Etxeko arropak
Aspaldian etxeko andreak baino ez ziren etxean egoten eta eurek bazuten janzkera espezifikoa etxean egoteko: antzinako batak, soineko estilokoak, nasaiak gustura egotekoak. Etxeko lanak egin eta atea joz gero ere zabaltzeko moduan zeuden. Batzuk-batzuk ogitara-edo joateko ere erabiltzen zuten. Oraindik orain arkitu liteke hainbat dendatan:
Soineko hauetako askoren gainean amantala ere jartzen da, batez ere sukaldean aritzeko, bularra eta altzoa hartzen duena, edo atzea eta uarrea esltzen duena eta motzagoa dena:
Baina halako gutxi geratzen da inguruetan.
Eta besteoi nola gustatzen zaigu egotea etxean? Arropa erosoa soinean, jakina. Horregatik talde handi bi daudela esango nuke.
Batetik pijamaz jantzita dabiltzanak! Bai, ohetik jaiki, eta ez badira irteten, pijama jantzita ibiliko dira egun santu osoan. Edo etxera iritsi bezain laster pijama janzten dutenak. Ezagutu dut pertsona bat pijama bat zuena etxean ibiltzeko eta beste bat ohean sartzeko. Beste batzuen “promiskuitatea”, ordea, handiagoa da.
Era berean, arropa erosoenak antzinakoak dira, aspaldi modaz pasatakoan, herentzian jasotakoak 3 taila handiago, aspaldiko txandalak (nik luzaroan institutuko txandala erabili nuen), Kilometroak 92ko kamiseta, Korrika 10eko mallak (leggins-ak),… gainera, oso-oso handia zenez orduko moda, kilo batzuk hartu baditugu ere, oraindik janzteko moduan gaude! Edo herentzian jasotakoak: aitaren jertse zaharra, edo neska batzuek moduan, euren mutilen galtzontzilo boxerrak praka labur erabiltzen dituztenak!
Estilismoa ezinezkoa da: koloreak ez dira konbinatzen, estanpatuak ere ez, hainbat geruza elkarren gainean jarrita zentzu barik, gona baten azpian galtzetin luzeak ere ikusten dira, esporteak, adibidez. Ezagutu dut galtzerdi bikotebakoak ere horrela erabiltzen dituena, kolore eta marrazki desberdinak! Dena da baliagarri!
Hauekin batera askotan, janzki bat dago, batez ere neguan: batoia, bata, txabusina, albornoza (bainu-txabusina). Ni talde honetakoa naiz, ezin batoi barik egon etxean, batez ere neguan! Eta ez dauka zeri ikusirik batamantarekin!
Hau aitortzerakoan, jendeak sarri imajinatzen gaituzte guatine (boatine) txabusina jantzita,
eta ez, oso gauza politak daude merkatuan, diseinu berriekin, oihal berriekin! Koloretsu eta ondo ibiltzeko moduan!
Hau guztia horrela izanda, etxean egoteko arropa saltzen zela jakin nuenean haluzinatu egin nuen! Zer egiten dute arropa hori erosten dutenek, Ikasketa bidaiako izerditzekoarekin? Edota Napartheid-eko elastikoarekin?
Gainera, nola disfrutatzen dute? arropa zaharrak badu goxotasun bat berriak ez duena, historia, eta kalitatea. Etxeko zapatila horiek behatz potolo parean patata bana dutenak, edo zulatutako txabusina… Pilda hutsak, baina ezin erosoagoak…
Horregatik, nire lagun batek dioen moduan (eta post hau inspiratu didana), etxeko arropa da jantzi bai, baina esaten ez dena, lotsa ematen diguna erakustea! Disfruta dezagun eroso!