Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99. PORTUGAL

BIDAIAK 99. PORTUGAL

Jon Etxabe 2021/04/04 09:40
LEIRIA. Fátima, Batalha, Leiria, Nazare, Santaren, Obidos.

Ekainak 16. Asteazkena.  P:16.a

 

Kartografia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “Ez du bidaiariak hirira heldu nahi, / bide amaigabeen truke / emango luke bihotza”. Bidaia eta bidaiariaren definizio bat.

 

Pao(ogia) eta Paz/Pau(bakea) elkarrengandik hur dabiltza bi hitzak Bakea eta ogia. Bada ogiak bakea dakarrela iritzia, baina badirudi ez dela horrela, ez dela ogi bila egiten gerra,  nahiko ogi duenak egin ohi duela gerra ogi gehiagoren bila. Herri garatuak dira gerrarienak, zapaltzaileenak, erasokorrenak.

RNE irratia jartzen dugu egunean bi aldiz Euskal Herriko berrien bila, aurtengoak ez baitira Europa urruneko oporrak, non bi hilabetez ez genuen herriko ezer jakiten, beti herrimin eta jakin-min. Etenik gabeko zilborrestea dugu Euskal Herriarekin.

 

Txori-hots ia-ia burrunbatsuak hartzen gaitu kanpineko goialde hostotsutik. Txori kontzertua baino gerra-hotsa dirudi. Ugariak dira lurrean dabiltzan txoriak ere, janari apur eta zomorro bila. Aurkitu du ogi apur bat araba-zozo batek baina hara non oldartu zaion beste bat urrutitik: utzi egin behar izan dio esparrua, baina ez dio utzi apurrik: garaipena da gariz eta etekinez erretiratzea.

Holandarra bere zurezko eskalapoi edo txonkloekin dator bidaiara, kanpin eta etxatoi inguruan oin lehorrekin ibil ahal izateko.

 

Politiko orok du beti, definizioz, ataka bat irekita saldukeriarako: ze lanbide satsua. Poliziarena bezalatsu, simaurra.

 

 

LEIRIA

 

Zilarrezko itsasertza deitutako lurraldea; eguzki lurrak ere deitzen diete hauei,

 

Aurreko errepidetik begiratuz oraindik kristorenagoa da Tomar-eko Kristoren eliza. Izugarria!.

Lurralde menditsua, gora-behera etengabeko ibilia; errimea da kamioa, ibili mantsokoa ohi denez, patxadan hartzeko bidea da, beraz, gaurkoa. Betiko paisaia fisikoa: eukaliptoa, pinua, olibondoa, mahastiak, etxe-bueltako baratzak, aza gailegoa barazkien artean. Bada zelai eta lur utzirik ere. Zonalde pobrearen itxura ematen du; Batalha eta Alcobaça artekoa, aldiz, lurralde bizia da, industrigune ugari dago, baita saltegi erraldoi ohizkorik ere.

 

Ouren. Herritik alborako tontorrean du gaztelua, urruti samar, harresiek tontorreria osoa biltzen dutela gotorleku apartekoaren itxura emanez. Etxe handiko kaleak ditu herriak berak.

 

Zementuzko xafletan daude jarriak norabide eta herrien iragarkiak, grabatuta bezala, erliebe sakoneko hizki eta zenbakiekin.

Bi dorre zuri nabarmentzen dira Fatima aurretxoan: ezohizko ikuskizuna inguru honetan. Mendi bat, soila, zuhaitzik ere gabe, sastraka ezberdinez berde. Bi haize-errota hondakin borobilak, latorrizko txapel konikoa geratzen zaio bati.

 

Fatima.

Han daude erraldoi hirira sarrerako biribilgunean hiru ume ikusleak ardiekin; bestaldeko sarreran aldiz erromesak datoz, erraldoi hauek ere Fatimara bidean. “Prohibidas vendas, propaganda, mendicidade”, sarrerako iragarkia hau ere: pobreek eta behartsuek ez dute lekurik Fatiman, Amabirjinari opariak eta txanponak uzteko ez bada. Edo Amabirjinari laguntza eskatzeko, ez erromesei. Zatarki ematen dute pobreek Amabirjinaren santutegian, oztopoa dira erromesen ibilian, kezka eta arantza  deboten kontzientziarentzat: erromesa bake bila dator, nolabaiteko aberats izateko itxaropenez. Eskaleak, erromesak baino pobreagoak izaki, soberan daude.

 

Muntaia erraldoia da Fatima. Amaierarik gabekoa plaza, neurri gabekoa eliza, kontaezina astegunez ere jendetza, zerurainokoa basilikako dorrearen goiera, gortzerainoko ozenak eta luzeak kanpai hotsak ere: dena da hemen ohikotik haratagokoa. Erromes xumearen fedea ere neurgaitza da: jende handia dago plazako mezan, eliza bera beteta dago barruko mezan ordu berean. Baina turismo jitea eta giroa du hemen fedeak, turismo-gune itxura du antolamendu denak.

 

Zutabe barnean sartuta daude plazako kaperako itsulapikoak, zementuan bertan dute ahoa, sosak zutabe barrutik zoru azpiko norabait gordetzen dira, auskalo nora. Apaiz batek solemneki  bedeinkatzen ditu plazan hala eskatzen diotenei estanpa zein edozein oroigarri. Izugarria da kandela erreketa. Norbere belaunak ere mintzen zaizkigu plaza luzean zehar horretarako jarritako bidexkatik belauniko etorri nekosoan datozenei begira soilik; bada alprojaren bat ere: bigungarri sendoak jarri ditu belaunburuetan, garbantzu egosiak jarri zituen bezala Urkiolara garbantzuak oinpean joateko promesa egin zuen hark. Belauniko ibili honek norbera gogobetetzea eta  norberari gaina hartzeko lain izanaren asebetetzea ekarriko diete gutxienez. “Egin dut”. Errekor bat bezala. Beste batzuk Everestera igo ohi dute. Fede apala, umila. Euskarri xumeei lotua. Dozenerdi txakur daude lurrean etzanda jende artean aterpeko kaperan, txakur bat aldareko sarreran bertan.

Hainbesteko jendetza ekartzea da hemen miraria. Fatima gutxienez ez da Lourdes bat, ez da kinkila makrodenda bat. Sikiera. Txu-txu trena du.

 

Vale de la Seta. Perretxiko asko duen herria, dena pinua denez, bilduko da robeiloi edo esnegorria.

 

Ez da inolako belar metarik ageri, belarrik ere ez baita hemen.

Harrobi beldurgarria, haginkada izugarria, zauri bizi bizia.

 

Nik “Batala” ahoskatzen nuen, baina “Batalla”, gaztelaniazko “ll” garbiarekin eman digu norabidea emakume batek.

 

Batalha. Monasterioa da. Barne astindua eragiten du monasterioak kanpotik ikusiaz beste. Manuelinoa omen zati bat, gotiko ez dakit nolakoa bestea, eta gotiko halakoa beste hura. Esplika zaila da. Izugarria. Zirraragarria hirugarrenez ikusten dugun honetan ere. Erraldoia izateaz gain, ederra. Harri zizelatutako artelan harrigarria, txundigarria. Alboan duten irakasle tailerretan jabetzen da bat zenbaterainoko inurri lana den zizelatze lana; berrikuntza lanetan kendutako edo aldatu  beharreko zatiek erakusten dute zenbaterainoko xehetasunez eginak dauden han goiko orratz, gargola. eta gainerakoak. Kanpotik hain loratua, filigrana hutsa, izanik, oso austeroa da eliza barrutik, biluzia, nerbio loturak ezik. Klaustroa: monasterio baten ohizko osagaiak daude biltzen duen aterpe-korridorean, handiak baina austeroak hauek ere, patio bat ezik. Juan I.a eta emaztea zoragarri tailatuta daudela antz ematen zaie, baina 3 bat metroko altuerako hilobiaren gainean daude jarrita, biak gangara begira: armiarmek soilik ikusteko tailatu ote zituzten irudiok. Bada bertan beste hilobi zizelaturik ere.

 

Antzinakotasun ukitua falta zaio denari: berriegia, garbiegia dago.

Aljubarrotako garaipenaren omenez jasotako monasterioa. Gerrari monumentua. Hilketen omenez jasotako elizak. Eliza bat jasoz estaltzen dira gerraren izugarrikeriak. Gaur egun ere.

Lourdes bat da Batalha ingurua, dena da kinkila-denda.

Sarrera-ordain erdia ordaintzen dugu monasterioa ikustea jubilatuok. Italiar jubilatu autobuskada ibili zaigu inguruan, zaratatsuak, bakoitza bere Italiako bandera handia lepotik behera zeramalarik.

 

Bizia, industrigune eta bizitasun handiarekin.

 

Leiria. Etxe berri handi asko du zaharraren inguru zabalean. Kosta zaigu hirian kokatzea. Lehen iritzia hala nolakoa izan bada adiskidetu gara ondoren. Kale-sare zabala, antzinakoa, bere plazarekin, apartekorik gabe. Ez zaigu gertatu ez atsegina ez erosoa gu bezalako ibiltarientzat, baina herri bizia behar du izan, giro bikaina egonen da. SE: elizatzar zabal garaia, harrizko zutabe karratuen gainean; erabat biluziak ditu horma zuriak. Garbiegia dago. Xume itxura du erretaula errenazentistak,  oso leuna baita, baina halako sentipen baikorra sortarazten du. Organoak behar zutenen bi balkoik eta bestelako dotoreziak ematen diote presbiterioari harroxkotasuna.

Horman itsatsia dago itsulapikoa eliza honetan ere, kutxa gotorren zenbakidun hiru giltzez gotortua. Atsegina gerta zaigu bisita: gu begiluze, bera ariketa lanetan, emanaldi bikaina eskaini digu organo-joleak. Zurezko zorua du, Iparreko zenbait elizen antzera harrizko lurretik isolatzeko ahaleginean, leku hotza da nonbait.

 

Pankarta urdin bat plazara sarreran: “Em defesa da Escola Publica. Sindicato dos Profesores”. Bizirik dagoen herriaren aldarrikapena.

 

Ortigosa.

 

La Guipuzcoana garraio kamioia berriro, sare trinkoa du nonbait Portugalen delako konpainiak, sarri ikusten baitugu errepide zein herrietan.

Granja handi bat itsasbazterrera bidean, oso guti ikusten ditugunez delako granjok, deigarria egin zaigu. Ez da asko aldatu paisaia fisikoa, giza paisaia ere ez. Pinudiak estaltzen dituzte duna eta hondar lurrak  Nazaret herrira arterainoko lurraldean, hogeitaka kilometrotako bidean. Hondatua dago errepidea, zulorik ez du, baina, zorionez.

 

Pedrógao. Praia da Vieira. Sao Pedro de Muet. Itsasertzeko uda-herriak, turista-herriak. Hondartza luze, argi, finak. Arrantzontzi pintatu mutur-jeiki bitxi ospetsuak, hondartza erdian jarriak, bitxikeria gisa, bisitarientzako amu, eta kultura baten oroigarri. Pasealekua hondartza gainean. Aparkaleku asko. Uholdean dator bisitaria. Gaur bisitariotatik gutxi dabil hondartzotan, itsasoa kirrua dago eta fina dator haizea Iparretik.

Emakumeak dira kale garbitzaile.

        

Vieira: Lehen solairuko etxeek osatutako arrantzale auzo peto-peto erakargarria; plaza ertzeraino jaso dute itsasontzi bat inguru apaingarri gisa; herrietako ortuari merkatuen itxura petoa du arrain merkatuak.

S.Pedro: hemen  behintzat hondartza gainetik doa errepidea, pizgarria, pinuarte beti berdinaren ondoren.

 

Erretxina jasotzeko ontziak pinu gerrietan.

 

Nazare. Turista-herri peto-petoa: saltoki, kafetegi, jatetxe, gela... eskaintza ugaria. Alde zaharra ez da kanpotarren ibilbide, herritarrentzat gordea dirudi. Harea argi fineko hondartza amaierarik gabe luzatzen da herri aurrean itsaslabar zorrotzen oinetan. Fisikoki ez du ezer apartekorik, giza berezitasunak nabarmentzen zaizkio: turismoarentzat egokitu gabe herritarrentzat gorde dituzte hainbat kale; gorpuzkera sendokoak dira emakume nagusiak, janzkera berezia daramate emakumeok,  ez dute bitxikeriarik baina ezberdin janzten dira, buruko zapia era ezberdinean jartzen dute,  emakumeotatik asko beltzez jantzita dabiltza, beltzez janzten dira gizonezkoak: buruko txano bitxi batekin ere ikusi dugu txukun jantzitako agure bat, antzinako erlikia segur aski.

Arrantzale herria izana eta dena: hondartza ertz batetan, agian erdian, hain da luzea hondartza; arrantzale portua: arraina eguzkitan lehortzeko sokateria zabala dago hondartzan. Duela urte asko izan ginenean arrai enkantea ikustea tokatu zitzaigun: oraindik gogoan ditut emakume sendo haiek, errespetua baino beldurra sartzen zuen begirada eta begitarte gogorrarekin, kofradiako harmailetan eserita arraina erosten: zirraragarria zen.

 

Logelak eskaintzen dituzte sarreran errepide ertzean: bakoitzak berak duena jartzen du salgai.

 

Alcobaça. Berandu samar eta non aparkatu ezinik, aurrera egin dugu. Damu handirik gabe, bi aldiz egonak gaude bertan eta gogoan dugu altxor nagusia, Monasterioa, erakutsi eta ikusgai bikaina: eliza eta sukaldea ditugu bizien oroimenean; luzea eta garaia eliza; erraldoi sekulakoa sukaldea: han goietan galtzen zaio tximinia, beheko-su karratu izugarri handia, ur beroaren sistema, eta hainbat osagai bitxi.

 

Bide ezberdin batetik egin dugu Leiriarainoko itzulia, ingurune bizi batetan goazen sentipenarekin: herriak eta herriak, etxeak eta etxeak, bata bestearen jarraian elkarri lotuta bezala. Buztingintzarako lur ona dela adierazten digute adreilu fabrika ugariek; lantegi ugari egon behar duela sentipena  sortarazi digu lurraldeko bizitasunak.

Bihurgunez bihurgune, aldats gora kamioi zamatuen atzetik poliki, geldoa gertatu zaigu etxerakoa.

 

Casa Novo, pikondoen herria.

 

Oure, herri eta etxez jositako bailara zabala.

 

235 kilometro, Nazarekoan gaizki aparkatzeagatik isuna ere jarri digutenak.

 

“Urregilearen orduak”. Pako Aristi:

* “Atzean utzitako baldintza pila” daramat nirekin, baina nire “burua, altzari baten gisa, lekuz aldatu baino” besterik ez ote dut ba egiten?. Ez naiz bidaiari ona, baina bidaiaria bai  banaiz. Eta gustura nago. Beraz bapo!.

 

 

Ekainaren 17a. Osteguna. P:17.a

 

Axal eta zabal doa Tejo ibaia.

 

Almourol. Ibaiaren erdiko haitz-tontor gainean jasotako gaztelua. Hor dago, bitxi. Ze ezberdina Rin ibaian Koblenz-era bidean ikusi genuenarekin alderatuz. Ibaiko bidesaria kobratzeko zen hura, segurtasunerako soilik hau; luzexka airos eraiki zuten hura, sendo gotorra hau, ibai erdi-erdian dago hura, nahiko ibai ertzean hau.

 

Kuartel ikaragarri batek itzularazi gaitu ibilbidea moztuko genuela uste genuen bide batean: filmetako soldadu-heziketa muntaia, poste, alanbrada, eta hornikuntza oparoa barruti zabalean.

 

Trancos. Eliza zuri-zuria talaia ederrean.

 

Kamioi batean eserleku luzeetan eseritako emakume koadrilak harrotu dizkigu umetan kamioiak giza garraiabide zireneko oroitzapenak: kamioian etorri ohi ziren seminariora bisitan segurarrak, kamioiz egiten zuten hainbat erromesek santutegietara...;  gaurko emakumeok lanera zihoazen edo zeramatzaten, ez zen jai girorik.

 

Erabat aldatsen da paisaia Tejo inguruan, lur landu zabalen altzo dira ibaiaren albo biak, ortuaria eta artadiz oparo: ura, lurraren bizia, Tejo, inguru honetako pizgarria. Desagertu zaigu eukaliptoa, ugaritu olibondoa; artea zein artelatza ditugu bide ertzeko lagun lurrak gora egiten duenean mendi koskorrak osatuz.

 

Golega. Bidegurutze borobilean brontzezko zaldia, gaztetxo batek sokatik heltzen diola, zaldia du osagai sarrerako herri-armarriak ere: zaldia dute nonbait herriko ikur.

 

Vale de Cavalo. Santaren hiri aurretxoko herria: zaldi lurraldea da hau, cavalo.

 

Pikatxoi astuna lepoan hartuta errepidean doanak ere badu premiaren bat.

Ahuntz ilun aldra: ez dugu orain arte ahuntz askorik ikusi, eukalipto basoa ez da nonbait ahuntz-leku, ahuntzarentzat ere mortu da eukalipto basoa.

Errepide txikietatik gabiltzanez, kosta zaigu Tejo ibaia aurkitzea, jo dugu azkenik  bertara eta zeharkatu dugu, zabala eta sakona dager hemen. Bi kamioi doi-doi gurutzatzen diren zabalerako burdinazko zubi luzea izan da, burdinazko tunel luzea dirudi ertz batetik bestera begiratuz.

Artelatz  izugarri sendo bat, Etxarriko haritz erraldoi horietakoen antzerakoa. Badira tarteka gerri handiko eukaliptoak ere.

 

Chamusca. Herri apaina. Etxe zurien eraginez erabat argia. Zuri-zuria du zezen-plaza  ere, beste nonbaiten ere ikusi dugu antzerakoa.

 

Tarteka badira zezenketa iragarriz kartelak herrietan.

Lur laua, lautada, tontor apalekin.

Hauteskunde ondoren Portugalen ere ez da kale-hormarik garbitzen, ez da kartelik kentzen. Hormetan oso kartel guti jartzen da, ia bat ere ez, paneletan jartzen dira itsatsitako kartelak, argi-posteetan zintzilikatuak edo lotuak daude ia kartel denak, pankartak ere ugariak dira, telazkoak dira zintzilikario asko.

 

Alpiarca. Herri bizia dirudi. Mahastia da nagusi inguruan.

 

Lur aberatsa izanen da hau: Portugalgo baratza bailitzan. Platano sendoak dira oraingoan bide ertzetan errepidea etorbide bihurtuz. Ibai gainetik ez ezik mahasti gainetik ere luze doan zubi batez zeharkatu dugu Tejo ibaia hirira jotzeko: Portugalgo zubirik luzeena omen.

 

Santaren.

Lautada erdiko mendi tontor luzexkaren tontorrenean eraikia, ate erromanikoa duen elizatxoak ematen dizu ongietorria barren-barrenean. Inguruko herrien merkatal gunea, hiri bizia izanen da hau ere.

Hiribilduaren harresi arrastoak geratzen zaizkio, etxe artean gordeta, ia galduta. Gidaliburuak balkoietako burdineria goraipatzen du: egon badaude burdin landuok baina nahiko arruntak dira, balkoiok asko izatea litzake agian nabarmentzekoa. Mahasti izanik beheko lautada, tokatzen zaizkio herri osoan erruz ikus daitezken bukoitzarreko upategiak. Kaleak: ez dago oinezkoen kalerik, baina badira oinezkoenak behar luketen kaleak. Ordez, auto asko dabil kale orotan, desatsegin bihurtuz oinezkoon ibilia. Bozgorailuen bidez zabaltzen dira eguneko oharrak kaleetan. Badu jelatu denda ere: bisitatzeko bermea izozki zaleontzat.

Elizak: eliza-herria: bila ibili gabe egiten duzu topo  elizekin kale arteko ibilian, edo inguruan ikusten dituzu, ugari. Eguerdia izanik itxi egin zaizkigu eliza-ate denak, heldu berri ginenekoak soilik aurkitu ditugu zabalik. Parean tokatu zaizkigunei soilik joan gatzaizkie ikustera. Manuelino, manierista eta gotiko estiloetan sailkatuta daude elizok paperetan: “gotikoaren hiria” ere deitzen omen zaio, agian gehiago da nahia izana baino. Katedrala edo jesuiten elizak atsegin sentipena sortarazten du, ezberdina delako agian: nabe bakarreko handia, marmol gris eta gorrixkakoa; aipatzekoak alde bakoitza osoki betetzen duten 3 aldareak, marmolezko erretaula barrokoa eta gangak, bai freskoz dotoretutako presbiteriokoa, bai irudi pintatuz erabat betetako barne-luzeko oholezkoa; Loiolako Iñazio behar duena ere bertan dago, erabat beltz eta iluna, ohi duenez barrokoa, aldare apal batean oraingoan, gehienetan bezala burezurra eskuan duela pentsakor.

Irakasle batek artea irakasten zien elizako bankuterian eserita zeuden ikasleei: elizako artea ikasgai, eliza ikasgela bihurtuta, arte-irakaskuntza bizia, liburuetara mugatu gabe.

Piedade eliza. Gurutze estruktura du izan, baina hain da beso motzeko ze ia borobila den; marmolezkoa izanik ere itxura hitsa erakusten du: kolorgetua, zaharkitua, zeri erreparatu handirik ez du, aldare gaineko Pietate eskultura ez bada. Eliza erromaniko bat, sendoa, ederra, austeroa, antzinatasun jitea kendu ezin izan diotena, museo bihurtuta. Marvilla eliza, ate xumeki landu bat du. Iglesia da Graça: grazia du bai, agian garbitu berriagatik, sarrera gotiko arras garbiak; baina benetako grazia eliza aurreko gerrariak du, han dago gurutzea esku eskuinean eta, ateratzeko prest  duen ezpata gerrian. Miserikordia eliza, txepela da.

 

Mendebalerantz hartu dugu, itsasorantz.

 

Cabeza gorda. Buruhandiak ote herri honetan.

 

S. Joao de la Ribera, jarraian Ribera de S. Joao.

 

Bizi direla eta bizi nahi dutela itxura erakusten dute herri guztiok, kaleko jendeari bizipoza dario, etxeak eurak zaindutakoagoak dira. Herri inguruak berriz ez daude inola ere  zainduak, harea eta hautsa da nagusi errepide ertzetan. Etxe bueltak ere ez dira lorategi joriak: agian berriegi dugu iazko Holanda-Danimarkako ibilia, ahaztua aldiz Euskal Herriko hainbat etxaurre lardats. Beroak eta ur-eskasiak eragin zuzena du lurralde hauetan, gordin bihurtzen dituzte bizitza-baldintzak, eragina dute jokabidean zein hezkuntzan eta kulturan. Bizitza-baldintzek hezten dute pertsona, beraiek ezartzen jokabidea eta kultura.

 

Karratu luzexka da hemengo aitzurra, ez da gureetako buru estuko hura, burua ia mailu bilakatzen zaion gureetako lur-aizkora.

 

Caldas da Raina. Herri honetara ez joatea erabaki dugu, badugu nahikoa nora joan bestela ere. 25 urtetik gora da bertan egon ginela, etxean ditugu bertan erositako hiru iruditxo xarmant, “Corte de mangas” keinua egiten duenarena batez ere. Entzute handiko bainu-herria da eta erregina batek egin zuen ospetsu: bada erreginarekiko kontakizun bitxirik eta beso-mozte horrek badu zerikusiren bat.

 

Obidos agertu zaigu aurrean. Bere osotasunean ikusten zaio borobilera edo bildukera:  tontorreria luzean zein mendi magalean luzatzen zaizkio harresiak, urrutira teilateria besterik erakusten ez duen erdigunea defendatuz. Bi aldiz ere egonak gara bertan, baina merezi du hirugarren bisita bat ere.

 

Hiritik hur, baina lautadan, Harriko Gure Jaunaren Santutegia: Kristorena izan daiteken irudia mila urtetik gora dituen harri luzexka borobil batean, ez du gurutzerik, agian harria bera da gurutzea; Nazaretetik ez dakit ze herritara eramaten omen zuten Amabirjinaren iruditxoa barruan daraman zalgurdi xarmanta; Pietate bat.

 

Ugariak dira Pietate irudiak elizetan, aspaldikoak dira batzuk: irudi oso zurrunak dira, sarri Kristoak egur zati luzexka bat gehiago dirudi giza irudia baino.  S. Sebastian irudia ere denekoa da: santuaren irudi oso xelebreak ikusi genituen  Iparrean.

 

Obidos. Nahiz hirugarrenez gatozen bertara, nahiz turista-herria den, nahiz bisitariz gainezka dagoen, nahiz lourdes bat bilakatu den, nahiz atari bakoitza denda izan, zoragarria gertatzen zaigu gaurkoan ere hiribildu honetako kale arteko ibilia. Antzinakotasunez blai, harresiak beti presente, turista gutxiko egun bate bilduko da an lasai ibiltzeko hiribildua. Mailaz maila kaleak magalean, elkar lotutako kale eta kalexka estuak. Beste mundu bat. Bizia dute hemen harriek, giro kutsagarri bat sortzen dute. Mila zoko xarmant, mila zehaztasun liluragarri. Izugarria behar du izan turista eta dendarik gabeko bakardade isilean. Herria urez hornitzen zuen akueduktu luzea: bere arkupetik egiten du errepideak mendiz bestalderakoa. Besorik gabeko errota. Eliza pila: Sta. Maria parrokia, bitxia eta ederra, azulejoz estalia barrunbe osoa, koadroz osatua erretaula, koadroz erabat dotoretuak hormak ere, sabai pintatua, harri zizelatuzko hilobi ederra, pulpitu ezberdin txikitxoa zutabe mehar baten gainean: eutsiko ote lioke zenbait apaizi edo kabituko ote litzake bertan zenbait sermolari.

Pintura erakusketa, adindun baten lanak: interesgarria izan zaigu bere artelanetan jarraitzea artistaren bilakaera.

etiketak: Bidaiak 99, Portugal
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.