Lo-jantzien xarma
Blog honetan inkesta parea egin dugu, janzkera ohitura eta estiloen gainean. Gizon eta emakumeendako. Bigarren galdera lo janzkerari buruzkoa zen. Gure erantzunetan hainbat aukera ematen genituen: biluzik, kamisetan, barruko arropatan, kamisoian edo pijamatan lo egiten zuten gure irakurleek jakin nahi genuen, eta gehiengo zabal batek pijama nahiago duela adierazi digu (gizonen %42 eta emakumeen %45). Beraz, ezin izan diogu janzki honi iskin egin, eta ondorengo lerrootan gauzatxo batzuk kontatuko ditugu.
Pijamarena oso pertsonala dela badakit. Gustuko ez dutenek, benetan gorrotatzen dute, baina atsegin dugunok, ez dugu arropa erosoagorik aurkitzen. Egia esatera, ez da jantzi estetikoena, eta kostata gaude goapo horrela, baina duen goxotasuna itzela da.
Imajina ezazue, neguko arratsaldea da, bat-batean euria hasi eta ez dugu aterkirik. Etxerako bidean, blai amaitu dugu. Ailegatutakoan, arropa bustia erantzi, ondo lehortu eta pijama jantzi, kafesne beroaz lagunduta… Ba ote dago ezer suspergarriagorik? Konforta eta etxeko epela ekarriko digunik? Ezezkoan nago!
Badago jendea etxeko arropatzako ere erabiltzen duena: etxera iritsitakoan, kaleko arropa erantzi eta pijama janzten dute, arratsaldeko laurak badira ere. Hauen arteko batek aitortu zidan berak horrelakoetarako pijama bi zeuzkala: oherako eta etxean ibiltzeko.
Benetan plazera da igande goibel horietan, batez ere parranda egin badugu aurreko gauean, etxean botata egotea, pijaman egun osoan, egonean, alferrarena egiten, egunkaria irakurtzen, eta bazkal osteko manta+sofa eskatzen duten film txotxolo-erromantikoa ikustea, benetako historia batean oinarritutakoa: dolce far niente pijamaduna!
Euskal kazetari kulteretek ere ezin diete tentazioari eutsi!
Aipatu duan moduan oso estetikoa ez da. Batzuek txandalarekin konparatu izan dute. Baina oherakoan (baina lotarako) nork begiratzen dio estetikari? Erosotasuna eta goxotasuna da helburua, era metaforiko batean besotan hartuko gaituen arropa, babestu eta lasaituko gaituena.
Baina kontuz ibili, baliteke eta joera zabaltzea! Izan ere famatuen jai batzuetan horrelako modeloak ere ikusi izan dira:
Ulertuko nuke antzinako kamisoiak modan jarriko balira, Eivissa revival balitz bezala, enkajez eta farfailaz betetako kamisoi zoragarri horiek:
Baina ez, pijama arruntak izan litezke moda! GAainera, etxeko zapatilen moduko zapatak ere oso modan daude, eta aristokraziaren zapatak esaten diete. Slippers izena daukate, beraz, oso egokiak pijamarekin janzteko!
Belusezkoak dira eta pijo-pijoentzat, joera.
Baina ez pentsa moda hau Hollywoodekoa edo Parisekoa denik, ez! Orain pare bat urte Goio Aranak argazki bi hauek atera zituen Euskal Herrian
Gainera ezkontza ponposo batean!!!
Etxerako eta oherako gogoko dut, baina kalean? Uf, kezkagarria dela deritzot. Pasareletan horrelako kalerako pijamak ikusten hasi dira. Imajinatzen dituzue kalean erabiliko balituzte? Horreur!
Zeren zer egin kamiseta moltzoarekin? Hau da, lasterketetan jasotako edo Korrika, Kilometroak, nahiz Nafarroa Oinezen erositako kamisetak ez ote dira, askotan, oherako arropa izaten?