Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Levi's etiketa gorria

Levi's etiketa gorria

Leire Narbaiza 2013/06/27 00:11
Nerabezaroko prakarik ospetsuenak

Badira aste batzuk Twitterren #umetakoberbak traola erabilita jolasean ibili ginela, ume eta gaztetxo denborako kontuak gogoratzen. Jolas, joko, eskolako tresna, marrazki bizidun, litxarreriak, marka, kantuak aitatu genituen. Halako batean, niri "Levi's etiqueta roja" etorri zitzaidan.

Levi's markakoak ziren jeans gutiziatuak gure artean sasoi hartan. Izan ere, hemen pesetadun Estatu Espainiar ez komunitarioan luxuzko bakeroak ziren. Garesti-garestiak. Orduan ere krisi latza bizi genuen, eta gazte asko, lan barik, Londresera joaten ziren au-pair edo hoteletan lan egitera paper barik, era ilegalean (hori ere ahaztuta dugu!). Kontua da, han askoz merkeagoak zirela praka hauek eta maletakadak ekartzen zituztela hemen saltzeko, eta dirutxo bat ateratzeko.

Kontua da gure ametsa zela halakoak izatea. Denon guraria, gutxik lortua. Izan ere, gure familia asko diruz ondo ibilita ere, ez zutela tontakeriatan gastatzen. Markistisa horrelakoetara oraindik iritsi barik zegoen! Baina gu, nerabeok, gaixotasunaren atzaparretan jausiten hasita geunden: adidas zuriak marra urdin bidunak eta levi'sak amesten genituen.

Egia esatera, arropa asko ere ez genuen. Hamalau urtera arte uniformez joaten nintzen eskolara eta uniformez gain, bakero batzuk eta igandeetako arropa baino ez geneukan (negurako modelo bat eta udarako, beste bat). Horregatik, batxilergoa ikasten hasi ginenean uniforme barik, arazoa etorri zitzaigun, eta praka batzuk ere erosi zizkiguten, eta alkandora eta jertseren bat.

Gauzak horrela, amari sekulako abarketa jotzen niola levi'sak nahi nituela eta nahi nituela. Erantzuna ezezkoa zen, jakina. Nahikoa geneukan Lois, Lee Wrangler eta Jesus markekin. Baina levi'sak espezialak ziren, etiketa gorridunak. Laranjadunak ere bazeuden baina ez ziren hain ederrak!

Sekulako zoramenak egiten ziren prakok egokitzeko, berriak zirenean oso gogorrak zirelako eta urdin ilun-ilunak. Biguntzeko eta gure gorputzaren forma hartzeko dutxatu egin behar genuen prakak jantzita, eta bazegoen, dutxa ostean, levi´s bustiekin ere lotaratzen zena!

Tematuta geunden, nahiz eta gizonezkoen diseinua izan (geroago etorriko ziren emakumeentzakoak) eta garestiak. Inbidia handia pasatzen nuen, nire lagun batzuek bazituztelako, ez eurei erositakoak, ez. Ahizpa nagusiak zeuzkaten eta haiei heredatuta! Forma eginda, kolorea joanda, goxo-goxo…

Esan moduan, gizonezkoen gorputzarentzat, gure gerri estu eta mokor zabalentzat ez zeuden eginak, beti gerria hartu behar jostunak! Hori bai, mutilei ondoen geratzen zaizkien prakak dira, gaur egunean ere bai, batez ere gastatuta daudenean, bere lekuan eta ez narras. Ipurtalde politena egiten die gizonezkoei!

Eta hamasei urterekin, nire bizitzako oparia: levi´sak! Donibane Lohitzunen amak erosita! Bai, lagunekin txangoan joan (Beste aldera, leku magiko horretara), ikusi eta nirekin gogoratu! Jakina, prezioz ere ondo egongo ziren. Zelako poza, zelako gozatua, plazera!

Praka haien prezioa ederki pagatu nuen. Eta orduan estimatu ez banuen ere, betiko eskertuko diot amari eragin zidan borroka, gauzek balio bat dutela eta kostatu egiten dela lortzea. Ikasgai ederra irakatsi zidan amak, gauza asko oso garbi baitzituen, eta niretako horretan eredu izan delako. Mila esker, Rosa!

Hortik aurrera, jeans haiek nire domeketako arropa bihurtu ziren, eta Gernikan asteburupasa izekoren etxean nengoela, jausi, armairuaren ertzean kateatu, eta tarrat! Tarratada ederra ipurdi gainean! Zelako disgustua! Hainbeste kostatako bakeroak! Zer egin? Txaplata grazioso bat lortu eta han itsatsi nion! Bestela…

Orduan hasi zen adarjotzea! Euskara klaseko mutilek hura ikustean Radio Futuraren "Divina" kantua hasten zitzaizkidan kantatzen:

Azken estrofak hauxe dio: "Te veo bailar con pegatinas en el culo y mueves con tu ritmo la cara de tus fans. Eres una bruja de oro, eres un pequeño ganster…" (dantzan ikusten zaitut, ipurdian pegatinak dauzkazula, eta zure erritmoarekin zure fanen aurpegua musgitzen duzu. Urrezko sorgina zara, ganster txikia…). Handik aurrera, nire kantua bihurtu zen, eta tabernetan jartzen zutenean biribila egin eta erdian dantza egin behar izaten nuen!

Levi's haiek aspaldian laga nion erabiltzeari, baina gordeta dauzkat; nahiz eta, zoritxarrez, aspaldian ezin jantzi, txikiegi dauzkadalako. Gero etorriko ziren beste jeans batzuk, elastikoak, modernoagoak, emakume joskera zutenak, baina haiek sasoi bateko sinbolo eta irakaspen baten ikur dira.

Elena
Elena dio:
2013/06/27 08:10
1980 inguruan Levis etiketa gorriek 5000 pezeta balio zuten Hendaiako tren geltoki ondoan zegoen denda batean, hegoaldeko jendez beteta egoten zena. Dirutza handia zen orduan.
Gero ere bazeuden beste bertsio batzuk:Elvis Strass, Levisa... Baina klaro, hamabost urtekooi ez zitzaizkigun berdinak iruditzen.
Luistxo Fernandez
Luistxo Fernandez dio:
2013/06/27 08:27
Eta piojo berdeak genituen amets. Eta pisamierda autentikoak: John Smith.
Maria
Maria dio:
2013/06/27 09:52
Bergaran bazen Agirre izeneko denda bat, eta bertan erosi zizkidaten lehenengo levisak. 7. maila aprobatu nuelako, opari gisa. Akordatzen, baineran sartzen ginela levis berriekin, gorputzaren forma hartzeko? A ze lanak.
Ainara
Ainara dio:
2013/06/27 13:14
Ez destazu siñistuko, Leire, baiña nik sekulako paketia netsen Levis prakei. Ahiztiari eta Markiñako lehengusuari (bixak edade buelta igualekuak) itzel gustatzen jakuezen, eta hori jakinda, Boiseko senidiek beti ekartzen zeskuezen prakok, erregalu. Urtero erregalo iguala. Paketia zabaltzerako bagenkixan barruan zer zatorren,eta hori baiño gauza eskasagorik...
Gorka
Gorka dio:
2013/06/27 15:21
Praka horieei esker dirutza ateratzen genuen ikasketa bidaiarako: astero zozketatzen genituen Balmasedako institutuan. Balio zituzten 10.000 pezetak hutsaren hurrengoa ziren 80 saltzaileok lortzen genuenarekin alderatuta.
Aitziber Iriarte Garin
Aitziber Iriarte Garin dio:
2013/06/27 16:42
Bai, nere amak be majo sufriarazi zeztan fraka hoiek lortzeko.Uste dot institutoko lehengo mailako udan Andorran erosi zizkidala kurtsua ondo bukatu nebalako.Aurretik etiketa laranjadun batzuk euki nittuan izebak bere zahar batzuk eman zeztalako baina ez zan bardina, arrazoi duzu, Leire! Ze mozoluak ginan!!!!
Amelia
Amelia dio:
2013/06/28 17:32
Gure amak ez zigun erosi ez laranjarik ez gorririk ez piojorik ez johnsmithik... jo. Gure amarekin tontokeria gutxi. Wrangler eta Lee bai izan ditut baina ez, ez ziren berdinak. Zelako gauzak. Eta ikusten dut oso zonalde desberdinetan marken kontuak antzekoak zirela...
Lore
Lore dio:
2013/06/28 20:13
guk kdirua aurreztu eta iparraldean erosten genituen eta sasoiko mitologiarekin jarraituz, luistxoren piojo berdeez gainera, austriakoak (nahiko pijoak baino....) baina besapeak libre zituztenak jakina, autentikuak!; arrantzaleen xira berde/horiak; soldaduskan zeudenen "makutoak"......
Leire
Leire dio:
2014/10/19 12:28
Gazteagoa nintzela gogratzen naiz Adidas markako txandarrarekin bolada batean oso modan egon zen. Nire klasean denek eramaten zuten nik eta veste batek ezik. Gero Astore marka sartu zen idarrean eta jende guztiak huraxe eramaten zuen...
Leire
Leire dio:
2014/10/19 12:28
Gazteagoa nintzela gogratzen naiz Adidas markako txandarrarekin bolada batean oso modan egon zen. Nire klasean denek eramaten zuten nik eta veste batek ezik. Gero Astore marka sartu zen idarrean eta jende guztiak huraxe eramaten zuen...
maria
maria dio:
2015/07/01 16:55
Nere garaian berriz, NIKE marka modan jarri zen ere eta kolore bixiko txandalak ziren. Goiko atala NIKE handiz idatzita. Gaur egun ez nuke jarri horrelakorik
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera