e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
- (Elkar aldizkariko 2009ko neguko alean argitaratutako artikulua)
Komikiaren munduan azken aldian azpigenero bat indarra hartzen ari bada, hori nobela grafikoa da. Termino fetitxea komiki-argitaletxeen promozio liburuxka eta karteletan, edo egunkari zein aldizkarietako kultura orriek komikiei buruz hitz egiten dutenean. Baina zer da zehazki nobela grafikoa?
Nobela edo eleberri grafikoak, ohiko beste komikien aldean, publiko helduagoari zuzenduta egon ohi dira, inprimatze luxuzkoagoa izaten dute, luzera handiagokoak dira normalean eta pretentsio artistikoak izan ohi dituzte. Beste ezaugarri nagusietako bat da hasiera eta amaiera duten istorioak kontatzen dituztela, beste formatu gehienak (umorezko komiki-bandak, comic book-a, komiki-aldizkariak, albumak...) seriatuak diren bitartean. Will Eisner maisuaren A contract with God jotzen da bere burua nobela grafiko gisa definitu zuen lehen komikitzat.
Superheroien komikiekin, mangarekin edo beste komiki genero batzuekin alderatuta, eleberri grafikoen gaiak serioak eta errealistak izaten dira. Kronika politiko eta sozialak ohikoak dira horrelakoetan; Marjane Satrapik bikain erretratatzen du haur eta emakume baten ikuspegitik Irango iraultza islamista Persepolisen, edo Guy Delislek Asiako hegoekialdeko egoera Pyongiang eta Crónicas Birmanasen, edo Alfonso Zapico asturiarrak judutar eta palestinarren arteko gatazka Café Budapesten. Gerrak eta gatazka politikoak ere bai; ezagunenetako batzuk Joe Saccoren Palestina: en la franja de Gaza edo Gorazde: Zona Protegida, Art Spiegelmanen Maus (Pulitzer kazetaritza saria irabazitakoa) edo Pierre Christin eta Enki Bilalen Las falanges del orden negro dira. Eta eguneroko bizitzako arazoak ere, askotan autobiografikoak, izaten dira nobela grafikoen gai; adibidez, Craig Thompsonek bere haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen ditu Blanketsen, Andi Watsonek langabezian egotea zer den Desayuno por la tarden eta Frederik Peetersek neskalagun seropositiboarekiko erlazioa Píldoras azulesen.
Fikzioa ere, noski, erabiltzen da nobela grafikoetako argumentuetan, genero beltza edo fikzio historikoa bezala, eta are fikzio superheroikoa ere. Frank Miller eta Alan Moore fikziozko eleberri grafiko askoren egile izan dira, eta euren lan ugarik zinemarako bidea egin dute. Genero beltzean eta fikzio historikoan, lehenengoaren Sin City eta 300 aipa ditzakegu. Eta superheroienetan, Frank Millerrek El regreso del señor de la noche egin du adibidez, eta Alan Moorek Top 10, La liga de los hombres extraordinarios eta, batez ere, Watchmen, jende askorentzat (artikulu honen egilearentzat barne) inoiz egin den komikirik onena dena; Time aldizkariak XX. mendeko 100 nobela onenen artean sartu zuen komiki bakarra da Watchmen. Manga japoniarreko Osamu Tezukaren Adolf eta Katsuhiro Otomoren Akira ere nobela grafikotzat har daitezke.
Euskal Herrian eta are euskaraz egin dira nobela grafikoak azken urteetan: Patxi Gallegoren Pololoak trilogia, Josean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati eta Saiak bere jarraipena, Asisko, Marko eta Jokinen Gartxot, Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak trilogia edota Hedoi Etxarte eta Alain Urrutiaren Ihes ederra.
Alabaina, eleberri grafikoa terminoa ez da komikigileen edo zaleen gustukoa, argitaletxeen marketing aparatuen asmakuntza besterik ez baita finean. Eta argitaletxeek eurek komiki mota jakin bati literatur mailako prestigioa emateko asmatu izanak edo egunkariek kultura orrietan horrelakoak batez ere aipatzeak, berarekin inplizituki dakar beste komiki mota edo generoekiko destaina, beste guztia haurrentzat edo kalitate gutxikoa balitz bezala. Eta ez da hala inondik inora. Aldizkarietan edo egunkarietan nahiz album formatuan argitaratu izan dira jatorriz Corto Maltés, Little Nemo, Thorgal eta beste arte lan ugari. Gainera, sarritan lehenengo horrelako formaturen baten ateratako lanen bildumak ondoren eleberri grafiko gisa saldu izan dizkigute; Watchmen bera, nobela grafikoetan nobela grafikoena, jatorrian hamabi aleko grapadun comic-book gisa atera zen...
Marketing termino soila izanik ere, ongi etorria bedi nobela grafiko izendapena, literaturzale handiuste garbizaleren batzuk komikien mundura hurbiltzeko balio badu. Literatura eta pinturaren konbinazioz osatutakoa baina bien batura baino askoz gehiago den arte zoragarri bat deskubrituko dute.
Pololoak 3, Atxeritoko balada
Pololoak sorta arrakastatsuaren hirugarren eta azken liburua dakarkigu Patxi Gallegok udazken honetan. Xabinaitor superheroi euskalduna agertuko da berriz ere, protagonismo gehiago hartuta oraingoan, bera izango baita istorioaren kontatzaile eta gidari; eta besteak beste, egileari buruz hitz egingo du (Patxi Gallego jaunaz, alegia); komikilari honen obsesioetan sakontzeko, haren txikitako traumez ikertuko du Aldanondo inspektoreak, eta halaber jakingo dugu ikastolako neskatxa eta andereñoekin izandako harremanei buruz. Horrez gain, ez dira faltako guardia zibilekiko behaztopa eta liskarrak, Xabinaitorren guraso atsekabetuak edo Kariñe maitagarriaren agerpenak, edo aurreko liburuetako jarraipeneko hainbat kontu. Guzti-guztia koloretan oraingoan.
5 urte 5!
Tira, konturatu orduko 5 urte egin ditut blogintzan! 2004ko urriaren amaieran-edo hartu nuen asmoa komikiei (ez baitzen gunerik euskaraz Interneten komikiei buruz aritzeko) eta informatikari (zerbait aportatu nezakeelakoan edo) buruzko euskarazko blog bat egiteko. Luistxori galdetu nion ea Eibar.org-ek ostatatuko zidan, euskarazko blog komunitate bakarra hor baitzegoen, eta onartu zidaten. Hasteko, azaroan zehar artikulu sorta bi idatzi nituen probatarako, bata Pololoak komiki-sailaren lehen liburuari buruz eta bestea PVR-ei eta MythTV-ri buruz, eta abenduaren 2an iragarri nuen Sustatun e-gorblog sortu zela (orduan oraindik notizia zen euskarazko blog berri baten sorrera). Eta gaur arte...
Bidean, 247 artikulu! Nire buruari jarritako astean artikulu bateko helburua bete dudala esan dezaket, beraz (beno, egia esan denak ez dira nireak, horietako batzuk kolaboratzaileek idatzi dituzte: Iban Zaldua, Willy Roa, Aitzol Astigarraga, Patxi Lurra, Oihane Zabaleta, DabilenHarria...). Horietako makinatxo bat Sustatura edo Berriara ere eraman izan dituzte, edo beste toki batzuetan aipatu. Gainera, blogaren bidez nire burua ezagutarazi izanari esker, beste hainbat komunikabide edo mobidatan parte hartzen dut edo hartu izan dut, bai komikien ingurukoetan (Xabiroi komiki-aldizkarian Albisteen txokoa eramaten dut, Sautrela literaturari buruzko telebista programan Tintin-i buruz hitz egin nuen, Elkar aldizkarirako idatzi izan dut...) bai informatikaren ingurukoetan (Elhuyar aldizkarian Mundu digitala atala eramaten dut, 7K aldizkarian elkarrizketatu naute...). Baina denetan onena, blogaren bidez ezagutu dudan jende guztia eta egin ditudan lagun guztiak, jende mordoa, benetan. Balorazio erabat positiboa, beraz.
Hau dena Eibar.org elkarteari, kolaboratzaileei eta batez ere zuei, irakurleei, zor dizuet. Zuen erantzunak irakurtzeak eta hor zaudetela jakiteak ematen du honetan jarraitzeko animoa. Eta nik behintzat badut beste urte mordoxka baterako! Mila esker, zinez!
Google Wave: posta elektronikoa aurretik eramango duen olatua?
- (Elhuyar aldizkariko 2009ko urriko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Interneten komunikatzeko eta elkarlanerako tresna bat badago guztiok darabilguna, hori posta elektronikoa da. Baina tresna hori duela berrogei urte baino gehiago asmatu zen, orduan zegoen teknologiarekin, eta gaur egungoarekin askoz gauza aurreratuagoak egin daitezke (eta egiten dira). Hori egin du Googlek: posta elektronikoa bera, wikiak, berehalako mezularitza eta abar nahasiz, Google Wave sortu, etorkizuneko posta elektronikoa.
Posta elektronikoa, funtsean, testu-mezu bat hartzaile bati edo batzuei bidaltzean datza; mezuaren kopiak egiten dira jasotzaile bakoitzarentzat, eta mezua helburura iristean amaitzen da mezuaren bizitza. Gero, mezuei erantzunez eta aurreko mezuen zatiak erantzunetan kopiatuz sortzen dira elkarrizketak. Baina sarri ez da erraza elkarrizketen hariari jarraitzea mezuen anabasan.
Googlek sortutako sisteman, aldiz, hasierako erabiltzaileak wave (olatua ingelesez) edo elkarrizketa bat sortzen du, eta hainbat pertsonarekin elkarbanatu. Wave horren kopia bakarra gordetzen da zerbitzarian, eta horren gainean elkarreragiten dute partaide guztiek elkarrizketa sortzen joateko. Bi gauza egin ditzakete partaideek: batetik, wave-aren testua bera alda dezakete, denen artean adostutako testu bat osatzeko, wiki baten edo partekatutako dokumentu baten gisara; bestetik, erantzunak edo komentarioak gehitu ditzakete wave-aren edozein puntutan, posta elektronikoan, wikietako eztabaida-orrietan edo foroetan egin daitekeen moduan.
Horrez gain, wave-a aldatzen edo komentatzen ari garen bitartean elkarrizketako beste partaideren batek ere irekia badu, azken horrek aldaketak zuzenean ikusi ahal izango ditu, berehalako mezularitzan edo txat-programetan bezala. Gainera, aldaketak eta komentarioak batek baino gehiagok egin ditzakete aldi berean. Eta, wikietan bezala, aldaketen historia guztia gordetzen da, edozein unetan atzera jotzeko edo aldaketen prozesu osoa ikusteko. Beste hainbat detaile txiki ere baditu tresnak. Esate baterako, erantzunen zuhaitzeko puntu batetik aurrera, partaideen taldea murriztu daiteke, hortik aurrerakoa hautatutakoek soilik ikusi edo aldatzeko.
Google Wavek, jakina, programa-zerbitzari bat behar du; baina bezeroaren alderako egin duten programak nabigatzailean funtzionatzen du, Flash edo RIA interpreterik gabe, hau da, HTML, Javascript, AJAX, CSS eta horrelako teknika estandarrekin. Eta benetan sinesgaitza da horiek soilik erabilita lortu duten elkarrekintza-maila.
Funtzionalitateak gehitzeko APIa
Berez dakartzan ezaugarriez gain, beste asko izan ditzake Google Wavek, hirugarrenek luzapenen bidez funtzionalitate berriak gehitu ahal izateko APIa (Application Programming Interface) ere bai baitauka. Oraingoz, tresna publikoa ez denez, Googlek berak soilik garatu ditu luzapenak Google Waverentzat. Baina egin dituenak oso ikusgarriak dira, eta tresnaren ahalmen osoa ikusteko balio dute. Adibidez, idatzi ahala akats ortografiko edo gramatikalak zuzentzen dituen luzapen bat egin dute; edo testua idatzi ahala jasotzaile bakoitzaren hizkuntza lehenetsira automatikoki itzultzen duen beste bat. Edo Google Waven idatzitakoa eta erantzunak zuzenean blog edo sare sozial batean publikatzeko beste bat. Edo irudiak, bideoak, mapak eta abarrak erraz txertatzeko beste batzuk... Etorkizunean, jendearen ekarpenekin, milaka aukera gehiago izan ditzake, gaur imajinatu ere ezinezkoak.
Protokoloa eta iturburu-kodea, irekiak
Google Wave tresna izugarri ona izanagatik, ez da erraza izango komunikatzeko moduak iraultzea eta hain errotua dagoen posta elektronikoa ordeztea. Izan ere, ez da Google Wave posta elektronikoaren ordezko deitua izan den lehena. Komunikaziorako tresna asko agertu dira azken urteetan (berehalako mezularitza, sare sozialak...), aukera interesgarriekin, batzuk API irekiekin... Eta, zenbaitzuek arrakasta handia izan badute ere, ez dira posta elektronikoa bezainbeste hedatu.
Horren arrazoi nagusietako bat da tresna horiek denak konpainia zehatz batzuei lotutako zerbitzuak direla, eta protokolo itxi eta jabedunak dituztela. Tresnok erabiltzeko, kontua ireki behar da konpainia jabearenean, eta informazioa beraiek gordeko dutela onartu. Hori oztopo handia da tresna horiek zabaltzeko, batez ere enpresa mailan. Horrez gain, zerbitzu antzekoak enpresa batek baino gehiagok eskaintzen dituzte, eta baten bezeroak ezin dira besteenekin komunikatu (Facebook eta Tuenti, adibidez, edo Messenger eta Google Talk). Posta elektronikoa, aldiz, protokolo irekia da, eta, bezero-zerbitzari komunikazioaz gain, zerbitzarien artekoa ere ahalbidetzen du. Horrela, edozeinek edozeini bidal diezaioke mezu elektroniko bat, kontua edonon (enpresako barne-zerbitzarian, hornitzaileren baten edo besteren baten) izanda ere.
Bada, Googlek filosofia bera erabili du Google Waverekin. Protokolo irekia egin dute, zerbitzarien arteko komunikazioa ere baduena. Baina, gainera, beraiek inplementatutako zerbitzariaren eta bezeroaren iturburu-kodeak ireki dituzte. Beraz, edozein enpresak bere wave-zerbitzaria sor dezake, edo Googlerena instalatu, barne-erabilerarako nahiz wave-hornitzaile izateko, eta partikularrek wave-hornitzaile batean edo bestean ireki ditzakete kontuak... Eta denak elkarrekin komunikatu ahal izango dira.
Google Wave komunikaziorako tresna benetan ahaltsua da, eta posta elektronikoaren orain arteko arrakasta ahalbidetu duten irekitasun-ezaugarriak ditu. Posta elektronikoa ordezkatzeko baldintza tekniko guztiak betetzen ditu, baina ikusteko dago egingo ote duen, jakin bai baitakigu beste faktore askok parte hartzen dutela kontu hauetan... Nik, behintzat, tresnaren ahala ikusita, espero dut denok laster olatu gainean joatea!
Udazken honetan, euskarazko komiki aukera zabala
Aurtengo Getxo-Durango-Gabonak kanpainarako euskarazko komikien aukera zabala daukagu. Aurretik komentatu ditugun Ihes ederra eta Pololoak 3z gain, beste nobedade mordoxka bat ere badago salgai.
Sauré argitaletxeak lau komiki berri atera ditu, ohi duen bezala gaztelania eta euskarazko edizio banarekin. Batetik, Txanoa bildumaren 4. albuma atera dute, Abentura olinpikoa izenekoa, Txani Rodríguez, Nacho Fernández eta Verónica Rosadok egina. Bestetik, Newtondarrak bilduma berria hasi dute, Edorta Corpas eta Víctor Araqueren Newton eta Torrijo superordenagailuarekin. Horrez gain, Ziklozirkua bildumako 2. alea kaleratu dute, Diamanteak harean, Joseba Gómez eta José Manuel Carrascok egina. Eta azkenik, Compadre bildumako 4. albuma, Jansain eta Zerdaren Ahalmen partekatuak.
Bestalde, aipatu nahi dut Gure erroak elkarteak ateratako Berunezko itsasoa (Matxitxakoko guda) komikia. Ez da nobedadea, baina nik aurtengo Getxoko komiki-azoka arte ez dut izan horren berri, eta hemen komentatu gabe nuenez, ba horra.
Badakizue ba, zertan hobe dirua gastatzea euskarazko komikitan baino?
Irungo II. Komiki Azoka
Iazko lehenengo edizioaren ondoren, aurten berriz ere egingo dute Irungo Komiki Azoka, Irungo Udalak, Martindozenea Gaztelekuak eta PokerFace komiki-elkarteak antolatuta. Abenduaren 5etik 7ra egongo da irekita Irungo Zabaltza Plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara.
Jarraian duzue ekitaldien zerrenda eta egitaraua, informazio gehiagorako http://www.komikirun.com.
Erakusketak
- Jordi Bayarri
- Jose Fonollosa
- Pedro Camello
- PokerFace elkarteko egileak: Jorge Madejón, Garbiñe Martiarena, Jose Manuel Enrique (JMES), Gorka Ortega (McKana), Arkaitz González eta Mikel Thomen (Quet)
Proiekzioak
LARUNBATA 5
- 10:00: Escaflowne, la película.
- 12:00: Cowboy Bebop (seriearen lehen pasarteak)
- 20:00: Death Note (seriearen lehen pasarteak)
IGANDEA 6
- 10:00: Samurai Champloo (seriearen lehen pasarteak)
- 12:00: Gun x Sword (seriearen lehen pasarteak)
- 20:00: Ergo Proxy (seriearen lehen pasarteak)
ASTELEHENA 7
- 10:00-11:00: Tortugas Ninja (seriearen lehen pasarteak)
- 11:00-12:30: Chicho Terremoto (seriearen lehen pasarteak)
- 12:30: Dragon Ball (Cell-en saga amaiera)
- 20:00: Le Chevalier D´Eon (seriearen lehen pasarteak)
Gonbidatutako egileak
- Joseba Basalo (Aletako editorea)
- Jordi Bayarri
- Jose Fonollosa
- PokerFace elkarteko egileak: Jorge Madejón, Garbiñe Martiarena, Jose Manuel Enrique (JMES), Gorka Ortega (McKana), Arkaitz González eta Mikel Thomen (Quet)
Egitaraua
LARUNBATA 5
- 10:00: Marrazki-tailerra: Izaki fantastikoak diseinatzea.
- 10:00: Magic - The Gathering jokorako sarrera-partidak.
- 10:00: "Zombies" mahai-jokorako sarrera-partidak.
- 10:00: "Marvel Heroes" mahai-jokorako sarrera-partidak.
- 11:00: Ipuinetako pertsonaiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
- 11:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
- 11:30: Marrazki-tailerra: Superbilauak sortzea.
- 12:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
- 12:30: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu superbilau original bat (epaimahaia: PokerFace).
- 16:00: Marrazki-tailerra: Zientzia fikziozko ibilgailuak diseinatzea.
- 16:00: Superheroiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako)
- 16:00-19:00: Xbox 360 Street Fighter 4 Torneoa, sailkapen-txanda (antolatzailea: NKPlayers).
- 16:10: Evora bideojokoaren aurkezpena, hitzaldia eta galdera saioa bideojokoei buruz (emaleak: Imanol Pinelo eta Imanol Toro, Ingumak taldekoak, Evoraren sortzaileak).
- 17:00: Marrazki azkarraren lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu Zientzia Fikzioko pertsonaia bat (epaimahaia: Joseba Basalo argitaratzailea, Jordi Bayarri marrazkilaria, Jose Fonollosa marrazkilaria).
- 17:00-19:00: Magic - The Gathering Torneoa.
- 18:00: Aurkezpena, hitzaldia eta saioak aretoko egile gonbidatuekin: Joseba Basalo (editorea), Jordi Bayarri (marrazkilaria) eta José Fonollosa (marrazkilaria)
IGANDEA 6
- 10:00: Marrazki-tailerra: Fantasiazko heroien pertsonaiak diseinatzea.
- 10:00: Plastilinaz modelatzeko tailerra (gazteentzako eta helduentzako).
- 10:00: Carcassone mahai-jokorako sarrera-partidak.
- 10:00-13:00: Heroclix-erako sarrera-partidak.
- 11:00-13:00: Xbox 360-eko The Broken Bond Naruto torneoa
- 11:30: Marrazki-tailerra: Objektu bizigabeei bizia ematea: Emaiezu bizia nahi dituzun objektu guztiei (mahai bat, auto bat eta abar animatzea)
- 12:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
- 12:30: XL Marrazki-tailerra.
- 13:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
- 16:00-19:00: Xbox 360 Street Fighter Torneoko finala (antolatzailea: NKPlayers).
- 16:10: 3D aurkezpena eta hitzaldia: Óscar Manrique.
- 17:00: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu fantasiazko heroi baten pertsonaia (epaimahaia: PokerFace elkartea).
- 17:00-19:00: Heroclix Torneoa.
- 18:00-20:00: PokerFace aldizkari berriaren aurkezpena, marken eta marrazkien hitzaldiak eta saioak. PokerFace egileak: Garbiñe Martiarena, McKana, Jorge Madejón, Jose Manuel Enrique (JMES), Mikel Thomen eta Arkaitz González.
ASTELEHENA 7
- 10:00: Marrazki-tailerra: Animaliak gizakitzea.
- 10:00: Colonos del Catanerako sarrera-partidak.
- 10:00: Heroclix joko libreko partidak.
- 10:00: Yu-Gi-Oh! jokorako sarrera-partidak.
- 12:00: Ipuinetako pertsonaiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
- 12:00: Marrazki-tailerra: Pertsonaia izugarriak diseinatzea.
- 16:00: Plastilinaz modelatzeko tailerra (haurrentzako).
- 16:00: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Diseinatu ezazu izaki izugarri bat (epaimahaia: PokerFace elkartea).
- 16:00-18:00: Colonos del Catán Torneoa.
- 16:00: Heroclix joko libreko partidak.
- 16:00: Magic - The Gathering joko libreko partidak.
- 16:00-20:00: Super Nintendoren Super Mario Kart Torneoa (antolatzailea: NKPlayers).
- 17:00: Manga marrazki-tailerra: Manga estiloko pertsonaiak diseinatzea.
- 18:00-20:00: Astelehen arratsaldeko izarren lehiaketa, parte-hartzaileentzako galdera eta proba ugarirekin

