Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/04/23 10:40
ALENTEJO BARNEALDEA. Villanova de Milfontes, Odemira, Santiago de Cazen, Sines.

Ekainaren 27a. Igandea.  P:27.a

        

“Ur tximeletak”.  Pili Kaltzada:

* “Noraezean segitzen dugu / etsirik jadanik”. Etsirik ez behintzat. Ala bai?.

* “Agortu al zaigu jadanik / hozkailuko zerbeza guztiak, / hozkailuan gordetako ametsak?”. Beti behar da zerbeza bat hozkailuan eta ametsa bihotzean.

 

Harritzekoa, ez dugu holandar edo alemaniarrik ikusi kanpaleku honetan!. Egunean zehar gurutzatu ditugu bai bakar batzuk errepidean.

 

Erretxina kentzen diete hemen pinuei. Kanabera ugariagoa da gaurko lurraldeotan.

Erabat erabilia da Portugalen ere Frantsesen bidegurutzerako asmakizun borobila. Bide txikiak zainduta daude Portugalen, zoru leuna dute gutxienez, zulorik gabekoak behinik behin.

        

Lagoa de Sto Andre. Duna soil batez itsasotik banatutako aintzira bat da: arnasa ematen dio zabalguneari, eta itxura alaia inguruari.

 

Jende pila dator hondartzara, goizean goizetik, autobusez,  baina batez ere autoz. Hala izanen da, goiz guzian. itsasertz orotan, batez ere herri inguruetakoetan. Lepo daude eguzki zalez hondartzak, ilaratan tolestuta autoak bazterretan.

        

Vila Nova de Sto Andre. Zuri-zuria, txakurrak ere ilezuriak dira hemen. Herri berri-berria dirudi. Aurrerago aurkituko dugun birfindegi eta argindar zentraleko enplegatu eta enparauak biziko dira bertan. Erdibitu egiten du autobideak, agian autobiaren alde bietara eraiki dute, herria bi zatitan utziz.

 

Portugaleko autobideak ez du ia inoiz  norabide bien arteko tarte txukunik. Sineserako autobideak aldiz  erdigune apaindua du, lora edo loredun sastrakaz edertua. Zentral eolikoak dakusagu pinu-arte batean: bihar jakingo dugu non dauden eta zenbat diren; gaur hegorantz eginen dugu biharko utzita Sines-i bisita. Pintada pila bidegurutzeko eta inguruko hormatzarretan, lana errebindikatuz, birfindegiaren arazoak eta iraultza aldarrikatuz: lana agindu omen birfindegiarekin baina hitzak ustel berriro ere. Hondarrak zuri-zuri marrazten du itsasertza infinituraino; garden-gardena da ura haitzetan. Pare bat petroliontzi daude Sines-eko badian, egonean, porturako baimenaren zain.

 

Erabat atsegina da bidaia, itsas bazterretik aldika, duna ertzetan hurrengo. Arretaz egitekoa baina, erruz baitabil autoa eta jendea errepide ertzetan. Motozaleak ere agertu dira ilara burrunbatsuetan, gaurko ibilgu osoan izanen ditugu bidelagun, beltzez jantzita, bizkor beti. Errepidea uzten doaz han-hemenka autoak, bakoitza bere Sakonetaren bila duna artean. Sakonago aparkatzearen ahaleginez, geriza bila apika, auto-muturrez moztuz joan dira sastrakok, azkenez zulogune sakon egokitu diren arte, garajeak bailira.

 

Ugariak ziren fruta-saltzaileak saltoki behin-behinekoetan Sines inguruan, Porto Covon berriz arropa-saltzaileak daude eguzki zaleen zain.

 

Porto Covo. Etxe apalez osaturiko uda-herri petoa, argia, kale zuzeneko argia, edonondik itsasoa beti aurrean, galtzadarrizko zoru eta erdigune erakargarriarekin. Hain herri apainak hondatua du haize-errota, sarreran dotore egingo lukeen arren. Uda-herriak hondartza behar zuen, eta du.

 

Metroko zabalerako galtzadarriz gogortua edo bukatua du ertza errepideak.

 

Cabeza de Cabra. Herri bati jartzeko izena!. Ze historia ote du.

 

Erabat ezberdina da zonalde hau barne aldekoekin alderatuz, horregatik agian herri handi orotan ALENTEJO jartzen du letrero erraldoietan inork besterik pentsa ez dezan, bere nortasunarekin harro.

Lur azpirantz irekitako harrobi batean garbi nabari da hondarra dela zoru azpi dena. Lautada argitzen da tarteka, zabal, belar lehorrez erabat hori.

 

Vila Nova de Milfontes. Uda-herri erakargarria, xarmanta; izatez ere “nova”, zuria eta berria, etxetxo bikainekin, baxua, erabat zabala, harrokeriarik gabeko xumea, berezko erakargarritasunez bustia; handitxoa, baina astakeriarik gabe;  kale estuko kale-sare kiribildu gustagarria da Alde Zaharra. Saltoki herria, baina ez da lourdes, hemen ez da dendateria merkerik, ezta hotel edo jatetxe badaezpadakorik ere. Badu garbitegia ere!. Alde zaharrean kokatua dago elizatxoa, umila, urdin pintatua. Ibiltoki bat behar zuen eta du, behean ur gardenen ikuskizuna eskainiz. Oraindik berrikuntza lanetan murgilduta bizi da, turismoari besoak eskaini guran. Mira ibaia itsasoratzen da bertan, garden, itsasoak puztuta zabal, ia itsasadar bihurtuta. Inguru atsegina.

Sorosleek zainduta ikusten dugun lehen hondartza da bertakoa: ez da hondartza bakar luzea, ibaiaren alde batera zein bestera zokoetan banatutako hainbat hondar-gune baizik. Bazuen gotorlekua ibai gainean, itsasoaren atezain, baina jabego pribatuaren esku gertatu delarik erabat itxuraldatu dute etxebizitza dotore bilakatuz.

 

Espaloien jabe egin dira gaur hemen autoak.

Gizon adinekoa zetorren itsasotik herrira olagarroa kuboan eta burdinazko gakoa eskuan,

 

Zubi luze batek zeharkatzen du itsasadarra. Alentejo probintziako behe aldeko lurrak, hegoenak: lur zabalak dira, Holandako lurraldea iduri, hain dira lauak; heldu da ureztaketa bertara, nabaria da lurralde osoa berregokitu nahian dabiltzala, ureztaketaz hondartza emankor bihurtu asmoz; akueduktu moderno batek ematen dio jarraipena ubideari: zirrara sartzen du hondar-saila besterik ez den hareatza ureztatzen ikusteak. Arto-sailak dira nagusi, ikaragarri zabalak, baita arroz-sailak diruditenak ere, tarteka ekilore sailak, baina bada utzitako lursailik zein belar maskaleko belartza tristerik ere. Granja pila, behi asko larrean, ez dakigu ze gogoz belar triste hori jaten.

Lurralde honen erditik doa errepidea eukaliptoz hesitua.

 

Almogabre. Inguruko herritxoetako bat, polita, atsegina, zuria, urdina, elizatxo apal batekin.

 

Zergatik ez ote da eliza handirik herriotan?.

Adineko gizona hemen ere, bigarrena gaur, kuboa eta aho zorrotzeko burdinazko pala batez  bukatzen zen haga eskuetan.

 

Cavaleiro. Etxetxo politeko herri txikitxo galdua, harro bera!, itsas gainean.

 

Gaur egun ez dabil traktorea besterik, gaur egun gurdi pintatuak ez dira ikusten muestrarako ere, ezta edergarri etxe aurreetan jarrita ere. Museoko bitxikeria besterik ez dira jada.

 

Cabo Sardao.  Hor dago itsasargia, agian argia ere eginen du baina erabat hondatua du etxaldea. Hondartzarako pasabidea  besterik ez da.

 

Gu gara errepideko bizidun bakarrak, hegazti migratzaile herritxo txiki galduen inguruan.

Bi zikoina argindar tantai gaineko punteneko habian.

Jaietan daude herri batean: txosna borobil trauskila kolorezko paperez apaindua da dantzatokiko taberna.

 

ALENTEJO BARNE ALDEA

Pinua eta eukaliptoak estaltzen duen  lurralde menditsua. Artelazki piloa garraiatzen da errepidez kamionetan.

 

Malvado eta Malpensado. Inguru berdinean daude bi herriok.

 

Lore berotegia, inguruan ikusi dugun berotegi bakarra. Pikondoak eta fruta-arbolak etxe bueltetan.

Zezenketak iragartzen dira, banaka-banaka sarri.

 

Odemira. Alentejo barruko ohiko herria, gaztelua goian eta etxeteria beherantz:  zein aldetikako etsaiengandik babesteko, edo ze aldeko etsaiak erasotzeko, ote hiri hau: Espainia du alde batera, Portugalgo lautada bestera. Mira ibaia doakio barrenean, oinetan. Herri atsegina izanik, hila dago igande eguerdian: hondartzan edo siestan dago jendea. Erabat eraldatuta dago gaztelua, gaztelu jitea galduta, zuria, harresi hondarrak dira harri ilun bakarrak; liburutegi bihurtu dute barrua, anfiteatro ostea.

Alentejon tximinien kultura dutela esan badaiteke, Odemira tximinien herria dela esan beharko: mota ezberdineko tximinia pila, batzuk erabat ezberdinak gainera, lirainak eta bitxiak; etxe berriek ere tximinia politak dituzte, baina txikiak, gasak nonbait ez du irtenbide  handirik behar.

Hainbat plaza dago herrian, jaietarako dotoretua dago plaza nagusia musikarientzako oholtza eta guzti; plazan bertan hegaztien zoologiko antzerako muntaia nanotxoa, kaioletan hegaztiok preso daudelarik; urmaelaren erdian dago iturria, ur gainetik joan behar da bertara ura edateko, harrizko zutabetxoz zutabetxo, borobilez borobil. Bada 1823ko harrizko iturria, horma zuri-urdinekoa, herriaren laguntasunez eraikia. Bi eliza elkarren ondoan, zuri-urdinak biak. Behean ibaia, dotore moldatua txalupa, pasealeku eta egontoki atseginez.

 

Zer esan nahi ote du “Ode” horrek?. Zeren ibai izenaren osagaia d Mira.

Masusta zuri zuhaitza: lehenengoz dastatu dut masusta zuria, oso gozoa da. Masusta beltza ere ikusia dugu ez dakit ze herritan.

 

Norabidea galdetu diogu gizontxo heldu bati: borondate onenarekin okerreko bidea erakutsi digu: polita delakoz goizez ibili dugun parajera bidali nahi gaitu baina gu mendi barruko bidearen bila gabiltza. Gure kabuz zuzendu behar izan dugu azkenik norakoa. Bidea ziurtatu asmoz errepide ertzean labanaz makila lantzen ari zen gizon bati galdetu diogu gure norakoa: eztarria zulatuta duen bat zen, zapitxo borobil ondratua lepoan adur-zapia bailitzan, ahotsik argitu ezinik gizajoa: bueltatu, jaiki eta, inolako konplexurik gabe, keinuz adierazi digu bide onetik gindoazela: harrigarriak ziren bere begi argi-argi bizi-biziak, irribarretsuak, eguzkiak erabat erretako aurpegian.

 

Mendiz egin dugu etxerakoa, baso artean tarteka, garitzez bilduta hurrengo; geure-geureak ditugu jadanik eukalipto, pinu eta artelatzak, bada artelatz zahar sendorik tarteka errepide ertzean. Helduaren helduz, ilun marroitua dago garia jadanik. Tarteka desatsegina bilakatzen bazaigu ere eukalipto-baso idor zikina, atsegina zaigu azken ibili hau ere; egun osoko ibilia izan da atsegina, berriro ere geu bakarrik errepidean, mila gora-behera, mila erreka-zulo eta bi mila bihurgunetan murgilduta. Mendi-sailaren babesean doa lautada, itsasorainoko baso lau berdea bilakatu zaigun arte.

 

Cercal. Bidegurutze borobil handia du sarreran, berde-berdea, ia herriko plaza izateraino. Arnasa, argia eta bizitasuna ematen dio herriari.

 

Lautada, gari-sailak, landetxe uste ditugun etxetxo zuriak garitza erdian.

Ez herri ez etxe, oso bakartia da Santiagora bidea, gustukoa zaigu ordea.

24 graduko hozberoa: artelatz-basoan ardi narruzko txamarra darama artzain batek, bere alboan alkandora hutsez  gazte bat.

 

221 kilometro, Alentejoko itsasertz jendetsu eta baso-barrunbe bakartietan.

 

Baretu da kanpalekua.

Itsaso kirrua, ipar hozkirria, azken eguzki gustagarria.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate:

Ez da geldik eta isilik egotekoa gure elgoibartarra

 

 

Ekainaren 28a. Astelehena.  P:28.a

 

“Ur tximeletak”. Pili Kaltzada:

* “Aukera galdu guztien damu naiz”. Aukera aukeratua mila aukera galduen ama da. Hautapen bakoitza morroiloa da, mila aukerei atea ixten die, beste hainbestei zabaltzen.

* “Beti dira besterenak / maitasun eder, / biribil, perfektuak. / Beti dira gureak / sumendiak kiskalitako / tximeletak, / ...”. Gureak, aldiz, “besterenak” dira, beste guztientzat. Beraz eder, biribil eta perfektuak.

 

Ederragoa da paisaia, politagoak herriak, nekeak zulatu gabeko goiz orduetan, etxeratze presati nekatuan baino.

Mendialdera goaz itsasertzeko lautadak utzita: etxe zuriak, etxe bueltako baratz, pikondo, olibondo eta mahastiak; artelatzak, eukaliptoak eta pinoak, txandaka edo erdi nahasian, geriza emanez errepideari, tarteka eukalipto zein artelatz sendo eder lerdenak.

Garai batean artelatz-basoa zen lurralde dena, gerokoa da eukaliptoa. Pobreak eta emigranteak besteek alderatzen dituzten lanetan ari ohi diren pare, nazio eta herrialde pobreek herrialde aberatsek nahi ez dituzten zuhaitzak ekoizten dituzte. Baserritarren diruz ezinak eragin zuen Euskal Herria pinudi bihurtzea ere.

Bira baten ondoren beste bira bat dakar errepideak, baina zoru onekoa da. Bidaia atsegin eta lasaia.

Laranjadiak  dira lurralde honetako osagai berria.

 

Besaulki zahar bat jarri du norbaitek bidertzeko “paragem”ean. Autobusa nonbait berandutu egiten zaio sarriegi.

Beltzez jantzitako amonatxoren bat ikusten dugu tarteka, buruzapia ere beltza: garai batean bertako emakumeen janzkera ohia segur aski.

 

Urdinak dirudite etxe zein herriak, zuriak izanik ere: Tunisia hiriburu inguruko herritxo polit bat gogarazi dit, leiho, ate buelta eta etxe-ertzak urdinez apaintzen dituztelako “hiri urdina” deitzen  diote hari.

Berotegi sail zabal-zabala dakusagu Santiago aurretxoan, ezohizko ikuskizuna, oso bakanak baitira berotegiak Portugalen.

 

Santiago de Cacem. Alentejoko herri ororen egituraketa: tontorrenean gaztelua, gainbeheran galtzadarrizko kaleak, kale gurutzadura batean herriko plaza nagusia eta bertan pelourinhoa, behean, ia lauan, hiri berria. Gaztelua:  sendo egin die aurre harresiek gizaldiei; hilerria bilakatu dute barrunbea, bada hilobi ederrik hilobi eta hezurtegi artean; bigarren harresi-eraztun batek inguratzen du gaztelua maldan beheraxeago; mendi magal erdian bazen bere garaian hirugarren harrizko gerriko bat ere: errepide bihurtu dute gaur egun, “Miradouro” ikusgarria, talaia aparta, behatoki paregabea eta pasealeku bikaina: mendiaren oinetatik itsasoraino lautada berdea hurren, zerumugan bukatzen den itsaso berdea ondoren eta Sines hiria urdingune eta berdegunearen mugan, birfindegi, petrokimika lantegi eta zentral termikoez inguraturik, argindarraren bide erraldoia ordeka berdearen erditik, burdinazko egitura zurixkak zuhaitz artean tantai erraldoi. Eliza: gazteluari itsatsita, fatxada ponpoxoko eraikin dotorea da, lantxo dottorez bildua; albo batean ate erromaniko-gotiko pertxenta aukerako kapitel tailatuekin. Plaza: xumeetan xumeena, porlanezkoa dirudi pelourinoak ere, dotoretu gabea arren  ez zaio falta burdina puntazorrotzik. Kale-sarea: pike-pikea, erabat ezgauza, pobreen bizitokia dirudi, ez dago utzia baina bai galdua, turistarik ere ez dator, baina badira bizpahiru kaperatxo xume moinoinoak. Alde berria:  behean, mendiaren oinetan, bertan sortu da dendateria eta bizimodu eroso baterako etxeteria berria, diruz ahal duenaren bizitokia. Mendi magal garbian sarrera ezberdineko kapera zuri bat, oso nabarmen. Tren-geltokia ere erakargarria da, bertako jitea du azulejozko panelez kanpo-hormak. Aurreko mendiko hegian 5 haize-errota gutxienez, bere beso eta guztiz bata.

 

Zaharreko kale batean izarak daude esekita alderik alde, etxetik etxera, kale osoa hartuz.

 

Zentral termikoaren tximinia garaitzen da erraldoi zuhaitzen gainetik Sinesera bidean. Eolikoak berriz 12 besterik ez dira, ez tantaiegiak gainera: garbi dago ze argindar-ekoizpen aldeko apustua egin den; nolanahi  Eusko Gobernuak edo Sanzenak ez ote dute lotura ofizialen bat  egingo Sinesekin Olaztiko Gazteizko Gamesaren  teknologia eta zentralak saltzeko, itsasertza eolikoz lepo jarri arte, zentral termikoaren belzkeria ekologismoz zurituz?.  Hoditeria digantea doa errepide azpitik zein albotik, hodi-autobidea bailitzan: ziurtatuta egongo da agintarien aldetik ez dela arriskurik, baina auskalo zenbaterainokoa den benetako bermea; zirrara sartzen du bertan ibiltzeak petrolio tutuon artean.

 

“Sineenses querem travalho”. “Agindu zuten baina ez zuten hitza bete”. “Nou nos lixem mas” = Ez gaituzte zikinduko gehiago”, ... ugariak dira pintadak hirira sarrerako horma orotan.

 

Sines. Alde Zaharrak badu bere grazia, saltsa izanen da kaleotan eguneko azken orduetan edo gauez. Ez du ezer berezirik baina atsegina da. Itsas gaintxoan dago kokatua gaztelua edo gotorlekua, harresiz inguratutako esparru gorria besterik ez da. Industria-hiria dirudi alde berriak, baina hondartza zale bisitaria ere ugaria izanen da, txukuna, zaindua eta polita baititu bai itsasertza bai hondartza. Itsasoari so, eliza aurrean brontzezko jantziekin jauntxo, Vasco de Gama. Bere begiradapean moila luze sendoak erraldoiki ixten duen badia portu handi bihurtuz sartune osoa, harresien gordelekuko moilatzarraren babesean bai arrantza ontzitxoak bai hondartza gaineko ibilbide ederra. Gardenak dirudite urek baina belztuta dago harea zuria jenderik ez dabilen ertzetan.

 

Nakaoka-ren eskultura erakusketa. Granito beltzean eginak, multzo erakargarriak, beti ere bere estilo bere-berean, antzerakoak arren denak ezberdinak, antzerakoak arren ez aspertu ez gogaitzen dutenak.

 

Hileta baten segizioa aurkitu dugu kale artean, hil-autoaren atzetik oinez jendetza kale artean.

Eramangarria egiten du  eguerdiko eguzkiko ibilia, erosoagotuz, ipar finak.

Hemengoa zen Vasco de Gama nabigatzailea. Non ote Gama, nondik ote datoz Gamako euskaldunak edo Gama Euskaldunak. Lanera etorritako harginen baten ondorengoak ote?.

Europako diruz berritu dituzte portu bazterra eta hondartza ingurua. Yateen portua ere FEDER-ek ordaindu du: herriak jakin gabe aberatsei eginiko oparia, aberatsek pobreez baliatuz eginiko portua. Duela guti ikusi dugu monumentu bat Europako diru-laguntzaz berritua: berrikuntza orok du Europako diru-laguntza Portugalen!.

Portu gainetik bertatik atera zuten moilak egiteko harria,. han dago orain harrobia izandakoa, bortizki eta erraldoiki hozkatutako mendi-muinoa zabortegi bilakatuta.

Sorosleek zaintzen dute hondartza Sines-en. Bigarrenez soilik ikusten ditugu sorosleak Portugalen, agian bainu garai aurretik ibili garelako.

Debekatuta daude txakurrak hondartzan. Halere txakur batek eta bere ugazabak eskaini digu ikuskizun bitxia: planta sendoko txakur ederrak sekulako korrikaldiak egin ditu hondartzan lehenengo, olatu ertzetan ondoren, ur barruan bustialdia hartuz bukatzeko; gero bere jabearekin batera, nahiko ur barrutik, ia alderik alde zeharkatu du igerian  badiatxoa.

 

 

Poliziek kapela berdea, pistola, eskuburdinak eta gainerako hornikuntzaz gain, karpeta handi bat daramate eskuan, bulegariak bailira.

Poner una multa” esan ohi da gazteleraz, euskaraz “multa bota” esan ohi dugu.

 

Laino arrastorik gabeko eguna.

 

101 kilometro, itsasertz eta mendiz, Alentejo agurtuz.

 

Kardantxiloa zatekeen txorinoa ikusi nuen atzo etxatoi inguruan, ilunago bere jantzi horia hondar ilunean. Hiru txuharre lotsagabe izan ditugu gaur hondarrean mokoka leiho aurrean bertan. Dena da iluna eta hautsa itsasertz argi honetan.

Ilbetea, beraz marea bizia. Itsas hotsak bildu gaitu gauez.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate:

Intrigazko tartetxo laburrak afalondoero karta-jokoaren ondoren.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.