Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99- PORTUGAL

BIDAIAK 99- PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/04/16 09:30
ALENTEJO. Evora, Veja, Vila Ruiva

Ekainaren 23a. Asteazkena. P:23.a

        

Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “Musika eder askori ezarri diote / izugarrizko izena. Bataglia, Bataila”. Mota orotako artelanek dute akuilu eta oinarri guda; Portugalen, adibidez, izen bereko Batalla Monasterio miresgarria.

 

Bideak ikasi eta  gurpilen hots etengabekora ohitu garenean, bide nahasiok beti-betikoak bailitzaizkigu bezala gabiltzanean, soinurik ez balego lez baretzen ikasi dugunean, alde egin behar dugu. Gogoko dugu jadanik kanpina, adiskidetu gara berarekin. Baina ez gara egonera etorri, bazterrak ezagutzera baizik. Ikusi ditugu Lisboa eta bere inguruak

Aldaketa eguna beraz. Alentejora dugu gaur hegazkada, Evora aukeratu dugu kokaleku Alentejon.

 

Autobidetik begiratuta, altzifre, nekosta, basoa dirudi Lisboako hilerriak,  Aldi berean akueduktua dager, luzea baina batez ere garaia eta argia, mendi-zuloa zeharkatuz. Ezin da gaur zubia bere handitasunean ikusi, behe lainoak estaltzen baitu, burdinazko zutabetzarrak eta burdina luze borobiltzarrak diren kableak ditugu ikusgai soilak zubi gainetik goazenean: zirraragarria da batetik besterako luzeran kableetatik zintzilikatuta goazen sentipena. Trafikoa, beldurgarri trinkoa da, autoz lepo dago autobidea, hala zen beste egunetan hirira sarreran, berdina da gaur hiritik irteeran ere, barea, mantsoa, da beraz gure ibilia; kilometroetan luzatzen da hiriranzko auto ilara, Setubalera bidegurutzera arte; geldi dago sarri autoteria, barraskilo ibili geldian doa dabilenean ere: astuna da hiriburuari ordaindu beharrezko zerga.

Lainopean ere ikus daiteke Salazar diktadoreak jasotako Jesuen Bihotzari Monumentua: gaur egun, Diktadorea salatzen du Jesus goratu behar zuen iruditzarrak, baita eliza bera ere, irudi delakoak gogarazten baitigu izan zela diktadore anker bat Jainkoaren eta elizaren laguntasun premia izan zuena.

Atzo Mendebaldera lez, gaur Ekialdera aurkitu ditugu Lisboako lotegi diren hiri berriak.

Trikua, auto gurpilak zapaldua, errepidean. Portugalen ikusten dugun aurrena da, Europa Iparrean ostera, pila ikusi genuen. Eukalitadia ez da nonbait triku leku. Zakur banaka batzuk bai aurkitu ditugu errepideetan autoek garbituta.

Hondar itxurako horixka da lurra hemen. Mahasti sekulako zabalek betetzen dute Setubal ingurua. Bada ureztatutako lur landu zabalik ere.

Autoaren aroan sartu berria dela dirudi Portugalek: berriak, bizkorrak eta handiak dira autoak: eztanda egin du autoaren boomak. Autoz gainezka daude hiriak eta herriak, ez dago autoa non utzi edo non gorde, aparkalekurik ez da oraindik autoen arabera egokitu, badirudi auto uholdeak aurre hartu diola aurreikuspenari. Eremu urdinak, delako OTA, ez dira garestiegiak, autoa erosteko erraztasunak emanez edo.

 

 

ALENTEJO

 

Gutxitzen, desagertzen joan da eukaliptoa, paisaia berri bati leku emateko. Dehesa edo larre-lautadak ditugu orain paisaiako osagai berriak: belar lehorreko lurralde horia, artelatz, arte eta txapel zabaleko pinuak estaltzen dute nolabait biluztasuna. Tarteka galsoroak eta arto-sailak. Paisaia bitxia, erakargarria gure begientzat. Ekainean hori badago belarra, nola egongo ote uda erdian. Ez da herririk, ezta herriren baterako errepiderik ere.

 

Vendas Novas: azalik gabe, gorrixkak daude artelatz gerriak, biluztasunaren gorritasunez. Behi aldra bat.

 

Montemor o Novo. Gaztelua eta kobak dituzte erakusteko, errepide bazterretan nabarmen iragarriak. Kobak!, mendirik ez badago ere.

 

Hasi dira etxetxoak ugaltzen, granjak ugaritzen; sarriagoa da olibondoa, palmondoren bat ere ageri da. Oso zuriak dira etxeak, marra urdinez biziagoak, eliza handi bat tontor batean; behiak... Gizatiartu zaigu lurraldea, inguruan gizakirik ikusten ez badugu ere.

Ia ez dabil autorik autobidean, ez Espainiarantz ez Lisboarantz: Evorak berak ere ez du harreman handirik nonbait hiriburuarekin. Autobide albotik, ibilbide paretsuan, doa doako errepidea: bertatik dabiltza kamioi eta autoteria: mingarria da hemen ere ordainketa kontua. Tristea da autobide erdiko tartea, zaindu gabea dago, lehorra, belarra ebaki besterik ez diote egin. Ertzak ere berdin daude, triste eta lehor. Agian urik ez dago, eta besterik ezin da egin.

 

Desagertu egin dira zuhaitzak, galsoro izugarriek eman die jarraipena. Ebakita dago ia gari dena, fardo borobiletan bildu eta lotua lastoa. Hainbat lursailek, berriz, utzitakoak dirudite, belarra horitua dago, burua erabat eginda dute belarrok.

Haize-errota biribiltxoa, zaharra, txapela ez ezik burua ere galduta, bide ertzeko tontor batetan: garia  bai bada lurralde honetan, errotarik, ostera, ez.

 

Larre-lautada berriro. Evora aurretxoan zezenak. Behingoz!!!. Faltan botatzen genituen lur mota hauetan. Zezen adar-luzeak, zezen aldra, arbolapetan barreiatuta, belar lehor horitan, galsoro ebakietan.

Hamarretarako jaso du behe-lainoak, goi-lainorik ere ia ez da: erreko gaitu gaur ere eguzkiak.

 

Kanpina, hiritik gertu dugu, txukuna, zabala, eukalipto artean, eukalipto zahar eta lerden pean, belar idorra zoruan. Hiru izarrekotzat kobratzen dute, jabetza pribatua du, ugazaba negoziogilea da bere jabe eta arduradun; baina dutxa gabe utzi nau dutxa-leku guti duelako, dauden denak okupatuta zeudelako, harrikoa ur hotzarekin egin behar dut eta igerilekua ordaindu egin behar da: nork zioen  zerbitzu hobea eskaini ohi duela jabego pribatuak?. Zalditeria dago kanpalekutik oso hur kokatua: ez dakit zaldi zalerik ekarriko dituen kanpalekura, euliak behintzat ekartzen ditu. Parez-pare dugu Evora hiria: ez da oso goian ikusten, lautada baino goraxeago bai, muino leun zabal baten gainean. Katedrala behar duena nabarmentzen zaio  goren, sendokote, dorre txaparro eta kupula borobilekin, gotorleku ilun bat lez.

 

Evora. Oroitzapen gozoak ditugu hiriaz: arratsalde erakargarria bizi izan genuen aurreko bisitaldian, ilunabarrera arteko ibili bakartia izan zen gurea, kale-artean bazter eta txokoak aurkituz eta beraiez gozatuz. Ez digu oroipenik zapuztu gaur ere. Nahasian daude hotelak, industria zerbitzuak, lantegiak, nekazaritza... sarreran eta inguruan. Hiri xarmanta; planoa eskuetan hartu eta bazter bila hasi, edo planorik gabe kaleetan galdu, aukera biak dira balekoak, edozein ibilbide mota aukeratuta ere ederra da hiriari bisita. Edonon du zerikusi, edonon zeri begiratu, nonahi egingo duzu topo eliza edo jauregiren batekin, nonahi bazter xarmant batekin; ejertzito eta poliziak ere eraikuntza apartetan dituzte jarrita bere egoitza-kuartelak. Kanpoengo harresiak osoki iraun dute ia inguru osoan hiribildua jite petoz bilduz, zainduak daude harresiok, deigarriak dira.

Kale-sare oso txukuna, garbia; harrizkoak ditu ate gehienak: hiru etxe-sarrera gotiko ikusi ditugu; jauregi apartak; plaza eta bertako balkoiak ikuspegi zabalarekin lautadara begira goienean; etxe-kantoi, teilape eta leiho-ate bueltak okre pintatuta, fatxadak zuritasunaren zuriz brist, harrizko etxe aunitz; plaza, luze zabala, arkupeduna, ezer bitxirik ez duen arren bertan gustura sentitzekoa; etxeekin bat eginik, itsatsita, arkuak etxeen horma bihurtuta edo kale arteko zubi, akueduktua hiriaren bihotz-bihotzean; jarraipena du hiritik kanporantz akueduktuak, luze eta garai, autoak azpitik zeharkatzen dutela; harrizko lokarridun leiho eta balkoiak, arkuak, etxetxoetako atetxo gotikoak, patioak, iturriak, erromatar tenpluaren hondakinak,  leiho-balkoietako burdinateria, harzola, mila zoko eta xehetasun, gustuko dituenentzako...: erakargarria da kale arteko ibilgua, edozein kale hartzen duzula aurkituko duzu zerbait. Autoak auto, lasai ibiltzeko hiria, patxadakoa.

Dendateria bikaina du, agian turista eta bisitari ugariei begira. Kolore bizikoa da zeramika; saltzaile ugari dago katedraletik plaza nagusirako bidean, kalea bera ere saltoki bihurtu dute dendek, baina ez dago itomenik, ez da kinkila dendateria, ez da lourdes,  bertako artisau lana saltzen da batez ere.

Eliza pila dago, ez dute beste munduko ezer, berenez tokatzen zaien osagaiez gain,  baina denek dute berezitasunen bat. SE katedrala,  gaztelu jitea du, are gehiago bi dorre sendo karratuekin, gotiko eta erromanikoaren zubian, sarrerako arku gotikoa tunelpea bailitzan oso sartua dago harrizko aterpe pean; leihoak dira deigarriak, ezberdinak direlako. Carmo eliza,  sarrera bitxia du, ohiko arkuak ditu kanpoan; barruan,  bi organoek merezi dute begirada bat, batez ere sakristiako armairua dirudien organo pitxiak; ezker hormako gorenean  irudiz osatutako korutxo batean dagoen pulpitua; koruaren luzapen bezala alde bietan aurreraino luzatzen diren balkoiak; santu-irudi ederrak eta xelebreak… horiek lirateke elizako ikusgai deigarrienak. S. Joao, itxi egin dizkigu ateak, baina ikusi ahal izan diogu horma oro erabat estaltzen duen azulejoteria paregabea. S. Franzizko, merezi du bisita, Erdi Aroan eraikitako handienetakoa omen: Gizadiaren Ondarea izendatu omen dute; badu ederra den zerbait. Nossa Senhora da Graça, bi zatiko sarrera edo fatxada du, bitxia, erromatar tenplu baten jitekoa.

 

Autoak dira Evorako orbana, uneoro agertzen zaizu bakarren bat, edozein kaletan zabiltzala, gozamenaren xarma eta lilura hautsiz.

S. Juanetan gaudenez feria erraldoia dute hiri barrenean: herri oso bat da feria bera, Alentejoko artisau ororen erakustokia,  artisau erakusketa oparoa, horrez gain bestelako denda-sail ibiltari erraldoia eta txosna-lekua. Zaldiko-maldiko  pila. Gauez joan bedi gustukoa duena, giro bikaina aurkituko du eta.

        

Portugaldarra beltzarana da, ez dugu hile horirik ia ikusi ere egin. Txikitxoa. txaparroa.

 

141 kilometro, Alentejoko lautada hori arboladunean.

 

S.Juan  erritoa bete dut: ez du izan iazko laku aurreko lilurarik, ez eta Coloniako Rhin bazterreko xarmarik, baina Euskal Herriko sanjuan-su guztien solidario eta Euskal Herriko zati sentitu naiz. Sua nuen oinetan eta ilargi-behera  goian. Suaren erritoa, biziaren itxaropena eta lilura.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate.

Nire irakurtzeko grina asetzen dit behintzat.

 

 

Ekainak  24. Osteguna. P:24.a

        

Kartografia”: Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “Jadanik baso ez diren basoak, / jadanik palazio ez diren palazioak / ikusten ditut, errautsak eguzki galdatan”. Jadanik gaztelu ez diren gazteluak, jadanik gotorleku ez diren gotorlekuak, jadanik ezer gordetzen ez duten harresiak, jadanik herri ez diren herriak, gizaki ez diren gizakiak, ikusten ditugu, franko ikusi ere, gure bidaian. Baina baita gaztelu, gotorleku, harresi, eliza, herri, eta gizaki diren gazteluak, gotorlekuak, zer ederrik biltze duten harresiak, elizak, herriak eta gizakiak ere ikusten ditugu.

* “Baso umilak ikusten ditut istorioak kontatzen, / hemendik egin zidaten lehen bidea. / Bihotza bitan zatiturik, / zaldien gainean erregeak”. Atzo autoz autobidetik, burutik nerabilen nola autobideak zatitu duen, erabat erdibitu duen, larre-lautada ikusgarria. Auto gaineko jauntxoak garela darabilt gaur kaskotik.

* “Hemen bizi ez garelako da paradisua”. Paradisu dakusaguna bidaiariok, infernua ez ote bertan bizi direnentzat, ala guk infernu dakusaguna paradisu ez ote  bertakoentzat. Herritarrengana hurreratuz soilik jakin daiteke bertakoen benetako egoera eta sentipena. Bizkorregi eta azalegi goaz bidaiari hegalariok sekretu hori argitzeko.

* ”Ezdeusak baina bizirik: horixkak, ñimiñoak”. Zenbat aldiz liluratu gaituzte baso eta bide bazterreko lora xumeok!. Ezdeusak eta nanoak gara gu biok ere, baina hemen gabiltza!

 

San Juan Eguna

 

Hemen dabiltza alemanak, holandarrak...,  jubilatuak ez ezik gazteak ere: Ipar Europaren gaur egungo turisten inbasioa, ekonomiak eta politikak egin duen inbasioaren izpi bat besterik ez da.

Gizonezko bikote banaka ugari ikus daiteke kanpinotan.

        

Alentejoko lautadan eman dugu eguerdi berandura arteko goiza, beroak eguna lokartarazi duen artekoa. Adarrak elkar lotuz ingurua osoki gerizpe bihurtzen duten artelatz baso trinkoak zeharkatu ditugu Almendres-eko kromlech edo harrespiletara bideetan;  artadiek bildu gaituzte tarteka, eukalipto basoren batek Valverden. Bejar inguruan aldiz lurraldea urre kolorez horitzen duten ertzik gabeko galsoro  nekazariek eurek edo ibaiak zuzenean ureztatuek; ugariak dira mahasti eta artasoroak; orain arte urriak izan diren ekilore sail zabalak agertzen zaizkigu edonon: ez dakigu oliotarako ala pipatarako ereiten dituzten, agian bertan behera usteltzen uzteko ereinagatik dirutza jaso ondoren Espainian bezala. Zezenak, zaldiak, txerri bat ere bai, artelatz azpiko lur arre edo galsoro ebaki-berri koloreko artalde ile motzak, behi granjak, behiak:  aldran larrean batzuk, azal zimeldu tolestuak besterik ez diren errapearekin bestetzuk, errapea esnez gainezka dutenak ere bai... ugaria da azienda Alentejon. Turismo-ehiza iragartzen da, turistek ehizaz gozatzeko esparruak, ez turistak ehizatzekoak.

 

Laua da gehienbat lurraldea, baina harrotu egiten da lautada Cubatik ia Evoraraino, leun, malda luzeetan, olibondoari aukera emanez. Xarrama ibaia zeharkatu dugu, ez da zabala, baina ur sakonekoa dirudi. Lursail ureztatuak tarteka: hainbat “barragen” edo urtegi agertzen da mapan; guri, lurraldean bertan, beheragune edo zulogunetan jaiotako urmaelak iruditzen zaizkigu , agian artifizialki beteta daude egon. Artzain bat aurkitu dugu Guadalupe inguruan, pista ertzean eserita, eguzkiak erabat belztuta, txakur beltza lagun zuela; behizaina aurkitu dugu gero Valverdera sarreran, ilun jantzita, kapela beltza buruan, kordobar antzerakor, buru-buelta zapal gogorrekoa: agurtu egin gaituzte bi artzainek, adeitsu agurtu ere, gure agurraren zain baleude bezala eurak ere, oraindik hemen iraungo balu lez gure txikitako legea, alegia agurtu egiten direla gurutzatzean bi kristau, eta bietako bata umea edo gaztea bada berak egin behar duela lehen diosala nagusiari eta honek erantzun.

 

Trikuharriak:

Hainbat daudela lurraldean diosku gidaliburuak; harri-bola pilatu dira guk errepidetik ikusten dugun hainbat eta hainbat, propio multzotuak dirudite, gehiegi dira baina trikuharriak izateko, agian naturaren lana dira, agian lurra garbitu behar izan duen nekazariarena.

Guadalupe: trikuharri bat, sasiak erdi janda dago pista alboan, ohiko trikuharria, gure begi ezjakinei ezer gutxi esaten diona.

Ba omen inguruan 2 metroko eta erdiko menhir edo iruinarria ere, baina ezin izan dugu aurkitu.

Pista da bidea, baina nahiko ona; merezi izan du, luze egin bazaigu ere.

Almendres: Kromlech edo harrespil izugarria: 95 omen dira zutikako harri-bolak, asko dira bai, harritzar handiak, garaiak eta sendoak, pare bat metro altuerakoak hainbat, gutxienez 60 x 30 metroko borobil zabalean barreiatuak. Zirrara eragiten du: duela bost mila urteko gizakiek utzitako monumentua artelatz baso erdian. Haien paradisu ala infernu?.

Pista  hau erosoagoa da, honek ere merezi izan digu. Untxi edo erbi pila atera zaigu trikuharrirako autoa utzi behar izan dugun gunean, salto eta brinkoka, bihurrikerietan.

Valverde: Zambujeiroko trikuharria. Sinestezina. Asmaezineko harritzarrek osatzen dute barruko ganbara, zazpi zortzi bat harritzar, 7 metrotik gorako altuerakoak denak, proportzionalki zabalak eta sendoak, beldurgarri tzarrak, zut, goialdean elkar bilduz baina argiunea utziz. Penintsulako handiena omen. Ohikoa egitura du, bere sarrera luzearekin: tamaina da beldurtzekoa. Nola demontre tinkotu ahal izan zituzten. Paradisu ala infernu?.

 

Errepideak: zoru onekoak dira errepide nagusiak, bi bidekoa norabide bakoitza, marra zuriz banatuta norabide biak. Beste errepideak aldiz, bigarren mailakoak, tokiaren araberakoak dira: adabakiz josiak, itxuraz leuna baina triki-trakakoak, zati batzuk galtzadarrizko zorudunak, bi auto ia gurutzatu ere ezineko estuak tarteka... Baina errepide lasaiak dira, patxadako gidaritza egin dugu, gozatzekoa, lautada horian, artelatz basoan edo malda leunetan, olibondoz bilduta.

 

Herriak eta hiria: Zabalak. Tamainaz soilik dira ezberdinak, egituraz, aldiz, oso antzerakoak. Herri argiak, aratzak, alaiak, gustura bizitzeko eginak irudi; teilatu gorriko etxe apalak, behe solairu edo estai bakarreko etxe txikiek, elkarri itsatsitakoek, osatzen dute kalea; herri erabat zuriak, baina kantoi eta teilapeak urdinez eta okrez pintatuak dituzte etxe zein elizako ate eta leiho bueltak: oso kontraste atsegina egiten du batez ere kolore urdinak;  bada harri gris edo harri argiko ate eta leihorik ere, baita etxe berririk ere, baina taxu berdina gorde dute denek. Galtzadarrizkoa da kale-zorua, zoru latza beti; oinezkoen kaleak marmola dirudien lauki txikiz eginak, mosaikoa bailitzan, marra beltzekin askotan. Ez dabil kanpotarrik herritxoetan, turismo antolatuarekin loturarik ez dugun kanpotar batzuk bagabiltza ere ibili Bejan. Ez da liluratzeko monumenturik baina herri gehienetan iragartzen dute paço, eliza edo museoren bat, ikusi ere ikus daiteke errepide bertatik badela eraikuntza deigarri, tentagarri eta bisitagarririk herriotan. Errepideak zeharkatzen du herri asko, zenbaitetara gu geu sartu egin gara zerbaitek erakarrita. Ez dakit nolakoak izanen diren elizgizonak eta Eliza bera, baina umil, isil, agertzen dira eliza-eraikinak. Infernu ala paradisu?.

 

Jendea. Xume jantzitako herri xaloa. Gizonezko asko dager kaleetan, horma kontra eta taberna aurrean eserita, jubilatu nagusi ilarak sarri, gerizpean eserita, makila eskuan. Txapela darama zenbait nekazarik: oso txapel txikia, ozta-ozta buru buelta hartzen duena. Norabidea galdetuz, errepidean bertan alditan, oso adeitsu jokatzen dute gurekin, zenbaitzuk lotsati; edozer galdetuz, adeitsuak dira: begietan, ahoskeran, keinuetan, esan beharrean, argitu nahian... igarri egiten zaie lagundu egin nahi zaituztela; “txirrinduen aienean” zebiltzanei ez bezala, guri ez digute ematen okerreko norabiderik. Aurpegiera alaiz edo kuriositatez begiratzen digute herrietan. Kamioren batekin gurutzatu ezinez atzera jo behar izan dugunetan irribarretsu izan dugu gidaria, herri barruetan zein errepide estuetan, inolako betozko ilunik gabe. Ez da ia gazterik ikusten. Gazteei ez die jakin minik ere harrotzen gure presentziak.

 

Zuri pintatuta daude granjak, baita belar-zuloak ere. Ebaki egiten dira, hemen basoak, ez da entresakarik joten nonbait.

 

Valverde. Dozena erdi bat emakume heldu ari ziren horma luzea zuriz pintatzen. Hilerri bitxia du, erdian bi erreskadan jasotako dorretxo zuri batzuk sortarazten dute gure jakin-mina: hezurtegiak dira, lurpetik hezurrak atera ondoren gorde nahi dutenen kutxa zuriak.

        

Egitura bereziko hainbat baseliza aurkitu dugu errepide ertzetan: kubo itxurako bat dute sarrera, jarraian itsatsita bobeda batez estalitako eraikin borobil bat du osagai.

 

Sao Brisos. Ezkutuan dago, gordea, bildua, ohikoak baino herri ilunago eta txikiagoa.

 

Moto txikia da lanerako ibilgailu edo garraio-tresna.

Tximinia handiak dituzte etxeek, baita herritxoetako etxetxoek ere: hotz egiten du eta suak ere handia behar du izan, agian ogia erretzeko labearenak dira.

Zikoina habia argindar tantai baten puntan: habia txikia da, hutsik dago.

Etzanda daude zezenak, alper, beroak eraginda edo.

Pelikuletako Afrikako sabanaren taxua hartzen diogu lurralde honi. Fardo borobiletan jasotzen ari dira belar lehorra, ez dakit lehor ala berde ebakitako belarra den; gari lastoa da segur aski.

Animalia handiak ditugu ikusgai, begi-bistan, baina ikusten ez dugun bizitza itzela behar du egon lur-zoro azpian, iraupen borroka lehiatsu eta ankerra ere bai: sugeak, arratoiak, matxinsaltoak... eta zomorroteria.

 

 Na Sa do Livramento Anta. Baseliza bitxia.Anta” trikuharriaren izena da nonbait. Baselizaren lehen zatiko kuborako trikuharriaz baliatu ziren, zuriz pintatuta dago trikuharria, baina nabarmenak dira haitz tzarrak, bisera balitza irteten zaio gaineko harlauzatzarra; baselizotako ohiko eraikin borobila trikuharriari itsatsita. Errepide ertzean dago.

 

Alcáçovas. Goragune batean, hegi osoa hartuz, zuri, agertu zaigu lehenengoz; oste dena hartuz tontorretik behera zabalduz ondoren. Paçoa du, bi kono mehe luze dira tximiniak, Sintrako erret jauregiaren antzerakoak, txikiak dira hauek.

 

Herri artean ez dago ez auzo, ez eliza, ez etxe, ez baseliza, ez txabolarik.

 

Torrao. Gain batetan, zuri-gorri. Sakanan Dorrao dugu, gaztelaniaz Torrano deitzen ziotena.

 

Etorbide bihurtzen dute errepidea gerri sendoko pinu buruhandiek.

 

Odivelas. Ez du errepideak zuzenean zeharkatzen, albotik baino.

 

Pare bat aterpe, bide ertzeko saltzaileek jasoak seguruenik: beraz ibili badabil bertakoa ez den jende bat, asteburuetan edo.

Barragen batetik dator  Odivelas ubidea.

 

Ferreira de Alentejo. Handiagoa delako ezberdina. Bi baseliza ditu.

 

Kanoa bat zaldiak tiratuta.

Ez da kamioirik ikusten.  

 

Beringel. Kanoa herri honetan ere, baina honek astoa du garraiatzaile.

 

Haize-errota ugari, hondatuak: garia eta errota elkarren lagunak.

Kontraste bizia erakusten dute lurzoru berean olibondo eta ekilore sailek

 

Beja. Alentejo Beheko hiriburua. Portugaleko lekurik beroena omen da Beja. Inola ere ez da turista-herria, bisitari bakar batzuk gabiltza bertan; hemen ez da turistengandik bizi denik. Herri atsegina, lasaia. Handia izanik, beste herrien taxu berdina du, bi solairuko etxeek ematen diote jite hori. Harri zuriko zoruak atseginagoa egiten du oinezkoen kale-sare atsegina. Bada Rua da Biscainha!!! izeneko kale bat. Ez du beste munduko monumenturik. Elizak bai baditu, bi, Miserikordiakoa bata eta Kontzesiokoa bestea, museo bihurtuta azken hau. Miserikordiakoa Alentejoko errenazimendua hobekien nabarmentzen duena omen: zutabe askokoa da, sakonera handiko arkupedun sarrera oso zabalarekin: ezberdina da baina ez du gatzik, ez edertasun estetikorik, arkitektoentzat ez bada behintzat. Kontsezikoa oso polita da. Pelourinho bihurri landua da Errepublika plazako altxorra. Kale batean balkoia landu xarmanta izan zaigu pizgarri, bera da halakorik bakarra kalean ez ezik hirian ere  ibiltariaren atseginerako. Dorre luzeak iragartzen du urrutitik badela hirian gaztelua.

 

Zopa-ontzia erosi dugu: bila genbiltzan, Iparrean ikusi genuen gustuko bat baina ez genuen erosi, hemen aurkitu dugu beste bat. Donostian egondakoa da saltzailea, Baionara bidean omen du familia, “en el pais vasco-frances”; Iruñako berri du, zezenen aurretik egunkaria eskuan korritzearen keinua egin digu, sanferminetara joateko irrikaz dago.

 

Mertola aitatu digu zopa-ontzi saltzaileak: Guadiana ibaiaren ondoan kokatua, oso polita omen da, batez ere beroa. Egon ginen aurreko batean: herri zuria gogoratzen dugu, bertan sinagoga izandako eliza eta kandela eta loraz inguratuta zituen zutabe-gurutzea. Fortunatzen bazaigu Algarvetik joango gatzaio.

Saltzaile berak esan digu Paris zela duela urte batzuk Portugaleko hiri nagusiena: 800 mila portugaldar bizi omen zen Parisen.

 

Ia bakarrik goaz errepidean, lasai, arratsalde beroan, haizearen freskura lagun.

Portugaleko “aletegia”, gari hornitzailea,  behar du izan Alentejok. Soria dirudi, urrutiko gandu ilunean bukatzen den itsaso horia. Gari motza da Alentejokoa, ez Iparreko gari lasto luzekoa: gure txikitako hazi zaharrarekin ote dabiltza oraindik iparrekoak. Gari-jotzeko makina bakarra ikusi dugu, nahiko txikia hain sail zabaleko gariarentzako. Egia bada garia lurralde pobreetako uzta dela, pobrea behar du izan inguru honek: lurra eta herria, biak ote pobre?.

 

Sao Matias. Asfaltatu gabeko zenbait kale ditu.

 

Gari alez goraino betetako atoia darama traktoreak. Ze diru emango ote dion aurtengo uztan erabiliko du nekazariak buruan, badaki zenbat izanen den agian. Urteko irabazi bakarra ote?. Nagusiena bai behintzat. Makinatxo bat izerdi kosta zaiona. Inorentzat ez badabil!.

Errotak, nola ez: bati gurutzea jarri diote txapelaren txortena bailitzan.

 

Cuba. Sarrerako kartelari bi kartutxo sartu dizkio norbaitek. Hiruzpalau kale girlandaz apainduta daude, dottore apainduta gainera: jaietan daude.

Tetanoaren aurkako txertoa aholkatuz jarritako paperak daude herrian.

 

Marraskiloak eskaintzen dituzte Cuba eta herri gehienetan.

Ez dute ez erraperik ez okelarik, zertarako ote horrelako behi aldra?.

 

Vila Ruiva.  Baselizatxo zuri baten aurreko jatetxean bazkaldu dugu, Alentejoko paisaia peto-petoak inguratuta. Elizatxoa azulejoz erabat osatuak ditu hormak, pinturaz apainduak gangak. Elizaren kanpotik du sarrera pulpituak: xelebrea, apaizak kalera atera beharko zuen sermoirako pulpitura egiteko!. Bueltako harlauza artean  mieloa hasten da erruz, pulpitura sarreran berriz menta belarra. Hilerria zuri-zuri bizi-bizia da, hildakoak musean gustura egin dezaten edo.

 

Erlauntzi pila.

 

Albito. Vila Alva izeneko herri bat ere bada inguruan. Izen txikigarriko herri txikia. Teilateria gainetik eliza-dorre zuria altxatzen da lerden, beste eliza handi bat herriko ertzean, bi baseliza  ere baditu: ez dakit herri fededuna den, elizaduna behintzat bai. Bandera gorria ageri da PCren egoitzako balkoian.

        

Alvitotik Vianara bitarteko bidean gortzerainoko txitxar hotsa dator olibondoetatik, izugarri ozena.

 

Viana. Eliza-fatxada bitxia ikusten zaio.

 

216 kilometro, S. Juan egunez, itsaso horian.

 

Afari gozoarekin, nola ez euskaldunak izanda, ospatu dugu S.Juan eguna.

 

Auzo ditugun holandar bikote parea txirrinduz ateratzen dira kanpinetik. Koadrila adoretsua hemengo errepideetan ausartzeko. Etorri ziren ilunabarrean ere atera ziren: badirudi egun galdua zaiela txirrindurik gabeko eguna, gorputzak eskatzen die pedalei eragiteko morrontza.

 

“Esku leuna”. Gotzon Garate:

Entretenitzen nau tartetxo batez gutxienez.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.