Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Asterixen "Hamabi probak" liburua, euskaraz

e-gor 2010/05/26 00:20
Beste abentura zaharrak ere aterako al dituzte?
Asterixen "Hamabi probak" liburua, euskaraz

Irudia: Uderzo

Ni txikia nintzela, 1976 eta 1978 urteen artean, Asterixen album klasikoetako 8 (Asterix eta Kleopatra, Asterix eta Normandoak, Buruzagien Burruka, Asterix Lejionarioa, Asterix Galesa, Asterix Helvetian, Asterix eta Godoak eta Asterix eta urrezko igitaia) euskaraz atera zituen Mas-Ivars argitaletxe valentziarrak (oraindik etxean ditut batzuk). Gero 1987 eta 1993 urteen artean Elkarrek eta Dargaudek elkarlanean guztiak atera zituzten (Asterix Galiarra,
Urrezko Igitaia, Asterix eta Godoak, Asterix Gladiadorea, Asterix Galiako Itzulian, Asterix eta Kleopatra, Buruzagien Burruka, Asterix Bretainian, Asterix eta Normandoak, Asterix Legionaria, Arbernoko Ezkutua, Asterix Joku Olinpikoetan, Asterix eta Pertza, Asterix Hispanian, Liskarra, Asterix Helvetian, Jainkoen Egoitza, Zesarren Erramu-Koroa, Aztia, Asterix Korsikan, Zesarren Oparia, Bidaia Handia, Obelix eta Konpainia eta Asterix Belgikan), eta denak erosi nituen.

Uderzok azken urteetan bakarrean atera izan dituen albumetatik batzuk egon izan dira euskaraz. Zanga handia, Asterixen odisea, Asterixen semea, Asterix Indian eta Arrosa eta ezpata, aipatutako Elkar/Dargaud bilduman atera ziren, ordukoak edo lehenagoakoak zirelako. Obelixen galera Elkarrek argitaratu zuen 1999an (jatorrizkoa atera eta hiru urtera) eta Asterix eta Latraviata Salvatek atera zuen 2001ean jatorrizkoarekin batera. Gero beste bi ez ziren euskaraz atera, Asterix et la rentrée gauloise eta Le ciel lui tombe sur la tête. Eta azkenengo albuma, Asterix eta Obelixen Urtebetetzea - Urrezko Liburua, berriz ere atera zuen Salvatek iaz jatorrizkoaren aldi berean.

Azken album hauek euskaraz atera edo ez bost axola dit, kaka putza besterik ez dira-eta. Haurrak komikietatik urruntzeko balio dezakete gehiago, zaletzeko baino. Baina belaunaldi berriek Asterixen klasikoak, Goscinny maisua gidoilari dutenak, euskaraz eskura ez izatea oso txarra da euskararentzat eta komikiarentzat. Eta horiek jada deskatalogatuta daude eta ezin dira inon lortu, bakarren bat edo ez bada...

Baina geroztik Salvatek Asterixen beste bi album atera ditu. Lehenengoa, Nola erori zen Obelix txikitan druidaren pertz barrura, 1965ean Goscinnyk idatzitako istorio labur bat da, 1989an Uderzok apur bat luzatu eta ilustratua. Bigarrena, berriki atera dena, Hamabi probak, Goscinnyk eta Uderzok eurek 1976an egindako filmaren liburu ilustratua da. Bietako bat ere ez da komiki-komikia, eta ez dira Asterixen albumen zerrenda ofizialekoak. Hala ere, Goscinnyren etapakoak dira, bigarrenak bereziki gidoilari apartaren ukitu jenial asko ditu, eta aurrez euskaraz inoiz atera gabeak dira. Zerbaiten seinale ote? Nahiko nuke bai, Salvatek Asterixen album klasikoak berriz ere euskaraz aterako balitu... Ea horrela den!

(Albumen eta publikazio daten informazioa Astérix le Gaulois - Wikipédia, Asterix around the World - Basque (Euskara) eta Tebeosblog: LA INTERMINABLE CATALOGACIÓN DE ASTÉRIX orri bikainetatik lortu dut. Mila esker!)

Komikiekin lotutako ekitaldi ugari Bilboko Alhondigan maiatza amaiera honetan hasita

e-gor 2010/05/24 19:40
Jardunaldiak, erakusketak, tailerrak...
Komikiekin lotutako ekitaldi ugari Bilboko Alhondigan maiatza amaiera honetan hasita

Irudia: AlhóndigaBilbao / Clara-Tanit Arqué / Pernan Goñi

Bihartik hasita eta uda osoan zehar komikiekin zerikusia duten ekitaldi ugari antolatu dituzte Bilboko Alhondiga ireki berrian.

Batetik, maiatzaren 25etik 28ra (bihartik ostiralera bitartean, beraz), AlhóndigaKomik jardunaldiak egingo dira. Berauetan, goizero 9:00etatik 11:00tara hitzaldiak egingo dira: 25ean Komikiaren mundua Álvaro Ponsen eskutik, 26an Iparramerikako merkatua. Superheroiak Pasqual Ferryren eskutik, 27an Egile-eskubideak. Nazioarteko legediak Javier Díaz de Olarte eta Guillermo Velascoren eskutik eta 28an Japoniako merkatua. Mangaren genero desberdinak Ken Niimuraren eskutik. Gainera, egunero 11:00tatik 14:00etara eta 16:00tatik 18:30era tailer praktikoak izango dira komikiaren hiru genero enblematikoren
inguruan (Europa abenturak, Asiako manga eta
AEBetako superheroiak) Toni Guiral, Pepe Gálvez eta Jesús Redondorekin. Amaitzeko, 18:30etik 20:00etara Komikizketak izango dira Álvaro Pons edo Antonio Altarribak moderatuta, partaide hauekin: 25ean Clara-Tanit Arqué eta Lola Lorente, 26an Ana Miralles, 27an Pasqual Ferry eta 28an José Maria Berenguer.

Bestetik, 100x100 komiki eta Un año en Angoulême erakusketak inauguratuko dira bihar 25 20:00tan, eta abuztuaren 20ra arte egongo dira. Lehenengoa, 100x100 komiki, Alhóndiga Bilbao eta Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image de Angoulêmek antolatzen dute eta bertan inoizko 50 komikirik onenetakoak egongo dira ikusgai, gaur egungo egileek horietaz egindako 50 bertsioz gain. Bigarrena, Un año en Angoulême izenburuduna, Clara-Tanit Arqué eta Lola Lorentek AlhóndigaKomik bekarekin Angoulêmeko La Maison des Auteursen urtebetez egindako egonaldian zehar landutako obrari buruzkoa da.

Horrez gain, Pernan Goñi komikigile eta twitterlari ezagunak bi tailer gidatuko ditu: lehenengoa komikien autoedizioari buruzkoa da eta ekaineko 10 egunetan izango da 17:30etatik 19:00tara, 12 urtetik aurrerako gazteei zuzendua eta gaztelaniaz; bigarrena komikia eta antzerkiari buruzkoa da, ordu berean ekaineko beste 8 egunetan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta euskaraz.

Amaitzeko, badirudi beste ekitaldi batzuk ere egongo direla, orri honetan ikus daitekeenez: bisita gidatua Antonio Altarribarekin maiatzaren 29an, Komikiaren hastapenak tailerra maiatzaren 29an, Autoeditatuak/Do it yourself topaketa ekainaren 12an eta Komiki egun bat uztailaren 8an. Baina ez dut informazio gehiago aurkitu hauen inguruan...

Egitarau oparoa, zalantzarik gabe, Bilboko Alhondigako hau. Eta urtean zehar beste hainbat gauza ere egiten dute. Segi horrela!

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan

e-gor 2010/05/21 00:40
Elkarrizketa egin didate teknologia berriak eta Internet gai dituen ETBko saioan


Irudia: Nick dut nik

Informatika eta Internet gai dituen ETBko Nick dut nik telebista programaren aurreko asteko saioan niri egindako elkarrizketa eman zuten, hemen ondoan ere ikus dezakezuena.

Elkarrizketa, blog honetan materializatzen den e-gor informatikari eta komikizaleaz gain, Igor Leturia Elhuyar Fundazioko I+G saileko ikertzaileaz da batez ere. Hala, e-gorblog, AnHitz, Elebila eta beste hainbat gauzari buruz aritu ginen Haritz Rodriguez Xuriken eta biok. Kamera eta foko baten aurrean galdekatzen nauten guztietan bezala, ez nintzen gustura gelditu esandakoekin, urduritasunagatik eta inprobisatu beharragatik. Baina beti bezala, telebistakoek euren magia egiten dute, mozketak, off-eko ahotsak, irudiak eta abar sartu, eta emaitza ongi gelditu dela iruditzen zait. Ea gustuko duzuen!

"TeleATOI: Kalabaza haluzinogenoak" eta "De Rerum Natura 3" atera dira

e-gor 2010/05/08 10:30
Euskarazko bi komiki berri aste batean!
"TeleATOI: Kalabaza haluzinogenoak" eta "De Rerum Natura 3" atera dira

Irudia: Dani Fano / Zaldieroa

Aste bakarrean, euskarazko bi komiki berri ateratzea ez da egunero gertatzen den gauza, alajaina! Hobe hala balitz, baina... Gutxitan gertatzen da holakorik euskal komikizaleon mundu txiki honetan, ez bada Gabonetako kanpainan Sauréren haurrentzat bideratutako komikiekin. Ez da hau oraingo kasua, eta zorioneko egoteko moduan gaude.

Batetik, Dani Fanok Xabiroi komiki-aldizkarian 2005 eta 2007 artean atalka ateratako TeleATOI: kalabaza haluzinogenoak abenturaren bilduma-albuma atera du Ikastolen Elkarteak. Atzo bertan izan zen prentsaurreko aurkezpena, eta gaur medio askotan dator: Berrian, Garan, Diario Vascon... Abentura hau umorezko space opera bat da, espazio-bidaietarako erregai gisa patata erabiltzen den etorkizun absurdu batean kokatua, protagonistak antiheroi patetikoak direla. Irudi ederrak ditu, espazioko hiri eta ontzi dekadenteetako dekoratu politez beterik. Benetan barre egitekoa eta gomendagarria (eta ez da Xabiroiko nire jefeak egina delako, e! ;-)

Eta besteari buruz zer esan? Denok ezagutzen ditugu Patxi Huarte Zaldieroak egunero Berrian egiten dituen komiki-bandak (Euskalterm-ek dioen bezala) edo zintak (berak eta komikigile gehienek dioten bezala). Bere xaloz mozorrotutako umorean, euskal gizartearen eta munduaren erretratu sakona eta ironiaz betetako kritika fina egiten digu, askok eguneroko "pico"a dugun dosi txikietan. Euskaldunon imajinario kolektiboan betirako iltzatuta gelditu diren pertsonaia ahaztezinen bidez egiten du hori, asko Twitter-en bizitza propioa hasi dutenak: Mieltxo plastina-irakaslea, The Organization, Gizon Jakintsua eta M'ongolo, Napoleon Lopez, La Pelota Basqua, Azken Antxoa, Mitxelena XVI.a eta bere laguntzaile Yoda... Banda-zinta horien aukeraketaren hirugarren tomoa atera du orain, berriz ere Elkar-en eskutik, beste 350 istoriotxorekin.

Ez ahaztu bietako bat ere erosteaz, ez zaizue damutuko eta!

Alfonso Zapico, Bartzelonako komiki-azokan saritua

e-gor 2010/05/07 23:20
Egile berriarentzako Josep Toutain saria eraman du
Alfonso Zapico, Bartzelonako komiki-azokan saritua

Irudia: Alfonso Zapico

Alfonso Zapico komikigile asturiarra oso gustuko dut, eta askotan aipatu izan dut blogean: lehena 2007ko Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela bere La guerre du professeur Bertenev albumean egin zidan dedikatoria ederragatik, bigarrena 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumaren iruzkina egin nuenean, eta hirugarrena 2009an izandako berri on guztiengatik (sari-izendapenak, La guerra del profesor Bertenev Espainian argitaratu izana eta bere lan berria prestatzeko Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman izana).

Azken horretan nioen Café Budapest-engatik 2009an jasotako izendapen ugarietatik sari bat ere ez zuela eraman, baina komentatu nuen baita ere La guerra del profesor Bertenev album bikaina zela, 2010ean zeresana emango zuena ziur. Iragarpen hau egitera ere ausartu nintzen: "Dublinés aurten ateratzekoa da eta, zergatik ez, lan horregatik edo La guerra del profesor Bertenev-egatik ere izendapenak edo sariak jasoko ditu agian".

Ba aste bukaera honetan egiten ari diren Bartzelonako komiki-azokarako, Espainiako azoka garrantzitsuenerako, berriz ere jaso zuen egile berriarentzako Josep Toutain sarirako izendapena, Bertenev albumarengatik oraingoan, arraroa bada ere bi urtean jarraian jasotzea egile berriaren sarirako izendapena. Gaur gauean jakinarazi dituzte sarituen izenak, eta Alfonsok eraman du aipatu saria, ondo merezita zalantzarik gabe.

Zorionak bihotz-bihotzez, Alfonso! Eta dena hastea da, ziur beste asko ere etorriko direla etorkizunean! ;-)

Liburu elektronikoak eta DRM: musika- eta bideo-industrien akatsak errepikatzen

e-gor 2010/05/03 19:55
Iazko irailean, DRM (Digital Rights Management) sistemei buruz hitz egin genizuen; formatu digitaleko abesti eta filmen kopiak ekiditeko erabili izan diren sistemez, alegia. Orduan genioen euskarri horietan DRMa hilda zegoela, baina mundu digitalerako lehen pausoak ematen ari zen liburu-industrian agian berpiztuko zela. Geroztik pasatu den urte-erdi eskasean, agente asko (on line liburu-dendak, argitaletxeak edo hardware-fabrikatzaileak, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) liburu digitalen negozioan sartu dira, eta panorama argitu egin da: liburu digitalen industriak DRMaren aldeko apustua egin du.

10 urte alferrik pasatu balira bezala, liburuen industria musikarenak eta bideoarenak DRM sistemekin egin zituzten akats berberak errepikatzen ari da. Izan ere, joan den irailean genioenez, bi arazo nagusi dituzte sistema horiek: batetik, erabiltzaileei arazo ugari sortzen diete, eta diskoak, pelikulak edo liburuak erostera bultzatu beharrean, P2P sareetatik eta horrelako beste bide batzuetatik lortzera bultzatzen dituzte; bestetik, sistema horiek alferrikakoak izaten dira, eta beti egongo da norbait babesa gainditzea lortuko duena.

Erabiltzaileentzako mugak eta arazoak

Liburu digitaletan jartzen diren DRM sistemak honetan dautza: hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko diren gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dira saltzailearenean, gehieneko kopuru batekin; gero, obrak irakurri ahal izateko, irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar da, liburuak legalki erosi direla ziurtatzen duena; eta liburu digital bat erosi eta deskargatzen denean, enkriptatuta dator eta erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur daiteke. Azken finean, ez da liburua erosten, liburua baldintza jakin batzuetan irakurtzeko lizentzia baizik, softwarearekin bezala. Eta paperezko liburuekin genituen eta legeak bermatzen zizkigun eskubide asko murriztu egin zaizkigu: guk geuk gure gailuetan ikustea da egin dezakegun gauza bakarra, eta ezin diegu familiakoei edo lagunei liburuak utzi, edo liburutegietatik maileguan hartu... Kontrol erabat orwelldarra da.

Kontrol hain hertsia egin nahi izateak, gainera, eragozpen-mordoa eragiten du. Adibidez, DRM sistema batzuk irakurri ahal izateko softwareek gailu edo sistema eragile jakin batzuetarako bakarrik balio dute. Bestetik, ordenagailu, telefono edo liburu elektroniko bat aldatzean, aldaketa hori erregistratu egin behar da liburuak erosi ditugun dendetan, eta gailu berri horretan irakurri ahal izango diren liburuak berriz deskargatu behar dira, baina gailu-aldaketa onartua izateko denbora bat pasatu behar da, eta, kasu batzuetan, deskarga-kopuru maximoa gainditu egin daiteke gailua askotan aldatzen badugu.

Horrez gain, hainbat DRM sistema ezberdin daude, beraien artean bateraezinak. Amazon on-line liburudendak eta Kindle bere irakurgailuak sistema bat erabiltzen dute, Barnes & Noble dendak eta Nook bere irakurgailuak beste bat, beste argitaletxe gehienek (oraingoz liburu digitalen negozioan sartutako euskal argitaletxe bakarrak diren Elkar eta Alberdania barne) Adoberena... Gainera, inork ez du argi esaten DRMa erabiltzen duen edo ez eta hala bada, zein sistema erabiltzen duen, zeinekin den bateragarria eta zeinekin ez. Beraz, horietakoren baten aldeko aukera eginez gero, beti bertan jarraitu behar dugu, erositako guztia ezertarako ez izatea nahi ez badugu. Eta guztiek katalogo hain ezberdinak izaki, aukeratu behar hori arazo handia da, mundu analogikoan gertatzen ez dena.

Azkenean, sortzen dituzten arazo guztiekin, erabiltzaileak liburuak sarean dohainik bilatzera bultzatzen dituzte, eta, hala, lortu nahi zenaren, hau da, pirateria ekiditearen, kontrako efektua lortzen da.

Dena alferrik

Gainera, lehenago edo beranduago, erabiltzaileek DRM sistema guztiak krakeatzea edo deuseztatzea lortzen dute. Horrela gertatu zen musikaren eta filmen kopiak ekiditeko sistemekin, eta horrela gertatzen ari da liburuenekin. Amazonen eta Barnes & Nobleren DRM sistemak deuseztatuta daude jada. Bestalde, liburuek ere badute zulo analogikoa, ezerk ezin du ekidin liburu bat orriz orri eskaneatu eta OCRratzea (karaktere-ezagutzaile bat pasatzea, irudia testu bihurtzeko). Hala, eMule eta halako P2P sareak liburu digital komertzialez josita daude.

Duela gutxi Apple ere agertu da liburu elektronikoen eszenatokian bere iPad-arekin: funtsean liburu-irakurgailu elektronikoen antzeko gailua da; bereizgarririk nabarmenena koloretako ukipen-pantaila du, eta, horregatik, argazkidun egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko egokiagotzat aurkeztu dute. Egunkarien esperantza da paperean gainbehera doan negozioa altxatzea iPad-ak, lehen iPod-iTunes binomioak musikarena jaso zuen bezala; testuinguru honetan soilik uler daiteke medioek batere berritzailea ez den gailu honi egin dioten neurriz kanpoko harrera ona. Eta jakina da Apple-k ez duela inongo eragozpenik edukien industrien nahietara makurtu eta bere gailuak DRMz betetzeko.

Hala ere, argitaletxeek, dendek eta hardware-fabrikatzaileek planteatzen duten eredu horrek ez du etorkizunik. Musika- eta bideo-industrian huts egin zuen, eta hala egingo du liburuarenean ere. Nahiz eta oraindik hori guztia hasi berri den, eta oraingoz DRMaren aldeko apustua den nagusi, hasi dira jadanik bestelako mugimenduak agertzen. Adibidez, Sony Reader irakurgailuek eta haren on line dendek, hasieran Adoberen DRMa erabiltzen bazuten ere, kendu egin dute jada. Gainera, denda eta argitaletxe txiki askok DRMrik gabeko liburuak saltzen dituzte. Besteak saiatuko dira oraindik egoerari eusten, baina DRMa desagertzea denbora-kontua besterik ez da.

Ralf König, istorioen kontatzaile aparta

Willy Roa 2010/05/01 14:20
Willy Roa kolaboratzailearen artikulua
Ralf König, istorioen kontatzaile aparta

Irudia: Ralf König

Zenbat denbora da ez dudala komiki bat erosi? Ez dakit. Liburuak erosteari ere utzi diot neurri handi batean, eta (zer egingo diogu?) gauza hauek gertatzen dira!! Ziur nago berriz ere astinduko dudala kartera egunen batean, baina hori gertatu bitartean, nostalgia pixka bat ari da etxeko apaletan biltzen. Eta komikien apalean, nostalgiaren sekzioaren erdi-erdian Ralph König daukat. Kontatu ditut: König-en hamalau album ditut. Eta altxor bat balitz bezala dauzkat gordeta. Horretaz jabetu eta segituan e-gor bloga zabaldu nuen, eta ez nuen hari buruzko ezer aurkitu. Horregatik, animatu naiz idaztera blogerako. Eta ea zer esaten duzuen beste irakurleok... ezagutzen duzue Ralf König, ezta?

Ezagutzen ez duenarentzat, bi hitzetan aurkeztuko dut: homosexuala eta komikilaria. Bi gauza horiek definitzen dute ezin hobeto Ralf König. Bere komikiek gay-en giroa islatzen dute, gaur egungo Alemanian zein antzinako Grezian girotuta. Testuingurua edozein dela ere, "plus" bat ematen dio kontatzen duenari homosexualen ikuspuntutik aurkeztuta. Eta hori asko esatea da; baina ez da horretan bakarrik geratzen.

Königen lanaren definizioari nik hirugarren bat ezaugarri bat gehituko nioke: istorioen kontatzaile aparta dela. Istorioak eta ikuspuntuak originalak izateaz gain, erritmoa dute. Irakurtzen duzunean, aurrera eramaten zaitu ia nahigabe, eta denbora oso ondo neurtuta. Nik Asterix-ekin konparatzen dut; biñeta batean erromatarra jotzen du, bigarrenean gora begiratzen du eta hirugarrenean erori egiten da, eta hirurak marrazten ditu kolpeari erritmoa emateko. Nire iritziz, Königek gauza bera egiten du, batez ere dialogoekin. Biñeta bakarrean konta zezakeena batzuetan orrialde oso batean kontatzen du, eta irakurleak jasaten du elkarrizketaren erritmoa. Mundiala da.

A, eta umorezko komikiak dira (oraindik ez dut esan!!).

Königen zer komiki erosi edo irakurri? Beti bezala, oso zaila da gomendio bat egitea. Baina behintzat bada non aukeratu; album asko itzuli dira gaztelaniara eta gutxi batzuk behintzat euskerara ere bai. Ospetsua egin zen El hombre deseado, istorioa pelikula bihurtu zutelako. Mutil hetero guapo bat etxetik botatzen du bere neskak, eta gay-en taberna batean bukatzen du; ez du non lo egin, eta gay guztiek nahi dute etxera eraman. Istorioa hortik abiatzen da. König kexatu zen pelikula bihurtu zuena hetero zelako, eta nabaritzen zelako; hain zuzen ere, istorioaren indarretako bat da pertsonaia gay-ak askoz normalagoak eta zentzuzkoagoak direla heteroak baino.

Ez dakit El hombre deseado euskaraz argitaratu duten ala ez. Baina Königen bigarren komiki ezagunena bai: Kondoi hiltzailea (gainera nahiko eskaintza merke batean aurkitu dut albuma, 4-5 euro). Nobela beltz bat da (hau ere pelikula bihurtuta). Protagonista detektibe gay bat da, eta hiltzailea kondoi bat, hortzak dituena, eta biktimen zakilak txikitzen/jaten/suntsitzen dituena.

Bi horiek dira, beharbada, Königen lan ezagunenak, baina nire faboritoen artean Lisistrata, Yago eta Huevos de toro dira. Lisistrata antzezlan klasiko bat da, Aristofanes grekoak idatzita. Atenasen urteak daramate gerra luze batean, eta egoerari buelta emateko, hiriko emakumeak Akropolira sartu eta itxi egiten dute. Gizonek ez dute sexurik izango gerra bukatu arte. Königen bertsioan, egoera horretan, gizon homosexualek ikusten dute sekulako aukera, Atenasen emakumerik ez, eta gizonezko guztiak sexu eske. Oso dibertigarria.

Yago berez Shakespeareren Otelo obrako pertsonaia bat da. Shakespeareren garaian, antzezle guztiak ziren gizonezkoak, baita emakumeen paperak egiten zituztenak ere; Königen istorio batentzako planteamendu ezin hobea da. Eta Huevos de toro komikian, Königen pertsonaiak flipatuta daude Espainiako etorkin batekin (Alemanian); etorkina mutil-puska bat da, eta eraikuntzan egiten du lan.

Askoz ere komiki gehiago ditu Königek. Argitaratu dituen azkenekoak (Prototipo eta Arquetipo) ez ditut irakurri, baina badut gogoa harrapatzeko, Bibliaren pasarteak erabiltzen baititu istorioa montatzeko. Trilogia baten lehen bi zenbakiak omen dira (uste dut hirugarrenak Anti-tipo izango duela izenburua). Königen elkarrizketa batean irakurri diot gay-en istorioez nazkatu dela jadanik. Baina berdin du. Komiki berriak egiten baditu, ia ziur, oso ondo eginak egongo direla. Nire ustez, Ralf König istorioen kontatzaile aparta delako.

Ficomic Bartzelonan, euskal pintzelkadak tarteko

Dabilenharria 2010/04/20 20:20
Dabilenharria kolaboratzailearen artikulua

FICOMIC Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketa maiatzaren 6tik 9ra ospatuko da: 2009an 100.000 bisitari izan zituen, beraz gaur egungo komikizaleentzat ezinbesteko zita da, nostalgikoentzat txikitako komikiak eskuratzeko aukera eta edozein makroerakusketara hurbiltzen diren herritarrentzat komikien mundura hurbiltzeko aitzakia. Fira de Barcelona gunean kokatuko da, 10:00etatik 20:00etara egoten da zabalik, (ostiral eta larunbatean 21:00ak arte) eta egun bakoitzeko 6 euro ordaindu beharko dira.

Katalunia beti izan da erreferentzia komikien arloan, eta FICOMIC sektorearen urteroko azterketa egiteko erabiltzen da: argitalpen berrien erakusleiho da, autore gonbidatu interesgarriak izaten dira bertan, erakusketa bereziak antolatzen dituzte, omenaldiek bere lekua izaten dute… Azokaren egitaraua orekatua izaten da, batetik komikiaren historiako autoreei gorazarre eginez eta bestetik gaur egungo produkzioaren artean hautaketa eginez. Holanda izango da nazio gonbidatua eta Euskadi Erkidego gonbidatua.

Azokaren inguruko laburpen txukun bat eskuratu nahi duenak La Guia del Comic orrian topatu dezake. Lerro hauetan niri deigarrien egin zaizkidan elementuak zerrendatuko ditut eta Euskadiko Autonomi Elkartearen partaidetzari buruzko informazioa eman.

Gonbidatuen artean ezagunenak hauek izan daitezke:

  • Tanino Liberatore, RanXerox sailaren egile italiarra (La Cúpula argitaletxeak bilduma osoa aurkeztuko du azokan).
  • Gilbert Shelton, Estatu Batuetako 60-70 hamarkadetako underground komikigintzaren autorea, Los fabulosos Freak Brothers pertsonaien egilea.
  • Frantziatik Lewis Trondheim L´Association argitaletxeko eratzaileetako bat eta komiki autore ezaguna, eta Jacques Tardi, Adèle Blanc Sec sailaren egile eta lehen mundu guda zein Frantziako iraultzari buruzko lanak argitaratu dituena.

Beste gonbidatu batzuen artean: Guillaume Trouillard, Andy Diggle gidoigilea eta Jock marrazkilaria, Gene Ha, Ethan Van Sciver...

Erakusketetan, 2009ko sarien irabazleen lanekin osatzen da bat: urteroko sari banaketak eragiten duen zurrunbiloa pasa eta gero autore batzuk sakonago ezagutu ahal izatea saritzat hartu daiteke ere, eta horrela Azokaren edizioen arteko lotura bermatzen da. Beste erakusketak:

  • Los ritmos del cómic, komikia eta musikaren arteko lotura islatzen duena,
  • By Vázquez, Manuel Vázquez Bruguera eskolako komikilariari buruzkoa
  • Harold Foster-en El Príncipe Valiente laneko jatorrizko orrialdeekin osatutakoa
  • Kataluniako komiki eskola garrantzizkoena den Escola Joso zentroari buruzko Joso goes to Hollywood! erakusketa
  • Maiatzaren 5etik 30era Badalonan, etorkizunean Kataluniako Komiki eta Ilustrazioaren Museoa kokatuko den hirian, Tardiren gerrari buruzko lanen erakusketa egingo dute, bonbardaketetatik babesteko erabiltzen zen areto batean

Sarien atalari dagokionez, espainiar estatuko egile eta argitaletxeetara mugatzen dira beti hautagaiak, atzerriko lan onenari dagokiona izan ezik. Azokako Sari Handiaren irabazlearen hautaketa FICOMIC-eko Batzorde Exekutiboaren esku egoten da, eta gainontzekoak komikiaren sektoreko profesionalek aukeratzen dituzte: bozketa baten ondoren sail bakoitzeko 5 hautagai izendatzen dira eta Azokaren bigarren egunean, maiatzaren 7ko gauean, jakinaraziko dira irabazleen izenak. http://www.ficomic.com/NOTICIES/detall.cfm/ID/1355/T/nominados-los-premios-28-salon-comic-barcelona.html helbidean ikus daitezke izendatu guztiak.

Gure herriko argitaletxeen artean Astiberrik plazaratutako lan asko daude zerrendan: El vecino 3, Las calles de arena, El juego de la luna... Hautagaien artean euskal herriko autore bakarra dago, Antonio Altarriba, komiki askoren gidoilari eta komikiari buruzko lan teoriko ugariren egilea. El arte de volar lanak, 2009an Kim marrazkilariarekin elkarlanean argitaratuta, jada Kataluniako sari nazionala jaso du, eta Lan onena eta Gidoi onena sariak jaso ditzake FICOMIC-en. Premio a la divulgación de la historieta 2009 atalean Borja Crespo bilbotarra dago, zinema, fanzine eta komiki arloko autorea, eta Getxoko Komiki Azokako arduradunetako bat. Komiki-denden atalean Bilboko Joker da hautagai: bigarren urtez eskainiko da sari hau, eta aurten 15 urte betetzen dituen Joker joan zen urteko zerrendan izan zen ere.

Euskadi Erkidego gonbidatu

Urtero Erkide Autonomo gonbidatu bat izaten da: Madril, Balear Irlak eta Galizia izan dira aurretik, eta Euskadiren txanda iritsi da.

FICOMIC-en ustez, Euskadiko komikigintza 70. hamarkadatik etenik gabe garatuz joan da, eta Ipurbeltz zein Habeko Mik aldizkariak aipatu ondoren gaur egungo TMEO, Xabiroi eta El Balanzin nabarmentzen ditu; argitaletxeen arloan bere garaian Ikusager eta orain Astiberri. Jardunaldi eta azoken aniztasuna aipatzen dute eta gurean 9. artea indartsu dagoela nabarmentzen dute.

Elkarte Autonomo bat aukeratzean bertako gobernua izaten da gonbidatua, eta Jaurlaritzako Kultura Sailak EIEP/APIE Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren eta Getxoko Komiki-Azokaren laguntza izan du.

Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Daniel Martin EIEP Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, Euskomik izeneko 150 metro karratuko stand-a egongo da: “hiru zatitan banatuko da, gune ezberdinak bereizte aldera. Alde batetik, argibide-liburutegiaren guneak sustapen-materialak erakutsiko ditu, instituzionalak eta inprimaturiko argitalpen-materialak. Bestalde, areto nagusiaren gunean hainbat jarduera egingo dira, gaur egungo komikigintzarekin estuki loturiko talde eta erakundeen eskutik, hala nola aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta bestelakoak. Erakusketaren gunea oso-osorik Euskadiko egileen lanak sustatzera dedikatua egongo da eta 22 profesionalen lan-bilduma erakutsiko du, nazioartekoenak eta euskal argitalpenetan argitaratuz gorabidean datozen belaunaldi berrikoenak, hain zuzen. Hautaketa-irizpideak lurraldeen arteko oreka ere aintzat hartu du. Egile bakoitzak azken urteotan egindako hiru komiki-plantxa aukeratu ditu, bere lanaren eredu esanguratsu moduan.”

Orain arte komunikabideetan edo sarean topatu dudan informazio gehiena martxoaren 11n eman zuten prentsaurrekoan oinarritzen da, baina Garako Anartz Bilbaok datu gehiago jakinarazi dizkigu: partaideen artean Alhóndiga Bilbao, KREA, Donostia Kultura, Astiberri eta Sauré argitaletxeak egongo dira. Xabiroi ere bertan egongo da, baita Getxo zein Irungo Azokak ere. Eta Angoulemetik pasa ondoren, Arabako komikizaleek ere beraien txokoa izango dute bertan.

EIEP-ek 30 euskal ilustratzaileren lanak jaso ditu Irudika katalogoan, eta gainbegiratu batean horien artean 16 dira komikiekin lotuta daudenak. 30en artean ez dago Nafarroa edo iparraldeko komikilaririk, nahiz eta elkartean bateren bat badagoen. Atal berezi bat eskainiko diote Azokari beraien webgunean: http://www.apie-eiep.com/euskomik/.

Ez da argitaratu erakusgai egongo diren 22 profesionalen zerrenda osoa. Medioek Irudika katalogoan agertzen diren autore batzuk aipatu dituzte, erakusgai egongo ote diren zehaztu gabe: Mikel Valverde, Jose Ibarrola, Jokin Mitxelena, Mauro Entrialgo, Alvaro Ortega, Raquel Alzate, Mattin, Antton Olariaga... Beste izen hauek ere agertzen dira Garako artikuluan: Borja Crespo, Javier de Isusi, Santi Valenzuela, Simonides, Orue...

Ziur Azokara joango diren pertsonek autore, argitaletxe eta aldizkari interesgarriak topatuko dituztela, eta autonomi elkarte honetan ospatzen diren ekimenak ezagutu ahal izango dituzte. Gure autoreentzako probetxugarria izan daiteke Azoka, beraien lana aurkezteko leku paregabea.

Ikustear dago Stand-aren edukia zein izango den, bertako arduradunek zein hitzekin deskribatuko duten gure herrian komikiak duen errealitatea, mahainguru eta hitzaldietan zer esaten den... eta ondoren komunikabide eta blogarien inpresioak entzun eta irakurriko ditugu: kanpokoen begien bidez gure komikigintzaz erakusten dena nola ikusten den jakitea interesgarria izango da.

HTML 5: estandarrak behar zuen eguneraketa

e-gor 2010/04/07 19:45
HTML (HyperText Markup Language edo Hipertestua Markatzeko Lengoaia) da webeko edukiek izan behar duten formatua definitzen duen estandarra. Sir Tim Berners-Lee jaunak sortu zuen 1991n, eta azken bertsioa, 4.01 zenbakiduna, 1999an atera zen, orduko Internetaren ezaugarriei egokituta. Baina bertsio hura ez dago prestatuta gaur egungo webaren ezaugarri ugaritarako. HTML 5 gabezia horiek konpontzera dator.

HTML 4, zaharkitua

HTML estandarraren azken bertsioak 10 urte baino gehiago ditu. Orduko weba formatudun testuz, irudiz, estekaz eta formularioz osatua zegoen nagusiki, eta HTMLren 4.01 bertsioan elementu horietarako etiketak daude. Gaur egun, ordea, ugariak dira webean audioa, bideoa, elkarrekintza handiko aplikazioak (RIA edo Rich Internet Applications deritzenak), grafiko mugikorrak, jokoak, off line lan egiteko aukera eta horrelakoak. Eta HTML hutsarekin ezin dira horiek adierazi. Javascript eta AJAX moduko teknologiek laguntzen dute maila baterainoko elkarrekintza lortzen, baina interakzio handia behar denean, edo aipatutako beste gauzetarako, hirugarrenen pluginak erabili besterik ez dago: Flash, Silverlight, JavaFX, Google Gears...

HTML estandarra denbora honetan guztian ez eguneratzearen arrazoi nagusia da weba eta HTML formatua gidatzen dituen World Wide Web Consortium edo W3C delako nazioarteko erakundeak eta Berners-Lee haren zuzendariak beste asmo batzuetan jarri dituztela indarrak. Zehazki, batetik, egungo webaren eboluzio gisa XHTML formatuaren aldeko apustua egin zuten (XML arauekin bateragarria den HTML formatua), eta horren 2.0 bertsioan aritu dira lanean; eta, bestetik, web berri ahaltsuago bat definitzen ere aritu dira, web semantikoa alegia (2009ko maiatzeko eta ekaineko aleetan azaldu genizuena), eta harentzako formatuak lantzen (RDF, OWL, SPARQL, GRDDL...). Horregatik, HTMLren bertsio berrien beharrik ez zuten ikusten.

Hala ere, web semantikoa ez zen sortu gaur egun ezagutzen dugun weba ordezkatzeko, baizik eta harekin batera erabiltzeko, eta, askorentzat, XHTML 2.0 disruptiboegia zen egungo webaren eboluzioa izateko (zerotik birdiseinatua, atzerako bateragarritasunik ez zuena, zorrotzegia...). Eta errealitateak ere erakusten zuen haien erabilera oso txikia zela. Horregatik, HTML estandarraren jarraipena bultzatzeko asmoz, Appleko, Mozilla Fundazioko, Operako eta Googleko hainbat pertsonak WHATWG komunitatea sortu zuten 2004an (Web Hypertext Application Technology Working Group), eta HTML 5en lehen zirriborroa lantzen hasi ziren. 2007an, W3Ck ere ikusi zuen HTML formatuaren bertsio berri bat egiteko beharra, eta lantalde bat sortu zuen horretarako. WHATWG taldeak landutako proposamena hartu zuten abiapuntutzat, eta, geroztik, hura hobetu eta zehazten aritu dira.

HTML 5, egungo webari egokitua

HTML 5 bertsioan, gaur ezagutzen dugun webean ohikoak diren ezaugarri garrantzitsuenak hartu dira kontuan, eta horrek aukera ematen du kanpoko pluginen beharrik gabe ia edozein web-aplikazio sortzeko. Gainera, HTML 5en XML bertsio bat ere badago, XHTML 5, orain XHTML 1.0ren ordezkoa izateko proposatzen dena.

Multimediari dagokionean, adibidez, HTML 4k irudientzat onartzen zuen multimedia-etiketa bakarra <img> zen; HTML 5ek, ordea, <audio> eta <video> etiketak dakartza. Horrez gain, <canvas> etiketa ere badauka, denbora errealean marrazten joan gaitezkeen pintura-oihala, eta WebGL estandar berriarekin konbina dezakeguna (3D irudiak nabigatzaileetan erakusteko liburutegi grafikoa). Horrez gain, ordenagailuari konektatutako hainbat hardware-elementurekin elkarreraginean jardun dezake (hala nola mikrofonoarekin, webcamarekin...).

Bestalde, itxura definitzeko etiketak kendu dituzte, esanahi edo egiturazko etiketak soilik mantenduz eta aurkezpena CSS bidez egitera behartuz (HTML dokumentuen itxura aparteko estilo-orrietan adieraziz). Eta etiketa semantiko edo egiturazko berriak sortu dituzte, hala nola <nav> (nabigazio-menuarentzat), <footer> (orri-oinarentzat) eta <article> (artikuluaren gorputzarentzat). Formularioetan ere kutxa-mota berriak sartu ahal izango ditugu, hala nola zenbakientzakoak, datentzakoak, orduentzakoak, helbide elektronikoentzakoak, URLentzakoak, bilaketentzakoak... edo guk nahi duguna onartzekoak, espresio erregularren bidez. Gainera, zuzenean txertatu ahal izango dira grafiko bektorialak SVG formatuan eta ekuazio matematikoak MathML formatuan. Eta API berriak (aplikazio aurreratuagoak idatzi ahal izateko funtzioak) ere baditu HTML 5ek: off line gaudenean web-aplikazioek datuak gordetzeko APIa, arrastatu eta jaregiteko APIa...

2010. urtearen amaierarako eduki nahi dute bukatuta HTML 5 estandarra. Baina haren zatiak onartze-maila ezberdinetan daude, eta ia erabat finkatuta dituzten hainbat atal jadanik inplementatuta dituzte Interneteko nabigatzaileen bertsio berrienek, guk erabiltzeko prest. Eta, izan ere, hala da: sarean webgune ugari daude HTML 5en ahalmen berrien demoekin, batzuk benetan ikusgarriak HTML hutsean eginak egoteko. Egin diezaiogun, beraz, ongietorria HTML 5 estandar berriari!

Nafarroako I. komiki-azoka

e-gor 2010/04/06 23:45
Iruñean izango da apirilaren 8tik 11ra, ekitaldi eta gonbidatu ugarirekin
Nafarroako I. komiki-azoka

Irudia: Howard Chaykin

Tiza komiki elkartearen ekimenez, Nafarroako I. Komiki Azoka egingo da Iruñean apirilaren 8tik 11ra bitartean (ostegunetik igandera, beraz), Kondestablearen jauregian. Lehenengo edizio honetarako, ekitaldi ugari prestatu dituzte: erakusketak, nobedade aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, egileen sinatzeak, proiekzioak, tailerrak... Sarrerak dohainik izango da.

Jarraian duzue ekitaldien zerrenda eta egitaraua (informazio gehiagorako http://tizacomic.com/wordpress/wp-content/uploads/2010/04/programa-euskera.pdf). On egin!

Erakusketak

  • Oroz: komiki-tiraz harago: Orozen ibilbide profesionalaren gainbegirada
    bat euskarri ezberdinetatik:
    pankartak, komiki-tirak, argitalpenak…
  • Bost begirada belgikar komikiari: Bost egileren argazki ibilbidea komikiak
    Bruselarekin duen erlazioaren bila
  • Grisak - Pasqual Ferry: Pasqual Ferry egile kataluniar polifazetikoaren grisen eskalan egindako lan argitaragabeen aukeraketa
  • Hate Jazz - I Tiza Saria: Horacio Altuna eta Jorge Gonzálezen obra minean oinarritutako erakusketa, obra berritzaileenari 1. Tiza Sariaren irabazlea
  • Miña terra Galega: Zortzi galiziar egilek Galizia eta galiziarren topikoei buruz egindako hausnarketak; 32 lanez osatutako erakusketa, Consellería de Cultura e Turismo de Galicia-k antolatuta
  • Gonbidatutako egileak: Tiza Elkarteak ekoiztutako erakusketa non gonbidatutako egile bakoitza bere obraren aukeraketa baten (egile bakoitzak egindakoa) panel baten bidez aurkeztua izango den, biografia labur batez osatuta

Proiekzioak

Beheko Auditorioan:

  • Apirilak 6 asteartea 18.00etan: Juan Padrón monografikoaren aurkezpena, "Vampiros en la Habana"-ren proiekzioa.
  • Apirilak 7 asteazkena 18.00etan: Aukeratutako Nafar animazio film laburren proiekzioa, baita film labur hauena ere: Filminuto 1, Tabey, Elpidio Valdés ataca, Jutía Dulce, Elpidio Valdés y el fusil, Celedonio, N’Vula, La pregunta, Kolia
  • Apirilak 8 osteguna 18.00etan: Aukeratutako Nafar animazio film laburren proiekzioa, baita film labur hauena ere: Viva Papi, Filminuto 2, Quinoscopio 1, Filminuto 3, EV está rodeado, EV y la abuelita de Weyler, EV contra el Quinto de Cazadores, Nikita chama boom
  • Apirilak 9 ostirala 18.00etan: Aukeratutako Nafar animazio film laburren proiekzioa, baita film labur hauena ere: Las manos, La fiesta de los hongos, EV en campaña de verano, EV y los inventores, EV capturado, EV y Palmiche contra los lanceros, Quinoscopio 2, Quinoscopio 3, Mafalda
  • Apirilak 10 larunbata 18.00etan: "Más Vampiros en la Habana"-ren emanaldia, zikloaren itxiera-ekitaldia Juan Padrón-ekin

Hitzaldiak, mahai-inguruak, ikuskizunak eta aurkezpenak

OSTEGUNA 8

  • 17:00, Beheko Auditorioan, Irekiera-ekitaldia: Gonbidatu guztiak mahai-inguruan, antolakuntzaren aurkezpena, autoritateen eskuhartzea
  • 18:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “Vivir del cuento en España. Una historia de superhéroes”, JJ Aos, GoChi, Julio (TBO), Josemi (NORMA), moderatzaile Ramón Huarte
  • 19:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “De los orígenes a la actualidad del cómic en Navarra”, Resano-Osés, Belatz, Simonides, Jali, moderatzaile William
  • 20:00, Beheko Auditorioan, Hitzaldia: “Joaquín Reyes y del mundo de la ilustración al universo chanante”, Joaquín Reyes

OSTIRALA 9

  • 13:00, 2. solairuko batzargelan, Hitzaldia: “El cómic y las nuevas tecnologías”, Harry Markos, Markosia-ren editore burua
  • 16:00, 2. solairuko batzargelan, GLENAT argitaletxearen berrikuntzen eta Lolita Butterfly liburuaren aurkezpena, Idoya Iribertegui bere egilearen eskutik
  • 17:00, Beheko Auditorioan, "Gartxot"-en aurkezpena: Asisko Urmenetak “Gartxot” bere film laburretik sortutako film luzearen proiektua aurkeztuko du, komunikabideei egindako aurkezpena eta gero proiektatuko dena
  • 17:30, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “El cómic que surgió en la calle. El realismo social como fuente de inspiración”, Mauro Entrialgo, Resano-Osés, Simonides, Jorge González, moderatzaile Javier Moya
  • 19:00, 2. solairuko batzargelan, Hitzaldia: "Perspectiva de género en el Cómic - Un recorrido por el cómic femenino en España", Clara Tanit, Marika Vila, Myriam Cameros, Idoya Iribertegui, moderatzaile Jordi Ojeda
  • 20:00, Beheko Auditorioan, Aurkezpena: “Nikodemo’s Show! de 50 a 350 en 5 años”, Carlos Gómez eta Raúl Escolano, Nikodemo-ren fundatzaileak eta Cálico electrónico-ren sortzaileak

LARUNBATA 10

  • 11:30, 2. solairuko batzargelan, PLANETA argitaletxearen berrikuntzen aurkezpena eta gure herriko gaur egungo editorialen gainbegirada bat
  • 13:00, 2. solairuko batzargelan, Hitzaldia: "La física de los superhéroes - Una visión pedagógica del mundo del cómic", Jordi Ojeda, UPC-ko irakaslea
  • 17:00, 1. solairuko gelan, Berriketa irekia: Yamaguchi liburutegiak Clara Tanit Arqué eta José Angel Labari (Jali) egileekin euren azken lanei buruz solasaldi bat antolatzen du
  • 17:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “Cómic book americano vs álbum europeo”, Howard Chaykin, Harry Markos, Horacio Altuna, Pasqual Ferry, moderatzaile David Hernando
  • 19:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “La sátira política en la historieta”, Bernardo Vergara, César Oroz, Charlie Christensen, JJ Aos, moderatzaile Andrés Mendiri
  • 20:00, Beheko Auditorioan, Ikuskizuna: "HATE JAZZ", Zuzenean komikia eta musika nahasten duen ekitaldia, Jorge González, Horacio Altuna, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Banda

IGANDEA 11

  • 13:00, Beheko Auditorioan, Itxiera-ekitaldia: Tiza I lehiaketaren epaimahaiaren erabakia “Donejakueko beste bidea”

Bestelako ekitaldiak

  • Larunbata 10 eta igandea 11, 11etan, 2. solairuko eskultura lantegian, Tailerra: "Komikien sorkuntza", Julio Martínez (Mart) eta Álvaro
    Muñoz-ek emana (AACE-ren zuzendariak)
  • Larunbata 10 eta igandea 11, 11etan, beheko solairuko beheko patioan, Karikaturak zuzenean: Roberto Flores-ek bere talentua erakutsiko digu, eskatzen duten bisitariei karikaturak doan marraztuz
  • Larunbata 10 eta igandea 11, 11etan, 1. solairuko geletan, Sinadura eta papel-zorroen gainbegirada: egile berriek profesionalei euren lanak erakusteko aukera bat, eta komikizaleentzat komikiak euren egileek sinatzekoarena (liburutegi espezializatuetan sinaduren egitarau berezia)

Gonbidatutako egileak

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10