Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 5

BURUTAPENAK 5

Jon Etxabe 2021/05/10 09:55
Barne zidorretan

Barne zidorretan

Garena

* Misterio bat gara pertsona bakoitza, bestearen misterioa ez ezagutzeak zailtzen du harremana.

* Buztina gara: komeni zaien forma ematen digute nortzuk diren ere ez dakigun moldatzaileek.

* Biltegi psikologiko baten jabe omen gara bakoitza: hala da.

* Bakoitza bera izan ordez, besteak imitatuz osatutako robotak gara.

* Gu geu bakoitza gara itsasoa, sakona, azala, barea, ekaiztsua…

* Hainbat drama eta komedietako figuranteak gara, hor gaude, baina ez dugu eraginik gertatzen ari den draman.

* Besteak txarragoak izateak egiten gaitu onak, edozein arlotan: hortaz jabetzen ez denak izanen du estropezurik bizitzan.

* Zintzo eta zorrotz begiratuko bagenio bakoitzaren barrenari, zenbat mozorro janzten dugun jabetuko ginateke.

* Jartzea baino askoz zailagoa da mozorroak kentzea.

* Ez ote gara mozorrotzen ispilu aurrean jartzen garenean ere.

* Arrastotxoa utzi nahi genuke, nahiz jakin, ontzi handia izan edo bateltxoa, ubera bezala galduko garela itsaso zabalean.

* Denok nahi dugu zerbait izan, besterik esaten badugu ere.

* Loaren zein alderditan bizi garen ez dakigula bizi gara sarri.

* Naturaren zati izanik,  urtaroek edo egunaroek bezala, aldaketak ditu zorionak ere, une goibelago edo argiagoak ditugu.

* Ez dira deuseztatzen ahaztu nahi genituzkeen sakoneko oroitzapen horiek, hor azaltzen zaizkigu tarteka, giltza non utzi dugun erabat ahaztu bazaigu ere.

* Sentimendu eta eraginkortasunaren arteko talka da gizakiaren egoera latzenetariko bat.

* Begiruneak erakusten du zentzudunaren sena.

* Munduari begiratzen ikasi, gizakiaren ikasgai nagusia.

 

Ginatekeena

* Bi motakoak dira ametsak, berez datozenak eta asmatuak: azken hauek gehiago dira utopiak, bizitzaren aringarri bezala irudikatutakoak.

* Goragoko maila batean bizi da amets egiten duena.

* Behin ere ez da absurdoa ametsa, logika bat du, ezkutuan arren, zerbaiti erantzuten dio.

* Etorkizunik gabeko gizakiak gara, oso urrun gelditzen gara agindu edo amestutako helburuetatik, irteerako edo hasierako marra inguruan gehienetan.

* Zenbat funsgabeko istorioek eta gogoetek betetzen dituzten gure pentsamenduak!.

* Sarri gara geure buruaren psikiatra edo sendagile, baina ez dakigu gure gaitzok nola sendatu, agian sendatu nahi ditugun ere.

* Identitaterik eza, tartekako ihesa eta atsedena.

* Sufrimendua da batez ere gizakiaren ahala ahultzen duena.

* Bidaia-kide saihestezina da sufrimendua, antidoto zaila du gainera, batez ere psikikoa denean.

* Normaltzat hartzen ditugu inguratzen gaituzten mundua eta gizartea, ez ote dugu atrofiatuta gure ikusmoldea eta sentimen ahalmena begietako arazoak dituztenek antzera.

* Eutsi eta isildu  izan ohi da askoren jarrera erantzukizun bat datorkionean: hobe aurre egin eta prest egotea.

* Kontrakotasun batean bizi da gizakia, atzera darama bere izaeraren ezinbestekoa den oroitzapenak, aldi berean aurrera bultzatzen du bizitzak.

* Zenbait tertulia-kide, idazle ere, lausotu egiten dira luzapenetan kiribilduz: ideiak edo esan nahi edo behar dutena garbi ez dutelako da.

* Ezlekuak leku bihurtzea, bidaiatzearen  xedea.

etiketak: Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta