kaka-plastadaren zain nonbait, ia digeritu gabeko alerik agertzen den, agian hankek lurra noiz harrotuko ia zomorrorik bistaratzen den.
Alcacer eta Grandola bitartean bada arroz-soroa nagusitzen den bailara bat.
Argindar burdinazko poste ilara erraldoia doa baso erditik Alcacer do Sal inguruan, basoa erdibituz, kale artez luzea zabalduz zuhaitz artean; horrelako asko ikusi ohi da Europan, baita Euskal Herrian ere: gureetan agian Frantziarekin dagoen argindar trukaketaren ondorioz, agian industriak beharrezkoa egiten duelako. Ez dugu Portugalen hain argindar-garraio erraldoirik ikusi orain arte; argindar-zentralen bat da Alcacer inguruan nonbait. Garai batetan esan ohi zen argindarra zela herri baten maila ekonomikoaren ezaugarria: hala balitz Portugal ez litzake oso aberatsa. Diruz behintzat.
Lurrak beherantz egiten duen bakoitzean sortzen da zubia, garaiagoa eta luzeagoa beherakoa sakonagoa bada, beti paisaia hondatuz. Elkarrekin goaz autobidea, bide-berria, argindarra eta trenbidea: lau komunikabide mota elkarren albo, pasabide bera elkarrekin lehiatuz.
Kilometroetako artelatz baso trinkoa izan dugu lagun Melidesera bidean: itsaso berde iluna bihurtzen zaigu aurreko lautada osoa aldats gain garbia behatoki zaigunean. Tarteka ikuskizun bitxi, bereziki ikusgarria, zaizkigu artelatz gerri biluzi gorrixkak oraindik ia zerumugan dagoen eguzkiak horizontalki argitzen dituenean, meskita bateko zutaberia irudi.
Zinez erakargarriak dira nekazal etxeak: zuria horma, gorria teilatua, okre edo urdinak leiho eta ate-bueltak, kontraste dotorean. Itsaso inguru dena da hondarra eta pinua, tarteka eukaliptoak du bere lekua. Baita betiko pinu edo pinu buruhandiak ere.
Hara non agertu zaigun itsaso urdina aurrean, ikuskizun berri bitxia eskainiz: itsaso urdin iluna urrutian, baso berde iluna gertuago, bi lautada ilun ezberdin bata bestearen jarraian.
Praia da Gale, kanpalekuan kokatu gara, Grandola herrian, Alentejo lurraldean. Erdi-itsuan ibili gara, beste kanpaleku batetara jo dugu lehenik kanpaleku-gidari jarraituz baina erabat pribatua zenez ez gaituzte onartu. Herri oso bat da kanpalekua, herri handia, eliza falta zaio soilik; pinu artean, kale-izen eta guzti, herria bailitzan antolatua dago esparru zabal bat; hareazko zoruan nahasian barreiatuta daude beste zenbait etxatoi, eta azkenik itsas gaineko zoko atseginetan dute egonlekua beste askok. Lepo dago kanpalekua, erruz jotzen dute portugaldarrek itsasertzeko egonlekuotara, asteburu pasa, gizentze alde, egonera, ... Ikusgarria da zenbateraino finkatuta dauden etxatoiak: txalet txiki batena da bakoitzaren ataria, dotorea, zaindua, lorategi zainduz egokituak, barandadun erosoak, ... bata bestearen gainean baina dotore: asteburuetako pobreen txaleta, pobreek ere badute-eta amets egiteko eskubidea.
“Cómo está la señora?. Yo soy siciliano. Napolitanos?” bota digu kanpineko zabor-kamioilariak. Nafarrak garela ba!. Matrikulako NA Napoli zela uste izan du. Aostako kanpinean begiak brist etorri zitzaigun gizontxoa gogoratu dugu, gure orduko SS ikusita bera ere Sisarikoa zela esanez.
Berehala egiten dute taldetxoa umeek, etorri berriak zein bezero zaharrak: umeak beti ume, oin azpian sua balute lez egonezinean beti, jostari eta elkarren lagun.
Melides. Hondartzarik gabe baina hondartzatik hur, aparteko xarmarik gabe baina uda giroz blai.
Marrazki bat du zenbait tximiniak, egiturari bizitasuna gehituz.
Vilinho de Estrada. Bideberri ertzean banaka banatutako lau etxetxo luze besterik ez: izenak ez dio gezurrik.
Menditsua da Grandolara bidea, gureetan pinudiak lez hemen artelatz-basoak osatzen dituzte mendiak. Errekastoa ur-negarra baina gehiago ez da mendi-zuloan.
Ez dabil arimarik barruko errepide txikiotan, ez autorik ez kristaurik.
Grandola. Herri argia, txukuna, zabala, handia honerako, nahiko zaharra; dotore zaindua du erdigunea, non lorategiak betetzen duen plaza, eta musika-kiosko ederrak osatzen plaza. Ez da geratu eta ibilaldia egitera deitzen duen horietarikoa.
Saltzaile-postu pilak hartzen du bide ertza Alcacer-era bidean, aterpe zabaleko saltoki finkatu iraunkorrak.
Lur-barrutik goaz, harea zuri eta pinu buruhandiko duna tankerakoen artean, itsasotik kilometro askotara bagaude ere. Lau etxeko herriak, iragarriak daudelako herri. Artelazki pilatua han-hemenka.
Alcacer do Sal. Jostailuzko herritxo zuri-gorria berdegune batean, horrelakoa ikusi dugu urrutitik. Handia eta gizena bihurtzen zaio inguruan Fado ibaia, izugarri zabaltzen da padura, itsasadar eta albufera bihurtzen baitira bertan elkartzen diren hainbat ibai. Ugariak dira zubiak, bada bat ezberdina, irekitzen den horietakoa, bere burdinazko tramankuluez deigarri.
Herria. Ibaiaren ertzean kokatua; turista-herria, jenderik ez badabil ere joan gatzaion orduan. Ez dago zaindua, pintura zuriaren premian daude etxeetako hormak, baina herri erakargarria da, herri atsegina bihurtzen da, ez dakigu zergatik. Oinezkoen kalea doa barnetik eta ibilbide estua ibai gainetik, elkarren pare biak, luze biak, ibaiaren luzera jarraiki. Zikoniek habia-toki hautatu dute eliza handi bat, deigarria da hango habia pila: bazka leku oparoa izaki padura. Badira tontor batean eliza eta eraikin arrunt handiak.
Nabarmen igartzen da kendu egin dituztela katakien habiak teilatupe batean, ondoren kataki irudi beltzak marraztu dituzte habiok zeuden lekuan, zokoa hartuta dagoelakoz ustetan habi berririk egin ez dezaten edo.
Alargundu berria zirudien emakume bat zegoen, zotinka, bere penak dendari gizonezkoari kontatuz erosketak egitera sartu garenen. Dendaria zen emakume haren aitorle, psikiatra, eta psikologoa: entzuten zekien pertsona, hara hor gakoa.
26 kilometroko albufera da ibaia Comportara bidean, ibaiak ureztatutako arroz-soro izugarri zabalak bilakatzen dira gero lurrak eta itsasoak itxuraz zabalago egiten duen amaigabeko lautada itsasora arteko azken kilometroak.
Eraiki berriak dirudite zenbait herritxok, hain dira txikiak etxeak, hain daude zuri eta brist!.
Comporta. Leiho eta ate-bueltek urdin egiten duten herria.
Troia penintsula. 17 kilometroko duna luzea, errepideak erdibituta: itsasora aldea hondartza da, itsasadarrerakoa aldiz padura edo arroz-soroak. Horrez gain, dena da pinudi. Nahiko berean jarraitzen du oraindik, hotel gunerik bada ere. Penintsula ertzean bai, han zeruratzen dira 7 etxe-orratz, onerako eta txarrerako, gizakiaren ahalmena erakutsiz. Harea zuri-zurikoak dira inguruko hondartza denak, harea zuri-zurikoa da hondartza hau ere: Setubal hiriaren eta Arrabida mendilerroaren aurrez aurre, bere-berean dirau, itxuraldatu eta egokitu gabe, nahiz etxetzarren pean. Uholdeka dator jendetza eta autoa Setubal-etik ferryetan, inguruko hondartza eta herrietara barreiatuz.
Cetóbriga, erromatarren aztarnak iragartzen dituzte. Ospetsuak omen.
Zikoina habiak lirateke lurraldeko ezaugarria: urte osoko bezeroak omen zikoinok hemen.
301 kilometro, itsas bazterrerainokoak, baina oraindik Alentejon.
Orpo zartatuak ur gazitan beratuz eta azal gogortuak hondartzan mehetuz nenbilela, oin lorratzek galdetzen zidaten zenbat iraungo ote duten nire giza arrastoak gizartean. Gauzatu ninduten indar kosmikoak iraungo dute, beste zerbait gauzatuz. Besterik ez nire inguru minaren ondoren.
Infinitua da hondartza meharraren zuritasun luzera, amaierarik gabea, batera zein bestera begiratu.
Hareazko harkaitzak dira hondartza babesten duten labarrak, mila erretentxotan haizeak eta euriak zizelatuak, ekaitzek zimurtuak.
Izugarri bizia da kanpina. Herritxo bat. Lagun-giroa, adiskidantza, agurrak, kontu-kontaketa, airea biltzen duen gaueko berbaroa...
Izugarrizko bizipoza, ametsa, lilura, ilusioa dario etxatoi bakoitzaren antolakuntzari. Asteburu bakoitzaren erakarpena, bizitzaren bizipoza, iraupenerako hauspoa, egunerokoaren etena, asterako arnasa. Hori dena eta gehiago nabari da kanpin osoan: herri baten bizitza, herri baten aurpegi bizia. Portugaleko puzzlearen zati bat.
Gauean txaletago dirudite etxatoi inguruak. Luze doaz afalondoko berriketaldiak. Gaztetxoen eleketa ozenak biziberritzen duen une alaia da ilundu ostea. Gau erdian kanpotik etorritako bisitariak agurtuz ari dira etxatoi atarietan,.
Ilargia dugu goian, deigarri, beterantz bidean, norbera ere beteagotuz.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Irakurketari hutsik ez egiteko tartetxoa
BIDAIAK 99- PORTUGAL
Ekainaren 23a. Asteazkena. P:23.a
Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Musika eder askori ezarri diote / izugarrizko izena. Bataglia, Bataila”. Mota orotako artelanek dute akuilu eta oinarri guda; Portugalen, adibidez, izen bereko Batalla Monasterio miresgarria.
Bideak ikasi eta gurpilen hots etengabekora ohitu garenean, bide nahasiok beti-betikoak bailitzaizkigu bezala gabiltzanean, soinurik ez balego lez baretzen ikasi dugunean, alde egin behar dugu. Gogoko dugu jadanik kanpina, adiskidetu gara berarekin. Baina ez gara egonera etorri, bazterrak ezagutzera baizik. Ikusi ditugu Lisboa eta bere inguruak
Aldaketa eguna beraz. Alentejora dugu gaur hegazkada, Evora aukeratu dugu kokaleku Alentejon.
Autobidetik begiratuta, altzifre, nekosta, basoa dirudi Lisboako hilerriak, Aldi berean akueduktua dager, luzea baina batez ere garaia eta argia, mendi-zuloa zeharkatuz. Ezin da gaur zubia bere handitasunean ikusi, behe lainoak estaltzen baitu, burdinazko zutabetzarrak eta burdina luze borobiltzarrak diren kableak ditugu ikusgai soilak zubi gainetik goazenean: zirraragarria da batetik besterako luzeran kableetatik zintzilikatuta goazen sentipena. Trafikoa, beldurgarri trinkoa da, autoz lepo dago autobidea, hala zen beste egunetan hirira sarreran, berdina da gaur hiritik irteeran ere, barea, mantsoa, da beraz gure ibilia; kilometroetan luzatzen da hiriranzko auto ilara, Setubalera bidegurutzera arte; geldi dago sarri autoteria, barraskilo ibili geldian doa dabilenean ere: astuna da hiriburuari ordaindu beharrezko zerga.
Lainopean ere ikus daiteke Salazar diktadoreak jasotako Jesuen Bihotzari Monumentua: gaur egun, Diktadorea salatzen du Jesus goratu behar zuen iruditzarrak, baita eliza bera ere, irudi delakoak gogarazten baitigu izan zela diktadore anker bat Jainkoaren eta elizaren laguntasun premia izan zuena.
Atzo Mendebaldera lez, gaur Ekialdera aurkitu ditugu Lisboako lotegi diren hiri berriak.
Trikua, auto gurpilak zapaldua, errepidean. Portugalen ikusten dugun aurrena da, Europa Iparrean ostera, pila ikusi genuen. Eukalitadia ez da nonbait triku leku. Zakur banaka batzuk bai aurkitu ditugu errepideetan autoek garbituta.
Hondar itxurako horixka da lurra hemen. Mahasti sekulako zabalek betetzen dute Setubal ingurua. Bada ureztatutako lur landu zabalik ere.
Autoaren aroan sartu berria dela dirudi Portugalek: berriak, bizkorrak eta handiak dira autoak: eztanda egin du autoaren boomak. Autoz gainezka daude hiriak eta herriak, ez dago autoa non utzi edo non gorde, aparkalekurik ez da oraindik autoen arabera egokitu, badirudi auto uholdeak aurre hartu diola aurreikuspenari. Eremu urdinak, delako OTA, ez dira garestiegiak, autoa erosteko erraztasunak emanez edo.
ALENTEJO
Gutxitzen, desagertzen joan da eukaliptoa, paisaia berri bati leku emateko. Dehesa edo larre-lautadak ditugu orain paisaiako osagai berriak: belar lehorreko lurralde horia, artelatz, arte eta txapel zabaleko pinuak estaltzen dute nolabait biluztasuna. Tarteka galsoroak eta arto-sailak. Paisaia bitxia, erakargarria gure begientzat. Ekainean hori badago belarra, nola egongo ote uda erdian. Ez da herririk, ezta herriren baterako errepiderik ere.
Vendas Novas: azalik gabe, gorrixkak daude artelatz gerriak, biluztasunaren gorritasunez. Behi aldra bat.
Montemor o Novo. Gaztelua eta kobak dituzte erakusteko, errepide bazterretan nabarmen iragarriak. Kobak!, mendirik ez badago ere.
Hasi dira etxetxoak ugaltzen, granjak ugaritzen; sarriagoa da olibondoa, palmondoren bat ere ageri da. Oso zuriak dira etxeak, marra urdinez biziagoak, eliza handi bat tontor batean; behiak... Gizatiartu zaigu lurraldea, inguruan gizakirik ikusten ez badugu ere.
Ia ez dabil autorik autobidean, ez Espainiarantz ez Lisboarantz: Evorak berak ere ez du harreman handirik nonbait hiriburuarekin. Autobide albotik, ibilbide paretsuan, doa doako errepidea: bertatik dabiltza kamioi eta autoteria: mingarria da hemen ere ordainketa kontua. Tristea da autobide erdiko tartea, zaindu gabea dago, lehorra, belarra ebaki besterik ez diote egin. Ertzak ere berdin daude, triste eta lehor. Agian urik ez dago, eta besterik ezin da egin.
Desagertu egin dira zuhaitzak, galsoro izugarriek eman die jarraipena. Ebakita dago ia gari dena, fardo borobiletan bildu eta lotua lastoa. Hainbat lursailek, berriz, utzitakoak dirudite, belarra horitua dago, burua erabat eginda dute belarrok.
Haize-errota biribiltxoa, zaharra, txapela ez ezik burua ere galduta, bide ertzeko tontor batetan: garia bai bada lurralde honetan, errotarik, ostera, ez.
Larre-lautada berriro. Evora aurretxoan zezenak. Behingoz!!!. Faltan botatzen genituen lur mota hauetan. Zezen adar-luzeak, zezen aldra, arbolapetan barreiatuta, belar lehor horitan, galsoro ebakietan.
Hamarretarako jaso du behe-lainoak, goi-lainorik ere ia ez da: erreko gaitu gaur ere eguzkiak.
Kanpina, hiritik gertu dugu, txukuna, zabala, eukalipto artean, eukalipto zahar eta lerden pean, belar idorra zoruan. Hiru izarrekotzat kobratzen dute, jabetza pribatua du, ugazaba negoziogilea da bere jabe eta arduradun; baina dutxa gabe utzi nau dutxa-leku guti duelako, dauden denak okupatuta zeudelako, harrikoa ur hotzarekin egin behar dut eta igerilekua ordaindu egin behar da: nork zioen zerbitzu hobea eskaini ohi duela jabego pribatuak?. Zalditeria dago kanpalekutik oso hur kokatua: ez dakit zaldi zalerik ekarriko dituen kanpalekura, euliak behintzat ekartzen ditu. Parez-pare dugu Evora hiria: ez da oso goian ikusten, lautada baino goraxeago bai, muino leun zabal baten gainean. Katedrala behar duena nabarmentzen zaio goren, sendokote, dorre txaparro eta kupula borobilekin, gotorleku ilun bat lez.
Evora. Oroitzapen gozoak ditugu hiriaz: arratsalde erakargarria bizi izan genuen aurreko bisitaldian, ilunabarrera arteko ibili bakartia izan zen gurea, kale-artean bazter eta txokoak aurkituz eta beraiez gozatuz. Ez digu oroipenik zapuztu gaur ere. Nahasian daude hotelak, industria zerbitzuak, lantegiak, nekazaritza... sarreran eta inguruan. Hiri xarmanta; planoa eskuetan hartu eta bazter bila hasi, edo planorik gabe kaleetan galdu, aukera biak dira balekoak, edozein ibilbide mota aukeratuta ere ederra da hiriari bisita. Edonon du zerikusi, edonon zeri begiratu, nonahi egingo duzu topo eliza edo jauregiren batekin, nonahi bazter xarmant batekin; ejertzito eta poliziak ere eraikuntza apartetan dituzte jarrita bere egoitza-kuartelak. Kanpoengo harresiak osoki iraun dute ia inguru osoan hiribildua jite petoz bilduz, zainduak daude harresiok, deigarriak dira.
Kale-sare oso txukuna, garbia; harrizkoak ditu ate gehienak: hiru etxe-sarrera gotiko ikusi ditugu; jauregi apartak; plaza eta bertako balkoiak ikuspegi zabalarekin lautadara begira goienean; etxe-kantoi, teilape eta leiho-ate bueltak okre pintatuta, fatxadak zuritasunaren zuriz brist, harrizko etxe aunitz; plaza, luze zabala, arkupeduna, ezer bitxirik ez duen arren bertan gustura sentitzekoa; etxeekin bat eginik, itsatsita, arkuak etxeen horma bihurtuta edo kale arteko zubi, akueduktua hiriaren bihotz-bihotzean; jarraipena du hiritik kanporantz akueduktuak, luze eta garai, autoak azpitik zeharkatzen dutela; harrizko lokarridun leiho eta balkoiak, arkuak, etxetxoetako atetxo gotikoak, patioak, iturriak, erromatar tenpluaren hondakinak, leiho-balkoietako burdinateria, harzola, mila zoko eta xehetasun, gustuko dituenentzako...: erakargarria da kale arteko ibilgua, edozein kale hartzen duzula aurkituko duzu zerbait. Autoak auto, lasai ibiltzeko hiria, patxadakoa.
Dendateria bikaina du, agian turista eta bisitari ugariei begira. Kolore bizikoa da zeramika; saltzaile ugari dago katedraletik plaza nagusirako bidean, kalea bera ere saltoki bihurtu dute dendek, baina ez dago itomenik, ez da kinkila dendateria, ez da lourdes, bertako artisau lana saltzen da batez ere.
Eliza pila dago, ez dute beste munduko ezer, berenez tokatzen zaien osagaiez gain, baina denek dute berezitasunen bat. SE katedrala, gaztelu jitea du, are gehiago bi dorre sendo karratuekin, gotiko eta erromanikoaren zubian, sarrerako arku gotikoa tunelpea bailitzan oso sartua dago harrizko aterpe pean; leihoak dira deigarriak, ezberdinak direlako. Carmo eliza, sarrera bitxia du, ohiko arkuak ditu kanpoan; barruan, bi organoek merezi dute begirada bat, batez ere sakristiako armairua dirudien organo pitxiak; ezker hormako gorenean irudiz osatutako korutxo batean dagoen pulpitua; koruaren luzapen bezala alde bietan aurreraino luzatzen diren balkoiak; santu-irudi ederrak eta xelebreak… horiek lirateke elizako ikusgai deigarrienak. S. Joao, itxi egin dizkigu ateak, baina ikusi ahal izan diogu horma oro erabat estaltzen duen azulejoteria paregabea. S. Franzizko, merezi du bisita, Erdi Aroan eraikitako handienetakoa omen: Gizadiaren Ondarea izendatu omen dute; badu ederra den zerbait. Nossa Senhora da Graça, bi zatiko sarrera edo fatxada du, bitxia, erromatar tenplu baten jitekoa.
Autoak dira Evorako orbana, uneoro agertzen zaizu bakarren bat, edozein kaletan zabiltzala, gozamenaren xarma eta lilura hautsiz.
S. Juanetan gaudenez feria erraldoia dute hiri barrenean: herri oso bat da feria bera, Alentejoko artisau ororen erakustokia, artisau erakusketa oparoa, horrez gain bestelako denda-sail ibiltari erraldoia eta txosna-lekua. Zaldiko-maldiko pila. Gauez joan bedi gustukoa duena, giro bikaina aurkituko du eta.
Portugaldarra beltzarana da, ez dugu hile horirik ia ikusi ere egin. Txikitxoa. txaparroa.
141 kilometro, Alentejoko lautada hori arboladunean.
S.Juan erritoa bete dut: ez du izan iazko laku aurreko lilurarik, ez eta Coloniako Rhin bazterreko xarmarik, baina Euskal Herriko sanjuan-su guztien solidario eta Euskal Herriko zati sentitu naiz. Sua nuen oinetan eta ilargi-behera goian. Suaren erritoa, biziaren itxaropena eta lilura.
“Esku leuna”. Gotzon Garate.
Nire irakurtzeko grina asetzen dit behintzat.
Ekainak 24. Osteguna. P:24.a
“Kartografia”: Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Jadanik baso ez diren basoak, / jadanik palazio ez diren palazioak / ikusten ditut, errautsak eguzki galdatan”. Jadanik gaztelu ez diren gazteluak, jadanik gotorleku ez diren gotorlekuak, jadanik ezer gordetzen ez duten harresiak, jadanik herri ez diren herriak, gizaki ez diren gizakiak, ikusten ditugu, franko ikusi ere, gure bidaian. Baina baita gaztelu, gotorleku, harresi, eliza, herri, eta gizaki diren gazteluak, gotorlekuak, zer ederrik biltze duten harresiak, elizak, herriak eta gizakiak ere ikusten ditugu.
* “Baso umilak ikusten ditut istorioak kontatzen, / hemendik egin zidaten lehen bidea. / Bihotza bitan zatiturik, / zaldien gainean erregeak”. Atzo autoz autobidetik, burutik nerabilen nola autobideak zatitu duen, erabat erdibitu duen, larre-lautada ikusgarria. Auto gaineko jauntxoak garela darabilt gaur kaskotik.
* “Hemen bizi ez garelako da paradisua”. Paradisu dakusaguna bidaiariok, infernua ez ote bertan bizi direnentzat, ala guk infernu dakusaguna paradisu ez ote bertakoentzat. Herritarrengana hurreratuz soilik jakin daiteke bertakoen benetako egoera eta sentipena. Bizkorregi eta azalegi goaz bidaiari hegalariok sekretu hori argitzeko.
* ”Ezdeusak baina bizirik: horixkak, ñimiñoak”. Zenbat aldiz liluratu gaituzte baso eta bide bazterreko lora xumeok!. Ezdeusak eta nanoak gara gu biok ere, baina hemen gabiltza!
San Juan Eguna
Hemen dabiltza alemanak, holandarrak..., jubilatuak ez ezik gazteak ere: Ipar Europaren gaur egungo turisten inbasioa, ekonomiak eta politikak egin duen inbasioaren izpi bat besterik ez da.
Gizonezko bikote banaka ugari ikus daiteke kanpinotan.
Alentejoko lautadan eman dugu eguerdi berandura arteko goiza, beroak eguna lokartarazi duen artekoa. Adarrak elkar lotuz ingurua osoki gerizpe bihurtzen duten artelatz baso trinkoak zeharkatu ditugu Almendres-eko kromlech edo harrespiletara bideetan; artadiek bildu gaituzte tarteka, eukalipto basoren batek Valverden. Bejar inguruan aldiz lurraldea urre kolorez horitzen duten ertzik gabeko galsoro nekazariek eurek edo ibaiak zuzenean ureztatuek; ugariak dira mahasti eta artasoroak; orain arte urriak izan diren ekilore sail zabalak agertzen zaizkigu edonon: ez dakigu oliotarako ala pipatarako ereiten dituzten, agian bertan behera usteltzen uzteko ereinagatik dirutza jaso ondoren Espainian bezala. Zezenak, zaldiak, txerri bat ere bai, artelatz azpiko lur arre edo galsoro ebaki-berri koloreko artalde ile motzak, behi granjak, behiak: aldran larrean batzuk, azal zimeldu tolestuak besterik ez diren errapearekin bestetzuk, errapea esnez gainezka dutenak ere bai... ugaria da azienda Alentejon. Turismo-ehiza iragartzen da, turistek ehizaz gozatzeko esparruak, ez turistak ehizatzekoak.
Laua da gehienbat lurraldea, baina harrotu egiten da lautada Cubatik ia Evoraraino, leun, malda luzeetan, olibondoari aukera emanez. Xarrama ibaia zeharkatu dugu, ez da zabala, baina ur sakonekoa dirudi. Lursail ureztatuak tarteka: hainbat “barragen” edo urtegi agertzen da mapan; guri, lurraldean bertan, beheragune edo zulogunetan jaiotako urmaelak iruditzen zaizkigu , agian artifizialki beteta daude egon. Artzain bat aurkitu dugu Guadalupe inguruan, pista ertzean eserita, eguzkiak erabat belztuta, txakur beltza lagun zuela; behizaina aurkitu dugu gero Valverdera sarreran, ilun jantzita, kapela beltza buruan, kordobar antzerakor, buru-buelta zapal gogorrekoa: agurtu egin gaituzte bi artzainek, adeitsu agurtu ere, gure agurraren zain baleude bezala eurak ere, oraindik hemen iraungo balu lez gure txikitako legea, alegia agurtu egiten direla gurutzatzean bi kristau, eta bietako bata umea edo gaztea bada berak egin behar duela lehen diosala nagusiari eta honek erantzun.
Trikuharriak:
Hainbat daudela lurraldean diosku gidaliburuak; harri-bola pilatu dira guk errepidetik ikusten dugun hainbat eta hainbat, propio multzotuak dirudite, gehiegi dira baina trikuharriak izateko, agian naturaren lana dira, agian lurra garbitu behar izan duen nekazariarena.
Guadalupe: trikuharri bat, sasiak erdi janda dago pista alboan, ohiko trikuharria, gure begi ezjakinei ezer gutxi esaten diona.
Ba omen inguruan 2 metroko eta erdiko menhir edo iruinarria ere, baina ezin izan dugu aurkitu.
Pista da bidea, baina nahiko ona; merezi izan du, luze egin bazaigu ere.
Almendres: Kromlech edo harrespil izugarria: 95 omen dira zutikako harri-bolak, asko dira bai, harritzar handiak, garaiak eta sendoak, pare bat metro altuerakoak hainbat, gutxienez 60 x 30 metroko borobil zabalean barreiatuak. Zirrara eragiten du: duela bost mila urteko gizakiek utzitako monumentua artelatz baso erdian. Haien paradisu ala infernu?.
Pista hau erosoagoa da, honek ere merezi izan digu. Untxi edo erbi pila atera zaigu trikuharrirako autoa utzi behar izan dugun gunean, salto eta brinkoka, bihurrikerietan.
Valverde: Zambujeiroko trikuharria. Sinestezina. Asmaezineko harritzarrek osatzen dute barruko ganbara, zazpi zortzi bat harritzar, 7 metrotik gorako altuerakoak denak, proportzionalki zabalak eta sendoak, beldurgarri tzarrak, zut, goialdean elkar bilduz baina argiunea utziz. Penintsulako handiena omen. Ohikoa egitura du, bere sarrera luzearekin: tamaina da beldurtzekoa. Nola demontre tinkotu ahal izan zituzten. Paradisu ala infernu?.
Errepideak: zoru onekoak dira errepide nagusiak, bi bidekoa norabide bakoitza, marra zuriz banatuta norabide biak. Beste errepideak aldiz, bigarren mailakoak, tokiaren araberakoak dira: adabakiz josiak, itxuraz leuna baina triki-trakakoak, zati batzuk galtzadarrizko zorudunak, bi auto ia gurutzatu ere ezineko estuak tarteka... Baina errepide lasaiak dira, patxadako gidaritza egin dugu, gozatzekoa, lautada horian, artelatz basoan edo malda leunetan, olibondoz bilduta.
Herriak eta hiria: Zabalak. Tamainaz soilik dira ezberdinak, egituraz, aldiz, oso antzerakoak. Herri argiak, aratzak, alaiak, gustura bizitzeko eginak irudi; teilatu gorriko etxe apalak, behe solairu edo estai bakarreko etxe txikiek, elkarri itsatsitakoek, osatzen dute kalea; herri erabat zuriak, baina kantoi eta teilapeak urdinez eta okrez pintatuak dituzte etxe zein elizako ate eta leiho bueltak: oso kontraste atsegina egiten du batez ere kolore urdinak; bada harri gris edo harri argiko ate eta leihorik ere, baita etxe berririk ere, baina taxu berdina gorde dute denek. Galtzadarrizkoa da kale-zorua, zoru latza beti; oinezkoen kaleak marmola dirudien lauki txikiz eginak, mosaikoa bailitzan, marra beltzekin askotan. Ez dabil kanpotarrik herritxoetan, turismo antolatuarekin loturarik ez dugun kanpotar batzuk bagabiltza ere ibili Bejan. Ez da liluratzeko monumenturik baina herri gehienetan iragartzen dute paço, eliza edo museoren bat, ikusi ere ikus daiteke errepide bertatik badela eraikuntza deigarri, tentagarri eta bisitagarririk herriotan. Errepideak zeharkatzen du herri asko, zenbaitetara gu geu sartu egin gara zerbaitek erakarrita. Ez dakit nolakoak izanen diren elizgizonak eta Eliza bera, baina umil, isil, agertzen dira eliza-eraikinak. Infernu ala paradisu?.
Jendea. Xume jantzitako herri xaloa. Gizonezko asko dager kaleetan, horma kontra eta taberna aurrean eserita, jubilatu nagusi ilarak sarri, gerizpean eserita, makila eskuan. Txapela darama zenbait nekazarik: oso txapel txikia, ozta-ozta buru buelta hartzen duena. Norabidea galdetuz, errepidean bertan alditan, oso adeitsu jokatzen dute gurekin, zenbaitzuk lotsati; edozer galdetuz, adeitsuak dira: begietan, ahoskeran, keinuetan, esan beharrean, argitu nahian... igarri egiten zaie lagundu egin nahi zaituztela; “txirrinduen aienean” zebiltzanei ez bezala, guri ez digute ematen okerreko norabiderik. Aurpegiera alaiz edo kuriositatez begiratzen digute herrietan. Kamioren batekin gurutzatu ezinez atzera jo behar izan dugunetan irribarretsu izan dugu gidaria, herri barruetan zein errepide estuetan, inolako betozko ilunik gabe. Ez da ia gazterik ikusten. Gazteei ez die jakin minik ere harrotzen gure presentziak.
Zuri pintatuta daude granjak, baita belar-zuloak ere. Ebaki egiten dira, hemen basoak, ez da entresakarik joten nonbait.
Valverde. Dozena erdi bat emakume heldu ari ziren horma luzea zuriz pintatzen. Hilerri bitxia du, erdian bi erreskadan jasotako dorretxo zuri batzuk sortarazten dute gure jakin-mina: hezurtegiak dira, lurpetik hezurrak atera ondoren gorde nahi dutenen kutxa zuriak.
Egitura bereziko hainbat baseliza aurkitu dugu errepide ertzetan: kubo itxurako bat dute sarrera, jarraian itsatsita bobeda batez estalitako eraikin borobil bat du osagai.
Sao Brisos. Ezkutuan dago, gordea, bildua, ohikoak baino herri ilunago eta txikiagoa.
Moto txikia da lanerako ibilgailu edo garraio-tresna.
Tximinia handiak dituzte etxeek, baita herritxoetako etxetxoek ere: hotz egiten du eta suak ere handia behar du izan, agian ogia erretzeko labearenak dira.
Zikoina habia argindar tantai baten puntan: habia txikia da, hutsik dago.
Etzanda daude zezenak, alper, beroak eraginda edo.
Pelikuletako Afrikako sabanaren taxua hartzen diogu lurralde honi. Fardo borobiletan jasotzen ari dira belar lehorra, ez dakit lehor ala berde ebakitako belarra den; gari lastoa da segur aski.
Animalia handiak ditugu ikusgai, begi-bistan, baina ikusten ez dugun bizitza itzela behar du egon lur-zoro azpian, iraupen borroka lehiatsu eta ankerra ere bai: sugeak, arratoiak, matxinsaltoak... eta zomorroteria.
Na Sa do Livramento Anta. Baseliza bitxia. “Anta” trikuharriaren izena da nonbait. Baselizaren lehen zatiko kuborako trikuharriaz baliatu ziren, zuriz pintatuta dago trikuharria, baina nabarmenak dira haitz tzarrak, bisera balitza irteten zaio gaineko harlauzatzarra; baselizotako ohiko eraikin borobila trikuharriari itsatsita. Errepide ertzean dago.
Alcáçovas. Goragune batean, hegi osoa hartuz, zuri, agertu zaigu lehenengoz; oste dena hartuz tontorretik behera zabalduz ondoren. Paçoa du, bi kono mehe luze dira tximiniak, Sintrako erret jauregiaren antzerakoak, txikiak dira hauek.
Herri artean ez dago ez auzo, ez eliza, ez etxe, ez baseliza, ez txabolarik.
Torrao. Gain batetan, zuri-gorri. Sakanan Dorrao dugu, gaztelaniaz Torrano deitzen ziotena.
Etorbide bihurtzen dute errepidea gerri sendoko pinu buruhandiek.
Odivelas. Ez du errepideak zuzenean zeharkatzen, albotik baino.
Pare bat aterpe, bide ertzeko saltzaileek jasoak seguruenik: beraz ibili badabil bertakoa ez den jende bat, asteburuetan edo.
Barragen batetik dator Odivelas ubidea.
Ferreira de Alentejo. Handiagoa delako ezberdina. Bi baseliza ditu.
Kanoa bat zaldiak tiratuta.
Ez da kamioirik ikusten.
Beringel. Kanoa herri honetan ere, baina honek astoa du garraiatzaile.
Haize-errota ugari, hondatuak: garia eta errota elkarren lagunak.
Kontraste bizia erakusten dute lurzoru berean olibondo eta ekilore sailek
Beja. Alentejo Beheko hiriburua. Portugaleko lekurik beroena omen da Beja. Inola ere ez da turista-herria, bisitari bakar batzuk gabiltza bertan; hemen ez da turistengandik bizi denik. Herri atsegina, lasaia. Handia izanik, beste herrien taxu berdina du, bi solairuko etxeek ematen diote jite hori. Harri zuriko zoruak atseginagoa egiten du oinezkoen kale-sare atsegina. Bada Rua da Biscainha!!! izeneko kale bat. Ez du beste munduko monumenturik. Elizak bai baditu, bi, Miserikordiakoa bata eta Kontzesiokoa bestea, museo bihurtuta azken hau. Miserikordiakoa Alentejoko errenazimendua hobekien nabarmentzen duena omen: zutabe askokoa da, sakonera handiko arkupedun sarrera oso zabalarekin: ezberdina da baina ez du gatzik, ez edertasun estetikorik, arkitektoentzat ez bada behintzat. Kontsezikoa oso polita da. Pelourinho bihurri landua da Errepublika plazako altxorra. Kale batean balkoia landu xarmanta izan zaigu pizgarri, bera da halakorik bakarra kalean ez ezik hirian ere ibiltariaren atseginerako. Dorre luzeak iragartzen du urrutitik badela hirian gaztelua.
Zopa-ontzia erosi dugu: bila genbiltzan, Iparrean ikusi genuen gustuko bat baina ez genuen erosi, hemen aurkitu dugu beste bat. Donostian egondakoa da saltzailea, Baionara bidean omen du familia, “en el pais vasco-frances”; Iruñako berri du, zezenen aurretik egunkaria eskuan korritzearen keinua egin digu, sanferminetara joateko irrikaz dago.
Mertola aitatu digu zopa-ontzi saltzaileak: Guadiana ibaiaren ondoan kokatua, oso polita omen da, batez ere beroa. Egon ginen aurreko batean: herri zuria gogoratzen dugu, bertan sinagoga izandako eliza eta kandela eta loraz inguratuta zituen zutabe-gurutzea. Fortunatzen bazaigu Algarvetik joango gatzaio.
Saltzaile berak esan digu Paris zela duela urte batzuk Portugaleko hiri nagusiena: 800 mila portugaldar bizi omen zen Parisen.
Ia bakarrik goaz errepidean, lasai, arratsalde beroan, haizearen freskura lagun.
Portugaleko “aletegia”, gari hornitzailea, behar du izan Alentejok. Soria dirudi, urrutiko gandu ilunean bukatzen den itsaso horia. Gari motza da Alentejokoa, ez Iparreko gari lasto luzekoa: gure txikitako hazi zaharrarekin ote dabiltza oraindik iparrekoak. Gari-jotzeko makina bakarra ikusi dugu, nahiko txikia hain sail zabaleko gariarentzako. Egia bada garia lurralde pobreetako uzta dela, pobrea behar du izan inguru honek: lurra eta herria, biak ote pobre?.
Sao Matias. Asfaltatu gabeko zenbait kale ditu.
Gari alez goraino betetako atoia darama traktoreak. Ze diru emango ote dion aurtengo uztan erabiliko du nekazariak buruan, badaki zenbat izanen den agian. Urteko irabazi bakarra ote?. Nagusiena bai behintzat. Makinatxo bat izerdi kosta zaiona. Inorentzat ez badabil!.
Errotak, nola ez: bati gurutzea jarri diote txapelaren txortena bailitzan.
Cuba. Sarrerako kartelari bi kartutxo sartu dizkio norbaitek. Hiruzpalau kale girlandaz apainduta daude, dottore apainduta gainera: jaietan daude.
Tetanoaren aurkako txertoa aholkatuz jarritako paperak daude herrian.
Marraskiloak eskaintzen dituzte Cuba eta herri gehienetan.
Ez dute ez erraperik ez okelarik, zertarako ote horrelako behi aldra?.
Vila Ruiva. Baselizatxo zuri baten aurreko jatetxean bazkaldu dugu, Alentejoko paisaia peto-petoak inguratuta. Elizatxoa azulejoz erabat osatuak ditu hormak, pinturaz apainduak gangak. Elizaren kanpotik du sarrera pulpituak: xelebrea, apaizak kalera atera beharko zuen sermoirako pulpitura egiteko!. Bueltako harlauza artean mieloa hasten da erruz, pulpitura sarreran berriz menta belarra. Hilerria zuri-zuri bizi-bizia da, hildakoak musean gustura egin dezaten edo.
Erlauntzi pila.
Albito. Vila Alva izeneko herri bat ere bada inguruan. Izen txikigarriko herri txikia. Teilateria gainetik eliza-dorre zuria altxatzen da lerden, beste eliza handi bat herriko ertzean, bi baseliza ere baditu: ez dakit herri fededuna den, elizaduna behintzat bai. Bandera gorria ageri da PCren egoitzako balkoian.
Alvitotik Vianara bitarteko bidean gortzerainoko txitxar hotsa dator olibondoetatik, izugarri ozena.
Viana. Eliza-fatxada bitxia ikusten zaio.
216 kilometro, S. Juan egunez, itsaso horian.
Afari gozoarekin, nola ez euskaldunak izanda, ospatu dugu S.Juan eguna.
Auzo ditugun holandar bikote parea txirrinduz ateratzen dira kanpinetik. Koadrila adoretsua hemengo errepideetan ausartzeko. Etorri ziren ilunabarrean ere atera ziren: badirudi egun galdua zaiela txirrindurik gabeko eguna, gorputzak eskatzen die pedalei eragiteko morrontza.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Entretenitzen nau tartetxo batez gutxienez.
Bidaiak 99. PORTUGAL
Ekainak 21. Astelehena. P:21.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “... goiz batzuk Haydnen Sinfoniak / bezala dira jaiotzen”. Goiz orduetan, lehen errainuek han aurreko etxe-orratzen goieneko ertzak gorritzean, sinfonia miragarria dira Monsantoko zuhaitzak.
Behin ere ez nago bertan, beti nago urrunago. Horregatik zait zaila egona eta geldia.
Lisboa hegoaldera goaz gaur.
Apirilak 25 zubia zeharkatu dugu. Luzea da, luzea egiten da gainera. Izugarrizko hotsa da bertan, goian, ere, burdina-sare gainean doazen gurpilen ondorioz batez ere. Tunel batena bezalakoa ikusten da han urrunean zubiaren bukaera. Hainbat kale ditu, auto zaparrada beldurgarria da bertatik dabilena, abiadura bizian ibili ere: zirrara sartzen dizu, barrurainokoa, albo guztietatik sakatuta, erasopean bezala zoaz, joatera, bizkor joatera, behartuta.
Eukaliptoa agertu bada ere lehen orduko ibilian, gero ez da holakorik, gerri sendo eta buru biribil zabaleko pinu dotorea da nagusi, tarteka, belartza horituan. Afrikako sabanaren jitea du lurraldeak. Bertakoak dira ere olibondoa eta mahatsa. Aintziratxo batek eten du paisaia, bera baino inguratzen duen kanaberadi izugarri zabala da nabarmentzen dena: kanabera gazteak luze eta zabal hartuta esparrua, berde-berdea da bi mendixken arteko behe gune osoa. Hainbat animaliatxo egon behar du gordeta bertan, agian dortokak, guk ikusi ezin dugun mundu bizi berezia, bere antolakuntza, legedi eta arazoekin. Argazkirako geldialdian txorien kantu bereziak entzun ahal ziren. Bada baratze bat zati lehorrenean.
Herritxo ugari dago lur muturrerantz bidean, herri txikiak, etxe banakako herriak, berriak asko: udalekutzat aukeratu du hainbatek lurralde hau bertan bere etxetxoa jasoz. Haize-errotak bidaia osoan, herri orotako tontorrerietan haize-errotak, ilaran sarri hegietan haize-errotok, itxura txukunekoa hainbat: haize-leku ez ezik gari leku ere bazen nonbait bere garaian inguru hau; gaur egun, berriz, utzia dago lursail oro, belarrak janda.
Cabo Espichel-Lurmuturra. Itsasargia eta Na Sa do Cabo Amabirjinaren eliza daude kokatuta lurmuturraren muturrenean. Harrigarri gardena da lurmuturra inguratzen duen itsasoa, ugariak eta mardulak kaioak, faroa berriz ohikoa. Bi dorretxo moskote ditu elizak, oso zuria bera. Zabaltza antzerako bat eliza ostean, labarren gainean, ikuspegi ikusgarria eskainiz. Eliza atarian, solairu bakarreko ehun metrotik gorako bi etxe ilara, erdian patio edo garbi gune luze zabala bilduz: erromes atseden gune izana, etxebizitzak izan omen dira oraintsu arte; gortina hondakinak gelditzen zaizkie leihoei, adreiluz itxi berriak daude ateak: norbaitek atera nahi die etekina etxebizitzoi.
Sesimbra. Uderria. Udalekua. Arrantzale herria oraindik gaur egun ere. Aldatzean moldatutako herria, gainbeheran doaz kaleak, trabeskako kalerik gabe. Labirintua da alde zaharra, aldapatsua. Aldapan gora hasi da alde berria ere. Elizaz galdezka hasi gara, ohi dugunez, erdigunearen bila, baina alperrik, ezin dugu, ohi dugunez, eliza-dorrea jarraituz erdigunera jo ere, eliza eta eliza-dorrea ez daudelako ohi den erdigunean. Hondartza-gain inguruan dago erdigunea, uste ez genuen tokian. Oso herri atsegina egin zaigu. Jaietan daude nonbait, erabat apainduta baitago kaleetako bat. Hondartza luzea du, non jendea erruz dagoen igerian eta eguzkia hartzen. Seriotasuna ematen dio inguruari hondartza ertzeko gotorleku itxurosoak. Arrantza-tresnak gertatzen ari da hainbat eta hainbat itsasgizon, jo eta ke, hondartzan, hondartza gaineko pasealekuan, baita herri barruko kale estuetan ere: amutzarrak lotzen dituzte pita oso luzeetan, ondoren kurioso eta modu berezian batzen dituzte itsasoan zabaltzeko. Morru oraindik zuri eta garbi batez babestutako portu berri bat ere bada. 4 mastako belaontzia kulunkariak xarma ukitua ematen zion golkotxoari.
Goi batetan dago kokatua eliza, Sao Tiago du izena, garai batean herriko goienean izanen zen herria gainbegiratuz, gaur egun etxez bilduta dago. Barroko itxura nabarmentzen zaio lehen begiradan, Iparreko elizak gogaraziz, pintatutako zutabe borobilek sostengatutako marmolezko karratua, harri zizelatuz edertutako presbiteriorako arkua, kapitel landuak, pintatutako irudiz dotoretutako presbiterioko ganga, oholezko sabaia, pulpitu apaina, kiribilkeri urrez koloreztatu ugaria... badu zeri begiratu. Hemen ere baranda batek banatzen ditu elizako erdigunea eta aldareen aurreko esparrua.
Emakumeak dira kale garbitzaile Sesinbran, agian arduratsuagoak direlako eta hobeto garbitzen dutelako gizonezkoek baino.
Tontor zabala inguratuzko gaztelu baten harresiak agertu zaizkigu; gainago batetik ikusi ditugu geroago harresiok, santutegi itxurako eliza bat besterik ez da gelditzen herri osoa behar zuen barneko esparru zabalean. Haize-errota batek dirau alboko tontortxoan.
Serra da Arrabida. Mendizerra. Hegi-hegitik zeharkatzen du errepide batek, beste batek, aldiz, itsas kontratik, azpitik. Goikoari heldu diogu guk. Behatoki eta ibilbide paregabea, ikuspegi zabala eskaintzen du alde bietara, herriz zipriztindutako lurralde berdea da barrurakoa, hondartzek ertzak horiz marrazten dizkion itsasoa bestalderakoa
Txara berdea da itsasoraino mendia bera. Mendi magaleko berdegunez bildutako monasterio bat da ikuskizun, herritxo bat bailitz, etxe multzoa dirudi behetik begiratuz, multzotik gorantz ia ilaran hainbat kapera luzatzen dira, haize-erroten antza darien kapera borobilak.
Itsas kontra egin dugu ibilaldi bat mendi azpiko errepidean ere: ia mendia jan duen zementu-fabrika erraldoia aurkitu dugu, bere egin du itsasertza bera ere, porlana itsasoz garraiatu ahal izateko.
Aurrean Troia penintsula, luzea eta mehea, itsasoari muga jarriz, berak sortarazten du Setubalko itsasadarra; penintsularen mutur-muturrean 4 etxe-koadro erraldoi, inguru polita erabat desitxuratuz.
Erruz dator jendea itsasertzeko hondartzetara, dendateria merkeak eta autobus pilak esaten digu hala dela. Hiri handia da Setubal eta gertu dago. Izugarria behar du izan jendetzak hondartzotan igandetan.
Porthinho da Arrabida. Badiatxoa eta hondartza besterik ez da, ontzitxoak badia eta hondartzan, hondatutako ontzi baten bela bailira haitz bikote zorrotza badia erdian. Baztertxo atsegin-atsegina.
Setubal. Extremadura probintziako hiriburua. Itsasadar zabalaren ertzean kokatua. Industria-hiriaren jitea du, ez hiriburu batena. Handia eta erabat zaharra. Handiegia da alde berria, utziegia dago, aldiz, alde zaharra. Ez da inola ere ibilbide atsegina alde zaharra, alde berriak berriz ez du inolako erakargarritasunik. Alde Zaharra. Zaharrera mugatu dugu bisita: grazia txikiko zabala, zaharkitua, kolorgea, utzia, hustua ere bai. Taberna, jatetxe, eta txosna asko ditu, pila, bisitari aunitzeko hiria dela erakutsiz. Bazkaltzera joateko herria, ez denbora-pasarako ibilira. Portu baten jabe, itsasoa urruti gelditzen zaiola dirudi, guri ere urruna egin zaigu, eta ez gara portura hurreratu, gehiago dirudi industrigunea edo lantegia. Ezustea eman digu Setubalek, beste zerbait espero genuen gidaliburuaren gorapenei jarraiki. Ia argazkia ateratzea ahazteraino arrunta izan zaigu guri.
Zenbait osagai geratu zaizkigu oroitzapenerako: Zaharraren parez pare, luzera berdinean, parke zabala luzatzen da, aukerako egonleku arbolatsua, txorrotada luzeko iturri dotorez apaindua; herrian badira beste antigoaleko bi iturri, 200 urte ditu batek. Lixiba usaia darie kalean lehortzen jarritako arropa garbitu berriei. Arraia eta haragia erretzeko parrillak su goritan daude kalean bisitariei bazkari oparo baterako deika. Pikota edo pelourinhoa ere bada, xumea, nonbait jarri behar eta han dagoena. Estatua bat ere bai, Portugalen hain guti ikusten den apaingarria. Elizak, nola ez: museo bihurtu dute planta ederreko bat, harri gorriko sarrera ederra du; bestea ere ederra omen da; ez gara sartu. Gaztelua, goian dago ohi denez, baina erabat albo batera.
Erori egin da kale erdian adineko emakume bat, lagundu egin behar izan diot jaikitzen.
Palmela. Herri piko-pikoa, zabalak zein estuak kaleak, harri gorrixkako zorua. Behatoki aparta begiei inguru osoa eskainiz: “miradouro”ak ditu salgai oroigarri bezala bisitarientzat. Emakumeek lantzen duten lorategi zaindua, lorategian kioskoa. Gaztelua du, jakina, gotorra eta harroa gaur ikusi ditugun aurreko hirurak bezala: osotasunean biltzen dute harresiek tontorra, barrunbea ere osorik du honek.
Tarteka soilik ikusten dira herrietan musika kioskoak, politak dira daudenak.
Kosta egin zaigu etxera bideratzea, baina sartu gara azkenik hirian; ikasia dugu jadanik labirinto barruko nondik norakoa eta ardurarik gabe etxeratu gara.
Doakoa da irteterakoan zubi handia zeharkatzea, hirirakoan ordea ordaindu egin behar da.
211 kilometro, etxera goiz ekarri gaituztenak.
Igerilekua da eguneko lasaigarria, freskura sapan, atsedena nekean.
Azken eguzkira, txirtek inguratzen gaituzte txir-txioka, lora gainetan kulunkari edo belarretan gordeta. Txori kantuen artean zozo bikotearen elkarri txistukakoa sintonizatu ahal izan dut: ez zen nork ozenago lehia, arren arteko emea irabazteko ekina, ez, har-emeak behar zuten, zeren harreman goxoa zen, bata bestearen ondoren txiokatzen zuten, erretolika luzean, nahiko urrutitik urrutira. Azkenerako errepikagarria zitzaidan, baina maitasun elkarrizketa eztia behar zuen izan beraientzat.
“Esku leuna”. Gotzon Garate: Irakurgai atsegina
Ekainaren 22a. Asteartea. P:22.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Tempora mutantur” goitizena / hartu zuen sinfoniak”. Kanpaleku osoa da hemen ia egunero eraldatzen dena, lehengoak joan eta berriak etorri.
Maizegi ahazten zaigu gizakiok ere natura garela. Robota bezala hartzen dugu gure gorputza, botikekin eta elikadura zaborrekin; animalia edo zuhaitzei begirune gehiago erakutsi ohi diogu geure gorputzari baino. Aurrekoa idatzi ondoren, bururatu zait zenbat kimika-zaborra darabilgun nekazaritza, ortu-lanetan zein basogintzan ere.
Errepideak erakusten digu Lisboaren egitura, nola dagoen hainbat mendixka ezberdinen gainean eraikia. Lisboako errepide sarean ordu den-denak dira puntako orduak edo ordu desegokiak, beti dago autoz gainezka, sarreran ala irteeran, moteldu edo erabat gelditu egiten da autoen joana. Erabat atezuan behar du egon gidariak, arreta galtzen duzun unean galdu duzu norabidea ere, hain da bihurritua errepide korapiloa.
Lisboarekin erabat bat eginda dago Sintra, hertsiki lotuta, autobidea zilborreste; beldurgarri handi eta zatar hasi dira hiri bien arteko herriak, Lisboako lotegi bailira, etxerik gabeko bien arteko tarte guti geratzen da jadanik.
Aralar, Beriain, Andia edo Urbasara begira gozatu izan dugun ikuskizuna izan dugu: bestaldetik datorren lainotzarren gandor zuriak estaltzen du mendizerraren hegia, tontor ilarak uzten ez diolarik aurrera egiten. Erabat lainotu zaigu eguna, baina jaso du eguerdirako.
Erabat menditsua da Mafrara bidea, aldats gora eta behera pikoak egiten ditu errepideak, tontorretik zulo sakonera doa etengabe gure ibilia. Lurralde landuak dira, soro-koadro ederrak, izan da mendi beteko sail bat; halako poza ematen dute, soro utziek tristura damaien bezalatsu. Mahatsa, artea eta olibondoa. Gari-sail lurraldea: hori dager mendi leuna, aspaldiko partez; garia haina olo dute gari-sailek, agian nahita nahastuta, behien pentsurako, sarri ezin zaio igarri autotik olo-saila ala gari-saila den: gureetan izua zioten galsoroko oloari, umatu aurretik eskuz erauzten zituzten burua lurrera erori aurretik.
Haize-errota pila dago hemen ere, zenbait hegitan hiru lau daude jarraian, baita bakarra ere tontorrenean, zuri pintatuta, edo ertz zuriekin, besoak dituzte oraindik hainbatek: egoera onean iraun dute, gorde egin dituzte agian. Bitxikeria bat erakusten dute hemengo haize-errotok: lurrezko ontziak dituzte besoek oihalaren ordez, ontzi pila, tamaina ezberdineko ontziak, handiak batzuk oso txikiak beste batzuk, oihalaren zeregin bera betetzen dute nonbait, haizearen indarrez ardatza mugiaraztea alajaina, agian oihalen lagungarri besterik ez dira. Haize-errota txikiak saltzen dituzte oroigarri bezala hainbat tokitan, bidaiariak arrantzatzeko amu bezala ere jartzen dute zenbait jatetxek haize-errota atarian.
Igreja Nova. Sainduak ez, elizak berak eman dio izena herriari. Berria da izan eliza, handikeriarik gabekoa, ohikoa baino dorre lerdentxoagoarekin.
Aspaldi haietako karratu luzexkak dira fardo guztiak.
Karapinheira: Udalekua da edo emigrante asko herriratu da etxetxo dotoreak jasoz jaioterrian.
Txirritaren antzerakoa gorputzez, txapel eta guzti, gizontzar bat aurreratu dugu errepidean, tar-tar-tar zihoala baratzerako tresna mekaniko nano baten gainean, tramankulua bera baino askoz zabalagoa eta handiagoa: ikuskizun txundigarria, bidaiarioren gozagarri.
Heldu da eukaliptoa hona ere, itsasotik eta Iparretik: ongi dio Pako Aristik basoak ibili egiten direla, baina hemen ez da mugitu naturaren berezkoz, natura beraren eraginez, gizakiaren bultzadaz baino.
Mafra. Erret Jauregia edo Monasterioa da herriko altxorra. Portugaleko ederrenetakoa omen. Turista pila erakartzen du, edo turista pila ekartzen dute bertara. Turismo-gune erraldoia: etorri, monasterioa ikusi eta alde egiten den turismo-gunea. Erabateko ezustean harrapatu gaitu monasterioaren erraldoitasunak, ez baitu horrelakorik aitatzen gidaliburuak. Ikaragarri zabala: urrutiko errepidetik, kilometrotara, erraldoietan erraldoien dager, herri osoaren gainetik; eraikuntza txikiagoz osatutako multzotzarra, kanpotik begiratuta eraikuntza bakarra arren. Argazkia albo batetik atera behar izan diot, aurreko 200 metrotik gorako zabalera ez baitzen nahikoa nire zoom barruan sar zedin. Erraldoia baina apaindurarik gabekoa da kanpotik, lisoa, loratu gabekoa. Ez du Jerolimoen filigranarik eta bitxikeriarik; ezberdina du egitura bera ere. Terça feira da gaur hain zuzen, asteartea alegia, itxita dago Monasterioa. Osteko parkea monasterioari dagokion tamainako basoa da: pare bat kilometro izanen ditu alde bateko hormak.
Herria: Egun lainotua, haize freskoa, monasterioa itxita... ez dugu egun aproposa aukeratu etortzeko, baina egin dugu herritik zehar goizeko oinezko ibilia. Lehen solairu edo behe solairuko etxetxoek osatzen dute herria monasteriotzarraren aurrez aurre, ipotxak erraldoiaren aurrean. Herri txukuna da, tarteka aurki daiteke etxe xume baina ederrik; denda asko ditu turistei zer erosi eskainiz: dendateria dotorea, salgai-eskaintza oparoa eta kalitatekoa, ez da lourdes bat. Merkatua bizi-bizi dago, inguruko nekazariek ortuariak eskaintzen; ba ziren buruko zapiz eta beltzez jantzitako bi emakume: bietako batek buruzapiaren bekoki gaineko zatia landua zuen eta bizkar gainera punta-luze zabaldua zapi ertza.
Teilaz babestuak daude etxeko hainbat alboko horma, euri lekua da nonbait, afrontuak jotzen du.
Ericeira. Zenbait herrik badu berezko xarma edo neurtu ezineko gehigarria: herri hau da horietako bat. Etxarte estu eta bihurriko kale-sarea itsaslabarren gainean, grazia handikoa: solairu bateko etxetxo txaparroak, teilapeak, urdinez pintatutako ate leiho-inguru eta ertzak, putzuak, santu-irudien azulejoak etxe-hormetan... erakargarria, sinpatikoa, atsegina, potxoloa, koketoa, zaindua, gustuz pintatua. Atzoko herri eder handietan egin ezin izan genuena egin ahal izan dugu hemen: ibili, paseatu, begiratuz gozatu. Itsasertz berezia du: egonleku eta behatoki bilakatu dituzte labarretan eroritako, irristatutako, harri zabal erraldoiak. Pelourinhoa, plazatxo baten erdian: burdina ilun lodiko zirrindolatzarra dauka oraindik zutabe erdian: pikota gehienek goian, lau ertzetan, eduki ohi dute zirrindola, eskuak altxatuta edukitzen zituzten nonbait zigortuak, hemen badirudi ezberdin lotzen zituztela. Merkatuak erabat apurtzen du herriaren itxura eta jitea, bai eraikinaren egituragatik bai garaieragatik. Portu bitxia: moila luze bat besterik ez da, ez du larregi baretzen badiatxoa baina olatuengandik gordetzen du ontziak lurreratzeko ertza; lurreratu egiten dituzte arrantzontziak; ontzi txikiak dira, jolaserako diruditenak, uretatik kanpo daude, lehorrean, badia gaineko zementuzko laugunean, ilaran, bakoitzak beretzat izendatuta duen marra artean, autoak aparkalekuetan antzo, sareak alboan pilatuta dituztela. Ontziak uretan galtzen den zementuzko pendizeraino heltzen dira, ia zorua ukitu arte; zain du traktorea heltzen denean, kablea lotu eta arrastaka eramaten du doakion kokagunera; ontziek beraiek dute azpialdean ertza, burdinaz babestutako bi irrista-ohol irten, kroskoak lurra jo ez dezan irristatzerakoan; horrez gain bestelako oholak ere jartzen dizkiete lurrean, irristaketa errazteko, atzean libratzen den ohola aurretik berriro sartuz etengabeko kendu-ipinian. Oso bitxia.
Aipatzekoak dira kaioak: handiak eta asko, palmipedoak, luze kakotutako mokoak, kolore ezberdinekoak, mota gorri zein horiekin.
Aipatzekoak ere katuak: ontziak badian sartu bezain pronto, agian traktore gidaria eta laguntzailea mugitzerakoan, gutxienez hamar katu hurbiltzen dira ur-ertzera, lurreratzean ontzia inguratu eta jarraitzen dute bere aparkalekuan kokatzen den arte eta han egonen dira lasai arrantzaleren batek zenbait arrain hartu, zatitu eta noiz botako zain, ondoren arraina jaten dute jendartean, patxadako bazka luzean.
Rua dos praceres: puta-kalea ote?.
“Domingo” eta “sabado”, hitz horiez izendatzen dituzte asteburuko bi egunok, besteak, astelehenetik hasita, 2a, 3a, 4º, 5a feira dira.
Itsas zapo arrain parea zuten lehortzen arropen ordez leiho arteko soketan.
18 kulero behintzat zenbatu ahal izan ditugu beste leiho bateko soketan, kolore askotako kuleroak, etxaurrea dekoratuz bezala. Ez zen “Rua dos pracerese”en.
Uholdeka etorriko dira hona bisitariak. Gaur egun lainotsua eta 3. feira denez lasai dago, Mafrako uholdeen zipriztinak ez dira honaino helduko-eta.
Carvoeira. Mendiarteko zulo batean, ibaitxoa du, lur landu oparoak dira ibaiaren inguruak.
Berdegune zuri eta gorria dager Mafra eta itsasertzera arteko lurraldea: udaleku edo egonleku behar du izan, etxebizitza ugari ari da eraikitzen, lurraldeak ezer berezirik eskaintzen duenik antzematen ez bazaio ere.
Alvarinhos. Hemendik ikusten da, digante, Mafrako Monasterioa.
Errota asko eta gari guti. Bi aro, bi ekonomia mota.
Sintra
Jabego pribatuko hormez hesitutako norabide bakarreko errepidez igo dugu basoan gora, jauregi artean, edo jauregi-sarrera artean. Erregeen usainera Sintrara etorritako jaunxkilen jauregiek eta jabegoek betetzen dute mendi magal pikoa, zuhaitz eta lorategiz inguratuta. Estua da errepidea, dena bihurgune aldatsua, dotorea eta atsegina, “quinta”z inguratua. Autobusek ere ozta-ozta hartzen dituzten bihurguneak, eta hainbat dira bihurguneok.
Mafrako Monasterioak huts egin digunez Kapuchos ikustea erabaki dugu, ia aldaketarik duen, baina itxita dago hau ere!.
Castello dos Moros. Baso trinko piko-pikoan, harkaitz-bolatzar eta harkaitz-zulo artean, gerizpean, doa bidea, joanaldi luzea, baina atsegina. Sarrerako atean gaur egun ere kapitel zizelatuak igartzen zaizkion elizatxo erromanikoa gordetzen da, hormak soilik geratzen zaizkio eta erdi-erdian zuhaitz bat sendotu zaio. Gazteluko harresiak eta zenbait horma-hondakin bere osotasunean diraute: izugarri pikoa, mailaz-maila izugarrizko pendizean, luze, gorantz, doa harresi kontrako bidea; pasabide estua da delako harresi gaineko pasabidea. Ikuspegi izugarri deigarria ageri da goitik: askoz gorago oraindik, han goietan, Pena jauregia gailentzen da tontor koniko baten pikoenean; behean, mendiaren oinetan errege jauregia Sintra herria beteaz; lautada harantzago, herriz zipriztindua. Erruz dabil bisitaria, zahar eta gazte, gehienak presaka, joan, igo eta autobusera korrika. Niri merezi izan dit joan etorriak: lasai eta bakarrik egin dut.
6 katu gaztelura sarreran, hauek ere nork zer jaten emango.
Portugaldarren “lixo” eta gure “lixiba” ez dabiltza bata bestearengandik urruti. Aita edo ama bera dute nonbait. Seguruenik badute beste ahaideren bat herrialderen batean.
Belarrean jauzika ikusten ditut txoriok, kardantxilo edo tarinak; ehunka txori direnez, jauzien sinfonia dirudi, ikuskizun bitxia. Argitu ahal izan dut jauzion zergatia: ikasia dute belar luzeei hazia jateko teknika: lurretik jauzi eginez edo dakarren hegazkadaren heinean, belarraren zotz luzean jartzen dituzte hankak oreka hegoen eraginez gordez, pisuaren eraginez belarra lurreraino makurtzen da eta lur gainean lasai jaten dituzte haziok belarrari eutsiz.
112 kilometro, monasterioak itxi zizkigutenekoak.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Tarte atsegin bat emateko aukera
Bidaiak 99. PORTUGAL
ITSASALDE URDINA
Itsas ertzera arte luzerako eta kilometro askotako zabalerako pinudia da hemen ere, Peniche iparralde honetan; hareetako pinudia. Kaskarra da hemen ere errepidea, baina ez aurreko parajeetan bezain hondatua.
Lagoa de Obidos. Sakon sartzen da itsasadarra pinudi barrura, padura bihurtuz ertzak.
Erabat urbanizatu dituzte duna sailak itsasertz guztiotan: etxegileren baten amama.
Aldeia dos Pescadores. Hondartza zuriak itsasadar zabalean. Leku paregabea, lasaia, bertan geratzeko apeta sortarazten du.
Itsasertz eta itsasgain luzeetan ibiltzea lortu dugu, luzaro, itsaso harroaz eta hondartza argien ikuspegiz gozatuz. Paisaia ederra.
Praia do Rei.
Cortiço. Erregearen pare bizi direnen kortijo berria. Aberats eta ondo-bizien jolasleku urbanizatua: golf, tenis... belartza gordin trinko zabala... eraikin berri-berriak... Begiratzen ere ez digute uzten pobreoi: “privato”!!!.
Harkaitz pikoa da itsasertz osoa, labarrak plomuan, harri bolak, ...
Balem. Uhin apartsu biziak.
Itsasertz osoa dago turistei begira moldatua.
Peniche. Etxetzarreko hiri handia, turismora erabat moldatua, lurmuturrean, itsasoaren alde bietara. Itsaslabarrak. Badia luzea du, oso luzea, hondartza hori batek mugatua. Badu bere gotorlekua.
Berriak jasoz, inguruaz jabetuz eta bazterretara begiratuz soilik, labainduz, egiten diegu alde sarriegi herri eta inguruei. Edonon dago mila zerikusi, mila xehetasun interesgarri, baina ez gaitu beti lekuak erabat bustitzen, antzerakoak direlako agian, kapusairik gabe gatozen arren, bizkorregi goaz, tokian tokiko zaparradari ez diogu blai gaitzaten aukerarik ematen.
Remedios. Portugalgo lurmutur ia mendebalena; forma-molde erabat bitxiak ditu. Harkaizteri deigarria, irudimenarentzako akuilagarri.
Kaio banda hegan itsasertzean. Karabana pila kanpinetan.
Coimba. Hizki baten aldea dute izenean, “r”an soilik; izanean aldiz nanoa da hau, erraldoia bestea.
Ez dago inguru honetan gereziondorik ez errepide bazterreko nekazari saltzailerik.
Rio Maior-etik gora goaz.
Alcanede. Gaztelua gailentzen zaio tontorrean; magaleko hegian, berriz, elizatzarra; beherago etxeteria: erabat ezberdina da hemen elizaren kokagunea.
Garia, barruti honetako aldagaia. Lur ona da nonbait adreilugintzarako: hiru adreilutegi handi behintzat zenbatu ditugu. Artelatz lerdenak, gerria biluztuta, gorri-gorri, deigarri, errepide-zaindari.
Motoz eta txirrinduz dator nekazaria sorotik herrira. Ugaria da traktorea, ugariagoak oraindik gurditxoarekin garraio-tresna bihurtutako uzta-makinak zein isokarroak.
Autostop guti egiten da: altuenez bigarrena da gaurkoa bidaia osoan.
Oso maskala da ogia.
Haize-errotak: asko ikusi ditugu gaur; ibili ere bazebilen bat, zuri-gorri pintatua, oihal zuriak besoetan, begien atsegin: saltzaile argiren baten amua erosleak erakartzeko. Haize-errota txikitxo bat bazen etxarte batean Penichen ere, teilatu gainean zirudiena, zuri-gorria hau ere. Bazen beste bat Coimban ere, ibili zebilena.
352 kilometro, nekatu samar utzi gaituztenak, berandutxora arte luzatu direnak.
Jende langile gaztea dugu kanpalekuan, kanpalekua dute bizitoki. Portugaldar bidaiaria ere badabil lurralde honetan, Iparrean ez bezala.
“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:
* “lurra airea baino azkarrago iluntzen baita”. Ba bai!. Ilunabarrok lekuko.
Ekainak 18. Ostirala. P:18.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Intsektu berde eta handi horri mayate deitzen diogu”. Deitu ez dakit nola deitzen dieten, baina izan berdeak dira izan Portugalen ere intsektu handi horiek.
* “Ez baitut inoiz / sinetsi -fedegabe hori- / iragana oraina baino / zoriontsuagoa zenik”. Biharkoan dut nik soa eta ametsa, atzokoaz eta gaurkoaz sarriago eta gehiago idazten badut ere.
Zomorroen erromeria ordua da nonbait goizeko lehen ordukoa, txoriak lurrean mokoka sarrien eta ugarien dabiltzan ordua baita, horiena bai festa ordua. Aspaldiko partez zozo moko hori urduriak eta burubeltz tirtiriak dabilzkigu lotsagabe inguruan apur bila, jaki errazaren bila, etxatoi bueltan.
Aldaketa eguna dugu gaur, txori migratzaileak bezala, kokapen berri baten bila joateko eguna.
Tomareko kanpinean sartu-irten egitea lortu duenak, bermatu du erabat gidabaimena.
Vale de Cabrito. Ez dirudi ahuntz-lekua, bai hauts-lekua.
Pikondoak ugaldu dira Torres Novas eta gero, sail osoak betez. Aldatu egin da lurraldea, eta lurralde itxuraldatu berak jarraituko du Lisboara arte. Beste aldetik zeharkatu dugu gaur Santaren lurraldea: nekazari lurra da gaur ikusi duguna. Gorakoak egiten ditu lurrak, lautada luzeak agertzen zaizkigu hurrengo goialdetik; eskualde laua da orokorrean. Azpiko lurra landua duen olibondoa tarteka, eukalipto baso bakar bat, bizpahiru ekilore sail, gari-sailen bat, arto-sailak nagusitzen diren lur landuak ibar ertzetan, Iparreko mendietan errepide ertzeko auzo genituen gereziondoak etxe inguruetan daude orain, pentsu biltegiek iragartzen dizkiguten granjak noizbehinka: lurralde berriko osagaiak. Ez da belartzarik. Harrobi bihurtuta dakusagu mendi oso bat urrutira: gorriune erraldoi bat, goitik behera luze eta alderik alde zabal: mendiari eginiko zauri beldurgarria.
Ur-biltegi zuri borobila nagusitzen da herri batean, baina ez da eliza-dorrerik. Altzifre, makal eta argindar tantaiek hausten dute bertikaltasunez lurraren laua, zorrotz gorantz zeru urdinera, bi plano ezberdin alderatuz.
Umez lepo, orduko ehunetik gorako abiaduran doaz autobusak.
Ez dugu inor ikusten autobideko ibilian: banatu egiten du bidaiaria herritarrengandik autobideak; autobideak ez du kanpotarra herrira hurreratzen, herriren batek zerbait bitxia ez badu behintzat; zerbait erakargarria duenean herriren batek uholdeka ekartzen du bisitaria, harreman komertzialera mugatuz ezaupidea. Baina autobideak erabat errazten dizkio bidaiariari aldaketa luzeak.
Pinuak hasi dira agertzen, Mediterraneoko txapel borobil zabalekoak zein gureetakoen tankerakoak.
Elkarte handien sailak behar dute izan pinudiok, bakar askorenak ala herriarenak?, lur-sail jabe ahaltsuen diru gosea dabil tartean, edo pobreen eskuarterako diru premia?: ez dugu oraindik erantzunik gure galderari. Europako paper-fabriken hornitzaile nagusienetarikoa behar du izan Portugalek: herri aurreratuek nahi ez duten satsa ereiten da hemen. Pobreen patua: gure baserritarrak pinua sartu behar izan zuten etxea berritu eta alabak kalera ezkontzeko, pagadi edo harizti ziren mendiak eraldatuz; halatsu bihurtu zen herrialde hau ere pinudi, politiko eta agintarien zentzugabetasun eta ardura eza medio. Ikuspegi laburreko politika, gobernu itsu bateko itsuak?. Edo jauntxoen garaipena. Bere basoetatik sortutako paperaren arabera irakurriko balitz, herri jakintsua litzateke Portugal, asko irakurritakoa behintzat, jakinduria jatorrena ez baita liburutik jasotakoa.
BADAJOZ
Badajoz da probintziaren izena, badu zerikusiren bat izenaz aparte, Espainiakoarekin.
Vilafranca de Xira. Inguru honetan hasten da Lisboarainoko industrialdea. Langile biltegi dira herriak, etxetzarrez erraldoi.
Zubi handi bat urrutira, Tejo ibaia hurrean dabilen seinale. Ibaia bera ikusten dugu berehala. Ibaiaren Ekialderako ertzean landua dirudien izugarrizko lautada berdea, zelai-zelaia, Holandako lautaden antzerakoa, urrunean begiak galdu artekoa: seguruenik Lisboa eta Portugaleko ortuari hornitzailea. Lasterrera zabaldu egiten da Tejo ibaia, itsasadar bihurtzen, laku erraldoi bat antzo.
Lisboako etxeteria agertu zaigu urrutira. Hemen hartzen du abentura kutsua gaurko ibiliak. Ze nolako abentura gainera: mozturik dago kanpinera erraz eraman beharko gintuen bidea, itzuli luzea emanez bideratu behar da gure norakoa, baina guk ez dugu ez etenaren ez norabidearen berririk. Bide-sare zabal, amaraun trinko, irtenbiderik gabeko labirinto ikaragarri horretan galduak, leku batetik joan nahi eta bestera joatera behartuak gabiltza. Zorionez argitzen joan zaigu kaskezur barruan inprimaturik genuen planoa, zuzenduz goaz, eta azkenik gasolindegi batetik sortu zaigu azkenez argi izpia: mutil batek norabidea hitzez erakutsi ez ezik, gidatu ere egin gaitu tarte batez bere autotik; autobideko kobratzailea izan zaigu bigarren argi izpia eta gazte motodun bat bidegurutze borobil batean azken argitasuna, Monsanton bertan jadanik. Kokatua genuen planoan Monsanto, kanpinaren kokagunea, baina ia ezinekoa egin zaigu planoa errepidera taxutzea. Bideratu gara bideratu, baina ordubete luzez amaraunean harrapatuta egon ondoren. Benfica stadium albotik ere izan gara, okerreko bide batean.
Mendixketan hasiaz joan da Lisboa, etxez estalitako mendixkek osatzen dute hiria; gora eta behera dabil autobidea, etxe artetik irten eta etxe artera sartu. amesgaitz bihurtu zaigu gaur IC17 autobidea.
Monsanto, mendi zabala da, bertan dago izen bereko kanpalekua. Lau izarrekoa zela eta, garbigailua izango zuelakoz jo dugu bertara 18 eguneko arropa garbitu asmoz. Izugarri erraldoia da kanpalekua, ureztatutako berdeguneak, etxatoi bakoitzarentzat kokagune banakoak zerbitzu guztiekin, mila eta bi morroi kontuak hartu eta gauzak bideratzeko, aurrean jarri eta norabidea erakusteko autotxoak, igerilekua, jolastokiak, dendak, jantokiak, taberna..., denetik dago eta dena dago garbia, zaindua eta txukuna: baina ez dute garbigailurik!!!.
42 graduko hozberoa du autoak eguzkitan, kanpotik zein barrutik.
Pare bat saltoki erraldoira jo dugu, errepideko zoramenean murgilduz berriro, ia garbigailu bat non. Gure ametsak ustel gerta zaizkigu. Inon ez da garbigailurik, dendetan saltzen dituztenak ezik. Beroa, nekea, etsipena gainditzen zaizkigu. Kostaldeko kanpinetara jo dugu garbigailurik ote: guk geuk txanpona botaz maneiatzeko aparailu horietarikoen bila gabiltza. Aurkitu aurkitu dugu non garbitu, 550 eskudo ordainduz, baina, kilo arropa!!!. Guk geuk eginen dugu lixiba. Eskuz, eta kitto.
Saltoki erraldoi ezberdinak aurkitu ditugu, herri oso bat da bakoitza, Columbus batez ere: eliza, metro, saltegi... eraikuntza erraldoi berean sartuta dena. jendez gainezka.
Atera garenez, bazterrak ikusiz arratsaldeari luzapena ematea erabaki dugu. Zoramena da errepidea: autoteria izugarria dabil errepidean, bizkor doaz auto denak, urduri dago gidari oro, inongo errespeturik gabe gidatzen da. Mila sarrera, mila irteera, mila letrero, mila iragarki, mila izen, mila zuzenbide, mila errepide, milaka auto. Herri oro da nahasmena. Kizkurtuago jartzen zaizu zilborra kanpotik begiratuz soilik hiri erraldoia. Baina sartu gara hirira, irten ere, osorik, bai autoa bai geu. Sartuko gara berriro ere, bihar, beranduen etzi, ikasiak baititugu norabideen eta labirintoaren trikimailuak.
Estoril. Hesi, horma, burdinsare eta abarrez gordetako etxetxo solteak. Badu erdigune antzerakoa, badu itsasbazterra, baina ia ez du hondartzarik, ezta oinezkoak non ibili ere, autoteria bai badu, aparkatutakoak eta ia egoneko ibilian dabiltzan autoak kaleetan.
Itsas gainetik doa trena Costa Bravan antzera. Haitza da itsasertza.
Cascais. Herri zabala, turista-herri petoa, etxeteria erraldoia. Moila luze batez lortu du badia antzerako bat. Ia ez dago ontzirik, gutxi dira ontzitxoak ere.
Lotsagabeki gidatzen da herri hauetan.
Kostarik kosta, itsaso hurbilak ematen duen patxada eta goxotasunez. Lehen zatian ez da inola ere itsasertz batere eder edo gustagarria. Gero bai, atsegina eta lasaigarria bihurtu da, auto trafikoa ere baretuz joan da. Itsasoa da nahasi zamarra dagoena. Itsasertzak bere berean irauten du, dunak dira gehien bat itsasertzeko osagai. Duna ertzeko egonleku, auto asko pilatzen da jatetxe eta kafetegietan.
Itsasgaineko behatoki atsegina da Sintrara errepidea. Eguzkiak bete-betean jotzen du, argiagoak eta teilatuak gorriagoak bihurtuz herriak.
Biscaia, zuhaitz arteko herria itsasgainean.
Cabo da Roca, penintsulako lurmutur ertzena.
Capuchos. Ez gatzaio joan. Bi aldiz egonak gara eta gaur erabat nekatuta gaude, bizipoza dugu ahitua batez ere, txakur joan baitzaigu eguna.
Lehenengoz joan gintzaionean, duela 30 urte, mendiarteko ibilietan aurkitu genuen, ustekabean, dena zabalik, bere hartan utzia bezala. Harrituta utzi gintuen: harri handi bat du sarreran, kobazulora sartzea bezalatsu da monasteriora egitea. Harri bizian eginiko monasterioa: sukaldea eta komunak harri bizian eginiko zuloguneak dira, pasilloak metroko zabalera eta makurtuz ibiltzeko altuera, erabat makurtu behar da geletara sartzeko, ez da zutik egoterik barruan, beso biekin harrapa daitezke lau ertzak... aszetismo ikaragarri baten ezaugarria. Bidexkak daude osteko artadian harkaitz eta harri-bolen artean, non tarteka eremutarren kaperatxo eta gelak barreiatzen dira. Ezin biluziago bizi.
Zainduagoa zegoen bigarrenez joan ginenean, izan zenaren itxura ematen ari ziren, ate inguruak artelazkiz biltzen: artelazkia jartzea omen zen goxo-bide bakarra hotzari aurre egiteko, baita monasterioko dotoretasun bakarra ere. Gaur egun nabarmenki iragarrita dago bertarako norabidea, turismo bisita-gune bihurtu da nonbait.
Baso trinko pikea da Sintra gaina; erabat estua errepidea, bi auto doi-doi gurutzatzen dira, baso jabeek eginiko hormek utzi zuten hain estua, garai batetako zalgurdientzako zabaleran. Agian basook jauntxoen jauregien ingurua dira, jabegoaren mugak harrizko hesiok. Badira bi haize-errota Sintra inguruan.
Jende asko dago autobusaren zain errepideko geltokietan.
Sintra. Aberats-lekua. Jauregi, jauregietako iturri, egonleku, pasealeku... dotoretasuna dario denari. Nire oroitzapenean ditudanak baino dotoreago daude errege jauregiko bi tximinia erraldoi bitxiak, zuri-zuri orain; pintatuta, deigarriagoa ageri da eraikina bera ere. Errege baten egonleku kutuna izan zen nonbait eta bere jauregiaren inguruan jaio zen gainontzeko dena, herria zein mendiko jauregiak. Gaur egun turista-herri famatua da. Sintra ez da ibilgune, ez da paseatzeko lekua, ez du nondik ibili, bide estuak ditu, jendez gainezka dago. Joan, egon, inguruetara jo: ezer guti gehiago egin lezake pasoan doanak. Autobuskadak doaz: herrian egonalditxoa egin eta aire mendiko gaztelu, jauregi, Kapuchos eta antzerakoetara. Ez gara gelditu gu. Arimako giharrak ditugu nekatuen.
Umeak aurkitzen ditugu goazen herri eta monumentu orotan: ikasturte bukaerako txangoak, Europa oroko usadioa.
313 kilometro, Lisboako errepide sareko etsipendunak asko.
Nekea pilatuz joan zaigu jada, lasaialdi bihurtu nahi dugu Lisboako egonaldia.
Arrats beranduan, ez dakit kardantxilo, txinta ala tarinak diren, txori txiki horixka banda izan dut aurreko kardu haziak jaten. Hain dira txikiak eta arinak, ze belarra bera ez da okertzen txoriaren kargarekin.
Eguzki gorritasunak ikusarazi dit arbola osteko mendikatea han urrunean.
Gaugiro aparta, epela, eskertzen da egunezko 40 graduko beroaren ondoren. Zeruan gora dator ilargia, borobilduan ere gorantz. Gutxienez zazpi errepide eta zubi ditugu aurrean, gaueko izar iheskorrak dira autoen argiak, gauerdian ere oraindik ugariak; itsas soinu lasaigarria bihurtzen da gurpilen hotsa, urrutitik baitatorkigu, zurrumurru geldoa bailitzan. Arbola osteko gorritasunak dinost hor dagoela hiri erraldoia.
“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:
* “Herri txikiotako baten benetako garrantzia ezagutu nahi baduzu begira egiozu elizari”. Tira!. Kezkaz nintzen eliza gehiegi bisitatu eta aitatzen ote genituen bidaietan!.
Ekainak 19. Larunbata. P:19.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “66 lerro ...” poema. Sarajevo, gaur egun Kosovo eta Pristina, ... Baina ze guti hitz egiten dugun giza barne gune setiatuei buruz.
* “Eta hamarrak edo zirelarik / ageri zen ilargia zeruan, hementxe edonon bezala, / itsasoaren gainean hementxe”. Autobide, saltoki erraldoi eta osteko mendi hegiaren gainean, hementxe, Lisboako Monsanton, hementxe, zuhaitz artean ageri da ilargia.
40 graduko hozberoan gabiltza egunoro.
Berdexka horixkak dira belartzan dabilzkidan hiru txori, ia ikusezinak kolorez zein tamainaz. Igerilekuan nago, etzanda, goiko urdinari so, katakiak dabiltza ilargiaren azpian: bidaiako kataki lehenak. Arbizun ikusi nituen aurtengo lehenengo katakiak, Burundako zubitxotik ur gaineko hegazkada bizkorrean.
A ze nolako lixiba gaur egin duguna!. Belaontzi baten mastak ziruditen alboko zuhaitzek.
Jubilatu ilarak datoz kanpalekura Lisboako autobus geltokitik, arratsean. Azken argiko azken autobusera doa, berriz, gazte bikotea asteburuko hiriko gaupasara. Bihar lehenengo autobusean etorriko dira eurak, gu aldiz hirira joango autobus berean. Adin bakoitzak, bere orduketa.
0 kilometro, autoari zein geure buruari atseden eman diegun eguna.
Jai izan du grabagailuak ere, gorrotoa hartzen hasia nintzen neure ahotsari, gauetan nekatu ondoren transkribatze nekosoetan.
“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:
* Ba, memoria eta garunak ez herdoiltzen laguntzen didate argazkiek niri.
Ekainak 20. Igandea. P:20.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Saez de Heredia:
“ Ahanzten dira gogo-gorputz arrangurak / aldegiteko orena hurbil denean”. Beti dugu hurbil oren hori bidaiari hegalariok, arrangurez gaindi ditugu beti gogo-gorputzak.
Bizipoz gertatzen dira, tarteka, barne tolesturetan amesten ditugun fantasiak.
Ordu polita da goizekoa, txoriak ere auzo ditugunean alboko belartzan.
Europako jubilatuak, Espainiako asteburu pasako familiaren bat eta nongoak izan inporta ez zaien ezkonberri itxurakoak gara kanpin honetako aldi baterako biztanleak.
Kanpineko etxatoi kokagune bakoitzak zabalera garbia du inguruan, zabala, osagai guztiekin, nor non jarriko zaion ardurarik gabe, arnas handia du bakoitzak, hainbat erraztasun; baina bakoitza bera da kanpin honetan, ez da loturarik inorekin, urruti samar gelditzen zaio auzokidea, aukera zenbait kentzen die harremanei eta solidaritateari; hiritartutako kanpina da, bakoitzak bere orubea du, egun apur batzuetarako bere etxetxoa jarri eta bizimodua moldatzeko. Bakardadea da hemengo solidaritate bakarra estualdia batean, zeure indarrez soilik bultza beharko duzu etxatoia. Hemen ez dago auzokoaren abegikortasunik. Pasokoagoa da hemen bidaiaria.
Beltz asko dago kanpinean langile, oso beltzak dira langileok, Angolarrak agian?. Orain arteko ibilbidean ez bezala ikus ahal dira beltzak saltoki eta edozein jendartean ere.
66 urte betetzen ditut gaur: ahaztu zait ze parajetan ginen azken urteotako urtebetetze egunetan. Hammelin xirulajolearen hirian tokatu zitzaigunekoa dut gogoan, gau zaila izan genuen eta: oso goxoa izan zen goiza herria bera atsegina delako, beltza berriz gaua ilunabarrez afaltzera itzuli gintzaionean ezin baikenuen herrira sartzerik asmatu lehenengoz eta ondoren ez baikenuen aurkitu non afaldu kalez kale bilatu arren.
Lisboa
Bi aldiz ere egonak gara aurreko urteetan.
Lisboako erdigunea dugu gaurko ibiliaren helburu.
Ibili eta bizi izan ditugun erreskada berean gogoratuko ditut bai ikusiak bai sentipenak, ez baita erraza laburbildu edo sailkatzea.
Aldats beheran, Tejo aldera, biltzen da edonon Lisboa, ez du bide laurik ibai ertzekoa ez bada.
Behe aldea
Belen dorrea: Tejo zabalaren ertzean, zaindua eta ederra. Arnasa zabala du edonora, ibai gainetik luzatzen da soa eta alboko berdegune zabaletan arintzen dira oinak.
Jeronimoen Monasterioa: manuelinoa; joan, ikusi eta harritu, zelan zenbateraino noraino loratu daiteken harria zizel kolpez: elizaren kanpo aldea nahiz barrua, leiho-bueltak, txirikordatutako nerbioak, loratuaren loratuz kapitelik igarri ere ezin dakieken zutabeak, arkuak, pulpituak, hilarriak, hilobiak, sabaiak, klaustroa, jangelak... monasterioko gune oro da zizel lan harrigarria. Pessoa poetak ere badu oroitarria klaustroan: luma eta zizela poesigintzan elkartuta, tximeletak hizkietan zein harrian gauzatuta. Zer aurkituko susmoa duzun arren, izugarrizko barne astindua ematen du lehen begiradak, lilura zirraragarria ondorengo ikuskizunak.
Bere garaiko lantegia, Monasterio honen eraikuntza izan zitzaien milaka gizaseme-gizalabei ogibide ehunka urtetan, kolonietan ebatsitako jauntxoen aberastasuna medio. Gurutzea eta ezpata daude hemen elkartuta: fedea ezarriz, hizkuntza ezarriz, sinesmena lapurtuz, hizkuntza lapurtuz, askatasuna lapurtuz, era guztietako inposaketa eta lapurretei esker jasotako artelana, Indietako gehiegikeriak eta kontzientzia elizaren onespenez baretuz jasotako arte mirakulua. Lapurreta eta artea nahiko hur ibili ohi dira, artelanak ordaindu eta ordaintzen dituzten dirutzak ez baitira beti esku garbietatik ateratzen. Kontzientzia txarrik ez zen seguruenik. Herriaren gosea eta egonezina bai. Jainkoa aitzaki, zergak gorde eta herria baretu. Demokrazia da jokabide berdinerako estakurua gaur egun.
Autobuskadaka, uholdean, datoz bertara bisitariak, gaurko behartsuak zain dituzte inguruetan, ahal dutena turistei salduz sosen bat aterako ote.
Tejo ibaitik ibilaldia: erdiguneraino, luzea, oso luzea, nekagarria gerta zaigu azkenerako. Baina merezi zuen Tejo ibaiak. Ibilbide eta egontoki dira ibai ertzak, bertatik goaz gu haize freskoz bilduta. Atsegina da ibilia. Bada berdegune eta egontoki atseginik. Bertan gelditzeko gogoa ematen du, baina aurrera egiten dugu gure ibilguan, hirian ere izango dugu geroago egoteko nahiko bazter eder. Ugaria da goiz-pasako jendea parkean, ibilian zein egonean. Hiria eta Ibaiaren artean trenbidea eta errepidea dira hiria eta ibaia banatzen dituzten hesi bortitza, herria ibaitik banatuz.
Jendetza bildu da gune batean, adin oroko herritarrak bildu dira, herri bakoitzekoak bere jantzi bereziekin; herri jolasak dira eguneko ardatza: hanka-paloak, badira zurezko koilara handiekin lehiaketaren baterako prestatuta dagoenik, hainbat lehiaketarako prestakuntza nabari da; sokatiran aurkitu ditugu guk: batera egiten dute lehen saioa talde denek, hamar tiralditik gora hasi dira batera, erdiak kanporatzen dira jokaldi bakoitzean, bikotea gelditzen da azkenez, ia nor txapeldun: neskak eta mutilek, helduek zein gazteek hartzen dute parte tiratzen, nahastuak, jantzi bereziz zein kaleko jantzita.
Monumentuari begira geundela, hura ez zela Vasco de Gama esanez hurreratu zaigu gizon bat: auskalo nor den, baina izugarri dotore zizelatutako zutabe zuri baten gainean dago dena delako nabigatzailea.
“Help us to kill the system”, horma bateko graffiti erraldoia, portugaldarrei ordez atzerritarrei zuzendua nonbait: horretan eman dugu ba bizitza, sistemari ekinean, eraso nahian, zirkinik ere eragin ez diogula uste badut ere.
Apirilaren 25 zubia: garaia, luzea, erraldoia, txindurri ilara bailitzan ehunka auto datoz-doaz une berean etengabeko jarraian gure buruen gainean, durdurio izugarriz gortuz behekoon belarriak.
Kirol portu bat, bigarren bat geroago, eguerdirako mahaia prestatzen ari diren taberna ilara moila inguruan: giro paregabearen gune izanen da zenbait ordu eta egunetan, zubipeko hotsak belarriak gortu arren.
Bilketa dute Wolkswagen autoek moila ertzean: aspaldiko dozenaka auto, kolore eta prestaketa ezberdinekoak, zahartzaroan ere dotore eta bizipoz iraun daitekeela frogatuz .
Zikloturista talde handi batek bete du errepidea ibili lasai eta berbatsuan.
Txiza zahar usaina, ohiko kirats nazkagarria, dario hiriari, han-hemenka, bazter askori, hainbat alboko zein erdiguneko kaleetan: badirudi Lisboa parranda-leku izan dela bart, kale guztietan egiten dela pisa kalean, baina ez dela mangerarik ez tutu malgurik erabiltzen garbitzeko.
Hiribarrua. Tejotik gorantz joan gara eguzki galdan, eguzkiak zuzen jotzen baitu kalearen norabidean ordu horretan, bietatik alde batean ere gerizarik eragin gabe.
Zaharkitua dago Lisboa, kolorgetua, hitsa. Kale-sareek ez dute ezer berezirik eskaintzen orokorrean. Ugariak dira plazak kale-gurutze eta eliza aurretan, erakargarritasunik gabekoak baina. Aldatsa da Lisboa, gora-behera etengabea. Lurrikarak eta suteek erabat hondatu zioten antzinatasun xarma.
Encarnaçao eliza: harri zuriko fatxada handia du, baina belztuta daude harri-junturak eta zuriuneak. Sao Roque: karratu handia, dantzalekua dirudi: 8 kapera handik, 4 alde bakoitzean, eliza dena hartzen dute, sekulako kaperak dira, handiak, loratuak, dena urre eta aingerutxo, oso aberatsak; kaperon balkoiak bailitzan, eliza inguratuz, maila gorago batean eliza bi mailatan banatzen duen hesi dotorea, eta behe maila batean erdialdeko bankuteria; agian eliztarrak ere bi kastakoak ziren, goian esertzen ziren batzuk, behean besteak, batzuk bestearen ikuskizun; sabaiko ohol pintatua eta aldareetako erlikiak deigarriak suertatzen dira atzerritarrontzat. Arte-ikuskizun handirik ez, baina gutxienez freskura une bat eman digu Sao Roquek.
Erlikia asko da elizetan, nabarmen jarriak aldaretan.
Barrokoak izanik ere hainbat aldare, ezberdinak dira Lisboako elizak, ez dute zerikusirik Iparrekoekin.
Carmo plaza: ez du erakargarritasunik baina geriza eta trago bat egiteko parada eman digu. Hemen daude ibai ertzean aurkitu ditugun zikloturistak sardina errez indarberritzen.
Miradouro de Sao Pedro de Alcantara: Ikuspegi zabala bertatikoa: Sao Jorge gaztelua, N.S.de Graça, Sao Vicente de Fora eta abar aurrean; zuloan berriz teilatuteria eta geltoki nagusiko gain zuri zabala. Italiarrak eta Japoniako txinoak bildu zaizkigu bertan, haiek autobusez, gu oinez, haiek gidaren erretolikapean, gu gidaliburuaren arabera, haiek bazkalduta gu Carmo plazan hartutako garagardoarekin bazkal toki bat noiz aurkituko zerbait pizgarri barneratzeko.
Kremailera: kale artean badira bi kremailera gutxienez, hain da garaia kale batetik besterako aldea. Bezeroei hauspoa bete gabe goialdeko dendaterira egiteko erraztasuna. Ehun metro besterik ez dira elkar gurutzatzen diren bi bagoiek egiten dutena. Gu bitxitasunak erakarrita jaitsi gara bertan, baina bada bertako jendea erraztasunagatik normaltasunez darabilena delako tranbia. Bada 7 estaiako igogailu bat ere beheko plazatik goiko kaleetara, Bilbon S.Nikolas oste horretakoaren antzerakoa.
Restauradores – Rossio - Figuerira - Praça do Comerço, lau plaza erraldoi, bakoitza monolito edo estatua erraldoien pausaleku. Ze bizimodu mota ote zen ordukoa hain leku gutian 3 plaza erraldoi gauzatzeko. Jende asko dabil gaur egun ere, batez ere Restauradores plazan: hiriko bilgunea da, baita gazte beltzen zita-lekua ere nonbait, asko dira behintzat bertan elkartu direnak igande arratsalde honetan; atzerritar beltz hauek ez dira Angolakoak, hauek lan bila etorritako etorkinak dira. Plaza berean dago 3 estaiko disk-denda erraldoia.
Geltokia: birmoldaketa eta berrikuntza lanetan murgildua dago, harri landuko ederra da kanpotik, Jeronimoen ildokoa, beste Lisboako hainbat eraikuntza bezala.
Rua Augusta. Oinezkoen kale zabalena, itsasora artekoa, saltoki gunea, Praça do Comerçon bukatzen da, arku bat igaro ondoren.
S. Justa kaleak ama gogorazi dit: Orihuelan bada beste izen bereko kale bat.
Kontsezio-Sorkunde Zaharra: sarrera zizelatua du.
Gertu, Arantzazuko piramide itxurako harri puntazorrotzek osatzen dute fatxada bat; berdinak aurkitu genituen Europako ez dut gogoratzen non. Eta gu Arantzazukoak bitxikeria, beraiek bakarrak munduan, arkitektoaren asmakizun bitxiak zirelakoan!. Aspaldi asmatu zuten sua.
Ibaiaren bestaldean, ontziolak, barku konpon-lekuak, ontzi erraldoientzat moilak, hiriak... eta Jesusen Bihotz erraldoia ikus daitezke.
30 museo daude Lisboan, mota guztietakoak.
Tranbiek iraun dute Lisboan, hiri-paisaiako osagai ezinbestekoak bilakatu dira: munstroak dira tranbia modernoak, iragarki bat da bakoitza bere osotasunean, leihorik gabekoak kanpokoontzat, kristalak behar dutenak iragarkiz pintatuta; baina diraute oraindik tranbia zaharrok ere, zaharkituak, kolorgeak, txiki zaharrak baina xarmantak, maitagarriak benetan, bizirik, oraindik kaleetan. Dirauten bitartean Lisboa ez da hilko, sute eta lurrikara bortitzenek ere ez dute desagerraraziko.
Gaurko nahiko dela esan digu gorputzak, jelatu gozoa eta pitxerkada garagardo eskaini diogun arren. Autobusa hartu eta etxera itzuli gara. Nahikoa dugu gaurkoarekin. Bada oraindik zerikusi gehiago, baina ez zaigu itzultzeko argi edo deirik piztu barnean.
Bragak itzultzeko grinaz eta barne-eskariz utzi gintuen, Lisboak ostera ez. Ez zaigu “tximeletarik” agertu. Ez gaitu bildu xarmak. Ez gaitu ezerk barnea kilikatu. Agian nekatu samar gaude, 20 egunotan ibiliari etenik egin ez diogulako, gelditzen, astiroago ibiltzen, pausoka pausokago joaten jakin ez dugulako.
Etxerakoan, arratsaldea aurrera, oraindik han zirauten goizeko herri bilkurakoek berdeguneko parranda herrikoian, egun-pasa atseginari amaierarik eman ezinik.
Jakintsua izaki, herriak bere zeharbideak egiten ditu belartza eta lorategietan, ibilbide erosoagoak, burutsuagoak. Lisboan ere. Unibertsitateak irakasten ez duen jakituria.
Herriak bere zoko eta bilguneak bilatzen ditu, patxadatsu egon egoteko eguzki zaparen ihesi ibai ertzeko arbolapeetan.
EL PAIS egunkaria soilik aurkitu dugu Lisboan. PSOEk jakin zuen propaganda sarea hedatzen.
Zergatik bildu zen, biltzen da, aberastasun dena Lisboan eta beste pare bat hiri gehiagotan, eta zergatik utzi zen, uzten da, ezin gehiagoan Iparraldea?.
Ez da eskalerik ageri herri eta hirietako kaleetan, bidegurutzeren batean bakarren bat agian. Gaur soinujole itsu bat aurkitu dugu museoko pieza bitxia litzaken itsulapiko bat soinuari lotuta zuelarik; beltzez jantzitako amona zahar bat ere hurreratu zaigu, itxura bitxikoa, gehiago aterako luke segur aski bere burua argazkirako eskainiz; Augusta Lisboako kale nagusiaren erdian eserita, esku-luze eskale, mutiko beltz bat zegoen, burumakur, buruari zabu eginez gora-behera; saltoki eta turista gunetan ageri da hainbat gizaki, gazte beltzak batez ere, aparkaleku hartu gabekoetara eta gerizatsuetara bideratu nahian autoak, sosa batzuen esperantzan.
Beltzarana du azala portugaldarrak.
Hainbat Europako lurraldekoak baino zarpailagoa janzten da.
0 kilometro, autoak bakea izan du, guk ez.
Ze tentagarria den igerilekuko ur freskoa kalearteko ibiliaren ondoren.
Atzo bezala, gaur ere txapliguak dira Lisboan gauez, erdigune inguruan.
Saiatu gara hemengo jatetxe batean ondo afaltzen, baina erdizkakoa atera zaigu. Euskal Herrian ospatu beharko dugu nire urtebetetzea. Jan, esaten dena jan, Euskal Herrian egiten da: bidaia oroko ikaskizuna.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Nobela beltza. Tarte entretenigarriak eskaintzen dizkit, baina ze gogoetatu askorik ez.
BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainak 16. Asteazkena. P:16.a
Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Ez du bidaiariak hirira heldu nahi, / bide amaigabeen truke / emango luke bihotza”. Bidaia eta bidaiariaren definizio bat.
Pao(ogia) eta Paz/Pau(bakea) elkarrengandik hur dabiltza bi hitzak Bakea eta ogia. Bada ogiak bakea dakarrela iritzia, baina badirudi ez dela horrela, ez dela ogi bila egiten gerra, nahiko ogi duenak egin ohi duela gerra ogi gehiagoren bila. Herri garatuak dira gerrarienak, zapaltzaileenak, erasokorrenak.
RNE irratia jartzen dugu egunean bi aldiz Euskal Herriko berrien bila, aurtengoak ez baitira Europa urruneko oporrak, non bi hilabetez ez genuen herriko ezer jakiten, beti herrimin eta jakin-min. Etenik gabeko zilborrestea dugu Euskal Herriarekin.
Txori-hots ia-ia burrunbatsuak hartzen gaitu kanpineko goialde hostotsutik. Txori kontzertua baino gerra-hotsa dirudi. Ugariak dira lurrean dabiltzan txoriak ere, janari apur eta zomorro bila. Aurkitu du ogi apur bat araba-zozo batek baina hara non oldartu zaion beste bat urrutitik: utzi egin behar izan dio esparrua, baina ez dio utzi apurrik: garaipena da gariz eta etekinez erretiratzea.
Holandarra bere zurezko eskalapoi edo txonkloekin dator bidaiara, kanpin eta etxatoi inguruan oin lehorrekin ibil ahal izateko.
Politiko orok du beti, definizioz, ataka bat irekita saldukeriarako: ze lanbide satsua. Poliziarena bezalatsu, simaurra.
LEIRIA
Zilarrezko itsasertza deitutako lurraldea; eguzki lurrak ere deitzen diete hauei,
Aurreko errepidetik begiratuz oraindik kristorenagoa da Tomar-eko Kristoren eliza. Izugarria!.
Lurralde menditsua, gora-behera etengabeko ibilia; errimea da kamioa, ibili mantsokoa ohi denez, patxadan hartzeko bidea da, beraz, gaurkoa. Betiko paisaia fisikoa: eukaliptoa, pinua, olibondoa, mahastiak, etxe-bueltako baratzak, aza gailegoa barazkien artean. Bada zelai eta lur utzirik ere. Zonalde pobrearen itxura ematen du; Batalha eta Alcobaça artekoa, aldiz, lurralde bizia da, industrigune ugari dago, baita saltegi erraldoi ohizkorik ere.
Ouren. Herritik alborako tontorrean du gaztelua, urruti samar, harresiek tontorreria osoa biltzen dutela gotorleku apartekoaren itxura emanez. Etxe handiko kaleak ditu herriak berak.
Zementuzko xafletan daude jarriak norabide eta herrien iragarkiak, grabatuta bezala, erliebe sakoneko hizki eta zenbakiekin.
Bi dorre zuri nabarmentzen dira Fatima aurretxoan: ezohizko ikuskizuna inguru honetan. Mendi bat, soila, zuhaitzik ere gabe, sastraka ezberdinez berde. Bi haize-errota hondakin borobilak, latorrizko txapel konikoa geratzen zaio bati.
Fatima.
Han daude erraldoi hirira sarrerako biribilgunean hiru ume ikusleak ardiekin; bestaldeko sarreran aldiz erromesak datoz, erraldoi hauek ere Fatimara bidean. “Prohibidas vendas, propaganda, mendicidade”, sarrerako iragarkia hau ere: pobreek eta behartsuek ez dute lekurik Fatiman, Amabirjinari opariak eta txanponak uzteko ez bada. Edo Amabirjinari laguntza eskatzeko, ez erromesei. Zatarki ematen dute pobreek Amabirjinaren santutegian, oztopoa dira erromesen ibilian, kezka eta arantza deboten kontzientziarentzat: erromesa bake bila dator, nolabaiteko aberats izateko itxaropenez. Eskaleak, erromesak baino pobreagoak izaki, soberan daude.
Muntaia erraldoia da Fatima. Amaierarik gabekoa plaza, neurri gabekoa eliza, kontaezina astegunez ere jendetza, zerurainokoa basilikako dorrearen goiera, gortzerainoko ozenak eta luzeak kanpai hotsak ere: dena da hemen ohikotik haratagokoa. Erromes xumearen fedea ere neurgaitza da: jende handia dago plazako mezan, eliza bera beteta dago barruko mezan ordu berean. Baina turismo jitea eta giroa du hemen fedeak, turismo-gune itxura du antolamendu denak.
Zutabe barnean sartuta daude plazako kaperako itsulapikoak, zementuan bertan dute ahoa, sosak zutabe barrutik zoru azpiko norabait gordetzen dira, auskalo nora. Apaiz batek solemneki bedeinkatzen ditu plazan hala eskatzen diotenei estanpa zein edozein oroigarri. Izugarria da kandela erreketa. Norbere belaunak ere mintzen zaizkigu plaza luzean zehar horretarako jarritako bidexkatik belauniko etorri nekosoan datozenei begira soilik; bada alprojaren bat ere: bigungarri sendoak jarri ditu belaunburuetan, garbantzu egosiak jarri zituen bezala Urkiolara garbantzuak oinpean joateko promesa egin zuen hark. Belauniko ibili honek norbera gogobetetzea eta norberari gaina hartzeko lain izanaren asebetetzea ekarriko diete gutxienez. “Egin dut”. Errekor bat bezala. Beste batzuk Everestera igo ohi dute. Fede apala, umila. Euskarri xumeei lotua. Dozenerdi txakur daude lurrean etzanda jende artean aterpeko kaperan, txakur bat aldareko sarreran bertan.
Hainbesteko jendetza ekartzea da hemen miraria. Fatima gutxienez ez da Lourdes bat, ez da kinkila makrodenda bat. Sikiera. Txu-txu trena du.
Vale de la Seta. Perretxiko asko duen herria, dena pinua denez, bilduko da robeiloi edo esnegorria.
Ez da inolako belar metarik ageri, belarrik ere ez baita hemen.
Harrobi beldurgarria, haginkada izugarria, zauri bizi bizia.
Nik “Batala” ahoskatzen nuen, baina “Batalla”, gaztelaniazko “ll” garbiarekin eman digu norabidea emakume batek.
Batalha. Monasterioa da. Barne astindua eragiten du monasterioak kanpotik ikusiaz beste. Manuelinoa omen zati bat, gotiko ez dakit nolakoa bestea, eta gotiko halakoa beste hura. Esplika zaila da. Izugarria. Zirraragarria hirugarrenez ikusten dugun honetan ere. Erraldoia izateaz gain, ederra. Harri zizelatutako artelan harrigarria, txundigarria. Alboan duten irakasle tailerretan jabetzen da bat zenbaterainoko inurri lana den zizelatze lana; berrikuntza lanetan kendutako edo aldatu beharreko zatiek erakusten dute zenbaterainoko xehetasunez eginak dauden han goiko orratz, gargola. eta gainerakoak. Kanpotik hain loratua, filigrana hutsa, izanik, oso austeroa da eliza barrutik, biluzia, nerbio loturak ezik. Klaustroa: monasterio baten ohizko osagaiak daude biltzen duen aterpe-korridorean, handiak baina austeroak hauek ere, patio bat ezik. Juan I.a eta emaztea zoragarri tailatuta daudela antz ematen zaie, baina 3 bat metroko altuerako hilobiaren gainean daude jarrita, biak gangara begira: armiarmek soilik ikusteko tailatu ote zituzten irudiok. Bada bertan beste hilobi zizelaturik ere.
Antzinakotasun ukitua falta zaio denari: berriegia, garbiegia dago.
Aljubarrotako garaipenaren omenez jasotako monasterioa. Gerrari monumentua. Hilketen omenez jasotako elizak. Eliza bat jasoz estaltzen dira gerraren izugarrikeriak. Gaur egun ere.
Lourdes bat da Batalha ingurua, dena da kinkila-denda.
Sarrera-ordain erdia ordaintzen dugu monasterioa ikustea jubilatuok. Italiar jubilatu autobuskada ibili zaigu inguruan, zaratatsuak, bakoitza bere Italiako bandera handia lepotik behera zeramalarik.
Bizia, industrigune eta bizitasun handiarekin.
Leiria. Etxe berri handi asko du zaharraren inguru zabalean. Kosta zaigu hirian kokatzea. Lehen iritzia hala nolakoa izan bada adiskidetu gara ondoren. Kale-sare zabala, antzinakoa, bere plazarekin, apartekorik gabe. Ez zaigu gertatu ez atsegina ez erosoa gu bezalako ibiltarientzat, baina herri bizia behar du izan, giro bikaina egonen da. SE: elizatzar zabal garaia, harrizko zutabe karratuen gainean; erabat biluziak ditu horma zuriak. Garbiegia dago. Xume itxura du erretaula errenazentistak, oso leuna baita, baina halako sentipen baikorra sortarazten du. Organoak behar zutenen bi balkoik eta bestelako dotoreziak ematen diote presbiterioari harroxkotasuna.
Horman itsatsia dago itsulapikoa eliza honetan ere, kutxa gotorren zenbakidun hiru giltzez gotortua. Atsegina gerta zaigu bisita: gu begiluze, bera ariketa lanetan, emanaldi bikaina eskaini digu organo-joleak. Zurezko zorua du, Iparreko zenbait elizen antzera harrizko lurretik isolatzeko ahaleginean, leku hotza da nonbait.
Pankarta urdin bat plazara sarreran: “Em defesa da Escola Publica. Sindicato dos Profesores”. Bizirik dagoen herriaren aldarrikapena.
Ortigosa.
La Guipuzcoana garraio kamioia berriro, sare trinkoa du nonbait Portugalen delako konpainiak, sarri ikusten baitugu errepide zein herrietan.
Granja handi bat itsasbazterrera bidean, oso guti ikusten ditugunez delako granjok, deigarria egin zaigu. Ez da asko aldatu paisaia fisikoa, giza paisaia ere ez. Pinudiak estaltzen dituzte duna eta hondar lurrak Nazaret herrira arterainoko lurraldean, hogeitaka kilometrotako bidean. Hondatua dago errepidea, zulorik ez du, baina, zorionez.
Pedrógao. Praia da Vieira. Sao Pedro de Muet. Itsasertzeko uda-herriak, turista-herriak. Hondartza luze, argi, finak. Arrantzontzi pintatu mutur-jeiki bitxi ospetsuak, hondartza erdian jarriak, bitxikeria gisa, bisitarientzako amu, eta kultura baten oroigarri. Pasealekua hondartza gainean. Aparkaleku asko. Uholdean dator bisitaria. Gaur bisitariotatik gutxi dabil hondartzotan, itsasoa kirrua dago eta fina dator haizea Iparretik.
Emakumeak dira kale garbitzaile.
Vieira: Lehen solairuko etxeek osatutako arrantzale auzo peto-peto erakargarria; plaza ertzeraino jaso dute itsasontzi bat inguru apaingarri gisa; herrietako ortuari merkatuen itxura petoa du arrain merkatuak.
S.Pedro: hemen behintzat hondartza gainetik doa errepidea, pizgarria, pinuarte beti berdinaren ondoren.
Erretxina jasotzeko ontziak pinu gerrietan.
Nazare. Turista-herri peto-petoa: saltoki, kafetegi, jatetxe, gela... eskaintza ugaria. Alde zaharra ez da kanpotarren ibilbide, herritarrentzat gordea dirudi. Harea argi fineko hondartza amaierarik gabe luzatzen da herri aurrean itsaslabar zorrotzen oinetan. Fisikoki ez du ezer apartekorik, giza berezitasunak nabarmentzen zaizkio: turismoarentzat egokitu gabe herritarrentzat gorde dituzte hainbat kale; gorpuzkera sendokoak dira emakume nagusiak, janzkera berezia daramate emakumeok, ez dute bitxikeriarik baina ezberdin janzten dira, buruko zapia era ezberdinean jartzen dute, emakumeotatik asko beltzez jantzita dabiltza, beltzez janzten dira gizonezkoak: buruko txano bitxi batekin ere ikusi dugu txukun jantzitako agure bat, antzinako erlikia segur aski.
Arrantzale herria izana eta dena: hondartza ertz batetan, agian erdian, hain da luzea hondartza; arrantzale portua: arraina eguzkitan lehortzeko sokateria zabala dago hondartzan. Duela urte asko izan ginenean arrai enkantea ikustea tokatu zitzaigun: oraindik gogoan ditut emakume sendo haiek, errespetua baino beldurra sartzen zuen begirada eta begitarte gogorrarekin, kofradiako harmailetan eserita arraina erosten: zirraragarria zen.
Logelak eskaintzen dituzte sarreran errepide ertzean: bakoitzak berak duena jartzen du salgai.
Alcobaça. Berandu samar eta non aparkatu ezinik, aurrera egin dugu. Damu handirik gabe, bi aldiz egonak gaude bertan eta gogoan dugu altxor nagusia, Monasterioa, erakutsi eta ikusgai bikaina: eliza eta sukaldea ditugu bizien oroimenean; luzea eta garaia eliza; erraldoi sekulakoa sukaldea: han goietan galtzen zaio tximinia, beheko-su karratu izugarri handia, ur beroaren sistema, eta hainbat osagai bitxi.
Bide ezberdin batetik egin dugu Leiriarainoko itzulia, ingurune bizi batetan goazen sentipenarekin: herriak eta herriak, etxeak eta etxeak, bata bestearen jarraian elkarri lotuta bezala. Buztingintzarako lur ona dela adierazten digute adreilu fabrika ugariek; lantegi ugari egon behar duela sentipena sortarazi digu lurraldeko bizitasunak.
Bihurgunez bihurgune, aldats gora kamioi zamatuen atzetik poliki, geldoa gertatu zaigu etxerakoa.
Casa Novo, pikondoen herria.
Oure, herri eta etxez jositako bailara zabala.
235 kilometro, Nazarekoan gaizki aparkatzeagatik isuna ere jarri digutenak.
“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:
* “Atzean utzitako baldintza pila” daramat nirekin, baina nire “burua, altzari baten gisa, lekuz aldatu baino” besterik ez ote dut ba egiten?. Ez naiz bidaiari ona, baina bidaiaria bai banaiz. Eta gustura nago. Beraz bapo!.
Ekainaren 17a. Osteguna. P:17.a
Axal eta zabal doa Tejo ibaia.
Almourol. Ibaiaren erdiko haitz-tontor gainean jasotako gaztelua. Hor dago, bitxi. Ze ezberdina Rin ibaian Koblenz-era bidean ikusi genuenarekin alderatuz. Ibaiko bidesaria kobratzeko zen hura, segurtasunerako soilik hau; luzexka airos eraiki zuten hura, sendo gotorra hau, ibai erdi-erdian dago hura, nahiko ibai ertzean hau.
Kuartel ikaragarri batek itzularazi gaitu ibilbidea moztuko genuela uste genuen bide batean: filmetako soldadu-heziketa muntaia, poste, alanbrada, eta hornikuntza oparoa barruti zabalean.
Trancos. Eliza zuri-zuria talaia ederrean.
Kamioi batean eserleku luzeetan eseritako emakume koadrilak harrotu dizkigu umetan kamioiak giza garraiabide zireneko oroitzapenak: kamioian etorri ohi ziren seminariora bisitan segurarrak, kamioiz egiten zuten hainbat erromesek santutegietara...; gaurko emakumeok lanera zihoazen edo zeramatzaten, ez zen jai girorik.
Erabat aldatsen da paisaia Tejo inguruan, lur landu zabalen altzo dira ibaiaren albo biak, ortuaria eta artadiz oparo: ura, lurraren bizia, Tejo, inguru honetako pizgarria. Desagertu zaigu eukaliptoa, ugaritu olibondoa; artea zein artelatza ditugu bide ertzeko lagun lurrak gora egiten duenean mendi koskorrak osatuz.
Golega. Bidegurutze borobilean brontzezko zaldia, gaztetxo batek sokatik heltzen diola, zaldia du osagai sarrerako herri-armarriak ere: zaldia dute nonbait herriko ikur.
Vale de Cavalo. Santaren hiri aurretxoko herria: zaldi lurraldea da hau, cavalo.
Pikatxoi astuna lepoan hartuta errepidean doanak ere badu premiaren bat.
Ahuntz ilun aldra: ez dugu orain arte ahuntz askorik ikusi, eukalipto basoa ez da nonbait ahuntz-leku, ahuntzarentzat ere mortu da eukalipto basoa.
Errepide txikietatik gabiltzanez, kosta zaigu Tejo ibaia aurkitzea, jo dugu azkenik bertara eta zeharkatu dugu, zabala eta sakona dager hemen. Bi kamioi doi-doi gurutzatzen diren zabalerako burdinazko zubi luzea izan da, burdinazko tunel luzea dirudi ertz batetik bestera begiratuz.
Artelatz izugarri sendo bat, Etxarriko haritz erraldoi horietakoen antzerakoa. Badira tarteka gerri handiko eukaliptoak ere.
Chamusca. Herri apaina. Etxe zurien eraginez erabat argia. Zuri-zuria du zezen-plaza ere, beste nonbaiten ere ikusi dugu antzerakoa.
Tarteka badira zezenketa iragarriz kartelak herrietan.
Lur laua, lautada, tontor apalekin.
Hauteskunde ondoren Portugalen ere ez da kale-hormarik garbitzen, ez da kartelik kentzen. Hormetan oso kartel guti jartzen da, ia bat ere ez, paneletan jartzen dira itsatsitako kartelak, argi-posteetan zintzilikatuak edo lotuak daude ia kartel denak, pankartak ere ugariak dira, telazkoak dira zintzilikario asko.
Alpiarca. Herri bizia dirudi. Mahastia da nagusi inguruan.
Lur aberatsa izanen da hau: Portugalgo baratza bailitzan. Platano sendoak dira oraingoan bide ertzetan errepidea etorbide bihurtuz. Ibai gainetik ez ezik mahasti gainetik ere luze doan zubi batez zeharkatu dugu Tejo ibaia hirira jotzeko: Portugalgo zubirik luzeena omen.
Santaren.
Lautada erdiko mendi tontor luzexkaren tontorrenean eraikia, ate erromanikoa duen elizatxoak ematen dizu ongietorria barren-barrenean. Inguruko herrien merkatal gunea, hiri bizia izanen da hau ere.
Hiribilduaren harresi arrastoak geratzen zaizkio, etxe artean gordeta, ia galduta. Gidaliburuak balkoietako burdineria goraipatzen du: egon badaude burdin landuok baina nahiko arruntak dira, balkoiok asko izatea litzake agian nabarmentzekoa. Mahasti izanik beheko lautada, tokatzen zaizkio herri osoan erruz ikus daitezken bukoitzarreko upategiak. Kaleak: ez dago oinezkoen kalerik, baina badira oinezkoenak behar luketen kaleak. Ordez, auto asko dabil kale orotan, desatsegin bihurtuz oinezkoon ibilia. Bozgorailuen bidez zabaltzen dira eguneko oharrak kaleetan. Badu jelatu denda ere: bisitatzeko bermea izozki zaleontzat.
Elizak: eliza-herria: bila ibili gabe egiten duzu topo elizekin kale arteko ibilian, edo inguruan ikusten dituzu, ugari. Eguerdia izanik itxi egin zaizkigu eliza-ate denak, heldu berri ginenekoak soilik aurkitu ditugu zabalik. Parean tokatu zaizkigunei soilik joan gatzaizkie ikustera. Manuelino, manierista eta gotiko estiloetan sailkatuta daude elizok paperetan: “gotikoaren hiria” ere deitzen omen zaio, agian gehiago da nahia izana baino. Katedrala edo jesuiten elizak atsegin sentipena sortarazten du, ezberdina delako agian: nabe bakarreko handia, marmol gris eta gorrixkakoa; aipatzekoak alde bakoitza osoki betetzen duten 3 aldareak, marmolezko erretaula barrokoa eta gangak, bai freskoz dotoretutako presbiteriokoa, bai irudi pintatuz erabat betetako barne-luzeko oholezkoa; Loiolako Iñazio behar duena ere bertan dago, erabat beltz eta iluna, ohi duenez barrokoa, aldare apal batean oraingoan, gehienetan bezala burezurra eskuan duela pentsakor.
Irakasle batek artea irakasten zien elizako bankuterian eserita zeuden ikasleei: elizako artea ikasgai, eliza ikasgela bihurtuta, arte-irakaskuntza bizia, liburuetara mugatu gabe.
Piedade eliza. Gurutze estruktura du izan, baina hain da beso motzeko ze ia borobila den; marmolezkoa izanik ere itxura hitsa erakusten du: kolorgetua, zaharkitua, zeri erreparatu handirik ez du, aldare gaineko Pietate eskultura ez bada. Eliza erromaniko bat, sendoa, ederra, austeroa, antzinatasun jitea kendu ezin izan diotena, museo bihurtuta. Marvilla eliza, ate xumeki landu bat du. Iglesia da Graça: grazia du bai, agian garbitu berriagatik, sarrera gotiko arras garbiak; baina benetako grazia eliza aurreko gerrariak du, han dago gurutzea esku eskuinean eta, ateratzeko prest duen ezpata gerrian. Miserikordia eliza, txepela da.
Mendebalerantz hartu dugu, itsasorantz.
Cabeza gorda. Buruhandiak ote herri honetan.
S. Joao de la Ribera, jarraian Ribera de S. Joao.
Bizi direla eta bizi nahi dutela itxura erakusten dute herri guztiok, kaleko jendeari bizipoza dario, etxeak eurak zaindutakoagoak dira. Herri inguruak berriz ez daude inola ere zainduak, harea eta hautsa da nagusi errepide ertzetan. Etxe bueltak ere ez dira lorategi joriak: agian berriegi dugu iazko Holanda-Danimarkako ibilia, ahaztua aldiz Euskal Herriko hainbat etxaurre lardats. Beroak eta ur-eskasiak eragin zuzena du lurralde hauetan, gordin bihurtzen dituzte bizitza-baldintzak, eragina dute jokabidean zein hezkuntzan eta kulturan. Bizitza-baldintzek hezten dute pertsona, beraiek ezartzen jokabidea eta kultura.
Karratu luzexka da hemengo aitzurra, ez da gureetako buru estuko hura, burua ia mailu bilakatzen zaion gureetako lur-aizkora.
Caldas da Raina. Herri honetara ez joatea erabaki dugu, badugu nahikoa nora joan bestela ere. 25 urtetik gora da bertan egon ginela, etxean ditugu bertan erositako hiru iruditxo xarmant, “Corte de mangas” keinua egiten duenarena batez ere. Entzute handiko bainu-herria da eta erregina batek egin zuen ospetsu: bada erreginarekiko kontakizun bitxirik eta beso-mozte horrek badu zerikusiren bat.
Obidos agertu zaigu aurrean. Bere osotasunean ikusten zaio borobilera edo bildukera: tontorreria luzean zein mendi magalean luzatzen zaizkio harresiak, urrutira teilateria besterik erakusten ez duen erdigunea defendatuz. Bi aldiz ere egonak gara bertan, baina merezi du hirugarren bisita bat ere.
Hiritik hur, baina lautadan, Harriko Gure Jaunaren Santutegia: Kristorena izan daiteken irudia mila urtetik gora dituen harri luzexka borobil batean, ez du gurutzerik, agian harria bera da gurutzea; Nazaretetik ez dakit ze herritara eramaten omen zuten Amabirjinaren iruditxoa barruan daraman zalgurdi xarmanta; Pietate bat.
Ugariak dira Pietate irudiak elizetan, aspaldikoak dira batzuk: irudi oso zurrunak dira, sarri Kristoak egur zati luzexka bat gehiago dirudi giza irudia baino. S. Sebastian irudia ere denekoa da: santuaren irudi oso xelebreak ikusi genituen Iparrean.
Obidos. Nahiz hirugarrenez gatozen bertara, nahiz turista-herria den, nahiz bisitariz gainezka dagoen, nahiz lourdes bat bilakatu den, nahiz atari bakoitza denda izan, zoragarria gertatzen zaigu gaurkoan ere hiribildu honetako kale arteko ibilia. Antzinakotasunez blai, harresiak beti presente, turista gutxiko egun bate bilduko da an lasai ibiltzeko hiribildua. Mailaz maila kaleak magalean, elkar lotutako kale eta kalexka estuak. Beste mundu bat. Bizia dute hemen harriek, giro kutsagarri bat sortzen dute. Mila zoko xarmant, mila zehaztasun liluragarri. Izugarria behar du izan turista eta dendarik gabeko bakardade isilean. Herria urez hornitzen zuen akueduktu luzea: bere arkupetik egiten du errepideak mendiz bestalderakoa. Besorik gabeko errota. Eliza pila: Sta. Maria parrokia, bitxia eta ederra, azulejoz estalia barrunbe osoa, koadroz osatua erretaula, koadroz erabat dotoretuak hormak ere, sabai pintatua, harri zizelatuzko hilobi ederra, pulpitu ezberdin txikitxoa zutabe mehar baten gainean: eutsiko ote lioke zenbait apaizi edo kabituko ote litzake bertan zenbait sermolari.
Pintura erakusketa, adindun baten lanak: interesgarria izan zaigu bere artelanetan jarraitzea artistaren bilakaera.