Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Komiki-berrien entsalada

e-gor 2010/02/02 00:10

Beste gauza batzuekin liatuta, komikien inguruko berriak pilatu egin zaizkit. Hona hemen guztiak batera, orden berezirik gabe.

Batetik, Arturo Kanpionek jasotako Gartxot Itzaltzuko bardoaren ipuin herrikoi ezagunean oinarrituta, marrazki bizidunetako film laburra egin dute Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak, Gartxot izenburuduna. Itzaltzun, istorioa kokatzen den tokian, estreinatu zuten, eta istorioko gertakariaren 900. urteurreneko urtean. Duela urte batzuk Gartxot komikia argitaratua zuen Urmenetak, Argiaren eskutik eta Marko Armspach eta Jokin Larrearekin batera. Eta etorkizunerako film luzea egiteko asmoa ere badute Urmeneta eta Elordik.

Bestetik, Tiza komiki elkartearen ekimenez, Nafarroako I. Komiki Azoka egingo da apirilaren 8tik 11ra. Sarrera doan izango da eta, ohikoa denez, tailerrak, erakusketak, proiekzioak, gonbidatuak eta abar izango dira. Informazio zehatzagoa azokaren webgunean duzue (gaztelania hutsean).

Bestalde, Gasteizko Krea kultur zentroak Komikiaren Gida argitaratu du hirugarrenez. Aurrekoak Abarrotsek eta Mauro Entrialgok egin bazituzten, oraingoan Joaquín Reyesek egin du, Muchachada Nui edota La Hora Chanante moduko saioengatik umorista gisa famatu egin den marrazkigilea. Gida euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz dago eta laster Krearen webgunean eskuratu ahal izango omen da. Gida hau otsailaren 4ean, arratsaldeko 19:00etan, Caja Vital Kutxa Fundazioa aretoan (Dendaraba Merkataritza Gunean) aurkeztuko da, eskolarteko 27. komiki lehiaketaren sari banaketa ere egingo den ekitaldian.

Horrez gain, Portugaleteko komiki-lehiaketaren XXIII. edizioko lan irabazleak biltzen dituen liburua argitaratu dute. Eta XXIV. edizioa martxan da jada, martxoaren 5a arte dago lanak bidaltzeko aukera. Sariz ederto hornituta dago gainera: 2.000 €, 1.450 € eta 900 € eta plaka bana lehen hiruentzat, 325 € eta plaka euskarazko egile onenari eta Portugaleteko egile onenari, 300 € eta plaka 18 urtetik beherako onenari, 200 € eta plaka 15 urtetik beherako onenari, 325 € eta plaka komiki-banda onenari, 110 € eta plaka 18 urtetik beherako komiki-banda onenari, 600 € eta plaka online komiki onenari eta 325 € eta plaka gidoi onenari. Informazio gehiago Portugaleteko udalaren webgunean.

Lehiaketen irabazleekin jarraituz, Barakaldoko umore grafikoko 9. lehiaketakoak eta Crash Comic 09koak ere jakinarazi dituzte. Barakaldokoan, lehen bi sariak Errumaniara joan dira (Constantin Pavel eta George Licurici), hirugarrena Kubara (Osvaldo Díaz Moreira), laugarrena Iranera (Mehdi Mohammadi Rouzbehani) eta bostgarrena Indonesiara (Tommy Thomdean). Lan irabazleak lehiaketaren webgunean ikus daitezke, aurreko urteetakoekin batera. Crash Comic-i dagokionez, Alberto Tejerok, Arturo Camposek eta Jorge Rodriguezek eraman dituzte 1., 2. eta 3. sariak hurrenez hurren, Javier Garcia Landak Arabako komiki onenarena eta Amaia Ballesterosek emakume gazte batek egindakoarena. Lan irabazleak ere erakusgai daude helbide honetan.

Amaitzeko, abian da berriz ere, urtero bezala, Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2010 komiki-lehiaketa. Lehenengo saria 900 € dira, bigarrena 450 € eta hirugarrena 300 €. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera.

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)

e-gor 2010/01/27 22:54
DRM sistemek egoera orwelldar eta absurdua ekarri dute, prezio eta eskaintza tristeez gain

Liburu elektronikoaren ideia asko gustatzen zait. Ez dut uste esan beharrik dagoenik teknozalea naizela, eta oso pisu gutxirekin irakurgai piloa gainean eraman ahal izatea aparta iruditzen zait. Baina horren atzean dauden enpresek (e-book irakurgailuen ekoizleak, liburudenda digitalak, argitaletxeak...) gaur egun eskaintzen dutena ez da batere erakargarria; alderantziz, ni guztiz atzera botatzen nau.

Elhuyar aldizkariaren iraileko alean idatzitako artikuluan DRM edo Digital Rights Management sistemei buruz hitz egin nuen, finean kopiak eta pirateria ekiditeko sistemak direnak. Han nioen bideo eta musikaren arloan DRM-a hilda dagoela, denborak alferrikakoa dela eta bilatzen duen helburuaren kontrakoa lortzen duela frogatu duelako. Eta esaten nuen liburu elektronikoen etorrerarekin agian berpiztuko zela DRM-aren gaia. Orduan agente gutxi zeuden merkatuan (Amazon denda erraldoia eta euren Kindle irakurgailua ziren bakarretakoak), baina orain askoz gehiago daude, gurean ere bai. Panorama argitu da eta, kontraesana badirudi ere, ezin ilunagoa da. Argitaletxe eta liburu digitalen denda gehienek DRM-aren aldeko apustua egin dute, eta DRM mota oso itxia gainera, egoera absurdutara eramaten duena. Egile eskubideak defendatzeko sistema gisa saltzen digute DRM-a, baina erabiltzaileen eskubideen aurka doaz larriki.

Begira zertan datzan kopiak eragozteko sistema horrek. Hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko dituzun gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dituzu saltzailearenean (gehieneko kopuru bat duzu); gero, obrak irakurri ahal izateko irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar duzu, liburuak erosi dituzula ziurtatzen duena; eta liburu bat erosi eta jaisten duzunean, erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur dezakezu. Azkenean, softwarearekin bezala, ez duzu liburua erosten, liburua irakurtzeko lizentzia baizik. Ematen dizuten liburu digitalak, hau da, fitxategiak, ez dizu ezertarako balio, enkriptatuta dator, eta zure gailu erregistratuak desenkriptatzen du eta erakusten dizu, baldin eta erabilera egokia egiten ari zarela irizten badio. Paperezko liburuekin konparazio bat egite aldera, etxean Anaia Handia bat izango bagenu bezala da, gure etxeko liburutegitik liburu bat hartu dezakegun edo ez kontrolatuko diguna, inori utziko ez diogula ziurtatuz. Edo okerrago, etxeko liburuak ulertzen ez dugun hizkuntzaren baten izango genituzke, eta Anaia Handi horrek itzuli eta irakurriko lizkiguke. Onartuko al genuke?

Bestalde, "erabilera egoki" hori ez da legeak markatzen duena, ez, saltzaileek erabaki dutena baizik: zuk zeuk zure gailuetan ikustea da egin dezakezun gauza bakarra. Baina noiztik da ez legezkoa familiakoei edo lagunei liburuak uztea? Oso larria deritzot legezkoa zer den eta zer ez beren gain hartze hori. Mundu "analogikoko" similarekin jarraituz, liburutegiek ezingo lituzkete liburuak utzi. Non gelditu da kulturarako atzipen unibertsala argitaletxeen helburuetan?

Eta kontrol hain hertsia egin nahi izateak, gainera, eragozpen mordoa eragiten ditu. Adibidez, DRM sistema batzuk irakurri ahal izateko hainbat software gailu edo sistema eragile jakin batzuentzat soilik dago (eta Linux da kaltetuena, beti bezala). Edo ordenagailu edo gailu bat aldatzean aldaketa hori erregistratu egin behar da liburuak erosi ditugun dendetan, eta gailu berri horretan irakurri ahal izango diren liburuak berriz jaitsi behar dira; gainera, kasu batzuetan, gailu aldaketa onartua izateko denbora bat pasatu behar da, edo deskarga kopuru maximoa gaindi dezakezu gailu aldaketen kausaz eta liburua berriz erosi behar da.

Bestalde, DRM sistema bakarra balego, gaitzerdi! Baina keba, hainbat sistema daude, beraien artean bateraezinak. Hala, Amazon-en erositako liburuak ezingo dituzu Elkar-en irakurgailu batean irakurri, edo Alberdanian erositakoak Kindle-ean; eta beste sistema batzuk ere badaude, Barnes & Noble-ren Nook-a adibidez. Gainera, inon ez dizute horretaz abisatzen; gehienetan ez dizute argitzen ezta beraiek zein formatu erabiltzen duten edo zein gailutan irakur dezakezun! Baina behin denda baten erosketa bat egin duzunean, bizitza guztirako ezkondu bazina bezala da, bestela beste sistema bat erabiltzen duen gailu batera aldatzean erositako guztia ezin duzu irakurri. Hau ez litzateke hain txarra izango edozein dendatan argitaletxe, egile eta liburu guztiak bagenitu aukeran, paperezko munduan bezala, baina ez da horrela. Liburudenda digital edo argitaletxe bakoitzak bere katalogoa du: denda batzuk ingelesezko aukera zabalarekin baina gaztelaniaz apenas eta euskaraz ezer ez, argitaletxe batzuk euskarazkoak soilik... Gainera, egile famatu batzuek, Ian McEwan, Stephen Covey edo Paulo Coelhok adibidez (harrigarria Coelhorena, kopien apologia egin baitu sarritan), argitaletxeez paso egin dute eta tratua egin dute zuzenean online dendekin argitaratzeko, irabazien portzentaje handiago bat lortuz, baina erabiltzaileak kaltetuz, euren lana denda horretako bezeroek soilik irakurri ahal izango baitute. Egoera honek ez du inongo zentzu edo logikarik...

Ordaindu badut nik liburu digitala eduki nahi dut eta berarekin nahi dudana egin, nahi dudan irakurgailuan irakurri, nahi dudan lagunari utzi, orain eta etorkizunean, paperezkoekin izan den bezala, normala den bezala. Liburuen industria pirateriaren aurkako gerrak itsutu du, iparra galdu dute; ezin dut sinetsi benetan etorkizunean jasangarria ikusten dutenik proposatzen ari diren eredua.

Eta ez da, egoera honi ezin zaio eutsi. Bideo eta audioarekin gertatu den bezala, lehenago edo beranduago DRM-a bertan behera utzi beharko dute, Elhuyar aldizkariko artikuluan nioen bezala alferrikakoa delako (azkenean beti hausten dituzte DRM sistemak, Amazon-ena hautsi dute jada) eta lortu nahi denaren kontrako efektua lortzen delako (eragozpen guztiekin nazkatuta, jendeak Interneteko kopietara jotzen du). Kanpoko hainbat argitaletxe eta dendek baztertu dute jada DRM-a.

Larriena DRM-arena bada ere, prezioaz eta eskaintzaz ere asko esan daiteke. Euskal Herrian behintzat, paperezkoaren %70ean saltzen dituzte liburu digitalak. Kontuan hartuta inprenta, banaketa eta denden kostuak aurrezten dituztela, irakurgailua erosi egin behar dugula, DRM-arekin datozela... Oso garestia iruditzen zait. Eta eskaintza oso murritza dute, titulu gutxi batzuk besterik ez, ez dute katalogo osoa digitalean jarri. Ausardia gutxi ikusten da, ez dirudi benetan etorkizuna hor dagoela sinesten dutenik. Edo agian ez dute nahi etorkizuna horrelakoa izaterik...

Gorka Julio Teketenek bere blogean honi buruz idatzi zuenean sortutako eztabaidan, idazleak DRM-a defendatzen ageri dira, dena libre eta doan eskatzen dugun internetkume gaizki ohitutakoon aurka. Eta ez da hori eztabaida, ez da hori eskatzen duguna. Gu ez gara ezer lapurtu nahi duten piratak; kultura kontsumitzaileak gara, gizartearen gehiengoa baino maila handiagoan ziur aski. Eta kontsumitzen dugunarengatik ordaintzeko prest gaude, baldin eta aukera zabala eskaintzen bazaigu erraz eskuratzeko moduan, arrazoizko prezio baten eta gure eskubideei isekarik egin gabe. Bitartean, nik ez dut liburu irakurgailu elektronikorik erosiko denda edo argitaletxe bati lotuta doana, eta ezta DRM-dun liburu digitalik ere. Erostekotan, denda edo DRM-dun formaturen bati loturik gabeko irakurgailu askeak erosiko ditut, bertan liburu libreak irakurriko ditut (klasikoak edo egileek libre jarri dituztenak, milaka eta milaka daudenak) eta liburu komertzialak eMule eta horrelakoetatik jaitsiko ditut goian aipatutako baldintzak betetzen ez diren bitartean. Eta denok horrela egin beharko genuke, ea denon artean lortzen dugun liburudendek eta argitaletxeek liburu digitalen gaia eta bezerook serio hartzea.

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!

e-gor 2010/01/19 18:15
Beno, bat ez, bi! erregalatu dizkit Dabilenharria kolaboratzaileak

Badirudi hain gaiztoa ere ez naizela izan eta, berandu bada ere, Olentzerok opari bat ekarri dit. Eta ez nolanahikoa gainera! Nire lehen ordenagailua izandakoa, kristoren oroitzapenak dakarzkidana, nire etorkizun profesionala bideratu zuena, Sinclair ZX Spectrum zoragarria!

Iñaki Otamendi Dabilenharria blog honetako kolaboratzaile eta adiskidea pasatu zen etxetik lehengo egunean, eta etxeko txokoren baten aspalditik enbarazu egiten omen zien ordenagailua ekarri zidan opari. Jatorrizko kaxan zetorren, bere kable eta guzti. Ez dakizue zein ilusioa egin zidan, hainbeste denbora eta gero berriz ere Spectrum bat hain hurbiletik ikusi eta ukitzea! Ibiliko ote zen ez genekien, saiatu ginen martxan jartzen eta lehenengo saiakeran behintzat ez genuen lortu. Besteren baten saiatuko naiz, martxan jarriz gero ja laostia izango zen, baina hori gabe ere etxean oroigarri gisa edukitzea laletxe da! Edo agian retroinformatika party-ren batera joan beharko dut egunen batean, ea konpontzen dugun... ;-)

Eta Spectrum batekin nahikoa ez balitz bezala, bi oparitu zizkidan Iñakik! Argazkian ageri den gomazko tekladun Sinclair ZX Spectrum 48K horrez gain (nik txikitan izan nuena), urte batzuk beranduago atera zen Sinclair ZX Spectrum +2 128K bat ere ekarri zidan, kasetea pegatua zekarten horietakoa, zakarrontzian aurkitu omen zuena!

Eta pentsa, horrelako oparia blogari esker Internet bidez ezagututako lagun batengandik! Horrelakoengatik bakarrik jada merezi du bloga aurrera eramateko lana hartzeak... Mila-mila esker Iñaki!

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila

e-gor 2010/01/13 00:15
Patxi Gallegoren sail ezagunaren azken liburuaren (eta, bide batez, obra osoaren) iruzkina
"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila

Irudia: Patxi Gallego

Joan den abenduan kaleratu zuen Elkar etxeak Patxi Gallegoren Pololoak komiki-sailaren hirugarren alea, Pololoak3 - Atxeritoko balada (The ballad of Atxerito) izenburuduna. Beronekin amaiera ematen dio duela 5 urte hasitako Xabinaitorren, euskal superheroirik ezagunenaren, abenturen trilogiari.

Hain arrakastatsua suertatu den sailaren azken ale hau hiruetan mardulena da (200 orritik gora ditu) eta guztia koloretan dago gainera. Aurreko biak bezala, istorioa oso-oso barregarria da, guztiz lotsagabea (kristo guztiarekin sartzen da) eta sexualki erabat esplizitua. Lehen liburuan bezala (nahiz eta ez hain neurri handian), ilustrazioz lagundutako testuzko zatiak ditu, non heroiaren genesia azaltzeko haurtzarorako flashback-ak egiten dituen berriz ere, bide batez euskal gizartearen analisi eta kritika sakona eginez. Oraingoan ere, erreferentzia ugari ditu bai zinematografikoak (batez ere Jeremiah Johnson filmari, kontatzen den istorioarekin paralelotasun bikaina lortuz), bai komiki-mundukoak, bai musikalak, bai politikoak... Eta Xabinaitor eta Kariñeren arteko maitasun istorioa kontatzen jarraitzen du.

Azken finean, esan daiteke aurreko bi liburuetan ederto landutako ildotik jarraitzen dutela argumentuak nahiz teknikak, baina oraingoan perfekzionatuago, esperientziak eta pertsonaiekin eta istorioarekin familiarizatu izanak ematen duen ziurtasunaz. Berritasun nagusia, aipatutako luzera eta koloreaz gain, hainbat tokitan egilea, Patxi Gallego bera, agertzea izan daiteke, trilogiaren sorkuntza prozesuari berari buruz eta egilearen eta pertsonaiaren bizitzen arteko antzekotasunei (ezberdintasunei, barkatu) buruz hitz eginez, metaliteratura (metakomiki?) gisako saiakera zoragarri batean.

Trilogia amaitu izana aitzakia bikaina da, hirugarren liburuki hau ez ezik, obra guztia ere bere osotasunean aztertzeko. Ene ustetan, Pololoak3 honetan zirkulua maisutasunez ixten du, obra borobila utziaz. Gainera, sail osoaren izenburuak esanahi betea hartzen du azkenean; Patxik esan zidanez, ez zegoen hasieratik pentsatua, baina ez dakit nik...

Obra osoaren iruzkina egiteko, duela bost urte lehen liburukiaren eta duela hiru bigarrenaren kaleratzearen harira idatzitako artikuluetan esandako hainbat gauza baliatuko ditut, iruditzen baitzait harrigarriki egokitzen zaizkiola obra osoari ere (eta alferkeriagatik ere, dena esan behar bada):

...mugarria euskal komikigintzan...

...Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak aurkezpenean esan bezala, "komikigintza oso gutxi landu da Euskal Herrian, are eta gutxiago euskaraz, are eta gutxiago helduentzako". Nik gehituko nuke "are eta gutxiago euskal gaiei edo Euskal Herriari buruzkoa, are eta gutxiago ikuspegi kritiko, ironiko, politikoki ez zuzen eta sexualki esplizitu batetik". Alde horretatik, lehenengoa dela esango nuke. ... Napartheid aparta izango zen euskaraz helduentzako komikigintza landu duen bakarretakoa. Hau ere, euskaraz izateaz gain, kritikoa, euskal munduaren ingurukoa eta zuzena da. Baina comic-book formatuan, uste dut esan daitekeela hau dela lehenengoa...

...lan apurtzailea, kalitatezkoa eta oso barre eragilea...

...lan borobila da erabat. Lan guztiz berritzailea izateaz gain, lehen aipatu genuenez, kalitate aldetik ere oso ona da eta hori guztia gutxi balitz, barre eragiten du uneoro...

...istorio ezin dibertigarriagoa lantzen du Patxik. Une guziz harrituko gaitu eta zerbait berriarekin barrez leherrarazi. Barregarria ez da soilik istorioa, irudiak ere, arras politak eta ongi eginak izateaz gain, barrea eragiten dute behin baino gehiagotan...

...Eta sexualki oso esplizitua da, inongo lotsa edo aurreiritzirik ez du, eta kontatu nahi duena kontatzen du zuzena izaten saiatu gabe. Ez da batere ohikoa hori euskarazko lanetan...

...Patxi Gallego egileak berak aurkezpen egunean esan zuen: "Zenbait euskal topikoren inguruan irribarre ironiko bat egiten saiatu naiz". Ez saiatu bakarrik, baita lortu ere! Baina berritzailea dena da euskal mundua tratatzen duela, baina ez euskal mundua vasco zentzuan (hori ederki egiten dute Vaya semanita!koek), euskararen mundua zentzuan baizik, vascoen %75ek ezagutzen ez duten mundu hori. Eta maisuki tratatzen du mundu hori. Euskal kulturaren erreferentziak ugariak dira obra osoan zehar, alor horren bere ezagutza sakona demostratuz. Baina ez ditu topikoak komentatu soilik egiten. Topikoak uste zabaldu eta ezagunak dira, batzuetan (erdietan esaeraren arabera) ustelak. Patxik euskal gizartearen beste ezaugarri ez hain ezagunak deskubritu ere egiten dizkigu. Barre eragiteko komikia izan arren, euskal gizartearen analisi sakona egiten du Patxik...

...Euskararen erabilera ere ederra da oso. Bost euskara ezberdinetan egiten du unearen arabera (batuan, gipuzkeraz, bizkaieraz, iparraldeko euskaraz eta euskaldun berriaren euskaraz), guztietan ederto asko eta egoerari ondo moldatuta gainera...

...(Bigarrenagatik) asmo berri bati heltzen dio, maitemintze baten istorioa kontatzeari alegia, eta aproba hau ere gainditzea lortzen du, ene ustez...

...obrako une askotan ... istorioari musika jartzen dio Patxik, gehienetan euskal abesti tradizionalak. Ez da komikietan asko erabiltzen den baliabidea, ez baita erraza ongi geratzea, baina nire gusturako behintzat oso ondo lotu ditu abestiak kontatu nahi den istorioarekin... Filmetako zeluloide-pelikuletan nola, hala itsatsi dio Gallegok benetako soinu-banda paperaren zelulosari...

Argi dago asko gustatu zaidala, ezta? ;-)

Eta Xabinaitorren abenturak amaituta, gelditzen zaigun sentsazioa da: Eta orain zer? Oxala Pololoak-ek jarraipenik izango balu, baina Patxiri sakrifizio gehiago eskatzea gehiegi izan daiteke... Alabaina, hori hala izan gabe ere, bestelakorik egongo al da, edo basamortuan oasia soilik izan da hau? Ohitu egin gara euskarazko helduentzako kalitatezko komikigintzara, eta gehiago nahi dugu! Begira ze gutxirekin konformatzen garen euskal komikizale sufrituok, pare bat urtean behin obra batekin nahikoa... Apur hori ere ukatu behar al zaigu? Lehen alea atera zenean, hau idatzi nuen (profetikoki edo, berriz ere obra osoari aplikatu baitakioke):

...Obra hau mugarria da, beraz. Baina hori izateak badu bere alde txarra ere: muga gaindituko den edo ez obraren esku dagoela hein handi baten. Esan nahi dudana da azkenean ausartu direla euskaraz horrelako zerbait argitaratzen, baina gero benetan emaitza ez bada ona eta kalitatezkoa, gerta daiteke gero berriz ere beste urte batzuetan ezer ez ateratzea...

...Aurrekoan esan nuen lehenengo aldia zela euskaraz horrelako zerbait egiten zena eta argitaletxe handi batek horrelako apustua egitea gauza ona zela euskal komikigintzarako, baina ardura handia ere badela, emaitzaren baitan egon baitaiteke horrelakoak egiten jarraitzea... Patxik lotsarik gabe hartu du ardura hori bere gain eta nota onarekin gainditu du erronka. Orain publikoaren erantzuna ikusi behar... Ea obrari dagokion mailan erantzuten duen...

Eta, dudarik gabe, publikoak erantzun du, Pololoak arrakastatsua izan baita. Salmentetan ere bai uste dut, baina kritika eta publiko aldetik zalantzarik ez. Jende asko ezagutzen dut bereziki komikizalea izan gabe lan hau asko gustatu zaiona, neska asko tartean (eta sinets egidazue ez direla neska asko aurkitzen komikiak gustatzen zaizkienak, are gutxiago honek adinako karga sexuala dutenak). Beraz, orain pilota argitaletxeen teilatuan dago. Mesedez, jarraitu helduentzako euskarazko komikiak ateratzen! (eta, eskatzen jarrita, orain arte baino gehiago, bale?)

Agur eta ohore, Xabinaitor! Eta eskerrik asko, Patxi!

Fitxa

Izenburua: Pololoak3 - Atxeritoko balada (Tehe ballad of Atxerito

Gidoia eta irudiak: Patxi Gallego

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2009

ISBN: 978-84-9783-735-4

Tamainak axola du: testu-bilduma erraldoiak, hizkuntzaren prozesamenduan beharrezkoak

e-gor 2010/01/07 21:30
Makinei hizkuntzak irakasteko saiakerak hasi zirenetik, eta oraintsu samar arte, hurbiltze intuitiboak eta sinplifikatzaileak erabili izan dira. Hizkuntzalarien ezagutza linguistikoak makinek ulertzeko moduko egituretara pasatzen ziren informatikarien laguntzarekin, eta egitura horien bidez tratatzen zen hizkuntza. Azken urteetan, baina, gero eta gehiago erabiltzen dira corpus handietan eta metodo estatistiko hutsetan oinarritutako teknikak.
(Elhuyar aldizkariko 2009ko azaroko Hizkuntzaren Prozesamenduari —lanbide dudan arloari— eskainitako alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Hizkuntzaren prozesamendua ia-ia ordenagailuen sorreratik existitzen da. Joan den mendeko 40ko hamarkadan sortutako lehen makina elektroniko programagarriak, Bigarren Mundu Gerra medio, batez ere mezuak deszifratu eta kodeak apurtzeko erabili ziren, baina, gerra amaitu ondoren, hizkuntzaren prozesamendua asko lantzen hasi zen, batez ere itzulpen automatikoaren arloan.

Hasiera haietan, batez ere matematikariak aritzen ziren horretan, eta oso teknika sinpleak erabiltzen zituzten, kriptografiaren ohiturek eraginda: funtsean, hiztegien eta hitz-ordenaren aldaketen bidez lortu nahi zuten itzulpen automatikoa. Baina segituan konturatu ziren hizkuntzak hori baino gehiago zirela, eta eredu linguistiko konplexuagoak erabili beharra zegoela. Hala, taldeetan hizkuntzalariak sartzen joan ziren, eta Saussure eta Chomskyren teoriak aplikatzen. Geroztik, eta hamarkada askotan zehar, hizkuntzaren prozesamenduko alor guztietan (morfologian, ortografia-zuzenketan, sintaxian, adieren desanbiguazioan...) hurbiltze bat izan da nagusi: hizkuntzalarien intuizioan oinarritutako ezagutza ordenagailuek tratatu ahal izateko moduko egitura sinpleetara egokitzea (erregelak, zuhaitzak, grafoak, programazio-lengoaiak...).

Baina metodo horiek ere beren mugak dituzte. Alde batetik, hizkuntzalaririk onenek ere ezin dute kontuan izan hizkuntza batek eskaintzen duen kasuistika guztia; bestetik, hizkuntzek konplexutasun eta aberastasun handiegia dute egitura sinpleen bidez adierazteko. Muga horiek, gainera, are handiagoak dira solaserako hizkuntzan. Hala ere, beste biderik ez zegoen; garaiko makinen ahalmena kontuan izanda hori zen hizkuntzarekin aritzeko modu bakarra. Eta, teknika horien bidez, aurrerapena mantso samarra izan da urte askotan.

Corpusen eta estatistikaren etorrera

Azken bi hamarkadetan, baina, hurbiltze enpirikoago bat ari da nagusitzen hizkuntzaren prozesamenduan, testu-bilduma handien ustiaketan eta metodo estatistikoetan oinarritua. Ezagutza intuitiboan oinarritu beharrean, hizkuntza-lagin erreal handiak, hau da, corpusak, erabiltzen dira hizkuntzaren ahalik eta kasu gehien kontuan hartzeko. Eta horien gainean estatistika edo ikasketa automatikoaren gisako metodoak erabiltzen dira, teknika linguistiko gutxi erabiliz. Hizkuntza egitura konputagarrien bidez modelizatzen saiatzen diren kasuetan ere, ereduak corpusetatik erauzten dituzte automatikoki. Horregatik, metodo estatistikoekin lan eginda, makina batek hitz egiteko ahalmena izan dezan, testu-bilduma erraldoi bat eta bilduma horrekin lan egiteko baliabideak izan behar ditu eskuragarri.

Bi faktorek eragin dute nagusiki metodologia-aldaketa hau. Batetik, gaur egungo ordenagailuek, lehengoek ez bezala, datu-kopuru ikaragarriak maneiatzeko gaitasuna dute. Bestetik, inoiz baino testu gehiago dago eskura formatu elektronikoan, batez ere Internet sortuz geroztik.

Hala, corpusak eta teknika estatistikoak erabiltzen dira ortografia-zuzentzaileetan (hitz okerraren antzeko testuinguruak corpusetan bilatuta), itzulpen automatikoan (itzulpen-memoriak edo webgune eleanitzetako testuak erabiliz, hitz, sintagma edo esaldi ahalik eta handienen itzulpenak estatistikoki lortzeko), adieren desanbiguazioan, terminologia-erauzketa automatikoan... Eta orokorrean esan daiteke zenbat eta corpus handiagoak izan orduan eta emaitza hobeak lortzen dituztela sistemek. Adibidez, Googleko Franz Joseph Och-ek bere itzulpen automatiko estatistikoaren sistema aurkeztu zuen 2005eko ACLren (Association for Computational Linguistics) kongresuan, 200.000 milioi hitzeko corpus baten gainean entrenatutakoa. Eta, geroztik, haien sistema da itzulpen automatikoan erreferentzia nagusia eta lehiaketa guztiak irabazten dituena. Eta antzera gertatzen da beste alorretan ere.

Etorkizuna, hibridazioa

Alabaina, metodologia honek ere mugak ditu. Hizkuntza eta ataza batzuetan, corpus benetan erraldoiak erabiltzen dira jadanik, eta esan daiteke honezkero goi-muga jo dutela, oso zaila baitute lortutako emaitzak askoz gehiago hobetzen jarraitzea. Beste hizkuntza eta alor batzuetan ez dago hain corpus handirik, eta metodo estatistiko hutsekin ezin dira hain emaitza onak lortu.

Horregatik, metodo estatistikoak hobetzeko azken aldiko joera da teknika linguistikoekin konbinatzea, eta metodo hibridoak sortzea. Eta etorkizunean ere hori izango da bidea hizkuntzaren prozesamenduan aurrera egiteko. Makinek laster hizkuntza ulertu eta egoki trata dezaten nahi badugu, eta makinek hitz egitea nahi badugu, beharrezko izango da matematikariak, informatikariak eta hizkuntzalariak eskutik joatea.

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?

e-gor 2009/12/20 23:05
Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?

Irudia: Elkar

(Elkar aldizkariko 2009ko neguko alean argitaratutako artikulua)

Komikiaren munduan azken aldian azpigenero bat indarra hartzen ari bada, hori nobela grafikoa da. Termino fetitxea komiki-argitaletxeen promozio liburuxka eta karteletan, edo egunkari zein aldizkarietako kultura orriek komikiei buruz hitz egiten dutenean. Baina zer da zehazki nobela grafikoa?

Nobela edo eleberri grafikoak, ohiko beste komikien aldean, publiko helduagoari zuzenduta egon ohi dira, inprimatze luxuzkoagoa izaten dute, luzera handiagokoak dira normalean eta pretentsio artistikoak izan ohi dituzte. Beste ezaugarri nagusietako bat da hasiera eta amaiera duten istorioak kontatzen dituztela, beste formatu gehienak (umorezko komiki-bandak, comic book-a, komiki-aldizkariak, albumak...) seriatuak diren bitartean. Will Eisner maisuaren A contract with God jotzen da bere burua nobela grafiko gisa definitu zuen lehen komikitzat.

Superheroien komikiekin, mangarekin edo beste komiki genero batzuekin alderatuta, eleberri grafikoen gaiak serioak eta errealistak izaten dira. Kronika politiko eta sozialak ohikoak dira horrelakoetan; Marjane Satrapik bikain erretratatzen du haur eta emakume baten ikuspegitik Irango iraultza islamista Persepolisen, edo Guy Delislek Asiako hegoekialdeko egoera Pyongiang eta Crónicas Birmanasen, edo Alfonso Zapico asturiarrak judutar eta palestinarren arteko gatazka Café Budapesten. Gerrak eta gatazka politikoak ere bai; ezagunenetako batzuk Joe Saccoren Palestina: en la franja de Gaza edo Gorazde: Zona Protegida, Art Spiegelmanen Maus (Pulitzer kazetaritza saria irabazitakoa) edo Pierre Christin eta Enki Bilalen Las falanges del orden negro dira. Eta eguneroko bizitzako arazoak ere, askotan autobiografikoak, izaten dira nobela grafikoen gai; adibidez, Craig Thompsonek bere haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen ditu Blanketsen, Andi Watsonek langabezian egotea zer den Desayuno por la tarden eta Frederik Peetersek neskalagun seropositiboarekiko erlazioa Píldoras azulesen.

Fikzioa ere, noski, erabiltzen da nobela grafikoetako argumentuetan, genero beltza edo fikzio historikoa bezala, eta are fikzio superheroikoa ere. Frank Miller eta Alan Moore fikziozko eleberri grafiko askoren egile izan dira, eta euren lan ugarik zinemarako bidea egin dute. Genero beltzean eta fikzio historikoan, lehenengoaren Sin City eta 300 aipa ditzakegu. Eta superheroienetan, Frank Millerrek El regreso del señor de la noche egin du adibidez, eta Alan Moorek Top 10, La liga de los hombres extraordinarios eta, batez ere, Watchmen, jende askorentzat (artikulu honen egilearentzat barne) inoiz egin den komikirik onena dena; Time aldizkariak XX. mendeko 100 nobela onenen artean sartu zuen komiki bakarra da Watchmen. Manga japoniarreko Osamu Tezukaren Adolf eta Katsuhiro Otomoren Akira ere nobela grafikotzat har daitezke.

Euskal Herrian eta are euskaraz egin dira nobela grafikoak azken urteetan: Patxi Gallegoren Pololoak trilogia, Josean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati eta Saiak bere jarraipena, Asisko, Marko eta Jokinen Gartxot, Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak trilogia edota Hedoi Etxarte eta Alain Urrutiaren Ihes ederra.

Alabaina, eleberri grafikoa terminoa ez da komikigileen edo zaleen gustukoa, argitaletxeen marketing aparatuen asmakuntza besterik ez baita finean. Eta argitaletxeek eurek komiki mota jakin bati literatur mailako prestigioa emateko asmatu izanak edo egunkariek kultura orrietan horrelakoak batez ere aipatzeak, berarekin inplizituki dakar beste komiki mota edo generoekiko destaina, beste guztia haurrentzat edo kalitate gutxikoa balitz bezala. Eta ez da hala inondik inora. Aldizkarietan edo egunkarietan nahiz album formatuan argitaratu izan dira jatorriz Corto Maltés, Little Nemo, Thorgal eta beste arte lan ugari. Gainera, sarritan lehenengo horrelako formaturen baten ateratako lanen bildumak ondoren eleberri grafiko gisa saldu izan dizkigute; Watchmen bera, nobela grafikoetan nobela grafikoena, jatorrian hamabi aleko grapadun comic-book gisa atera zen...

Marketing termino soila izanik ere, ongi etorria bedi nobela grafiko izendapena, literaturzale handiuste garbizaleren batzuk komikien mundura hurbiltzeko balio badu. Literatura eta pinturaren konbinazioz osatutakoa baina bien batura baino askoz gehiago den arte zoragarri bat deskubrituko dute.

Pololoak 3, Atxeritoko balada

Pololoak sorta arrakastatsuaren hirugarren eta azken liburua dakarkigu Patxi Gallegok udazken honetan. Xabinaitor superheroi euskalduna agertuko da berriz ere, protagonismo gehiago hartuta oraingoan, bera izango baita istorioaren kontatzaile eta gidari; eta besteak beste, egileari buruz hitz egingo du (Patxi Gallego jaunaz, alegia); komikilari honen obsesioetan sakontzeko, haren txikitako traumez ikertuko du Aldanondo inspektoreak, eta halaber jakingo dugu ikastolako neskatxa eta andereñoekin izandako harremanei buruz. Horrez gain, ez dira faltako guardia zibilekiko behaztopa eta liskarrak, Xabinaitorren guraso atsekabetuak edo Kariñe maitagarriaren agerpenak, edo aurreko liburuetako jarraipeneko hainbat kontu. Guzti-guztia koloretan oraingoan.

5 urte 5!

e-gor 2009/12/15 22:40
2004ko abenduaren hasieran iragarri nuen Sustatun e-gorblog
5 urte 5!

Irudia: Patxitrapero

Tira, konturatu orduko 5 urte egin ditut blogintzan! 2004ko urriaren amaieran-edo hartu nuen asmoa komikiei (ez baitzen gunerik euskaraz Interneten komikiei buruz aritzeko) eta informatikari (zerbait aportatu nezakeelakoan edo) buruzko euskarazko blog bat egiteko. Luistxori galdetu nion ea Eibar.org-ek ostatatuko zidan, euskarazko blog komunitate bakarra hor baitzegoen, eta onartu zidaten. Hasteko, azaroan zehar artikulu sorta bi idatzi nituen probatarako, bata Pololoak komiki-sailaren lehen liburuari buruz eta bestea PVR-ei eta MythTV-ri buruz, eta abenduaren 2an iragarri nuen Sustatun e-gorblog sortu zela (orduan oraindik notizia zen euskarazko blog berri baten sorrera). Eta gaur arte...

Bidean, 247 artikulu! Nire buruari jarritako astean artikulu bateko helburua bete dudala esan dezaket, beraz (beno, egia esan denak ez dira nireak, horietako batzuk kolaboratzaileek idatzi dituzte: Iban Zaldua, Willy Roa, Aitzol Astigarraga, Patxi Lurra, Oihane Zabaleta, DabilenHarria...). Horietako makinatxo bat Sustatura edo Berriara ere eraman izan dituzte, edo beste toki batzuetan aipatu. Gainera, blogaren bidez nire burua ezagutarazi izanari esker, beste hainbat komunikabide edo mobidatan parte hartzen dut edo hartu izan dut, bai komikien ingurukoetan (Xabiroi komiki-aldizkarian Albisteen txokoa eramaten dut, Sautrela literaturari buruzko telebista programan Tintin-i buruz hitz egin nuen, Elkar aldizkarirako idatzi izan dut...) bai informatikaren ingurukoetan (Elhuyar aldizkarian Mundu digitala atala eramaten dut, 7K aldizkarian elkarrizketatu naute...). Baina denetan onena, blogaren bidez ezagutu dudan jende guztia eta egin ditudan lagun guztiak, jende mordoa, benetan. Balorazio erabat positiboa, beraz.

Hau dena Eibar.org elkarteari, kolaboratzaileei eta batez ere zuei, irakurleei, zor dizuet. Zuen erantzunak irakurtzeak eta hor zaudetela jakiteak ematen du honetan jarraitzeko animoa. Eta nik behintzat badut beste urte mordoxka baterako! Mila esker, zinez!

Google Wave: posta elektronikoa aurretik eramango duen olatua?

e-gor 2009/12/05 23:30
Pasa den maiatzean, Googlek, garatzaileentzako jardunaldi batzuetan, aurki argia ikustekoa den bere azken produktua aurkeztu zuen: Google Wave. Interneten jarri duten aurkezpenean diotenez, horrelakoa izango litzateke posta elektronikoa gaur egun asmatu izan balitz, eta hura ordezkatzeko asmoz egin dute. Lortuko duten edo ez ikusteko dago, baina badute horretarako aukerarik: informatikariei asko gustatu zaien tresna ikaragarri ona izateaz gain, badirudi ikuspegi egokia hautatu dutela hura kaleratzeko moduan eta formatuan.
Google Wave: posta elektronikoa aurretik eramango duen olatua?

Irudia: Google

(Elhuyar aldizkariko 2009ko urriko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Interneten komunikatzeko eta elkarlanerako tresna bat badago guztiok darabilguna, hori posta elektronikoa da. Baina tresna hori duela berrogei urte baino gehiago asmatu zen, orduan zegoen teknologiarekin, eta gaur egungoarekin askoz gauza aurreratuagoak egin daitezke (eta egiten dira). Hori egin du Googlek: posta elektronikoa bera, wikiak, berehalako mezularitza eta abar nahasiz, Google Wave sortu, etorkizuneko posta elektronikoa.

Posta elektronikoa, funtsean, testu-mezu bat hartzaile bati edo batzuei bidaltzean datza; mezuaren kopiak egiten dira jasotzaile bakoitzarentzat, eta mezua helburura iristean amaitzen da mezuaren bizitza. Gero, mezuei erantzunez eta aurreko mezuen zatiak erantzunetan kopiatuz sortzen dira elkarrizketak. Baina sarri ez da erraza elkarrizketen hariari jarraitzea mezuen anabasan.

Googlek sortutako sisteman, aldiz, hasierako erabiltzaileak wave (olatua ingelesez) edo elkarrizketa bat sortzen du, eta hainbat pertsonarekin elkarbanatu. Wave horren kopia bakarra gordetzen da zerbitzarian, eta horren gainean elkarreragiten dute partaide guztiek elkarrizketa sortzen joateko. Bi gauza egin ditzakete partaideek: batetik, wave-aren testua bera alda dezakete, denen artean adostutako testu bat osatzeko, wiki baten edo partekatutako dokumentu baten gisara; bestetik, erantzunak edo komentarioak gehitu ditzakete wave-aren edozein puntutan, posta elektronikoan, wikietako eztabaida-orrietan edo foroetan egin daitekeen moduan.

Horrez gain, wave-a aldatzen edo komentatzen ari garen bitartean elkarrizketako beste partaideren batek ere irekia badu, azken horrek aldaketak zuzenean ikusi ahal izango ditu, berehalako mezularitzan edo txat-programetan bezala. Gainera, aldaketak eta komentarioak batek baino gehiagok egin ditzakete aldi berean. Eta, wikietan bezala, aldaketen historia guztia gordetzen da, edozein unetan atzera jotzeko edo aldaketen prozesu osoa ikusteko. Beste hainbat detaile txiki ere baditu tresnak. Esate baterako, erantzunen zuhaitzeko puntu batetik aurrera, partaideen taldea murriztu daiteke, hortik aurrerakoa hautatutakoek soilik ikusi edo aldatzeko.

Google Wavek, jakina, programa-zerbitzari bat behar du; baina bezeroaren alderako egin duten programak nabigatzailean funtzionatzen du, Flash edo RIA interpreterik gabe, hau da, HTML, Javascript, AJAX, CSS eta horrelako teknika estandarrekin. Eta benetan sinesgaitza da horiek soilik erabilita lortu duten elkarrekintza-maila.

Funtzionalitateak gehitzeko APIa

Berez dakartzan ezaugarriez gain, beste asko izan ditzake Google Wavek, hirugarrenek luzapenen bidez funtzionalitate berriak gehitu ahal izateko APIa (Application Programming Interface) ere bai baitauka. Oraingoz, tresna publikoa ez denez, Googlek berak soilik garatu ditu luzapenak Google Waverentzat. Baina egin dituenak oso ikusgarriak dira, eta tresnaren ahalmen osoa ikusteko balio dute. Adibidez, idatzi ahala akats ortografiko edo gramatikalak zuzentzen dituen luzapen bat egin dute; edo testua idatzi ahala jasotzaile bakoitzaren hizkuntza lehenetsira automatikoki itzultzen duen beste bat. Edo Google Waven idatzitakoa eta erantzunak zuzenean blog edo sare sozial batean publikatzeko beste bat. Edo irudiak, bideoak, mapak eta abarrak erraz txertatzeko beste batzuk... Etorkizunean, jendearen ekarpenekin, milaka aukera gehiago izan ditzake, gaur imajinatu ere ezinezkoak.

Protokoloa eta iturburu-kodea, irekiak

Google Wave tresna izugarri ona izanagatik, ez da erraza izango komunikatzeko moduak iraultzea eta hain errotua dagoen posta elektronikoa ordeztea. Izan ere, ez da Google Wave posta elektronikoaren ordezko deitua izan den lehena. Komunikaziorako tresna asko agertu dira azken urteetan (berehalako mezularitza, sare sozialak...), aukera interesgarriekin, batzuk API irekiekin... Eta, zenbaitzuek arrakasta handia izan badute ere, ez dira posta elektronikoa bezainbeste hedatu.

Horren arrazoi nagusietako bat da tresna horiek denak konpainia zehatz batzuei lotutako zerbitzuak direla, eta protokolo itxi eta jabedunak dituztela. Tresnok erabiltzeko, kontua ireki behar da konpainia jabearenean, eta informazioa beraiek gordeko dutela onartu. Hori oztopo handia da tresna horiek zabaltzeko, batez ere enpresa mailan. Horrez gain, zerbitzu antzekoak enpresa batek baino gehiagok eskaintzen dituzte, eta baten bezeroak ezin dira besteenekin komunikatu (Facebook eta Tuenti, adibidez, edo Messenger eta Google Talk). Posta elektronikoa, aldiz, protokolo irekia da, eta, bezero-zerbitzari komunikazioaz gain, zerbitzarien artekoa ere ahalbidetzen du. Horrela, edozeinek edozeini bidal diezaioke mezu elektroniko bat, kontua edonon (enpresako barne-zerbitzarian, hornitzaileren baten edo besteren baten) izanda ere.

Bada, Googlek filosofia bera erabili du Google Waverekin. Protokolo irekia egin dute, zerbitzarien arteko komunikazioa ere baduena. Baina, gainera, beraiek inplementatutako zerbitzariaren eta bezeroaren iturburu-kodeak ireki dituzte. Beraz, edozein enpresak bere wave-zerbitzaria sor dezake, edo Googlerena instalatu, barne-erabilerarako nahiz wave-hornitzaile izateko, eta partikularrek wave-hornitzaile batean edo bestean ireki ditzakete kontuak... Eta denak elkarrekin komunikatu ahal izango dira.

Google Wave komunikaziorako tresna benetan ahaltsua da, eta posta elektronikoaren orain arteko arrakasta ahalbidetu duten irekitasun-ezaugarriak ditu. Posta elektronikoa ordezkatzeko baldintza tekniko guztiak betetzen ditu, baina ikusteko dago egingo ote duen, jakin bai baitakigu beste faktore askok parte hartzen dutela kontu hauetan... Nik, behintzat, tresnaren ahala ikusita, espero dut denok laster olatu gainean joatea!

Udazken honetan, euskarazko komiki aukera zabala

e-gor 2009/12/03 23:40
Lehenago komentatu ditugunez gain, beste mordoxka bat atera dira

Aurtengo Getxo-Durango-Gabonak kanpainarako euskarazko komikien aukera zabala daukagu. Aurretik komentatu ditugun Ihes ederra eta Pololoak 3z gain, beste nobedade mordoxka bat ere badago salgai.

Sauré argitaletxeak lau komiki berri atera ditu, ohi duen bezala gaztelania eta euskarazko edizio banarekin. Batetik, Txanoa bildumaren 4. albuma atera dute, Abentura olinpikoa izenekoa, Txani Rodríguez, Nacho Fernández eta Verónica Rosadok egina. Bestetik, Newtondarrak bilduma berria hasi dute, Edorta Corpas eta Víctor Araqueren Newton eta Torrijo superordenagailuarekin. Horrez gain, Ziklozirkua bildumako 2. alea kaleratu dute, Diamanteak harean, Joseba Gómez eta José Manuel Carrascok egina. Eta azkenik, Compadre bildumako 4. albuma, Jansain eta Zerdaren Ahalmen partekatuak.

Bestalde, aipatu nahi dut Gure erroak elkarteak ateratako Berunezko itsasoa (Matxitxakoko guda) komikia. Ez da nobedadea, baina nik aurtengo Getxoko komiki-azoka arte ez dut izan horren berri, eta hemen komentatu gabe nuenez, ba horra.

Badakizue ba, zertan hobe dirua gastatzea euskarazko komikitan baino?

Irungo II. Komiki Azoka

e-gor 2009/12/02 23:30
Zubi honetako lehen hiru egunetan izango da, ekitaldiz beteta
Irungo II. Komiki Azoka

Irudia: JMES

Iazko lehenengo edizioaren ondoren, aurten berriz ere egingo dute Irungo Komiki Azoka, Irungo Udalak, Martindozenea Gaztelekuak eta PokerFace komiki-elkarteak antolatuta. Abenduaren 5etik 7ra egongo da irekita Irungo Zabaltza Plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara.

Jarraian duzue ekitaldien zerrenda eta egitaraua, informazio gehiagorako http://www.komikirun.com.

Erakusketak

Proiekzioak

LARUNBATA 5

  • 10:00: Escaflowne, la película.
  • 12:00: Cowboy Bebop (seriearen lehen pasarteak)
  • 20:00: Death Note (seriearen lehen pasarteak)

IGANDEA 6

  • 10:00: Samurai Champloo (seriearen lehen pasarteak)
  • 12:00: Gun x Sword (seriearen lehen pasarteak)
  • 20:00: Ergo Proxy (seriearen lehen pasarteak)

ASTELEHENA 7

  • 10:00-11:00: Tortugas Ninja (seriearen lehen pasarteak)
  • 11:00-12:30: Chicho Terremoto (seriearen lehen pasarteak)
  • 12:30: Dragon Ball (Cell-en saga amaiera)
  • 20:00: Le Chevalier D´Eon (seriearen lehen pasarteak)

Gonbidatutako egileak

  • Joseba Basalo (Aletako editorea)
  • Jordi Bayarri
  • Jose Fonollosa
  • PokerFace elkarteko egileak: Jorge Madejón, Garbiñe Martiarena, Jose Manuel Enrique (JMES), Gorka Ortega (McKana), Arkaitz González eta Mikel Thomen (Quet)

Egitaraua

LARUNBATA 5

  • 10:00: Marrazki-tailerra: Izaki fantastikoak diseinatzea.
  • 10:00: Magic - The Gathering jokorako sarrera-partidak.
  • 10:00: "Zombies" mahai-jokorako sarrera-partidak.
  • 10:00: "Marvel Heroes" mahai-jokorako sarrera-partidak.
  • 11:00: Ipuinetako pertsonaiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
  • 11:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 11:30: Marrazki-tailerra: Superbilauak sortzea.
  • 12:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 12:30: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu superbilau original bat (epaimahaia: PokerFace).
  • 16:00: Marrazki-tailerra: Zientzia fikziozko ibilgailuak diseinatzea.
  • 16:00: Superheroiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako)
  • 16:00-19:00: Xbox 360 Street Fighter 4 Torneoa, sailkapen-txanda (antolatzailea: NKPlayers).
  • 16:10: Evora bideojokoaren aurkezpena, hitzaldia eta galdera saioa bideojokoei buruz (emaleak: Imanol Pinelo eta Imanol Toro, Ingumak taldekoak, Evoraren sortzaileak).
  • 17:00: Marrazki azkarraren lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu Zientzia Fikzioko pertsonaia bat (epaimahaia: Joseba Basalo argitaratzailea, Jordi Bayarri marrazkilaria, Jose Fonollosa marrazkilaria).
  • 17:00-19:00: Magic - The Gathering Torneoa.
  • 18:00: Aurkezpena, hitzaldia eta saioak aretoko egile gonbidatuekin: Joseba Basalo (editorea), Jordi Bayarri (marrazkilaria) eta José Fonollosa (marrazkilaria)

IGANDEA 6

  • 10:00: Marrazki-tailerra: Fantasiazko heroien pertsonaiak diseinatzea.
  • 10:00: Plastilinaz modelatzeko tailerra (gazteentzako eta helduentzako).
  • 10:00: Carcassone mahai-jokorako sarrera-partidak.
  • 10:00-13:00: Heroclix-erako sarrera-partidak.
  • 11:00-13:00: Xbox 360-eko The Broken Bond Naruto torneoa
  • 11:30: Marrazki-tailerra: Objektu bizigabeei bizia ematea: Emaiezu bizia nahi dituzun objektu guztiei (mahai bat, auto bat eta abar animatzea)
  • 12:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 12:30: XL Marrazki-tailerra.
  • 13:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 16:00-19:00: Xbox 360 Street Fighter Torneoko finala (antolatzailea: NKPlayers).
  • 16:10: 3D aurkezpena eta hitzaldia: Óscar Manrique.
  • 17:00: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu fantasiazko heroi baten pertsonaia (epaimahaia: PokerFace elkartea).
  • 17:00-19:00: Heroclix Torneoa.
  • 18:00-20:00: PokerFace aldizkari berriaren aurkezpena, marken eta marrazkien hitzaldiak eta saioak. PokerFace egileak: Garbiñe Martiarena, McKana, Jorge Madejón, Jose Manuel Enrique (JMES), Mikel Thomen eta Arkaitz González.

ASTELEHENA 7

  • 10:00: Marrazki-tailerra: Animaliak gizakitzea.
  • 10:00: Colonos del Catanerako sarrera-partidak.
  • 10:00: Heroclix joko libreko partidak.
  • 10:00: Yu-Gi-Oh! jokorako sarrera-partidak.
  • 12:00: Ipuinetako pertsonaiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
  • 12:00: Marrazki-tailerra: Pertsonaia izugarriak diseinatzea.
  • 16:00: Plastilinaz modelatzeko tailerra (haurrentzako).
  • 16:00: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu izaki izugarri bat (epaimahaia: PokerFace elkartea).
  • 16:00-18:00: Colonos del Catán Torneoa.
  • 16:00: Heroclix joko libreko partidak.
  • 16:00: Magic - The Gathering joko libreko partidak.
  • 16:00-20:00: Super Nintendoren Super Mario Kart Torneoa (antolatzailea: NKPlayers).
  • 17:00: Manga marrazki-tailerra: Manga estiloko pertsonaiak diseinatzea.
  • 18:00-20:00: Astelehen arratsaldeko izarren lehiaketa, parte-hartzaileentzako galdera eta proba ugarirekin
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10