e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Donostiako VIII. Komiki-Jardunaldiak
Urtero bezala, Donostiako Komiki Jardunaldiak antolatu ditu zortzigarrenez Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, eta horren karira hainbat komiki-erakusketa izango ditugu ikusgai urriaren 29tik aurrera. Batetik, Pulp Visions izenekoa, Vicente B. Ballestar-i eskainia, Okendo Kultur Etxean egongo da abenduaren 10a bitartean; bestetik, Euskadi Fantastikoa VII zikloaren barruan, aurten Ederra eta Piztia izenburupean Arantza Sestayori eta Rober Garayri dedikatutako erakusketak egongo dira, Udal Liburutegi Nagusian azaroaren 12ra bitartean eta Príncipe Zinemetan abenduaren 4a bitartean hurrenez hurren. Ondoren duzue egile eta erakusketa bakoitzari buruzko informazio gehiago, jardunaldien webgunetik hartutakoa. Ikustera joan sin falta!
Vicente B. Ballestar
Modernoa izatea, moderno izatea bilatu gabe. Espazio-denboran azken modan egoteko gaitasuna. Vicente B. Ballestar (Bartzelona, 1929) ilustratzailearen lanak komikiaren eta fantasiazko eleberrien urrezko garaira eramaten gaitu, baina irudiak gaur, XXI. mendean, eginda daudela dirudi, gaur egungo artista askorengan eragina duen "retro" joerari jarraiki. Ballestarrek egindako ilustrazio ugarien estetika pertsonalak bestelako zirrarak bilatzen dituen publikoak hainbeste miresten duen vintage looka elikatzen du.
Ballestarrek Lonja Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen Luis Muntané margolariarekin. Ondoren, Baixas Akademian irakasle lanetan aritu zen J. Lahosarekin batera. Margolari bikaina izan da beti eta horrela egiaztatzen dute Pulp Visions izeneko erakusketan biltzen den lan grafikoaren oinatzek. Kataluniako akuarelaren maisutzat jo izan dena –50eko hamarkadatik Kataluniako Akuarela Elkarteko kide da– Espainiako eskualde guztietan egindako erakusketa ugaritan parte hartu du, baita bestelako herrialde askotan egindakoetan ere, adibidez, Italian, Frantzian, Mexiko edo Kolonbian. Bere ibilbide oparoan hainbat eta hainbat sari jaso ditu. Bestetik, liburu didaktikoak ere idatzi ditu argitaletxe ezberdinentzat: Planeta eta RBA (Espainia), Watson-Guptill (AEB), Edition Michael Fischer (Alemania), Bordas (Frantzia), Hernous Forlag (Danimarka), Parramón (Espainia), Cantecleer (Belgika)...
Nazioarteko ilustrazioaren arloan izen ona eta arrakasta lortu duen artista honek hainbat eleberri eta argitalpenen azalak egin ditu, beldurrezko, zientzia-fikziozko edota western generoekin lotuak gehienak. Pulp Visions erakusketak akabatu ezin hobeagatik eta argitasun estetikoagatik izugarri boteretsuak diren irudiak jasotzen ditu, bere garaian John Sinclairren liburuak aurkezteko edota beldurrarekin eta misterioarekin lotutako goiburuak aurkezteko egindakoak.
Pulp Visions pintura eta ilustrazioa maite duten guztiei zuzenduta dago, ez bakarrik fantasiaren generoko jarraitzaile amorratuei. Bertaratzen direnek Vicente B. Ballestarren jatorrizko lanak ikusteko aukera izango dute, gauza izugarri zaila egungo garai digitalean. Izan ere, gaur egun ez da erraza, ezta ohikoa ere, marrazkilariaren teknikaz eta pintzelkadaz inolako artifiziorik gabe disfrutatzeko aukera izatea, nahiz eta ezinbestekoa izan artea interesatzen zaion ororentzat. Mundu honetan dauden beste mundu batzuk sekulako dotoreziaz islatzeko gai den artista honen jatorrizko lanaz gozatzeko aukera paregabea izango dute generoaren eta istoriotxoen zaleek.
Bada ordua gizon irudikor honen lanari omenaldia egiteko, bere lan paregabea gogora ekartzeko, eta horrek osteko sortzaileengan izandako eragina aintzatesteko.
Urriaren 29tik abenduaren 10era, Okendo Kultur Etxea
Arantza Sestayo
Sestayoren obra bakarra ikustea nahikoa da artista honek marrazkietan eta koloreetan erakusten duen birtuosismoaz jabetzeko. Bere ilustrazioen errealismoak harrapatu egiten gaitu, eta erretratatzen dituen elementu guztiek edertasuna eta poesia islatzen dute.
Besos Malditos ilustrazio-liburu ezagunaren egile den honek komikiaren munduan, haurrei zuzendutako ilustrazioan eta animazioan ere lan egin du. Gizakiaren irudia guztiz menperatzen du, eta xehetasun harrigarriarekin ezin hobe erretratatzen badaki, arkatzak edo kolore zoragarriak erabiliz.
Urriaren 29tik azaroaren 12ra, Udal Liburutegi Nagusia
Rober Garay
Ezinezkoa da egile egonezin honen lana lerro gutxitan laburtzea, hainbat mundutan aritzen baita: komikia, ilustrazioa, diseinu grafikoa, taula-jokoen garapena, kartelak, antzerki-eszenografia...
Gorea, umore mardula eta splatterra gogoko ditu, eta askotan erabiltzen ditu bere lanetan, komikietan gehienbat. Komiki horietan jaio dira, hain zuzen ere, sailkaezinak diren hainbat pertsonaia: Manurro, Kaoporrex kapitaina, Puto, Txotxolo...
Egun, ahal duen moduan moldatzen da eskuartean dituen proiektuak burutzeko: En Busca del ídolo de bronce Bermeoko hiribilduaren historiari buruzko album historikoa (oso lan zehatza eta dokumentatua), El Correo egunkarian argitaratzen den Roque Star komiki-saga (185 aste daramatza) eta sorkuntza grafikoarekin lotutako milaka lan.
Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Príncipe zinemak
Mikel Valverderekin solasaldia
APIE-EIEP Euskal Irudigileen elkarte profesionalak (webgunea gaztelania hutsean) antolatuta, Mikel Valverde euskal komikigilearekin solasaldia izango da (bere bloga) Gasteizko Zuloa liburudendan, datorren larunbatean, urriak 29, 12tan.
"La ruta de Joyce" erakusketa Donostiako FNACen
La ruta de Joyce erakusketa, zeinak Alfonso Zapicoren Dublinés albumaren (James Joyce-ren bizitzan oinarritutakoa) sorkuntza prozesua azaltzen duen, Donostiako FNACen (Loiola kalea, z/g) izango da urriaren 21a bitarte. Ez galtzekoa.
Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
Joan den ostegunean, Steve Jobsen heriotzaren berria zabaldu zenean, komunikabideak, sare sozialak eta Internet osoa dolu mezuz bete ziren, gizon handi bat hil zela esanez eta bere figura goraipatuz. Hori ikusita, bera eta berak egindakoak batere mirestekoak ez direla pentsatzen dugun batzuk ere saiatu ginen gure mezua zabaltzen sare sozialen bidez, baina oihartzun gutxi eta kritika askorekin. Joxe Arantzabalek, adibidez, esan zuen "arinkeria galantak" entzuten ari zela Jobsen aurka. Ez dakit zehazki nik esandakoei buruz ari zen, baina izan zitekeen lasai asko, ez bainintzen moztu Jobsez pentsatzen nuena esatean...
Suposatzen dut jende askori arinkeria iruditzen zaiola norbait hil berri denean hartaz gaizki esaka aritzea, baina nire iduriko zurikeria da bestela egitea horrela ez bada pentsatzen. Fraga edo Aitasantua ez ditu heriotzak hobeak egingo, eta ez dut uste horiek gizatxarrak direla pentsatzen duen inor, hiltzen direnean, berauek goresten hasiko denik... Beraz, zergatik jokatu beharko genuke ezberdin kasu honetan, Jobsek mirestekorik ezer ez duela pentsatzen badugu?
Bestela, arinkeria kontsideratzeko beste arrazoi bat izan liteke ez genuela arrazoitzen zergatik iruditzen zaigun hain gaiztoa Steve Jobs. Eta horretan arrazoia izan lezake, izan ere twitter-eko 140 karaktereek ez baitute argudio askorako tokirik ematen (baina orduan, arinkeria bera da "gizon handi bat hil da", besterik gabe, esatea, gehienek egin zuten bezala). Alabaina, Jobsen detraktoreoi, miresleei ez bezala, ez ziguten telebista, irrati eta prentsan minutu eta lerroak eskaini gure jarrera azaltzeko... Eta ez digute eskainiko, komunikabide tradizionalak sinistuta baitaude iPad-a eta applezaleen ordaintzeko ohitura direla beraien negozioaren azken salbabidea (eta gainera kazetarien mundua beti izan da maceroa). Beraz, gure blog xumeak dira geratzen zaigun adierazpide bakarra. Artikulu honetan azalduko dut zergatik ez ditudan Jobs eta Apple batere maite.
Hori bai, azalpenok zuzenduta doaz euskal munduko jendeari (badakizue zer esan nahi dudan, jende ezkerrekoa, alternatiboa, askatasunen aldekoa, kausa txikien defendatzailea, antisistema, euskaltzalea... orokorrean horietako ezaugarri bat edo batzuk betetzen duen jendea). Izan ere, nire argudioek bestelako jendea (eskuinekoa, kapitalista...) ziurrenik ez dute konbentzituko. Horiek Jobs mirestea normala iruditzen zait, baina beti harrigarria iruditu zait euskal munduko hainbeste jendek Steve Jobs eta sagartxoaren konpainiarengatik sentitzen zuen admirazioa. Beste alor batzuetan inola ere bultzatuko ez lituzketen balore eta printzipioak, informatikaren kasuan, liluratuta dituzte. Bihoazkie horiei azalpenok, ea bat edo bat iritziz aldatzea lortzen dudan.
Diseinua eta marketina, baina teknologikoki meriturik ez
Jobsen asmakizun miragarriek mundua aldatu omen dute, komunikabideei kasu egiten badiegu: leihodun interfazeak, sagua, iPod-a, iPhone-a, iPad-a... Baina nik ez nieke asmakizun deituko horiei: baziren leihodun interfazeak Macintosh-aren aurretik, baziren saguak Macintosha-arenaren aurretik, baziren mp3 erreproduzigailuak iPod-aren aurretik, baziren internetdun smartphoneak eta ukipenezko pantailak iPhone-aren aurretik eta baziren tabletak iPad-aren aurretik. Teknologikoki, beraz, Jobs eta Applek ez dute egozten zaien meriturik. Aitortu behar zaiena da oso onak direla ideiak kopiatzen, diseinu erakargarri bat ematen, marketina egiten eta arrakasta izaten. Arrakasta horrek eraman du konpetentzia gauza bera egitera, gailu mota horiek gehiago popularizatzera eta, egia da, jendearen ohiturak eta mundua (lehen mundua behintzat) aldatzera. Ez da meritu makala, horrelako gauzak meritutzat badituzu. Baina horiek al dira miresten ditugun baloreak? Ona izatea kopiatzen, diseinu politetan, marketinean eta arrakasta izaten? Hurrenez hurren, klaseko kopiatzailea, haute couture, anuntzioak eta Belen Esteban miretsiko bagenitu bezala da...
Kontrol erabatekoa
Appleren produktuak urrezko kaiola bat dira. Politak, erabilterrazak, baina beraiek uzten dizutena soilik egin dezakezu. Beraien AppStore-ko aplikazioak soilik instalatu ditzakezu, beraiek erabakitzen dute zein aplikazio egon daitekeen AppStore-an (erotikoak ezabatzen dituzte, Wikileaks-en aplikazioa debekatu zuten, GKEei donazioak egiteko aplikazio bat ezabatu zuten, beraien aplikazioei konpetentzia egiten diten aplikazioak ezabatzen dituzte...), ia derrigortuta zaude musika, bideoak, egunkari eta aldizkarietarako harpidetzak beraien iTunes-en erostera (portzentaje ederrak kobratzen baitituzte, %30 arterainokoak), baldintza drakonianoak jartzen dituzte iTunes-en bidez zerbait saldu nahi dutenei, zentsura aplikatzen diete AppStore-ko produktuei, ezin duzu telefonoa liberatu garantia galdu gabe...
Neurri hauetako asko irabazi asmo hutsengatik dira, beste batzuk "gure onerako eta segurtasunerako" omen, beste batzuk ez datozelako bat beraien mundu ikuspegiarekin. Baina onartuko al genituzke gure bizitzako beste arloetan askatasun murrizketarik segurtasunaren izenean, (besteren) diruaren izenean edo zentsuraren izenean?
Elitista
Zaldieroak ostegunean bertan Euskalerria Irratian esan zuen "Jobsek... kendu zien informatika informatikariei eta jarri zuen jendearen eskuetan" (5:20 minutua). Ze gaiztoak gu informatikariak, eta ze ona Jobs! Ba barkatu, baina ez: Jobs Santuak informatika jarri du soilik bere produktu hipergarestiak erosteko gai diren lehen munduko aberatsenen eskuetan, gizateria osoaren %10 edo. Eta informatikari zitalok (edo gutako portzentaje handi bat bai behintzat), Software Librearen mugimenduaren alde ari gara, benetan informatika jende guztiaren eskuetara eraman dezakeen mugimendua.
Izan ere, Appleren edozein produktuk (ordenagailuak, iPhoneak, iPadak...) gauza bera egin dezaketen eta Applerenak ez diren pareko produktuen bikoitzetik gora balio dute (kasu askotan, esango nuke 4 eta 5 aldiz gehiago ere balio dezaketela). Nik aluzinatu egiten dut ikusten dudanean euskaldun jendea, ezkertiarra eta antisistema, Audi kotxe bat ez lukeena inoiz erosiko ez diruagatik baizik eta printzipioengatik, 600 euro gastatzen telefono baten!
Itxitasunaren eta diru nahi aseezinaren eredu
Toki askotan esan dute Jobs izan dela informatikaren historian eragin handiena izan duen pertsonaia. Putza! Informatikaren mundua ezagutzen ez dutenek soilik esan dezakete hori, informatika tontoentzako jostailutxoak besterik ez direla uste dutenek. Erran nahi baita, informatika etxeko erabiltzaileentzako ordenagailuak eta telefonoak baino askoz gehiago dela: zientzia eta teknologiako ikerketan erabiltzen diren superkonputaziorako ordenagailuak daude, Interneteko web zerbitzariak, makina eta gailuak kontrolatzen dituzten sistema eragile eta programak... Horiek gabe mundua ez litzateke inondik inora gaur ezagutzen duguna. Eta badakizue zein den Appleren presentzia edo influentzia horietan? Zero. Nada. Niente. Nothing. Rien. Informatikaren historia izen handiz beteta dago, zeintzuk gabe Steve Jobsek ezin izango zukeen egin egin duena: Alan Turing, Brian Kerninghan, Alan Kay, Edsger W. Dijkstra, Claude Shannon, atzo hil zen Dennis Ritchie... Eta azken urteetara mugatzen bagara, Tim Berners-Lee (webaren asmatzailea), Linus Torvalds (Linuxen sortzailea) edo Richard Stallman (Software Librearen mugimenduaren sortzailea eta GNU C konpilatzailea eta Emacs bezalako programen sortzailea) askoz eragin handiagokoak izan dira nire ustez. Eta hori guztia printzipioetan ere Jobsen antipodetan daudelako. Hauek beraien asmakizunak patentatu eta aberasteko garesti saltzeari ekin izan baliote, weba ez litzateke existituko, edo ez gaur egun ezagutzen dugun bezala, webgune bat egitea eta ostatatze bat ordaintzea ez baitzen edozeinen eskuetan egongo. Eta ea nork erosiko zukeen iPhone bat, webik gabe!
Harroa
Steve Jobsen adierazpenei harrokeria darie sarri, konpetentziarekiko mespretxuz eta nagusitasunez hitz egiten du askotan: "pornoa nahi baduzu, erosi Android bat", "ez dugu Kindle-killer bat egingo jendeak jada ez baitu irakurtzen", "Microsoften arazoa da ez dutela gusturik", "Microsoftekin dudan arazoa da 3. mailako produktuak egiten dituztela"... Eta bere keynoteen telepredikatzaile kutsuaz zer esan... Bizitzako beste arloetako adibideekin konparatzen jarraitzeko, ez dut uste Berlusconi eta Aznarren harrokeria direnik guretzat eredu, ez?
Irudi publikoa soilik?
Hemen kritikatu ditudan jarrera eta ekintzak, ez dakit zenbateraino diren Jobsenak eta zenbateraino Applerenak. Izan ere, zaila egiten zait pentsatzea asmatutako produktu guztiak, hartutako erabaki guztiak, zuzen nahiz oker, pertsona bakar baten gauza direnik; enpresa handi bat dago hor atzean, besteek ere izango zuten parterik... Badaude ahotsak diotenak Jobs irudi publikoa besterik ez zela, beste batzuek diseinatu zituztela produktu guztiak eta bera saltzailea zela soilik. Ez litzateke harritzekoa ere, marketinean oso trebeak direla ezin baita ukatu. Hala balitz, nahi gabe izanik ere, Jobsen heriotza marketin operazio bikain horren azken kolpe aparta izan da, dohaineko publizitate mordoa eman baitie mundu osoko komunikabide guztietan. Edonola ere, ez dut teoria honen alde eskua sutan jarriko. Ukaezina da Jobsek sortu zuela Apple enpresa, egoera onean egotetik ia porrot egin zuela egon ez zenean eta itzuli ondoren berriz ere gora joan zela munduko enpresa garrantzitsuenetako bat izateraino, beraz zerbait egingo zuen Jobsek. Hala ere, niretzat ez du hainbesteko garrantzirik honek: egindakoak kritikatzen ditut, egilea bat Jobs ala Apple izan.
Korolarioa
Steve Jobs bisionario bat zela esan dute askok, eta hala zen. Mundua teknologikoki nolakoa izatea nahi zuen ikuspegi bat zuen, eta hori lortzen saiatu zen. Baina bere mundu ideal hori, oso polita izanagatik ere, berak kontrol eta aginte erabatekoa duen mundu bat da, eta elite batentzat soilik. Horrelako beste bisionario batzuen adibideak etortzen zaizkit burura eta ez dira prezisamente miresten dugun jendea... Zergatik informatikaren kasuan eta Jobsekin bai?
Beno, bukatu dut. Azken aldian inguratzen nauen Jobsmania horri aurka egin beharra nuen eta barruak lasaitu. Eta bide batez, komunikabideek ez dutenez egiten, nonbait plasmatuta utzi Jobsen figurarekiko iritzi ezberdin bat. Badakit hau tanta bat dela adorazio artikuluen ozeanoan, ahuntzaren gauerdiko eztula, eta eragin hutsala izango duela, are gehiago kontuan izanik azken aste honetan idatzi eta esan diren guztiekin teknofoboenari ere iritsi zaiola Jobs eta Appleren bikaintasunaren mezua... Hala ere, poztuko nintzateke hemen esan ditudanek bat edo beste "alde iluna" uzteko konbentzituko balute. Baina ez dut esperantza handirik... Hainbat fanboyri (horrela deitzen zaie Appleren zaleei) komentatu izan dizkiet nire argudio eta arrazoiak, eta horiekin nahiko ados egon daitezkeen arren, "eske hain guay da nire iLokesea... mi tessooroooo...". Erlijio baten antza du: kontrakoaren frogak erakutsi arren, sinesten jarraitu nahi dute.
Ala, bota dut. Has zaitezkete desfolloweatzen, "Desatsegit" botoiari ematen edo erantzunetan despotrikatzen, eta Appleren hurrengo gadgeta erosteko aurreratzen. Good night, and good luck.
I. Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketako ohorezko saria, Xabiroirentzat
Deia egunkaria eta Rekalde aretoak antolatzen duten Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketaren lehenengo edizioak Ikastolen Elkarteak editatzen duen Xabiroi komiki-aldizkariari eman dio ohorezko saria. Merezitako saria, dudarik gabe, egiten duen lan bikainagatik (eta ez diot nik bertan kolaboratzen dudalako ;-)
Lehiaketako irabazleak, hauek ere merezimendu osoz, ondokoak izan dira:
- Irabazlea: Harri baten boterea, Alai Zubimendi
- 2. saria: Zure segurtasunerako, Asier Iturralde
- 3. saria: Grafitia, David Sarasketa
- 4. saria: Zeruan, Mikel Hervás
- 5. saria: Kaiola, David Sarasketa
- 6. saria: Izaki bitxia, Asier Martínez de la Pera
- 7. saria: Eguna argitu da, Eneko Amezaga
Lan hauekin guztiekin eta Xabiroiko lan hautatuekin erakusketa egongo da Rekalde aretoan azaroaren 8tik urtarrilaren 15era (behin betiko konfirmatu gabeko datak). Eta erakusketaren aurkezpenean lan irabazleekin editatuko den liburua ere aurkeztuko dute.
Zorionak denoi!
3D pantaila handitik txikira
- (Elhuyar aldizkariko 2011ko uztaileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Irudi batean edo pantaila batean, hau da, laua den edozein elementutan, bi dimentsio daude, altuera eta zabalera. Baina benetako bizitzan hiru dimentsiotan ikusten ditugu gauzak: sakonera ere hautematen dugu ikusten ditugun objektu eta pertsonetan; hau da, gauza batzuk gugandik hurbilago eta beste batzuk urrutiago daudela nabaritzen dugu.
Sentsazio hori elkarrengandik apur bat aldenduta dauden bi begiei esker lortzen dugu. Gauza bat guregandik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta irudi ezberdinagoa jasoko du begi bakoitzak; aldiz, urruti dauden gauzen irudi berdina jasoko dute bi begiek (proba egin dezakegu distantzia ezberdinetara dauden gauzei begiratuz, lehenengo begi bat itxita eta gero bestea). Bi begietatik jasotako informazio hori gure burmuinak prozesatzen du, eta sakonerako kokapenaren ideia jasotzen dugu. Begi bakarrarekin ezin dugu jakin gauzak hurbil edo urruti dauden, ez bada beraien gutxi gorabeherako tamainaren erreferentzia bat dugulako. Hau frogatzeko, begi bat itxita dugula, lagun batek atzamar bat jar dezake gugandik 20-40 zm-ra, eta saia gaitezke gure atzamar bat berearen gaineraino eramaten eta ondoren jaisten; ikusiko dugu oso zaila dela asmatzea.
3D teknologia zineman
Esan bezala, pantaila edo irudi batean dauden gauzen sakonera ezin dugu hauteman, laua delako eta bertako guztia distantzia berera dagoelako. Hala ere, zinearen industria aspalditik ari da filmetan errealismoa lortzeko, hirugarren dimentsio hori (3D) sentiarazi nahian. Horretarako erabilitako teknologia urteetan aldatuz eta hobetuz joan bada ere, finean gure ikusmenaren mekanismoa errepikatzean datza: gutxi gorabehera begien distantzia berera banatuta dauden bi kamerekin grabatzen da filma, eta gero begi bakoitzari kamera bakoitzaren irudia helarazten zaio. Teknologia estereoskopikoa deritzo horri.
Hasieran, kolore-iragazkien bidez egiten zen. Kamera bakoitzak hartutako irudiak kolore-iragazki batzuetatik pasatzen ziren (bata gorritik eta bestea urdinetik), gero bien batura den irudi bakarra proiektatu, eta ikusleak iragazki gorri eta urdineko betaurrekoak jartzen zituen, begi bakoitzari zegokion irudia soilik iristeko. 3D efektua lortzen zen, baina ez oso txukuna, eta koloreen errealismoaren kaltetan. Teknologia horri anaglifo-irudien teknologia deritzo.
Azken urteetan, baina, beste teknologia batzuk erabiltzen hasi dira, efektu nabarmen hobea lortzen dutenak, eta asko zabaldu dira 3D filmak eta zinemak (berriki, baita 3D telebistak ere). Teknologia horietako erabilienak bi dira: eklipse-sistemak eta, batez ere, polarizazio-sistemak.
Eklipse-sistemek gure irudiak hautemateko abiadurarekin jokatzen dute. Gure begiek 24 irudi hautematen dituztenez segundoko, metodo horrek segundoko 48 irudi emititzen ditu pantailara, bi kamerek hartutako irudiak tartekatuta. Betaurrekoak proiektagailuarekin sinkronizatuta daude, eta begi bakoitzaren kristala "ilundu" egiten dute txandaka. Sistema horren desabantaila da betaurrekoek bateriak behar dituztela eta sinkronizazio-sistema behar dela.
Polarizazio-sistemetan (hau da gehien erabiltzen dena gaur egungo zinemetan), kamera bakoitzak hartutako irudia norabide jakin batean polarizatutako argiz proiektatzen da, eta betaurrekoetako kristal bakoitzak norabide jakin batean polarizatutako argia soilik uzten du pasatzen; horrela, begi bakoitzak soilik kamera baten irudia ikustea lortzen da.
3D pantailak
Zinemako pantailetan eta telebistetan, ezinezkoa da betaurrekorik gabe ikusle guztien begi bakoitzera irudi ezberdina bidaltzea. Aldiz, ordenagailu-pantailaren aurrean pertsona bakarra izan ohi da, eta normalean angelu eta distantzia bertsuan kokatuta. Beraz, erabilera horretarako pantaila autoestereoskopikoak egitea posible da (pantailaren beraren elementu optiko eta elektronikoen bidez lortzen da 3D efektua, eta ez betaurrekoen bidez).
Begi bakoitzari irudi ezberdin bat ikusarazteko, bakoitzak angelu ezberdin batetik ikusiko duela eta angelu hori beti antzekoa dela baliatzen da, eta pixel baten zabalerako hesi bertikal paraleloak edo lente ganbilak jartzen dira pantailari itsatsita. Horrelako sistema bat erabiltzen duen gailurik ezagunena Nintendo 3DS kontsola da, aurtengo neguan atera dena.
3D gailu mugikorretan
Baina bestelako gailuetan ere gero eta gehiago ikusiko ditugu. Berriki LG-k Optimus 3D smartphonea atera du, aipatu ditugunak bezalako 3D pantaila duena. Baina ez du ikusteko soilik balio: bi kamera ditu, gutxi gorabehera begien arteko distantziara banatuta; hala, hiru dimentsioko argazkiak atera eta bideoak graba ditzakegu. Eta ziurrenik, mugikor, tablet, ordenagailu eramangarri eta horrelako asko aterako dira hurrengo hilabeteetan, 3D pantaila eta grabagailuekin. Beste modelo 3D pantailadun batzuk ere atera dira, baina bi kamerak gabe, edo bi kameradunak, baina 3D pantailarik gabe (LG-ren beraren Optimus Pad tableta, adibidez); beraz kontuz ibili behar da 3D izenaz saltzen digutenarekin...
Ikusi behar uneko moda batetik harago doan joera hau, batek baino gehiagok pentsatuko baitu ez duela erabilera praktikorik... Nik behintzat oso praktikoa deritzot AEBko Ipar Carolinako ikertzaile batzuek egin duten 3D bideokonferentziaren demoari. 3D pantailak eta aurreko hilabetean aurkeztu genizuena bezalako Kinect gailuak erabiliz egin dute demoa: elkarrizketaren alde batean, lau Kinect dituzte gelan banatuta, eta gela horren 3D modelizatua egitea ahalbidetzen du horrek; beste aldean, hartzailearen begien jarraipena egiten duen beste Kinect bat, eta pertsona horri beste gelaren irudikapena erakutsiko zaio 3D pantaila batean, baina bere mugimenduen araberako ikuspegitik, benetan gelan mugituko balitz bezala. Eta agian ez naiz ni bakarra horri praktikotasuna ikusi diona; agian horregatik erosi du Microsoftek, Kinecten jabeak, Skype bideokonferentzia-konpainia... Konspiranoikoegia? Ikusiko dugu!
"Emakume komikigileak" erakusketa Aieteko kultur etxean
Pasa den ostiraletik eta azaroaren 13a bitartean, ikusgai dago Donostiako Aiete auzoko kultur etxean Emakume komikigileak. Istoriotxo, komiki eta tebeoen egileak erakusketa. Hainbat herrialdetako emakumezko 30 bat egileren 50 lan ikus daitezke bertan, Elena Vergara komisarioak aukeratutakoak. Tartean, Debbie Dreschler, Phoebe Gloeckner, Jessica Abel, Julie Doucet eta blog honetan sarritan hizpide izan dugun Marjane Satrapi. Aprobetxatu aukera hau azken 50 urteotako emakumezko komikigintza ezagutzeko!
Gipuzkoako 3. Komiki Hezigarrien Eskola-Programako saridunak
Otsailean eman genizuen blog honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Sauré argitaletxearen laguntzarekin antolatzen duen Gipuzkoako 3. Komiki Hezigarrien Eskola-Programaren eta programa horren barruko Ziberkomikiak lehiaketaren berri. Bertan, Gipuzkoan Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan edo DBHko 1. zikloan ari diren ikasleak, komikien bidez eta teknologia erabiliz, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi dira. Zumalakarregi Museoa eta XIX. mendeko Euskal Herria oro har gai duen komiki baten bunbuiloak bete behar zituzten eta gaiarekin lotutako galdera batzuei erantzun.
Ba jada ezagutarazi dituzte irabazleak. Ormaiztegiko San Andres Herri Eskolako LHko 5. mailako Bittor Martin eta 6. mailako Ugaitz Gorostidi, Billabonako Erniobea BHIko DBHko 1. mailako Ainhoa Arruti eta Debako Mendata BHIko 2. DBHko Nerea Agirregabiria dira sarituak, eta beraien lanak online ikus daitezke. Zorionak guztiei!
Sauré euskal komiki-argitaletxea digitalean soilik argitaratzera pasatu da, papera albo batera utziz
Legutioko Sauré euskal komiki argitaletxea digitalean soilik argitaratzen hasi da. Ez dut horren albisterik inon ikusi, baina beraien webgune berrian 7 nobedade berri aurkitu ditut duela hilabete batzuk azkenekoz sartu nintzenetik, eta komiki horiek ez ditut aurkitzen paperezko inongo liburu dendatan, beraz...
Apustu handia, aurrera ongi eramana (DRMa izan ezik)
Egin duten apustua handia da. Egokia iruditzen zait komikietan euskarri digitalaren alde egitea; hala ere, papera erabat uzteko goizegi ez ote da izango agian... Bestela, prezio aldetik bikain egin dute: 5 eta 3 euro artean daude orokorrean, eta laburren batzuk 0,80 euro, paperezko edozein album 15 eurotik gora daudenean. Ongiegi beharbada, errentagarritasuna ateratzeko (egileak, Sauré argitaletxea, AveComics denda... tartean izanda)? Baina, digitalaren eta Interneten abantailak, mundu mailako merkatu globalean sal dezakete, eta euskaraz gain, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ere jarri dituzte komiki guztiak. Bestalde, beraien katalogo propio ia guztia jarri dute bertan salgai lau hizkuntzatan. Beraz, prezio, hizkuntza-aniztasun eta katalogoaren aldetik, chapeau!
Gustatzen ez zaidana komikiak irakurtzeko modua eta komikien formatua da, DRM sistemarekin baitatoz. Hala, komikiak edozein ordenagailutako nabigatzailetik irakur ditzakegu, baina Internetera konektatuta egon behar gara. Eta gailu mugikorretan (iOS nahiz Android) irakurri nahi baditugu, aplikazio bat instalatu behar da, kopien kontrola egingo duena; honekin konexiorik ez dugunean ere irakur ditzakegu komikiak, baina desabantaila nabaria da: komiki-denda ezberdinetan erosten badugu, bakoitzak bere aplikazioa izaten du, eta denak instalatu behar ditugu, liburutegiak aplikazio ezberdinetan banatuta daude... Hobe litzateke erositako komikiak PDF edo CBR formatuan jaisten utziko balute, guk denda ezberdinetako komiki guztiak liburutegi bakarrean antolatu ditzagun eta aplikazio estandarretatik irakur ditzagun nahi dugunean, Interneteko konexiorik ez dugunean ere bai.
Bestela, egia da edozein gailutan irakur daitezkeela (plataforma nagusientzat aplikazioak dituzte eta bestela nabigatzailetik irakur daitezke), erosketa erraza da eta irakurketa erosoa. Nire Android telefono mugikorrean bineta handi batzuen letrak apur bat txiki ikusten dira agian, baina 9 urteko semeak gustura irakurri zuen ordenagailu eramangarrian.
Euskarazko 7 komiki berri
Esan bezala, AveComics webgunean Sauréren ia katalogo guztia eros daiteke formatu digitalean, baina horiez gain azken hilabeteetan euskarazko 7 komiki berri atera ditu Saurék formatu digital hutsean eta bertan salgai jarri. Hauek dira atera dituzten album berriak:
- Zeharkaldi urdina, Txani Rodríguez eta Nacho Fernándezena, Txanoa bildumako 4. albuma
- Goya, Moratharena, eta Douanier-en sagarra, Inge Eguiluz eta Moratharena, Arte Bizia bilduma berriko lehen bi aleak
- Newton eta frutaren bahiketa, Edorta Corpas eta Víctor Araquerena, Newtondarrak bildumako 4. albuma
- Aurrealdeko leihoa, Jansain eta Zerdarena, Compadre bildumako 5. alea
- Itxaropenaren kontinentea, Jose Manuel Carrasco eta Joseba Gomez, Ziklozirku bildumako 3. albuma
- Mapagilea, Amaia Ballesterosena, Gran Angular bildumako 2. alea
Webgune berria eta aurkezpen jardunaldia
Honi guztiari buruzko informazio guztia beraien webgune berrian aurki dezakegu: http://www.ecomic-experience.com/. Gainera, ibilbide berriaren berri emateko eta komiki berriak aurkezteko, aurkezpen jardunaldi bat antolatu dute hil honen 24rako, Gasteizko Ibaiondoko Gizarte Etxean, 17:00etatik 20:45etara. Bertan parte hartuko dute Joseba Gomez, Josema Carrasco, Edorta Corpas, Txani Rodriguez, Nacho Fernandez, Mikel eta Juan Luis de Corcuera, Amaia Ballesteros, Inge Egiluz eta Morathak. Hori bai, gaztelania hutsean...
"Bilboko barrea" jaialdiaren 2. edizioa, irailaren 28tik urriaren 2ra
Irailaren 28tik urriaren 2ra ospatuko da Bizkaiko hiriburuan Bilboko Barrea jaialdia, "umoredun literaturaren eta artearen nazioarteko bigarren astea" deitzen dutena eta umore surrealista izango duena gaitzat. Beronen barruan hainbat mahai inguru, erakusketa, emanaldi, aurkezpen eta sinadura-ekitaldi egingo dira, egile eta pertsonaia ezagunen parte hartzearekin: Francisco Ibáñez, Harkaitz Cano, José A. Pérez, Mauro Entrialgo, Felix Linares, David de Jorge, Elvira Lindo, Pedro Reyes...
Francisco Ibáñezek, Mortadelo eta Filemón komiki-sail ezagunen egileak, jasoko du aurtengo saria, eta martxoan hil zen Juan Carlos Egillor euskal komikigileak ere erakusketa izango du.
Hauek dira egunero egongo diren ekintzak:
- Ezinezko objektuak, Jacques Carelman. Alhóndiga Bilbao, 2011/09/27 - 2011/10/16.
- Eguillor El Correon. BBK Aretoa, 2011/09/28 - 2011/10/09.
- mikrozinema. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02.
- Francisco Ibáñez. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02
- Liburudendak. Areatza, 2011/09/28 - 2011/10/02