e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Gipuzkoako 3. Komiki Hezigarrien Eskola-Programako saridunak
Otsailean eman genizuen blog honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Sauré argitaletxearen laguntzarekin antolatzen duen Gipuzkoako 3. Komiki Hezigarrien Eskola-Programaren eta programa horren barruko Ziberkomikiak lehiaketaren berri. Bertan, Gipuzkoan Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan edo DBHko 1. zikloan ari diren ikasleak, komikien bidez eta teknologia erabiliz, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi dira. Zumalakarregi Museoa eta XIX. mendeko Euskal Herria oro har gai duen komiki baten bunbuiloak bete behar zituzten eta gaiarekin lotutako galdera batzuei erantzun.
Ba jada ezagutarazi dituzte irabazleak. Ormaiztegiko San Andres Herri Eskolako LHko 5. mailako Bittor Martin eta 6. mailako Ugaitz Gorostidi, Billabonako Erniobea BHIko DBHko 1. mailako Ainhoa Arruti eta Debako Mendata BHIko 2. DBHko Nerea Agirregabiria dira sarituak, eta beraien lanak online ikus daitezke. Zorionak guztiei!
Sauré euskal komiki-argitaletxea digitalean soilik argitaratzera pasatu da, papera albo batera utziz
Legutioko Sauré euskal komiki argitaletxea digitalean soilik argitaratzen hasi da. Ez dut horren albisterik inon ikusi, baina beraien webgune berrian 7 nobedade berri aurkitu ditut duela hilabete batzuk azkenekoz sartu nintzenetik, eta komiki horiek ez ditut aurkitzen paperezko inongo liburu dendatan, beraz...
Apustu handia, aurrera ongi eramana (DRMa izan ezik)
Egin duten apustua handia da. Egokia iruditzen zait komikietan euskarri digitalaren alde egitea; hala ere, papera erabat uzteko goizegi ez ote da izango agian... Bestela, prezio aldetik bikain egin dute: 5 eta 3 euro artean daude orokorrean, eta laburren batzuk 0,80 euro, paperezko edozein album 15 eurotik gora daudenean. Ongiegi beharbada, errentagarritasuna ateratzeko (egileak, Sauré argitaletxea, AveComics denda... tartean izanda)? Baina, digitalaren eta Interneten abantailak, mundu mailako merkatu globalean sal dezakete, eta euskaraz gain, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ere jarri dituzte komiki guztiak. Bestalde, beraien katalogo propio ia guztia jarri dute bertan salgai lau hizkuntzatan. Beraz, prezio, hizkuntza-aniztasun eta katalogoaren aldetik, chapeau!
Gustatzen ez zaidana komikiak irakurtzeko modua eta komikien formatua da, DRM sistemarekin baitatoz. Hala, komikiak edozein ordenagailutako nabigatzailetik irakur ditzakegu, baina Internetera konektatuta egon behar gara. Eta gailu mugikorretan (iOS nahiz Android) irakurri nahi baditugu, aplikazio bat instalatu behar da, kopien kontrola egingo duena; honekin konexiorik ez dugunean ere irakur ditzakegu komikiak, baina desabantaila nabaria da: komiki-denda ezberdinetan erosten badugu, bakoitzak bere aplikazioa izaten du, eta denak instalatu behar ditugu, liburutegiak aplikazio ezberdinetan banatuta daude... Hobe litzateke erositako komikiak PDF edo CBR formatuan jaisten utziko balute, guk denda ezberdinetako komiki guztiak liburutegi bakarrean antolatu ditzagun eta aplikazio estandarretatik irakur ditzagun nahi dugunean, Interneteko konexiorik ez dugunean ere bai.
Bestela, egia da edozein gailutan irakur daitezkeela (plataforma nagusientzat aplikazioak dituzte eta bestela nabigatzailetik irakur daitezke), erosketa erraza da eta irakurketa erosoa. Nire Android telefono mugikorrean bineta handi batzuen letrak apur bat txiki ikusten dira agian, baina 9 urteko semeak gustura irakurri zuen ordenagailu eramangarrian.
Euskarazko 7 komiki berri
Esan bezala, AveComics webgunean Sauréren ia katalogo guztia eros daiteke formatu digitalean, baina horiez gain azken hilabeteetan euskarazko 7 komiki berri atera ditu Saurék formatu digital hutsean eta bertan salgai jarri. Hauek dira atera dituzten album berriak:
- Zeharkaldi urdina, Txani Rodríguez eta Nacho Fernándezena, Txanoa bildumako 4. albuma
- Goya, Moratharena, eta Douanier-en sagarra, Inge Eguiluz eta Moratharena, Arte Bizia bilduma berriko lehen bi aleak
- Newton eta frutaren bahiketa, Edorta Corpas eta Víctor Araquerena, Newtondarrak bildumako 4. albuma
- Aurrealdeko leihoa, Jansain eta Zerdarena, Compadre bildumako 5. alea
- Itxaropenaren kontinentea, Jose Manuel Carrasco eta Joseba Gomez, Ziklozirku bildumako 3. albuma
- Mapagilea, Amaia Ballesterosena, Gran Angular bildumako 2. alea
Webgune berria eta aurkezpen jardunaldia
Honi guztiari buruzko informazio guztia beraien webgune berrian aurki dezakegu: http://www.ecomic-experience.com/. Gainera, ibilbide berriaren berri emateko eta komiki berriak aurkezteko, aurkezpen jardunaldi bat antolatu dute hil honen 24rako, Gasteizko Ibaiondoko Gizarte Etxean, 17:00etatik 20:45etara. Bertan parte hartuko dute Joseba Gomez, Josema Carrasco, Edorta Corpas, Txani Rodriguez, Nacho Fernandez, Mikel eta Juan Luis de Corcuera, Amaia Ballesteros, Inge Egiluz eta Morathak. Hori bai, gaztelania hutsean...
"Bilboko barrea" jaialdiaren 2. edizioa, irailaren 28tik urriaren 2ra
Irailaren 28tik urriaren 2ra ospatuko da Bizkaiko hiriburuan Bilboko Barrea jaialdia, "umoredun literaturaren eta artearen nazioarteko bigarren astea" deitzen dutena eta umore surrealista izango duena gaitzat. Beronen barruan hainbat mahai inguru, erakusketa, emanaldi, aurkezpen eta sinadura-ekitaldi egingo dira, egile eta pertsonaia ezagunen parte hartzearekin: Francisco Ibáñez, Harkaitz Cano, José A. Pérez, Mauro Entrialgo, Felix Linares, David de Jorge, Elvira Lindo, Pedro Reyes...
Francisco Ibáñezek, Mortadelo eta Filemón komiki-sail ezagunen egileak, jasoko du aurtengo saria, eta martxoan hil zen Juan Carlos Egillor euskal komikigileak ere erakusketa izango du.
Hauek dira egunero egongo diren ekintzak:
- Ezinezko objektuak, Jacques Carelman. Alhóndiga Bilbao, 2011/09/27 - 2011/10/16.
- Eguillor El Correon. BBK Aretoa, 2011/09/28 - 2011/10/09.
- mikrozinema. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02.
- Francisco Ibáñez. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02
- Liburudendak. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02
Bilboko Alhondegiaren komiki-beka, Josep Domingo "Nadar"-entzat
Otsailean eman genizuen Bilboko Alhondegiak antolatutako komiki bekaren berri, zeinaren irabazleak Angoulêmeko La Maison des Auteurs entzutetsuan urtebeteko egonaldia irabaziko baitzuen. Sarian bertako sarbidea, alojamendua eta soldata sartzen dira.
Ba jada jakinarazi dute nor baliatuko duen beka hori: Josep Domingo del Calvario Nadarrek, Papel estrujado lanarekin, urtebetez Anguleman landu, osatu eta amaitu beharko duena. Egilearen beste lan batzuk ere ikusgai jarri dituzte antolatzaileek beraien webgunean.
Zorionak irabazleari, eta jarrai dezala Alhondegiak horrelakoak antolatzen!
Bideo-jokoen industria, interfazeetan aitzindari
- (Elhuyar aldizkariko 2011ko ekaineko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Ordenagailuen sorreratik bertatik ia (enpresa eta etxeetan sartzen hasi zirenetik bai behintzat), teklatua izan zen makina hauen eta pertsonen arteko interfaze nagusia. Beranduago, 90eko hamarkadaren hasieran edo, ordenagailuak eta haien sistema eragileak grafikoz eta leihoz betetzen hasi zirenean, sagua etorri zen teklatuari laguntzera. Eta azken 20 urteotan horiek erabili ditugu ordenagailuari aginduak emateko, ez bada erabilera zehatzetarako (marrazteko taula grafikoak adibidez). Gailu mugikorretan ere halatsu: ukipen pantailan ere teklatu birtualaren bidez edo saguarekin egingo genukeen legez klik eginez elkarreragiten dugu. Ukipen-pantailetako esku-keinuak edo ordenagailu nahiz gailu mugikorretan erabil daitekeen ahots-ezagutza dira azken urteotako berrikuntza bakarrak, eta haiek ere ez dute hainbesteko zabalkunderik izan.
Bideo-jokoetan, iraultza
Bideo-jokoen merkatuan, ordea, asko aldatu da egoera azken urteetan sarrera-mekanismoari dagokionez. 2006an, Nintendok iraultza ekarri zuen ia betidanik teklatua, botoiak eta joystickak erabili ohi zituen mundu honetara, bere Wii kontsola eta WiiMote agintea aurkeztuta. Aginte hau eskuan hartuta, bere azelerometroei esker, 3D espazioan eskuekin egiten ditugun mugimenduak jarraitzeko gai da, eta jokoetan (batez ere kirol edo burrukazkoetan) errealismo handiagoz aritzea ahalbidetzen du. Eta ezaguna da Wiiak izan duen arrakasta, ondoren Sonyk PlayStation Move-rekin errepikatu nahi izan duena (kontzeptu bera, baina mugimenduaz gain posizioa eta distantzia jarraitzeko ere gai dena).
Kontsolen gudako hirugarren agenteak, Microsoftek, iazko azaroan atera zuen Kinect periferikoa bere XBox-arentzat. Hau ez da eskuan edukitzeko aginte bat, webkamaren antzeko zerbait baizik, telebistaren ondoan jartzen dena. Laser infragorrien emisore bat eta sentsore bat ditu, eta haien bitartez jakin dezake bere ikus-eremuan dagoen guztia zein distantziatara dagoen; horrez gain, formak ezagutzeko gai da (eskuak, burua, hankak...). Horrela, jokalariak eskuan edo beste inon inolako gailurik eduki gabe erabiltzen du kontsola: benetako ostikoak jotzen ditu futboleko jokoan, burua alde batera mugitzen du boxeoan kolpeak ekiditeko, besoen benetako mugimenduez jaurtitzen du diskoa... Sentsazio guztiz errealista da. Eta Kinectaren arrakasta ere sekulakoa izan da. Azkarren saldu den gailu elektronikoaren Guinness errekorra du: 1 milioi 10 egunean, 8 milioi 60 egunean eta 10 milioi 4 hilabetean.
Ordenagailuetara jauzi?
WiiMotea atera eta gutxira, hackeatzea lortu zuten, eta ordenagailu batean saguaren rola eginez martxan jarri. Baina honek ez dauka praktikotasun errealik, sagua erosoagoa da, eta, noski, ez da erabilera hori zabaldu. Baina Kinect atera eta ordu gutxira, hura ere hackeatu zuten, atzeranzko ingeniaritzaren bidez (zehazki, Héctor Martín kantabriarrak egin zuen) eta driver libreak argitaratu, libfreenect izenarekin. Eta honekin bai, aplikazio benetan interesgarriak egin zituen software librearen komunitateak.
Hauen adibide batzuk dira posizio-detektagailuak, presentzia-detektagailuak, eskuak airean 3Dn mugituta aritzeko sistemak, gela baten errepresentazio holografikoa egin eta 3Dn bertan mugitzea ahalbidetzen duen sistema bat baino gehiago, zenbait Kinecten bidez ikasgela bateko haurren jokaerak monitorizatu eta arreta-falta edo nortasun obsesibo-konpultsiboaren nahasmenduak detektatzea, itsuei ibiltzen laguntzeko sistemak (oztopoak eta haietatik zein distantziatara gauden detektatuz eta abisuak emanez), roboten ikusmen-sistemak, gorren zeinu-hizkuntza interpretatzeko gai den sistema baten prototipoa eta gehiago... Interneten dauden adibideak benetan harrigarriak dira, eman bueltatxo bat http://kinecthacks.net/ webgunetik! Eta Euskal Herrian ere ari dira hainbat talde Kinecta aplikatzen medikuntzan.
Niri neuri beste aplikazio posible batzuk bururatzen zaizkit: adibidez, erabiltzailea ezagutu eta beste ezeren beharrik gabe saioa hasteko sistemak edo sagua begien mugimenduen bidez kontrolatzea. Agian Kinecta bera ez dago prestatuta aurpegi eta begien formak zehaztasunez detektatzeko, baina kontzeptu bera lerabilkeen gailu ahaltsuago batek etorkizunean halakoetarako aukera emango luke.
Aplikazioak biziki interesgarriak izanda ere, ikusi behar benetan Kinectak ordenagailuetarako jauzia ematen duen eta hura erabiltzen duten aplikazioak eguneroko bihurtzen zaizkigun. Ordenagailuetako sarrera-interfazeetan azken hamarkadetan eman den aldaketarik handiena litzateke. Ez da gauzatu ezinezko burutazioa: ezin da ahaztu haren atzean Microsoft dagoela, eta haren Windows sistema eragilea dela munduko ordenagailuen %90ek baino gehiagok darabiltena.
Microsoftek interes eta behar handia du berrikuntza iraultzaileren bat ekartzeko, azkenaldian publikoak ez baitu ikusten enpresa hau berrikuntzaren ikur gisa: gailu mugikorretan eta Interneten Appleren eta Googleren eskutik etorri dira berrikuntzak, eta ordenagailuetan ere Linux eta Apple izan dira berritzaileagoak. Microsoftek betiko Windowsekin eta Officekin jarraitu du, eta gainera Vistarekin kale egin zuen. Kontsolen munduan berreskuratu du aitzindaritza, Kinecten bidez, eta hura ordenagailuetara eraman nahi duen zantzuak daude: ekainean Kinecterako SDK bat (Software Development Kit edo Softwarea Garatzeko Kita) atera du, nahi duenak Kinecta erabiltzen duten programak egin ahal izateko, eta Windowsen hurrengo bertsioa, Windows 8, Kinectentzako driverrekin etorriko dela dirudi. Hala bada, ordenagailuekin aritzeko moduan aldaketa handiak ikusiko ditugu denbora gutxian. Eta software librearen zaleok ez dugu itxaron beharko gure sistema eragileetan driverrak izan arte: normalean gertatzen denaren kontrara, oraingoan, lehenago izan ditugu driverrok eskura!
Joseviskyren erakusketa Irunen irailean
Gasteizen eta Lasarten izan ondoren, Joseba Larratxe Josevisky komikigilearen "Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria" erakusketak bira amaituko du Irunen. Kabigorri Ateneoan izango da irailean zehar, azkeneko 5 urteetan Matraka, Nabarra eta Aldiri aldizkarientzat eta KKLRD webgunerako egindako komikien aukeraketa batekin.
Bide batez, erakusketaren amaiera ekitaldian, irailaren 28ko arratsaldeko 8etan izango dena, Izan eta ukan komikia aurkeztuko da, aipatutako KKLRD webguneko 2. komikia.
Tabary hil da
Herenegun hil zen, 81 urte zituela, Jean Tabary komikigilea. Pilote aldizkariko kolaboratzaile ohikoa eta hainbat pertsonaiaren sortzailea, batez ere Goscinny gidoilariarekin sortu zuen Iznogud pertsonaiagatik da ezaguna, Kalifaren tokian Kalifa izan nahi zuen Bisir gaiztoa. Galera handia komikiaren munduarentzat.
Bilatzaileak ere sare sozialen arrastoan
- (Elhuyar aldizkariko 2011ko maiatzeko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
1998. urtean, Altavista, Lycos, Yahoo eta beste batzuk nagusi ziren bilatzaileen munduan Google hasiberria sartu zen; eta nola sartu, gainera! Jan egin zituen beste guztiak. Horren arrazoien artean indexatuta zituen webguneen kopuru handia eta azkartasuna zeuden, baina arrazoi nagusietako bat, zalantzarik gabe, emaitzak ordenatzeko bere PageRank algoritmo iraultzailea izan zen, besteek baino emaitza nabarmen hobeak ematen zituena, eta geroztik guztiek erabili dutena.
Ordura arteko ordenatzeko algoritmoek ez zuten ongi funtzionatzen. Orrien edukiaren arabera erabakitzen zen zein ordena izango zuten emaitzetan (bilatutako hitza zenbat aldiz agertzen den orrian, ea izenburuan agertzen den...), edo bilatzailearen jabeak berak egokitzat jotzen zituen webguneen arabera. Googleren PageRank algoritmoa izan zen, nolabait, lehen algoritmo sozial edo demokratikoa. Beste webgune batzuek zenbat eta gehiago estekatu orri bat, orduan eta hobeagotzat jotzen da hura emaitzetarako. Egia da ez dela soziala gaur ezagut dezakegun moduan; hau da, ez dira azken erabiltzaileak orri baten garrantzia erabakitzen dutenak, beste webgune batzuen egileak baizik. Baina garai hartan Interneten ez zegoen apenas interakziorik; erabiltzaileak kontsumitzaile hutsak ziren. Webguneen egileak kontsidera daitezke, nolabait, orduko erabiltzaile aktiboak, eta haiek esateko zutena kontuan hartzen zuen PageRank-ek.
Erabiltzaileak kontuan hartuz
Arrakasta gorabehera, Google ez zen lokartu, eta, emaitzen ordenaren garrantziaz jabetuta, ordenatze-algoritmoetan hobekuntzak sartzen eta aitzindari izaten jarraitu du. Ordenatze-algoritmoan beste faktore batzuk integratuz joan da, horietako bakoitzari pisu ezberdina emanez. Eta faktore horietako batzuk erabiltzaileen ezagutza kolektiboaz baliatzen dira. Adibidez, ordenatzerakoan, Googlek kontuan hartzen du berak itzulitako emaitzetako bakoitzean zenbat aldiz egin duten klik erabiltzaileek.
Duela pare bat urte, erabiltzaileak emaitzak bere gustura berrordenatzeko aukera gehitu zuen Googlek, emaitza bakoitza gorako eta beherako botoi gezidunen bidez tokiz aldatzea ahalbidetuz (erabiltzaile erregistratuei soilik, eta aukera hori aktibatzen bazuten). Informazio hori, erabiltzaile horren hurrengo bilaketetan erabiltzeaz gain, edozein emaitza ordenatzeko ere baliagarria zen, noski.
Esadazu norekin zabiltzan...
Hala ere, jende gehienak gauza bat atsegin izateak ez du esan nahi geuk ere hori atsegingo dugunik. Adibidez, scorpions bilatuta, heavy metaleko taldearekin zerikusia duten emaitzak eta animaliarekin zerikusia dutenak agertuko dira; emaitzak hobetzeko jendeak non klikatzen duen edo zein emaitza bidaltzen dituen gora kontuan hartuz gero, oso litekeena da musika-taldearenak gorago agertzea. Biologoak bagara, guk nahi ditugunak han behean galduta geldituko dira... Hau da, jakintza kolektibo bereizi gabea kalterako ere izan daiteke kasu batzuetan.
Baina esaerak dioen bezala, "esadazu norekin zabiltzan eta esango dizut nor zaren". Gure inguruak definitzen gaitu. Eta gure zaletasuna biologia bada, gure sare soziala osatzen duen jende askorena ere izango da, ziurrenik. Hori aprobetxatzen du Googlek martxan jarri duen azken hurbilpen sozialak. Sare sozialetako konbentzioari jarraiki, emaitza bakoitzaren ondoan "+1" botoi bat jarri dute (aukera aktibatzen duten erabiltzaile erregistratuentzat), emaitza hori atsegin dugula adierazteko. Eta informazio hori erabiliko da gure sare sozialeko jendearen emaitzetan (gure GMail, GTalk eta Google Buzz-eko kontaktuetan dugun jendearenetan). Hau da, scorpions bilatu ondoren gure kontaktu batek eskorpioiaren (animalia) inguruko orri batean "+1" egin badu, guk hori (edo emaitza berak edo antzekoak ematen dituen beste zerbait) bilatzean, orri hori nabarmenduta agertuko zaigu.
Oraindik ikusi beharko da aukera berri hau benetan baliagarria den eta gure bilaketa-ohiturak aldatzen dituen edo, beste askotan gertatu den bezala, tiradera batean bukatzen duen esperimentu hutsa izango den. Horretan zerikusi handia izango dugu internautok, botoi hori benetan erabiltzen hasten bagara bihurtuko baita baliagarri. Ikusi behar zein jarrera hartzen duen jendeak. Batzuek ez diote inola ere lagundu nahiko munduko enpresa aberatsenetako bati; beste batzuek alferkeriagatik ez dute erabiliko... Baina lagunekin informazioa sare sozialetan partekatzeko joera gero eta handiagoa da; eta erabiltzaileei lagunekin gauzak partekatzeko modua dela eta horrela lagunei laguntzen diegula ikusaraztea lortzen badute, etorkizuna izan dezake.
"Les Godillots", Markoren album sail berria
Xabiroi aldizkariko kolaboratzaile Marko Armspachek (@gatobazka Twitter-en) album sail berri bat hasi du Frantziako merkatuan, Les Godillots. Lehen album honek Le Plateau du Croquemitaine du izenburua.
Sail berri hau ere lehenago Agence Barbare lau albumeko saila egin zuen gidoilari berarekin egiten ari da, Olierrekin alegia.
Maiatzean atera berri da albuma, eta jada sari bat lortu du: BDécines jaialdiaren 12. edizioko album onenaren saria, hain zuzen ere. Eta kritika onak jasotzen ari da gainera.
Album honez gain, Marko nekaezina beste gauza anitzetan dabil azkenaldian: E-Zapbook bloga du martxan, Le crochet à nuages albuma atera zuen urte hasieran Dargaud argitaletxea eta Geo aldizkariarekin, Egunero Bat webgunean umorezko marrazki bat egiten du egunero...
Zorionak sariagatik, Marko, zorte on bilduma berriarekin eta segi mila gauza interesgarriok egiten!
Joseviskyren komiki-erakusketa
Joseba Larratxe Josevisky komikigileak, duela gutxi hemen aipatu genizuen KKLRD online komikiaren egileak, erakusketa jarriko du Lasarteko Jalgi kafe-antzokian.
Uztailean zehar, Matraka, Nabarra eta Aldiri aldizkarientzako Joseviskyk egindako komiki eta zintak izango dira bertan ikusgai, eta baita aipatutako KKLRD webgunerako egindako komikia ere.
Aukera ederra komikigile honen lana ezagutzeko.