e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Bitcoin, mundu digitaleko txanpona
- (HAEE/IVAP-en Administrazioa Euskaraz aldizkariko 2014ko apirileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Bitcoin, lehen kriptotxanpona
Bitcoin txanpon digital bat da, hau da, modu elektronikoan sortu eta gordetako txanpon bat. Zehazkiago, kritpotxanpon edo kriptodibisa bat da Bitcoin. Kriptotxanponaren definizioa hau da: teknika kriptografikoak erabiltzen dituen txanpon sistema bat banatua, deszentralizatua eta segurua.
Sistema banatu eta deszentralizatua izateak esan nahi du ez dagoela entitaterik (banku zentralik edo gobernurik) dibisa horren atzean. Izan ere, kriptotxanponaren ideiaren sortzaileen arabera, txanpon bat erakunde jakin batek kontrolatzen badu, handitu eta mugatu dezake, bere interesen arabera, txanponaren jaulkipena, eta bestelako agente askori eragin. Kriptotxanpon bat, aldiz, inpartzialagoa da, bere jaulkipenaren kontrola modu deszentralizatu eta banatuan egiten baita, algoritmo eta software informatikoen bidez.
Era berean, txanpon tradizionalekin, erakunde jakin batzuek bermatzen dute (bankuek) pertsona baten diru kopuruaren eta transakzioen egiazkotasuna. Bankuen fidagarritasuna da sistema horren oinarria, baina baita puntu ahula ere. Kriptotxanponekin, berriz, modu banatuan eta software bidez egiaztatzen da diruaren eta transakzioen benetakotasuna.
Nola lortzen da sistema banatu eta deszentralizatua? P2P sare bat dago atzean, peer-to-peer edo berdinen arteko sare bat. P2P sareak ezagunak dira fitxategiak elkartrukatzeko erabiltzen diren sistemengatik, eMule eta BitTorrent bezalakoak. Sare horietan, hainbat ordenagailu daude software berarekin eta Internet bidez konektatuta. Eta sare horietatik fitxategiak jaisten ditugu, zatika-zatika ordenagailu ezberdinetatik, eta aldi berean guk ere gure fitxategien zatiak beste batzuei bidaltzen dizkiegu. Bada, kriptotxanponetan gauza bera egiten da: softwarea Internet bidez konektatuta dauden ordenagailu askotan dago instalatuta, eta guztien artean bermatzen dute diru jakin bat modu zilegian sortu dela, pertsona batek duen dirua benetan berea dela, edo transakzioa modu egokian egin dela.
Eta sistema segurua izan dadin, guztiaren oinarrian, esan bezala, kriptografia dago, informazioa zifratzeko eta deszifratzeko zientzia. Zehazki, gako publiko bidezko kriptografia edo kriptografia asimetrikoa. Izan ere, teknika hori erabiltzen da Interneteko elkarrekintza guztietan konfidentzialtasuna, autentifikazioa eta anonimotasuna bermatzeko (HTTPS protokoloan, sinadura digitalean...), eta teknika hori erabiltzen da kriptotxanponetan ere, horiek ziurtatzeko.
Bitcoin da kriptotxanponen lehen inplementazioa. 2008ko azaroan, Satoshi Nakamoto delako batek (bere benetako nortasuna ezezaguna zen martxoan Newsweek aldizkariak ezagutzera eman zuen arte) «Bitcoin: A Peer-to-Peer Electronic Cash System» izeneko artikulua argitaratu zuen webean. Bertan, gorago azaldutako kriptotxanponaren definizioa ematen zen, eta hori inplementatzeko protokoloa zehazten. 2009ko urtarrilean jarri zuen martxan Satoshi Nakamotok Bitcoin, Bitcoin bezeroa software libre gisa publikatuz, software hori instalatua duen sare banatua martxan jarriz eta lehen 50 txanponak jaulkiz.
Bitcoin txanponen «meatzaritza»
Bitcoin txanponaren filosofiaren oinarria da, esan dugun bezala, inolako gobernu, banku edo bestelako erakundek haren jaulkipenean artifizialki eskua sartu ezin izatea, euren interesen arabera. Denboran zehar zenbat txanpon jaulkiko diren aurrez erabakita dago, eta Bitcoinen sare deszentralizatutako softwarean inplementatuta dago hori. Bitcoinen sorreran, 10 minuturo 50 txanpon jaulkitzen ziren (urtean ia 3 milioi txanpon), eta lau urtean behin, erdira jaisten da jaulkitze-erritmoa. Hala, txanponen kopurua asintotikoki 21 milioiko gehienezko kopurura hurbiltzen joango da denboran zehar.
Eta nori ematen zaizkio jaulkitzen diren txanpon berri horiek? Txanponak lortzeko, lan bat egitea eskatzen da, «meatzaritza» deitzen diotena (mining ingelesez), urrea aurkitu edo lehengairen bat erauzteko lana bailitzan. Txanpon digital batentzat, nola ez, lan hori lan konputazionala da: Bitcoin sareak problema kriptografikoak planteatzen ditu, hauen zailtasuna unean jaulki behar diren txanponen kopuruari, unean dagoen txanpon eskaeren kopuruari eta garaiko ordenagailuen ahalmenari egokitzen zaielarik; software «meatzariak» hori ebazten saiatzen dira, eta ebazten dutenei ematen zaizkie Bitcoinak. Beraz, zenbat eta ordenagailu gehiago eta ahaltsuagoak, aukera gehiago Bitcoinak lortzeko.
Nola erabili Bitcoin
Bitcoin erabiltzeko, software bezero osoa instala dezakegu, Bitcoin sare banatuko parte izango dena eta jaulkipenak, jende guztiaren diru kopuruak eta transakzioak kontrolatuko dituena. Horrek software «meatzaria» ere badakar, Bitcoin berriak lortzen joateko (hala, zenbat eta gehiago lagundu Bitcoin sareari, txanpon berri gehiago lortzen dira). Baina Bitcoin erabiltzeko modu normalena software bezero arinago bat instalatzea da, norberaren diru-zorroa kudeatzeko eta berarekin ordainketak edo kobrantzak egiteko soilik balio duena, horretarako Bitcoin sareko nodoetara konektatuko dena.
Bitcoin diru-zorroen kudeaketarako programa asko daude: ordenagailuetarako programak (Electrum, Multibit...), telefono mugikorretarako app-ak (Bitcoin Wallet, Mycelium...) edo Interneteko nabigatzailean exekutatzeko web aplikazioak (Coinbase, MyWallet...).
Programa horietan gure diru-zorroa sortuko dugu. Diru-zorroa sortzean, kriptografia asimetrikoko gako pare bat emango zaigu, publikoa eta pribatua. Gako publikoa gure diru-zorroaren identifikatzailea izango da, zeina saldo batekin lotuta egongo baita sarean, eta jendeari emango diogu dirua eman behar digunean. Gako pribatua, aldiz, guk gordetzekoa da, eta, ordainketak egiterakoan, gure burua autentifikatzeko balio du. Besterik ez dugu behar Bitcoin erabiltzeko. Gure saldoa, transakzioen historia eta beste guztia Bitcoin sarean gordetzen da modu banatuan, eta diru-zorroko softwarearen eta gure gako pribatuaren bidez atzituko dugu.
Bitcoinak lortzeko, software «meatzaria» erabili ezean, badituen norbaiti erosi beharko dizkiogu beste txanpon batzuk erabilita (dolarrak, euroak...). Erosketa hauek egiteko web zerbitzuak daude, eta baita kutxazain automatikoak ere toki batzuetan. Bitcoin bidezko ordainketei dagokienez, gero eta toki gehiagotan onartzen dituzte. Hasieran, weba eta Internetekin lotutako zerbitzuak ziren nagusiki (webguneen ostatatzeak, online apustuak...), baina gero eta bestelako zerbitzu gehiago ordain daitezke Bitcoin bidez.
Etorkizun zalantzatsua
Bitcoinek bere helburuak betetzen ditu kasu askotan. Adibidez, AEBko Gobernuak kreditu txartelen enpresei Wikileaks-i laguntza ematea debekatu zienean, Bitcoin izan zen beraiei laguntzeko modu bakarra. Eta bere sorreratik igoera bidean ari da Bitcoin. Gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Gaur egun 12 milioitik gora Bitcoin daude, eta oso altu kotizatzen dira: artikulu hau idazteko unean, Bitcoin bakoitza ia 700 dolarrengatik aldatzen da!
Hala ere, aldatu izan da 1.100 dolarrengatik gora ere; oso txanpon ezegonkorra da, beraz. Izan ere, erabilera komertzial erreala oso txikia du, erabilera inbertsore eta espekulatiboarekin konparatuz gero.
Bere arriskuak ere baditu. Lapurretak gerta daitezke, eta gertatzen dira. Gako pribatua eskuratzea lortzen bada, kontuaren kontrol osoa lortzen da. Adibidez, otsailean, Mt. Gox Japoniako Bitcoinen truke-enpresa hackeatu zuten, eta bere bezeroen gako pribatu guztiak eskuratu zituzten. Existitzen diren Bitcoin guztien % 7 inguru lapurtu zituzten! Gako pribatua galtzea ere gerta daiteke, eta diru guztia galtzen da, erremediorik gabe. Azken finean, txanpon hain banatu eta kontrolatu gabea izaki, kontsumitzaileak babes gabe daude, ez baitago bermerik emango duen erakunderik atzean. Bere funtsa eta abantaila nagusia oztopo ere izan daiteke kasu batzuetan.
Bestalde, herrialdeetako gobernuek ere zein jarrera hartuko duten ikusteko dago. Esate baterako, AEBk onartu du Bitcoinaren erabilera, aldiz, Txinak eta Tailandiak debekatu, eta beste herrialde gehienek ez dute ezer erregulatu oraingoz.
Azkenik, Bitcoinaren beste arrisku bat da Interneteko enpresa handi batek (Amazon, Google...) edo onlineko ordainketen enpresa handi batek (PayPal, Visa...) berekiko transakzioetarako kriptotxanpon propioa ateratzea. Hala, kriptotxanpon horrek segituan jendearen onarpen eta arrakasta handia izango balu, Bitcoin bazter gelditzea ekarriko luke horrek.
Dena dela, zalantzarik ez dago kriptotxanponak modan daudela, Bitcoinez gain, beste asko ere baitaude: Litecoin, Dogecoin... Denborak esango du Bitcoin edo beste kriptotxanponen bat eguneroko bihurtuko zaigun.
"Rockomikiak - Binetak & Doinuak" erakusketa, orain Gasteizen
Lehenago Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen Rockomikiak - Binetak & Doinuak erakusketa (komikiek rock musikarekin eta, bereziki euskal rock-arekin izan duten eta duten harremanaren ingurukoa) Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean dago martxoaren 19tik maiatzaren 3ra bitartean. Donostian izandakoari beste hainbat material eta formatu gehitu dizkiete antolatzen parte hartu duten Oihaneder Euskararen Etxeak, TMEOk, Sancho el Sabio Fundazioak eta Hala Bedi irratiak.
Erakusketaren inguruan hainbat ekitaldi ari dira egiten. TMEOko lagunek komikia zuzenean eginez inauguratu zen martxoaren 7an, eta martxoaren 10ean Asisko Urmenetak Nork hil du Charlie? hitzaldia eman zuen komikia eta adierazpen askatasunaren inguruan. Datozen ekitaldien artean, martxoaren 25ean Garbiñe Ubeda eta Yurre Ugarte Eta emakumeak non zeuden? galderari erantzuten saiatuko dira, martxoaren 27an Bingen Mendizabal eta Mikel Valverdek musika eta marrazkia zuzenean uztartuko dituzte, apirilaren 15ean Harkaitz Canok Musika euskal literaturan eta komikigintzan izango ditu hizketagai, eta erakusketaren komisarioak diren Koldo Almandoz eta David Zapirainek martxoaren 18an eskainiko dute bisita gidatua. Eta martxoaren 10etik apirilaren 1era bitartean, ikastetxeei zuzendutako bisita gidatuak ere egingo dira, goizeko ordutegian. Tailer eta ikastaroak ere izango dira: martxoaren 9an publiko orokorrari zuzendutako Wikipedia tailerra, martxoaren 10ean Asisko Urmenetak batxillergoko ikasleei zuzendutako komiki ikastaroa eta apirilean DBH eta Batxillergoko ikasleei zuzendutako bideoklip eta marrazki bizidunen tailerrak egingo dira.
Egitarau oparoa eta erakusketa benetan interesgarria! Aukerarik baduzu, ez galdu!
Ipurbeltz, galera iragarriagatik ez zoritxar txikiagoa
- (Galtzagorri elkartearen Behinola aldizkariko 2014ko ekaineko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Ipurbeltz komiki-aldizkaria erreferentea izan da euskarazko komikigintzan. Erein argitaletxeak 1977an sortua, haur euskaldunen belaunaldi bat baino gehiago komikizale egin gintuen, garai bertsuan sortu zen Kili-Kili aldizkariarekin batera. Baina azken honek batez ere kanpoko komikiak euskaratzen zituen bitartean, Ipurbeltz euskal komiki egileen belaunaldi bat baino gehiagorentzat lehen lanak egin eta beren burua ezagutarazteko tranpolina ere izan zen. Komiki-zale eta komikigileen harrobi bikoitza, beraz. 2008ko bere amaierak umezurtz utzi zituen biak (Kili-Kilik lauzpabost urte lehenago amaitu zuen bere ibilbidea). Euskararen normalizazioaren ikuspegitik ere galera handia da, esparru bat galdu baitzuen berarekin euskarak.
Eta hala ere, Ipurbeltzena desagertze iragarria izan zen. Sortu zen garaian eta testuinguruan (70eko hamarkadan eta Hego Euskal Herrian) logikoa zen haurrentzat euskarazko komiki-aldizkari bat sortzea. Izan ere, komiki asko egiten zen haurrentzat; areago, egiten ziren komiki gehienak haurrentzat ziren eta komikia haurrentzako generotzat hartzen zen. Kioskoak umeentzako komikiz beteak egoten ziren: abenturazkoak, umorezkoak, superheroienak... Baina panorama hori aspaldi aldatu zen, eta pare bat hamarkada badira apenas argitaratzen dena haurrentzako komikirik Espainian, eta gutxiago Euskal Herrian eta euskaraz. Horregatik, esango nuke Ipurbeltzek asko iraun zuela korrontearen kontra...
Zergatik eman da aldaketa hori? Nik bi faktore aipatuko nituzke. Lehena, norbaitzuk (pedagogoek, argitaletxeek edo nik al dakit nortzuk, beharbada denek batera) erabaki zutela haurren hezkuntzarako edo irakurzaletasuna bultzatzeko ez zirela egokiak, ez zirela nahikoa jasoak edo edukatiboak; eta umeentzako komikiak utzi eta ipuin eta liburu ilustratuak soilik egitera pasatu ziren. Erabaki okerra nire ustez. Egia da garai hartako komiki asko txarrak zirela edota frankismoaren reminiszentzia ugari zituztela, baina gauza on asko ere bazeuden. Azken finean, beste edozein medio edo adierazpidetan bezala gertatzen zen, ezin da orokortu eta komiki-formatua horregatik kondenatu.
Bigarren faktorea da komikien heltze prozesu bat eman dela, ez soilik hemen baizik eta ia mendebaldeko gizarte osoan (Frantzian eta Japonian izan ezik, non betidanik eta oraindik ere adin guztietarako komiki ugari egiten den). Beharbada aurretik zuen umeentzako generoaren ospe txarra gainetik kendu nahirik, komikia gero eta serioagoa eta helduagoentzakoa bihurtzen joan da. Superheroien komikiak dira horren adibide bat: gidoi eta irudi sarritan ezin sinpleagoak izatetik, askoz landuago eta sofistikatuagoak izatera pasatu dira. Eta beste adibidea nobela grafikoa da: izena, konplexuz betetako argitaletxeek komikiaren generoari seriotasun irudia emateko asmatutako marketin hutsa da, baina izana, helduentzako kalitatezko (edo kalitate-intentziozko) komikia.
Eta honen guztiaren tragedia da, nahiz eta jada haurrentzako komikirik ez den egiten (ez txarrik eta ez onik) eta egiten dena helduentzakoa eta ona izan, jendearen gehiengoak lehengo ustearekin jarraitzen duela, hau da, komikiak umeen kontua direla eta txarrak direla. Helduen gutxiengoa besterik ez gara egiaren jakitun eta komikien irakurle; beharbada gero eta gehiago azken urteotan, baina gutxiengoa.
Komikiak helduentzako eta kalitatezko bihurtu izana ez da txarra, jakina. Guk helduok ikaragarri gozatzen dugu oraingo komikiez. Arazoa bestea da, jada umeentzat ezer ez egitea. Izan ere, aipatu dudan bezala, Ipurbeltzek eta haurrentzako komikiek komikizale-harrobi lana egiten zuten. Hori egin gabe, urte batzuen buruan, komikietara haurretatik zaletu ginenok desagertzean, nor geratuko da helduentzako kalitatezko komiki horiek irakurtzeko? Posible al da txikitan ezagutu ez den eta hezitzaile eta gurasoek gutxietsi duten genero bat heldutan ezagutu eta zaletzea?
Baina Euskal Herrian, berriz ere korrontearen kontra, zorionekoak gara Xabiroi badugulako. Ikastolen Elkarteak 2005etik publikatzen duen komiki-aldizkari honek ikaragarrizko kalitatea dauka. Idazleak komikigileekin elkarlanean jartzen dituzte gero albumetan aterako dituzten istorioak lantzeko. Neurri batean, Ipurbeltzen hutsunea bete edo bere lekukoa hartu duela esan daiteke, baina hau ez da guztiz horrela. Xabiroi ez dago umeei zuzendua, 12 urtetik gorako gaztetxoei baizik. Beharbada oraindik garaiz komikien mundura engantxatzeko? Hala izango ahal da! Baina, badaezpada ere, ondo legoke ondoan Ipurbeltz balu (edo bere oinordeko zuzen bat, hau da, umeei zuzendutako komiki-aldizkari bat).
Euskal komikigileen nazioarteko azken argitarapenak
Euskarazko merkatuak gehiagorako ez du ematen, eta euskal komikigileek komikiak nazioartean ere argitaratzen dituzte.
Aiò Zitelli! albumak Lehen Mundu Gerra du gaitzat. Hainbat korsikarri bertan gertatutako zortzi istorio kontatzen dira, gehienak benetako gutunetan oinarritutakoak. Gidoiak Frédéric Bertocchinirenak dira, irudiak Iñaki Holgadorenak eta Markorenak eta kolorea Nuria Sayagorena. Frantsesez Albiana etxeak argitaratu du eta gaztelaniaz Aletak.
Markok ere Bamboo argitaletxearekin Les Godillots saileko hirugarren albuma kaleratu du. Honek ere, saileko aurrekoek bezala, Olieren gidoia darama eta Le vol du Goéland du izenburua. Hau ere, goian aipatutakoa bezala, Lehen Mundu Gerran kokatua dago, baina kasu honetan soldadu-talde baten fikziozko abenturak kontatzen ditu tonu umoretsuan.
Azkenik, Jose Manuel Mata, bere garaian Habeko Mik aldizkarian eta hark ateratako hainbat albumetan lan egindakoa, komikigintzara itzuli da Edicions de Ponent espainiar argitaletxearen eskutik O porto atereaz. Galiziako Espasante herri txikian 40ko hamarkadan gertatutako estraperloaren inguruko istorio erreal bat kontatzen du bertan.
Zorionak denei, eta ea lan horiek euskaraz ikusteko aukera dugun!
Partekatzea: ekonomiaren aro berri bat?
- (Elhuyar aldizkariko 2014ko ekaineko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
P2P siglek Peer To Peer ordezkatzen dute, hau da, parekotik parekora, eta berdinen arteko partekatze edo kolaborazioa adierazi nahi dute. Orain 15 urte inguru sortutako P2P sistemek, hala nola Emule eta Bittorrent, fitxategiak sarearen bidez trukatzen uzten zuten; orain bestelako kontsumo-gaiak -lo egiteko tokia eta automobil-bidaiak, esate baterako- partekatzeko P2P zerbitzuak sortu dira. Jakina, gai horiek ezin dira sarean zehar bidali fitxategiak bezala, baina pertsona batzuen ondasun partekagarriak eta beste batzuen beharrak elkarrekin lotzen laguntzen dute.
Denetarik partekatzen
Gehien ugaritu diren zerbitzu-motetako bat automobil-bidaiak partekatzekoak dira, ingelesez carpooling deitzen direnak. Horrelako zerbitzu ugari daude: Blablacar, Amovens, CircleRide... Antzeko beste zerbitzu batzuk ere sortu dira, real-time ridesharing deritzenak, non unean bertan dugun bidaia-behar bat adierazten dugun eta auto partikularren sare bat dagoen diru baten truke eramango gaituena. Adibideak: Uber, Lyft, Sidecar...
Oporretarako ostatuen partekatzea ere oso modan dago. Oporraldian etxebizitzak trukatzeko, home exchange izeneko zerbitzuak daude; HomeExchange, HomeForExchange eta LoveHomeSwap, kasurako. Beste zerbitzu batzuk accomodation sharing motakoak dira. Haietan, gure etxean ostatu ematen diogu jendeari, gu beste batzuen etxeetara joateko aukeraren truke. Mota horretakoak dira BeWelcome eta CouchSurfing. Azkenik, jendea oporretan gure etxean diru-truk ostatatzeko zerbitzuak daude; ezagunena, Airbnb.
Crowdfunding edo finantziazio kolektiboa ere partekatze-motatzat har daiteke. Kasu horretan, produktu baten finantziazio-gastuak partekatzen dira, azken produktuaren truke normalean. Kickstarter eta Indiegogo dira, ziurrenik, horietako ezagunenak.
Eta beste gauza asko partekatzeko edo eskaintzeko zerbitzuak ere badaude: otorduak (Kitchensurfing, Cookening, CompartoPlato...), denbora (TimeBank...) eta bururatzen zaigun beste edozer.
Aurkako jarrera sektore tradizionalen aldetik
Jarduera berri horiek, argi dago, hainbat ekonomia-sektoreri erasaten diete: hotelei, taxiei, garraio publikoari... Horregatik, jarduerok gehien hedatu diren tokietan, sektore horiek aurka egin diete.
Adibidez, New York eta Amsterdameko hotelen elkarteek eskatu dute Airbnb zerbitzuan eskaintzen diren ostatu-etxeei hotelen segurtasun-neurri eta zerga berak eskatzea eta lizentzia eskuratu behar izatea, eta Amsterdamen lortu ere egin dute. Espainian 2013an onartutako Alokairuen Legeak autonomia-erkidegoen esku uzten du alokairu pribatu horiek erregulatzea, eta Madrilen debekatzea pentsatzen ari dira.
Taxi-gidarien elkarteak ere Uber zerbitzuaren aurka altxatu dira hiri askotan, real-time ridesharing motako zerbitzua, finean, taxien oso antzekoa eta lehia bidegabea dela baitiote. Frantzian, Uber-en zerbitzu bat erabili aurretik 15 minutu itxoiteko araudia onartu zen, eta, gero, atzera bota zuten. Bruselan ez diote lan egiten uzten Uber-i, eta Seattle-n automobil-kopurua mugatu diote.
Airbnb eta Uber-en aurkako protestak ulergarriak dira, neurri batean, horietan ez baitago benetako partekatze edo trukerik: pertsona batzuek beren ondasun batzuk erabiltzen uzten diete beste pertsona batzuei diru-truke; beraz, irabazi-asmoz egiten den aktibitatetzat har daiteke. Gutxiago ulertzen da Espainiako autobus-konpainien elkarte Fenebús-ek benetako automobil-bidaien partekatzea ahalbidetzen duen Blablacar-en aurka jarritako salaketa eta itxiera-eskaera.
Crowdfunding ari dagokionez, Espainiako Gobernuak hura erregulatzeko proposatu zuen legeak hautsak harrotu zituen sarean, murriztaileegia zelakoan eta crowdfunding a hilko zuelakoan. Muga hauek jarri nahi zizkieten bide hori erabiltzen zuten finantzaketei: milioi bat euroko gehienezko laguntza jasotzea proiektuko, eta pertsona batek gehienez 3.000 euro ematea proiektuko eta 6.000 euro urteko. Egia da horrek asko mugatzen duela inbertitzaile handiek proiektu handiei eman diezaieketen laguntza, baina banako askok lagundutako banakoen proiektuetan (horrelakoak dira benetako crowdfunding edo finantzaketa masiboko proiektuak) nekez gainditzen dira kopuru horiek.
Beste sektore askok ere agertu dituzte kezkak eta protestak partekatzearen eredu ekonomiko horien inguruan: ostalaritzak, otorduak banatzearen aurka; sektore askok, denbora-bankuen aurka... Baina protestak protesta eta kexuak kexu, badirudi partekatzearen ekonomiak asko egingo duela gora oraindik.
Eguna irribarrez hasteko komiki-zinta
Aurtengo irailetik komiki-zinta berri bat dugu online egunero: Irribarrez.info. Proiektua abiarazi ahal izateko, bere egile Eñaut Aiartzaguenak (@irribarrez Twitter-en) crowdfunding bat martxan jarri zuen, ekarpen txikien bidez 500 euroko finantziazio/laguntza lortzeko asmoarekin, eta azkenean helburua hirukoiztu baino gehiago egin zuen! Badakizu, goizak irribarre batekin ekiteko, Irribarrez.info!