Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Burdinazko estiloa

Burdinazko estiloa

Leire Narbaiza 2013/04/09 22:47
Margaret Thatcher hil berri denez…

Astion hil da Margaret Thatcher. Atzera ere gogorarazi dizkigute egindako murrizketak, pribatizazioak eta neoliberalkeriak. Irlandarrek, Galeseko meatzariek, hegoafrikarrek eta beste jende askok ez zuen askorik maite. Gogorra izan ziren bere gobernuak hartutako erabakiak, ez zioten alferrik deitu "Burdinazko dama". Aspaldiko kontuak badira ere, gaur egun baditu oinordekoak eta, zoritxarrez, bere herentzia inoiz baino biziago dago.

Beldurra ematen du argazki honetan!

Baina blog honetako helburua janzkera, estiloa eta arropa denez, utz dezagun alde batera bere aginte iluna eta joan gaitezen harira: ilea eta jantziak.

Bai, beti eman zidan atentzioa Thatcherren janzteko moduak. Egia esatera, emakume politikariek ez dute gizonezkoek bezain erraz. Ez dute uniformerik beraiek bezala, eta ikusmiran egonda, euren bidea zabaldu behar dute. Batzuek, Angela Merkelek bezala, modelo bera (edo antzeko) hainbat koloretan darabilte.

Ez nuke esango Thatcherrena horrelakoa zenik, baina urteetan zehar ez zuen larregi aldatu: beti gonadun trajea, hainbat koloretan, normalean lisoa, estanpatu edo narra barik, jaka lotuta, papar hegalak triangeluan itxita.

Margaret Thatcher, Denis Thatcher

Jakaren azpian, blusa (lazoduna sarritan) edo jertse fin itxia. Beti bistan.

Bitxiak, onak: idunean beti perlazko lepokoa, eta paparrekoa ere (brotxea) beti, normalean biribila eta diamantezkoa. Belarritakoak handiak baina perla biribilekoak. Hauek ere onak!

Eta zer esan orrazkeraz? Hanpatua, kardatua, harro-harroa, erruloak behar dituena ondo mantentzeko, eta laka asko, litroka!

Gutxitan ikusi izan dugu kapelaz, behean Ronald Reagan bere azio-lagunaren hiletan.

Argazki asko ikusita, eta batez ere goikoarekin esango nuke bere estiloak antza handia duela bere herrikide eta erregina den Elizabeth II.arekin

Antzekoak, ezta? Zer ote da atso british-en estiloa, Ingalaterran modan dagoen zerbait? Modan, luzaran, duela 40 urte ere erabiltzen zutelako…

Baina begira eta begira ari naizela, gure amamaren antzinako estiloa ere badakusat Thatcherrena ikusten dudanean, andre euskaldun askorena, Eibarko señora batzuena, hain zuzen ere. Baina aspaldi-aspaldian erabiltzen zuen horrelako janzkera gure amama Maria Angelesek. Azken urteetan modernoagoa baitzen. Orduan zer, Urdaibaiko baserri batean, Londreseko dendari baten etxean edo Buckingham palacen jaio izateak badu zerikusirik estiloan?

Ezetz esango nuke. Dotore egoteko modu klasikoa zen, baina modu antzinakoa, pasatakoa, demodé-a. Bere ileko kardatua bezain zurruna eta bere politiken bezain gogorra, porlanezkoa, Jesus Torquemadak gaur esan duen bezala.

Estilo kontserbadorea, zaharrunoa, kulu-mulua, bera zena ederki adierazten zuena. Tinkoa, gogorra, aldaezina: burdinazko estiloa

Joseba E.
Joseba E. dio:
2013/04/12 01:00
Bai, burdinezko estiloa: zurruna, bere orrazkera bezala. Agintari bati dagokion modura, konplexu eta konplexutasunik gabeko estiloa. Baina, azken batean, antiestiloa, pertsonaia eta bere karikatura elkarrekin nahasten direlako eta, noski, karikaturari dagokion "janzkera" mozorroaren itxurakoa da.

Akaso klasikoa eta kontserbadorea izatea ez direlako gauza berdinak, oso erakargarria egiten zait Stephen Audran "Brideshead revisited" telesaileko pasarte honetan.

http://youtu.be/Snw9SWpikiw

Ondo izan.
Joseba E.
Joseba E. dio:
2013/04/12 21:48
Zuzenketa: Stéphane Audran.
Joseba E.
Joseba E. dio:
2013/08/17 12:24
Urte erdi ere ez da pasatu Margaret Thatcher hil zenetik Rosalia Meraren (Inditex taldearen sortzeilea eta Amancio Ortegaren emazteohia) heriotzara. Eta, elkarren arteko argazkiei erraparatuz, sinestezina badirudi, soilik hemeretzi urte lehenago jaio zen Margaret Thatcher, 1925ean bata eta 1944ean bestea. Jatorri apaletik abiatuta, "arrakasta" ezagutu zuten bi emakume.

Banuen jakinmina Rosalia Meraren bigarren abizena Goienetxea izanik ea inon aurkitazen ote nuen horren gaineko informaziorik, baina ez dut ezer aurkitu.

http://elpanorama.himgs.com/[…]/rosalia-mera-a.jpg?1345716164

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera