Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/04/19 10:05
ALENTEJO EKIALDEA: Elvas, Estremoz, Alcacer do sal, Troia penintsula.

Ekainaren 25a. Ostirala. P:25.a

        

“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “Urre-liliek guztiok gaituzte sorgindu”. Rikardok ez nau ba ni poemekin liluratzen. Urre-galsoroak dira  liluratzen gaituztenak lurralde honetan.

 

 

ALENTEJO EKIALDEA

 

Bi gizon gurpil handi estuko gurdi  itxian, zaldia da tiratzailea, baina astoa ere badaramate alboan.

Aurreko egunetako berdintsuak dira paisaia, natura, baita giza ezaugarriak ere. Dena da galsoro. Ze bazka modu aurki ahal dezake zaldi aldrak galsoro ebaki berri batetan; galdutako aleak segur aski. Zuhaitzik eza litzateke aldagai ia bakarra kilometro luzeetan. Txarri aldra, pila, galsoro ebaki berri batean hauek ere, muturra lurrean: harrotzen ote lur lehor hau Etxarrikoek baso biguna haina?. Haize-errota borobilak, txabola bezala erabili eta zainduak,  hainbat daude.

Granja izandako etxetxoa, erabat hondatua: tximiniak soilik iraun du, osorik eta tinko.  Zenbat amets, zenbat poz, zenbat negar, ze ilusio, ze bizipen, tximinia horren inguruan bizi izandakoak, zenbat bizitza ezberdinen lekuko izan ote da. Tristeak zaizkigu beti ere etxebizitzen hondakinak, oraindik tristeagoak halako paraje bakartietan.

 

Horiz marraztuta dator errepidea mapan, maila apaleneko errepide bezala, baina errepide ona da. Atsegina eta lasaia gidaritza, bazterrei begira. Ia bakarrak gara errepidean.

        

Sao Miguel de Machede. Eliza da pintatu gabe dagoen eraikin bakarra, bera da zatarren dagoena.

 

Garia, ebakita hemen, ebaki gabe han..., fardoak, antzinako karratu luzeak batzuk, borobil handiak besteak..., motxa da.

Berorako paisaia, beroak eginikoa, edo berora egokitutakoa, agian gizakiak izorratutako paisaia. Erakargarriagoa litzake eguzkipean, baina lainotua dugu gaur eguna.

 

Foros do Queimada. Hiru emakume ari dira finka batetako sarrera zuritzen.

 

Lurralde bakartiak. Burdina-hariz mugatuta daude lursailen jabegoak, kolore urdinez dotoretutako sarrera zuri panpoxak ematen dietela sarrera. Mota askotako behiak dabiltza larrean, Holandakoak, Piriniokoak, lixiban egoniko zuri behi makal mazkalak, ... : larreak, nekazari bakoitzaren iritziak, edo zerk erabakitzen ote tokian tokiko behi mota. Hile motz eta  kolore mazkalekoak dira ardiak.

Behin eta berriro errepikatzen dira kolore zuria eta urdina, dotore elkarlotuz.

Gizon bat haritz arteko lautadan: inurria zirudien, ezereza; baina inguruaren jaun eta menperatzaile, morroia izanda ere.

Itzuli gara mahasti eta artadietara.

 

Redondo. Oso herri zabala.

 

Ze demontretik bizi da herri hauetako biztanleria?. Betiko galdera, erantzunik ez diodana.

Sombreroa da helduen buru-estalki usuena.

Ardi gutxi batzuekin zegoen artzaina, bere txapel makila eta txakurrarekin, errepideko metalezko segurtasun-hesian erdieserita: bera izan da lehenengoa eskua jasoz diosala eskaini diguna. Adeitsua edo aspertuta.

 

Alandroal.  Herri deigarria, multzo erakargarria: etxeteria zuria gaztelutxo ilunaren bueltan, digante goibela argi nanotxoz inguratuta. Eliza-dorrea du bitxia, gotorlekua dirudien gazteluaren barruan kokatua, harresi artean: ezkila-dorre zuritxoa zutitzen da zuri dorre karratu garai ilunaren gainean. Kontraste askoko herria.

 

Espainiako Extremadurakoak behar du izan aurreko mendikateak; mendiak dira bi herrialdeen arteko muga, Guadiana badoa ere sakonean ofizialki herrialde biak banatuz. Natura, politika tresna bezala erabilia.

Aurreko lurraldetako egitura eta jite berdineko tximiniek jarraitzen dute inguru honetan ere, tximinia handiak dituzte etxe txikiek ere: hotza da hemengo negua. Badute zenbait aldagai tximiniok Alentejon: aldagai usuena kea ez dela hodiaren goiko zulotik ateratzen, bi ertzetatik dute atera-bidea, ura edo haizea sar ez dakien?. Aldagai gehiago ere bada tximiniotan, igeltseroaren senak airearen norakoari egokitu beharrak eraginda.

 

Gora-behera leunak ditu lurrak, beraz errepideak ere, bihurgunerik gabeko tarte artez luzeeeekin, lasaiagoa egiten dute bidaia artezguneok; bakardadean goaz, eguzkia oraindik lainopean gordetzen den goiz honetan.

Izugarri zabala da lurraldea Elva aurretxoan, lur gorri-gorriko lurraldea, buztin kolorekoa. Hiri orotara hurreratzean ohi denez, berritu zaigu paisaia, ugaritu dira arrasto urdineko kortijo zuriak, arte ilunez bilduak edo elkartuak; etorbide bihurtzen dute errepidea eukalipto zahar sendoek ere, arkupe berdea eskainiz.

 

Esparru zabala ikusten genuen urrutitik, hurreratuz, baina, dena dago hesiz banatuta, partzelatuta: burdina hariz mugatutako natura. Sarea beti sare, begi nasaikoa arren, eragozpen eta kaltegarri izan behar zaio faunari horrela hesitutako, zatikatutako, esparrua. Galdu ere egin da segur aski faunaren zati bat, onenean hainbatek beste esparru hesirik gabeko batera alde egitea lortu du. Animaliek ez dute aukerarik batetik bestera aldatzeko, naturaren eta bere bizilegeen arabera, hautsi egin zaie beharrezkoa zaien bizitza-katea. Preso halako lurralde zabalean!!!. Animalia txikiak eta hegaztiak soilik dira hemen salbu.

 

Elvas. Eguzkirik gabeko eguna arren, zuri-zuri dager, bitxi eta erakargarria, mendia zuriz pintatu balute lez. Ikuspegi ederra, dotorea, alboetako bi dorretxo koadroaren  osagai. Hiritik albo baterako tontor batean gaztelu edo gotorleku bat, bestaldeko tontor baten kono garaiaren puntarenean gaztelua dirudien gotorlekua, herrikoarekin hirugarren gaztelua inguru berean. Hiriko elizak ere gotorleku itxura petoa du. Borroka lekua izan zen nonbait, agian Extremadurako eta Espainiako muga hurrean dagoelako: mugako defentsa-gunea beraz.

Etxekoadro tzarrak harresietatik kanpo ia hiriaren oinetan eta bizpahiru solairuko etxeteria zuria harresietatik hurbil.

Hiribildua. Bi harresi-gerriko edo eraztun ditu, zulogune sakona bi harresion artean, ohiko ate eta zubiak, txukun zainduak eta gordeak harresiak zeharkatzeko. Hiribildu petoa, hiri osoa gotorleku bilakatua. Espainiarren aurka borrokatu beharretik sortutako hiria, gaur egun Espainiako turista eta bisitariei begira bizi da, beraien zain; pezetaz zein eskudoz, baita txartelez ere, ordaindu daiteke erosketa denda gehienetan.

Defentsa arauak aginduta edo mendiak berak behartuta, ez da hirian elkar gurutzatzen den kale artesik. Bertatik begiratuta ez da urrutitik ikusi dugun zuritasunez brist egiten zuen herri erakargarria. Zuri kolorge zurbilduak agintzen du, gainbehera erakusten dute horma harrotuek. Garbia eta txukuna egonik ere, ez da hiri mimatua, diru asko beharko litzake horretarako eta egonen da premia biziagorik hirian. Badu baina zeri begiratu: badira arkuak, azulejo-koadro eta burdineriaz osatutako kaperak kale-hormetan sartuak, bada kale gaineko pasabide potxolorik, bada xingolen katea-leku diren burdina landuko pelourinho dotorea... badu bai zeri begiratu. Ez du eraikuntza dotorerik, eliza ezik: halaz ere, osotasunean hiri ederra dela esan daiteke. Luze doa kale nagusia harresiko ate nagusitik plaza nagusiraino, mendiko hegi-hegian, alde batera eta bestera luzatzen direla kaleak beherantz bihurrituz eta kale-gurutzetan galduz.  Kale nagusiaren alboan, bere luzeran baina beherago, oinezkoen kalea, saltoki nagusia, autorik gabe patxadako bakarra. Plaza piloa ditu kaleen gurutzagune edo elkarguneetan, grazia handirik gabekoak, elkartoki edo giza elkargune ez direnak, kale-kantoiak besterik ez direnak kale-sareari arnasa emanez. Errepublika Plaza, plaza ederra da, erronbo baten antzerako irudiz osaturiko mosaikoa du erdian, marmolezko zuri-beltza; bada plazan  alde laurden bat osatzen duen arkudun eraikuntza bat, sarrera dotoretxo batekin, baina Kontzesio eliza da plazari nortasuna ematen diona. Gaztelu inguruan hiri zaharrean alde zaharrena den kaletxo deigarria, estua, gatza edo etxean falta dena leihotik leihora, etxetik etxera emateko bezain estua; ate gotikoa du etxetxootariko batek.

Akueduktoa doa hemen ere etxeteriari lotuta, etxeak isatsi dizkiote hiri barruan, harresietatik kanpo aldiz 7 kilometro eta erdian luzatzen da, izugarrizko altuera hartzen du, basta bestearen gainean, bata bestearen euskarri, euskarri dotore, arku pila direla ubidearen egitura.

Eliza piloa, ohi denez: Kontzesiokoak gotorlekua dirudi kanpotik, mendi ia gorenean dago egon ere; barrutik, ordez, jauregi bateko aretoa gogarazten dute marmolez dotoretutako aldareek eta koruko urre koloreko organoaren karkasa erabat landu ederrak: musika soinu goxo batek erakargarriagoa egin digu barrunbea. Ate manuelino bitxia da sarreretako bat. Consolaçao, oktogonal txikia izanik, kapera borobil handi baten tankera ematen diote azulejoz estalitako hormek, kupulak  eta 8 zutabe pintatuk: aipatzekoa zutabe mehe baten gainean zutitzen den pulpitutxo xarmanta, burdineria landu ederrez osatua.

Kanpai-hots luze ozenez jo ditu hamarrak eliza-dorreak.

 

Ahuntzak ikusi ditugu gaur, atzo aldiz ez zen ahuntzik.

Errepideak ez du patxadarik Estremoz-era bidean: asko dira autoak, kamioiak ere ugariak, motel doa trafikoa errepidea ona den arren.

Herrietatik nahiko albo egiten du bidea errepideak, ez dugu beraz herriez ezer jabetzeko aukerarik izan. Nahiko itsusiak daude errepide inguruak. herri inguruetan batez ere, etxe eta etxe-bueltako berrikuntza lanengatik izan daiteke, baina baita utzikeriagatik ere.

Mendi-tontortxoak gauzatzeraino pilatuak daude, nahasian, lurra eta harri zuri zatiak biziki gure arreta jasoz. Marmol erakusketa batek eman digu matazaren hari punta, eta Estremozko sarreran aurkitu dugu matazaren muina: marmol harrobi eta lantegiak nagusitzen dira Estremoz-ko sarreran, ugariak dira marmol harrobiok, beherantz zulatuz ateratzen dute harria eta hondakinak zein lurra alboetan pilatzen.

 

Estremoz.  Erabat bestelakoa zen oroitzapenean nuen herria. Nire gomutako bazterren bila ibili naiz aurkitu ezinik. Ez da nire buruko argazkiko hiri zelaia: aurkitu dudan hiri benetakoak gaztelua du goian eta herria beherantz dator mendi magalean; nik erdiko irudi eder batekin dotorea uste nuen urmael karratua, erabat arrunt da, erdi utzia dago, eta erdiko irudia herio-aingeru zuria da sega beltza eskuan duela; dorre nagusiaren alboan edo aurrean plaza txukuna gogoratzen nuena, kainoi eta kainoi-bonbaz apaindua, aparkaleku txukun zaindua da gaur egun; egun hartan dorre goraino igo nuen, gaur ez: Pousada dotorea da gaur egun, dirudunentzako soilik zabalik. Galduak zeuden nire kaskezurretako zirrikituetan hiriko beste eraikin eta txokoak, baina ustelak gertatu zaizkit gomutan iraun dutenak.

Hiribildua izana, ate batetik sartzen da oraindik hirira. Ezin uka ederra dela, merezi duela bisita, ibili baterako inguru egokia suertatzen dela, baina ezin uka ere ez dela hiri erakargarria, zuri zaharra dela bere zuria. Edozein hirik du beti zerbait soa merezi duenik, Estremozek ere. Marmola darabilte erruz etxegintzan zein zoruan, estatuetan ala monumentuetan. Gaztelua, herritxo bat da, kale estu eta bihurriko hiribildua, baina ez du xarmarik, pobreen bizilekua dirudi, etxe erori asko du; tontorreko eraikin nagusiak soilik daude zainduak; ederrak dira goieneko eraikinok, batez ere marmol zuriko elizpe eta sarrerako arkuteriaz edertutako eliza museoa bihurtua, dorrea eta beste hainbat:  tximinia erakusketa dirudi teilateria gainak: zortzi tximinia ezberdin gutxienez zenbatu dut.  Plaza pila ditu, izugarri zabala bata, behean, aparkaleku bihurtuta: autoa da gaur egun herri orotan agintzen duen jauntxo eta erregea. Pelourinhoa plaza biluzi zabal batean, ederra urik gabeko marmolezko iturria baztertua bezala... Zezen-plaza ere badu.

Kolore biziko zeramika da eskaintza nagusia, horrez gain ontziteria eta irudi nanoak omen oso bertako buztin-lana.

Turista bakar batzuk besterik ez gabiltza, begiratu batean ez dirudi hiriak turistak erakartzen ahaleginik egiten duenik ere.

Bada oraindik auto artean zalgurdian dabilen agurerik, aro berrira jarri ezinik.

 

Evoramonte. Gaztelu erraldoia  duen herri nanoa: erakusteko dute gaztelua, erakutsi beharrik ez duen arren: urrutietatik ikusten da tontor punta zorrotzean;  mendia eta gaztelua biak borobilak; bertaratuz harresiak ikus daitezke gotorlekua inguratuz. Kolore berdea nahasten dute zuriarekin etxeak pintatzerakoan.

 

Matoi txulo itxura dute poliziek: bota beltz, silbote hasia eta aurpegi beltza…

 

Artadian ezkutatzen bada ere noizbehinka, erabat hausten du natura berdea autobideak porlanezko izugarriarekin, zubi erraldoiekin.

Lasaia da Evorarainoko errepidea, autoek autobidera dute joera nonbait.

 

181 kilometro, horiak J.Juan Txiki egunean.

        

Ia horizontalki eguzkiak kanpina argitzean arratseko azken orduan, izugarri begibistaratu du argi izpien bristadak aireko intsektuteria: urrezko perlez osatu da ingurua, airea osoki betetzen zuten puntu argiz. Geroxeago katakiak agertu dira: ia lurra ukituzko hegadan, bizkor, sigi-sagan, gaueko ehizan.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate:

Ezin ukan azaletik doala liburuaren mamia.

 

 

Ekainaren 26a. Larunbata.  P:26.a

        

“Karttografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “beste nonbait egoteko gogo absurdoa”. Zergatik absurdoa?.

 

Portugalen ikustekoa, ikusi beharrekoa edo ikustea merezi duena ikusi dugula sentipena dugu. Hemendik aurrera ibiliak motzagoak eta  egonak luzeagoak izanen dira, hondartza  ertzeko egonak eta egunak. Halere jabetu gara Alentejok mila zoko eta zerikusi dituela bertan jarraituz gero. Azala, kanpoko mintza besterik ez dugu ezagutu, are gutxiago ezagutu dugu Portugaleko giza osagaia. Baina bagoaz. Lekuz aldatsen den altzaria ote garen sentipena dugu hor sakoneko zirrikituan, bidaiariak izaki.

 

Abian gara Hego-Hegora. Ollokiegi, NA matrikula gurutzatu dugu, Lisboara norabidean gu,  Espainiarakoan bera.

 

Tximiniak:  bizimolde zein egoera ekonomikoaren ezaugarriak dira tximiniak, beraiek erakusten digu  nolako sukaldea den, basotik bizi diren, labarik duten edo ogirik erretzen duten, ...  Hemengo etxetxorik txikienak ere bi tximinia ditu, bata behintzat beti da handia. Beheko sua dutelakoan gaude eta paraje honek oso hotza izan behar duelakoan.

Behi aldrak, ugariak; talde bateko behi bakoitzak hegazti zuri lepo-luzea du alboan, behi bakoitzak gutxienez hegazti bana: kaka-plastadaren zain nonbait, ia digeritu gabeko alerik agertzen den, agian hankek lurra noiz harrotuko ia zomorrorik bistaratzen den.

Alcacer eta Grandola bitartean bada arroz-soroa nagusitzen den bailara bat.

Argindar burdinazko poste ilara erraldoia doa baso erditik Alcacer do Sal inguruan, basoa erdibituz, kale artez luzea zabalduz zuhaitz artean; horrelako asko ikusi ohi da Europan, baita Euskal Herrian ere: gureetan agian Frantziarekin dagoen argindar trukaketaren ondorioz, agian industriak beharrezkoa egiten duelako. Ez dugu Portugalen hain argindar-garraio erraldoirik ikusi orain arte; argindar-zentralen bat da Alcacer inguruan nonbait. Garai batetan esan ohi zen argindarra zela herri baten maila ekonomikoaren ezaugarria: hala balitz Portugal ez litzake oso aberatsa. Diruz behintzat.

Lurrak beherantz egiten duen bakoitzean sortzen da zubia, garaiagoa eta luzeagoa beherakoa sakonagoa bada, beti paisaia hondatuz. Elkarrekin goaz autobidea, bide-berria, argindarra eta trenbidea: lau komunikabide mota elkarren albo, pasabide bera elkarrekin lehiatuz.

Kilometroetako artelatz baso trinkoa izan dugu lagun Melidesera bidean: itsaso berde iluna  bihurtzen zaigu aurreko lautada osoa aldats gain garbia behatoki zaigunean. Tarteka ikuskizun bitxi, bereziki ikusgarria, zaizkigu artelatz gerri biluzi gorrixkak oraindik ia zerumugan dagoen eguzkiak horizontalki argitzen dituenean, meskita bateko zutaberia irudi.

Zinez  erakargarriak dira nekazal etxeak: zuria horma, gorria teilatua, okre edo urdinak leiho eta ate-bueltak, kontraste dotorean. Itsaso inguru dena da hondarra eta pinua, tarteka eukaliptoak du bere lekua. Baita betiko pinu edo pinu buruhandiak ere.

 

Hara non agertu zaigun itsaso urdina aurrean, ikuskizun berri bitxia eskainiz: itsaso urdin iluna urrutian, baso berde iluna gertuago, bi lautada ilun ezberdin bata bestearen jarraian.

 

Praia da Gale, kanpalekuan kokatu gara, Grandola herrian, Alentejo lurraldean. Erdi-itsuan ibili gara, beste kanpaleku batetara jo dugu lehenik kanpaleku-gidari jarraituz baina erabat pribatua zenez ez gaituzte onartu. Herri oso bat da kanpalekua, herri handia, eliza falta zaio soilik; pinu artean, kale-izen eta guzti, herria bailitzan antolatua dago esparru zabal bat; hareazko zoruan nahasian barreiatuta daude beste zenbait etxatoi, eta azkenik itsas gaineko zoko atseginetan dute egonlekua beste askok. Lepo dago kanpalekua, erruz jotzen dute portugaldarrek itsasertzeko egonlekuotara, asteburu pasa, gizentze alde, egonera, ... Ikusgarria da zenbateraino finkatuta dauden etxatoiak: txalet txiki batena da bakoitzaren ataria, dotorea, zaindua, lorategi zainduz egokituak,  barandadun erosoak, ... bata bestearen gainean baina dotore: asteburuetako pobreen txaleta, pobreek ere badute-eta amets egiteko eskubidea.

“Cómo está la señora?. Yo soy siciliano. Napolitanos?” bota digu kanpineko zabor-kamioilariak. Nafarrak garela ba!. Matrikulako NA Napoli zela uste izan du. Aostako kanpinean begiak brist etorri zitzaigun gizontxoa gogoratu dugu, gure orduko SS ikusita bera ere Sisarikoa zela  esanez.

Berehala egiten dute taldetxoa umeek, etorri berriak zein bezero zaharrak: umeak beti ume, oin azpian sua balute lez egonezinean beti, jostari eta elkarren lagun.

 

Melides. Hondartzarik gabe baina hondartzatik hur, aparteko xarmarik gabe baina uda giroz blai.

 

Marrazki bat du zenbait tximiniak, egiturari bizitasuna gehituz.

 

Vilinho de Estrada. Bideberri ertzean banaka banatutako lau etxetxo luze besterik ez: izenak ez dio gezurrik.

 

Menditsua da Grandolara bidea, gureetan pinudiak lez hemen artelatz-basoak osatzen dituzte mendiak. Errekastoa ur-negarra baina gehiago ez da mendi-zuloan.

Ez dabil arimarik barruko errepide txikiotan, ez autorik ez kristaurik.

 

Grandola. Herri argia, txukuna, zabala, handia honerako, nahiko zaharra; dotore zaindua du erdigunea, non lorategiak betetzen duen plaza, eta musika-kiosko ederrak  osatzen plaza. Ez da geratu eta ibilaldia egitera deitzen duen horietarikoa.

 

Saltzaile-postu pilak hartzen du bide ertza Alcacer-era bidean, aterpe zabaleko saltoki finkatu iraunkorrak.

Lur-barrutik goaz, harea zuri eta pinu buruhandiko duna tankerakoen artean, itsasotik kilometro askotara bagaude ere. Lau etxeko herriak, iragarriak daudelako herri. Artelazki pilatua han-hemenka.

 

Alcacer do Sal. Jostailuzko herritxo zuri-gorria berdegune batean, horrelakoa ikusi dugu urrutitik. Handia eta gizena bihurtzen zaio inguruan Fado ibaia, izugarri zabaltzen da padura, itsasadar eta albufera bihurtzen baitira bertan elkartzen diren hainbat ibai. Ugariak dira zubiak, bada bat ezberdina, irekitzen den horietakoa, bere burdinazko tramankuluez deigarri.

Herria. Ibaiaren ertzean kokatua; turista-herria, jenderik ez badabil ere joan gatzaion orduan. Ez dago zaindua, pintura zuriaren premian daude etxeetako hormak, baina herri erakargarria da, herri atsegina bihurtzen da, ez dakigu zergatik. Oinezkoen kalea doa barnetik eta ibilbide estua ibai gainetik, elkarren pare biak, luze biak, ibaiaren luzera jarraiki. Zikoniek  habia-toki hautatu dute eliza handi bat, deigarria da hango habia pila: bazka leku oparoa izaki padura. Badira tontor batean eliza eta eraikin arrunt handiak.

 

Nabarmen igartzen da kendu egin dituztela katakien habiak teilatupe batean, ondoren kataki irudi beltzak marraztu dituzte habiok zeuden lekuan, zokoa hartuta dagoelakoz ustetan habi berririk egin ez dezaten edo.

Alargundu berria zirudien emakume bat zegoen, zotinka, bere penak dendari gizonezkoari kontatuz erosketak egitera sartu garenen. Dendaria zen emakume haren aitorle, psikiatra, eta psikologoa: entzuten zekien pertsona, hara hor gakoa.

 

26 kilometroko albufera da ibaia Comportara bidean, ibaiak ureztatutako arroz-soro izugarri zabalak bilakatzen dira gero lurrak eta itsasoak itxuraz zabalago egiten duen amaigabeko lautada itsasora arteko azken kilometroak.

Eraiki berriak dirudite zenbait herritxok, hain dira txikiak etxeak, hain daude zuri eta brist!.

 

Comporta. Leiho eta ate-bueltek urdin egiten duten herria.

 

Troia penintsula. 17 kilometroko duna luzea, errepideak erdibituta: itsasora aldea hondartza da, itsasadarrerakoa aldiz padura edo arroz-soroak. Horrez gain, dena da pinudi. Nahiko berean jarraitzen du oraindik, hotel gunerik bada ere. Penintsula ertzean bai, han zeruratzen dira  7 etxe-orratz, onerako eta txarrerako, gizakiaren ahalmena erakutsiz. Harea zuri-zurikoak dira inguruko hondartza denak, harea zuri-zurikoa da hondartza hau ere: Setubal hiriaren eta Arrabida mendilerroaren aurrez aurre, bere-berean dirau, itxuraldatu eta egokitu gabe, nahiz etxetzarren pean. Uholdeka dator jendetza eta autoa Setubal-etik ferryetan, inguruko hondartza eta herrietara barreiatuz.

 

Cetóbriga, erromatarren aztarnak iragartzen dituzte. Ospetsuak omen.

 

Zikoina habiak lirateke lurraldeko ezaugarria: urte osoko bezeroak omen zikoinok hemen.

        

301 kilometro, itsas bazterrerainokoak, baina oraindik Alentejon.

 

Orpo zartatuak ur gazitan beratuz eta azal gogortuak hondartzan mehetuz nenbilela, oin lorratzek galdetzen zidaten zenbat iraungo ote duten nire giza arrastoak gizartean. Gauzatu ninduten indar kosmikoak iraungo dute, beste zerbait gauzatuz. Besterik ez nire inguru minaren ondoren.

Infinitua da hondartza meharraren zuritasun luzera, amaierarik gabea, batera zein bestera begiratu.

Hareazko harkaitzak dira hondartza babesten duten labarrak, mila erretentxotan haizeak eta euriak zizelatuak, ekaitzek zimurtuak.

 

Izugarri bizia da kanpina. Herritxo bat. Lagun-giroa, adiskidantza, agurrak, kontu-kontaketa, airea biltzen duen gaueko berbaroa...

Izugarrizko bizipoza, ametsa, lilura, ilusioa dario etxatoi bakoitzaren antolakuntzari. Asteburu bakoitzaren erakarpena, bizitzaren bizipoza, iraupenerako hauspoa, egunerokoaren etena, asterako arnasa. Hori dena eta gehiago nabari da kanpin osoan: herri baten bizitza, herri baten aurpegi bizia. Portugaleko puzzlearen zati bat.

Gauean txaletago dirudite etxatoi inguruak. Luze doaz afalondoko berriketaldiak. Gaztetxoen eleketa ozenak biziberritzen duen une alaia da ilundu ostea. Gau erdian kanpotik etorritako bisitariak agurtuz ari dira etxatoi atarietan,.

Ilargia dugu goian, deigarri, beterantz bidean, norbera ere beteagotuz.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate:

Irakurketari hutsik ez egiteko tartetxoa

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.