Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Etxeko arropak

Leire Narbaiza 2013/08/09 17:16
Jantzi bai, baina esaten ez diren gauzak. Faktorian egindako kolaborazioa.

Aspaldian etxeko andreak baino ez ziren etxean egoten eta eurek bazuten janzkera espezifikoa etxean egoteko: antzinako batak, soineko estilokoak, nasaiak gustura egotekoak. Etxeko lanak egin eta atea joz gero ere zabaltzeko moduan zeuden. Batzuk-batzuk ogitara-edo joateko ere erabiltzen zuten. Oraindik orain arkitu liteke hainbat dendatan:

 

 

Soineko hauetako askoren gainean amantala ere jartzen da, batez ere sukaldean aritzeko, bularra eta altzoa hartzen duena, edo atzea eta uarrea esltzen duena eta motzagoa dena:

 

 

Baina halako gutxi geratzen da inguruetan.

 

Eta besteoi nola gustatzen zaigu egotea etxean? Arropa erosoa soinean, jakina. Horregatik talde handi bi daudela esango nuke.

 

Batetik pijamaz jantzita dabiltzanak! Bai, ohetik jaiki, eta ez badira irteten, pijama jantzita ibiliko dira egun santu osoan. Edo etxera iritsi bezain laster pijama janzten dutenak. Ezagutu dut pertsona bat pijama bat zuena etxean ibiltzeko eta beste bat ohean sartzeko. Beste batzuen “promiskuitatea”, ordea, handiagoa da.

 

Era berean, arropa erosoenak antzinakoak dira, aspaldi modaz pasatakoan, herentzian jasotakoak 3 taila handiago, aspaldiko txandalak (nik luzaroan institutuko txandala erabili nuen), Kilometroak 92ko kamiseta, Korrika 10eko mallak (leggins-ak),… gainera, oso-oso handia zenez orduko moda, kilo batzuk hartu baditugu ere, oraindik janzteko moduan gaude! Edo herentzian jasotakoak: aitaren jertse zaharra, edo neska batzuek moduan, euren mutilen galtzontzilo boxerrak praka labur erabiltzen dituztenak!

 

Estilismoa ezinezkoa da: koloreak ez dira konbinatzen, estanpatuak ere ez, hainbat geruza elkarren gainean jarrita zentzu barik, gona baten azpian galtzetin luzeak ere ikusten dira, esporteak, adibidez. Ezagutu dut galtzerdi bikotebakoak ere horrela erabiltzen dituena, kolore eta marrazki desberdinak! Dena da baliagarri!

 

Hauekin batera askotan, janzki bat dago, batez ere neguan: batoia, bata, txabusina, albornoza (bainu-txabusina). Ni talde honetakoa naiz, ezin batoi barik egon etxean, batez ere neguan! Eta ez dauka zeri ikusirik batamantarekin!

 

Hau aitortzerakoan, jendeak sarri imajinatzen gaituzte guatine (boatine) txabusina jantzita,

 

eta ez, oso gauza politak daude merkatuan, diseinu berriekin, oihal berriekin! Koloretsu eta ondo ibiltzeko moduan!



Hau guztia horrela izanda, etxean egoteko arropa saltzen zela jakin nuenean haluzinatu egin nuen! Zer egiten dute arropa hori erosten dutenek, Ikasketa bidaiako izerditzekoarekin? Edota Napartheid-eko elastikoarekin?

 

Gainera, nola disfrutatzen dute? arropa zaharrak badu goxotasun bat berriak ez duena, historia, eta kalitatea. Etxeko zapatila horiek behatz potolo parean patata bana dutenak, edo zulatutako txabusina… Pilda hutsak, baina ezin erosoagoak…

 

Horregatik, nire lagun batek dioen moduan (eta post hau inspiratu didana), etxeko arropa da jantzi bai, baina esaten ez dena, lotsa ematen diguna erakustea! Disfruta dezagun eroso!

Barruko arropa: kuleroak ala tanga

Leire Narbaiza 2013/08/05 00:55
Faktorian egindako kolaborazioa

Euskadi Irratiko Faktoria saiorako 2013ko abuztuaren 2an egindako kolaborazioa, post honetan Kuleroak eta tanga oinarrituta.

Bainujantzia hizpide

Leire Narbaiza 2013/07/31 22:15
Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Azkenean heldu zaigu sasoia bainujantzia janzteko! Bai, beroa ailegatuta ia guztiok janzten dugun arropa da. Batzuek ez dute hondartzara joateko ohiturarik, baina igerilekuan, urtegian, ortuan edo mendiak nor ez du oihal zati hori janzten?

Bai, badago jendea hondartza nudistetara joaten dena, eta ez dute jantziko. Baina horrelako hareatzak gutxi dira eta bertaratutakoak ere ez gehiegi. Horiek ez ditugu kontuan hartuko, tarte honetan arropaz berba egiten dugulako, testilen ohiturak jorratuta, larru-hutsik ibiltzea ez da gure gaia.

 

Baina, trajebaiñuan edonora joatea ere hainbatek ez du gogoko. Zenbat jatetxe eta tabernatan hondartza ondoan egon arren ez dute lagatzen halan sartzen. Batek aitortu zidan, familiako gizonezkoei ere ez ziela uzten kamiseta barik bazkaltzen, iletsua zirelako, beharbada! Horretarako, pareo edota zapia aukera ona izan liteke! Ni zapien fan sutsua naiz

 

Niri antzeko zerbait gertatu zitzaidan Debako zumardian, hondartzatik 50 metrora. Familia bat bainujantzian ikusi eta nire barruko kontserbadore klasistak arbuiatu zuen estanpa. Kostaldeko herrietan ere ez zaie gustatzen horrela ibiltzea kalean, eta Bartzelona eta Venezian, adibidez, isuna jartzen dute kamiseta barik ibiliz gero. Baina, beste egun baterako gaia izan liteke hau.

 

Antza denez, aurten debekatu dute:

(Gari Araolazari hartutako argazkia)

 

Arropa txiki hauetara itzulita emakumeendako modelo asko ditugu. Bainadore osoaz gain, -kini izeneko mordoa: monokini, bikini, trikini, tankini, burkini. Bikinia, ezagunena.

 

Neskatxoen kasuan sekuala ez dut ulertu bikiniarena, titiak irten barik eta tapatzen! Txikiak ginenean, 10 urterekin edo, horrela nahi genuen, bikiniaz, baina laga ez. Orduan, lotsa ematen zigulako (aurre-nerabezaroa!) bainujantzi osoa erabiltzen genuen.

 

Gizonezkoen arropa guztiekin gertatzen den moduan, eta batez ere Euskal Herrian, oso aspergarri eta klasikoak dira. Turbo horiek debekatuta daude, ez bada igerilekuan kirola egiteko. Ez dakit zer den, gu emakumeok dena markatuta eramaten dugu, baina eurek paketea markatzea… lotsa (Eta hau ere, lehen esan dudan bezala, beste egun baterako gaia izan liteke)

 

Gure gizonek Elena Lakak kategorizaio ederra egin zuen. Horregatik gureetan ez ditugu, zorionez, Mankinia bezalako engendrorik ikusiko!

 

Bakoitzak ikusi dezala zein datorkion ondoen!!

Levi's etiketa gorriaren audioa

Leire Narbaiza 2013/07/16 12:33
Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Levi's etiketa gorriaz egin nuen berba Faktorian uztailaren hamaikan. Behean grabazioa jarri dut. Ea zer deritzozuen!

Edergailu zikina

Leire Narbaiza 2013/07/08 21:39
Benetako katekorratza!

Bagenekien kafe kapsula hutsekin, berrerabili eta paparreko artistikoak egiten zirela! Baina antza denez, joera berria da Ordizian, atez atekoaren kontrakoen artean: zabor poltsa balkoitik kendu eta jarri paparrean!

zabor-poltsa brotxea

Serie oso bat egin liteke: poltsa urdina, berdea, horia, edukiontzi marroia, kubotxo zulodun marroitxoa, mini-erraustegia…

Halakorik! Erridikuluagorik, ezin!

Arropa aldaketa eguraldi aldaketetan

Leire Narbaiza 2013/07/04 18:38
Euskadi Irratiko Faktoria saiorako kolaborazioaren oinarria.

Udaberria dirudien uda hasiera honetan, sasoi aldaketa guztietan bezala konfliktoa sortzen zait. Neguko txamarra eta panazko laga eta galdera eternoa datorkit burura: zer jantziko dut bihar? Armairua arropaz betea, eta asmatu ezinda! Iaz, bada, ez nintzen biluzik ibiltzen. zer erabiltzen ote nuen?

 

Beti berdin, beti arazo bera. Bai, aldaketak beti kostatzen zaizkit gehiegi. Eta gure herrian, normalean bat-batekoak izaten direnez, beti prestatzeke, eta espero ez ditudala harrapatzen naute. Pentsa, prestatuta ere adaptazioa asko kostatzen zait! Adibidez, sandaliak ikaragarri atsegin arren, kostata janzten ditut lehenengoz. Tira, udazkenean ere kostata abandonatzen ditut…

 

Horregatik harritzen naute hainbeste, martxoan, esate baterako, lehenengo eguzki izpiarekin praka laburrak, tirantedun nikiak eta sandaliak janzten dituztenak! Haluzinatu egiten dut eta gehiegikeria dela deritzot. Fresko pasa behar dutela derrigor, baina luzitzeagatik, edozer!

 

Eta ez dezagun ahantz nerabeen artean moda-modakoa dela hauxe, oskarbi ikusi bezain laster, txankak erakutsi beharra. Berdin zaie urtarrila bada ere, eta kalea elurtuta badago. Kontua udako arropa erabiltzea da!

 

Baina aurtengo sasoi aldaketa benetan berezia da! Klima ez ohikoa izanda, zailagoa da janzte kontu hau. Ekainaren amaierara arte erabili ditut panazko prakak, finak, baina panazkoak. Barruko elastikoa ere ia kendu barik sartu gara uztailean. Eta horrela ikusten ditugu ordu eta leku berean ia arropa mota guztiak: botak eta sandaliak, neguko kamisetan eta udako alkandora meheak, panazko prakak eta praka laburrak… zoro kuadrilla ematen dugu, irizpiderik ez duena!

 

Uztail arruntetan, dena den, nahiko ohikoa izaten nahaste-borraste hau, batez ere, eguraldi ederra eta naturala egiten duenean. Bai, goizean goiz lanera joan behar eta 15 gradu. Freskoegi mahuka motz eta sandalia hutsetan joateko. Horregatik, oinetako itxiagoak jantzi, zapia saman, jertse edo txamarra fina aldean. Baina, arratsaldeko 3retan lanetik irtetean, agian 28 gradu daude eta dena soberan dugu. Eta horrela elkartzen gara, adibidez, treneko bagoi berean lanetik bueltan gatozenak, eta hondartzara, ia arropa barik doazenak. Jakina, beharretik gatozenok, poltsan daramatzagu, galtzetinak, edota barruko elastikoa; besoetan txamarra eta zapia, narras, erdi tatarrez!

 

Nola asmatu eguraldiarekin? Zaila da, agian Gasteizen lan egiten zuen lagun batek bezala: autoan maletatxo bat arropaz eroanda, badaezpada ere!

Hizkuntz politikatik moda-joerak zabaltzen

Leire Narbaiza 2013/06/28 13:21
Ostiraleko katekorratza

Zalantzan ibili zarete nola jantzi eguraldi aldrebes honekin? Lasai, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eman digu uda honetan moda-joera izango dena: kulotak zirarekin!

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Bai, ahaztu kezka guztiak, eta jantzi moda berri honen aldaerak. Kulotak beharrean, praka laburrak edota pantalonetak. Ziraren ordez, kangurua, anoraka, kapusaia edota gore-texa!

Gainera, beltzaran ere ez duzu egon behar! Hori da Eusko Jaurlaritzatik proposatzen diguten joera euskaldunena uda ez-uda honetarako!

Levi's etiketa gorria

Leire Narbaiza 2013/06/27 00:11
Nerabezaroko prakarik ospetsuenak

Badira aste batzuk Twitterren #umetakoberbak traola erabilita jolasean ibili ginela, ume eta gaztetxo denborako kontuak gogoratzen. Jolas, joko, eskolako tresna, marrazki bizidun, litxarreriak, marka, kantuak aitatu genituen. Halako batean, niri "Levi's etiqueta roja" etorri zitzaidan.

Levi's markakoak ziren jeans gutiziatuak gure artean sasoi hartan. Izan ere, hemen pesetadun Estatu Espainiar ez komunitarioan luxuzko bakeroak ziren. Garesti-garestiak. Orduan ere krisi latza bizi genuen, eta gazte asko, lan barik, Londresera joaten ziren au-pair edo hoteletan lan egitera paper barik, era ilegalean (hori ere ahaztuta dugu!). Kontua da, han askoz merkeagoak zirela praka hauek eta maletakadak ekartzen zituztela hemen saltzeko, eta dirutxo bat ateratzeko.

Kontua da gure ametsa zela halakoak izatea. Denon guraria, gutxik lortua. Izan ere, gure familia asko diruz ondo ibilita ere, ez zutela tontakeriatan gastatzen. Markistisa horrelakoetara oraindik iritsi barik zegoen! Baina gu, nerabeok, gaixotasunaren atzaparretan jausiten hasita geunden: adidas zuriak marra urdin bidunak eta levi'sak amesten genituen.

Egia esatera, arropa asko ere ez genuen. Hamalau urtera arte uniformez joaten nintzen eskolara eta uniformez gain, bakero batzuk eta igandeetako arropa baino ez geneukan (negurako modelo bat eta udarako, beste bat). Horregatik, batxilergoa ikasten hasi ginenean uniforme barik, arazoa etorri zitzaigun, eta praka batzuk ere erosi zizkiguten, eta alkandora eta jertseren bat.

Gauzak horrela, amari sekulako abarketa jotzen niola levi'sak nahi nituela eta nahi nituela. Erantzuna ezezkoa zen, jakina. Nahikoa geneukan Lois, Lee Wrangler eta Jesus markekin. Baina levi'sak espezialak ziren, etiketa gorridunak. Laranjadunak ere bazeuden baina ez ziren hain ederrak!

Sekulako zoramenak egiten ziren prakok egokitzeko, berriak zirenean oso gogorrak zirelako eta urdin ilun-ilunak. Biguntzeko eta gure gorputzaren forma hartzeko dutxatu egin behar genuen prakak jantzita, eta bazegoen, dutxa ostean, levi´s bustiekin ere lotaratzen zena!

Tematuta geunden, nahiz eta gizonezkoen diseinua izan (geroago etorriko ziren emakumeentzakoak) eta garestiak. Inbidia handia pasatzen nuen, nire lagun batzuek bazituztelako, ez eurei erositakoak, ez. Ahizpa nagusiak zeuzkaten eta haiei heredatuta! Forma eginda, kolorea joanda, goxo-goxo…

Esan moduan, gizonezkoen gorputzarentzat, gure gerri estu eta mokor zabalentzat ez zeuden eginak, beti gerria hartu behar jostunak! Hori bai, mutilei ondoen geratzen zaizkien prakak dira, gaur egunean ere bai, batez ere gastatuta daudenean, bere lekuan eta ez narras. Ipurtalde politena egiten die gizonezkoei!

Eta hamasei urterekin, nire bizitzako oparia: levi´sak! Donibane Lohitzunen amak erosita! Bai, lagunekin txangoan joan (Beste aldera, leku magiko horretara), ikusi eta nirekin gogoratu! Jakina, prezioz ere ondo egongo ziren. Zelako poza, zelako gozatua, plazera!

Praka haien prezioa ederki pagatu nuen. Eta orduan estimatu ez banuen ere, betiko eskertuko diot amari eragin zidan borroka, gauzek balio bat dutela eta kostatu egiten dela lortzea. Ikasgai ederra irakatsi zidan amak, gauza asko oso garbi baitzituen, eta niretako horretan eredu izan delako. Mila esker, Rosa!

Hortik aurrera, jeans haiek nire domeketako arropa bihurtu ziren, eta Gernikan asteburupasa izekoren etxean nengoela, jausi, armairuaren ertzean kateatu, eta tarrat! Tarratada ederra ipurdi gainean! Zelako disgustua! Hainbeste kostatako bakeroak! Zer egin? Txaplata grazioso bat lortu eta han itsatsi nion! Bestela…

Orduan hasi zen adarjotzea! Euskara klaseko mutilek hura ikustean Radio Futuraren "Divina" kantua hasten zitzaizkidan kantatzen:

Azken estrofak hauxe dio: "Te veo bailar con pegatinas en el culo y mueves con tu ritmo la cara de tus fans. Eres una bruja de oro, eres un pequeño ganster…" (dantzan ikusten zaitut, ipurdian pegatinak dauzkazula, eta zure erritmoarekin zure fanen aurpegua musgitzen duzu. Urrezko sorgina zara, ganster txikia…). Handik aurrera, nire kantua bihurtu zen, eta tabernetan jartzen zutenean biribila egin eta erdian dantza egin behar izaten nuen!

Levi's haiek aspaldian laga nion erabiltzeari, baina gordeta dauzkat; nahiz eta, zoritxarrez, aspaldian ezin jantzi, txikiegi dauzkadalako. Gero etorriko ziren beste jeans batzuk, elastikoak, modernoagoak, emakume joskera zutenak, baina haiek sasoi bateko sinbolo eta irakaspen baten ikur dira.

Burdinazko estiloa

Leire Narbaiza 2013/04/09 22:47
Margaret Thatcher hil berri denez…

Astion hil da Margaret Thatcher. Atzera ere gogorarazi dizkigute egindako murrizketak, pribatizazioak eta neoliberalkeriak. Irlandarrek, Galeseko meatzariek, hegoafrikarrek eta beste jende askok ez zuen askorik maite. Gogorra izan ziren bere gobernuak hartutako erabakiak, ez zioten alferrik deitu "Burdinazko dama". Aspaldiko kontuak badira ere, gaur egun baditu oinordekoak eta, zoritxarrez, bere herentzia inoiz baino biziago dago.

Beldurra ematen du argazki honetan!

Baina blog honetako helburua janzkera, estiloa eta arropa denez, utz dezagun alde batera bere aginte iluna eta joan gaitezen harira: ilea eta jantziak.

Bai, beti eman zidan atentzioa Thatcherren janzteko moduak. Egia esatera, emakume politikariek ez dute gizonezkoek bezain erraz. Ez dute uniformerik beraiek bezala, eta ikusmiran egonda, euren bidea zabaldu behar dute. Batzuek, Angela Merkelek bezala, modelo bera (edo antzeko) hainbat koloretan darabilte.

Ez nuke esango Thatcherrena horrelakoa zenik, baina urteetan zehar ez zuen larregi aldatu: beti gonadun trajea, hainbat koloretan, normalean lisoa, estanpatu edo narra barik, jaka lotuta, papar hegalak triangeluan itxita.

Margaret Thatcher, Denis Thatcher

Jakaren azpian, blusa (lazoduna sarritan) edo jertse fin itxia. Beti bistan.

Bitxiak, onak: idunean beti perlazko lepokoa, eta paparrekoa ere (brotxea) beti, normalean biribila eta diamantezkoa. Belarritakoak handiak baina perla biribilekoak. Hauek ere onak!

Eta zer esan orrazkeraz? Hanpatua, kardatua, harro-harroa, erruloak behar dituena ondo mantentzeko, eta laka asko, litroka!

Gutxitan ikusi izan dugu kapelaz, behean Ronald Reagan bere azio-lagunaren hiletan.

Argazki asko ikusita, eta batez ere goikoarekin esango nuke bere estiloak antza handia duela bere herrikide eta erregina den Elizabeth II.arekin

Antzekoak, ezta? Zer ote da atso british-en estiloa, Ingalaterran modan dagoen zerbait? Modan, luzaran, duela 40 urte ere erabiltzen zutelako…

Baina begira eta begira ari naizela, gure amamaren antzinako estiloa ere badakusat Thatcherrena ikusten dudanean, andre euskaldun askorena, Eibarko señora batzuena, hain zuzen ere. Baina aspaldi-aspaldian erabiltzen zuen horrelako janzkera gure amama Maria Angelesek. Azken urteetan modernoagoa baitzen. Orduan zer, Urdaibaiko baserri batean, Londreseko dendari baten etxean edo Buckingham palacen jaio izateak badu zerikusirik estiloan?

Ezetz esango nuke. Dotore egoteko modu klasikoa zen, baina modu antzinakoa, pasatakoa, demodé-a. Bere ileko kardatua bezain zurruna eta bere politiken bezain gogorra, porlanezkoa, Jesus Torquemadak gaur esan duen bezala.

Estilo kontserbadorea, zaharrunoa, kulu-mulua, bera zena ederki adierazten zuena. Tinkoa, gogorra, aldaezina: burdinazko estiloa

Eibartar bat Cibelesen

Leire Narbaiza 2013/03/01 00:38
Ostiraleko katekorratza

Bai, eibartar diseinatzaile batek triunfatu du Cibeles Fashion week-en: Roberto Lopez Etxeberria.

Beitu!

Tira, ni ez naiz oso desfile zalea, baina onartu behar dut abrigu batzuk asko gustatu zaizkidala! janzteko modukoak

Hori bai, ez ditut Eibarko gizoneko klasiko horiek bere herrikideren diseinuak janzten:

Etxeberría - Pasarela

Etxeberría - Pasarela

Etxeberría - Pasarela

Baina bat ala beste ausarten batek agian jantziko luke!

Etxeberría - Pasarela

Nahiko luke gure herriaren itxura pixka bat aldatuko balitz. Eta Robertori arrakasta osoa! Zorionak!

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera