Euskarazko komikiari buruzko webgune oso interesgarri bat: LainoMehe
Euskal komikizaleok azkenaldian zorionekoak garela esan daiteke. Urterik urte euskarazko komikien produkzioa gora doa, bai bertan egindakoa zein itzulitakoa, blog hau jarraitzen duen edonork argi ikusiko zuen bezala. Eta gainera, produkzioaren eta interesaren erakusle, azken urteetan ugaritu egin dira sarean euskarazko komikiei buruzko informazioa ematen duten guneak: Mikel Begoñaren Komikeri blog bikaina, Iñaki Otamendi Dabilenharriak sortutako Komikipedia ezinbestekoa...
Bada, oraintsu beste baten berri izan dut (nahiz eta, antza, 2014tik martxan dagoen): LainoMehe. Ematen duenez, bere egilea Ian Nose da, azken urteetan Ahabi Comics zigilupean euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan hainbat komiki autoeditatzen ari den Filadelfian bizi den euskal herritarra.
LainoMehe webgunean albisteak aurkituko ditugu eta baita artikulu guztiz ezinbesteko bi: Asterixen eta Tintinen euskarazko argitalpenen kronologiekin egindako artikulu bana dago, beheko menuaren bidez atzitu dezakeguna.
Baina beharbada webgunearen edukirik bereizgarriena eta interesgarriena digitalean deskargatzeko moduan jartzen dituen euskarazko komikiak dira. Ez dira jatorriz euskaraz argitaratutakoak, itzulitakoak baizik, batzuk argitaletxeek itzuli eta ateratakoak eta beste batzuk webgunearen egileek eurek itzulitakoak. Argitaletxeek kaleratutako komikien kasuan, ez daude osorik, orri gutxi batzuk eskaneatu eta eskuragai jarri dituzte, erosteko estekarekin batera (jada deskatalogatuta ez badaude). Hala, argi gelditzen da, egileek aurkezpen orrian dioten bezala, asmoa ez dela euskarazko komikien pirateoa, hauek bultzatu eta zabalkundean laguntzea baino. Ondoko hauek dira:
- Hergéren Tintin Kongon (Elkar etxeak 1986an argitaratutako eta jada deskatalogatutako edizioaren 21 orri)
- Paco Rocaren Zimurrak eta Etxea (Astiberrik kaleratzen duen edizioaren 3 orri bakoitzetik)
LainoMehe-koek eurek euskaratu dituzten komikiei dagokienez, hauen kasuan ere asmoa euskarazko komikiari laguntzea besterik ez da, egile klasiko batzuen komiki edo atal gutxi batzuk jendeari euskaratuta eskainiz horiek euskaraz atera daitezen bultzatzen duten bitartean. Hauek dira zehazki komiki horiek:
- Moebiusen Izar gainean-en Konpontzailea sarrera-kapitulua, 6 orrikoa
- Katsuhiro Otomoren Akira ezagunaren lehen 3 atalak
- Akira Toriyamaren bi komiki euskaldunontzat oso ezagunak, bien animé bertsioak ETBk euskaraz emandakoak baitira: Dragoi Bola (lehen 5 atalak) eta Dr. Slump (38. atala)
- Bill Wattersonen Calvin eta Hobbes bikainaren lehen astea (igandeko orria eta sei zinta)
- Josep Maria Beàren Buruko toki batean-en A zona kapitulua
Esan bezala, webgune zinez interesgarria da LainoMehe, baliabide apartekin eta eduki interesgarriarekin. Urte askotarako, LainoMehe!