e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Argia iraungi zen tokia": euskaldunak, espioitza eta esklaboen trafikoa eta matxinada Karibean
Paul Trévigne XIX. mendeko New Orleans-en kazetari eta eskubide zibilen aktibista izan zen. Haren aitona Joseph Tribinu ontzi-kapitain bizkaitarra zen, eta amona Margueritte Meunier askatutako esklaboa. Harriet argitaletxeak kaleratutako Argia iraungi zen tokia komiki honetan aiton-amona horien alegiazko bizitza posible bat kontatzen zaigu, non aurkituko ditugun Antilletako kolonia ingelesetako esklabo-trafikoa, esklaboen matxinadak, ornitologoz mozorrotutako espioi espainiar bat... Ez da aspertzerik Mikel Begoñak (Arditutakoak, Helize, Hiru etxe Santa Monikan...) ondutako istorio berri honetan, Igor Sarralderen marrazki eta kolore biziekin komikiratu duena, Harriet etxearen eskutik.
"Botere handi batek", edo euskal gatazka superheroiekin
Nola izango litzateke superheroien komiki bat euskal gatazkaren testuinguru historikoan kokatuko bagenu? Edo nolakoa zatekeen euskal gatazka superheroiak tarteko baleude? Ariketa hori egin nahi izan du Iban Zalduak bere azken komikiaren gidoian, eta Julen Ribasek marrazkiak jarririk, emaitza Botere handi batek komikia dugu.
Aurretik Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkarian azken hiru urteotan-edo atalka argia ikusitako komiki honetan, Francoren gobernua superheroiak sortzen ari da Bardeetako base sekretuan, baina diktadorearen heriotzak eragindako nahaspilan, supergizakiek ihes egiten dute eta gatazkan parte hartzen dute bando ezberdinetan. Hala, fikziozko istorioa eta pertsonaiak agertzen zaizkigu (Fisio, Fusio, Depresore, Lady Toledo, Barrenero, Atari, Zatiki, Porlana, Makadama...), baina zenbait gertaera, ekintza edo toki historiko esanguratsuri erreferentzia argia egiten dieten episodioak ere badaude: La Cumbre, Zabalza, Yoyes, Ajuria Eneko Ituna, Lemoiz, Ryan, Monbar hotela, Hipercor, Blanco...
Bi egileek lehenago ere landu zituzten ukronia, errealitate alternatiboak, distopia eta denbora-bidaiak Azken garaipena lanean, Euskadi Literatura sari bat eramandako lehen komikian. Horrez gain, nabariak dira istorioan Watchmen-en eta Marvelen komikien eragina (izenburua barne), biak Zalduaren zaletasun aitortuak. Irudiei dagokienez, superheroien ohiko estetikatik ihes egin du Ribasek, eta estilo berri berezi bat landu, bere ohiko irudien bidetik baina istoriora ederto egokituta.
Superheroien lehen komikietan dena oso zuri edo beltz bazen (garapenik eta benetako pertsonalitaterik gabeko pertsonaia on-onak edo gaizto-gaiztoak), 60ko hamarkadatik aurrera Marvel etxearen komikietan eta ondorengoetan heroien bizitza, harreman eta arazo pertsonalak agertzen baziren, eta 80ko hamarkadatik aurrera Watchmen komikian eta horrek eragindako ondokoetan superheroien moralitatea eta zilegitasuna zalantzan jartzen baziren, Botere handi batek-en, are buelta bat gehiago emanaz, supergizakiek gure iragan hurbil errealeko jarrera politiko errealak eta are indarkeriaren aldeko hautuak hartzen dituzte.
Baina halere, ez dago komiki honetan hausnarketa filosofiko sakonik edo lezio moralik emateko asmorik. Oroz gain, abenturazko komikia da, asmo jostagarriz egina, sinpletasunetik ihes egiten duena baina superheroien tradizioan kokatzen dena, zientzia fikzioa, denbora-bidaiak eta guzti dituena. Marvelen zinema-unibertsoarekin hazitako belaunaldiari hizkuntza horretan paratutako entretenimenduzko keinu eder bat, gure belaunaldikoen historia hurbiltzeko.
Harriet etxeak "Lehoi-ogroa" sailaren hirugarrena atera du, "Azken lehoia"
Bruno Bessadiren Lehoi-ogroa sailaren hirugarren eta azken albuma, Azken lehoia, atera du Harriet argitaletxeak. Animalia antropomorfodun sail fantastiko honen aurreko albumetan ezagutu genuen Kgosi lehoia, zeinak ez duen ezer gogoratzen bere iraganaz eta ez dakien zergatik bihurtzen den animalia haragijaleak hiltzen dituen deabru. Baina bere lagun Wilt antxumeak, Othila sagu gerlariak eta Hind azeriak lagunduta, azkenik bere jatorria gogoratu du. Bigarren liburuaren amaieran jaioterrira itzultzeko bidean utzi genuen; han bere anaia Kagiso usurpatzailea garaitu beharko du, bere herria askatzeko eta animalia guztien arteko berdintasuna berriz lortzeko...
Javier de Isusiren komikia behar bereziak dituzten haurren harrera familien errealitateaz
Javier de Isusi bilbotarra oso egile ezaguna dugu estatu mailan zein nazioartean. Haren Los viajes de Juan sin Tierra tetralogia, Hego Ameriketan egin zituen bidaiek inspiratutako fikziozko istorioez osatua, hizkuntza askotara itzuli da, eta La divina comedia de Oscar Wilde lanarekin Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2020an. Bere ohiko argitaletxe Astiberrik euskaraz ere atera izan ditu Baleak ikusi ditut eta Asӯlum, eta hala egin du bere azken lanarekin ere, Goizero. Kalte emozional larriak dituzten haurrei harrera ematen dieten familien errealitatea ezagutarazten da bertan, Ana eta Laia lagunen fikziozko istorioaren bidez. Biek berariazko prestakuntza dute halako egoeran dauden haurren premiei erantzun ahal izateko, eta beren gain hartzen dute 24x7-ko dedikazioa eskatzen dien lan hori, bere alde on eta txar guztiekin.
"Mugako Dragoiak - Azote" komikia argitaratu du Harriet etxeak
Mugako Dragoiak sailean, Gregorio Muro Harriet bere egileak gogora ekarri nahi ditu gaur egun AEBen hegoaldea eta Mexikoko iparraldea diren mugako lurraldeetan XVIII. mendean izandako gatazketako benetako kontakizunak, tartean euskaldun jatorriko protagonistak zirela. 2021ean ikusi zuen argia lehen liburukiak (izatez bi albumen bilduma zenak eta sailaren izenburu generiko hutsa zuenak), Iván Gil-en irudi eta Ekaitz Agirre Garluken koloreekin.
Bada, orain saileko bigarren liburukia atera da, Azote izenburua duena. Kasu honetan, bi albumez osatuko den azpisailaren lehenengoa dugu eta, beraz, jarraipena izango duen istorioa da. Eta gidoilaria izan ezik beste egileak berriak dira: marrazkiak Pedro Camellok egin ditu eta koloreak Seijas-ek. Eta Harriet etxeak eman du argitara, aurrekoak bezala.
Aurreko albumean ezagutu genituen Mexiko Berriko gobernadore Juan Bautista Anza hernaniarra eta haren dragoien taldeko kideak komiki honetan berriz azalduko dira, eta hemen ere pertsonaia historiko euskal herritar berri bat ezagutuko dugu: Cristobal Maria Larrañaga, Mexiko Berrian mediku aritua, lurralde haietan nafarreria edo baztangaren aurka haurrak txertatzen aitzindari izan zena. Baina beste gertakizun eta protagonista batzuk dakarzkigu komikiak. Texas-era joandako kanariar jatorriko kolonoen ondoko den Azuzena Acosta Azote ezizenarekin da ezagun, zartagailuarekin duen trebetasunagatik. Louisianako kontrabandista batzuei indiarren eraso batetik lagundu ondoren, haietako batekin, Armand Beaubien-ekin, ezkonduko da. Biek batera, Azuzenaren aitaren ganadu talde bat iparraldera daramate, ingelesengandik banatu nahi duten iparramerikarrei saltzeko, baina Espainia ere ingelesen aurkako gerran sartu da, eta horrek bidea are zailago egingo du...
"Aldaxka pozoituak", Aritz Ibarraren komikia Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian izandako eraginaz
Geuretik Sortuak Udalbiltzaren egitasmoan zenbait diziplinatako sortzaile batzuek Euskal Herriko zenbait udaletan egonaldiak egiten dituzte, eta ondoren bertan girotutako euskarazko lanak sortzen dituzte. Egitasmo honen bigarren edizioan bost komikigilek egin zuten egonaldi eta komiki bana, eta bost lanak Hona bostekoa! liburuan batera atera zituzten 2023aren amaieran.
Egile horietako bat Aritz Ibarra izan zen. Urruña, Bera, Lesaka eta Saran egon ondoren, Aldaxka pozoituak izenburudun 20 orriko istorioa ondu zuen, Lehen Mundu Gerran Frantziagatik hil zirenen edota hegoaldera desertatutakoen zorigaitzen ingurukoa. Orain istorio hura luzatu eta osotuta dakarkigute Martin Ttipia eta Nabarralde elkarteek. 48 orri ditu, komikizko istorioaz gain testuzko zenbait azalpen eta Eneko Bidegain eta Ibai Telletxearen gibel-solasak ere badakartzala. Oso komiki beharrezkoa Aldaxka pozoituak hau, Frantziaren menpeko euskal lurraldeak bete-betean kolpatu zituen eta belaunaldi oso bat xehatu zuen gertaera ikaragarri hauek ezagutzeko.
Euskarazko komikigintzaren III. Hernanikomik azoka, ostiral eta larunbat honetan
Hernaniko Udalak antolatuta eta Xabiroi, Harriet eta Gauekoren laguntzarekin, hirugarrenez egingo da aurten Hernanikomik, esklusiboki euskarazko komikigintzari eskainitako azoka. Ostiral eta larunbat honetan, hilak 15 eta 16, izango da.
Gune nagusia Atsegindegi izango da, hor egongo baitira postuak. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da aukera Argia, Elkar, Gaueko komiki denda, Harriet, Herrima, Ikastolen Elkartea-Xabiroi eta Nabarralderen standetan komikiak erosteko. Eta hor izango da Space Opera euskal komikietan erakusketa ere.
Beste erakusketa bat Biteri Kultur Etxean izanen da, Asisko Urmenetaren ibilbideari eskainitakoa hain zuzen. Izan ere, egile handi honi emango zaio aurten euskarazko komikigintzaren alde egindako lana saritzen duen Joseph Camino saria.
Eta honez guztiaz gain, egitarau bete-betea dago, aurkezpen eta bestelakoez betea. Honatx:
Azaroak 15, ostirala
- 17:00: Kromiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera Euskara elkartea).
- 17:30: Oneka, Iruñeako Erresumaren sorrera. Eneko Lizardi egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.
- 18:00: Aldaxka pozoituak. Aritz Ibarra egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.
- 18:30. Mo - Behi euskaldun baten memoriak. Bernardo Atxaga eta Pello Varela egileak, eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
- 19:00: Argia iraungi zen tokia. Mikel Begoña egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
- 19:30: Mugako dragoiak. Gregorio Muro egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
Azaroak 16, larunbata
- 11:30: Iris XXII. Yurre Ugarte eta Julen Ribas egileak, eta Ainara Azpiazu Axpi moderatzailea.
- 12:00: Joseph Camino sari banaketa: Asisko Urmeneta.
- 12:30: Dzirt-dzart saioa, zuzenean marraztuz: Asisko Urmeneta eta Marrakatue.
- 17:00: Abentura erraldoia. Adur Larrea eta Gorka Bereziartua egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
- 17:30: Botere handi batek. Iban Zaldua eta Julen Ribas egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
- 18:00: Egun bat Beti Berdin tabernan. Asier Iturralde Gaston egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
- 18:30: Ihes plana. Agustin Ferrer Casas egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.
- 19:00: Ni, zu, gu. Tupust! kolektiboko Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi.
Programa bikaina euskarazko komikigintzaren mundu aberatsaz gozatzeko! Han ikusiko dugu elkar!
"Egun bat Beti Berdin tabernan", taberna bateko eguneroko bizitza umorez kontatua
Asier Iturralde Gastón donostiarra 2018an hasi zen Beti Berdin izeneko tabernaren umorezko zintak argitaratzen, eta 2020 amaieran pandemia garaiko istorioak batzen zituen Beti Berdin taberna koronabirusaren garaian komikia atera zuen Iturraldek autoedizioan. Oraingoan Harriet argitaletxeak Egun bat Beti Berdin tabernan dakarkigu, horko langile, bezero eta bestelako faunaren inguruko istorio luze baina berdin umorezko batekin. Joxemari tabernaren jabe eta arimaren eskutik, tabernaren ohiko ibilbidean murgildu eta bertan gertatzen denaren lekuko pribilegiatuak izango gara. Eguneroko bizitzen erretratua taberna bateko barraren behatoki soziologiko apartaren ikuspegitik.
Astiberrik Paco Rocaren azkena euskaratu du, "Ahanzturaren leizea"
Paco Roca Espainiako komikigile on, ezagun eta nazioartekoenetako bat da zalantzarik gabe. Maisu lan mordoa idatzi ditu bere karreran zehar: Arrugas, El invierno del dibujante, Los surcos del azar, La casa... Bere lanak Astiberri Bilboko argitaletxearekin argitaratu ohi ditu, eta horietako batzuk euskaraz ere ateratzen ditu, hala nola Zimurrak eta Etxea.
Bada, bere azken lana ere, El abismo del olvido hain zuzen, euskaraz atera du, Bego Montoriok itzulita eta Ahanzturaren leizea izenburuarekin. Komiki aparta bezain gogorra dugu hau, frankismoaren krimenez, memoria historikoaz, hobi komunez eta familiakoek gorpuzkinak errekuperatzeaz ari dena. Espainiako Gerra Zibila amaitu eta ia bi urtera, erregimen frankistak Valentziako herri baten zenbait pertsona fusilatu zituen eta errepublikano gazte bat behartu zuten haiek hobi komun batean lurperatzera. Leoncio Badía izeneko gazte hark urtetan bizia arriskatu zuen haien izenak, lurperatutako tokiak eta mezuak gordez, eta horri esker ia 80 urte beranduago Pepica Celdak bere aita Joséren gorpuzkiak aurkitu eta berreskuratu ahal izan zituen. Itxi gabeko zaurien istorio benetako bat, beste hainbeste bezalakoa, ezagutu eta konpondu beharrekoa. Dokumentazio eta gidoigintza lanetan Rodrigo Terrasaren laguntza izan du Rocak lan honetan.
Kabe-Harrieten manga sailen jarraipenak
Ikaragarria da Harriet argitaletxea Kabe zigiluaren eskutik manga komikiak euskarara ekartzeko egiten ari den lana. Cube Arts eta Heroines game serieen hiruna zenbakiak atera zituen eta martxan ditu Dinosaurs Sanctuary, Girls' last tour (hiruna zenbaki orain artean), Otaku bat jainko lanetan eta Change the world (zenbaki bana orain artean) serieak. Bada, azken honena izan ezik, irekita dauden beste serieen jarraipenekin lau manga atera ditu irailean, denak (orain artekoak bezala) Iker Alvarez-ek itzuliak.
Batetik, Rootport-en gidoia eta Tomomi Usui-ren (Cube Arts-en egilearen) irudiak dituen Otaku bat jainko lanetan sailaren bigarren zenbakia dugu. Susumuk, lo etenetik esnatu eta gizateria hastapenetan dagoela ikusita, zibilizazioari aurrera egiten lagundu nahi dio bere manga gogokoenaren jarraipena ezagutzeko. Lehen zenbakian nekazaritzan irakatsi eta lo etenera itzuli ostean, Brontze Aroan esnatuko da oraingoan...
Bestetik, Tsukumizuren Girls' last tour manga ateratzen jarraitzen du. Mundu post-apokaliptiko batean moto-traktorean janari bila bidaiatzen duten Chito eta Juri neska gazteen abenturen sail honen laugarren eta bostgarrenak ere atera ditu.
Azkenik, Itaru Kinoshitaren Dinosaurs sanctuary sailaren laugarrena daukagu. Suzume zaintzailearen dinosauroz betetako irla eta parke bateko bizipen eta dinosauroei buruzko jakingarri gehiago izango ditugu hemen ere..