BIDAIAK 99. PORTUGAL
Ekainaren 29a. Asteartea. P:29.a
“Ur tximeletak”. Pili Kaltzada:
“Zenbat balio du hitz batek?. / Nolako hitzak; / Noren hitzak; / Noizko hitzak ...”. Simaurra diren hitzak egunotako hauteskunde ondorengo hitzarmenak. Horiek gauzatzen dute gure bizitza!!!.
Aldaketa eguna gaurkoa. Ibiltariaren kezka itsatsi zaigu gaur berriro: zer aurkituko, non aurkituko. Elkartezin gurutzatu ohi dira sarri bidaietan asmoak eta errealitatea. Nora joan badakigu, nora joan nahi dugun ere bai, non geratuko garen, baina, nork daki!, auskalo nola bideratuko garen: hori da bidaiaren urduritasuna eta erakargarritasuna.
Alentejo Hegora eta ondoren Algarvera, hori da gaurko ibilbidea.
ALENTEJO HEGOA
Iparraren antzekoa izanik, ezberdina da Alentejo Hegoa, artelatz bakaneko lur laua, dehesa edo belagaia itxurarik gabekoa, mortuagoa: horiak ez du berdearen kontrapunturik; guti batzuk besterik ez dira herriak, muinoetan ordez lauan, egituraz ere ezberdinak, tristeagoak, gordeagoak.
Zikoina habi pila: argindar dorre erraldoietako ertz zorrotz bakoitzean bat, (nola demontre bihurritzen dituzte abar eta belarrak burdina mutur zorrotz horietan!), zementuzko indar hagetan, zuhaitz adar lehortuetan, telefono mugikorrek eskaintzen duten burdina mutur guztietan. Eliza-dorrerik ezean zorrotz eta garai dagoen orori heltzen diote.
Eskasa da errepidea, tarteka bederen, badirudi urrun eta baztertuta egon dela Hegoa, oraindik dagoela: hasiak dira konpontzen, zabaltzen, baina ez da izanen oraingoz Ipar-Erdialdeko bide hirukoitzeko errepidea, tarteka bide hirukoitza egin badute ere. Ez dabil autoteria handirik, kamioirik ere ez asko; gu beti gara bakarrak edo ilarako azkenak, horrek esan nahi du auto guti dela eta erraz aurreratzen gaituztela. Iparrak eta Erdialdeak ez du harreman handirik Hegoarekin, errepidetik begiratuta behintzat. Erdiguneko Lisboan jasoko dituzte turismoaren etekinak, hori, ordea, bankuen bidez egiten da, ez da errepiderik behar.
Aukerako test-gailua da etxatoia errepide zoruaren leuntasuna zenbaterainokoa den neurtzeko: izugarri dantzari doa gaur gure atoia. Berdina da tarteka zorua, abia biziagoan jartzen da, baina hara non tarte latz eta koskordunak tirtiri jartzen duen gure tramankulua. Xehetasunak, detaileak, ematen dio azken ukitua edozeri.
Algarve mugarantz artelatza desagertzen joan zaigu aldiro-aldiro, bakanago agertzeko. Lurralde zelai horia da nagusi. Gora eta behera hasi da lurra ondoren. Mendi-saila izan da gero kilometro askotako ibilbidea, probintzia arteko lurraldea. estu-estua da hemen Milfontes-en hain eder eta zabal ezagutu genuen Mira ibaia.
Ourique. Alentejo da oraindik, gainbeheran dago baina ez zaio ikusten gaztelurik, ez zen nonbait borroka-leku izan.
Lur gorria, arteak hartu dio lekua artelatzari. Txerri aldra, beltzak edo lurretan belztuak, lurgorri idorra muturrez harrotzen auskalo zeren bila.
Errekatxo bat hegorantz, halako batean: aldatu gara isurialdez. Serra do Caldeirao behar du izan mendilerroak, mapari begiratuz. Txara da mendia, zuhaitzik gabeko mendi soila; Iparreko mendiak betetzen zituen sastraka motak hartua du mendi osoa hemen ere, jadanik lorerik gabe. Mendilerroa da berriro muga edo herri banatzaile. Nazio beraren barruan ere eragina izan behar du mugaren alde batekoen zein bestekoen arteko bizimodu, izaera, ohitura, jokabide eta pentsamoldean: naturak eragin zuzen eta erabatekoa du gizartean.
ALGAVRE
Ez dakigu noiz edo non sartu garen Algavren, Portugalen ez baitute probintziarik iragartzen errepideko mugetan. Errepide ertzeko La Fronteira kafetegi edo txiringitoa izan zaigu mugaren adierazle. Gidaritza lasaia da mendiarte barrukoa, aurreko bide artezekoa bezalatsu.
Haize-errotak zenbait tontorretan, iparrekoen paretsuak, borobil xumeak, besoak jadanik galduta. Ez da herririk agertzen baina izan behar dute mendiarte horretan, iragarrita baitaude errepidean, ”errota non, gizakia inguruan”.
Sarriak dira kafetegi eta jatetxeak itsasora arteko bidean, ganorazkoak dira: asteburu eta oporretan bisitari edo bidaiari asko den esangura. Nabarmena da Algarven gaudela: Algarve izena daramate hainbat saltegi eta lantokik bere fatxada edo atariko iragarkietan.
Ze irudimen tximinietan!. Gero eta txikiagoak bilakatuz joan dira tximiniak bidaia osoan, izugarri politak dira Hegokook, bata besteagandik ezberdinak, asko eta askok berdinak badirudite ere; hiruzpalau tximinia ezberdin aurki daiteke teilatu berean. Artistak dira igeltseroak, aldi berean barneratua dute tximiniaren kultura etxe-jabeek ere. Hainbat tximinia mota ezberdin ikus daiteke salgai zeramika biltokietan.
Lautada zabala agertu zaigu mendiartetik ateratzerakoan, baina paisaia ez zaigu askorik aldatu: hori gunea zuhaitz berdeekin, lehengoaren paretsua jarraitzen du mendiak.
Itsas bazterrean gara jadanik. Ezkorra da lehen iritzia. zatar itxura hartu diogu inguruari. Marruskatuta bezala errepide bazterrak, gorri, etxegintza hondakinez itsusiak, etxetzarrak itsas aldera begiratuz, zuhaitz piura tristeak, lur landurik ez, zikin edo zabortegi itxurako parajea, belar lehorra, obrak, hautsa... Oso lurralde pobrea dirudi, ez da inola ere atsegina. Turismo gune merkearen tankera hartzen diogu. Merketeria sentipena jasotzen dugu. Dena da etxea, itsasorantz erraldoiak, errepide ertzean txikiak. Zeramika biltegiak erruz errepide ertzean, jendea erakartzeko ohizko muntaiak, ur-txirristak, zaldiko-maldikoak, kinkila dendateriak... Andaluzia edo Mediterraneoko itsasertza dirudi. Nabaria da uda giroa: itsasoa, jendea, etxetzarrak...
Portimaoko etxetzarrak nabarmentzen dira urrutira, zuri: ez dute hain gaizki jotzen, dotore ere egiten dute, astakeria behar duela nabaria den arren. Eliza baino askoz handiagoa eta garaiagoa da ur-biltegia Lagoan: jendea pilatuzko inurritegia edo erlategia dirudi hiriak. Kaos da zirkulazioa: auto ilara luzeak pilatzen dira semaforoetan. Portimaoko itsasadarra zeharkatu dugu, Tuterako zubi luze ikusgarritik, tunel baten antza hartzen du burdineria zuriak. Une batez, istinga azal-azala, likin iluna, bilakatzen da itsasadarra.
Gurditxo bat zihoan bidexka batetik gora ortuariz zamatua: txikitxoa, berde-gorriz pintatua.
Kanpalekua. Alvor herrian. Zuhaitz ugari dago, bada ale handiz oparo den pikondoa, baina hareazko lur gorria eta hautsa dira nagusi. Tristura dario: egarri den esparrua da. Lurretik bertatik hasten zaizkion bi beso sendoko olibondo baten pean kokatu dugu gure etxe ibiltaria.
Portimao. Labirinto erraldoia, izugarri zabala, kilometroetako inguru zabalean eraiki diren etxetzarrez osatua. Eraikitzen darraite oraindik, bukatugabeko hiria dirudi, da izan. Hautsa, hondakinak, bazter utziak... Pobreen turismo-gune eskerga. Hondartza luzea, zabala, polita, harkaitz punta-luze argiak tinko zut hondarrean zein uretan. Ahalkegabekeria, lotsagabekeria neurrigabekeria: itsasertz gehiena harrapatua dute banaka batzuk, kafetegi, hotel, saltoki eta antzerako zerbitzuek bereganatuak, ondoren lapurtuari berari, herriari, berriro saltzeko. Nork irabazi du hemen: etxegileek, dirudunek, hotelariek, politikoek... Agian denak!. Lanpostuak sortuko ziren baina etekinak sortarazteko, lana eskaintzen zaion horri berorri larrua ere kentzeko. Hirigintza-kaosa, etxe anabasa, edonola, edozein astakeriaren truke kanpotarrei dirua ateratzeko.
Bi mundu ezberdin berezi behar dira hirian: itsasbazterrekoa eta herri zaharra. itsasadar bare bat lortzen du moila luzeak Alde Zaharraren inguruan. Oso zaila da ordea erdigunera jotzea eta bertan gelditu ahal izatea. Dena da atzerritarra Portimaon. Portugaldarra bazen hondartza eta kanpalekuko bezeroa Ipar aldean, atzerritarra da hemen, jubilatuez gain, helduak eta gazteak ere. Hasiak dira Europan udako oporrak.
Alvor. Xarma du Alde Zaharrak, itsasora bertaraino doaz kale estu artezak, elkar gurutzatuz. Hondartza zabal luzea, bazter zoragarriak bertan, haitzulo erakargarriak, kala gardenak... ohizko txalupa eta pedaloiak erruz hondartzan. Jendez lepo dago hondartza. Eguzkia eta hondartza eskaini eta saltzen du Algarvek. Moila luzeko portu zabala. Itsasgaineko luzera osoan zein barnealdean turistentzako etxetzarrak.
Aukerako gozoa dago itsasoko ura, paregabea izan zaigu hondar gaineko ibilia ere.
237 kilometro, Portugaleko Hegorantz eta Hegoan.
“Dokumentu isil-gordeak Telebistan asteartean” zioen hegazkin batek buztana bailitzan zeraman iragarkiak. Aspaldiko sekretuak argitaratzea premiazkoa da, baina noiz argitaratu behar dituzte gaur-gaurkoak?. 50 urtera, protagonista eta gaizkile politikoak hil ondoren?.
“Esku leuna”. Gotzon Garate.
Gau oroko intriga ttantta.
Ekainaren 30a. Asteazkena. P:30.a
“Ur tximeletak”, Pili Kaltzada:
*-“ Non da itxaropena ... / Aspaldi falta da gure artetik ... Galdutzat jo beharko dugu, orduan”. Ez da itxaropen gabeko gizakirik, itxaropen bat galtzeaz bat sortzen da berria.
29 graduko hozberoa goizeko 9ak eta erdietan.
Bezero gaztea da nagusi kanpinean, gazte portugaldarra, auto txikiez dabilen dendadun gazte jendea. Nabarmena da ere holandarren presentzia.
Zozo bakar bat agertu zaigu zuhaizpean, lagun dugu tarteka txintaren txioa, baina txuarrea da ugariena hondarra aztertzen. Txuarra, denera hedatu eta denera egokitzen den txoria, politikoak bezalatsu.
Zigarro mutxikinak pixontzietan: deneko zikinkeria.
Komuna eta komunetako zereginak gogoanago edukiko bagenitu, umilagoak eta gizatiarragoak ginateke, apalagoak egingo gintuzke gure zenbait errealitate xumeek, baina komuna bera ere areto dotoretxoa bilakatu dugu, sublimatu egin dugu gure kaka eta pixen errealitatea bera.
Mendebaleko ertza:
Ez da aldatu atzoko paisaia, ezta sortarazten digun iritzi ezkorra ere. Atzoko osagai berdinek diraute. Laru dago ingurua, urte oro bezala Maiatzean atera bagina ibilira, lurralde dena berdea eta deigarria izango zitzaigun, aurten ordea uda bete-betean gabiltza. Zuriak izanik ere, triste itxura dute etxeek zein herriek. Nekatu edo egarri denaren jitea erakusten dute zuhaitzek, tristura ganduz biltzen du lurralde osoa hondar gorrixkak.
Ez da harritzekoa lur gorri honekin zeramika ugari izatea, buztin egosiaren kolore bera du behintzat.
Hara non gaur ere gurditxo bat, bide-berrian oraingoan, hori-urdin pintatua, mando batek eramana; bi sonbrerodun gizakume gurdi gainean. Behi aldra bat gari-saila izandakoan auskalo zeren bila behizain heldu baten begiradapean.
Atseden hartzea da bidezainen zereginetako bat Algarven ere.
Odiaxere. Eliza interesgarria omen bertakoa, baina indarrak neurtu beharra dugu, gero eta beroagoa datorkigun labearen aurrean. Ez gara gelditu.
Padura-lur asko inguruan, itsasoaren mailan dago nonbait lurra, eta istinga bihurtzen du dena maria gorak.
Lagos. Etxetza multzo erraldoia besterik ez da urrutitik. Antzinako erdigunera, Alde Zaharrera, jo dugu bertaratzean, horregatik edo, oroitzapen baikor eta sentipen goxoa utzi dizkigu: agian hori bera gertatuko zitzaigun atzo Portimaon hasieratik Alde Zaharrera jo bagenu. Uda-herri petoa, ez du ezer berezirik, baina bada, eguzkiak berotu aurretik, kaleetan ibiliz gozatzeko hiria. Ez diote antzinatasun jitea ezabatu Alde Zaharrari, xarma du, kale-sare zabala da, tarteka bihurria, oinezkoen kale eta saltoki bilakatu da esparru zabal bat; taberna da gehienean peora bakoitza, giro bizia izanen da eguzkiak bakean uzten dueneko arrastian. Hiribildua izana, harresiek diraute, etxeekin nahasian. Gotorlekua, batez ere itsasoaren erasoei aurre egiteko dirudi. Portu-gunea, tristea da, moilaz edo hormez hesi dute itsasadarra, hormatua dago itsasoa, bideratua; itsas usain sarkorra usnatzen da, hori ezin izan diote kendu.
S.Antonioren irudia: Kapitain militar baten soldata jasotzen zuen garai batean, 1780tik aurrera, berriz, teniente jeneralarena.
Bada arkupe bat, non bertan egiten omen ziren esklabo salerosketak.
Behin-behineko zezen-plaza, zaldiko-maldikoak, eta feria gune itxurako bilgune bat: jaietan daude edo udako bisitarien kontu sos batzuk atera nahian dabil besterik ezin duena edo feria-mundua gustuko duena.
Itsasertz harrigarria, ederra, hori da Algavreko altxorra, hori dute eta hori jarri dute salgai, itsasertza da kanpotarrei eskaintzen digutena.
Ponta da Piedade. Itsaslabar ikusgarri garaiak, mortua labarron gainean; ura zizeltzat erabiliz naturak landu dituen mila forma, zulo, zubi, haitz azpi eta bihurgune paregabe zoragarriak labarretan. Itsasoz dator harkaitzetaraino abenturazalea, barne zirrikitu eta haitzartean jolastera, oinezkoak berriz ibiliaz egin du bide-zidor sarea beheko zuloraino.
Haize-errotak, hemen ere tontor gainetako ikuskizun: bati txapela falta zaio, beste bati besoen ardatzak dirauko.
38 graduko hozberoa. Beroa ere salgai dute Algavren.
Vila do Bispo. Eliza-dorre dotoretxo baxutoa.
Basoa osatzen dute, elkar lotuz, pinu buru-zabalek Bispotik gora, mendi osoa estaliz, gutitan ikusten den bezalako pinudi trinko-trinkoa. Mendi bat berreskuratu nahian dabiltza pinua landatuz.
Errepide zabala eskaini diote berritu ondoren Sagresi: turismoa erakarri nahi dute, arratsalde-pasa bat eskaini nahi diote inguruko turistari, aspertu ez dadin.
Ponta do Sagres. Algavre Mendebal ertzeko ertzik ertzeenean. Gotorlekua da haitz-mutur zabala. Barru zabalean, ezer ez, denda eta antzerakoak ezik Erruz dabil jendea, uneoro doa berritzen autoteri izugarria aurreko aparkaleku izugarrian. Gotor lekuaren ostean, zabal, itsaslabarren babes berezkoaz bera ere gotorleku, zabalgune zabala, kare-harri higatuak, latz eta punta-luze, S.Donato gaina bailitzan; Beriainen antzo, labarrak 100 metrotik gorako ebakiduran doaz bertikalean itsasora, horma sendoa gauzatuz. Itsasertz osoa da horrelakoa. Bi sifoi erraldoi, Hondarretako Haizeen Horratzean bezala, nanoetan nano hura, erraldoi ikaragarriak behar dute izan hauek maria eta itsas egokiarekin. Hemen inspiratu ote zen Txillida?. Non ibili aukerakoa eskaintzen du lur mutur honek eta bertako gotorlekuak.
Betidanik izan zuen Portugalek itsasoan bere interes nagusienetarikoa. XVI. gizaldian !!! ezarri zuen Nabigazio eskola Ponta do Sagresen.
Dozena batetik gora zentral eoliko Bispotik gora, jiraka errepide ertzean. Gorantz egin dugu Alfambraraino, gero lur barrutik Lagosera itzultzeko asmoz. Bitxia da izan paisaia, aldi berean tristea, hain hits izateak egiten ditu bitxi: zuhaitzik gabeko mendi mortuak, soilak, Iparreko sastraka antzerako berde ilun haiek estaltzen dute ia mendi osoa itsasertzera arte, ginarra antzerako sastrakak, pinu edo eukaliptoak bide ertzean. Ez zait laket ingurua.
Carrapateira.
Dunak. Ondoren beste zenbait herri txiki. Etxe solte zuriko herri bakartiak. Ez da ganorazko baratzik. Zenbait mahasti, galsoro galdu, pikondo eta ezer guti gehiago. Bi erlategi mendi etxe-bueltan. Tristura sartzen zait, agian beroak badu eragina nire sentipen honetan.
Lurralde menditsua.
Serra do Espinhaco de Cao, mendikate leuna eta gorria, artelatz bakan batzuk besterik ez da.
Portugaldarrek ere mundua menperatzeko belaontziak egin beharraren beharrez baso oso desagerrarazi ote zuten, mementoko aberastasunarekin batera geroko gabezia ere ekarriz.
Errepidea tarteka ona, hurrengo hala-holakoa: berritzen ari dira, Europako diruarekin, nola ez.
Bensafrin da Bravura,
Barragem, silo arabiarrak omen daude.
Moinhos Velhos, auzo petoa omen da
Alfambra, paisaia ikusgarria ei da.
Ez gatzaie joan, nahikoa genuen gaur ikusitakoarekin; hondartza eta itsasoko freskurara jotzea erabaki dugu.
Holandar furgoneta bat izan dugu aurrean herritxo bat zeharkatzerakoan, beraietan ohi duten bezala egin du, abiadura erabat geldoan; etxerik eta bizitza aztarrenik ez bazegoen ere, herria zen eta kitto.
3 txalupa, beraietatik bat oso handia mendi-sail erabat piku eta hormaz hesitutako lurgorri landugabean: ze burutapen ote lur zatiaren ugazabak!.
39 graduko hozberoarekin etxeratu gara hirurak eta erdietan
Braganzan gertatu zitzaidan lehenengoz, gaur bigarrenez: etorri ginen egunean jabetu nintzen ez zebilela argindarra hartzeko entxufeetariko bat, eta ez nuen erabili, jakina, baina hara non gaur agertu zaigun Alemania matrikuladun bat, gure kablea entxufez aldatu duen, gure kablea hondatutakoan jarri du eta berea guk genukeenean, argindar gabe utziz. Zorionez garaiz jabetu naiz, deitu eta aldarazi diot. Aurpegi gogor asko dabil munduan. Barka eske etorri zait gero etxatoira.
ABC soilik zuten Lagos-en, besteak beranduago etortzen omen. Ez dugu Espainiako egunkaririk inon aurkitu Braga geroztik, egunoro ibili garen herri orotan begiratu dugun arren. Espainiar guti edo irakurtzen ez duten espainiarrak dabiltza Portugalen.
“Esku leuna”. Gotzon Garate.
Gaueroko suspense tanta.
Uztailaren 1a. Osteguna. P:31.a
“Ur tximeletak”Pili Kaltzada:
* “Hildako gezurra”. Bizi-bizirik diraute politikoen gezurrek.
Erdialdea eta barnealdea
Oraingoan ere ez zaigu atzokotik askorik aldatu ez giza paisaia ez natur paisaia. Herri triste txikiak, gutxi, ortu buelta tristea etxe bueltan, zenbait gari-sail, pikondo mahasti eta laranjondo, mendi soila artelatz eta eukalipto bakanekin. Bada ureztatze-kanal bat baina gabiltzan turisten bezalakoa da, pasokoa, beste norabait darama ura.
Oso barrura sartzen da itsasoa padura-lurrak sortuz.
Bederatzi eta erdiak dira eta 32 graduko hozberoarekin goaz.
Bailara zabal oso aberatsa: lur landuak, laranjadiak, fruta-arbolak, olibondoak, arto-sailak...
Silves. Lautadaren ertzean, tontor batean. Arabiarren garaian Algarveko hiri nagusia izan omen zen, Europan ere burutxo izana kultura arloan, Cordoba berari ere itzala eginez. Betiko egitura: gaztelua tontorrean, beherago eliza eta beherantz galtzadarrizko kale-sare pikoa. Albo bateko kaleak luze artez zabalak dira, kiribildu estuak beste aldekoak: aberatsenak lehenak, pobreenak besteak. Behean plaza ederra, zabala, dena lorategi eta gerizpe, egonleku aparta. SE: harri gorriko gotikoa, pare bat leiho erromanikorekin; kapitel higatuko ate gotiko zabala da sarrera, barrunbea deigarria egiten dute harri gorrizka, zutabe oktogonal eta leiho gotiko garai-luzeek; sobrioa erabat, apaindurarik gabekoa, presbiterioa ezik; ederra egiten dute presbiterioa sabaiko giltzarri, kapitel, hormako hilobi, zutabe sendo, alde bateko sabaiko pinturek eta bi hilobi landugabeko latz gordetzen dituen kapera gotiko politak. Leiho manuelino erakargarria du eliza aurreko etxeak. Gaztelua: sarrerako ate berezi-berezia: kubo gorri handia, ate luze garaia hasieran eta baxu luzexka gero alborantz; turistentzako dotoretua, lorategi, arte-areto eta erakusketez bete dute huts gelditu zitzaion barnea; ibili atsegina du, erakusketez gain ikuspegi zabala, ez ederregia lur-lau oparoaz gain inguruko mendi soilak ageri baitira; sorgin eta Inkisizio gelan sorgin-ehiza eta tortura-tresneria erakusketa; aipatzekoa ere 5 arku gorri borobileko zubi zuri ederra: ontziz etortzen omen ziren garai batean itsasotik bertaraino.
7 hizkuntzatan dator elizari buruzko azalpena, gaztelerazkoak ez du Espainiako banderarik, beste denak bere herrialdekoa duten bezala.
500 urte baino lehen erakutsiko dira gaur egungo tortura tresneria eta politiko zein polizien jokabideak; gaur hemen, gazteluan, erakusten digutenaren bezain ankerrak iritziko diete, eta Inkisiziokoak bezain borrerotzat hartuko dituzte gaurko polizia-politikoak.
Zaldizkoak dira poliziak Silvesen.
Turista-bisitari asko dator, gatoz, etorri ikusi eta alde egiten dutenak, dugunak denak. Ez dago turista girorik hirian, eliza eta gazteluko joan-etorria izan ezik.
Artelazki piloak daude han-hemenka taxuz tolestuta.
Laranjeira. Laranjondo herria behar zuen garai batean izen hori jartzeko. Gaur egun laranjondo ugari ikusi ahal da, baina ez da laranjondo-sail zabalik, ez laranjadirik.
Monchique Mendizerra. Garaia baina leuna, berdea baina nahiko soila. Badirudi basotu nahi dutela behealdeko magaleria eukalipto edo pinuz, baina ez dirudi zuhaitzok hazteko gogo bizirik dutenik; egarri dira agian. Gorago eta trinkoagoa da basoa. Lurralde biziak dira pasoan ikusteko, baina gogorra behar du izan hemen bizimoduak. Nabarmentzen doa turista giroa gorantz egiten dugun heinean, era guztietako txiringitoak daude turisten zain: taberna, jatetxe, zeramika saltokiak, fruta etxolak, merketeria... Kolore ezberdineko uhaleri eta gainerakoz dotoretutako mulua, gainean sonbreru eta guztiko gizon nagusia zuela: bikoteari argazkia nork aterako, edo mulu gainean nork irten nahi duen zain: pobreen ogibide derrigorrezko tristea; Tunisiako gameludunak ditugu gogoan.
Caldas de Monchique. Erreka-zulo batean. Turistei egokitutako bainuetxea, ezin deitu zaio eta bainu-herria, ez baitago ia etxerik. Erreka-zulo atsegina mendi magaleko ibilbideekin. Bere garaian gozoa eta lasaia behar zuen izan, gaur egun autobuskadaka datoz turistak, autoak etenik gabeko sokan: ordu laurden egiten dute eta aire. Inor ez dator hona inguruko mendietara txangorik egitera. Bainuetxeaz aparte denda eta zenbait taberna mahaiteriaz betetako plazaren inguruan arbolape ederrean, besterik ez. Badira eukalipto eta bestelako zuhaitz sendo aspaldikoak erreka kontrako lorategi eta ibiltokietan. Txukun eta gustuz zaindua dena. Jendetsuegia: uneoro dago gainezka, autobusen bat beti erdi-erdian jendez husten.
Argazki-makina hondatu zait.
Garai batean Portugaleko lurralde deprimituena omen zen hau. Gaur turismoari esker jaso nahi du burua. Pinoa eta artelatza, mendi hauetako zuhaitzak. Inguru itxurosoa, etxetxoak zuhaitz artean, madrildarren “una casita en la sierra”, mendi giroa gustatzen zaion Portimao inguruko ondo-biziaren parajea.
Nave, Meia Viana: oso txikiak dira, ia elkarri lotuta.
Monique. Zaindua, txukuna, turistei begira. Kale estu pikoak. Ez dago zuritasunez brist, baina etxe zuri asko ditu. Turista asko dator, denak denbora gutirakoak, heldu orduko alde egiten dutenak. Eliza du erakusteko: interesgarria da, sarreratik bertatik sortarazten du iritzi baikorra: ate manuelinoa, zutabe gorrixkako kapitel manuelinoa soka zizelatu kiribilduarekin, Iparrean hain bertako ziren erretaulen jiteko urre kolore nabarmeneko erretaula barrokoa, dena azulejo den kapera, burdinazko ate ederra, zurezko sabaia. Tringili-trangala biraka noria berezia plazan, urmael batetan.
Ezin izan dit konpondu argazki-makina herriko argazkilariak.
46 graduko hozberoa. Aljezurerainoko ibilia utzi eta etxera jo dugu. Lixiba zain dugu, dutxa ere bai.
Ingelesera entzuten da asko Alvoreko hondartzan. Bidaia-etxe bakoitzak barruti zehatzak erabili ohi ditu bezeroak bertara bidaltzeko: irabazia non, bezeroa hara.
91 kilometro, mendikoak.
Egun beltza gaurkoa:
- bi aldiz elkar galdu dugu, Silves-eko gazteluan behin arte-aretora sartu naizenean, Monchique-ko kaleetan gero, denda batera sartu nintzenean M. Luisa ohartu gabe;
- erreminta poltsa galdu dut, ezohizko leku batean agertuko zaizkidala uste dudan arren, gauerako irakurtzeko argia konpondu ezinik gelditu gara;
- argazki makina ere izorratu zait.
Egun malapartatua beraz.
Orain arte ez dugu aurkitu euskaradun bat bera. Galé kanpinean bazen Bilboko bikotea ume batekin: mutila Cacereskoa zen neska Lizarrakoa, umea izanen zen bilbotarra jaiotzez.
Gazteleradunik ere ez dugu bat bera aurkitu Lisboatik behera, gorantz ere apenas.
Katu pila izan ditugu, baita txakurrak ere: katuak bertakoak dira, txakurrak ekarriak. Hondartza inguruan txakur pilarekin egin dugu topo: denak elkarrekin gerizan etzanda, gazteleraz “tiraos” esan ohi dena.
Uztailaren 2a. Ostirala. P:32.a
“Olerkiak”. Loramendi:
Bere bizitzako hiru gauzek txunditu naute: 1. Nola anaiarekin elkar ulertu ezineraino galdu zuen Euskara komentuan. 2. Gaztelera ez ezik baita Ingelesa ere ikasi izana Euskara galtzen zuen heinean. 3. Hilzorian zela komentuan, ezin egon izan zen ama berarekin, ez zioten klausurara sartzen utzi, aitak, ostera, izan zuen semea ikusteko aukera, gizonezkoa zelako. Fundamentalistak dira klausurako arauak.
Txikitatik ia ikusten ez nituen burubeltzak izan ditugu auzo usuenak kanpin honetan. Alemaniarra eta holandarra berriz bezero sarriena, baina ugariak dira ere portugaldar gazte zein helduagoen bikoteak; badira kanpina bizileku egin dutela uste dugun langileak ere: goiz doaz eta arratsean datoz langile taxuz jantzita.
Seme-alaba koskortuak dituen bikote gazte asko da Portugalen: gazte ezkontze dira nonbait.
Portugaleko azken jauzia izanen da gaurkoa, azken kanpinera goaz. Adioaren kutsua du aldaketak, bidaia bukatu zaigun sentipena. Azken egunez gozatzeko gosea dugu, aldi berean.
Lur gorria kolorez, menditsua da Algarveko lurraldea, tontortxoek osatzen dute paisaia, lur-barrurago eta garaiagoak, bata bestearen ondoren, zuhaitzez estaliak batzuk, lur soil samar besteak. Agian Loulé eta Faro ingurutik aurrera fruta-arbola gehiago dago, laranjadiak eta almendrondo sailak zabalagoak dira, garirik ez da, pikondoak diraute, baita mahastiak ere tarteka. Zabala da Loulé gainaldeko bailara, laranjondo eta almendrondo lerro artezak nabarmentzen dira. Antzerakoak darrai giza zein natura paisaiak. Dotore ikusten dira etxeak goizeko argira, etxe zuriok argitzen dute mendia, dela zuhaitz-arte berdean dela lur gorriko azalera mortuan.
Deigarriagoa zaigu gaur Tuterako zubia, aurrez dugun eguzkiak halako bristada berezia ematen dio burdineria osoari: gaztelu erraldoi bateko ate erraldoia dirudi, ikuskizun bitxia. Lixiba ondoren eguzkitara jarritako maindire erraldoia dirudi Portimaoko gatzaga zabalak. Mendirainoko lautada zabala du Farok ere.
Hondartzak iragartzen dira errepide ertzetan eta bidegurutzetan, zenbait lurraldetan monumentu, gaztelu, eliza eta antzerako eraikinak bezalatsu, daukana eskaintzen du bakoitzak.
Rioseco ibaian ez doa urik, ia ez da ur-gune, ibai-zulo ere.
Denetik da ikusgai teilateria gandortzen duen eliza-dorrea, herri orotan, baina zergatik dira motz zaparroteak Portugalgo eliza-dorreak eta luze lirainak Europako erdialdekoak?. Elurrak labain dezan han luzeak eta etsaiengandik gordetzeagatik hemen motzak?.
Eguerdi aldera tristeago egon ohi dute mendiek zein zuhaitzek, agian ikusi egiten ditugu tristeagoak gu geu moteldu garelako: gure barne egoera luzatu ohi dugu ingurura ere.
Moncarapacho. Bada izena zailtzeko gogoa!, auskalo nola edo zergatik luzatu eta trabatu zen.
Goizeko 10ak, 31 graduko hozberoa.
Laranja-zuku fabrika itsasertzera bidean. Eta berotegi izugarri zabala.
Zoru onekoak dira mapako errepide zuriak barruti honetan. Turista erakarri nahi dute segur aski, baina oraindik ez da turista-herria, errepidea estua da eta ez dago dendateria eta jatetxerik bazterretan.
Fuzeta herriko kanpalekuan kokatu gara. Xumea da, baina zabala. Herri albotxoan dago. Gure azken kokagunea: itsasotik, hondartzatik zein arrantzaleen itsasontzietatik bertan: harea azpian eta eukaliptoak geriza gisa gainean. Eukalipto baten azpian jarri dugu gure etxea, zerbitzu-gunetik gertu, ohi dugunez. Luzarorako datozen familia portugaldarrek osatzen dute bezero kopurua, horrez gain holandar eta alemaniar bakar batzuk.
Fuzeta. Arrantzale herria, herri bizia dirudi, ibai edo moila muturrerainoko kale luzeek osatua, ugari da jatetxe eta antzerakoa, herria bezala xumeak hauek ere. Hareazko moila, horma edo dunak banatzen dute lurra itsasotik, barnealdea babestuz; barnealdean itsasadar, ibai, ubide zein laku izan daiteken ur-esparru luze zabala sortzen da, itsasoaren luzeran, itsasadarra zein ibai puztua izan daitekeena. Harrizko murrua da atrakalekua: ontziek duna artetik dute labirinto-irtenbidea itsasora. Herriraino bertaraino sartzen da padura edo itsas-ur geldoa, non dabiltzan hegazti lepo-luzeak hondar likin lokaztu berdexketan janari bila. Arrantzaleak portu inguruko zoko guztietan barreiatuta dabiltza arrantza-tresneria gertatzen, pita luzeak askatu eta txukun eta eroso bezain azkar pilatzen.
Ingurua ezagutzera atera gara.
Ijito aldra doa bide-berritik, hiru gurditan, bertako nekazarien gurdiak dira, kartola pintatutako gurpil handiak; 8 zaldi eta zaldikumea zeramatzaten beraiekin. Ijitoen gurdietariko bat arbola azpian, geldituta zegoen, espaloi erdia hartuz, amak umeari titia ematen zion bitartean.
Luz de Tavira. Inguruko herri ororen antzerakoa da, lehen bizitzako kale-sarea du, dotore pintatuta daude zenbait etxe. Jaietan nonbait, paperezko girlanda koloretsuz deigarri dotoretuta dago plaza. Manuelino ikusgarria da eliza-sarrera.
Sinagoga. Seguruenik ez du gaur egun sinagogarik.
Bi noria akueduktua dirudien ubide eta guzti: ez ziren nolanahikoak bere garaian noriok. Izan zen garai bat lur hauek ureztatu egiten zirenekoak, arretaz zaindu eta mimatu, biztanleen bizibidea baitziren.
Tavira. Ibaiaren bi ertzetan ezarria, alde batera mugatzen da turiston ibilgua, bertan daude egon ere herritarren egonleku eta solas-guneak. Gorenean gotorleku itxura duen gaztelua, lorategi bihurtuta, bere luzapen gisa hiri zaharra, laua eta motza, utzia zoritxarrez. Ibai inguruan bere garaian arrantzale bizigunea izan behar zuen kale-sare zabala, arrantzale etxe xumeak edo zaharrak, azulejozko fatxada kolorgetuekin, gaur egun ia utzia. Bizi-bizia behar du izan herriko giroak, batez ere moila kontrako kalean, herri-herriko taxua du, taberna eta jatetxe xume baina biziz oparo. Bisitariak bagabiltzan arren ez du turista-herri tankerarik, baina nabari da turista-herria izan nahi duen herria dela. Zaindua dago kaleko barnealdea, baina hemen ere ibaitik aldenduago eta utziago dago kale artea, turistontzat aldiz erakargarriagoa gertatzen zaigu alde hori, herriagoa egiten zaigu, kalean bertan eskegita lehortzen dute lixiba... Herri erakargarria bilakatzen da, ezer handi eta deigarririk gabe ere, xehetasun atseginak ditu: axuleiuzko koadroak, fatxada ederra... Ur garbia eta bizia darama ibaiak, arrain piloa ur-korrontean, zubi gainekoon ikuskizun; moila eta portu da aldi berean ibai ertza: duna luzeek babesten dute hemen ere barru guneko itsasadar, aintzira edo urgune luzea. Ibai ertzean plaza bizi-bizia, erabat dotoretua girlandaz, txorimalo pila dago bertan, zein baino zein politagoa, txorimalo lehiaketa bailitzan. Lonja handi bat, salmenta deietarako kanpaia duela atean. 25 eliza omen herrian, gaztelu albokoa ikusi dugu soilik guk: gotikoa izana, sarrerako arkua eta barreneko bi kaperatxo geratzen zaizkio soilik gotikotik gaur egun; azulejozko kapera eta erretaula xelebreko bi kaperatxo gerta zaizkigu deigarrien; erretaula nagusiko oholeria zutabe eta ohizko aldare bakarreko zertzeladekin osatua, gustu txarrez pintatuta dago.
Husten eta uzten joan dira herri orotako gaztelu azpiko kale-sare gehienak, orain diru pila behar da berreskuratzeko. Gizarte honetako zarrastelkeria, gutxi batzuen negozioa: etxe berriak egin lehenengo zaharreko biztanleria bertara aldatu dadin, hondatzen utzi zahar hori, eta azkenik berreskuratu jende berri bat erakartzeko.
Lau isurialde dituzte antzinako etxeek.
Hondartzak ez du itsas marrarik, dunak doaz aurrez aurre Faro-tik Taviraraino, hareazko moilak, itsasbazterra babestuz eta itsasadar antzerako ubide luzea sortuz, itsaso zabala begiei gordez. Hegaztiak dira hemengo bisitari ugarienak, urte guztiko migratzaileak, biztanleria urtarotik urtarora gehitu-gutxituz, herrietan turistak bezala. Naturgune izendatu dute, zorionez, izanen zen bestela alkate kirtenen bat hegaztien paradisu hau zementu eta harriz giza leku bihurtzeko prest. Duna, itsasadar eta padurengatik ezin da izan turista-gune inguru hau, bedi ba naturgune.
Txalupa handi baten zeharkatu dute bi gaztek dunetako txabolateriatik lurrerainoko tartea, kilometroa baino zabalagoa, zapatila bat besoaren luzagarri zela arrauna, eskuz eragindako zapatilen bultzadaz soilik.
120 kilometro, Portugaleko azken hegazkada etxatoiarekin.
Txuarrak dira kanpineko txoriak, hondar koloreko txuarra arreak, zuhaitz azpiko hondar lehorrean dabiltza bazka bila edo hondarretan lumak astintzen aska eginez, eta txorrotxo-txio. masiboan adarretan. Kanpalekuko gure auzoa.
Jai eguna da nonbait Fuzetan: musika-hotsaren dunba-dunba ozena heltzen zaigu, eta tarteka sirena hotsa gailentzen da gauean.
Zarata handia dago ia kanpaleku gehienetan, kanpaleku baketsuenak ere ez dira bakeleku: zabor biltzailearen traktorea, belar moztailearen sega mekanikoa, autoak, albokoren baten buila eta berbotsa, telebista ozenak... zarata asko dago kanpinetan.
Uztailaren 3a. Larunbata. P:33.a
“Olerkiak”. Loramendi:
* Harritu eta liluratzen nau aditz trinkoaren erabilpen maiztasunak. Lilura baina kolorgetuz doakit: poemaren neurriak, erritmoak edo giroak eskatuta darabil aditz trinkoa ala agian modan zegoelako soilik?. Bere garaiko asmakizuna ote den galdera piztu zait kaskoan, asmatuz ote doazen ustezko dotoretasunak edo hizkuntzaren ahalbideragarritasunaren lilurak diren.
Ez da ia Espainiaren presentziarik Portugalen, ezta Algarven ere mugatik hain hur egonik, ezerezaren bestekoa da espainiera: ez amu-idatzietan, ez iragarkietan, ez monumentuetako azalpenetan, ez gida-paperetan, ez inon, gaztelera ez da ia ikusten ez entzuten. Alemanera, nederlandera edo ingelesa berriz presente daude denean. Espainiarrek ez dute Portugalera bidaiatzen nonbait.
Lur laua da Fuzetatik Farorainokoa. Deigarriak dira errepidetik itsas aurreko duna luzeak. Ugaria da kanabera errepide erretenetan. Ugariak eta zabalak negutegiak: Faro bezalako hiri jendetsu batek akuilatzen du nekazaria, diru-iturri bihurtzen nekazaritza. Laranjondoa, artea, artelatza, olibondoa... lur gorria... etxetxo zuriak...
Bi gurdi errepide ertzean amu eta apaingarri gisa jarriak, zur kolore ilunekoa bata, kolore anitzekoa bigarrena. Politak dira bertako gurdiok.
Olhao. Oso herri hazia, etxe berri garaiz hasi da itsasoa ez den inguru guztietarantz. Trazaketa arteza ikusten zaio errepidetik. Etxe txikiko etorbide ederra era badu. Ez da paseatzera edo gelditzera deitzen zaituen herria; hautsez bildutako herria, harea lurrean eta arnasten duzun hauts ikusezina airean.
Faro. Algarveko hiriburua, Silves-i buruzagitza jan ondoren. Hiru zati bereiz dakioke: hiribildua, hiribildua gainezkatuz zabaldu zen zaharra gaur egun hiriko erdigune bizia dena, eta aurreko dena inguratzen duen etxetzarren eraztuna. Etxetzarrez inguratuta dago beraz gune zaharra, etxe erraldoizko eraztunek inguratutako gunea bilakatu da. Kale-sare barruan daude harresiak, hiriko zati, etxe-hormei itsatsita. Hiribilduan dago monumentuen gehiengoa , baina bizitasuna falta zaio, ez du bristadarik. Oinezkoen kale-sare zabala da aldiz erdigunea, merkatalgo oparo eta dotorea eskaintzen ditu, non turistak baduen zerikusi eta zeri begiratu. Hiri atsegina da Faro ezer erakargarri berezirik ez badu ere; bada goiz bat kalez kale paseatuz eta elizak ikusiz emateko aukera polita, ezer nabarmen ederrik izan ez arren; elizak baitira hemen ere artelanen kokaleku, horrez gain gustuko duenak beti du leiho, ate, fatxada edo txoko interesgarriren bat.
Zikoinak ere biztanleriaren zati lirateke Faron: hainbat ikus daitezke hiri barruan bertan ere. Aireportua da hiriko gauzarik nabarmenetarikoa: padura eta hiri ertzean kokatua, hegazkin tripa luze-lodiak doaz-datoz ia eten gabe hiri gainetik, goiz guztian, marrumaz bilduz inguru osoa, turiston begiak gorantz begira jarraraziz. Itsasertza da hirugarren osagai deigarria: ez da itsasorik moilen kontra, kilometrotara dago itsasoa, hiritik itsasorainokoa dena da padura, hondartza likin berdexka, ura edo ibaia doa bere baitan biratuz eten gabe, sigi-saga, suge erraldoia antzo, hondartza istingatsua zeharkatuz, sekulako ikuskizuna maria beheran, paretsua seguruenik maria goran ere; bertatik dabiltza ontziak, hondarretan inkatu gabe, ez dakit buruz dakitelako bidea edo berezko sena dutelako ontzi-mutilok. Trenbidea, aipatzekoa litzateke ere: zabalera estukoa, itsas ertz-ertzetik doa trenbidea eta trentzarra; portua eta paduraren muga da, hiria erabat banatuz itsaso eta uretatik, porturako pasabidea ere trenbidepetik behartuz. Hiriko Arkua, edo atea, ederra da, agian hiriko monumentu zibil aipagarriena. Se: Izen berdineko plaza zabalaren erdian, Gotzain-jauregia duela parez pare; ordaindu egin behar da sarrera, ez da garestia, merezi ditu 50 duro; barroko urre koloreak egiten du deigarria lehen begiradatik; luze bezain zabala ia, hiru nabe ditu, bere aldare nagusia aurrean bakoitzak, nabe bakoitza eliza bat bailitzan edo eliza hirukoitza bailitzan teilape berean; kapera ugari, hauetako bakoitza ere ia elizatxo bat da; burezur eta bestelako giza hezur luzez eraikitako kaperako erretaula makabroa!!! klaustroa izandakoan; bi organo bitxi, koru alboan bata, gorria, ia karkasa soilik geratzen zaiona, behean bestea etxeko armairutxoa dirudien txikia; orain arte Portugalen ikusi dugun lehen 19 koadroz osatutako triptikoa; dorre baxu, itsasorainoko zabaldia erakusteko adina garaia. S.Pedro: arrantzaleen ermita izana omen, itsasotik nahiko gora dago baina; hiru nabeko luze bezain zabala hau ere; kapera ederren artean azulejozko kapera da nagusi; Sék bezala teilape berdineko eliza hirukotxa dirudi, nabe bakoitza eliza bat; zurezko sabaia du. Carmo: fatxada ederra du, urre kolorekoa da erabat barrutik: urre koloreko aldarek estaltzen dute horma oro, urre kolorekoa da presbiteriora sarrera, urre kolorekoa presbiterioko eliza-nagusiarena edo jauntxo batena behar zuen leiho zabal dotorea; ikusgarria da sakristiako kaoba antzeko zurezko altzariteria: jarleku, armairu, mahai...; hainbat Ecce Homo xelebre eta bestelako santu-irudi eta koadro; bisitarientzako ikuskizun salgaiena “hezurren kapera” da, sarrera ordaindu beharrekoa eta ondo iragarria: bi dira hemen hezurrez estalitako kaperak, osoki, baita sabaia bera ere, erabat burezur eta hezur luzez estalitako hormak dituzte biek: komentuko hilerrian lurperatutako fraideen hezurrak omen dira.
Apaiza azaldu zaigu katedralean: “Ze hizkuntza?, gaztelera, españoles?”. -Ez, euskaldunak gara”. - “Ah!. Jaungoikoa!!!”. Ikaskide euskaldunak izan zituen Salamancan, Euskararen berri eman zioten eta jaungoikoa Goiko Jauna dela erakutsi.
4 isurialdeko etxeak dira hemen ere ia antzinako etxe denak.
Behe-solairukoak dira hiribilduko etxe gehienak, erdigunekoa ere lehen edo gehienez bigarren solairuko eraikinak dira.
39 kilometro, bertatik bertarako joan-etorria.
Uda giroa da nagusi hondartzan ere, uda giroa nagusi den asteburu honetan. Herri osoa elkartu da asteburu arratsaldez hondartzan. Koadrilaka dator jendea, mutil koadrilak, neska koadrilak, neska-mutil koadrilak, familia koadrilak, koadrilan umeak uretan, koadrilan emakumeak berriketan jaiko jantzita oinak uretan eta poltsa lepotik zintzilika; koadrilan dabiltza txakurrak ere, lotuta daudenak ere koadrilarako amorratzen. Kolorez betetzen dute hondartza itzalkinek. Oihuek, barreek, intziriek, deiadarrek, deiek... betetzen dute haizea, eta tarteka baita Farora gain-gainetik doazen hegazkinen burrunbadek ere. Haizeak eta uretan tzangak egiten dute eramangarria eguzki sapa. Ontzi bereziak, artisau itxurako behin-behinekoak, edo ozta-ozta ez direla hondatzen itxurakoak, jendez lepo doaz dunetara, bertan itsas zabalera begira egoteko, edo dunen bestaldeko hondartzen bila doan jendea garraiatuz.
Pailazo bat izan dugu gaur ikuskizun kaleetan: tristea iruditzen zait barre eginarazteko lanbidea.
Txakur herria da Fuzeta. 20 txakurretik gora konta ahal izan ditugu kaleetan afaltzera gindoazela, bere kabuz zebiltzan txakurrak, kale-txakur itxurakoak; beste hainbat izan dira lotutakoak edo jabedunak; ez da txakurrik ez dabilen kalerik.
Kale-giro bikaina, uda gau beroa; taberna, atari zein moila ertzean eserita dago jendea, erruz, kontu-kontari.