Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 5

BURUTAPENAK 5

Jon Etxabe 2021/05/03 09:55
HAUSNARREAN. Garunen labirituan

Garunen labirintoan

 

Giza izaera

* Jakituria ez da asko jakitea, dakienarekin bizitzari erantzutea baizik.

* Ametsa eta errealitatea berezi ezin  oztopoa dira zorionera bidean.

* Zer da espiritualtasuna: auskalo, norbere baitako sentipenen inguruko zerbait behar du izan.

* Gabezien erakuslea da topikoa.

* Zenbait une eta zenbat gauza eder perbertitzen ditugun gaizkia egiteko erabiliz.

* Ez omen irakurketa baino jardun bakartiagorik: barnera bidaia baita.

* Patetikoak bihurtzen dira transzendentalak izan nahi duten horiek.

* “Paradisu guztietan daude sugeak”: daude.

* Desagertzera kondenatuak daude kalean, garraiobideetan, saltokietan… gurutzatutako begiraden aurpegiak.

* Nahigabe askoren sendagaia da negarra.

 

Giza zirrikituetan

* Zorionetik hurbil dabil gau oro ilbete eta egun oro udaberri bilakatzea lortzen duena.

* Botere bat da bai barkamena ematea bai barkamena eskatzea.

* Zurruntasuna ez da eraginkorra, malgutasunak, aldiz arriskua dakar: biak ere neurriz kanpokoak direnean.

* “helburu garbirik gabeko indarkeria”: ez dut uste sekula santan indarkeriari buruzko iritzi konpartitu orokor bat lortuko denik, interes ezberdin larregi baitago indarkeriaren inguruan.

* Legitimoa omen biolentzia, bortizkeria, aldiz, ilegitimoa: hitzen joko interesatua.

* Azken ordura arte konturatu ere egin gabe etorri ohi da porrota.

* Xede argia behar da ekintza bat gauzatzeko, betiko errutinak irensten zaitu hori gabe.

* Hamalaukoa omen intxaur dozena urrutitik begiratuta: lausotu egiten ditu distantziak ekintza zein gertakizun latzak.

* Laudorioari torpedoa ohi da “baina” oro.

* Testigantza bat ez dela sekula neutroa: ez dago ezer neutrorik, ez egilearen ez hartzailearen aldetik, kimikan ere.

* Gaizki egindako aberastasuna ez du eskuzabaltasunak zuritzen.

* Isiltasun bihurtzen omen ohitura: bada halako zerbait.

* Zaila da lege askatzaile bat sorraraztea, zailagoa lege hori bizi-lege bihurtzea.

* Iraganak beti du ondorio zuzen eragilea gaurko erabakietan, eta gaurkoak gerokoetan.

* Dakiguna zer esaten dugun jakin gabe esatea: gertatzen den zerbait da hori.

* “Harrigarria da segundo batean zenbat zer bildu dezaken azpikontzientziak”: Hala da.

 

Bide berrietan

* Ez dakit kanpoko errealitateari ihesi jotzen dugun barneko errealitatera, ala barneko errealitateari ihesi egiten dugun kanpoko errealitatera jauzia.

* Azpimarraren lana betetzen omen du irribarreak batzuetan: gogoeta erakargarria.

* Mirespenean oinarritzen dela maitasuna: badu egiatik asko iritzi horrek.

* Maitasunak badaki mutua izaten.

* Zein malgua den maitasunaren eta norberekeriaren muga.

* Esperientziaren laburpen bat delakoan nago sentipena.

* Nomadak izan behar dute sentimenduak, alderraiak izatean da arriskua.

* Arma boteretsua omen alaitasuna, itxaropena sortzen duelako: horretan nago.

* Pazientzia eta itxaropena, anaia bikiak.

* Itxaropenak baino iraupen luzeagoa ote du idealak.

* Sufrimendu askoren iturria omen ilusioa: gozamen askorena ere.

* Beldurra: ez  garen zerbait izatea.

* Ona ala txarra da ahazmena?.

* Ez dakit zenbat zelula hartzen dituen garunetan ahazteak, baina toki handia du bizitzan.

* Beharrezkoa omen ahaztea, hil egingo omen litzake gizakia eginiko dena gogoratuko balu, garunak ez liratekeelako gai izango dena gordetzeko: gogoeta bitxia.

* Inor gutxik erreparatzen ez dituen  zokoetan xarma aurkitzean datza zorion izpi bizigarria.

* Neutroak dira zenbait hots, agian denak, norberaren aldarteak egiten ditu tristeak edo alaiak.

* Ez omen da egunerokorik eramaten norberaren bizitzako une garrantzitsuenetan: giroa eta gaitasuna falta zaizkigulako agian; gerora, baina, bai idazten dela bizitakoa, mentalki bada ere.

* Ariketa erakargarria, denbora-pasa kilikagarria, da norberaren pasadizo xelebre samarren zerrenda, mentalki bada ere, egitea.

* Egokiak dira lorik gabeko gauak eguneko asmaezinen korapiloa askatzeko.

* Ez dut uste seme-alabek gurasoei zor dienik bizitza, kimuak sortuz gero baitatoz gehienetan maitasuna eta abarrak.

* Barne zurrunbiloetatik ihesi kanpoko zirimolak irentsita alienatuta izatea da gaur egun gizakiaren arazo nagusienetariko bat.

* Probabilitateen itxaropena da gizakion bizitzan ahalegintzeko sostengua.

* Zenbat leku har dezaken hildako batek gure barnean.

* Bereganatu du patxada bizitzeko leku eta giro egokia edo gustagarria aurkitu duenak.

 

Beti joanean

* Desberdin neurtzen da denbora, baldintza eta egoeraren arabera.

* Konbentzio bat omen da denbora, giza bizitza neurtzeko modu bat: baleko definizioa.

* Lakio bat da denbora, bertan harrapaturik gaude: alde batetik ez dio perspektibarik ematen bizitzari, bestetik bere esklabo egiten gaitu.

* Badira denborarik ez duten egoerak, grabitaterik gabe bezala espazioan, galduta bezala zaude, ingurutik at, lasaitasun osoan.

* Denbora izozten duela hotzak: denborak bere horretan darrai, bizidunok, aldiz, hil egiten gara.

* Ariketa bat da atsedena hartzea, ikasi egin behar den zerbait, atsedena ez baita denbora galtze bat.

 * “Behin” eta “aspaldi”, biak orainarii ihesi,  “gero” ere bai.

* Denbora laburra bizi dugu, baina aldi berean aldi luzeetarako historia osatzen ari gara.

* Denbora eskatzen du eginbeharrekoa zehaztasunez gauzatzeak, patxada eskatzen du zehaztasunez jabetzeak ere; bizipen gozo asko galtzen du presaka bizi denak.

* Tarteka gutxiko salbuespena da denborak bakoitza bere lekuan uzten duela hori.

 

Txanpon orok ifrentzua

* Idoloak: tarte eta aldi baterako kontsumo-gaiak

* Gu geu izan nahiko genuen hori da heroia edo idoloa, inkontzienteki bada ere.

* Norberak egiten ditu besteak heroi edo etsai.

* Ekintzena da galderei erantzun argi eta eraginkorrena.

* “Distantzia,  han eta hemen guztiak  batzen diren lurraldea”: zer pentsa eragiten du.

* Ez dago halabeharrezkorik, denak du arrazoi edo eragileren bat.

* Ekintza orok du bere helburu edo azalpena, inkontzienteki bada ere.

* Nik neuk egiten dut errealitatea.

* Ez dugu patuan sinesten baina patua diruditen zer asko gertatzen da.

* Topiko bat da historia errepikatu egiten dela hori, errepikaezina baikara bakoitza.

* Anormala ere normala bihurtzen du egunerokoak.

* Zerebroa omen errealitatea, forma jakin bat ematen diolako errealitateari: zerbait horrelako da, bai.

* Ez da existitzen perfekzioa, dena hobetu baitaiteke.

* Ez dira argigarrienak adierazpen luzeenak, pentsarazten duten esaldi labur esanahiez trinkoak dira argigarrienak eta eraginkorrenak.

* Iragana da gehienetan gure babesgunea.

* Lausotu egiten ditu distantziak ikuspegia eta oroitzapenak; sentimenduak, aldiz, gehienetan bizitu.

* Edozein lora da polita zabortegi batean. 

etiketak: Burutapenak
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2021/05/05 12:57
Eragiten diok buruari horraitxiok Jon. Burutapen argiak patxadaz eta isiltasunean irakurtzeko eta hausnartzeko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta