Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak 99. PORTUGAL

Bidaiak 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/04/09 09:05
ITSALDE URDINA. BADAJOZ. Monsanto, Capuchos, Sintra. Lisboa.

ITSASALDE URDINA

 

Itsas ertzera arte luzerako eta kilometro askotako zabalerako pinudia da hemen ere, Peniche iparralde honetan; hareetako pinudia. Kaskarra da hemen ere errepidea, baina ez aurreko parajeetan bezain hondatua.

 

Lagoa de Obidos. Sakon sartzen da itsasadarra pinudi barrura, padura bihurtuz ertzak.

 

Erabat urbanizatu dituzte duna sailak itsasertz guztiotan: etxegileren baten amama.

 

Aldeia dos Pescadores. Hondartza zuriak itsasadar zabalean. Leku paregabea, lasaia, bertan geratzeko apeta sortarazten du.

 

Itsasertz eta itsasgain luzeetan ibiltzea lortu dugu, luzaro, itsaso harroaz eta hondartza argien ikuspegiz gozatuz. Paisaia ederra.

        

Praia do Rei.

 

Cortiço. Erregearen pare bizi direnen kortijo berria. Aberats eta ondo-bizien jolasleku urbanizatua: golf, tenis... belartza gordin trinko zabala... eraikin berri-berriak... Begiratzen ere ez digute uzten pobreoi: “privato”!!!.

 

Harkaitz pikoa da itsasertz osoa, labarrak plomuan, harri bolak, ...

 

Balem. Uhin apartsu biziak.

 

Itsasertz osoa dago turistei begira moldatua.

 

Peniche. Etxetzarreko hiri handia, turismora erabat moldatua, lurmuturrean, itsasoaren alde bietara. Itsaslabarrak. Badia luzea du, oso luzea, hondartza hori batek mugatua. Badu bere gotorlekua.

 

Berriak jasoz, inguruaz jabetuz eta bazterretara begiratuz soilik, labainduz, egiten diegu alde sarriegi herri eta inguruei. Edonon dago mila zerikusi, mila xehetasun interesgarri,  baina ez gaitu beti lekuak erabat bustitzen, antzerakoak direlako agian, kapusairik gabe gatozen arren, bizkorregi goaz, tokian tokiko zaparradari ez diogu blai gaitzaten  aukerarik ematen.

 

Remedios. Portugalgo lurmutur ia mendebalena; forma-molde erabat bitxiak ditu. Harkaizteri deigarria, irudimenarentzako akuilagarri.

 

Kaio banda hegan itsasertzean. Karabana pila kanpinetan.

 

Coimba. Hizki baten aldea dute izenean, “r”an soilik; izanean aldiz nanoa da hau, erraldoia bestea.

 

Ez dago inguru honetan gereziondorik ez errepide bazterreko nekazari saltzailerik.

 

Rio Maior-etik gora goaz.

 

Alcanede. Gaztelua gailentzen zaio tontorrean; magaleko hegian, berriz, elizatzarra; beherago etxeteria: erabat ezberdina da hemen elizaren kokagunea.

 

Garia, barruti honetako aldagaia. Lur ona da nonbait adreilugintzarako: hiru adreilutegi handi behintzat zenbatu ditugu. Artelatz lerdenak, gerria biluztuta, gorri-gorri, deigarri, errepide-zaindari.

Motoz eta txirrinduz dator nekazaria sorotik herrira. Ugaria da traktorea, ugariagoak oraindik gurditxoarekin garraio-tresna bihurtutako uzta-makinak zein isokarroak.

Autostop guti egiten da: altuenez bigarrena da gaurkoa bidaia osoan.

Oso maskala da ogia.

Haize-errotak:  asko ikusi ditugu gaur; ibili ere bazebilen bat, zuri-gorri pintatua, oihal zuriak besoetan, begien atsegin: saltzaile argiren baten amua erosleak erakartzeko. Haize-errota txikitxo bat bazen etxarte batean Penichen ere, teilatu gainean zirudiena, zuri-gorria hau ere. Bazen beste bat Coimban ere, ibili zebilena.

 

352 kilometro, nekatu samar utzi gaituztenak, berandutxora arte luzatu direnak.

 

Jende langile gaztea dugu kanpalekuan, kanpalekua dute bizitoki. Portugaldar bidaiaria ere badabil lurralde honetan, Iparrean ez bezala.

 

“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:

* “lurra airea baino azkarrago iluntzen baita”. Ba bai!. Ilunabarrok lekuko.

 

 

Ekainak 18. Ostirala.  P:18.a   

 

Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “Intsektu berde eta handi horri mayate deitzen diogu”. Deitu ez dakit nola deitzen dieten, baina izan berdeak dira izan Portugalen ere intsektu handi horiek.

* “Ez baitut inoiz / sinetsi -fedegabe hori- / iragana oraina baino / zoriontsuagoa zenik”. Biharkoan dut nik soa eta ametsa, atzokoaz eta gaurkoaz sarriago eta gehiago idazten badut ere.

 

Zomorroen erromeria ordua da nonbait goizeko lehen ordukoa, txoriak lurrean mokoka sarrien eta ugarien dabiltzan ordua baita, horiena bai festa ordua. Aspaldiko partez zozo moko hori urduriak eta burubeltz tirtiriak dabilzkigu lotsagabe inguruan apur bila, jaki errazaren bila, etxatoi bueltan.

 

Aldaketa eguna dugu gaur, txori migratzaileak bezala, kokapen berri baten bila joateko eguna.

Tomareko kanpinean sartu-irten egitea lortu duenak, bermatu du erabat gidabaimena.

 

Vale de Cabrito. Ez dirudi ahuntz-lekua, bai hauts-lekua.

Pikondoak ugaldu dira Torres Novas eta gero, sail osoak betez. Aldatu egin da lurraldea, eta lurralde itxuraldatu berak jarraituko du Lisboara arte. Beste aldetik zeharkatu dugu gaur Santaren lurraldea: nekazari lurra da gaur ikusi duguna. Gorakoak egiten ditu lurrak, lautada luzeak agertzen zaizkigu hurrengo goialdetik; eskualde laua da orokorrean. Azpiko lurra landua duen olibondoa tarteka, eukalipto baso bakar bat, bizpahiru ekilore sail, gari-sailen bat, arto-sailak nagusitzen diren lur landuak ibar ertzetan, Iparreko mendietan  errepide ertzeko auzo genituen gereziondoak etxe inguruetan daude orain, pentsu biltegiek iragartzen dizkiguten granjak noizbehinka: lurralde berriko osagaiak. Ez da belartzarik. Harrobi bihurtuta dakusagu mendi oso bat urrutira: gorriune erraldoi bat, goitik behera luze eta alderik alde zabal: mendiari eginiko zauri beldurgarria.

Ur-biltegi zuri borobila nagusitzen da herri batean, baina ez da eliza-dorrerik. Altzifre, makal eta argindar tantaiek hausten dute bertikaltasunez lurraren laua, zorrotz gorantz zeru urdinera, bi plano ezberdin alderatuz.

Umez lepo, orduko ehunetik gorako abiaduran doaz autobusak.

 

Ez dugu inor ikusten autobideko ibilian: banatu egiten du bidaiaria herritarrengandik autobideak; autobideak ez du kanpotarra herrira hurreratzen, herriren batek zerbait bitxia ez badu behintzat; zerbait erakargarria duenean herriren batek uholdeka ekartzen du bisitaria, harreman komertzialera mugatuz ezaupidea. Baina autobideak erabat errazten dizkio bidaiariari aldaketa luzeak.

 

Pinuak hasi dira agertzen, Mediterraneoko  txapel borobil zabalekoak zein gureetakoen tankerakoak.

Elkarte handien sailak behar dute izan pinudiok, bakar askorenak ala herriarenak?, lur-sail jabe ahaltsuen diru gosea dabil tartean, edo pobreen eskuarterako diru premia?: ez dugu oraindik erantzunik gure galderari. Europako paper-fabriken hornitzaile nagusienetarikoa behar du izan Portugalek: herri aurreratuek nahi ez duten satsa ereiten da hemen. Pobreen patua: gure baserritarrak pinua sartu behar izan zuten etxea berritu eta alabak kalera ezkontzeko, pagadi edo harizti ziren mendiak eraldatuz;  halatsu bihurtu zen herrialde hau ere pinudi, politiko eta agintarien zentzugabetasun eta ardura eza medio. Ikuspegi laburreko politika, gobernu itsu bateko itsuak?. Edo jauntxoen garaipena. Bere basoetatik sortutako paperaren arabera irakurriko balitz, herri jakintsua litzateke Portugal, asko irakurritakoa behintzat, jakinduria jatorrena ez baita liburutik jasotakoa.

 

 

BADAJOZ

 

Badajoz da probintziaren izena, badu zerikusiren bat izenaz aparte, Espainiakoarekin.

 

Vilafranca de Xira. Inguru honetan hasten da Lisboarainoko industrialdea. Langile biltegi dira herriak, etxetzarrez erraldoi.

 

Zubi handi bat urrutira, Tejo ibaia hurrean dabilen seinale. Ibaia bera ikusten dugu berehala. Ibaiaren Ekialderako ertzean landua dirudien izugarrizko lautada berdea, zelai-zelaia, Holandako lautaden antzerakoa, urrunean begiak galdu artekoa: seguruenik Lisboa eta Portugaleko ortuari hornitzailea. Lasterrera zabaldu egiten da Tejo ibaia, itsasadar bihurtzen, laku erraldoi bat antzo.

 

Lisboako etxeteria agertu zaigu urrutira. Hemen hartzen du abentura kutsua gaurko ibiliak. Ze nolako abentura gainera: mozturik dago kanpinera erraz eraman beharko gintuen bidea, itzuli luzea emanez bideratu behar da gure norakoa, baina guk ez dugu ez etenaren ez  norabidearen berririk. Bide-sare zabal, amaraun trinko, irtenbiderik gabeko labirinto ikaragarri horretan galduak, leku batetik joan nahi eta bestera joatera behartuak gabiltza. Zorionez argitzen joan zaigu kaskezur barruan inprimaturik genuen planoa, zuzenduz goaz, eta azkenik gasolindegi batetik sortu zaigu azkenez argi izpia: mutil batek norabidea hitzez erakutsi ez ezik, gidatu ere egin gaitu tarte batez bere autotik; autobideko kobratzailea izan zaigu bigarren argi izpia eta gazte motodun bat bidegurutze borobil batean azken argitasuna, Monsanton bertan jadanik. Kokatua genuen planoan Monsanto, kanpinaren kokagunea, baina ia ezinekoa egin zaigu planoa errepidera taxutzea. Bideratu gara bideratu, baina ordubete luzez amaraunean harrapatuta egon ondoren. Benfica stadium albotik ere izan gara, okerreko bide batean.

 

Mendixketan hasiaz joan da Lisboa, etxez estalitako mendixkek osatzen dute hiria; gora eta behera dabil autobidea, etxe artetik irten eta etxe artera sartu. amesgaitz bihurtu zaigu gaur IC17 autobidea.

 

Monsanto, mendi zabala da, bertan dago izen bereko kanpalekua. Lau izarrekoa zela eta, garbigailua izango zuelakoz jo dugu bertara 18 eguneko arropa garbitu asmoz. Izugarri erraldoia da kanpalekua, ureztatutako berdeguneak, etxatoi bakoitzarentzat kokagune banakoak zerbitzu guztiekin,  mila eta bi morroi kontuak hartu eta gauzak bideratzeko, aurrean jarri eta norabidea erakusteko autotxoak, igerilekua, jolastokiak, dendak, jantokiak, taberna..., denetik dago eta dena dago garbia, zaindua eta txukuna: baina ez dute garbigailurik!!!.

42 graduko hozberoa du autoak eguzkitan, kanpotik zein barrutik.

Pare bat saltoki erraldoira jo dugu, errepideko zoramenean murgilduz berriro, ia garbigailu bat non. Gure ametsak ustel gerta zaizkigu. Inon ez da garbigailurik, dendetan saltzen dituztenak ezik. Beroa, nekea, etsipena gainditzen zaizkigu. Kostaldeko kanpinetara jo dugu garbigailurik ote: guk geuk txanpona botaz maneiatzeko aparailu horietarikoen bila gabiltza. Aurkitu aurkitu dugu non garbitu, 550 eskudo ordainduz, baina, kilo arropa!!!. Guk geuk eginen dugu lixiba. Eskuz, eta kitto.

Saltoki  erraldoi ezberdinak aurkitu ditugu, herri oso bat da bakoitza, Columbus batez ere: eliza, metro, saltegi... eraikuntza erraldoi berean sartuta dena. jendez gainezka.

 

 Atera garenez, bazterrak ikusiz arratsaldeari luzapena ematea erabaki dugu. Zoramena da errepidea: autoteria izugarria dabil errepidean, bizkor doaz auto denak, urduri dago gidari oro, inongo errespeturik gabe gidatzen da. Mila sarrera, mila irteera, mila letrero, mila iragarki, mila izen, mila zuzenbide, mila errepide, milaka auto. Herri oro da nahasmena. Kizkurtuago jartzen zaizu zilborra kanpotik begiratuz soilik hiri erraldoia. Baina sartu gara hirira, irten ere, osorik, bai autoa bai geu. Sartuko gara berriro ere, bihar, beranduen etzi, ikasiak baititugu norabideen eta labirintoaren trikimailuak.

 

Estoril. Hesi, horma, burdinsare eta abarrez gordetako etxetxo solteak. Badu erdigune antzerakoa, badu itsasbazterra, baina ia ez du hondartzarik, ezta oinezkoak non ibili ere, autoteria bai badu, aparkatutakoak eta ia egoneko ibilian dabiltzan autoak kaleetan.

 

Itsas gainetik doa trena Costa Bravan antzera. Haitza da itsasertza.

 

Cascais. Herri zabala, turista-herri petoa, etxeteria erraldoia. Moila luze batez lortu du badia antzerako bat. Ia ez dago ontzirik, gutxi dira ontzitxoak ere.

 

Lotsagabeki gidatzen da herri hauetan.

Kostarik kosta, itsaso hurbilak ematen duen patxada eta goxotasunez. Lehen zatian ez da inola ere itsasertz batere eder edo gustagarria. Gero bai, atsegina eta lasaigarria bihurtu da, auto trafikoa ere baretuz joan da. Itsasoa da nahasi zamarra dagoena. Itsasertzak bere berean irauten du, dunak dira gehien bat itsasertzeko osagai. Duna ertzeko egonleku, auto asko pilatzen da jatetxe eta kafetegietan.

Itsasgaineko behatoki atsegina da Sintrara errepidea. Eguzkiak bete-betean jotzen du, argiagoak eta teilatuak gorriagoak bihurtuz herriak.

 

Biscaia, zuhaitz arteko herria itsasgainean.

 

Cabo da Roca, penintsulako lurmutur ertzena.

 

Capuchos. Ez gatzaio joan. Bi aldiz egonak gara eta gaur erabat nekatuta gaude, bizipoza dugu ahitua batez ere, txakur joan baitzaigu eguna.

Lehenengoz joan gintzaionean, duela 30 urte, mendiarteko ibilietan aurkitu genuen, ustekabean, dena zabalik, bere hartan utzia bezala. Harrituta utzi gintuen: harri handi bat du sarreran, kobazulora sartzea bezalatsu da monasteriora egitea. Harri bizian eginiko monasterioa: sukaldea eta komunak harri bizian eginiko zuloguneak dira, pasilloak metroko zabalera eta makurtuz ibiltzeko altuera, erabat makurtu behar da geletara sartzeko, ez da zutik egoterik barruan, beso biekin harrapa daitezke lau ertzak... aszetismo ikaragarri baten ezaugarria. Bidexkak daude osteko artadian harkaitz eta harri-bolen artean, non tarteka eremutarren kaperatxo eta gelak barreiatzen dira. Ezin biluziago bizi.

Zainduagoa zegoen bigarrenez joan ginenean, izan zenaren itxura ematen ari ziren, ate inguruak artelazkiz biltzen: artelazkia jartzea omen zen goxo-bide bakarra hotzari aurre egiteko, baita monasterioko dotoretasun bakarra ere. Gaur egun nabarmenki iragarrita dago bertarako norabidea, turismo bisita-gune bihurtu da nonbait.

 

Baso trinko pikea da Sintra gaina; erabat estua errepidea, bi auto doi-doi gurutzatzen dira,  baso jabeek eginiko hormek utzi zuten hain estua, garai batetako zalgurdientzako zabaleran. Agian basook jauntxoen jauregien ingurua dira, jabegoaren mugak harrizko hesiok. Badira bi haize-errota Sintra inguruan.

Jende asko dago autobusaren zain errepideko geltokietan.

 

Sintra. Aberats-lekua. Jauregi, jauregietako iturri, egonleku, pasealeku... dotoretasuna dario denari. Nire oroitzapenean ditudanak baino dotoreago daude errege jauregiko bi tximinia erraldoi bitxiak, zuri-zuri orain; pintatuta, deigarriagoa ageri da eraikina bera ere. Errege baten egonleku kutuna izan zen nonbait eta bere jauregiaren inguruan jaio zen gainontzeko dena, herria zein mendiko jauregiak. Gaur egun turista-herri famatua da. Sintra ez da ibilgune, ez da paseatzeko lekua, ez du nondik ibili, bide estuak ditu, jendez gainezka dago. Joan, egon, inguruetara jo: ezer guti gehiago egin lezake pasoan doanak. Autobuskadak doaz: herrian egonalditxoa egin eta aire mendiko gaztelu, jauregi, Kapuchos eta antzerakoetara. Ez gara gelditu gu. Arimako giharrak ditugu nekatuen.

 

Umeak aurkitzen ditugu goazen herri eta monumentu orotan: ikasturte bukaerako txangoak, Europa oroko usadioa.

 

313 kilometro, Lisboako errepide sareko etsipendunak asko.

 

Nekea pilatuz joan zaigu jada, lasaialdi bihurtu nahi dugu Lisboako egonaldia.

Arrats beranduan,  ez dakit kardantxilo, txinta ala tarinak diren, txori txiki horixka banda izan dut aurreko kardu haziak jaten. Hain dira txikiak eta arinak, ze belarra bera ez da okertzen txoriaren kargarekin.

Eguzki gorritasunak ikusarazi dit arbola osteko mendikatea han urrunean.

Gaugiro aparta, epela, eskertzen da egunezko 40 graduko beroaren ondoren. Zeruan gora dator ilargia, borobilduan ere gorantz. Gutxienez zazpi errepide eta zubi ditugu aurrean, gaueko izar iheskorrak dira autoen argiak, gauerdian ere oraindik ugariak; itsas soinu lasaigarria bihurtzen da gurpilen hotsa, urrutitik baitatorkigu, zurrumurru geldoa bailitzan. Arbola osteko gorritasunak dinost hor dagoela hiri erraldoia.

 

“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:

* “Herri txikiotako baten benetako garrantzia ezagutu nahi baduzu begira egiozu elizari”. Tira!. Kezkaz nintzen eliza gehiegi bisitatu eta aitatzen ote genituen bidaietan!.

 

 

Ekainak 19. Larunbata.  P:19.a

 

“Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “66 lerro ...” poema. Sarajevo, gaur egun Kosovo eta Pristina, ... Baina ze guti hitz egiten dugun giza barne gune setiatuei buruz.

* “Eta hamarrak edo zirelarik / ageri zen ilargia zeruan, hementxe edonon bezala, / itsasoaren gainean hementxe”. Autobide, saltoki erraldoi eta osteko mendi hegiaren gainean, hementxe, Lisboako Monsanton, hementxe, zuhaitz artean ageri da ilargia.

        

40 graduko hozberoan gabiltza egunoro.

Berdexka horixkak dira belartzan dabilzkidan hiru txori, ia ikusezinak kolorez zein tamainaz. Igerilekuan nago, etzanda, goiko urdinari so, katakiak dabiltza ilargiaren azpian: bidaiako kataki lehenak. Arbizun ikusi nituen aurtengo lehenengo katakiak,  Burundako zubitxotik ur gaineko hegazkada bizkorrean.

A ze nolako lixiba gaur egin duguna!. Belaontzi baten mastak ziruditen alboko zuhaitzek.

Jubilatu ilarak datoz kanpalekura Lisboako autobus geltokitik, arratsean. Azken argiko azken autobusera doa, berriz, gazte bikotea asteburuko hiriko gaupasara. Bihar lehenengo autobusean etorriko dira eurak, gu aldiz hirira joango autobus berean. Adin bakoitzak, bere orduketa.

 

0 kilometro, autoari zein geure buruari atseden eman diegun eguna.

 

Jai izan du grabagailuak ere, gorrotoa hartzen hasia nintzen neure ahotsari, gauetan nekatu ondoren transkribatze nekosoetan.

 

“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:

* Ba, memoria eta garunak ez herdoiltzen laguntzen didate argazkiek niri.

 

 

Ekainak 20. Igandea. P:20.a

 

“Kartografia”. Rikardo Arregi Saez de Heredia:

“ Ahanzten dira gogo-gorputz arrangurak / aldegiteko orena hurbil denean”. Beti dugu hurbil oren hori bidaiari  hegalariok, arrangurez gaindi ditugu beti gogo-gorputzak.

 

Bizipoz gertatzen dira, tarteka, barne tolesturetan amesten ditugun fantasiak.

 

Ordu polita da goizekoa, txoriak ere auzo ditugunean alboko belartzan.

Europako jubilatuak, Espainiako asteburu pasako familiaren bat eta nongoak izan inporta ez zaien ezkonberri itxurakoak gara kanpin honetako aldi baterako biztanleak.

Kanpineko etxatoi kokagune bakoitzak zabalera garbia du inguruan, zabala, osagai guztiekin, nor non jarriko zaion ardurarik gabe, arnas handia du bakoitzak, hainbat erraztasun; baina bakoitza bera da kanpin honetan, ez da loturarik inorekin, urruti samar gelditzen zaio auzokidea, aukera zenbait kentzen die harremanei eta solidaritateari; hiritartutako kanpina da, bakoitzak bere orubea du, egun apur batzuetarako bere etxetxoa jarri eta bizimodua moldatzeko. Bakardadea da hemengo solidaritate bakarra estualdia batean, zeure indarrez soilik bultza beharko duzu etxatoia. Hemen ez dago auzokoaren abegikortasunik. Pasokoagoa da hemen bidaiaria.

Beltz asko dago kanpinean langile, oso beltzak dira langileok, Angolarrak agian?. Orain arteko ibilbidean ez bezala ikus ahal dira beltzak saltoki eta edozein jendartean ere.

        

66 urte betetzen ditut gaur: ahaztu zait  ze parajetan ginen azken urteotako urtebetetze egunetan. Hammelin xirulajolearen hirian tokatu zitzaigunekoa dut gogoan, gau zaila izan genuen eta: oso goxoa izan zen  goiza herria bera atsegina delako, beltza berriz gaua ilunabarrez afaltzera itzuli gintzaionean ezin baikenuen herrira sartzerik asmatu lehenengoz eta ondoren ez baikenuen aurkitu non afaldu kalez kale bilatu arren.

 

Lisboa

Bi aldiz ere egonak gara aurreko urteetan.

Lisboako erdigunea dugu gaurko ibiliaren helburu.

Ibili eta bizi izan ditugun erreskada berean gogoratuko ditut bai ikusiak bai sentipenak, ez baita erraza laburbildu edo sailkatzea.

 

Aldats beheran, Tejo aldera, biltzen da edonon Lisboa, ez du bide laurik ibai ertzekoa ez bada.

 

Behe aldea

Belen dorrea: Tejo zabalaren ertzean, zaindua eta ederra. Arnasa zabala du edonora, ibai gainetik luzatzen da soa eta alboko berdegune zabaletan  arintzen dira oinak.

 

Jeronimoen Monasterioa: manuelinoa; joan, ikusi eta harritu, zelan zenbateraino noraino loratu daiteken harria zizel kolpez: elizaren  kanpo aldea nahiz barrua, leiho-bueltak, txirikordatutako nerbioak,  loratuaren loratuz kapitelik igarri ere ezin dakieken zutabeak, arkuak, pulpituak, hilarriak, hilobiak, sabaiak, klaustroa, jangelak... monasterioko gune oro da zizel lan harrigarria. Pessoa poetak ere badu oroitarria klaustroan: luma eta zizela poesigintzan elkartuta, tximeletak hizkietan zein harrian gauzatuta. Zer aurkituko susmoa duzun arren, izugarrizko barne astindua ematen du lehen begiradak, lilura zirraragarria ondorengo ikuskizunak.

Bere garaiko lantegia, Monasterio honen eraikuntza izan zitzaien milaka gizaseme-gizalabei ogibide ehunka urtetan, kolonietan ebatsitako jauntxoen aberastasuna medio. Gurutzea eta ezpata daude hemen elkartuta: fedea ezarriz, hizkuntza ezarriz, sinesmena lapurtuz, hizkuntza lapurtuz, askatasuna lapurtuz, era guztietako inposaketa eta lapurretei esker jasotako artelana, Indietako gehiegikeriak eta kontzientzia elizaren onespenez baretuz jasotako arte mirakulua. Lapurreta eta artea nahiko hur ibili ohi dira, artelanak ordaindu eta ordaintzen dituzten dirutzak ez baitira beti esku garbietatik ateratzen. Kontzientzia txarrik ez zen seguruenik. Herriaren gosea eta egonezina bai. Jainkoa aitzaki, zergak gorde eta herria baretu. Demokrazia da jokabide berdinerako estakurua gaur egun.

Autobuskadaka, uholdean, datoz bertara bisitariak, gaurko behartsuak zain dituzte inguruetan, ahal dutena turistei salduz sosen bat aterako ote.

 

Tejo ibaitik ibilaldia: erdiguneraino, luzea, oso luzea, nekagarria gerta zaigu azkenerako. Baina merezi zuen Tejo ibaiak. Ibilbide  eta egontoki dira ibai ertzak, bertatik goaz gu haize freskoz bilduta. Atsegina da ibilia. Bada berdegune eta egontoki atseginik. Bertan gelditzeko gogoa ematen du, baina aurrera egiten dugu gure ibilguan, hirian ere izango dugu geroago egoteko nahiko bazter eder. Ugaria da goiz-pasako jendea parkean, ibilian zein egonean. Hiria eta Ibaiaren artean trenbidea eta errepidea dira hiria eta ibaia banatzen dituzten hesi bortitza, herria ibaitik banatuz.

Jendetza bildu da gune batean, adin oroko herritarrak bildu dira, herri bakoitzekoak bere jantzi bereziekin; herri jolasak dira eguneko ardatza: hanka-paloak, badira zurezko koilara handiekin lehiaketaren baterako prestatuta dagoenik, hainbat lehiaketarako prestakuntza nabari da; sokatiran aurkitu ditugu guk: batera egiten dute lehen saioa talde denek, hamar tiralditik gora hasi dira batera, erdiak kanporatzen dira jokaldi bakoitzean, bikotea gelditzen da azkenez, ia nor txapeldun: neskak eta mutilek, helduek zein gazteek hartzen dute parte tiratzen, nahastuak, jantzi bereziz zein kaleko jantzita.

Monumentuari begira geundela, hura ez zela Vasco de Gama esanez hurreratu zaigu gizon bat: auskalo nor den, baina izugarri dotore zizelatutako zutabe zuri baten gainean dago dena delako nabigatzailea.

“Help us to kill the system”, horma bateko graffiti erraldoia, portugaldarrei ordez atzerritarrei zuzendua nonbait: horretan eman dugu ba bizitza, sistemari ekinean, eraso nahian, zirkinik ere eragin ez diogula uste badut ere.

 

Apirilaren 25 zubia: garaia, luzea, erraldoia, txindurri ilara bailitzan ehunka auto datoz-doaz une berean etengabeko jarraian gure buruen gainean, durdurio izugarriz gortuz behekoon belarriak.

Kirol portu bat, bigarren bat geroago, eguerdirako mahaia prestatzen ari diren taberna ilara moila inguruan: giro paregabearen gune izanen da zenbait ordu eta egunetan, zubipeko hotsak belarriak gortu arren.

Bilketa dute Wolkswagen autoek moila ertzean: aspaldiko dozenaka auto, kolore eta prestaketa ezberdinekoak, zahartzaroan ere dotore eta bizipoz iraun daitekeela frogatuz .

Zikloturista talde handi batek bete du errepidea ibili lasai eta berbatsuan.

 

Txiza zahar usaina, ohiko kirats nazkagarria, dario hiriari, han-hemenka, bazter askori, hainbat alboko zein erdiguneko kaleetan: badirudi Lisboa parranda-leku izan dela bart, kale guztietan egiten dela pisa kalean, baina ez dela mangerarik ez tutu malgurik erabiltzen garbitzeko.

 

Hiribarrua. Tejotik gorantz joan gara eguzki galdan, eguzkiak zuzen jotzen baitu kalearen norabidean ordu horretan, bietatik alde batean ere gerizarik eragin gabe.

Zaharkitua dago Lisboa, kolorgetua, hitsa. Kale-sareek ez dute ezer berezirik eskaintzen orokorrean. Ugariak dira plazak kale-gurutze eta eliza aurretan, erakargarritasunik gabekoak baina. Aldatsa da Lisboa, gora-behera etengabea. Lurrikarak eta suteek erabat hondatu zioten antzinatasun xarma.

Encarnaçao eliza: harri zuriko fatxada handia du, baina belztuta daude harri-junturak eta zuriuneak.  Sao Roque: karratu handia, dantzalekua dirudi: 8 kapera handik, 4 alde bakoitzean, eliza dena hartzen dute, sekulako kaperak dira, handiak, loratuak, dena urre eta aingerutxo, oso aberatsak; kaperon balkoiak bailitzan, eliza inguratuz, maila gorago batean eliza bi mailatan banatzen duen hesi dotorea, eta behe maila batean erdialdeko bankuteria; agian eliztarrak ere bi kastakoak ziren, goian esertzen ziren batzuk, behean besteak, batzuk bestearen ikuskizun; sabaiko ohol pintatua eta aldareetako erlikiak deigarriak suertatzen dira atzerritarrontzat. Arte-ikuskizun handirik ez, baina gutxienez freskura une bat eman digu Sao Roquek.

Erlikia asko da elizetan, nabarmen jarriak aldaretan.

Barrokoak izanik ere hainbat aldare, ezberdinak dira Lisboako elizak, ez dute zerikusirik Iparrekoekin.

Carmo plaza: ez du erakargarritasunik baina geriza eta trago bat egiteko parada eman digu. Hemen daude ibai ertzean aurkitu ditugun zikloturistak sardina errez indarberritzen.

Miradouro de Sao Pedro de Alcantara: Ikuspegi zabala bertatikoa: Sao Jorge gaztelua, N.S.de Graça, Sao Vicente de Fora  eta abar aurrean; zuloan berriz teilatuteria eta geltoki nagusiko gain zuri zabala. Italiarrak eta Japoniako txinoak bildu zaizkigu bertan, haiek autobusez, gu oinez, haiek gidaren erretolikapean, gu gidaliburuaren arabera, haiek bazkalduta gu Carmo plazan hartutako garagardoarekin bazkal toki bat noiz aurkituko zerbait pizgarri barneratzeko.

Kremailera: kale artean badira bi kremailera gutxienez, hain da garaia kale batetik besterako aldea. Bezeroei hauspoa bete gabe goialdeko dendaterira egiteko erraztasuna.  Ehun metro besterik ez dira elkar gurutzatzen diren bi bagoiek egiten dutena. Gu bitxitasunak erakarrita jaitsi gara bertan, baina bada bertako jendea erraztasunagatik normaltasunez darabilena delako tranbia. Bada 7 estaiako igogailu bat ere beheko plazatik goiko kaleetara, Bilbon S.Nikolas oste horretakoaren antzerakoa.

Restauradores – Rossio - Figuerira - Praça do Comerço, lau  plaza erraldoi, bakoitza monolito edo estatua erraldoien pausaleku. Ze bizimodu mota ote zen ordukoa hain leku gutian 3 plaza erraldoi gauzatzeko. Jende asko dabil gaur egun ere, batez ere Restauradores plazan: hiriko bilgunea da, baita gazte beltzen zita-lekua ere nonbait, asko dira behintzat bertan elkartu direnak igande arratsalde honetan; atzerritar beltz hauek ez dira Angolakoak, hauek lan bila etorritako etorkinak dira. Plaza berean dago 3 estaiko disk-denda erraldoia.

Geltokia: birmoldaketa eta berrikuntza lanetan murgildua dago, harri landuko ederra da kanpotik, Jeronimoen ildokoa, beste Lisboako hainbat eraikuntza bezala.

Rua Augusta. Oinezkoen kale zabalena, itsasora artekoa, saltoki gunea, Praça do Comerçon bukatzen da, arku bat igaro ondoren.

S. Justa kaleak ama gogorazi dit: Orihuelan bada beste izen bereko kale bat.

Kontsezio-Sorkunde Zaharra: sarrera zizelatua du.

Gertu, Arantzazuko piramide itxurako harri puntazorrotzek osatzen dute fatxada bat; berdinak aurkitu genituen Europako ez dut gogoratzen non. Eta gu Arantzazukoak bitxikeria, beraiek bakarrak munduan, arkitektoaren asmakizun bitxiak zirelakoan!. Aspaldi asmatu zuten sua.

Ibaiaren bestaldean, ontziolak, barku konpon-lekuak, ontzi erraldoientzat moilak, hiriak... eta Jesusen Bihotz erraldoia ikus daitezke.

30  museo daude Lisboan, mota guztietakoak.

Tranbiek iraun dute Lisboan, hiri-paisaiako osagai ezinbestekoak bilakatu dira: munstroak dira tranbia modernoak, iragarki bat da bakoitza bere osotasunean, leihorik gabekoak kanpokoontzat, kristalak behar dutenak iragarkiz pintatuta; baina diraute oraindik tranbia zaharrok ere, zaharkituak, kolorgeak, txiki zaharrak baina xarmantak, maitagarriak benetan, bizirik, oraindik kaleetan. Dirauten bitartean Lisboa ez da hilko, sute eta lurrikara bortitzenek ere ez dute desagerraraziko.

 

Gaurko nahiko dela esan digu gorputzak, jelatu gozoa eta pitxerkada garagardo eskaini diogun arren. Autobusa hartu eta etxera itzuli gara. Nahikoa dugu gaurkoarekin. Bada oraindik zerikusi gehiago, baina ez zaigu itzultzeko argi edo deirik piztu barnean.

Bragak itzultzeko grinaz eta barne-eskariz utzi gintuen, Lisboak ostera ez. Ez zaigu “tximeletarik” agertu. Ez gaitu bildu xarmak. Ez gaitu ezerk barnea kilikatu. Agian nekatu samar gaude, 20 egunotan ibiliari etenik egin ez diogulako, gelditzen, astiroago ibiltzen, pausoka pausokago joaten jakin ez dugulako.

Etxerakoan, arratsaldea aurrera, oraindik han zirauten goizeko herri bilkurakoek  berdeguneko parranda herrikoian, egun-pasa atseginari amaierarik eman ezinik.

 

Jakintsua izaki, herriak bere zeharbideak egiten ditu belartza eta lorategietan, ibilbide erosoagoak, burutsuagoak. Lisboan ere. Unibertsitateak irakasten ez duen jakituria.

Herriak bere zoko eta bilguneak bilatzen ditu, patxadatsu egon egoteko eguzki zaparen ihesi ibai ertzeko arbolapeetan.

EL PAIS egunkaria soilik aurkitu dugu Lisboan. PSOEk jakin zuen propaganda sarea hedatzen.

Zergatik bildu zen, biltzen da, aberastasun dena Lisboan eta beste pare bat hiri gehiagotan, eta zergatik utzi zen, uzten da, ezin gehiagoan Iparraldea?.

Ez da eskalerik ageri herri eta hirietako kaleetan, bidegurutzeren batean bakarren bat agian. Gaur soinujole itsu bat aurkitu dugu museoko pieza bitxia litzaken itsulapiko bat soinuari lotuta zuelarik; beltzez jantzitako amona zahar bat ere hurreratu zaigu, itxura bitxikoa, gehiago aterako luke segur aski bere burua argazkirako eskainiz; Augusta Lisboako kale nagusiaren erdian eserita, esku-luze eskale, mutiko beltz bat zegoen, burumakur, buruari zabu eginez gora-behera; saltoki eta turista gunetan ageri da hainbat gizaki, gazte beltzak batez ere, aparkaleku hartu gabekoetara eta gerizatsuetara bideratu nahian autoak, sosa batzuen esperantzan.

Beltzarana du azala portugaldarrak.

Hainbat Europako lurraldekoak baino zarpailagoa  janzten da.

 

0 kilometro, autoak bakea izan du, guk ez.

 

Ze tentagarria den igerilekuko ur freskoa kalearteko ibiliaren ondoren.

Atzo bezala, gaur ere txapliguak dira Lisboan gauez, erdigune inguruan.

 

Saiatu gara hemengo jatetxe batean ondo afaltzen, baina erdizkakoa atera zaigu. Euskal Herrian ospatu beharko dugu nire urtebetetzea. Jan, esaten dena jan, Euskal Herrian egiten da: bidaia oroko ikaskizuna.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate:

Nobela beltza. Tarte entretenigarriak eskaintzen dizkit, baina ze gogoetatu askorik ez.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.