Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Antzinako idazle errusiarren estetika

Leire Narbaiza 2014/06/27 13:25
Ostiraleko katekorratza

Argazki honek kateatu eta liluratu egin nau

Idazle errusiarrakidazle erusiarrak

Sreda Moskuko talde literarioarena da. XIX. mendekoa, errusiar jantzi eta mendebaldeko jantzien nahasketa. Bibote eta kokospekoak, beso bako betaurrekoak, eskumara begiratzen, elkarri oratuta... Ikaragarri gustatu zait!

@Libroantiguo-ren bidez jaso dut. Mila esker!

Aurpegiko txanoa

Leire Narbaiza 2014/06/20 11:48
Ostiraleko katekorratza

Javier Maroto, Gasteizko alkatearen adierazpenek polemika bizia sortu zuten sare sozialetan, izan ere hijaba jantzita egotea are larriago zela esan zuelako. Xenofobiatik ere badute.

Kontua da, higienea dela erabiltzen den argumentua jantzita ezin dela banatu adierazteko. Eta txanoa jantzi behar zela ere aitatzen zen arrazoitze honetan. Ederki, orduan denok depilatuta? Eta bizardunek, zer?

Ana Moralesek topatu du irtenbidea: aurpegi osoa estaltzen duen kaputxa.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Honengatik ere esango dute zerbait!

Etxeko zapatilak

Leire Narbaiza 2014/01/29 12:33
Euskadi Irratiko Faktoriarako egindako kolaborazioa

 

Gaur galdera mordoa dakart! Zelako zapatilak erabiltzen ditugu etxean? Hauek orain dauzkadanak!

 Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Badago plazer txiki handiagorik etxera iritsi, zapatak erantzi eta txapina janztea baino? Ezetz esango nuke! Kaleko zapatetan oinak orduetan kaiolaratuta izan ostean, gozatua da etxeko txapin bigun eta nasaiak janztea!

Baina etxean nola ibiltzen zarete: ortozik, soletutsik, txapinetan, kaleko zapatatan? Ni beti txapinetan esan dudan moduan! Ezin ortozik ibili, etxea oso-oso garbaia izan arren, beti dagoelako ogi-apurren bat, zikintxo bat oin-azpietan itsasten dena, eta hori ez dut gustuko. Dena den, badago jendea inoiz ez duena txapinik janzten, beti ortozik ibiltzen dena. Gainera, joera hau txiki-txikitatik sortzen zaie.

Baina zapatiletan ibiltzekoak bazarete, nolako zapatilak janzten dituzue? koadrodun tradizionalak, orpo bakoak, galtzerdi itxurakoak baina zoladunak, txankleta estiloan, akoltxatuak (bigungarriduna, animalia formarekin …). Orpodunak jantziz gero, txankleta modura erabiltzen dituzue? Ala ondo sartuta? Ordua, zertarako orpodunak? Nik normalean, txankleta estilokoak!

Eta beste galdera bat: neguan eta udan aldatu egiten dituzue? Berogarriak neguan, freskoagoak behatzak bistan eta felpazkoak udan,… Dena den, batzuek, Josu Bergarak bezala, hauek janzten dituzte urte guztian zehar!

 Josu Bergararen zapatillak

Joxe Rojasek dio (gai hau iradoki zidanak) gaur eguneko zapatilen zolak ez direla lehengoak bezalakoak, desegin egiten direla, poliexpana bezalaxe, zurrunagoak direla eta kosta egiten dela lehengoak aurkitzea. Desberdinak dira, bai, baina lehengoak ere zabaltzen ziren, beheko zola mehea desitsatsi eta aho goseti bihurtzen baitzen.

 Joxeren zapatilak

Baina zapatilek sortzen digute zalantza bat: noiz bota txapinak? Izan ere, txiki-txiki egin arte janzten ditugu. Behatz potoloak zulatzen ditu, patata itzelekin ere erabili, zola hondatuta eduki arren, hain gustura gaude zapatila horiekin… Lotsa emateko moduan egoten dira!

Hortik beste galdera bat sortu zait: kalera jaitsi txapinetan? Atariraino bai, baina gehiago ez!  Ezta zaborra botatzera ere, eta hori edukiontziak atari aurrean ditudala! Gainera, ez du zentzu handirik ere, ezta? Kaleko zikin guztiak etxera ekartzea ere!

Faktoriara entzuleek bidalitako argazkiak hementxe.  Mila esker denoi!

Joskintza atzera ere modan

Leire Narbaiza 2014/01/15 12:03
Euskadi irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Lehen emakume guztiek zekiten josten, euren betebeharra zelako. Askok jori zen jasotzen zuten ikasketa formal bakarra. Konfekzioko arropa gutxi zegoenez, jostunengana jotzen zen "arropa ona" egitera. Nik ere ezagutu dut hori.

Konponketak amak egiten zituenez, ia etxe guztietan zegoen josteko makina. Gurean ez, eibartarra izan arren, gureek bizikleta, patin eta eskopetak egiten zituzten. Horregatik, Aratuste eta abarretan sekula ezin izan dugu mozorrorik egin, beti hala moduz konpondu behar

Ez nuen ganoraz josten ikasi. baina, hori bai, eskuz, saretu, barrenak hartu eta gauza txikiak josten badakit. Ez naiz trebea, baina moldatzen naiz. Denok jakin beharko genuke josten, pixka bat, gutxienez, oso ondo etortzen delako. eta estutasunetan laguntzen duelako.

Nik justuan botoiak josten dakit, esan dudan moduan, baina petit point, gurutze puntua egiten badakit. Señorita batek jakin behar zituen gauzak!

Josi ez, baina puntua egiten zuen amamak, eta guri gauza asko egin zizkigun: kulero eta kamisetak perlezkoak, jertseak, tapaukak, txanoak.... Berak irakatsi zidan puntua egiten, modan jarri zenean 20 bat urte nituenean. Duela 5 bat urte ere modan jarri zen atzera ere. Egia esatera oso erlaxatzailea da, eta gustagarria. Galtzerdi batzuk (amamak egizituen orpo eta puntak) eta jertseren batzuk ere egin nituen bere laguntzarekin.

Orain krisiarekin joskintzak gora egin ei du. Inbidia ematen dit, beti jostunari eraman izan dizkiodalako arropak konpontzera, eta agian makina izanda nik konponduko nituzkeelako. Baina agian ez!

Dena den, oso ondo ikusten ditut horrelako kontuak, imajinazio eta sorkuntzan eragina izan lezakeelako eta uniformitatetik askatu.

Bertsolariak

Leire Narbaiza 2013/12/13 09:10
Bertsolari aldizkariarendako eta Euskadi irratiko Faktoriakoa uztartuta.

 

02:25:00 minututik aurrera

Umea nintzenean bertsolariek ez zeukaten gorputzik, irratian aitak entzuten zituen ahots kantari batzuk baino ez ziren, ezin jakin nolako itxura zeukaten. Geroxeago ikusi genituen euren lehenengo argazkiak etxean agertutako Auspoa saileko liburuetan: gizon zaharrak ziren, txapela zeramatenak, jaka iluna, alkandora zuria goraino lotua gorbata gabe, baserriko tio Anastasio janzten zen legez domeketan mezatara joateko. Beste argazki batzuetan epaimahaikoak eta gai-jartzaileak ere ageri ziren. Hauetako batzuek sotana zeramaten soinean, eta besteek traje osoa, gorbata eta guzti, kalean ia ikusten ez zena.

 

Baina bat-batean argazkietako gizon horiek gure egongeletan sartu ziren, telebistako leihotik. Ez ziren zuri beltzezkoak, ez ziren hain zaharrak, ez zerabiltzaten arropa horiek. Gure aiten moduan janzten ziren, batzuk gaztetxoagoak baziren ere: pintzadun prakak, alkandora, eta pikodun jertseak, bero zegoenean erantzita eta korapilo batekin lotuta sorbalda gainean. Hori bai, batzuek, ez denek, udaldian, paparra zabalik eta katea erakusten agertzen zitzaizkigun, purua ahoan. Gure adineko gaztetxoak, ordea, gu bezala janzten ziren: bakeroak eta jertseak, neurri handikoak, halakoak baitzen orduko moda.

 

Hurrengo urteetan etorri ziren berrikuntzak janzte eta itxura kontuetan, bertsolari gazteagoek irudi berria zeukaten, kalean gero eta sarriago ikusten zena: belarritakoak, ile luzeagoak edo oso laburrak, patillak, kokospekoak,... Elastikoak uniforme bilakatu ziren eta zapiak ere agertu ziren.

 

Baina berrikuntzarik garrantzitsuena izan zen emakumeak agertzea oholtza gainean Arlo guztietan, normalizazio eta parekidetasun bidean. Baita janzkeran ere! Tranpaldoak kolorez bete zituzten, beste itxura bat eman zieten eszenatokiei, kalera hurreratuz. Ez dugu esango bertsolariak fashion victim-ak direnik, ez gizon ez emakume, baina neskak lehenengoz agertzeak bisualki ere aldaketa ekarri zion ikuskizunari, berez oso bisuala ez denari. Onerako, beti onerako.

 

Emakumeek koloreez eta itxura desberdinez gain, buruko zapi eta bandak ekarri zituzten, eta ez preseski errekatik bueltan sasoi bateko gobadari eusteko! Asko gustatzen zait nola geratzen zaizkien zapi koloretsu horiek buruan (normalean argiak) Eszenatokiari kolorea ematen baitiote, eta bertsolariei berezitasuna, eta agian, emakumeak kantuan badirela ere nabarmentzen duelako. Oso ede ikusten ditut Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio zapia buruan dutenean, emakume afrikar horiek bezala, dotoretasun naturala dutenak.

 

Eta orain? Esango nuke mendizale looka nagusitu dela, edozeinek daramala mendirako edo kirolerako den janzkiren bat: izerditzekoa ez bada, forro polarra, edo haizeaz babesteko jaka, goretexa ez denean. Baina Euskal Herrian nork ez du horrelakorik janzten gaur egun?

 

Eskerrak noizean behin ere tixert eslogandunak ikusten diren! Batzuetan oso originalak ere izaten dira, eta asko maite ditut. Txapelketa honetarako erreibindikatzaileez gain, Euskal labeldun kamiseta frikiak erabiltzea polita litzateke, oso marrazki eta lelo bitxiak erabiltzen dituztelako. Originalak ez ezik, gure bitxikeriak ere aireratzen dituztelako.

 

Estilora itzulita, oro har esango nuke, bertsolariak denborekin doazela, janzkerari dagokionez, behintzat. Kalean ikusten dena janzten dute, ia beti modernoegi izan barik, era kontserbadorean (aldaketez ari naiz). Nabarmentzeko gutxi, eta modernokeriak are gutxiago. Ikusiko ote ditugu inoiz kantuan goi mailako diseinatzaileen arropekin? Roberto Etxeberria eibartar diseinatzailearen jakaren bat janzten ausartuko lirateke? Hori bai izango litzatekeela nobedadea, gustura hartuko nukeena!

Bularretakoak

Leire Narbaiza 2013/11/12 19:55
Euskadi irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Ez da bularretakoaz idazten dudan lehenengo posta. Horregatik badakit, "bularretakoa" jarriz gero izenburuan bisita kopuruak gora egiten duela.  Ez dut bigarrengo hau horregatik idatzi, baina aipatu nahi nuen oso bitxia egiten zaidalako. Erakarmen berezia dute titiek, antza!

 

Bularretakoa ez da betikoa, nahiko berria da modan. 100 urte inguru ditu, eta kortsea eta gerruntzearen ordez hasi zen erabiltzen. Beraz, liberazioa izan zen orduko emakumeendako.

 

Baina bularretakoa, denbora pasa ahala, errepresioaren ikur ere bihurtu zen eta 60 hamarkadan erre zituzten liberazio hau adierazteko

 

Nire ustez bakoitzak ikusi behar du erabiltzen duen ala ez, zertarako, noiz, zenbat orduz,... Ikerketa batzuek txarra dela diote, edo ez duela askorako balio. Baina lagungarri ere bada kirola egiteko (Sopelako lasterketa nudistan emakume batzuek badaramate), dantzan jarduteko eta bular handia izanez gero, eutsita eramateko, ez dilin-dalan, deserosoa ere izan liteke-eta. Horregatik da inportantea bularretakoak ondo eustea. Lagun batek hori jakiteko trikitixa egiten du dantzan probadorean, izan ere, minutu gutxi batzuk baino ez dauzkagu ondo heltzen digun jakiteko...

 

Era berean, zaila da ondo datorkigun bat aurkitzea; izan ere, ez dago neurrira egitea eta dendetan daudenak estandarrak dira, baina bularrak ez! Bular mota asko daude: handiak, txikiak, erretendunak, erreten zabalekoak, etsaituak (titiburuak estrabikoak), zabalak, behera begirakoak,… eta bularretakoa beti molde jakin batekoa. Ez da harritzekoa esatean emakumeen %70ek ez duela dagokion taila erabiltzen. Batzuetan ezinezkoa delako! 

 

Eta hori ahaztu barik, bularra asko aldatzen da denboran zehar: hazi, puztu eta despuztu hilekoekin, haurdunaldietan, titia ematean, obulazioan,… denborak ere asko aldatzen ditu titiak.

Errellenodun bulerretakoak

 

Era berean, zaila da betegarri gabekoa aurkitzea, edo aro bakoak. Ia guztiek daukate, eta gustuko ez baditugu nekez aurkituko dugu nahi dugun hori!

 

 

Baina zapatekin gertatzen den moduan, bularretako ona (gustura daukaguna) aurkituz gero, hura gozatua! Edonoiz eta edonorako janzten dugu eta jakina,  maiztu eta zahartu egiten da gutxien espero dugunean! Zelako pena! Gainera, dendara joan eta modelo hori ez da egiten. Askotan gertatu zait hori!

 

Bularretakoaren euste funtzioaz gain, garrantzitsua da oso ondo sentiaraz gaitzakeelako: eder, ziur, sexi! Arropa bakoitzak ere titizorro modelo desberdina eska lezake, bularra beste modu batean koka dezakeelako.

 

Baina betiko bularretakoen gain, badaude gauean lotarako janzteko "bularretakoak", bular-artekoak esan beharko genuke. Bular artean eta gainean sortzen diren zimurrak saihesteko. Ez dakit erosoa den, baina agian ideia ona litzateke.

 http://www.nightbra.com/imagenes/aloe/modeloaloe.png

Gero badaude beste hainbat modelo, handitzeko zein txikitzeko bularraren tamaina: erreduktoreak, kirola egitekoak,  Push up eta wonderbra ere bai...

 

Baina hauek beste leku batzuetan ere komentatzen dituzte, ezta?


OHARRAK (Post scriptum)

Marijo Deograciasek Desplazatua bere blogean irratsaioa entzun eta musika batzuk gogoratu zituen Irula eta Luta taldeena. Era berean, Ane Urkiolak "Esku-titiak" bideoaz gogoratu da. Behean txertatuko dut. Merezi du! Mila esker, ederrok!

Eskola uniformeak

Leire Narbaiza 2013/09/18 21:28
Euskadi irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Ikasturte hasiera da, eta gurasoak umeei zer jantzi pentsatzen ibiliko dira: iazko arropa txiki, udakoa freskoegi,… goizeroko (edo gaueroko) kezkak. Askok uniformea ikusiko dute irtenbide.

Baina irtenbiderik onena ez dela esan nahi diet. Ez dut gustuko, 10 urtean sufritu dudalako, 4 urtetik 14ra. Gainera, gurea oso-oso zatarra zen: oihala grisa (Galesko printzea esaten zaiona) marra urdinduna, alkandora zuria, jertse eta galtzerdi urdin ilunak, zapata beltzak. Amantala marroia eta zuria koadroekin (hau bai itsusia). Normala den moduan, mania hartu genion, urteko egun guztietan, euri zen eguzki, hotz zein bero, berdin jantzita, beti gonaz, beti itsusi, beti ilun, beti triste!

 

Askok esango didazue erosoa dela. Bai, baina aspergarria ere bai. Eta niri gertatu zitzaidan bezala, gorrotagarri bihurtu. Izan ere, aukeratzeko gutxi geneukan: galtzerdiak, esporteak, edo leotardoak. Eta horiek beti eguraldiaren araberakoak. Beraz, kaka zaharra!

Beste batzuek esango didazue ekonomikoagoa dela. Bai egia da, bakarra egiten ziguten eta ikasle bizitzan zenbat izango genituen, hiru? lau? Batez ere gure sasoian neurrira egiten zigutelako. Gonak agian 5 urte irauten zigun (barrenak kilometrikoak; gerria zabaltzeko). Hazi ahala, barrena luzatu eta aurrera!

 

Lehen esan dudan legez, aspergarria da beti berdin jantzita joatea. Nik oihal hori, Gales printzea, principe de Gales gorroto dut. Orain urte batzuk oihala ikusi nuen salgai erakusleiho batean eta barrena irauli egin zitzaidan…Lagun pare batek alkandora eta prakak dauzkate, eta ikusten diedan bakoitzean, hotzikara sentitzen dut! Dotorea dela diote, izango da, baina ezin dut jasan! Traumatizatuta laga ninduen!

 

Beste batzuek esango didazue ikasleak berdindu egiten dituela. Baina nire esperientziak diost ez dituela ezberdintasun sozialak estaltzen: aberatsenek uniforme berriagoak dituzte, pobreenek bigarren eskukoak. Oihalak ere kalitate desberdina dute. Azkenean, dirua ezin da ezkutatu! Gainera, eskola batzuek elitismoa bultzatu nahi dute honekin, kalean nabarmentzeko euren ikasleak pordoska direla, eta denak “txukun” jantzita dabiltzala. Ejem!

 

Kuban ere ume guztiek janzten dute uniformea. Kasu honetan ez dakit zergatik den, eta imajinatzen dut gobernuak emango diela arropa. Janzkera-beka bezalako zerbait? Ez dakit

 

Esan beharra dago, ukitu sexista bat ere izan duela. Izan ere, hemen, (herrietan, behintzat) uniformea sufritu dugunak, normalean, emakumeak izan gara. Gutxi dira mutilen eskolak izan dutenak. Eta mistoa izanda kolegioa, neskek beti gona erabili dute. Prakak debekatuta dauzkate.

 

Horregatik guztiagatik, Ez zaizkit uniformeak gustatzen. Nahiago dut askatasuna, bakoitzak nahi edota ahal duen moduan janztea, koloretsu, desberdin, imajinazioa erabiliz!

Ileak

Leire Narbaiza 2013/09/11 15:48
Euskadi Irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Ile-apaindegira joatea plazera da niretzat. Askotan esaten dut, eta post bat idatzi ere. Ilearena gustatu ez ezik disfrutatu ere egiten dudalako nahi dut aipatu.

Denborak aldatu ahala, orrazkerak eta ilea eramateko modua ere asko aldatu da. Gure amen sasoian, nerabezarora arte luzea eta txirikordetan eroaten zuten. Aurre-gaztarora ailegatuta, labur mozten zuten, eta ile mataza gorde, sikatuta. Iniziazio erritua balitz bezala. Gure ume deboran ia ama guztiek ile laburra zuten, jakina, emakumeak zirelako, ez neskatilak.


Gure belaunaldian, ordea, jaunartzera arte luzatze lagatzen genuen, argazkietarako edo!  Nahiz eta oso-oso luze ez izan, txarto ikusita baitzegoen neskatilak oso luzea izatea.

Nerabezaroan kapetan mozten genuen, gantxoetatik (pintxeta) askatzeko. Nagusi  sentitzen ginen eta askatasun sentimendua geneukan. Ordura arte, ilea tirante-tirante, koloniarekin orraztuta izaten genuen. Kopetak (mototsak) ere hala! Buruko mina izaten nuen, eta askatzean buruko azala minduta! Gainera kopeta goma normalekin egiten zizkidaten, eta askatzean zelako mina!

Punk sasoia ere tokatu zitzaigun eta denetarik izan eta ikusi dugu ilean: mullet-a, kaskamotz, orrazkera irregularrak, gandorrak, arradatu  inposibleak (nik izan dut labur-laburra) … Mutilak ere bai! Eta ile luzeak, tximak nonahi!

 

Permanenteaz zer esan! Hori ere sufritu dugu! Afrotik gutxi baina ile frijitutik asko! Adats zoro eta harro horiek!

 


Harritu nauena, gaur egineko neskatilen orrazkera. Duela gutxira arte, neskatilak ile luze-luzeak, adats lisoak, kapa bakarrean eraman dute. Eskolako jaiotzan amabirjinaren papera egiteko borrokan ari direla ematen du! Gure gaztarotik ikusita, moda hau ulertezina da, kontserbadoreegia. Telebistan saio batzuetan ikusi izan dut ilea moztea proposatzen horrelakoei, eta asko negarrez! Ilea hazi egiten da barren!



Zorionez, mozketa asimetrikoak itzuli direla ematen du! Ez polit-politak direlako, baina bai desberdinak, aniztasuna eta bide berriak zabaltzen dituztelako norberarendako, probak egiteko zoragarriak!

Neskatila hauen ondoan mutil nerabeak, Justin Bieber style daramatenak! Luzetxo (ez melena) eta haize bolada batek dena alde batera laga izan balie bezala. Edo behi batek miazkatu balie bezala.

 

Baina ilean ere, modan bezala, sasoi bakoitzak bere joera!

Bizarrak, okozpekoak eta biboteak

Leire Narbaiza 2013/09/03 16:34
Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Saio hau egiteko oinarri iazko "Aurpegiko ileen joera" posta hartu dut

Ezkontzetako arropak

Leire Narbaiza 2013/08/28 21:44
Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako kolaborazioa

Gaurkoan ezkontzetako arropez egingo dut berba. Ezkontza tradizionaletako jantziez, ezkontzatzarretakoak (bodorrioak): izan ere, askotara joan banaiz ere, ia inoiz ez naiz bestelakoetara joan, zoritxarrez!

 

Badaitort, Gustuko ditut ezteguak inauteriak direlako, garestiak baina aratuste: mozorrotuta joaten gara, makillatuta, gainera parranda handia egiten da, jan-edana,… Kontu txar bat dute, karuak direla. Baina nik oso ondo pasatu izan dut beti!

 

Baina harira! Blog honetan janzkiez hitz egite dugu-eta! Hainbat elementu dauzkagu:

 

-Ezkongaien jantziak

Mutilak: Zoritxarrez, bizitza arruntean, dotore jantzi behar dutenean oso desberdintasun gutxi: trajea. Gizonezko askok bat erosi eta hil kutxan sartzeko ere erabiltzen dute, traje batekin edozein ebentutara,adibidez, denok dugun irudia gogoan, Jon Idigoras erregearekin berbetan. Bertan, Idigorasek ezkontzako trajea omen zeraman!

 

Neskak: Emakumeari begira dago ezkontza guztia. Batez ere soinekoei dagokienez. Itzelak dira! Oso gogoko ditut, ez agian diseinu eta kolore aldetik, oihalengatik batez ere: benetan onak, zeta, brodatuak, enkajeak, guipurra, tulak... zoragarriak!!

Gipur enkajea

http://fashionbride.files.wordpress.com/2008/11/encaje-01a.jpg Chantilly enkajea

Tula

 

Soineko hauek kalitate handiko oihalak ez ezik, oso ondo josiak daude, lan handia izaten dute eta xehetasun asko. Neurrira konponduak eta emakume bakoitzari egokituak. Pena da koloreena, eta behin baino ezin janztea!! Eta horretarako ezkondu beharra, jakina!! Ez naiz ezkondu eta ez dakit zer egingo nukeen, baina horrelako aukera bat galdu halako soineko bat erabiltzeko…

 

Gonbidatuen jantziak:

Neskek: tontakeria handiak egiten dira, janzkiak ezin errepikatzearena, adibidez!! Ergelkeriak sartu dizkigute buruan, besterik ez! Eztegu asko izanez gero, azkenerako ezkontza kit bat egiten da: nik izan nuen praka-gona beltz bat ezkontza pila batera eraman nuena, kamiseta edo alkandora aldatuta, gero egunerokoan ere erabiltzen nuena! Ederra abantaila!

 

Orain oso modan jarri dira gaueko soineko luzeak ezkintzetan. Erridikulua ikusten ditut gaueko soineko horiek, eskasak direlako, kalitatez (dirudienez bazar txinatarretan ere saltzen dituzte) eta eramateko zailak! Protokoloak dio (horrelakoetan gustatzen zait boutade hau jaurtitzea, hainbeste lelokeria ikusita) eguneko ezkontzetan ezin dela soineko luzerik jantzi! Gainera, takoi horiekin, ohitu barik eta alkohola tartean gauean estanpa negargarriak ikusten dira.

 

Aholkua: zapata berriak izan ez gero ezkontzarako, aurretik erabili, etzean besterik ez bada ere. Oinek eta parrandak eskertuko dizute!

 

Mutilak: Denak trajez eta gorbataz, grrrrrrr, denak berdin! Atzetik begiratuz gero desberdindu ezinda! Aldatzen den bakarra alkandora, baina urte artan urdina egonez gero modan denak urdina! Ez dut gustuko, uniformatuta eta gorbata zintzurra estutzen, ez zait gustatzen. Azkenean gorbata guztiak bekokian egoteko, Aragoiko katxiruloak bezala…

 

Eta senargaien modua, gizonek arropa errepikatzea ez dago gaizki ikusita! Traje bakarra (ezkontzakoa, askotan) eta aurrera! Zelan aldatzen diren parametroak neska ala mutila izan! Antza denez, George Clooney berak ere, traje bakarra ez, baina bai esmokin bakarra dauka, jai guztietan eramaten duena

 

Jantzita txarto ala ondo, gustuz edo topatutako lehenengo gauzarekin garrantzitsuena disfrutatzea, hainbeste begiratu barik arropen zentzubakokeriei, inauterietan bezala!

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera