Bidaiak 99. PORTUGAL
Ekainak 21. Astelehena. P:21.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “... goiz batzuk Haydnen Sinfoniak / bezala dira jaiotzen”. Goiz orduetan, lehen errainuek han aurreko etxe-orratzen goieneko ertzak gorritzean, sinfonia miragarria dira Monsantoko zuhaitzak.
Behin ere ez nago bertan, beti nago urrunago. Horregatik zait zaila egona eta geldia.
Lisboa hegoaldera goaz gaur.
Apirilak 25 zubia zeharkatu dugu. Luzea da, luzea egiten da gainera. Izugarrizko hotsa da bertan, goian, ere, burdina-sare gainean doazen gurpilen ondorioz batez ere. Tunel batena bezalakoa ikusten da han urrunean zubiaren bukaera. Hainbat kale ditu, auto zaparrada beldurgarria da bertatik dabilena, abiadura bizian ibili ere: zirrara sartzen dizu, barrurainokoa, albo guztietatik sakatuta, erasopean bezala zoaz, joatera, bizkor joatera, behartuta.
Eukaliptoa agertu bada ere lehen orduko ibilian, gero ez da holakorik, gerri sendo eta buru biribil zabaleko pinu dotorea da nagusi, tarteka, belartza horituan. Afrikako sabanaren jitea du lurraldeak. Bertakoak dira ere olibondoa eta mahatsa. Aintziratxo batek eten du paisaia, bera baino inguratzen duen kanaberadi izugarri zabala da nabarmentzen dena: kanabera gazteak luze eta zabal hartuta esparrua, berde-berdea da bi mendixken arteko behe gune osoa. Hainbat animaliatxo egon behar du gordeta bertan, agian dortokak, guk ikusi ezin dugun mundu bizi berezia, bere antolakuntza, legedi eta arazoekin. Argazkirako geldialdian txorien kantu bereziak entzun ahal ziren. Bada baratze bat zati lehorrenean.
Herritxo ugari dago lur muturrerantz bidean, herri txikiak, etxe banakako herriak, berriak asko: udalekutzat aukeratu du hainbatek lurralde hau bertan bere etxetxoa jasoz. Haize-errotak bidaia osoan, herri orotako tontorrerietan haize-errotak, ilaran sarri hegietan haize-errotok, itxura txukunekoa hainbat: haize-leku ez ezik gari leku ere bazen nonbait bere garaian inguru hau; gaur egun, berriz, utzia dago lursail oro, belarrak janda.
Cabo Espichel-Lurmuturra. Itsasargia eta Na Sa do Cabo Amabirjinaren eliza daude kokatuta lurmuturraren muturrenean. Harrigarri gardena da lurmuturra inguratzen duen itsasoa, ugariak eta mardulak kaioak, faroa berriz ohikoa. Bi dorretxo moskote ditu elizak, oso zuria bera. Zabaltza antzerako bat eliza ostean, labarren gainean, ikuspegi ikusgarria eskainiz. Eliza atarian, solairu bakarreko ehun metrotik gorako bi etxe ilara, erdian patio edo garbi gune luze zabala bilduz: erromes atseden gune izana, etxebizitzak izan omen dira oraintsu arte; gortina hondakinak gelditzen zaizkie leihoei, adreiluz itxi berriak daude ateak: norbaitek atera nahi die etekina etxebizitzoi.
Sesimbra. Uderria. Udalekua. Arrantzale herria oraindik gaur egun ere. Aldatzean moldatutako herria, gainbeheran doaz kaleak, trabeskako kalerik gabe. Labirintua da alde zaharra, aldapatsua. Aldapan gora hasi da alde berria ere. Elizaz galdezka hasi gara, ohi dugunez, erdigunearen bila, baina alperrik, ezin dugu, ohi dugunez, eliza-dorrea jarraituz erdigunera jo ere, eliza eta eliza-dorrea ez daudelako ohi den erdigunean. Hondartza-gain inguruan dago erdigunea, uste ez genuen tokian. Oso herri atsegina egin zaigu. Jaietan daude nonbait, erabat apainduta baitago kaleetako bat. Hondartza luzea du, non jendea erruz dagoen igerian eta eguzkia hartzen. Seriotasuna ematen dio inguruari hondartza ertzeko gotorleku itxurosoak. Arrantza-tresnak gertatzen ari da hainbat eta hainbat itsasgizon, jo eta ke, hondartzan, hondartza gaineko pasealekuan, baita herri barruko kale estuetan ere: amutzarrak lotzen dituzte pita oso luzeetan, ondoren kurioso eta modu berezian batzen dituzte itsasoan zabaltzeko. Morru oraindik zuri eta garbi batez babestutako portu berri bat ere bada. 4 mastako belaontzia kulunkariak xarma ukitua ematen zion golkotxoari.
Goi batetan dago kokatua eliza, Sao Tiago du izena, garai batean herriko goienean izanen zen herria gainbegiratuz, gaur egun etxez bilduta dago. Barroko itxura nabarmentzen zaio lehen begiradan, Iparreko elizak gogaraziz, pintatutako zutabe borobilek sostengatutako marmolezko karratua, harri zizelatuz edertutako presbiteriorako arkua, kapitel landuak, pintatutako irudiz dotoretutako presbiterioko ganga, oholezko sabaia, pulpitu apaina, kiribilkeri urrez koloreztatu ugaria... badu zeri begiratu. Hemen ere baranda batek banatzen ditu elizako erdigunea eta aldareen aurreko esparrua.
Emakumeak dira kale garbitzaile Sesinbran, agian arduratsuagoak direlako eta hobeto garbitzen dutelako gizonezkoek baino.
Tontor zabala inguratuzko gaztelu baten harresiak agertu zaizkigu; gainago batetik ikusi ditugu geroago harresiok, santutegi itxurako eliza bat besterik ez da gelditzen herri osoa behar zuen barneko esparru zabalean. Haize-errota batek dirau alboko tontortxoan.
Serra da Arrabida. Mendizerra. Hegi-hegitik zeharkatzen du errepide batek, beste batek, aldiz, itsas kontratik, azpitik. Goikoari heldu diogu guk. Behatoki eta ibilbide paregabea, ikuspegi zabala eskaintzen du alde bietara, herriz zipriztindutako lurralde berdea da barrurakoa, hondartzek ertzak horiz marrazten dizkion itsasoa bestalderakoa
Txara berdea da itsasoraino mendia bera. Mendi magaleko berdegunez bildutako monasterio bat da ikuskizun, herritxo bat bailitz, etxe multzoa dirudi behetik begiratuz, multzotik gorantz ia ilaran hainbat kapera luzatzen dira, haize-erroten antza darien kapera borobilak.
Itsas kontra egin dugu ibilaldi bat mendi azpiko errepidean ere: ia mendia jan duen zementu-fabrika erraldoia aurkitu dugu, bere egin du itsasertza bera ere, porlana itsasoz garraiatu ahal izateko.
Aurrean Troia penintsula, luzea eta mehea, itsasoari muga jarriz, berak sortarazten du Setubalko itsasadarra; penintsularen mutur-muturrean 4 etxe-koadro erraldoi, inguru polita erabat desitxuratuz.
Erruz dator jendea itsasertzeko hondartzetara, dendateria merkeak eta autobus pilak esaten digu hala dela. Hiri handia da Setubal eta gertu dago. Izugarria behar du izan jendetzak hondartzotan igandetan.
Porthinho da Arrabida. Badiatxoa eta hondartza besterik ez da, ontzitxoak badia eta hondartzan, hondatutako ontzi baten bela bailira haitz bikote zorrotza badia erdian. Baztertxo atsegin-atsegina.
Setubal. Extremadura probintziako hiriburua. Itsasadar zabalaren ertzean kokatua. Industria-hiriaren jitea du, ez hiriburu batena. Handia eta erabat zaharra. Handiegia da alde berria, utziegia dago, aldiz, alde zaharra. Ez da inola ere ibilbide atsegina alde zaharra, alde berriak berriz ez du inolako erakargarritasunik. Alde Zaharra. Zaharrera mugatu dugu bisita: grazia txikiko zabala, zaharkitua, kolorgea, utzia, hustua ere bai. Taberna, jatetxe, eta txosna asko ditu, pila, bisitari aunitzeko hiria dela erakutsiz. Bazkaltzera joateko herria, ez denbora-pasarako ibilira. Portu baten jabe, itsasoa urruti gelditzen zaiola dirudi, guri ere urruna egin zaigu, eta ez gara portura hurreratu, gehiago dirudi industrigunea edo lantegia. Ezustea eman digu Setubalek, beste zerbait espero genuen gidaliburuaren gorapenei jarraiki. Ia argazkia ateratzea ahazteraino arrunta izan zaigu guri.
Zenbait osagai geratu zaizkigu oroitzapenerako: Zaharraren parez pare, luzera berdinean, parke zabala luzatzen da, aukerako egonleku arbolatsua, txorrotada luzeko iturri dotorez apaindua; herrian badira beste antigoaleko bi iturri, 200 urte ditu batek. Lixiba usaia darie kalean lehortzen jarritako arropa garbitu berriei. Arraia eta haragia erretzeko parrillak su goritan daude kalean bisitariei bazkari oparo baterako deika. Pikota edo pelourinhoa ere bada, xumea, nonbait jarri behar eta han dagoena. Estatua bat ere bai, Portugalen hain guti ikusten den apaingarria. Elizak, nola ez: museo bihurtu dute planta ederreko bat, harri gorriko sarrera ederra du; bestea ere ederra omen da; ez gara sartu. Gaztelua, goian dago ohi denez, baina erabat albo batera.
Erori egin da kale erdian adineko emakume bat, lagundu egin behar izan diot jaikitzen.
Palmela. Herri piko-pikoa, zabalak zein estuak kaleak, harri gorrixkako zorua. Behatoki aparta begiei inguru osoa eskainiz: “miradouro”ak ditu salgai oroigarri bezala bisitarientzat. Emakumeek lantzen duten lorategi zaindua, lorategian kioskoa. Gaztelua du, jakina, gotorra eta harroa gaur ikusi ditugun aurreko hirurak bezala: osotasunean biltzen dute harresiek tontorra, barrunbea ere osorik du honek.
Tarteka soilik ikusten dira herrietan musika kioskoak, politak dira daudenak.
Kosta egin zaigu etxera bideratzea, baina sartu gara azkenik hirian; ikasia dugu jadanik labirinto barruko nondik norakoa eta ardurarik gabe etxeratu gara.
Doakoa da irteterakoan zubi handia zeharkatzea, hirirakoan ordea ordaindu egin behar da.
211 kilometro, etxera goiz ekarri gaituztenak.
Igerilekua da eguneko lasaigarria, freskura sapan, atsedena nekean.
Azken eguzkira, txirtek inguratzen gaituzte txir-txioka, lora gainetan kulunkari edo belarretan gordeta. Txori kantuen artean zozo bikotearen elkarri txistukakoa sintonizatu ahal izan dut: ez zen nork ozenago lehia, arren arteko emea irabazteko ekina, ez, har-emeak behar zuten, zeren harreman goxoa zen, bata bestearen ondoren txiokatzen zuten, erretolika luzean, nahiko urrutitik urrutira. Azkenerako errepikagarria zitzaidan, baina maitasun elkarrizketa eztia behar zuen izan beraientzat.
“Esku leuna”. Gotzon Garate: Irakurgai atsegina
Ekainaren 22a. Asteartea. P:22.a
“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Tempora mutantur” goitizena / hartu zuen sinfoniak”. Kanpaleku osoa da hemen ia egunero eraldatzen dena, lehengoak joan eta berriak etorri.
Maizegi ahazten zaigu gizakiok ere natura garela. Robota bezala hartzen dugu gure gorputza, botikekin eta elikadura zaborrekin; animalia edo zuhaitzei begirune gehiago erakutsi ohi diogu geure gorputzari baino. Aurrekoa idatzi ondoren, bururatu zait zenbat kimika-zaborra darabilgun nekazaritza, ortu-lanetan zein basogintzan ere.
Errepideak erakusten digu Lisboaren egitura, nola dagoen hainbat mendixka ezberdinen gainean eraikia. Lisboako errepide sarean ordu den-denak dira puntako orduak edo ordu desegokiak, beti dago autoz gainezka, sarreran ala irteeran, moteldu edo erabat gelditu egiten da autoen joana. Erabat atezuan behar du egon gidariak, arreta galtzen duzun unean galdu duzu norabidea ere, hain da bihurritua errepide korapiloa.
Lisboarekin erabat bat eginda dago Sintra, hertsiki lotuta, autobidea zilborreste; beldurgarri handi eta zatar hasi dira hiri bien arteko herriak, Lisboako lotegi bailira, etxerik gabeko bien arteko tarte guti geratzen da jadanik.
Aralar, Beriain, Andia edo Urbasara begira gozatu izan dugun ikuskizuna izan dugu: bestaldetik datorren lainotzarren gandor zuriak estaltzen du mendizerraren hegia, tontor ilarak uzten ez diolarik aurrera egiten. Erabat lainotu zaigu eguna, baina jaso du eguerdirako.
Erabat menditsua da Mafrara bidea, aldats gora eta behera pikoak egiten ditu errepideak, tontorretik zulo sakonera doa etengabe gure ibilia. Lurralde landuak dira, soro-koadro ederrak, izan da mendi beteko sail bat; halako poza ematen dute, soro utziek tristura damaien bezalatsu. Mahatsa, artea eta olibondoa. Gari-sail lurraldea: hori dager mendi leuna, aspaldiko partez; garia haina olo dute gari-sailek, agian nahita nahastuta, behien pentsurako, sarri ezin zaio igarri autotik olo-saila ala gari-saila den: gureetan izua zioten galsoroko oloari, umatu aurretik eskuz erauzten zituzten burua lurrera erori aurretik.
Haize-errota pila dago hemen ere, zenbait hegitan hiru lau daude jarraian, baita bakarra ere tontorrenean, zuri pintatuta, edo ertz zuriekin, besoak dituzte oraindik hainbatek: egoera onean iraun dute, gorde egin dituzte agian. Bitxikeria bat erakusten dute hemengo haize-errotok: lurrezko ontziak dituzte besoek oihalaren ordez, ontzi pila, tamaina ezberdineko ontziak, handiak batzuk oso txikiak beste batzuk, oihalaren zeregin bera betetzen dute nonbait, haizearen indarrez ardatza mugiaraztea alajaina, agian oihalen lagungarri besterik ez dira. Haize-errota txikiak saltzen dituzte oroigarri bezala hainbat tokitan, bidaiariak arrantzatzeko amu bezala ere jartzen dute zenbait jatetxek haize-errota atarian.
Igreja Nova. Sainduak ez, elizak berak eman dio izena herriari. Berria da izan eliza, handikeriarik gabekoa, ohikoa baino dorre lerdentxoagoarekin.
Aspaldi haietako karratu luzexkak dira fardo guztiak.
Karapinheira: Udalekua da edo emigrante asko herriratu da etxetxo dotoreak jasoz jaioterrian.
Txirritaren antzerakoa gorputzez, txapel eta guzti, gizontzar bat aurreratu dugu errepidean, tar-tar-tar zihoala baratzerako tresna mekaniko nano baten gainean, tramankulua bera baino askoz zabalagoa eta handiagoa: ikuskizun txundigarria, bidaiarioren gozagarri.
Heldu da eukaliptoa hona ere, itsasotik eta Iparretik: ongi dio Pako Aristik basoak ibili egiten direla, baina hemen ez da mugitu naturaren berezkoz, natura beraren eraginez, gizakiaren bultzadaz baino.
Mafra. Erret Jauregia edo Monasterioa da herriko altxorra. Portugaleko ederrenetakoa omen. Turista pila erakartzen du, edo turista pila ekartzen dute bertara. Turismo-gune erraldoia: etorri, monasterioa ikusi eta alde egiten den turismo-gunea. Erabateko ezustean harrapatu gaitu monasterioaren erraldoitasunak, ez baitu horrelakorik aitatzen gidaliburuak. Ikaragarri zabala: urrutiko errepidetik, kilometrotara, erraldoietan erraldoien dager, herri osoaren gainetik; eraikuntza txikiagoz osatutako multzotzarra, kanpotik begiratuta eraikuntza bakarra arren. Argazkia albo batetik atera behar izan diot, aurreko 200 metrotik gorako zabalera ez baitzen nahikoa nire zoom barruan sar zedin. Erraldoia baina apaindurarik gabekoa da kanpotik, lisoa, loratu gabekoa. Ez du Jerolimoen filigranarik eta bitxikeriarik; ezberdina du egitura bera ere. Terça feira da gaur hain zuzen, asteartea alegia, itxita dago Monasterioa. Osteko parkea monasterioari dagokion tamainako basoa da: pare bat kilometro izanen ditu alde bateko hormak.
Herria: Egun lainotua, haize freskoa, monasterioa itxita... ez dugu egun aproposa aukeratu etortzeko, baina egin dugu herritik zehar goizeko oinezko ibilia. Lehen solairu edo behe solairuko etxetxoek osatzen dute herria monasteriotzarraren aurrez aurre, ipotxak erraldoiaren aurrean. Herri txukuna da, tarteka aurki daiteke etxe xume baina ederrik; denda asko ditu turistei zer erosi eskainiz: dendateria dotorea, salgai-eskaintza oparoa eta kalitatekoa, ez da lourdes bat. Merkatua bizi-bizi dago, inguruko nekazariek ortuariak eskaintzen; ba ziren buruko zapiz eta beltzez jantzitako bi emakume: bietako batek buruzapiaren bekoki gaineko zatia landua zuen eta bizkar gainera punta-luze zabaldua zapi ertza.
Teilaz babestuak daude etxeko hainbat alboko horma, euri lekua da nonbait, afrontuak jotzen du.
Ericeira. Zenbait herrik badu berezko xarma edo neurtu ezineko gehigarria: herri hau da horietako bat. Etxarte estu eta bihurriko kale-sarea itsaslabarren gainean, grazia handikoa: solairu bateko etxetxo txaparroak, teilapeak, urdinez pintatutako ate leiho-inguru eta ertzak, putzuak, santu-irudien azulejoak etxe-hormetan... erakargarria, sinpatikoa, atsegina, potxoloa, koketoa, zaindua, gustuz pintatua. Atzoko herri eder handietan egin ezin izan genuena egin ahal izan dugu hemen: ibili, paseatu, begiratuz gozatu. Itsasertz berezia du: egonleku eta behatoki bilakatu dituzte labarretan eroritako, irristatutako, harri zabal erraldoiak. Pelourinhoa, plazatxo baten erdian: burdina ilun lodiko zirrindolatzarra dauka oraindik zutabe erdian: pikota gehienek goian, lau ertzetan, eduki ohi dute zirrindola, eskuak altxatuta edukitzen zituzten nonbait zigortuak, hemen badirudi ezberdin lotzen zituztela. Merkatuak erabat apurtzen du herriaren itxura eta jitea, bai eraikinaren egituragatik bai garaieragatik. Portu bitxia: moila luze bat besterik ez da, ez du larregi baretzen badiatxoa baina olatuengandik gordetzen du ontziak lurreratzeko ertza; lurreratu egiten dituzte arrantzontziak; ontzi txikiak dira, jolaserako diruditenak, uretatik kanpo daude, lehorrean, badia gaineko zementuzko laugunean, ilaran, bakoitzak beretzat izendatuta duen marra artean, autoak aparkalekuetan antzo, sareak alboan pilatuta dituztela. Ontziak uretan galtzen den zementuzko pendizeraino heltzen dira, ia zorua ukitu arte; zain du traktorea heltzen denean, kablea lotu eta arrastaka eramaten du doakion kokagunera; ontziek beraiek dute azpialdean ertza, burdinaz babestutako bi irrista-ohol irten, kroskoak lurra jo ez dezan irristatzerakoan; horrez gain bestelako oholak ere jartzen dizkiete lurrean, irristaketa errazteko, atzean libratzen den ohola aurretik berriro sartuz etengabeko kendu-ipinian. Oso bitxia.
Aipatzekoak dira kaioak: handiak eta asko, palmipedoak, luze kakotutako mokoak, kolore ezberdinekoak, mota gorri zein horiekin.
Aipatzekoak ere katuak: ontziak badian sartu bezain pronto, agian traktore gidaria eta laguntzailea mugitzerakoan, gutxienez hamar katu hurbiltzen dira ur-ertzera, lurreratzean ontzia inguratu eta jarraitzen dute bere aparkalekuan kokatzen den arte eta han egonen dira lasai arrantzaleren batek zenbait arrain hartu, zatitu eta noiz botako zain, ondoren arraina jaten dute jendartean, patxadako bazka luzean.
Rua dos praceres: puta-kalea ote?.
“Domingo” eta “sabado”, hitz horiez izendatzen dituzte asteburuko bi egunok, besteak, astelehenetik hasita, 2a, 3a, 4º, 5a feira dira.
Itsas zapo arrain parea zuten lehortzen arropen ordez leiho arteko soketan.
18 kulero behintzat zenbatu ahal izan ditugu beste leiho bateko soketan, kolore askotako kuleroak, etxaurrea dekoratuz bezala. Ez zen “Rua dos pracerese”en.
Uholdeka etorriko dira hona bisitariak. Gaur egun lainotsua eta 3. feira denez lasai dago, Mafrako uholdeen zipriztinak ez dira honaino helduko-eta.
Carvoeira. Mendiarteko zulo batean, ibaitxoa du, lur landu oparoak dira ibaiaren inguruak.
Berdegune zuri eta gorria dager Mafra eta itsasertzera arteko lurraldea: udaleku edo egonleku behar du izan, etxebizitza ugari ari da eraikitzen, lurraldeak ezer berezirik eskaintzen duenik antzematen ez bazaio ere.
Alvarinhos. Hemendik ikusten da, digante, Mafrako Monasterioa.
Errota asko eta gari guti. Bi aro, bi ekonomia mota.
Sintra
Jabego pribatuko hormez hesitutako norabide bakarreko errepidez igo dugu basoan gora, jauregi artean, edo jauregi-sarrera artean. Erregeen usainera Sintrara etorritako jaunxkilen jauregiek eta jabegoek betetzen dute mendi magal pikoa, zuhaitz eta lorategiz inguratuta. Estua da errepidea, dena bihurgune aldatsua, dotorea eta atsegina, “quinta”z inguratua. Autobusek ere ozta-ozta hartzen dituzten bihurguneak, eta hainbat dira bihurguneok.
Mafrako Monasterioak huts egin digunez Kapuchos ikustea erabaki dugu, ia aldaketarik duen, baina itxita dago hau ere!.
Castello dos Moros. Baso trinko piko-pikoan, harkaitz-bolatzar eta harkaitz-zulo artean, gerizpean, doa bidea, joanaldi luzea, baina atsegina. Sarrerako atean gaur egun ere kapitel zizelatuak igartzen zaizkion elizatxo erromanikoa gordetzen da, hormak soilik geratzen zaizkio eta erdi-erdian zuhaitz bat sendotu zaio. Gazteluko harresiak eta zenbait horma-hondakin bere osotasunean diraute: izugarri pikoa, mailaz-maila izugarrizko pendizean, luze, gorantz, doa harresi kontrako bidea; pasabide estua da delako harresi gaineko pasabidea. Ikuspegi izugarri deigarria ageri da goitik: askoz gorago oraindik, han goietan, Pena jauregia gailentzen da tontor koniko baten pikoenean; behean, mendiaren oinetan errege jauregia Sintra herria beteaz; lautada harantzago, herriz zipriztindua. Erruz dabil bisitaria, zahar eta gazte, gehienak presaka, joan, igo eta autobusera korrika. Niri merezi izan dit joan etorriak: lasai eta bakarrik egin dut.
6 katu gaztelura sarreran, hauek ere nork zer jaten emango.
Portugaldarren “lixo” eta gure “lixiba” ez dabiltza bata bestearengandik urruti. Aita edo ama bera dute nonbait. Seguruenik badute beste ahaideren bat herrialderen batean.
Belarrean jauzika ikusten ditut txoriok, kardantxilo edo tarinak; ehunka txori direnez, jauzien sinfonia dirudi, ikuskizun bitxia. Argitu ahal izan dut jauzion zergatia: ikasia dute belar luzeei hazia jateko teknika: lurretik jauzi eginez edo dakarren hegazkadaren heinean, belarraren zotz luzean jartzen dituzte hankak oreka hegoen eraginez gordez, pisuaren eraginez belarra lurreraino makurtzen da eta lur gainean lasai jaten dituzte haziok belarrari eutsiz.
112 kilometro, monasterioak itxi zizkigutenekoak.
“Esku leuna”. Gotzon Garate:
Tarte atsegin bat emateko aukera