e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Xabiroiren 10. albuma: Santa Familia
Xabiroi aldizkaria aurrera doa bere orrietan atalka argitaratutako istorioen urteroko albumekin, eta jada 10.era iritsi da. Zenbaki esanguratsua Santa Familia ederrari tokatu zaio.
Eider Rodriguezek idatzitako istorioak familiaren instituzioan eta bere tradizio ukiezinetan arakatu nahi du, baina modu dibertigarri, atsegin, apur bat aztoragarri eta sorpresaz betean. Zientzia fikzioz ere badu. Senar-emazte bikotea eta alaba batez osatutako familia bat du protagonista, itxuraz "tradizional" eta "normal" dena baina azpian gauza gehiago ezkutatzen duena... Komikia Julen Ribasen irudi zoragarriez hornitua dago. Akuarelaz margotuta dago dena, egun ohikoena den ordenagailu bidezko kolorea beharrean.
Datorren astelehenean, hilak 18, arratsaldeko 19:00etan Arrasateko Bibliotekan solasaldia egingo dugu Santa Familiaren inguruan, Eider eta Julenen presentziarekin eta neuk dinamizatuta. Gonbidatuak zaudete bertara agertzera, komikia irakurrita izan edo ez, berau eta egileak hobeto ezagutzeko edo haien inguruko edozein galdera egiteko. Ez galdu aukera!
Waluk, hartz zuri txiki baten abenturak
Waluk hartz zuria, bere amak bakarrik utzi ondoren, hartz zahar marmarti bati atxikiko zaio bizitzan aurrera egin ahal izateko. Sentimenduz betetako eta adin guztietarako komikia ondu zuten 2011n Emilio Ruiz gidoilariak eta Ana Miralles marrazkigileak, Astiberri etxeak orain euskaraz ere dakarkiguna.
Clémentineren bizipenen bigarren albuma
Marko gure laguna arrakasta handia izaten ari da Frantzian Bambook ateratzen duen eta Harriet argitaletxeak gurera dakarkigun sail honekin. Urte hasieran saileko lehen albuma atera bazuen, Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa, orain bigarrena argitaratu du, Neska hura hegan hasi zen eguna. Clémentinek bere burua eta zoriontasuna aurkitzeko bidearekin jarraitzen du. Marrazkiak Markorenak dira, gidoia BeKarena eta koloreak Maëla Cossonenak.
"Eusklabo alaiak", Asiskoren komiki berria
Asisko Urmenetak komiki politiko satirikoa atera du Gure Berriak taldearen eskutik, Eusklabo alaiak, 120 orriko komiki mardula. Intzura Handia irlan (Bidasoa ibaian jabetza tartekatua duen irlan) bizi dira Robinson naufragoa, zibilizazioaren eramaile uste den inperialista, eta Ostiral, ohartu gabe eta pozik haren e(u)sklabo dena. Protagonista hauen sketch-ek bizi dugun autonomismoz eta ustezko aldebikotasunez mozorrotutako kolonizazioaz (edo robinsonizazioaz) eta independentziaz hausnartzera eramango gaitu modu bikainean. Egilearengan ohikoa den estiloan, aipu eta kontu historikoz, hitz jokoz, umorez eta irudi eroz betetako askapen ariketa da Eusklabo alaiak. Egilearen beraren hitzetan “(t)eleberri grafikoa, emantzipazio mentala, soziala eta nazionala solas... eta bukaera zoriontsuaz!”.
Bide batez, Intxaurrondoko Kultur Etxeak antolatzen dituen eta nik gidatzen ditudan komiki solasaldietan komiki hau izango dugu gaitzat, egilea present izango den saioan, urtarrilaren 9an. Komikia eta egilearen ikuspegia hobeto ezagutzeko parada ezin hobea.
Sorgin seinalea berrargitaratu du Harriet argitaletxeak
Zalantzarik gabe, aurtengo nobedade izarretako bat. Justin Hiriarten baimenarekin, 1980ko hamarkadan Gregorio Muro Harriet gidoilariak egindako komiki-sailetatik ezagunena izango da Sorgin seinalea. Bost albumez osatuta zegoen saila euskaraz Habeko Mik-ek argitaratu zuen, eta Frantzian ere atera zen. Hala ere, azken albuma erabat osatugabea zegoen, komikiaren krisiak saila bertan behera uztea ekarri baitzuen. Lehenengo lauak bildu ditu Harriet argitaletxeak edizio eder batean, frantsesezko argitalpenean soilik atera ziren edo argitaratu gabe zeuden orri osagarri batzuk barne. XVII. mendeko euskal sorginen ehiza du gai nagusia baina ez bakarra. Izan ere, inkisiziotik ihes egin behar duten emakume protagonistek Europako hainbat herritan zehar biziko dituzte abenturak. Liburu guztiz gomendagarria, Daniel Redondoren marrazki eta kolore liluragarriez hornitua.
"Arditutakoak": Bertsolari aldizkariaren zenbaki bat berriz ere komikia da
Bertsolari aldizkariaren 2017ko neguko zenbakia komiki bat da. Aldizkarian atalka eta osatu gabe ateratako komiki bat hartu eta komiki osoarekin aldizkariaren zenbaki berezi bat osatzearena lehenago ere egina zuen, Nork komikiarekin hain zuzen ere. Hori bera da Mikel Begoña gidoilariak eta Adur marrazkigileak ondutako Arditutakoak hau ere. Ameriketara aberasteko asmotan joandako euskal artzainek protagonizatutako road movie ero bat da Arditutakoak. Izenburuak bakardadeak erotutako euskal artzainei jartzen zieten izenari egiten dio erreferentzia. Artzain haiek benetan jarritako bertsoz hornituta dago komikia, eta amaieran haien historia dokumentatzen da. Komikitrailerra ere egin dute! Eta ederrak dira biak, komikia eta trailerra!
"Zulo bat oroimenean", Harriet argitaletxearen udazkeneko lau nobedadeetako bat
Harriet argitaletxeak Frantziatik gurera ekarri duen beste komiki bat: Zulo bat oroimenean. Éditions du long bec argitaletxearen serie honek bi album zituen, eta orain euskaraz biak irakur ditzakegu tomo bakarrean. Roger Seiterrek idatzitako nobela beltz honetan hilketa baten ikerketa eta oroimena galdu duen susmagarriaren bere buruaren aurkikuntza paraleloan joango dira. Pascal Regnaulden marrazkiak ditu komiki honek, nobela beltz bati dagokion moduko ia zuri-beltzean (tonu horixka dute eguneko eszenek eta urdinxka gauekoek, nabarmentzeko noizbehinka erabiltzen duen gorriaz gain). Benetan gomendatzekoa.
Beste bi Xabiroi
Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi aldizkariaren ekaina eta urriko zenbakien edukien berri ematera gatozkizue. Ia zenbaki denetan bezala, hau aurkituko duzue bietan:
- Nik egiten dudan Albisteen txokoa
- Xabiroienea banda bertikala, Sergio eta Aritzen eskutik
- Sanviren Auzomorroren bi orri
- Zaldieroaren Arranotxu umorezko bi orriak
- Asiskoren Hor konpost, Manu Ortegaren Haizea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak bandak
Horiez gain, ekaineko zenbakiak, 44.ak, Guillermo Gonzalezen azal ederraz gain, sailen atal edo istorio hauek dakartza
- Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Amets alokatuak sailaren 6 orri gehiago
- Eider Rodriguez eta Julen Ribasen Santa familia istorioaren azken 8 orriak
- Juan Luis Landari egindako 2 orriko elkarrizketa, Arthus Trivium bere komiki arrakastatsua dela eta
- Zarafa, Patxi Zubizarretaren gidoia eta Maite Gurrutxagaren irudiak dituen 6 orriko istorioa
- Dani Fanoren Azken afaria orri bateko istorioa
Eta 45 zenbakia eta Dei Gaztelumendiren azal zoragarria duen urrikoan beste hau:
- Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
- Iñigo Astizen gidoia eta Alex Orberen irudiak dituen Ehiztaria eta ehizakia 6 orriko istorioa
- Ainara Azpiazu Axpiren orri bateko Zartadura istorioa
- Eider Rodriguez eta Julen Ribasi 2 orriko elkarrizketa Santa familia albumaren argitalpenaren harira
- Basolatik berri onik ez seriearen 6 orri, Asiskoren gidoia eta Joseba Larratxeren irudiekin
- Antton Olariagaren Plutarko 2 orriko istorioa
Ikusten duzuenez, beti bezain eduki interesgarri eta kalitatezkoak!
Bada tenorea!, Berako Isidoro Fagoaga tenorearen bizitza komikian
Isidoro Fagoaga beratarra tenor ospetsua izan zen bi mundu gerren arteko garaian. Europa eta Amerikako opera-antzoki entzutetsuenetan aritu zen, Milango La Scala tartean. 1937an utzi zion kantatzeari, Gernikako bonbardaketaren ondoren eta haren kausaz. Orain, bonbardaketaren 80. urteurrena bete denean, Fagoagaren jaioterrian hura oroitzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira, eta tartean bere bizitza kontatzen duen komiki bat argitaratu du Berako Udalak, Bada tenorea!. Jon Abrilen gidoia eta Joseba Larratxe Joseviskyren irudiak ditu 6 orriko komiki xume baina polit honek.
Komikilabea, hainbat komiki jarduera aste honetan Donostian
Aurten bigarrenez antolatu dute Donostian Komikilabea, komikien inguruko hainbat jarduera batzen dituen astea. Asteazkenetik astelehenera bitartean izango da eta programazio betea dauka. Hauek dira ekintza aipagarrienak batzuk:
- Haurrentzako tailerra: Tabakaleran, asteazkenean 17:30etik 19:00etara.
- Ikastetxeentzako tailerra: Garbiñe Ubedarekin, Tabakaleran, ostegun eta ostiralean 11:00etatik 13:00etara.
- Helduentzako tailerra: Conxita Herrerorekin, Tabakaleran, larunbatean 11:00etatik 18:00etara.
- Persepolis komikiaren inguruko solasaldia: nik neuk gidatuta, Intxaurrondo Kultur Etxean, asteazkenean 19:00etan.
- Gaza Amal komikiaren inguruko erakusketaren inaugurazioa: Susanna Martin egilearekin, Intxaurrondo Kultur Etxean, ostegunean 18:00etan.
- Euskal komikiaren Donostiako historia ezagutzeko kalejira: Mikel Begoña, Beñat Gaztelumendi, Joseba Larratxe Josevisky eta Ainara Azpiazu Axpirekin, Komikigunetik abiatuta, ostegunean 19:00etan.
- Oscuridades programadas komikiaren aurkezpena: Sarah Glidden egilearekin eta Oscar Goñik moderatuta, Komikigunean, ostiralean 19:00etan.
- Kanpai! afari japoniarra: Andoni Munduaterekin, Gastronomiazko Euskal Anaiartean, ostiralean 21:00etan.
- Umoreak ba al du mugarik? mahai-ingurua: Darío Adanti, Elisabeth Casillas, Mauro Entrialgo, Mamen Moreu eta Mikel Pagadizabalekin eta Leire Palaciosek moderatua, Komikigunean, larunbatean 12:00etan.
- Roger Mainwooden Autobahn eta Ethel & Ernst-en proiekzioa eta solasaldia: Roger Mainwoodekin, larunbatean, 19:00etan.
- GRRRL! zirriborro festa: Ainara Azpiazu Axpi, Mai Egurza, Conxita Herrero eta Mamen Moreu marrazkigileekin eta Eddie Mae DJarekin, Kutxa Kultur Klubean, larunbatean 21:30ean.
- Literatura eta komikia: joan-etorriak hitzaldia: Jorge Carrion, Sara Morante eta Javier Olivaresekin, Komikigunean, astelehenean 19:30ean.