Kuleroak eta tanga
Historian zehar asko aldatu da emakumeen azpiko arropa. Egia esatera, orain inoiz baino aukera zabalagoa daukagu eta andrazko bakoitzak erabaki lezake zer datorkion ondoen, zein komeni zaion eta zer duen gusturen.
Gure inkestaren arabera erantzundakoen artean %45ek kuleroak nahiago dituzte; %15ek, ordea, tanga. Badago %38 bat egoeraren arabera aukeratzen duena zer jantzi. Hirugarren datu honek harrituta laga nau, uste nuelako batekoak edo bestekoak ginela, baina gutxiago zirela egoeraren arabera aldatzen zutenak. Pentsatzen nuen kulerozaleek beti oihalez hornituta zeramatela ipurdia; eta tangazaleek, berriz, ipurmamiak libre eta solte zeramatzatela beti.
Beraz, kulero eta tangen tiradera aurrean, askok denbora emango dute, jakitearren zer komeni zaien egun konkretu horretarako. Izan ere, barruko arropa egokia janztea oso kontu garrantzitsua da. Ez dute amamek-eta esaten zutenagatik (beti muda garbia eta txukuna erabili behar zela, badaezpada istripua izan eta ospitalera eramaten bagintuzten). Ez, hori baino gehiago da, eroso eta ondo sentitzea barrutik hasten delako.
Horregatik bakoitzak hobesten du erosotasuna edo dotoreziaren artean. Baita zer itxura emango duen kanpotik begiratuta ere. Ondotxo dakigu kulero polit eta eder horiek, farfailadunak, satinezkoak, ez direla oso erosoak. Labaindu egiten direlako edota tripa eta ipurtaldeari ondo eusten ez dietelako.
Gainera, gero nahi badugu bularretakoarekin konbinatu zer egin? Kuleroa (edo tanga) egunero garbitzen da (edo garbitu beharko litzateke, behintzat). Baina bularretakoa ez. Zenbat kulero erosi behar ditugu bustier batendako, orduan?
Egia esatera, erosoenak eta egunero erabiltzekoak, nire ustez, kotoizko mudak dira. Ez dute glamourrik, baina egunero lanera atzera eta aurrera ibiltzeko, glamourra lozorroan deskantsuan gera liteke, erosotasunaren mesedetan. Ez dago gauza desatseginagorik ipurdi-erretenean sartzen den kuleroa baino (sartu behar ez denean, jakina! Tanga ez denean, alegia) .
Askok sinistuko ez badute ere, barruko arropetan modak agintzen du. Orain 15 bat urte kulero mota bat zegoen altua zena, baina ez zena amamen betiko kulero erraldoi hori, hanka alde horretan ere altua zelako. Nik oso gustuko nituen, dena, girgilo guztiak ondo batzen zituztelako, sabela babestuta. Izan ere, bigarren gauzarik desatseginena da sabel erdian geratzen den pantaloi hori, eta edozein mugimendu eginda, plaf, jaitsi eta tripatxoaren azpian geratzen dena. Gorrotagarria!
Nioen moduan, nire gustuko horiek bat-batean desagertu egin ziren dendetatik, bikini estilokoen mesedetan. Ez nekien zergatik, praken gerria ikusi nuen arte! Gerria oso baxua zenez, kulero horiek jantziz gero ikusi egiten zen kuleroaren zati handia. Horregatik sartu zen indarrez tanga. Hori bai erakuts zitekeelako! (baina kontuz, nahiko demodé dago eta arrunkeria, bulgaritatea da gaur egun). Praken gerria gorago datorrenez, ez dut galdu esperantza, eta nire faboritoak dendetan agertzea espero dut.
Tangak ere modaren mende daude, nola ez. "La roja"-ren jarraitzailea izanez gero ere badago ondo moldatuko zaion modeloa:
Ederra, ezta? Baina ez du konparazio punturik leopardo tangarekin erkatzen badugu, ezta hurrik eman ere!
Tanga ondo hornituta badago ere, bere famak betiko moduan hor darrai:
Baina ez gaitezen aztora, eta guztiz desbideratzen hasi aurretik, egin dezagun berba aukeraketarik garrantzitsuenaz: tanga ala kuleroa. Hau hautatzeko orduan, askok tanga janztea erabakitzen ei dute kuleroak igar ez dakizkien. Bai, oso desatsegina egiten omen zaie atzetik begiratu eta euren kuleroen forma nabarmentzea. Tira, egia esatera, arropa batzuekin ez da polita geratzen, eta tanga erabiltzea aukera ona izan daiteke.
Tanga nabaritzea, ordea, ere ez dakit oso polita den. Esango nuke zatarragoa ere badela! Jakina, horrelako atze bat izanez gero, ederra da. Baina zenbatek du horrelako ipurdia?
Horregatik, bada, diot itsusia dela. Beste guztioi zatar geratzen zaigulako. Batez ere ibiltzean ipurdi-masailak dingili-dangala badabiltza, udako kotoizko praka zuriekin. Orduan, agian hobea litzateke kuleroak antzematea.
Baina kasu batzuetan zaila da asmatzea. Anne Igartibururi gertatu zitzaion bezala. Zer egin horrelako kasu batean? Gaitza da soineko horrekin.
Baina, lasai! Interneten topatu dugu horretarako ere konponbidea: tanga ikusezina!
Modelo asko daude, kolore eta estanpatu anitzak. Hori bat denak dira forma berekoak, eta erosotasuna zalantzan jartzen dut!
Elorrioko aurkezleak agian sufritu beharko zuen, baina litzaioke barruko arropa (?) igarriko!
Dena dela, gu hain kezkatuta kuleroak igarriko zaizkit, tanga ikusiko zait, eta orain denboratxo bat Japonian modan hauxe jarri:
Barruko arroparen marrazkia kanpoko arropan estanpatuta! Hamaika ikusteko jaio ginen, horratik!