Arropa aldaketa eguraldi aldaketetan
Udaberria dirudien uda hasiera honetan, sasoi aldaketa guztietan bezala konfliktoa sortzen zait. Neguko txamarra eta panazko laga eta galdera eternoa datorkit burura: zer jantziko dut bihar? Armairua arropaz betea, eta asmatu ezinda! Iaz, bada, ez nintzen biluzik ibiltzen. zer erabiltzen ote nuen?
Beti berdin, beti arazo bera. Bai, aldaketak beti kostatzen zaizkit gehiegi. Eta gure herrian, normalean bat-batekoak izaten direnez, beti prestatzeke, eta espero ez ditudala harrapatzen naute. Pentsa, prestatuta ere adaptazioa asko kostatzen zait! Adibidez, sandaliak ikaragarri atsegin arren, kostata janzten ditut lehenengoz. Tira, udazkenean ere kostata abandonatzen ditut…
Horregatik harritzen naute hainbeste, martxoan, esate baterako, lehenengo eguzki izpiarekin praka laburrak, tirantedun nikiak eta sandaliak janzten dituztenak! Haluzinatu egiten dut eta gehiegikeria dela deritzot. Fresko pasa behar dutela derrigor, baina luzitzeagatik, edozer!
Eta ez dezagun ahantz nerabeen artean moda-modakoa dela hauxe, oskarbi ikusi bezain laster, txankak erakutsi beharra. Berdin zaie urtarrila bada ere, eta kalea elurtuta badago. Kontua udako arropa erabiltzea da!
Baina aurtengo sasoi aldaketa benetan berezia da! Klima ez ohikoa izanda, zailagoa da janzte kontu hau. Ekainaren amaierara arte erabili ditut panazko prakak, finak, baina panazkoak. Barruko elastikoa ere ia kendu barik sartu gara uztailean. Eta horrela ikusten ditugu ordu eta leku berean ia arropa mota guztiak: botak eta sandaliak, neguko kamisetan eta udako alkandora meheak, panazko prakak eta praka laburrak… zoro kuadrilla ematen dugu, irizpiderik ez duena!
Uztail arruntetan, dena den, nahiko ohikoa izaten nahaste-borraste hau, batez ere, eguraldi ederra eta naturala egiten duenean. Bai, goizean goiz lanera joan behar eta 15 gradu. Freskoegi mahuka motz eta sandalia hutsetan joateko. Horregatik, oinetako itxiagoak jantzi, zapia saman, jertse edo txamarra fina aldean. Baina, arratsaldeko 3retan lanetik irtetean, agian 28 gradu daude eta dena soberan dugu. Eta horrela elkartzen gara, adibidez, treneko bagoi berean lanetik bueltan gatozenak, eta hondartzara, ia arropa barik doazenak. Jakina, beharretik gatozenok, poltsan daramatzagu, galtzetinak, edota barruko elastikoa; besoetan txamarra eta zapia, narras, erdi tatarrez!
Nola asmatu eguraldiarekin? Zaila da, agian Gasteizen lan egiten zuen lagun batek bezala: autoan maletatxo bat arropaz eroanda, badaezpada ere!
Ondo izan.