BIDAIAK 99. PORTUGAL
Uztailaren 4a. Igandea. P:34.a
“Olerkiak”. Loramendi:
Animalia zital arbuiagarria da sugea Loramendirentzat ere. Suge koitadua!.
Argi-oilarra, gazteleraz abubila, izan dugu gaur leiho aurrean: behin ere ezin izan dut ikusi ahal hain luzaroan eta hain gertu; moko luze, gandor harro luze, arre-hori lumak... haztakatu ditu hondar arteko belar-hondo ziztrin bakanak, egin du gosaria auskalo zenbat txindurri eta zomorro irentsiz. Loramendik eginen zion deskribapen poetikoa, irentsi dituen zomorroei hain gozoa gertatu ez bazaie ere bere bisita.
“Buen dia, compañero” bota dit tonu lagunkoi batez konketa-gunera sartu den gizonak; PCko ez bada, ingurukoa: mila ikur eta ezaugarri ditu ideologiak.
Dotore hitz eginen dute batzuk, besteak erantzun zorrotzekoak izanen dira, hau dotorea izanen da, hura herrikoiagoa janzkeran... itxura ezberdina azalduko dute baina perkal berdin-berdinekoak dira politiko denak, salbuespenik gabe, hitzak hitz, itxurak itxura, aldagaiak aldagai.
Igandea eta lainotuta, asteburuari tokatzen zaionez. Bi laino mota nabarmen bereizten dira: gorenean zuri-zuri luzexka meheak, eta beherago laino ilun samar multzoak.
Merkatu eguna Fuzetan, hondartzara bidean, bitxia: antigoalekoen saltzaileak dirudite, bakoitzak etxean edo inguruan aurkitu duena daramala salgai dirudi, rastro-azoka antzerakoa; asko dira saltzaileak, baita erosle zein begiluzeak.
Estuak dira Fuzeta herriko kaleak, ugariak autoak, asko oinezkoak ere: lanak dakartza kaleak autoz zeharkatzea, gidariek nola oinezkoek patxadan hartzen dute egoera, presarik gabeko jendea dirudi, bizimodua patxaran hartzen duena, gureetan ez bezala, autoa hondartzaraino eroaten ibili gabe herriko sarreran autoa uzten dutenak.
Gatzagak herri albotxoan: zuritu gabe dago oraindik gatz-uzta.
GUADIANA INGURUAK
Mendi barrura hartzen du autobideak itsasalde laua utziz, mendiartea izanen da ere ibilgua gaur.
Hiru-laugarren aldiz jadanik: eroria dago etxea, tximiniak baina zut dirau, garrantzi handia ematen zioten nonbait suari eta oinarri sendoz jaso ohi zituzten tximiniok.
Guadiana zabala, Tuterako zubia, Ayamonte, Huelvako lurraldea... ditugu aurrez aurre. Espainiako hizkuntza ezagutzen dugu, baita bertako ohiturak ere, lagungarri zaizkigu hainbat zehaztasun, baina Portugal bezain arrotza zaigu Espainia euskaldunoi, arrotzagoa oraindik Portugal baino, ankerra zaigulako, aurka jarriz eraso egiten baitigu ehunka urteetako menperatze ahaleginetan.
Castro Marin. Herri txikitxoa, txukuna, argia, kolore ezberdin biziz dotoretuak fatxadak zein leiho eta ate bueltak, hainbat azulejozko fatxada... ahalegintxoak egiten dituen herri dotoretxo zaindua. Harresiek biltzen dute tontor luzea, bigarren tontor batean gotorlekua kokatzen da, eta hirugarren tontor batean eliza dirudiena gailentzen. Behe gunean ez koska ez irtentxo, hormatzarrak diruditen harresiak; behe-beheko lauan dago kale-sarea, harresien pean, eliza bilduz; gaztelua baino beherago baina bera ere gaintxo batean, herria gainditu eta menperatuz, eliza zuria. Elizak du ospea, baina kaleak dira ikustekoak, erakargarriak, gu ausartu ez bagara ere bertako ibiltari izaten; arrotz sentitu gara, inoren etxean bezala, eta eliza alboan soilik geratu gara, interesgarria omen eta, baina itxita dago. Tximinia txikiak baina politak nabarmentzen dira teilatu ertzetan.
Ayamonte ageri da, argi, aurreko magalean, S.Antonio berriz ia ikusezina lautadako bere zapalean, bien artean Guadiana.
Gatzaga: igandea arren gatz-pilaketan ari da gizakume bat, gure baserritarrak ibiliko diren bezala plazarako ortuariak gertatzen edo behiak jaisten.
Guadiana ibaiaren bila abiatu gara. Etxe-multzo zuri politak dira herriak, ingurua, aldiz, tristea. Bakartiak behar dute izan herritxook. Mendi gorriko paraje hitsa: hala izanen dira Almodovarrera arte, Mertola ingurua salbu. Artelatz, pinu edo arte bakan batzuk, txara dirudi mendate osoak, Bragan hain deigarri egin zitzaigun sastraka antzerakoak erabat bereganatu baitu dena, mendia sastrakadi bihurtuz. Bada izan ahaleginik mendiok basotzeko, garbitu egin dituzte, oraindik gorriagoak bihurtuz, eta maldetan, mailaz maila, ilaretan, buru borobileko pinua landatu dute; inoiz gerririk eginen duten ere pinuok lur lehor honetan!.
Junqueira, Kataluniako muga-herria gogaraziz.
Xaloa zen gurdia, mulua berriz kolorezko uhaleria eta gainerako osagaiz apainduta zihoan.
Europako diruz ari dira egiten errepide konponketa eta herria berreskuratze lan oro, letreroz argi iragarrita dago noren kontura diren berrikuntzok. Ezkerreko eskuak badaki eskumakoak zer ematen duen.
Azinzal. Mendi arteko herritxo zuria baina tristea: lurrezkoa da zorua, ezin apalagoa azokatxoa ere.
Umetxoa jolasean atarian kalea busti ondorengo putzutxo batean: edozer bihur dezake jostailu umeak.
Mendiartez mendiarte, erreka-zuloetako kanabera ilara sendoek esaten digute badela umeltasuna zulogunetan.
Ahuntz-talde handi bat, eguzki gorritan, ahuntz-zainaren lastozko kapela baino hori eta gorriagoa den lursailean.
Alcaria. Herri txikitxoa da, zuri-zuria, kaleetan barneratzeko gogoa sartzen digu baina berriz ere arrotz eta sarkin sentitzen gara.
Emakume bat ari da uretan sakonune bateko putzutik; putzuak pare bat metro diametroko gurpil handi bat du urketa errazteko edo: itxuraz erraz eragiten dio eta indar gutirekin lortzen du ura azaleratzea; errespetuagatik ez naiz ausartu argazkia ateratzen, baina bitxia zen bai sistema bai ikuskizuna.
Labak ikusten dira etxe alboetan, zarpeatuak eta zurituak batzuk, harri pilatuen aurpegia eskainiz betetsuk: lur laurik ez bada ere garia izan zela esaten digute labok, etxe bakoitzak bere ogia erretzen zuela.
Heldu gara Guadiana ibai gainera: zabal eta eder doa, bi nazio edo estatuak banatuz; berak ez ditu banatzen, gizakia baliatzen da beraz bereizketa-zatiketa eginkizun ankerra ezartzeko. Lur barruan gauden arren bertaraino heltzen da itsasoa, berak zabaltzen eta edertzen du ibaia, zeren gero Mertolan mehar eta ur gutirekin ikusiko dugu ibai hau bera. Badajoz-etik Mertola beheraino Portugal barrutik egiten du ibilia bide luzez Guadianak, hortik aurrera muga izanen da herri bien erdian. Belaontziak gutxienez Alcoutineraino igotzen dira. Atsegina behar du izan ur lasaiotan nabigatzea.
Lur mota berdina da ibaiaren alde batekoa zein bestekoa: ze demontrek eragin du alde batekoek eta bestekoek hizkuntza, ohitura, bizitzari buruzko filosofia, jokaera, kultura, artea... hain ezberdinak edukitzea, sarri kontrajarriak?. Politikoek, agintariek, interesatuek, aberastasuna eta boterea tarteko zutenek banatu dituzte herriak, elkarren aurka jarri. Gizakiak zatitu du gizartea, berez bat zena banatu egin du, zati bakoitza elkarren aurka jarriz, ideologia, pentsaera eta sentipen interesatuagatik muga faltsuak ezarri eta erabiliz. “Nirea” eta “zurea” kontzeptu bereizgarriak sartuz eta ezarriz menperatu eta erabili dute gizartea guti batzuk. “Nirea” eta “zurea” horren ezaugarria da Guadiana. Portugal aldetik ibai ertza landua dago, laranjadiak, mahastiak, artasoroak... dira nagusi lur landuotan, herriak ere sarriak dira nahiz txikiak; beste aldetik berriz, Espainia aldetik, kanaberadia edo padura besterik ez da jaiotzen San Lucar de Barramedara arte. Hegazti bat hego zabal ibai-erdi gainean: nongoa ote hau?, portugaldarra ala espainiarra?. Parlamentuek argituko dute laster arazoa lege baten bidez, egingo dute hegaztia nortasun agiriaren jabe, hanka edo lepondoan lotuz.
Guerreiros do Rio. Uz gezako piratak, hemengoak. Badu ontziak lotzekoa oholtza txitxi txikitxo bat, moila xumea.
Laranjeiras. Bigarrenez herri-izen bera.
Alcoutin, bestaldean parez pare Sanlucar de Guadiana. Biak aurrez aurre, 100 metroko urez banatuta, biak zuri mendi magalean, biek dute gaztelu edo gotorlekua tontorrean, muturka ibili diren seinale; Sanlucarko musika hotsa ez ezik oilar-kukurrukua ere entzun dugu. Piparpotea dager bestaldeko plazan. Arrastoek diotenez, bertaraino heltzen da itsas marea.
Lau pausotan bukatzen da Alcoutin, turista-herria nahi du izan, izan nahian dabiltza behintzat, nabariak dira dotoretu nahiko ahalegintxoak; bada belaontzirik ere oholezko moilan. Ahalegin antzerakoa nabari da Sanlucaren ere, behatoki bilakatu dute haize-errota bat tontor batean. Alkoutinen Kontsezio elizatxoa dago tontortxoan, estrategikoki kokatutako behategia, ibai eta herriaren gainean: elizari buruzko erakusketa edo museoa jarri dute barruan. Eliza: kapitel landuak dituzte 8 zutabeek, erabat ezberdina delako da deigarria pulpitua, baina ez du askorik balio, alboetako aldareak pintatuz itxuratu dituzte, santu-irudirik gabeko zur iluneko erretaulan Jesukristoren irudiak hartu dio lekua kustodiari.
Guadiana utzi eta Mertolara hartzen dugu. Mendi mortuak dira hauek.
Cortes Pereira. Mendi-mendiko herri txiki zuria, ez zaio inondik lur landurik ikusten, ez orturik, ez fruta-arbola edo pikondorik ere, almendrondo bakan batzuk mendian, besterik ez.
Tontorreria lau batean egiten dugu bidaia, mendia dugularik ikuspegi zabala alde bietara, baina oso tristea da bai lurraldea bai ibilia, hemen ez dago ezer.
ALENTEJO.
Erreka-zuloko zubiaren ondoren ezaguna zaigun letrero erraldoiak erakusten digu ze lurraldetan sartu garen, baita zein harro diren ere bere lurraldeaz.
Lurralde taxu berak jarraitzen du gorantz egin ondoren ere; tontortxoek lautasuna desitxuratzen dioten mendi mortu laua.
Mezquita. “Sinagoga” herria aurkitu genuen atzo.
Gainez gain, hau ez da ezagutu genuen Alentejo hura. Baina hara non mortu hori honetan behi aldra aurkitzen dugun artzain-elektrikoz zaindua: ze jan dezakete hor!!!.
Espiritu Santo. Geroagokoak direla esango nuke etxe-horma entokatu-zarpeatu zuriak; bertako arbel-harri zapal ilunak pilatuz eginiko etxe eta hormak ziren hauek.
Artaldea, erabat kamuflatuta lur gorritan, ia ikusezin.
Etorri behar ginen bai mendialde hau ezagutzera!!!. Mortuagatik da berezia, hain berezia gainera!. Izugarria.
Pinu buruhandiz estaltzen dira mendia eta lurra Mertola inguruan. Badira itxura fineko zaldiak ere.
Mertola. Ohiko egitura. Tontorrean gaztelua, magalean kale-sarea eta zuloan Guadiana ibaia, nahiko urri urez hemen: begi-zulo horietako batean gordetzen ote?. Hiribildu aldapatsua; mila kaletxo, bihurgune eta zirrikitu ditu bere txikian: Erdi Arora jauzia. Aurrekotik dugu gogoan eliza: sinagoga izana, meskita jitea ematen diote kapitel landuko 8 harrizko zutabe eta 16 sabai zorrotzek; erakusketa antolatu dute, santu-irudiak dira ikusgai batez ere: badira santu-irudi txiki politak, baita Ecce Homo naif deigarriak ere, agian denborak eta kandela keez belztutako koadro ilunak.
Gainez-gainezkako basamortuan diraugu Almodovarera, menditeria zabala erakutsiz alde bietara. Eukalipto lerden sendoak dira zuhaitz bakarrak herri inguruetan. Garitza zabalak noizbehinka, buru txiki-txiki eta gehienez pare bat harra beteko lastoko garitzak, uste izan dugu olo-saila ote zen ere: agian hemen hartu daiteken gari mota bakarra, mortu honetarako egokiena behintzat. Pinua ere erruz birlandatu dute.
Bada lineako autobusa!. Tira!.
Castainhos. Noiz izan ote hemen gaztainondoak!.
Gainez-gain goaz ala lurralde garaia da, besterik gabe.
Sambranas. Berrin berri egindako herria dirudi.
Hemen hasten zaigu guk ezagutzen dugun Alentejo, artelatzak lur horian...
Inguru honetako tximiniak ez dira Alentejoko tximinia leun, zapalak, Algarveko borobil edo karratuak baizik.
Almodovar. “Municipio de Europa”. Herri laua, gaztelurik gabea. Gaur erabat hila dago, dena itxita, ikusi nahi genuen eliza ere. Lehen eta behe-solairuko etxeek osatzen duten kale-sare zabala. Udaletxe zurian habiak egin dituzte katakiek, hainbat herritan bezala. Errekan zubitxo erromatar xarmant poxpolina, ur gutirako eraikitako zubitxoa, gaur egun azala baina zabala bada ere erreka-zuloa.
Motozaleen bilkura da gaur herrian: artelatz baso batean barreiatuta daude motorzale pila: ikuskizun bitxia da halako moto-pila zuhaitz artean ikustea.
Itsasorantz hartu dugu. Zoru hondatuko errepidea, mendiz mendi, magalik magal, bihurgunea bihurgunearen ondoren. Artelatz-basoak luzatzen dira mendiz mendi Sao Bras de Aporteleraino, gero erabat soiltzen da mendia. Artelatzak hartzen du mendia baina azpi garbiaren ordez delako sastraka zikina jabetu da denaz. Zaldizko bat aurkitu dugu errepidean: dehesa edo larre hauetako irudia.
Ez digu agurrik eman Alentejok, ongietorririk ere ez Algarvek.
ALGAVRE.
Besteiros. Artelatz azal piloak tolestuta: metro bateko luzeran borobil osoko azala atereaz biluzten dituzte artelatzok.
Cavalhos. Behatokia da errepidea.
Caldereirao. Ikuspegi izugarri zabala, urrutietako zerumugaraino tontorreria leuna, erabat lehorra, zuhaitzik gabekoa.
Caldereirao-Vale de la Rosa. Iturri asko dago bi herrietan: etxeetan urik ez ote dagoen galdetzen diogu elkarri.
Cortelha. Izenak dioenez, bada azala herri honetan.
Cortelha inguruko errepide harrotua begiratu eta pairatuz, esan daiteke galtzadarrizkoa izan zela errepide hau eta hor dirau oraindik azpian. Galipotezko errepide leuna zibilizazioaren adierazle edo ezaugarria bada, ez da oraindik honaino zibilizaziorik heldu.
A Portel. Herri zabala, beste itxura bat erakusten du, etxetxo zuriak zuhaitz artean, ondo-bizien bizitokia dirudi.
Erreta daude mendi-sail zabalak, txara berritu da, zenbait artelatz ere jaio da, baina hainbat zuhaitz daude hilotz, adar idorren hezurdura beltza tragikoki erakutsiz.
Sao Braseraino heltzen da itsasertzeko zibilizazioa errepide zabal zoru leunekoaren bidez, bertan galtzen da Alentejotik luzatzen den artelatz-basoa. Zibilizazioa heldu da, artelatza galdu.
Zikoinak ditugu lagun lautadan: presente daude fabrika bateko adreiluzko tximinia luzeetan, baita etxeetako tximinietan ere.
Mendi koniko baten tontorrenean, teilazko estalkiarekin, zuri-gorri dago haize-errota, erabat bakarti, paisaia argituz. Berehala bigarren bat... bidaia osoan hainbat eta hainbat aurkituko ditugu, tontorrean beti, herrietatik hurbil, gaur egun gari-sailik ez den lurraldeetan ere, garai joan baten ekonomia ereduaren ezaugarri eta lekuko. Gehienak, ia denak, hondatuta daude, sobera gelditu ziren ekonomia-mota desagertzean.
Bezero guti du autobideak igandeko goiz orduetan, autozale guti izan dute ibili osoko errepideek: ibili lasaia izan da gaurkoa.
Haize bortitza itsasertzean, hondartzak hutsik, gordeleku ostekoak ziren soilik hondartzako bezero bakarrak.
251 kilometro, merezi zuten bai Guadianak, bai Mertolak bai mendi mortuek.
Uztailaren 5a. Astelehena. P:35.a
“Olerkiak”. Loramendi:
Lehen orduetan jaikiz, Loramendik izanen zuen kanpin honetan non eta zerekin ase etorria, txorien txorrotxo-txioak entzunez.
Ia ez da gurdirik ikusi ahal gaur egun Portugalen, gaur baina ikusi ahal izan dugu bat, lau pertsona zihoazen bertan, familia osoa jaiko jantzita kalera bidean, errepidez; goma-gurpileko gurdi txikitxoa, pintatu gabeko gurdia; mulu tiratzailea, aldiz, uhaleria eta gainerako osagai dotoretxoz apaindua zen. Zalgurdi txikitxoa izan zaigu, baita ere, ikuskizun Alfuferako urbanizazio erraldoian, bide-berria den kale nagusitik auto artean gizon nagusi bat zela gidari. Izan da bide ertzean iragarki eta amu den gurdi pintatu polit bat, hari atera behar izan diot gurdion oroimenerako argazkia.
Industrigune zabala du Farok Mendebal aldera. Faro zeharkatzea ez da nahastua, bai ordea luzea nahiz zeharbidetik egin.
Almancil. “Aldea”: auzoa da agian baina herri bat haina koskortua, “pintoresca”: etxe apaleko herri handi bat. Zonaldeko burua agian, dendateria eta saltoki ugariz osatua, turismo-gunea dirudi; ez du interesgunerik gu bezalako ibiltarientzat; aurrera egin dugu.
Belar horiok berde, polita izanen da ingurua Maiatzean, baina udaberrian ere hautsa izanen da hemen nagusi. Ez dator urik zubipeetan. Ur-putzuak agertu zaizkigu gaur berriro, bere ubideekin eta osagai sendoz, baina utziak eta hondatuak hauek ere: garai batean ongi ureztatzen ziren lurrok, gaur egun ez da lurrotatik bizi den nekazaririk, katalepsiak jota dago lurra, gaixorik, agian lo soilik, norbaitek esnatu araziko zain, emankor eta hornitzaile izan gogoz.
Vale judeu. “Sinagoga” herria inguruan da.
Udaleku edo uda-herri jitea du Farotik Albufeira arteko lurraldeak: landetxeak, jauregiak, txaletak, lurrez eta hesiz bildutako etxetxo politak, urbanizazio txukunak, bazter zaindu garbiagoak, hauts gutxiago ertzetan, makina-garbitzaileak kaleetan...
Vilamoura. Erabat turista-herria omen. Bertan ditu biltegiak La Guipuzkoana garraio konpainiak: izen bereko kamioi pila, tarteka handiak, ikusi dugu Portugal osoan, enpresa sendoa da nonbait.
Aurrez aurre du itsasoa hondartzak zonalde honetan, tarteko ur geldi, aintzira edo isasadarrik gabe, Taviratik Farora bitarteko dunazko moilarik gabe: horregatik da agian hau turistagune.
Albufeira. Harresiak bailitzaz etxetzarrek biltzen dute lehengo hiria. Uda-herri peto-petoa, bai egituraz bai kanpotarrez, ikusi dugun turista-herri petoena; berrin berri sortutako etxetxo sailak dira turista auzoak, Mediterraneotik ezagunak zaizkigun osagai guztiekin: dendateria merkea eta edonola jantzitako turista kanpotar merkea opor-pasa arduragabean: turista-herri bihurtu da erabat antzinako Albufeira. Itsaslabarrek babestutako hiribildua edo gaztelua zen goiko zatia; nahiko utziak daude kalexka estuak, ez dabil kanpotarrik; iragarri egiten dute non ziren garai batean hirira ateak, gaur egun harresi hondakin apur bat besterik ez baitzaio gelditzen. Beherenean, erabat turista-gune bilakatuta daude bai kale-sare bihurriak bai plaza: saltoki, taberna, jatetxe...txiringito itxurako merkea eta jaki azkarrekoa. Erruz dabilkio bisitaria eta udatiarra, hondartza beteaz, kaleak beteaz, plaza beteaz: erdigunera jotzen du nonbait inguruko etxeterietako kanpotar orok; bizi-bizia da giroa. Bada aurreko mendi-maldan kale estuko kale-sare bat, zaharra, erabat utzia, pobrea, hitsa, hila, bertakoa ezik inor ez dabilena: bi mundu erabat ezberdin banatzen ditu 50 metrotako tarteak. Hiru hondartza ditu elkarrengandik haitzek banatuta. Arrantzaleen txalupek, motora txikiak denak, hondartza dute portu. Alde zaharrean ate manuelino polita du Miserikordia Elizak eta Miserikordia Etxearen sarrera ate gotiko txiki polita da; kale-sarean bertan ikus daiteke beste etxetxo baten ate gotiko txiki bat ere, inolako apaindurarik gabekoa.
Bada denda onik herrian: Coimbran ikusi, aukerak erruz izanen genituelakoan utzi, baina ondoren bila ibili arren bakar bat ikusi ez dugun zopa-ontzia aurkitu dugu: tamalez, beste bat erosia dugu jadanik haren antzekorik aurkitzen ez eta, etsita.
Guia Sta. Barbara de Nexe eta Sa Jao da Venda, eliza ikusgarriak omen.
Estoi. “aldea tipica” iragartzen dute: herenegun pasa ginen Estoitik eta ez zigun itzultzeko grinarik sortu, eliza “interesgarriak” berriz hainbat ikusi ditugu jadanik. Etxera hartzea erabaki dugu.
131 kilometro, okerreko ibili eta guzti.
Usteldua, beltz, dago hondar-azpia hondartza aurreko dunetara bitarteko ur lasaietan; maria beheraz profitatuz zuloa egin du ume koadrilak hondartzan, harea ustelduz elkarri gorputza erabat belztuz, algara bizi artean eta begi dirdaitsuz elkarri so, jolastu dira luzaro. Edozerekin egin ahal du jolas umeak.
Amuan bota duen peskaria nahiko ohikoa da txiste marraztuetan: uretatik aterki zuri-gorria ateratzen ikusi dut gaur peskaria hondartzan.
Uztailaren 6a. Asteartea. P:36.a
“Olerkiak”. Loramendi:
*Ordenuaren kantaria, elizaren zein naturaren goreslea.
Azkenaurreko eguna. Ez dut penarik Portugalgo ibilia bukatzen zaigulako: Portugalek ez nau ukitu, gutxiago liluratu, ezta ere erakarri. Denean daude herriak, baina hutsune handiak dituen lurraldea iruditu zait; herririk ez balego bezala, erabat indiferente pasa natzaie herrioi albotik, ez didate ia ikusmin eta jakin-nahirik sortarazi. Agian beroak du errua edo eragina, agian eukaliptoek, mendi mortuek, lur idorrek...
Cacela Velha. Txiki-txikia, zuri-zuria, pospolina, kapritxozkoa, xarma dariona, plaza eta elizatxo politaren bueltan, kokagune ederrean, behatokia itsas gainean; itsasoa, hareazko moila edo duna, eta barruko ur lasaia dituela batelen babesleku; ikuspegi aparta goiz dirdiratsuan, gidaliburuak aitatu ere egiten ez duen arren. Gotorleku nanoa harkaitz gainean eta plazan ura ateratzeko gurpil handi horietariko putzua, Alcarian deigarria egin zitzaigunaren bertsua.
Emakume bat hurreratu zaigu putzua ez zebilela esanez; gero, azken unean, ez dakit zer erosi nahi ote genuen galdetu digu, lotsati bezala, baina ez dugu jakin zer zen eskaintzen ziguna.
Vilanova de Gacela. Inola ere ez du aurrekoaren ukiturik. Inguruko herrien zerbitzugunea, pasoko bidaztiok ez dugu zereginik bertan. Txukuna, aratza, begiratzea atsegin zaizun horietako etxe baxuko zuria, baina ez du besterik, gidaliburuak goraipatzen duen arren.
“Mostra de teatro de Argarve” iragartzen dute kale gaineko pankarta handi batez.
Manta Rota. Izan, arrantzale herria izan zen, diotenez; gaur egun etxetxo berritxo dotoretxoko herritxo zabala da, hondartza gainean. Uda eta hondartza giroa nagusitzen da erabat: jendea erruz dator hondartzara, dendateria, tabernateria... ez da falta, baina ez da atzerritarren udalekua.
Monte Gordo. Marroiz, monumentuen kolorez, dago iragarrita norabide karteletan. Turismoari so sortu den herri berria, etxe-pilaketa berria, jendetzak erakartzeko asmatua. Arrantzalea zen garai haietatik itsasoa, hondartza eta etxetxo bakan batzuk soilik geratzen zaizkio. Arnasa handiko itsasertz eta hondar gaina. Kale zabalak, argiak, ibil eta egonleku direnak, arnasa dutenak, autorik gabeak. Dena saltoki, dena taberna, dena jatetxe, baina ez da deigarria suertatzen. Hondartza gainean duna tankerako eremu lau zabala, gorago etxeetarainoko tarte zabala aparkaleku erraldoi bihurtuta eta lorategiz apaindutako pasealeku erosoa.
“Vicio de praia”, izen polita itsasgaineko taberna batentzako.
Aldea Nova. Vilarreal aurretxoan.
Lurralde laua da itsasbazterreko inguru hau: lur idor, hori, tristeak. Behi makalak larrean padura jiteko lurretan. Zeramika saltokiak errepide ertzean.
FEDER, Europako diruak dabiltza Espainiako ertz-ertz honetan ere; hala izan zen Iparreko ertzean ere, hala da Hegoaldeko ertzean, hala izan da erdibidean.
Oso barrura sartzen da itsasoa S. Antonion, padura zabalak sortuz.
Castro Marin gotorleku sendoa dager Hegotik begiratuta ere.
ESPAINIA
Tuterako zubia tunela da Guadiana gainean, euskarriak eta burdineria euslea gorputz bakar trinko sendoa ikusten baitira aurrez aurre hartuta. Zabala bada Guadiana, zabalagoak dira padurak. Behi makalak larrean padurako berdegune lehorrenetan.
Muga zeharkatuaz bat errepide negargarri hondatua hasi zaigu, eta herrira hurreratuz txapelokerren kuartelarekin eta piperpotearekin egin dugu topo.
Espainian ere Europako diruak dabiltza konponketa eta berrikuntzetan: hainbeste harrokeria, limosnaz bizi eta aurpegia edertzeko.
Ayamonte. Zikoinak hiribarruan bertan, futbol-zelaiko argindar postean jarria dago kabi bat, beste bat sarrerako irtentxoan: hauek dira bai PPk bai PSOEk onartzen dituzten etorkin bakarrak, onartu ere urte erdiz, alde egiten dutelako.
Herri txukuna eta atsegina. Beroa ere nonbait, erdiguneko oinezkoen kale-sarea zapi-estalkiz babestua baitago. S.Antonio bestaldean, Guadiana eta ferrya erdian eta Tuterako zubia gorago. Urrutitik begiratuta maldan dagoela badirudi ere, lauan dago erdigunea. Badu pare bat plaza eder: berrikuntza lanetan murgildua bata, andaluziar jitekoa bestea, azulejo eta zeramikaz apaindua. Ez du beste munduko zerikusirik, ezta zer erakutsi handirik ere, baina S.Frantzisko elizaren dorre zuri-arrosa lerdena eta deigarria da edozein gidarirentzat.
Bila etorri garen Huelva probintziari buruzko argibide eta zehetasun idatziak aurkitu ditugu, baita Espainiako mapa bat erosi ere.
Ez gara etxeanago sentitu Espainian, gaztelerak portugesak bezain arrotz jo gaitu belarrietan.
PORTUGAL
Vila Real de Sto. Antonio. Marrazteko lumaz diseinatutako hiri bat aipatzekotan, S.Antonio litzake bat. Pombal Markesak asmatu zuen nonbait hiri hau, Napoleonen leinu berekoa zen nonbait: elkar gurutzatzen diren kale artezak, etxe baxu mozkoteak, teilatu berezi bertakoak plaza nagusiaren bueltan… Turista-herria agian, baina espainiar turisten bisita-gunea da batez ere, dendateria da nabarmentzen dena. Belaontziak ibai ertzean.
Motorrarekin alanbre gainekoak egiteko osagarri eta baliabideak antolatzen ari da gizakume bat Pombal plazan. Ikasi dut nola jaso tantai luze bat: oso erraz, 3 tirante eta txirrika batekin.
Errepide zabal eta zoru berdinekoa, arteza eta erosoa, gertatu du Sto Antoniok Monte Gordoraino: interesak tarteko, berehala bihurtzen dira autobide mapetako errepide zuriak zein horiak. Bi aldiz gertatu zaigu trenbide-pasagunean gelditu beharra: bi bagoitzarreko trenak izan dira, goizekoak dozena erdi bidaiari zeramatzan altuenez, bazkalostekoak bat bera ere ez, kanpotik ikusezin, eserlekuetan siesta botatzen ez bazihoazen behintzat.
Banaka-banaka ugari ikusten ari gara bertako gurdiak, ibilian zein etxaurrea dotoretzen, edergarri.
Asko dira gatzagak bai Castro Marinen bai Fuzetan, zabalak, txukun sailkatuak. Batean lehortua zuten uzta, beste batetan lehortze eremuak urez betetzen ari ziren berriro.
115 kilometro, Espainiara artekoak.
Ia freskoa gertatu zaigu 28 graduko hozberoa etxatoiean. Dena da erlatiboa bizitzan eta munduan.
Harea-azpi likinean atzamarka aztertuz bilatu eta jasotzen ditu txirlak herriko jendeak; nagusiak eta emakumeek dabiltza batez ere zeregin horretan. Hainbat eta hainbat dabil itsasbeherak azalean utzi dituen itsas lur eremu berdexka zabalean. Hankapean min egiteraino ugariak dira hondartzan txirla eta antzerako itsaski-oskol hutsak.
Frantses autobuskada edo hegazkinkada heldu da Fuzetara, belarriak eta airea betetzen duten hitz-jarioen arabera. Gaur ez dago ia inor herrikorik hondartzan.
Nola gozatzen duten lur barruko umeek hondartza eta itsasoan.
Ez da zabor eta hondakin bilketa bereizketarik egiten ia Portugal osoan.
Azken kanpaleku honetan, aurreko guztietan bezala, ez da komun-paperik botatzen komun zulora, bilketa-ontzi berezia du komun-gela bakoitzak. Paperik ere ez dago komunetan, norberak eraman behar du: komunera paperik ez botatzeko aholkua zekarren ate osteko papera erabili du norbaitek garbiketarako.
Lehenengo aldiz ikusi dut gazte bat buruko-ilea egiten, komunetako konketa aurrean zegoen, burua busti eta bizarra egiteko tresnarekin egin du; buru gain-gainekoa falta zitzaion: gaztea noiz ikusiko nago orain, ia buru osoa egin duen ala gandorrik utzi duen jakiteko.
“Oroituz”. Jon Arretxe.
Indiako lurretan dabil eleberriko bidaztia bizitzaren nondik norakoari erantzun nahirik. Aurre-aurrean, hondartza ertzean, ibaira sarrerako moilatik bertan, urez kanpoko jauzia egin du bete-betean ikusi ahal izan dudan harra beteko arrain batek eltxoren baten bila seguruenik; hegazti zuri burubeltzak ur barrura egiten dute maiz jauzia, harri-bola bailitz arrain bila segur aski; ehunka karakolilo edo magurio edo karrakela luzexka aletxo mugikorrak dira hondartzako ur-ertzeko azalenean zerbaiten bila; herriko zakur zurtzak batengandik bestearengana doaz, sarri alboan jartzen zaizkigula, ugazaba baten bila, norbaitek zer emango edo gutxienez kasu egitea eskatuz, sarri ez dakigula zein den txakur ugazabaduna eta zein zurtz; hondartzako gizakiok, berriz, lasaitasuna, belzturaren itxura osasuntsu zein dotorea, edo auskalo zer nahi dugun eguzkitako egun beroan edo itsasoko bustian.
Denok gabiltza zerbaiten bila, bizitza zerbaitez elikatuz beharrez.
Uztailaren 7a. Asteazkena. P:37
S.Fermin eguna, Iruñeako jai egunak, sanferminak: lege oro iraultzen den eguna Iruñean, egun akratak, inhibizioak uxatzen diren egunak, nahiz alkoholaren laguntzaz, legeak agintzen ez duen egunak, arauz kanpo bizitzekoak... Riau-Riauean agintari eta politikoak, apaizak eta santuak, publikoki iraintzera Iruñara pozik joango nintzaken eguna.
Huelvako egonaldia hausnartu eta prestatzen ari naiz atzo ezkero. Beraz bukatu zaigu Portugalekoa, mugaz bestaldera aldatzen hasi zaigu jadanik interesgunea.
Ez dugu fado bat bera entzun inon. Ez irratian, ez tabernetan, ez jatetxeetan, ... agian musika gutxi entzuten delako Portugalen.
Azken ibilia Portugalen. Mapa erabat marraztu dugu jadanik eginiko ibilbidez. Oraindik bi aste luze geratzen zaizkigun arren Huelvan, etxeratzen goazen sentipena bizi dugu.
Zoragarri daude eguzkiak txingartu aurretik lautada zein mendebaldea. Agur esaten diegu.
Faroko etxetzarrak eurak ere ez dira handiak urrutik begiratuz.
Ez dirudi atzerritarrek negoziorik dutenik hemen, Mediterraneoan edo Kanarietan bezala.
Boliqueime. bihurri xamarra, kolorgetua eta luzea, edertu nahizko berrikuntzetan sartua.
Zuhaitz asko dago gaurko ibilbide osoan, landuak daude zuhaitz azpiotako lurrak: algarroboa, olibondoa, almendrondoa, pikondo ugaria... Dotoretxoak ikusten dira bere idorrean ere lau etxeko herritxoak. Lurretik bizi den jendea dirudi, landuak eta zainduak daude herri inguruko lurrak. Landetxe ederrak, hormaz eta hesiz babestua jabegoa...
Cerca Velha. Gurpil handiko gurdi pintatuan doa nekazari bat, xume jantzia bera, mulua berriz uhaleri dotorez apaindua.
Tomate saila madariondoekin batera!.
Paderne. Lur barruko herri petoa, kale bihurriak aldats leunean, galtzadarrizko zorua herri orok bezala, plazatxo txiki txukuna. Kolorgetu samarrak daude etxeak, bere ohizkoan, urteen egunerokoan egon izan diren bezalatsu, ez turistei deika edertuak, zurituak edo pintatuak. Eliza argia, gustagarria gertatzen zaizu sartuaz bat, txikia arren kapitel landuko 16 zutabe harrizko ditu; 3 nabekoa, bere aldare eta bankuteriarekin nabe bakoitza, 3 eliza ezberdin bailitzaz; arku harrizko manuelino kiribildua presbiterioan, erretaula nagusia eta alboko aldare bat iparraldean ikusi genituen antzerako barroko urre kolore ilunekoak: bidaia hasieran izan genituen aldareak ditugu beraz despedidarako; zur urdineko sabaia, inguruko eliza orok bezala; bataio-kaperak bi zulo, arnasbide edo tximinia ditu: ez diogu antzik ematen zertarako behar zuten izan, sua egiten zen bertan eliza berotzeko edo sinagoga batean ikusi genuen antzera bozgorailu edo ahots-tutuak ziren.
8 safari-jeepek hartu gaituzte erdian bidegurutze batean: aspertu aurpegiko gaztez beteta zihoazen.
Pistaz pista egin dugu bide-sail bat errepide galipoztaztua safari zaleei utzita. Nekazari gune bakartietatik. Zuri-zuriak dira nekazal etxeak lur idorrean, inguruak ostera ez daude batere zainduak. Harri-bola piloa atera dute zuhaitz arteko lurretatik eta ertzetan pilatu multzoka zein ilaran, lurra landu ahal izateko edo zuhaitzon uzta erosoago jasotzeko. Lehen aitatutako zuhaitz mota oro da hemen ere, denak nahasian.
Zergatik ez dira herriak zaindu eta edertzen herrikoentzako soilik. Herritarrak ez al du merezi kanpotarrak haina. Kanpora ateratzeko dotoretzen gara geu ere, etxean gurekin bizi denak kalekoak haina mereziko ez balu bezala.
Alte. Mendi magaleko herri piku potxoloa. Herri osoa dago zainduta; etxetxo baxuek, ohi denez zuriak, ez dute ezer berezirik baina halako sentipen gustagarria sortarazten dute, ikuspegi atsegina eskainiz. Kale bihurriak, mailadiak tarteka batetik bestera igotzeko, zoko politak. Merezi du bisita egitea baita kale arteko ibilitxoak ere. Bisitari eta turista asko datorkio dendateria eta jatetxeei erreparatuz, baina ez da lourdes, ez dago kinkila-dendarik. Manuelino ederra da. Ur elizako atea
Inguruko baselizak berriz lauburu peto-peto euskalduna du fatxadako bekokian.
Harrizko esku-soinu erraldoia: eskultura bitxia plazatxo batean, bada nonbait musikariren bat herrian.
Ogiaren jaialdia egiten dute: bertako jaialdi petoa da, edo bisitariak erakartzeko asmatu dute.
Goizeko 11etarako herriko txakur denak, asko dira hemen ere herri orotan bezala, hankaluze bere burua itzalean botata daude kaleko edonon.
Emakume nagusi bat da herriko kale-garbitzailea: “Conservador de ambiente” jartzen du buzo berdeko bizkarraldean. Zinta beltzez inguratutako lastozko kapela darama buruan.
Caldeirao mendikatea. Bertaratu ahala soiltzen joan da mendia, betiko txara bilakatu da azkenez. Gainez gain, ia geu bakarrik errepidean, gidaritza eta ibilgu atsegina da. Garbituta daude tarteka basoak, olibondoa birlandatu nahi dute magal pikoetan. Mendialde atsegina, mendi gainalde batean gabiltzan sentipena dut berriro, goietako lautada batean, mendiarteko bailarak zeharkatzen ditugun arren. Mahastiak, arto-sailak, agertu zaizkigu, baita makal sail bat ere. Tarteka emakume nagusiren bat guardasolarekin gerizpeginan bere buruari. Gizakumeek sonbrerua daramate, baina ez dabil beltzez jantzitako kristaurik, Iparrean bezala.
Aguas frias, Sitio das aguas, ... “agua” hitza daraman hainbat herri ageri da errepide-gurutzetako norabideetan: agian ur asko dute, olibondoak ere ureztatu ahal izateko haina.
Salir. Goi batean kokatutako herria, gazteluaren hondakinak tontor batetan, alboko tontor garaiagoan eliza, baina garaien ur-biltegia, erraldoi, habi beltzak nabarmentzen zaizkiola horma zurietan. Talaia paregabea da eliza, behatokia inguru oroko ikuspegia eskainiz, ur-biltegia berriz katakien habia lekua. Lorategi atsegin bat tontorreko mendebalera, bi palmondo garai nabarmentzen zaizkiolarik. Ohi denez, herriko goi aldea, kale estuak beherantz, erabat utzia dago, ia eroria, bertan bizi direnak txirotasun ukaezinean bizi dira, itxurari begiratuz behintzat, hemen ere beheko etxe berriagoetara aldatu zen biztanleria. Behe zatiak ere aspaldikoa izan behar du, harrizko ate eta leihoak baititu.
Emakumea zen herri honetako kale-garbitzailea ere, lan-jantzi berdedun nagusia; ez zeraman lastozko kapelarik, ezta ere “Conservador de ambiente” iragarkirik. Deiturarekin batera soldata ere hobetzen badiete tira!. Izenak berez eragin guti du: kartzelan presozainei “funcionario” kategoria jarri zieten gure garaian, baina lehen bezain ”carcelero” anker izaten jarraitu zuten.
Mezquita herriarekin egin dugu topo, Sinagoga aurkitzea falta zaigu orain.
Iparrean ez bezala, hemen lora asko dager etxaurretan, etxe-buelta alaiak dira. Andaluziako etxeen jitea dute.
Adreilu edo teila fabrika handia, agian bai teilak bai adreiluak egiten dituzte.
Txara bihurtu zaigu berriro mendia.
Erabat berritu dute Louletik Salir-erainoko errepidea. Errepide zuria da mapan, zabala eta erosoa erabat lurrean. “Ze interesek eraginda?”, galdetzen genion biok elkarri; berehala izan dugu erantzuna: mendi magaletan txalet eta etxetxo dotoreak hasi dira ugaltzen, Louléko aberaskilen txalet-toki bihurtzen ari da ingurua, segur aski dirudun, etxegile eta bankuen espekulazio-gai.
Loulé. Hiri zabala, handia, inguruko handiena, zerbitzu hiria, erosketa hiria, etxe garaiko alderdi berri zabalarekin. Bihurri eta aldrebes samarra da alde zaharra, zaharkitu itxurakoa, baina bitxikeria bat du: erabat erabilia dago, ez bizitoki bezala, saltoki bezala baizik: behe solairu oro da denda, bulego eta artisauen lantegia. Nabari zaio merkatal hiria dela, denda eta biltegietan zaio nabari. Hiribildua izana, ondo zaindutako harresi zati batzuk eta ate bihurri bat gelditzen zaizkio. Merkatu plaza arabiar arku eta burdinazko egituragatik oso deigarria bada, ederragoa da barruko ortuarien eskaintza oparoa. Harrizko iturri zabala, lau tutuetatik ura erruz dariola. Miserikordiako elizak ate manuelino ederra du, argazkia atera nahi izan diogu ikusten dugun azkenengo ate manuelinoa delako; erretaula ere pospolina du, barroko koloretsu bizi eta argia.
Handia behar du izan hiriko futbolzelaiak argi-tantaiek eta foko-txortek diotenez.
Erratzak egiteko antzinako makina ikusi dugu udal museoko sarreran: kriston tramankulua.
Ezberdinak dira hiriko tximiniak, horreo jitea dute, teilaz egindako arnasbideekin eta teilazko ertz kakodunekin.
Asko-asko dira berotegiak Faroko lautadan, plastiko-zuriune zabalak ikusten dira lurralde osoan barreiatuta.
Fuzeta aurretxoan bada umil, ia ikusezin, zubitxo xarmant bat, estua eta arku zorrotzekoa izan behar duena: ez gatzaio hurreratu ez dagoelako autoa non baztertu.
Algarveko eliza denek harrizko gurutze txikiak dituzte kanpoko horma eta ate alboetan.
128 kilometro, Portugaleko azkenak.
62.931 kilometro erakusten ditu kontagailuak: 7.000 kilometro eskas dira Portugalen egindakoak.
Pertsona baten ipurmamiak adinako handiak ditu titiak eguzkitan gerritik gora gorri etzanda dagoen emakume batek. Konplexurik ez du behintzat.
Ibili batez eman diot agurra Portugali, azken argiko ordu magikoan: zerumugako mendi-oste gorritua, izarrak argitzen, Artizarra ñir-ñir, faroak zig-zag, txalupak ilaran ibaian... eta jendea erruz ibili barean edo egon lasaian, gazte zein nagusi, gaugiro gozoan.
Fulbito lehiaketa ere ikusi dut argindar argira, jokalari bizkorrak, bikaina jokoa, jendea erruz, egonalditxoa ere atsegina.
Haizea eta isiltasunaren ondorioz, agian itsasoa bera ere bizi, hareazko hormez bestaldeko itsaso hotsa ozen eta burrunbatsu heltzen da gaur hondartzara.
Bukatu da Portugalekoa.
XVII
Laburpen gisa
Orokorrean:
- Herri pobrearen jitea nabari zaio.
- Zerbait egin eta estrukturak berritu nahian bezala ikusten da: dena da berrikuntza lana.
- Europako diru laguntasuna iragartzen da berrikuntza lan orotan: Europa Batuko plangintza barruko berrikuntza lanak.
Portugaldarra:
- Mozkotea, beltzarana.
- Adeitsua bai dendetan, bai kalean, batez ere zerbait galdetzen zaionean.
- Herri-herriko jendea bai janzkeran bai portaeran, hiri nagusietan ere.
- Auto berri asko erosten ari direla dirudi, autoaren kulturan deblauki sartzen ari zaiela.
- Xume jantzita: ez da ikusten dotoretasun berezirik, janzkera modelo berezi, arraro edo modernorik.
- Oso gizon guti dabil praka motxekin itsasertzean bertan ez bada.
Herriak:
- Oso xumeak, ez dute monumentu edo zer begiratu handirik, ez dira deigarriak, ez zaituzte gelditzera erakartzen.
- Etxe soltez osatuak, bakoitza bere etxe-bueltako lurrarekin, zaindua, baina xume zaindua, Holanda eta Europa enparauko ardura eta gusturik gabe.
- Kale hegaletan luzatzen direnean hartzen dute kale itxura.
- Etxe txaparro asko, baxuak, behe-solairu edo lehen-solairukoak.
- Ate zein leiho bueltak pintatuak daude, okre eta urdinez gehien bat.
- Hainbat herritan jaietarako apainduta daude zenbait kale, nabaria da badela kaleak apaintzeko jokabidea: apaindura xumeak dira, paperez eta eskuz eginiko lora, abar berde ebaki-berri, girlanda eta antzerakoz.
Lurraldeak:
- Alentejo: hiriak, larreak, artelatzak, abere-hazkuntza, olibondoak... berezia!.
- Santaren ingurua: ureztatua, berdea, ortugintza...
- Iparra: zokoena eta garaiena...
-Algarve: turismo bila dabilen herrialde tristea, eguzkia eta itsasoa duena salgai. Espainiako turismo-gunetik alderdi txarrena kopiatzen ari da.
Eliza:
- Oso jainkozalea ikusten da Iparra, agian Korpus eguna tokatu zitzaigulako.
- Iparrean hainbat jende ikus daiteke goiz erdian zein arratsaldea elizan otoitzean, pertsona heldua nagusiki, baina baita gazte jendea ere.
- Herrietan gure umetan gisa egiten dira prozesioak. izugarria izan zen Korpusti egunekoa Viana do Castello-n.
Nekazaritza:
- pertsona helduak dira ia nekazari herrietako bizilagun denak, baita lurretan lanean dabiltzanak ere.
- fruta eta ortuari saltzaile asko errepide ertzetan, batez ere asteburuetan.
- pobrezia itxura hartzen zaie nekazari herri zein biztanleriari.
- lur landu gutxi.
- asko dira utzitako lur landu sailak.
- landu ezineko lursail ugari.
- Alentejora mugatzen da abeltzaintza.
- ibai ertzetan aurkitzen da lur landua: Tajo ertzetan, Santaren...
- Santaren inguruko lurzoru zabalak, berdeak, aberatsak...
- artasoroak dira nagusi.
- baratzak etxe bueltan.
- fruta arbola asko, Iparrean batez ere gereziondoa da nagusi.
- gari gutxi.
- badabil traktorea, baina batez ere kultibadore txikiak, isokarroak eta motortxoak lursailetara joateko zein garraiorako.
- Dehesak, larreak, Alentejon: larreotan artelatza, olibondoa herri inguruetan, artea, tarteka garia eta lurzoru gehienean horitutako belarra.
Zaborrak:
- Ez da zabor hondakinen bilketa berezirik egiten ia Portugal osoan, hiri eta lurralde bakanen batetan ezik. Edukiontzi berdinetara doa zabor ezberdin dena.
- Zarrasteltzera behartuta daude herri pobreak, garestia baita birziklatzea bera.
Mahastiak:
- denean.
- nora saltzen da hainbeste mahats edo non egiten hainbeste ardo, Oporton soilik?.
Eukaliptoa:
- izurritea bezala zabaldua Portugal osoan.
- gizaki pobreek, bere herrian zein atzerrian, inork egin nahi ez duen lana egiten duen bezala, guti eta gaizki ordaindua gainera, inork bere lurretan landatu nahi ez duen zuhaitz mota hau sartu dute Portugalen, lurra kutsatuz, Europarako papergintzarako gaia lortzeko: herri pobreen patua, esplotatu egiten dituzte pobreziaz baliatuz.
Artelatza:
- ugaria da erdialdetik behera.
Errepideak:
- autobide guti.
- hiru bidekoak dira autobide nagusiak, ondo daude eta egin-berriak dirudite.
- nahiko gaizki daude bestelako herri-bide gehienak, batez ere zenbait itsaso-inguruetako pinudi - dunetakoak.
- ahalegin handia egiten ari dira errepide berrikuntzan.
Artea:
- Lurrikarak hondatu zizkion eraikuntza gehienak, ondarerik gabe utziz. Ondoren eraiki ziren eliza eta gainerakook, estilo ezberdinetan.
- Monumentu bakan batzuk berreraiki dira lehen ziren bezalatsu.
- Barrokoa da nagusi elizetan, oso loratua eta urreztatua, askotan urre ilunez-edo ilundua.
- Manuelismoa da Portugaleko arte berezia monumentu nagusietan, manierismoa ere: erabat loratu, dotoretu eta kiribiltzen dute zizel kolpez harria.
Musika:
- Oso guti entzuten da.
- Fadoa ez dugu inon entzun.
Bitxikeriak:
- Komuneko papera ez da komun-zulora botatzen Portugal osoan, ez dakit ohituraz ala urarekin eta iturgintzarekin zerikusia duen zerbaitegatik den.