Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Gartxot filma ostiral honetan estreinatuko da hegoaldean

e-gor 2011/11/14 22:20
Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren filma geroago iparraldean estreinatzea ere espero dute

XII. mendean bizitako Gartxot Itzaltzuko bardoaren istorioa ipuin herrikoien bidez zabaldu zen mendetan zehar, 1917an Arturo Kanpionek idatziz jaso zuen arte. 2003an Gartxot komikia argitaratu zuen Argiak, Asisko Urmeneta, Marko Armspach eta Jokin Larreak egindakoa. Iaz marrazki bizidunetako film laburra egin zuten Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak, Somuga ekoiztetxearen bidez. Eta ostiral honetan Elordi eta Urmenetak beraiek egindako film luzea, Gartxot - konkista aitzineko konkista, hau ere Somugarekin, hegoaldeko lau hiriburuetan estreinatuko da, geroago iparraldean ere estreinatzeko esperantzarekin.

Itxura bikaina dauka filmak: grafismo oso originala eta berezia du, istorioa beti oso ederra eta erakargarria iruditu zait, musika Benito Lertxundiren Gartxoti buruzko abesti ezagunek osatzen dute, eta beste detaile piloa ditu film honek berezia egiten dutenak. Webgune ikaragarri txukunean ikus daitezke zehaztasun gehiago, trailerra barne, egileei elkarrizketak... Liburua ere argitaratuko du Elkarrek filmarentzat osatutako dokumentazioarekin.

Zorionak egileei, ez baita lorpen makala euskarazko marrazki bizidunetako film bat zine-aretoetan estreinatzea (haurrentzako ez bada). Ni ikusteko irrikaz nago! Eta zu, irakurle?

2011ko Espainiako Komiki Saria, Santiago Valenzuela donostiarrarentzat

e-gor 2011/11/08 19:55
"Plaza Elíptica" bere azken albumagatik
2011ko Espainiako Komiki Saria, Santiago Valenzuela donostiarrarentzat

Irudia: Santiago Valenzuela

Espainiako Kultura Ministerioak 2007tik ematen duen Komiki Sari Nazionala, 20.000 eurorekin hornitua dagoena, Santiago Valenzuela donostiarrarentzat izan da aurten, gaur jakinarazi dutenez, iaz Edicions de Ponent argitaletxearekin kaleratutako Plaza elíptica lanagatik. Santiago ezaguna da batez ere Torrezno kapitainaren komiki sailarengatik, zeinean Plaza elíptica 7. albuma den. Zorionak Santiago!

3D inprimagailuak

e-gor 2011/11/06 20:35
Gailu mugikorretan (smartphone, eramangarri edo tablet bezalakoetan) 3D pantailak sartzen ari direla izan genuen hizpide aurreko zenbakian. Hiru dimentsioekin jarraitzeko, horrekin zerikusia duen beste teknologia bat aipatu nahi dizuegu oraingoan: 3D inprimagailuak. Planoetatik abiatuta piezak eraikitzeko gai diren gailu horiek gero eta sarriago ikusiko ditugu hurrengo urteetan; are gehiago, kulturaren munduan baino zeresan handiagoa emango dute horiekin sor daitezkeen copyright-arazoek.
3D inprimagailuak

Irudia: Desktop Factory

(Elhuyar aldizkariko 2011ko iraileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Euskaltermek honela definitzen du inprimagailua: "konputagailuaren irteerako periferikoa, paper gainean karaktere alfanumerikoak edo irudiak idatziz informazioa erakusten duena". Definizio horretara lotzen bagara, ez dirudi oso zehatza denik "3D inprimagailu" terminoa, horrek ez baitu paperean inprimatzen. Aldiz, hobeto lotzen zaie Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak edo Wikipediak ematen dituzten definizioei -hurrenez hurren, "Fitxategien edukia euskarri fisiko batean ekoizten duen periferikoa" eta "Ordenagailu batean dugun irudi edo testuzko dokumentu bat medio fisiko batetara (orokorrean, papera) pasatzeko funtzioa betetzen duen irteera periferiko bat" definitzen dute gailua-. Izan ere, 3D inprimagailu batek, objektu baten hiru dimentsiotako modelizazio digital batetik abiatuta (CAD programa baten, edo Blender moduko 3D modelizazio-programa baten edo 3D eskaner baten bidez sortutakoa), objektu fisikoa sortzen du.

Egia zor, inprimagailuaren definizioak ez du zertan 3D inprimagailuekin bat etorri, horiek ez baitute eredu digitala mundu fisikora pasatzen "inprimatuz", hau da, beste euskarri batean bere arrastoa utziz, baizik eta objektu berri bat ekoitziz; beraz, 3D inprimagailua ez da, berez, inprimagailu bat, ekoizteko makina bat baizik.

Nola funtzionatzen dute?

Teknologia ezberdinak erabiltzen dituzten 3D inprimagailuak daude, baina, funtsean, denek zera egiten dute: objektu bat lamina horizontaletan moztuko bagenu lortuko liratekeen pieza lauak eraiki, bata bestearen gainean muntatu eta erantsi. Ezberdintasuna piezak eraikitzeko eta eransteko erabiltzen duten metodoetan daude. Batzuek laminazio-sistema bat erabiltzen dute (aurrez sortutako pieza lauak mozten dituzte forma jakin bat emanez, eta, gero, erantsi), beste batzuek airearekin kontaktuan hoztu eta gogortzen den plastiko likido bat injektatuz egiten dituzte, beste batzuek plastiko-hautsezko geruzak gainjarrriz doaz likido edo laser batez behar den profila soilik gogortuz...

Hori, noski, asko sinplifikatzea da; teknologia konplexua da, eta xehetasun asko ditu. Adibidez, nola lortu eskegita dauden parteak eraikitzea, behetik gora egiten bagoaz? Edo nola eutsi goiko parte potolo bati profil fin batekin, materiala biguna bada? Horientzat guztientzat ere konponbide ezberdinak daude. Hala, erabilitako teknologiaren arabera, ezaugarri-, kalitate-, tamaina-, abiadura- eta bereizmen-konbinazio asko daude.

Gero eta eskuragarriago

Baina poliki-poliki, edozein teknologiarekin gertatzen den bezala, horietako gutxi batzuk gailenduz joaten dira, eta ikerketa-mundutik merkaturako jauzia egiten. Eta gaur egun salgai daude gauza benetan harrigarriak egin ditzaketen 3D inprimagailuak: 0,1 mm-ko bereizmena izan dezakete bertikalean, eta inprimagailu normalek adinakoa XY planoan; pieza oso konplexuak egin ditzakete (erlojuak eta linternak adibidez!), eta, gainera, koloretan...

Prezioa eta tamaina direla-eta ez dira oraindik edozeinek etxean izateko modukoak (merkeenak 12.000 € balio ditu, eta 60.000 eurokoak ere badaude; tamainari dagokionez, traste handi samarrak dira oraingoz), baina sektore batzuetan oso baliagarriak dira, eta gero eta gehiago ikusten dira: fabrikazio industrialean (piezen prototipoak azkar egiteko), medikuntzan (neurrirako protesiak egiteko)... Bestalde, badaude fotokopia- edota serigrafia-denda batzuk 3D inprimagailuak erabiliz piezak eraikitzeko zerbitzua eskaintzen dutenak.

Hala ere, edozein teknologia berrirekin gertatzen den bezala, normalena da tamainak eta prezioak beherantz egitea, eta gero eta gehiago hedatzea. Gainera, 3D inprimagailu libreak sortzeko proiektuak daude (espezifikazio edota plano guztiak banaketa libreko lizentziekin jartzen dituztenak, edozeinek berea egin ahal izan dezan, 300 bat euroan). Eta horietako batek, RepRap izenekoak, autoreplikazioa ere badauka helburutzat, hau da, bere buruaren kopiak eraikitzeko gaitasuna. Oraingoz, gailu horren 2.0 bertsioa bere plastikozko osagaiak egiteko gai besterik ez da; baina zirkuituak nahiz metalezko piezak ere egiteko gai denean, noizbait bada (eta proiektuko kideek espero dute horrela izango dela etorkizun ez hain urrunean), esponentzialki heda daitezke.

Jabego intelektualarekin arazoak

Makina autoreplikagarriak, beraz? Kontzeptu hori eta adimen artifiziala nahasten baditugu (hori ere gero eta aurreratuago dago), Terminator filmeko edo Stargate telesaileko "erreplikante"ak moduko irudi apokaliptikoak etorriko zaizkigu gogora... Tira, ez da oso probablea horrelakorik gertatzea; baina ekarriko dute, bai, iraultza 3D inprimagailuek, zabaltzen badira.

Izan ere, horrelako bat izatea etxean fabrika bat izatea da, gauza ugari ekoizteko gai dena (tamaina eta material jakin batzuetakoak, behintzat), horien eredu digitala edo planoa izanez gero. Eta eredu digitalak, gauza fisikoak ez bezala, erraz zabaltzen dira Internet bidez. Gainera, eredu digitalak egitea gero eta errazagoa da, 3D modelizazio-software bat, CAD software bat, 3D eskaner bat edo, zergatik ez, Kinect bat erabiliz (duela bi zenbaki kontatu genizuen bezala). Musika, film eta liburu digitalarekin jazo den banatze-fenomenoa ikusirik, pentsatu zer gerta daitekeen objektu fisikoen munduan horrelakoak egitea ahalbidetuko lukeen panorama batean... Ekoizle asko saldu osteko zerbitzuen negoziorik gabe gera daitezke, baldin eta ordezko piezak guk geuk egin baditzakegu. Edo filmetako merchandising-eko maketa eta figuratxoen salmenta ere pikutara joan daiteke. Eta berdin beste negozio ugarirekin...

Seguruenik, ekoizpen-industriak lehenago kultura-industriak erreakzionatu duen moduan egingo du, hau da, hori geldiarazten saiatuko da nola edo hala. Neurri batean, fenomeno hori gertatzen hasi da dagoeneko, eta denuntzia bat baino gehiago ere egon da jada, jabego industriala duten objektuen planoak partekatzeagatik. Ekoizpen-industriari ez zaio erraza gertatuko joera hori geldiaraztea; baina, bestalde, kultura-industria baino boteretsuagoa eta handiagoa da. Nolanahi ere, aldaketa handia ekarriko dute laster 3D inprimagailuek.

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela

e-gor 2011/11/04 00:05
Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela

Irudia: Jacques Tardi

Gaur betetzen da mende bat Jacques Tardi komikigile handiaren pertsonaia famatuenetako baten, Adèle Blanc-Secen, abenturak hasi zirela. Eta ez dut esan nahi 100 urte pasa direla lehen aldiz bere istorioak argitaratu zirenetik, ez; hitzez hitz, 100 urte bete direla bere abenturak hasi zirenetik, hor ondoan Adèle et la bête bere lehen albumaren lehen orrian ikus daitekeenez. Zorionak Adèle!

Xabiroi komiki-aldizkariaren 24. zenbakia eta "Azken garaipena" albuma atera dira

e-gor 2011/11/01 20:40
Getxoko komiki-azokan izango dira aurten ere
Xabiroi komiki-aldizkariaren 24. zenbakia eta "Azken garaipena" albuma atera dira

Irudia: Dei Gaztelumendi

Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 2011ko urriari dagokion zenbakia, 24.a alegia, kalean da jada.

Zenbaki honetan ondokoak ikusiko ditugu:

Eta berri on bat: azken bi urteetan Xabiroi aldizkarian atalka agertzen joan den Azken garaipena istorio bikaina, Iban Zalduaren gidoia eta Julen Ribasen irudiak dituena, album formatuan aterako da azaroan!

Azken garaipena
Irudia: Julen Ribas

Gogoratu otsailaz geroztik Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi eta orain Azken garaipena ere) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal direla (Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa kalea, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28)). Baina gainera azaroaren amaieran izango den Getxoko komiki-azokan ere izango du Xabiroik standa, eta han, aipatutako guztiak eskuragarri izateaz gain, autoreak sinatzen izango dira. Aprobetxatu aukera!

Bi komiki-erakusketa Koldo Mitxelena kulturunean

e-gor 2011/10/29 12:25
"JUAN CARLOS EGUILLOR Luis Gasca-Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Julián Armendarizen bildumetan" eta "Hiriko fikzioak"
Bi komiki-erakusketa Koldo Mitxelena kulturunean

Irudia: Juan Carlos Egillor

Bi komiki-erakusketa daude ikusgai Koldo Mitxelena kulturunean urriaren 27tik hurrengo urteko urtarrilaren 28ra arte, biak Luis Gasca-Gipuzkoko Foru Aldundia eta Julian Armendarizen bildumetan oinarrituta: bata, JUAN CARLOS EGUILLOR Luis Gasca-Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Julián Armendarizen bildumetan izenburukoa, aurtengo martxoan hildako Juan Carlos Egillorren ingurukoa (Ganbara aretoan); eta bestea, Hiriko fikzioak izenburukoa, hiriek komikian izandako presentziaren ingurukoa (Erakustaretoan). Aukera bikaina komikiaren mundu zoragarria hobeto ezagutzeko!

Donostiako VIII. Komiki-Jardunaldiak

e-gor 2011/10/27 21:55
Urriaren amaieratik azaroa bitartean, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan
Donostiako VIII. Komiki-Jardunaldiak

Irudia: Arantza Sestayo / Rober Garay / Vicente B. Ballestar

Urtero bezala, Donostiako Komiki Jardunaldiak antolatu ditu zortzigarrenez Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, eta horren karira hainbat komiki-erakusketa izango ditugu ikusgai urriaren 29tik aurrera. Batetik, Pulp Visions izenekoa, Vicente B. Ballestar-i eskainia, Okendo Kultur Etxean egongo da abenduaren 10a bitartean; bestetik, Euskadi Fantastikoa VII zikloaren barruan, aurten Ederra eta Piztia izenburupean Arantza Sestayori eta Rober Garayri dedikatutako erakusketak egongo dira, Udal Liburutegi Nagusian azaroaren 12ra bitartean eta Príncipe Zinemetan abenduaren 4a bitartean hurrenez hurren. Ondoren duzue egile eta erakusketa bakoitzari buruzko informazio gehiago, jardunaldien webgunetik hartutakoa. Ikustera joan sin falta!

Vicente B. Ballestar

Modernoa izatea, moderno izatea bilatu gabe. Espazio-denboran azken modan egoteko gaitasuna. Vicente B. Ballestar (Bartzelona, 1929) ilustratzailearen lanak komikiaren eta fantasiazko eleberrien urrezko garaira eramaten gaitu, baina irudiak gaur, XXI. mendean, eginda daudela dirudi, gaur egungo artista askorengan eragina duen "retro" joerari jarraiki. Ballestarrek egindako ilustrazio ugarien estetika pertsonalak bestelako zirrarak bilatzen dituen publikoak hainbeste miresten duen vintage looka elikatzen du.

Ballestarrek Lonja Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen Luis Muntané margolariarekin. Ondoren, Baixas Akademian irakasle lanetan aritu zen J. Lahosarekin batera. Margolari bikaina izan da beti eta horrela egiaztatzen dute Pulp Visions izeneko erakusketan biltzen den lan grafikoaren oinatzek. Kataluniako akuarelaren maisutzat jo izan dena –50eko hamarkadatik Kataluniako Akuarela Elkarteko kide da– Espainiako eskualde guztietan egindako erakusketa ugaritan parte hartu du, baita bestelako herrialde askotan egindakoetan ere, adibidez, Italian, Frantzian, Mexiko edo Kolonbian. Bere ibilbide oparoan hainbat eta hainbat sari jaso ditu. Bestetik, liburu didaktikoak ere idatzi ditu argitaletxe ezberdinentzat: Planeta eta RBA (Espainia), Watson-Guptill (AEB), Edition Michael Fischer (Alemania), Bordas (Frantzia), Hernous Forlag (Danimarka), Parramón (Espainia), Cantecleer (Belgika)...

Nazioarteko ilustrazioaren arloan izen ona eta arrakasta lortu duen artista honek hainbat eleberri eta argitalpenen azalak egin ditu, beldurrezko, zientzia-fikziozko edota western generoekin lotuak gehienak. Pulp Visions erakusketak akabatu ezin hobeagatik eta argitasun estetikoagatik izugarri boteretsuak diren irudiak jasotzen ditu, bere garaian John Sinclairren liburuak aurkezteko edota beldurrarekin eta misterioarekin lotutako goiburuak aurkezteko egindakoak.

Pulp Visions pintura eta ilustrazioa maite duten guztiei zuzenduta dago, ez bakarrik fantasiaren generoko jarraitzaile amorratuei. Bertaratzen direnek Vicente B. Ballestarren jatorrizko lanak ikusteko aukera izango dute, gauza izugarri zaila egungo garai digitalean. Izan ere, gaur egun ez da erraza, ezta ohikoa ere, marrazkilariaren teknikaz eta pintzelkadaz inolako artifiziorik gabe disfrutatzeko aukera izatea, nahiz eta ezinbestekoa izan artea interesatzen zaion ororentzat. Mundu honetan dauden beste mundu batzuk sekulako dotoreziaz islatzeko gai den artista honen jatorrizko lanaz gozatzeko aukera paregabea izango dute generoaren eta istoriotxoen zaleek.

Bada ordua gizon irudikor honen lanari omenaldia egiteko, bere lan paregabea gogora ekartzeko, eta horrek osteko sortzaileengan izandako eragina aintzatesteko.

Urriaren 29tik abenduaren 10era, Okendo Kultur Etxea

Arantza Sestayo

Sestayoren obra bakarra ikustea nahikoa da artista honek marrazkietan eta koloreetan erakusten duen birtuosismoaz jabetzeko. Bere ilustrazioen errealismoak harrapatu egiten gaitu, eta erretratatzen dituen elementu guztiek edertasuna eta poesia islatzen dute.

Besos Malditos ilustrazio-liburu ezagunaren egile den honek komikiaren munduan, haurrei zuzendutako ilustrazioan eta animazioan ere lan egin du. Gizakiaren irudia guztiz menperatzen du, eta xehetasun harrigarriarekin ezin hobe erretratatzen badaki, arkatzak edo kolore zoragarriak erabiliz.

Urriaren 29tik azaroaren 12ra, Udal Liburutegi Nagusia

Rober Garay

Ezinezkoa da egile egonezin honen lana lerro gutxitan laburtzea, hainbat mundutan aritzen baita: komikia, ilustrazioa, diseinu grafikoa, taula-jokoen garapena, kartelak, antzerki-eszenografia...

Gorea, umore mardula eta splatterra gogoko ditu, eta askotan erabiltzen ditu bere lanetan, komikietan gehienbat. Komiki horietan jaio dira, hain zuzen ere, sailkaezinak diren hainbat pertsonaia: Manurro, Kaoporrex kapitaina, Puto, Txotxolo...

Egun, ahal duen moduan moldatzen da eskuartean dituen proiektuak burutzeko: En Busca del ídolo de bronce Bermeoko hiribilduaren historiari buruzko album historikoa (oso lan zehatza eta dokumentatua), El Correo egunkarian argitaratzen den Roque Star komiki-saga (185 aste daramatza) eta sorkuntza grafikoarekin lotutako milaka lan.

Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Príncipe zinemak

Mikel Valverderekin solasaldia

e-gor 2011/10/23 21:43
Hurrengo larunbatean, hilak 29, Gasteizko Zuloa liburudendan

"La ruta de Joyce" erakusketa Donostiako FNACen

e-gor 2011/10/15 23:05
Alfonso Zapicoren "Dublinés" albumari buruzkoa da
"La ruta de Joyce" erakusketa Donostiako FNACen

Irudia: Alfonso Zapico

La ruta de Joyce erakusketa, zeinak Alfonso Zapicoren Dublinés albumaren (James Joyce-ren bizitzan oinarritutakoa) sorkuntza prozesua azaltzen duen, Donostiako FNACen (Loiola kalea, z/g) izango da urriaren 21a bitarte. Ez galtzekoa.

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka

e-gor 2011/10/14 03:17

Joan den ostegunean, Steve Jobsen heriotzaren berria zabaldu zenean, komunikabideak, sare sozialak eta Internet osoa dolu mezuz bete ziren, gizon handi bat hil zela esanez eta bere figura goraipatuz. Hori ikusita, bera eta berak egindakoak batere mirestekoak ez direla pentsatzen dugun batzuk ere saiatu ginen gure mezua zabaltzen sare sozialen bidez, baina oihartzun gutxi eta kritika askorekin. Joxe Arantzabalek, adibidez, esan zuen "arinkeria galantak" entzuten ari zela Jobsen aurka. Ez dakit zehazki nik esandakoei buruz ari zen, baina izan zitekeen lasai asko, ez bainintzen moztu Jobsez pentsatzen nuena esatean...

Suposatzen dut jende askori arinkeria iruditzen zaiola norbait hil berri denean hartaz gaizki esaka aritzea, baina nire iduriko zurikeria da bestela egitea horrela ez bada pentsatzen. Fraga edo Aitasantua ez ditu heriotzak hobeak egingo, eta ez dut uste horiek gizatxarrak direla pentsatzen duen inor, hiltzen direnean, berauek goresten hasiko denik... Beraz, zergatik jokatu beharko genuke ezberdin kasu honetan, Jobsek mirestekorik ezer ez duela pentsatzen badugu?

Bestela, arinkeria kontsideratzeko beste arrazoi bat izan liteke ez genuela arrazoitzen zergatik iruditzen zaigun hain gaiztoa Steve Jobs. Eta horretan arrazoia izan lezake, izan ere twitter-eko 140 karaktereek ez baitute argudio askorako tokirik ematen (baina orduan, arinkeria bera da "gizon handi bat hil da", besterik gabe, esatea, gehienek egin zuten bezala). Alabaina, Jobsen detraktoreoi, miresleei ez bezala, ez ziguten telebista, irrati eta prentsan minutu eta lerroak eskaini gure jarrera azaltzeko... Eta ez digute eskainiko, komunikabide tradizionalak sinistuta baitaude iPad-a eta applezaleen ordaintzeko ohitura direla beraien negozioaren azken salbabidea (eta gainera kazetarien mundua beti izan da maceroa). Beraz, gure blog xumeak dira geratzen zaigun adierazpide bakarra. Artikulu honetan azalduko dut zergatik ez ditudan Jobs eta Apple batere maite.

Hori bai, azalpenok zuzenduta doaz euskal munduko jendeari (badakizue zer esan nahi dudan, jende ezkerrekoa, alternatiboa, askatasunen aldekoa, kausa txikien defendatzailea, antisistema, euskaltzalea... orokorrean horietako ezaugarri bat edo batzuk betetzen duen jendea). Izan ere, nire argudioek bestelako jendea (eskuinekoa, kapitalista...) ziurrenik ez dute konbentzituko. Horiek Jobs mirestea normala iruditzen zait, baina beti harrigarria iruditu zait euskal munduko hainbeste jendek Steve Jobs eta sagartxoaren konpainiarengatik sentitzen zuen admirazioa. Beste alor batzuetan inola ere bultzatuko ez lituzketen balore eta printzipioak, informatikaren kasuan, liluratuta dituzte. Bihoazkie horiei azalpenok, ea bat edo bat iritziz aldatzea lortzen dudan.

Diseinua eta marketina, baina teknologikoki meriturik ez

Jobsen asmakizun miragarriek mundua aldatu omen dute, komunikabideei kasu egiten badiegu: leihodun interfazeak, sagua, iPod-a, iPhone-a, iPad-a... Baina nik ez nieke asmakizun deituko horiei: baziren leihodun interfazeak Macintosh-aren aurretik, baziren saguak Macintosha-arenaren aurretik, baziren mp3 erreproduzigailuak iPod-aren aurretik, baziren internetdun smartphoneak eta ukipenezko pantailak iPhone-aren aurretik eta baziren tabletak iPad-aren aurretik. Teknologikoki, beraz, Jobs eta Applek ez dute egozten zaien meriturik. Aitortu behar zaiena da oso onak direla ideiak kopiatzen, diseinu erakargarri bat ematen, marketina egiten eta arrakasta izaten. Arrakasta horrek eraman du konpetentzia gauza bera egitera, gailu mota horiek gehiago popularizatzera eta, egia da, jendearen ohiturak eta mundua (lehen mundua behintzat) aldatzera. Ez da meritu makala, horrelako gauzak meritutzat badituzu. Baina horiek al dira miresten ditugun baloreak? Ona izatea kopiatzen, diseinu politetan, marketinean eta arrakasta izaten? Hurrenez hurren, klaseko kopiatzailea, haute couture, anuntzioak eta Belen Esteban miretsiko bagenitu bezala da...

Kontrol erabatekoa

Appleren produktuak urrezko kaiola bat dira. Politak, erabilterrazak, baina beraiek uzten dizutena soilik egin dezakezu. Beraien AppStore-ko aplikazioak soilik instalatu ditzakezu, beraiek erabakitzen dute zein aplikazio egon daitekeen AppStore-an (erotikoak ezabatzen dituzte, Wikileaks-en aplikazioa debekatu zuten, GKEei donazioak egiteko aplikazio bat ezabatu zuten, beraien aplikazioei konpetentzia egiten diten aplikazioak ezabatzen dituzte...), ia derrigortuta zaude musika, bideoak, egunkari eta aldizkarietarako harpidetzak beraien iTunes-en erostera (portzentaje ederrak kobratzen baitituzte, %30 arterainokoak), baldintza drakonianoak jartzen dituzte iTunes-en bidez zerbait saldu nahi dutenei, zentsura aplikatzen diete AppStore-ko produktuei, ezin duzu telefonoa liberatu garantia galdu gabe...

Neurri hauetako asko irabazi asmo hutsengatik dira, beste batzuk "gure onerako eta segurtasunerako" omen, beste batzuk ez datozelako bat beraien mundu ikuspegiarekin. Baina onartuko al genituzke gure bizitzako beste arloetan askatasun murrizketarik segurtasunaren izenean, (besteren) diruaren izenean edo zentsuraren izenean?

Elitista

Zaldieroak ostegunean bertan Euskalerria Irratian esan zuen "Jobsek... kendu zien informatika informatikariei eta jarri zuen jendearen eskuetan" (5:20 minutua). Ze gaiztoak gu informatikariak, eta ze ona Jobs! Ba barkatu, baina ez: Jobs Santuak informatika jarri du soilik bere produktu hipergarestiak erosteko gai diren lehen munduko aberatsenen eskuetan, gizateria osoaren %10 edo. Eta informatikari zitalok (edo gutako portzentaje handi bat bai behintzat), Software Librearen mugimenduaren alde ari gara, benetan informatika jende guztiaren eskuetara eraman dezakeen mugimendua.

Izan ere, Appleren edozein produktuk (ordenagailuak, iPhoneak, iPadak...) gauza bera egin dezaketen eta Applerenak ez diren pareko produktuen bikoitzetik gora balio dute (kasu askotan, esango nuke 4 eta 5 aldiz gehiago ere balio dezaketela). Nik aluzinatu egiten dut ikusten dudanean euskaldun jendea, ezkertiarra eta antisistema, Audi kotxe bat ez lukeena inoiz erosiko ez diruagatik baizik eta printzipioengatik, 600 euro gastatzen telefono baten!

Itxitasunaren eta diru nahi aseezinaren eredu

Toki askotan esan dute Jobs izan dela informatikaren historian eragin handiena izan duen pertsonaia. Putza! Informatikaren mundua ezagutzen ez dutenek soilik esan dezakete hori, informatika tontoentzako jostailutxoak besterik ez direla uste dutenek. Erran nahi baita, informatika etxeko erabiltzaileentzako ordenagailuak eta telefonoak baino askoz gehiago dela: zientzia eta teknologiako ikerketan erabiltzen diren superkonputaziorako ordenagailuak daude, Interneteko web zerbitzariak, makina eta gailuak kontrolatzen dituzten sistema eragile eta programak... Horiek gabe mundua ez litzateke inondik inora gaur ezagutzen duguna. Eta badakizue zein den Appleren presentzia edo influentzia horietan? Zero. Nada. Niente. Nothing. Rien. Informatikaren historia izen handiz beteta dago, zeintzuk gabe Steve Jobsek ezin izango zukeen egin egin duena: Alan Turing, Brian Kerninghan, Alan Kay, Edsger W. Dijkstra, Claude Shannon, atzo hil zen Dennis Ritchie... Eta azken urteetara mugatzen bagara, Tim Berners-Lee (webaren asmatzailea), Linus Torvalds (Linuxen sortzailea) edo Richard Stallman (Software Librearen mugimenduaren sortzailea eta GNU C konpilatzailea eta Emacs bezalako programen sortzailea) askoz eragin handiagokoak izan dira nire ustez. Eta hori guztia printzipioetan ere Jobsen antipodetan daudelako. Hauek beraien asmakizunak patentatu eta aberasteko garesti saltzeari ekin izan baliote, weba ez litzateke existituko, edo ez gaur egun ezagutzen dugun bezala, webgune bat egitea eta ostatatze bat ordaintzea ez baitzen edozeinen eskuetan egongo. Eta ea nork erosiko zukeen iPhone bat, webik gabe!

Harroa

Steve Jobsen adierazpenei harrokeria darie sarri, konpetentziarekiko mespretxuz eta nagusitasunez hitz egiten du askotan: "pornoa nahi baduzu, erosi Android bat", "ez dugu Kindle-killer bat egingo jendeak jada ez baitu irakurtzen", "Microsoften arazoa da ez dutela gusturik", "Microsoftekin dudan arazoa da 3. mailako produktuak egiten dituztela"... Eta bere keynoteen telepredikatzaile kutsuaz zer esan... Bizitzako beste arloetako adibideekin konparatzen jarraitzeko, ez dut uste Berlusconi eta Aznarren harrokeria direnik guretzat eredu, ez?

Irudi publikoa soilik?

Hemen kritikatu ditudan jarrera eta ekintzak, ez dakit zenbateraino diren Jobsenak eta zenbateraino Applerenak. Izan ere, zaila egiten zait pentsatzea asmatutako produktu guztiak, hartutako erabaki guztiak, zuzen nahiz oker, pertsona bakar baten gauza direnik; enpresa handi bat dago hor atzean, besteek ere izango zuten parterik... Badaude ahotsak diotenak Jobs irudi publikoa besterik ez zela, beste batzuek diseinatu zituztela produktu guztiak eta bera saltzailea zela soilik. Ez litzateke harritzekoa ere, marketinean oso trebeak direla ezin baita ukatu. Hala balitz, nahi gabe izanik ere, Jobsen heriotza marketin operazio bikain horren azken kolpe aparta izan da, dohaineko publizitate mordoa eman baitie mundu osoko komunikabide guztietan. Edonola ere, ez dut teoria honen alde eskua sutan jarriko. Ukaezina da Jobsek sortu zuela Apple enpresa, egoera onean egotetik ia porrot egin zuela egon ez zenean eta itzuli ondoren berriz ere gora joan zela munduko enpresa garrantzitsuenetako bat izateraino, beraz zerbait egingo zuen Jobsek. Hala ere, niretzat ez du hainbesteko garrantzirik honek: egindakoak kritikatzen ditut, egilea bat Jobs ala Apple izan.

Korolarioa

Steve Jobs bisionario bat zela esan dute askok, eta hala zen. Mundua teknologikoki nolakoa izatea nahi zuen ikuspegi bat zuen, eta hori lortzen saiatu zen. Baina bere mundu ideal hori, oso polita izanagatik ere, berak kontrol eta aginte erabatekoa duen mundu bat da, eta elite batentzat soilik. Horrelako beste bisionario batzuen adibideak etortzen zaizkit burura eta ez dira prezisamente miresten dugun jendea... Zergatik informatikaren kasuan eta Jobsekin bai?

Beno, bukatu dut. Azken aldian inguratzen nauen Jobsmania horri aurka egin beharra nuen eta barruak lasaitu. Eta bide batez, komunikabideek ez dutenez egiten, nonbait plasmatuta utzi Jobsen figurarekiko iritzi ezberdin bat. Badakit hau tanta bat dela adorazio artikuluen ozeanoan, ahuntzaren gauerdiko eztula, eta eragin hutsala izango duela, are gehiago kontuan izanik azken aste honetan idatzi eta esan diren guztiekin teknofoboenari ere iritsi zaiola Jobs eta Appleren bikaintasunaren mezua... Hala ere, poztuko nintzateke hemen esan ditudanek bat edo beste "alde iluna" uzteko konbentzituko balute. Baina ez dut esperantza handirik... Hainbat fanboyri (horrela deitzen zaie Appleren zaleei) komentatu izan dizkiet nire argudio eta arrazoiak, eta horiekin nahiko ados egon daitezkeen arren, "eske hain guay da nire iLokesea... mi tessooroooo...". Erlijio baten antza du: kontrakoaren frogak erakutsi arren, sinesten jarraitu nahi dute.

Ala, bota dut. Has zaitezkete desfolloweatzen, "Desatsegit" botoiari ematen edo erantzunetan despotrikatzen, eta Appleren hurrengo gadgeta erosteko aurreratzen. Good night, and good luck.

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10