e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Hondamuinean", Zerocalcare komikigile italiarraren azken lana euskaraz!
Italiako fumetti egile underground ezaguna da Zerocalcare, milioika ale saldu izan dituena eta hizkuntza askotara itzuli dena. Kobane calling izango da beharbada bere lanik ezagunena, La profezia dell'armadillorekin batera. Bere azken lana, Macerie prime, euskarara itzuli du Farmazia Beltza argitaletxe berriak, Hondamuinean izenburuarekin. Koldo Izagirrek itzuli du.
Bere beste lan askotan bezala, egilea bera da protagonista, eta lehen pertsonan kontatzen ditu bere bizipenak. Kasu honetan, komikigile arrakastatsuak prekarietatean bizi diren bere betiko lagunekin duen harremana dakarkigu orriotara egileak, bide batez 1980ko hamarkadan jaiotakoen erretratua eginez.
Benetako luxua lan hau euskaraz izatea, beste hizkuntza askotan baino lehenago (gaztelaniaz ez da oraindik atera, frantsesez oraintsu...)! Ez galdu!
"Mutuaren hitza", beste harribitxi bat Harriet argitaletxearen eskutik
Harriet argitaletxeak XX. mende hasierako zinema munduko istorio bat dakarkigu udazkeneko nobedadeetako bigarren honetan, Mutuaren hitzan alegia. Laurent Galandonek idatzi eta Fréderic Blierrek marraztutako komiki bikoitzean, Celestin gaztea Parisera iritsi da zine zuzendari izateko asmoarekin. Dekoratzaile gisa hasten da estudio batean, eta lagun batzuekin batera film bat filmatzen hasiko da, ezkutuan eta gauez, estudioko baliabideak erabilita, horrek dakartzan arriskuekin... Istorio oso polit eta samurra. Eta amaieran, zinemaren hasieraren historia kontatzen da benetako argazkiz hornituta.
"María Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak", Miren Mindegia eta Adur Larrearena
Nabarralde iaz hasi zen Euskal Herriko historiako une eta pertsonaia garrantzitsuen gaineko komikiak argitaratzen, Angel Rekalde eta Joseba Larratxe Joseviskyren Eneko Aritza, lehen errege baskoiarekin. Orain sorta horretako bigarren komikia atera du, Miren Mindegiaren gidoia eta Adur Larrearen irudiak dituen María Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak.
Hau ere komiki laburra da, hogei orritakoa, eta hau ere euskaraz eta gaztelaniaz aterako da. Eta hau ere ziur hura bezain beharrezko, interesgarri eta ederra dela ziur. Gaia, izenburuak dioen bezala, Zugarramurdiko sorginen (edo, hobe, sorginduen) erreketa da.
Komikiari buruz gehiago jakin nahi baduzue, ostegun honetan, hilak 29, duzue aukera, Donostiako Komikigunean arratsaldeko 18:00etan egingo den aurkezpenean.
"Hasiera berri bat", Harriet argitaletxearen udazken honetako bost nobedadeetatik bat
Harriet argitaletxea ari da izaten azken urteotan euskarazko komiki gehien ateratzen dituen argitaletxea. Urtearen hasieran ateratakoei, udazken honetan atera dituen bost (!) gehitu behar dizkiegu, apurka-apurka hemen berri emango dizuegunak.
Horietako lehenengoa Hasiera berri bat hau da. Euren bizitzetako bidegurutze zail batean aurkitzen diren lau pertsonak topo egingo dute mendiko landetxe batean, eta elkarrekin aurrera egin eta bizipoza berreskuratzeko modua aurkituko dute. Gwénola Morizurrek egin du gidoia eta Marie Duvoisinek marrazkiak jatorriz Grand Angle argitaletxeak Frantzian ateratako istorio xamur eta eder honetan. Ezin galduzkoa, benetan.
"AztiHitza, Xahoren BioGrafikoa" atera du Asisko Urmenetak
Asisko Urmenetaren AztiHitza, Xahoren BioGrafikoa komiki honetan, XIX. mendean bizi izandako Agosti Xahoren bizitza kontatzen zaigu. Erroa argitaletxeak, Gure berriak eta Herrima elkarteek eta Atharratzeko Prefosta Elkarteak argitaratu dute. Xahoren bizitza haren jaioterri Atharratzeko gazte batzuen eskutik kontatzen zaigu, beraiek deskubritzen doazen aldi berean. Parada bikaina euskal politikan, hizkuntzalaritzan, kazetaritzan... arrasto handia utzitako pertsonaia ezinbesteko honen bizitza modu atsegin eta jostagarrian ezagutzeko, Asiskoren estilo eta hizkuntza beti zirtolarian. Erreparatu al diozu izenburuko palindromoari? ;-)

Bide batez, larunbat arratsaldean, hilak 24, komikiaren aurkezpena izango da Atharratzeko Xahoenean. Aurkezpen berezia gainera: aurkezpen ilustratu-musikatua, aurretik haurrentzako marrazketa saioa, ondoren jan-edana eta Patxi Saizen kontzertua... Pena ezin naizela joan!
"Hijos acabados" aldizkari eta kolektiboaren inguruko erakusketa
Autoedizioa eta sorkuntzaren munduan lan egiten duten pertsona, kolektibo eta proiektuei buruzkoa da Izkutukoak izeneko erakusketa zikloa. Horren barruko bostgarren erakusketa dago ikusgai egunotan. Aurretik Irkus (M) Zeberio, Andrea Ganuza, Bruno Ibañez eta Rosacarmenenak izan dira aurten, eta oraingoan, bukatzeko, Hijos acabados-en txanda da.
Erakusketaren web orrian irakur daitekeenez, "Hijos Acabados Paula Estévez (Donostia, 1984), Mikel Larraioz (Iruñea, 1981) eta Maite Caballerok (Donostia, 1984) egiten duten aldizkariaren izena da. Hiru marrazkilari hauek, aldizkari hau egiteaz gain, kolektibo bezala Guillotina autoedizio azoka ere antolatzen dute. 2016an Paula, Mikel eta Maitek beraien lana eta gustuko zituzten beste egileena ere argitaratzeko asmoarekin, Hijos Acabados komikia eta marrazkiaren inguruko aldizkaria sortzea erabaki zuten. Dena den, bertan disziplina desberdinak elkartzen dira: kazetaritza artikuluak, galdeketak, olerkiak, argazkiak.... eta denek dute zerbait komunean: ezohiko lengoaien erabilpena eta porrotaren inguruko gaien ikerketa".
Erakusketa Komikigunean izango da (Errege-Erregina Katolikoen kalea 16, Donostia), eta azaroaren 30a bitartean egongo da irekita.
Zerocalcare-ren "Hondamuinean" komikiaren aurkezpena eta Dzirt-dzart saioa
Bihar bi saio oso interesgarri izango dira Donostiako Komikigunean (Errege-erregina Katolikoen kaleko 16.ean).
Batetik, goizeko 11:00etan, Farmazia Beltza argitaletxe berriak ateratako Hondamuinean komikiaren aurkezpena egingo da, Zerocalcare egile italiarraren Macerie prime lanaren Koldo Izagirrek egindako itzulpena. Lan honen informazio gehiago izango duzue laster blog honetan bertan.
Bestetik, aurreko urtean hasitako bideari jarraiki, bat-bateko komikigintza saioa egingo dute lau komikigilek arratsaldeko 19:00etan. Iñigo Astiz gaijartzaile dela, Adur Larrea, Eider Eibar, Eñaut Aiartzaguena eta Joseba Larratxe Josevisky marrazketan jardungo dira.
Han ikusiko dugu elkar!
"Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak" ikastaroa Komikigunean, Galtzagorrik antolatuta
Galtzagorri Elkartearen Haur Literatura Mintegian, duela hiru urte hasi ziren eskaintzen duten trebakuntzaren barruan mintegiko kide ez direnei ere formazio saio horietara joateko aukera zabaltzen. Aurtengo ikasturterako formazio saio berri bat antolatu dute, komikia mintzagai hartuta, Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak izenburuduna. Hain zuzen ere, komikiaren alderdi didaktikoaz edota komikia oinarri hartuta haur eta gazteen irakurketa ohiturak suspertzeko estrategiez jardungo dute. Horretarako, bi aditu gonbidatu dituzte formazio saio honetan parte hartzera: Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza, unibertsitateko irakasle, literatura ikertzaile eta kritikariak.
Hauexek dira formazio saioan landuko diren edukiak:
- Euskal komikiaren historiaren aurkezpena
- Komikiaren adierazpideak: komiki-orriaren arkitektura, kode artistiko-komikoak eta kode linguistiko-komikoak
- Komiki-liburu baten lanketa: Pololoak trilogia
- Komiki-zintak eta komiki-binetak, komunikazio-gaitasuna lantzeko baliabide
- Literatura testuen komiki-egokitzapenak: narrazio-osagaien baliabideez jabetzeko bide
- Komikia sormena lantzeko bide
Eta ikastaroaren helburuak, hauek:
- Euskal komikiaren historiaren ibilbidea ezagutzea
- Komikiaren ezaugarri artistikoez jabetzea
- Komikiaren bitartez literatur ohiturak suspertzeko aukerez jabetzea
- Komikiak komunikazio-gaitasunak lantzeko ematen dituen aukerez jabetzea
- Komikiak komunikazio literarioan trebatzeko eskaintzen dituen aukerez jabetzea
Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko kezka eta interesa duen edozein
bitartekariri dago zuzendua: irakasle, bibliotekari, guraso, hezitzaile, dinamizatzaile, sortzaile, ikerlari, irakurle... Trebakuntza saioa Donostiako Komikigunean izango da, Errege-Erregina Katolikoen kaleko 16.ean, azaroaren 17an, larunbata, goizeko 9:30etik 13:30era. Galtzagorriko mintegiko kideentzat dohainik da, bazkideentzat 40 euroko prezioa du eta gainontzekoentzat 60 euro. Azaroaren 9a baino lehen eman behar da izena. Gehienez 40 ikaslek parte har dezakete eta onarpena izen emate ordenaren arabera egingo da, beraz, azkar ibili!
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2018ko Euskadi Saria Eider Rodriguezentzat, "Santa Familia" komikiarengatik
Eider Rodriguezek eraman du aurtengo Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria, Xabiroik argitaratutako Santa Familia komikiaren gidoiarengatik. Aurten bi Euskadi sari eraman ditu, Euskarazko Literatura arlokoa ere eman baitzioten Bihotz handiegia liburuagatik. Zorionak, Eider!
Saria Eiderri eman badiote ere, kontuan izan behar da komiki batean gidoiaren eta marrazkien bidez kontatzen dela istorioa, beraz Julen Ribas marrazkigileak ere izango du meriturik, ezta? Are gehiago kontuan izanik sari hori inoiz eraman izan duten bi komikiak berak marraztutakoak direla! 2012an Iban Zalduari eman zioten Julenen irudiak zituen Azken garaipena komikiarengatik. Beraz, zorionak zuri ere, Julen! Eta jakina, bi komikiok Xabiroik ateratakoak dira, beraz zorionak Xabiroiri ere!
Eusklabo alaiak, katalanez!
Eusklabo alaiak Asisko Urmenetak iaz argitaratutako komikia da, euskaldunon menpekotasun inkontzientea salatu eta emantzipazio mental eta nazional baterako bidea erakusten zuena, umorez eta jakinduria handiz. Orain katalanez atera du Pol·len argitaletxeak, Els eusclaus feliços izenburuarekin. Anaia katalanek jada komikiak ematen dituen lezio historiko eta politikoen beharrik ez badute ere (gu baino askoz aurrerago doaz horretan), liburuaren alde jolasti eta umorezkoaz (hitz joko batzuen itzulpen ezinezkoak gorabehera) guk bezainbeste gozatzeko aukera izango dute, ziur!

