Ezustekoa
Lehen amets honen amaiera da txundigarriena oihartzunen aberastasunari, literatur teknikari eta irakurlearenean sorturiko zirrarari dagokienez.
Lehen irakurraldian, Ireneren aurkako polizien hitzek errealak dirudite, oso kezkagarriak dira, larregi daki poliziak Irenez. Gero, ametsari dagozkiola irakurri eta lasaitu ederra hartuko dugu.
Ordea, "Gizona bere bakardadean" irakurria baduzu, baldin badakizu ametsean ingurutik datozen entzumenezko zein ukimenezko sentsazioak txertatzeko Atxagaren joeraren berri, berbaro mehatxagarri hori erreala izan ote den susmoa hartuko duzu, Irenek ez bezala, espetxe barruan ez zioten eta "Gizona bere bakardadean" irakurtzen utziko.
Gerora poliziek Irenerekin erabiliko duten jokabidea bat dator hipotesi horrekin.
Ireneren lehenbiziko ametsa
"Antzerti obra bailitzan, andrearen ametsak zazpi atal izan zituen, bakoitza bere eszenatoki eta pertsonaiekin; zenbaitetan, autobusaren mugimendu baldarren batek esnatzeko zorian jarritakoan eta, atal horiek pentsamendu izpiak edo oroitzapenak erantsi zitzaizkien, hala nola oinez dabilenaren zapatei lurra eta belarrak eransten zaizkien, eta une haietan antzerti obrak galdu egiten zuen bere naturaleza erabateko eta bakarra, eta zerbait nahasi bihurtzen zen, ez soilik amets, baita kontzientziaren mende sortutako irudien erakusle ere.
Ametsaren lehenengo atalaren eszenak lorategi zabal batean jokatzen ziren, hamar bat urte lehenago, berak hogeita zazpi zituenean.
-Ikustezue? Laster loretan jarriko dira –esan zuen eszenatoki hartan azalduz aristokrata itxurako gizon edadetu batek. Bere zilar euskarriko makila gereziondo zerrenda bati buruz zuzendua zeukan. Gereziondoen adarrak kimuz beteta zeuden.
-Goizegi, ez? Elurra egin dezake oraindik –erantzun zion berak burdin landuko baranda batetik. Baranda hura, harrizko etxe eder baten loggia-ri zegokion.
-Kostalde honetan ez dut uste. Lehengoan irakurri nuenez, Biarritzen ez du elurrik egin martxoan 1921etik -esan zuen hirugarren batek tartean sartuz. Oso itxura delikatuko mutil bat zen, hogeita hiru edo hogeita lau urtekoa, eta oso apalki ematen zen aditzera. Gezurra zirudien bera izatea aristokrataren etxean bildutako talderik erradikalenaren teorikoa.
Talderik erradikalenaren teorikoa, errepikatu zuen andreak lo eta esna egoeren mugetaraino joanez, eta bapatean eszena osoa argitu zitzaion. Beraiek, bera eta beste 15 bat pertsona -borroka armatuarekin lotutako 4 talde desberdinen partaideak, denak ere-, Biarritz inguruko aristokrata batek eskura jarritako palazioan bilduta zeuden, estrategia bateratu bat lortzeko modurik bat ote zenentz aztertzeko. Bilera hasi eta hiru egun geroago, akordioa orokorra zen salbu eta puntu batean: mota guztietako bankuak erasotu behar al ziren? Ala, alde batera utzi behar ziren Euskal Herrian eta Euskal Herriko diruarekin altxatutakoak? Desberdintasun hura zela eta, itxura delikatuko mutila eta bere taldea alde batean gelditzen ziren, eta gainerako guztiak bestean. Hain zuzen ere, gereziondoen inguruan aristokratak piztutako hizketaldi tribialak enfrentamenduak sortu egonezina arintzea zuen helburu.
-Jaitsiko al gara lorategira? -esan zion aristokratak loggian bildutako jende taldeari-. Eser gintezke magnolioaren azpiko mahai borobilean eta aperitif bat hartu. Ordubete baino gehiago falta da afarirako.
Taldeak baiezkoa eman zion zurrumurrutsu. Mutil delikatua beragana zuzendu zen.
-Zu izatera, jertse bat hartuko nuke. Egonean hotz dago.
Harritu egiten zuen mutil hark, kosta egiten zitzaion bere bi aldeak batzea. Pertsona berbera izan al zitekeen bileretan hain gogor hitzegiten zuena -banku guzti-guztiak izan behar dute talde iraultzaile baten helburu- eta jertsea jartzeko kontseilatzen ziona? Baina ez zegoen dudarik. Pertsona berbera zen. Bilera hartan, Larrea deitzen zioten.
Autobusak bozina jo zion norbaiti, eta andreak altxatu egin zuen golkorantz erorita zeukan burua. Erabat esnatu aurretik, ordea, ametsean murgildu zen berriro eta bigarren eszena bat ikusi zuen, aurrenekoaren segida. Bertan, bileran parte hartutako gehienak magnoliaren azpiko mahaiaren inguruan eserita zeuden; ilunbetan, zeren eta zuhaitzaren itzalak jan egiten baitzuen arratsaldeari gelditzen zitzaion argi urria.
Bera ere mahai hartan zegoen, ideia bat buruan zuela, edo zehatzago, ideia batek burua hartzen ziola. Bai, bilera bukatzeko egun bakar bat falta zen, eta handik aurrera, talde desberdinetakoak zirenez, Larrea eta biek ez zuten elkar ikusiko.
Apurka, mahaikideen elkarrizketa arina erdizka bakarrik jarraituz -gainera, aristokratak hitzegiten zuen gehiena, eta gizon hura aspergarria egiten zitzaion-, ideia hark ideia biki bat sortu zuen bere gogoan, alegia ezin zuela bereizketa hura ametitu, nola edo hala luzatu egin behar ziola eskua Larrea esaten zioten mutil hari, eta luzatu, zergatik ez, orduantxe bertan eta zentzu hertsian, egiazki. Bere alboan Yeti esaten zioten bere taldekidea zegoen, eta haren hurrena, Larrea. Bai, heldu egingo zion eskutik.
Aristokratak pasadizo bat kontatu berria zuen, eta mahaiko denek barre egiten zuten; berak ez, ordea, bera aztoratua baitzegoen une hartan buruan zerabiltzan pentsamenduak zirela eta. Bapatean, zentzua hartzen zien bileretan gertatutako hainbat fenomenori. Esate baterako, ez zitzaiola sekula burutik pasa mutil haren argudioei aurre egitea, edo areago, molestatu egiten zela norbaitek, baita bere taldekoren batek ere, zakarki hitzegiten bazion. Eta atseden tarteetan, afari eta bazkarietan bezala, harengandik hurbil kokatzen ahalegintzen zela.
Bermut pixka bat edan eta edariarekin batera etorritako azeituna jan zuen. Onartu behar ote zuen? Esan behar ote zuen hitza? Urtebete baino gehiago zeraman dibortziaturik. Maiteminduta ote zegoen?
Aristokratak kontu kontari jarraitu zuen, arratsalde hartako bileraren tentsioa arintzearren orduan ere, eta bere bermutaren ontzi lodia, eskuan zeukana, alde batera zein bestera mugitzen zuen.
Ontzi hartan zegoen azeitunari begira gelditu zen bera.
-Azeituna ahora eramaten duenean, eskutik helduko diot Larreari -pentsatu zuen. Ez zirudien operazio erraza, zeren eta Yetiren bizkar atzetik pasa beharko baitzuen besoa, sekretuki, inork ikusi gabe. Zer gertatuko zen bere taldekoren batek ikusten bazuen? Eta zer gertatuko zen Larreak bere eskua arbuiatzen bazuen? Pentsamendu haiek taupadaka jarri zioten bihotza. Egia magnoliaren azpi hura gero eta ilunago zegoela, baina arriskua ere -lotsagarri gelditzekoa, edo mutil hura betirako galtzekoa -gero eta handiagoa iruditzen zitzaion.
Seinalearen zain jarri eta handik gutxira, aristokrata ontziari begira gelditu zen, zerbaiten bila bezala, eta jarraian -berari eternalak egin zitzaizkion une haiek-, txotxari ezin helduz ibili zen. Lortu zuen azkenean, eta azeituna bere ahoan ezkutatu zen.
Aristokratak mahai gainean utzi zuen txotxa, eta berak atzeraka bota zuen gorputza. Jarraian, postura hartan bospasei segundu mantendu eta gero, ezkerreko besoa Yetiren atzekaldetik pasatzen hasi zen.
-Noiz afaldu behar dugu? Gosetuta nago -esan zuen mahaikide batek. Bere besoa kolpetik gelditu zen.
-Aurrena buka ditzagun gure bermutak -esan zuen aristokratak.
Larrea eta Yetiren artean berak uste baino tarte handiagoa zegoen, eta bere besoaren bi halako beharko zituzkeela konturatu zen. Zailtasun hari, gainera, bigarren bat gehitu zitzaion, zeren eta gorputza okertu eta besoa areago eramaten saiatu zenean, Yetik, bere posturaren zioa gaizki ulertuz edo, besarkatu eta beragana erakarri baitzuen.
-Hotz pittin bat egiten du, ez? -esan zuen aristokrataren ondoan eserita zegoen batek, eta bizpahiru baiezko gaineratu zitzaizkion iritziari. Une batetik bestera, jendea mahaitik altxatzen hasiko zen.
Hitzik gabe, bere taldekidearen besarkadatik libratu eta azken saio bat egin zuen Larreagana. Ahalik eta gehiena luzatu zituen bere beso, esku eta behatzak, bereziki indizea.
Probabilitate guztien aurka, zerbait inefablea gertatu zen orduan. Bere behatz indizeak beste norbaiten behatz indizea ukitu zuen bete-betean, bera izutuz noski, zeren eta ustegabea izugarria izaten baita estraineko unean. Ordea segituan, nahiz eta ilun egon, Larrearen besoa ikusi zuen begi zirrikituarekin. Beragana luzatuta zegoen.
Ametsaren irudiak zirela eta, andreak berritu egin zuen kontakto sotil hark sortu zirrara, eta kuxkurtu egin zen autobusaren salatxoko eserlekuan. Hurrengo unean, ordea, autobusa -benetan hegaka zihoan, 160an edo- bidearen sakon batean kulunkatu zen berari zorabio moduko bat eragin eta begiak irekiaraziz. Une batez, leihoz bestaldean, pinudi artean kokaturiko herrixka bat ikusi zuen, eta haren gaineko zeru urdina. Ondo zegoela pentsatu zuen, ondo zegoela urdintasun hura. Jarraian, begiak berriro itxi eta lorategiko eszena berreskuratzen ahalegindu zen.
Alferrik, ordea. Ametsak beste norabide bat hartua zuen, eta eszena berri bat azaldu zitzaion gogoan. Bertan, bera eta Yeti izeneko taldekidea akuario batean zeuden. Balea baten hezurdura erraldoia osorik gordetzen zuen solairuan, hain zuzen ere.
-Zein jostaketatan zabiltza? -galdetu zion Yetik.
-Ez dizut ulertzen -erantzun zion berak balearen isats hezurrerantz urrunduz. Ziztada bat sentitu zuen buruan.
-Egon zaitez geldirik, mesedez. Esan behar dizudana oso serioa da -esan zion Yetik. Bere tamaina zela eta, ez zitzaion mugitzea gustatzen.
-Hezur horiei begiratu bat emanez hitzegitea naturalagoa dela iruditzen zait. Susmoak sor ditzakegu bestela.
Egun hartan akuarioa bisitatzen ari ziren eskola umeak azaldu zitzaizkion bapatean. Koloretako arrainen kaiola-ontzien inguruan biltzen ziren gehienak, eta olagarroenean beste batzuk. Lanprea beltzen ondoan berriz neska koxkor bakar bat zegoen. Bera ote zen? Bera ote zen umetan? Baina ametsak ekarritako galdera horiek sortu orduko desegin ziren, eta Yetiren aurpegia ikusi zuen berriro.
-Oso ondo ulertzen didazu. Mutil horrekin zabiltza, Larrearekin. Elkar ikusten duzue. Badakigu. Inolako dudarik gabe, gainera. Inolako dudarik gabe.
Bere itxuraz bestera, ez zen gizon zakarra. Hasperen egin zuen, eta balearen saihets hezur batetik pasa zuen eskua.
-Nork esan du? Seguritateko jendeak?
-Oso arriskutsua da organizazioarentzat. Oso arriskutsua. Yetik bi aldiz esaten zituen gauzak. Iltzea oholean bezalaxe, ideia ondo sartua gera zedila.
-Zergatik da arriskutsua?
Hitzak ahotik ateratzen zitzaizkion, baina bere baitan inolako oihartzunik sortu gabe. Itxuraz absurdoak ziren gaiak etortzen zitzaizkion burura. Hezur haien jabe izandako baleak zer neurri ote zituen, esate baterako.
-Bera eta bere taldexka horretako guztiak poliziaren kontrolpean daude.
-Hori ez da egia.
Itsasoan bizi zela, zein ote bale haren abiada igeri egiterakoan? Eta noraino murgiltzen ote? Ehun metroetaraino bai? Galderak bere kabuz bezala etortzen zitzaizkion burura.
-Egia da. Poliziak panpinak bezala mugitzen ditu. Seguru asko, zu ere detektatua egongo zara honez gero.
-Badakit beraiek beste estrategia bat daramatela, baina poliziaren kontrolpean daudela esatea sektario baten iritzia iruditzen zait.
-Zuen harreman horiek ezinezkoak dira. Banatu egin behar duzue. Lehenbailehen. Ez naiz brometan ari. Organizazioaren agindua da.
-Pentsatuko dut.
-Ez da pentsatzeko kontua edo ez pentsatzekoa! Arren! Kontura zaitez! Agindu bat da! Ulertzen? Agindu bat da! Yetik kolpetik utzi zion garrasi egiteari.
-Agindu bat da. Agindu bat –berresan zion gero, besoa bizkar gainetik pasa eta goxoki hitz egiten ziola. Negarrez hasi zen bera. Azkenean, mezua joana zitzaion kontzientziaren barrura. Bai, ulertzen zuen. Larrea ez zuen gehiago ikusiko. Edo bai, beste aldi batez ikusiko zuen, just to say godd bye.
Une batez, erdizka esnatu eta itsututa gelditu zen eguzkiaren argiarekin. Begiak irekitzeko gauza izan zenean, desertu itxurako lur bat zeharkatzen ari zirela konturatu zen. Handik gutxira, autobusak beste kilometro bat egin zuenean, argindarraren zuntoi metaliko batzuk ikusi zituen, eta hamarren bat bele zuntoi haietako baten inguruan hegaka.
-Lo nago -pentsatu zuen burua bestaldera jiratu eta beste irudi batzuen bila. Izan berri zuen ametsari heldu nahi zion ostera.
Tarte luze samar bat egin zen begiak itxita eta autobusaren behe partean sentitzen zituen elkarrizketak jarraituz. Azkenean, ahotsak urrundu egiten zirela iruditu zitzaion, eta lore bat ikusi zuen. More koloreko geranio bat bainugela baten leiho pinportadunaren atzealdean.
-Eta zuk, zer nahi duzu? Uztea? -esan zuen Larreak eszenan azalduz. Dutxa bat hartzen ari zen, eta ur beroak gorridurak sortzen zizkion sorbalda eta beso txurietan.
-Badakizu ezetz -erantzun zion berak bainugelako aulki batetik. Gorputza toaja haundi batean bildua zeukan, eta zigarro bat erretzen ari zen.
-Zenbat aukera dauzkagu? -esan zuen Larreak dutxaren ura moztuz-. Ez asko, nire ustez. Nik ezin dizut eskatu nire organizazioan sar zaitezen, eta zuk berdin, ezin didazu zure jendearekin joan nadin eskatu. Ez litzateke serioa. Gainera, egia osoa esateko, zure jendeak ez ninduke onartuko.
Larreak baineran egiten zituen mugimenduen arabera, kristalaren atzealdeko geranioa azaldu eta ezkutatu egiten zitzaion bistatik.
-Beraz, bi aukera. Edo jarraitzen dugu orain arte bezala, talde diziplinari uko eginez, edo despeditu egiten gara gaur.
Aristokrataren etxean ezagutu eta aurreneko aldiz tentsioa zegoen beraien artean.
-Ez dugu gure kasua Romeo eta Julietarenarekin nahastu behar. Gu ez gara hain gazteak –esan zuen Larreak toaja hartu eta lehortzen hasiz. Irribarre egiten zuen, baina bere golkorako bezala.
-Zenbat urte zituzten Romeo eta Julietak? -galdetu zion berak. Hartzear zeuden erabakiaren hurbiltasunak eztarria marrantatzen zion, eta erlats sortzen zitzaizkion hitzak.
-Romeok ez dakit, baina Julietak hamabost edo hamasei.
-Egia, orduan. Gu baino askozaz ere gazteagoak ziren. -Hasperen egin zuen-. Oso ondo, jaztera noa.
-Zer pentsatzen duzu? Ez didala inporta? -esan zion Larreak atzetik etorri eta gelan sartuz.
Ametsean ez zitzaion galdera haren hurrengorik azaldu. Horren ordez egun hartako azken eszena ikusi zuen, biak egondako etxearen atarian. Larreak, autoaren motorra piztu eta gero, leihatila jaisteari ekin zion handik eskua atera eta, abiatzearekin batera, pasaeran, bere eskua ukitzeko. Ordea egun hartan, aristokrataren etxeko lorategian ez bezala, despedidaren urduritasunagatik agian, huts egin zuten, eta beraien eskuak ez ziren airean egokitu.
Itxura batera Larreak duda egin zuen, frenatu eta jestu hura ondo osatu ala aurrera jarraitu, zeren eta autoaren motorrak geldiketa hots bat egin baitzuen, baina azkenean bigarren aukerari heldu zion. Kalean aurrera urruntzen ikusi zuen berak. Betiko, zeren Larrea hondartza batean hilda azalduko baitzen 15 egun geroago. Poliziak jarritako enbuskada batean, egunkariek ekarri zutenez.
BatPatean, Yetiren aurpegia azaldu zen eszenan.
-Andreek dena nahasten duzue! Dena nahasten duzue! -oihutu zion-. Nola esan dezakezu guk saldu genuela? Guk eliminatu nahi izan bagenu guk geuk emango genion tiroa! Guk geuk! Ulertzen? Ez gara poliziari txibatazoak ematen ibiltzen, bazenekiela uste nuen. Begira, gauza bat egingo dugu. Oso urduri zaude. Joan zaitez Parisera hamar egun pasatzera eta lasai zaitez.
-Ez dut Parisera joan nahi. Nahiago dut ekintza batean parte hartzea.
-Dena nahasten duzue! Dena! -Yetik tira egiten zion bizarrari, eta imintzioak egiten zituen- Bada ez! Ez duzu inongo ekintzatan parte hartuko! Parisera joango zara! Edo areago oraindik, hiru hilabete egongo zara organizaziotik apartatuta!
Ahots berri bat sartu zen eszena hartan.
-Oso jende arriskutsua da, dudarik gabe zioen ahotsak. Gizonezkoarena zen.- Urte asko pasatzen dituzten diziplina gogor baten menpean eta basatikeriak egiten, eta gero ezin dira eguneroko bizitzara egokitu. Vietnamgo gerran ibilitako soldaduak bezala.
-Lehengo egunean, horren inguruko film bat jarri genuen bideoan. Vietnamgo beterano batek supermerkatu bateko jendea bahitzen zuen marmelada pote baten gorabeheragatik. Gizonari erantzuten ziona autobuseko azafata zen, dudarik gabe. Berataz ari ote ziren? Berehala, gizonezkoak arrazoi eman zion bere beldurrari.
-Begiraiozu, orain lo dago eta emakume arrunt bat ematen du. Baina egun bat darama gartzelaz kanpo eta dagoeneko egin du bere azioa. Gizon bat zehar markatuta utzi du gaur goizean. Sekulako zauriak egin dizkio labana batekin. Labana batekin edo beste zerbaitekin, zeren ebakiak ez baitira garbiak. Ez dakit beharbada hortzekiko labana horietako batekin egin dio eraso. Horregatik nago autobus honetan, berriro gartzelara eramateko. Auskalo zer egingo duen bestela.
Andreak antza hartu zion ahots hari. Ez al zen Bartzelonako geltokian pospolo batekin azaldutakoa? Ez al zen korbata gorriko hura? Galdera hari erantzun aurretik, belaunean jo zion zerbaitek, eta bera garrasika hasi zen.
Eserlekuan zutitu eta begiak zabaldu zituen. Apur bat harrituta, ordurarteko guztia, garrasia barne, ametsaren alderdian gertatutako zerbait zela konturatu zen, eta bere inguruko guztia soseguz zegoela. (54-66 orr.)
Zeru horiek
Paradoxaz, euskal literaturan garbi iragartzen den lehenbiziko ametsa, "Zeru horiek"eko lehena, AMETSA izenburupean kokatua, ametsik luzeena, horixe da amets idatzien artean amets erreal baten antz gutxien duena. Zatikaturiko oroitzapen bat da gehiago. Gomuta historiko bat, borondateak zuzendua. Euskal eleberrietako emakume etakideen borondateak askoz ere kementsuagoak dira gizonezkoenak baino amets egiteko orduan. Nola Irene hala "Koaderno gorria"ko Laura Garate, borondatea ametsean ere txertatzen ahaleginduko dira, ametsaren norakoa bideratzen, baita zenbaitetan lortu ere, esate baterako Ireneren lehen eta hirugarren ametsetan.
(Bestelakoa da "Pasaia blues"eko Olatzen eta Martaren indarra, txatarrari eta zulo beltzei uztartuagoa.)
Ez dut uste egia osoa denik garai batean bederen ETAren etsaien artean berehala egingo zen irakurketa ("andrazko militanteari halako erakunde militar matxista batean soilik begiak itxi ostean zabaltzen zaio borondatea erabiltzeko aukera".)
Orduan?
Ireneren lehen ametsa oroitzapen batek beteko du, narrazio koherente eta kronologikoki antolatu batek. Narratzaileak benetan gertaturikotzat har dezagun nahi du. Zentzu horretan, informaziozko ametsa da, Ireneren sentimenduetan eta jarreretan barneratzen laguntzen diguna.
Ireneren eta Larrearen hatzen eta bizitzen biltzea eta bereiztea kontatzen zaigu.
Irene irten berria da espetxetik eta bertan Margarita argentinarra izan du lagunik onena. Margaritak, Irenek espetxea uzterakoan, Migel Angelen margolan bat oparitu dio: irudian, Jainkoaren eta Adanen hatz elkarri luzatuak ez dira elkar ukitzera helduko. Irene maiz gelditzen zitzaion luzaro begira. Margarita ziur zen bilbotarraren bizitzako pasarte sekretu erabakigarri bat irudikatzen duela.
Lehen ametsak kontatuko digu.
Azken ametsa
Maria Teresarekin dago ohean Carlos.
Elkarrekin afalduak dira. Ardoa lagun, Kropotkiz zintzoki eta luze samar hitz egin dute. Lehenbiziko ametsean bezala, Carlos uretara erortzen ari da, ibai hazi eta lokatz koloreko batera, eta badaki ametsetan ari dela. Atsegin zaio, ez du esnatu nahi. Erori ahala, dantzan ikusten ditu ipurtikara maiteak. Kanpotiko sentsazioari dagokionez, oraingoan telefonoaren hotsa ibaiaren bestaldean jokatzen ari diren futbol partidako arbitroaren txilibitu bilakatuko da.
"Amets baten zuloan zegoela entzun zuen telefonoa. Bost egun lehenago itsaso izoztuarekin gertatu bezala, Carlosek bazekien ikusten ari zen ibai hazi eta lokatz kolorekoa amets-irudi bat besterik ez zela, eta irudi haren barrukoak zirela, gainera, uraren inguruan etengabe eta dantza batean bezala mugitzen ziren ipurtikarak; eta bazekien ere bere belarrietatik sartzen ari zen soinu hura Guiomarren deia zela, eta ez, kasu, ibaiaren inguruko futbol zelai batean falta bat seinalatu nahi zuen arbitro baten txilibitua. Ordea ametsetako ipurtikara haiek –buztan-luzeak, hego gris edo urdinekikoak- bere txori maitatuenak ziren Kropotki eta bera Obabako erreka-zokoetan ibiltzen ziren garaietatik, eta ohean bestalderantz jiratu eta almohada azpian izkutatu zuen burua. Alferrikakoa izan zitzaion, ordea: telefonoak hoska jarraitu zuen harik eta Carlosek buruko irudi guztiak ezabatzea lortu zuen arte." (304 or.)
Ipurtikarak txori maiteenak zaizkio Kropotkirekin batera errekan haiekin jolasten zuelako, Kropotki txikitan miretsiari lotuak zaizkiolako. Carlosek amodio izugarrien min sakonaz maite baitu anaia nagusia. Ez dago konparatzerik Jonerengana, Maria Teresarengana edo Beatriurengana sentituko duen axaleko grinarekin, berehala kalkulu bilaka dezakeena, anaiarenganako sentimendu desorekatu katastrofikoa ez bezala.
Maiz irakurriko du Kropotkik espetxera bidali zion poema bat, okindegiko atostean itsatsita duena. Polito adierazten du bi anaien aldartea, Kropotkiren ustez heziketa goibel, fatalista eta zapaltzaileari zor diotena: "Gora eta behera errari dabil nire arima, atsedena erregutuz. Halaxe egiten du ihes orein zaurituak basoetara, non eguerdiko itzalean deskantsaten zuen lasai; baina goroldiozko ohantzeak ez dio orain deleiterik ematen bere bihotzari, eta antsi egiten du logabe."
Oraingoan bi anaiak ez dira antzar bilakatuko, eskutik hartuta psikiatrikoan eta putzuan itoko dira. Carlosen zoria urak erabaki du.
Tragediaren bezperako lehen ametsa
Orain arteko ametsak eguneko loaldietan egin ditu Carlosek. Amaiaren bezperan, berriz, bi amets egingo ditu, esnaldi labur batek bereiziak, eta biak gauez.
Lehenbiziko ametsean haur talde batek hamarretik behera zenbatuko du.
Aurretik zenbaketa horixe bera egin dio Sabinok, Carlosen barruko ahotsetako batek, hau esna dela: "Asko komeni zaik ondo lo egitea. Biharkoa egun erabakiorra izango duk eta dagoeneko hasi dituk zenbakiak atzekoz aurrera mugitzen, hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost..." (301 or.)
Sabino zentzuduna eta baikorra izaten da eta bere mintzoan atzekoz aurrerako zenbatzeari halako itxaropen kutsu bat dario.
Alderantziz, lokartu eta beheranzko zenbatze berdina ostera entzutean, ametsetan oraingoan, nabaria dugu balbe gaiztoa. Ametsean ez dugu Sabino zenbatzailea, baizik haur talde siniestro bat, "eskola batekoa edo."
Zenbakien oinarria segida da, segidarena berriz denbora: Carlosi denbora ahitzen ari zaio.
Oroitu gabeko beste amets bat
Tragediaren bezperan, ostegunez, Maria Teresarekin afaldu baino lehen, Rosa Luxemburgoren gutunak irakurtzen ari dela hartuko du berriro loak Carlos, biana oraingoan alai esnatuko da. "Apika, orduantxe arte izandako ametsa egongo zen bere aldarte aldaketaren oinarrian, baina berari ez zitzaion amets haren ezer gogoratzen." (271 or.)
Zein izan zen ordu erabakigarri haietan aldartea bizkortuko zion ametsa, Chuck?
Asteazkeneko ametsaz
Egunero-egunero darabil Carlosek anaia gogoan, ametsa baino lehen bezala ondoren ere, bere begi urdin distiratsuak, gainbehera hizlari ospetsu izatetik autismo gisako batera, beren arteko harremanen bilakaera anaitasun goxo batetik liskarrera eta elkarri hitza ukatzera, ideologia oldarkor batetik urrutiratzea komuna hippy batera erretiratzeko, esperimentu arraroak Obaban LSDarekin, emango dizkioten jipoiak, adiskiderik gabeko lurraldean bakartzea, eroetxea...
Aitonaren eta izeba Mirenen aipamenez gain, zeharkakoak eta beti ere Kropotkiri lotuak, berau da Carlosek aintzat hartzen duen senide bakarra, bizirik gelditzen zaion bakarra bestalde.
Familiak ostatu bat zuen Obaban. Apopilo batek "Ogiaren konkista" oparitu zion hamalau urteko anaia nagusiari. Liburuak liluratu, jendeari sarritan aipatu eta Kropotki ezizena jarriko zioten. Liburuko arrazoibideak erabilita, aitonaren etxeetako etorkin andaluziarrak alokairurik ez ordaintzeko konbentzitzen ahalegindu zen, baina baten batek salatu eta aitonak bi anaiei astindu bana eman zien, Carlosi isiltzeagatik. Jendaurrean mintzatzea zuen gustuko Kropotkik, entzuleak erakartzea, gerora erdi mututuko zenak.
ETAn sartu eta aldi labur bat espetxean eman ondoren, Kropotki ohiko ikuspuntu iraultzaile abertzaleaz urrunduko da.
Kasurako, Danteren esanetan, Adanek eta Ebak paradisuan ez zituzten zazpi ordu baizik eman, goizeko seietatik ordu bata arte, eta, Carlos espetxeratu zutenerako, iraultzaren gaineko Kropotkiren kontzepzioa danteskoa zen: "egoera bat zenbait orduz errotik aldatzea". Obabako jaietan LSD hautsaz nahastutako laranja zukua banatu zuen, anabasa eraginez, alegia, zazpi orduko paradisua. Medikuek ibili behar izan zuten herritar askoren txoka apaltzen. Kropotki atxilotu eta bere osasun mentalari buruzko zalantzak sortu ziren.
Garai hartan, 1975-76 inguruan, Carlosi espetxera bidali zizkion gutunak izan ziren hausturaren eragile, Kropotki ordu arte berebizikotzat hartu izandakoaz zeharo gogaiturik zela adierazten baitzioten Carlos artean liluratuari, muzin egiten ziela eusko gudariak garari, heroiari, odola emateari: gainera, herriak burgesiaren balioak bere eginak ei zituen eta ez zuen iraultzarik nahi.
Carlosi gero eta txoroagoa irudituko zaio Kropotki, borrokaren hutsala ez ezik ba omen direla pankreas eta gibel izpiritualak aldarrikatuko baitio, lan isil erabakigarria egiten dutenak ariman, eta antzeko xelebrekeriak. Eroa.
Hala ere, Carlosek espetxe barruan ideologia borrokalaria zuzentzat zuen arren, esan bezala, 77an irten ondoren pixkanaka bere egingo ditu Kropotkiren jarrerak hizkera oldarkorraz, eta orain, 1982an, onartu egingo ditu, nahiz ez duen Kropotkik bezala karma, shanti, energia positibo, bibrazio txar eta enparauak biltzen dituen hizkeraz ordeztuko.
Carlosen kasuan, Davidenean bezala, ETAren ideologiarekiko eta jarduerarekiko arbuioa ez da analisi baten ondorio izango; aldiz, halako batean krudel, itsusi eta aspergarri egingo zaie, kaka zahar handi bat. Ez dago bilakaera dialektikorik, baizik jauzia.
Asteazkeneko ametsaren lotura heriotzarekin: Kropotki munduarentzat hil da, Carlosek hitzez zein egintzez hil du, eroetxean hertsiz eta solasean ere akabatuz.
Batetik, egintza: Kropotkiren txoro ospea baliatuz, Carlosen komandoaren atrakoetako dirutza (amnistiaren osteko atrakoak) Kropotki eroetxe batean entzerratuz zurituko dute. Ubi sunt sasoi hartako bisnes estrafalarioak! "Hemen sartzen banauk denek pentsatuko ditek hil naizela" esango dio Carlosi eroetxeko lorategian, hortzik gabeko ahoa barrez zabalduz.
Bestetik, hitzak: aurrena, Joneri irudituko zaio Carlos anaiaz hilda balego bezala mintzo dela. Eta "hilda ez badago, non dago zure anaia" galdetzen diolarik, Carlosek hitz beste egingo du artega, "gure arazoetara" lerratu nahiko du, baina oroitzapen mingarriak trumilka datozkio, Kropotki horzgabea eroetxeko lorategian "hemen utzi behar al nauk?" galdezka eta abar.
Hurrena Danutarekin solastatuko da Kropotkiz. Danutari deigarria egingo zaio Carlosek iragana erabil dezan anaiaz hitz egiteko, zerbait gertatu ote zitzaion galdetu eta Carlosek duela bost urte hil zela ihardetsiko dio, 1977an. Erabateko gezurra ere ez dela, pentsatuko du Carlosek.
Ohi bezala haatik, paradoxaz, anaiarekikoak egin orduko bere baitan berpiztuko zaio, zenbat maltzurkiago Kropotki erreala desagerrarazi, hainbat ozenkiago adituko du haren mintzoa bere gogoan, maizago eman beharko dio arrazoia. Daviden mintzamoldeaz eta sentimenduez ere behin hildakoan jabetuko da batez ere ama Carmen.
Elkarri mintzatzeari utzi dioten Carlosek eta Kropotkik nekez hitz egin ahal izango dute asteazkeneko ametsean ere, zakurren zaunka itzelen erruz. Atxagarenean ohikoa den kanpoko sentsazioa ametsean ederki txertatzea dugu hemen, Belle eta Greta alboan baititu Carlos ametsean murgilduak, eta Danutari ardaila betean egiten diote zaunka, salataria dela antzeman baitiote beren zakur zolitasunari esker. Zaunka zarata horiek, solasaldi lasai heldu baten eragozle, baliteke jendarte hiperpolitizatu haserrekor bateko giro jasangaitza irudikatzea, aldez aurretiko mesfidantza eta susmo ergela, elkarrizketarako traba, are anaien artekorako, ametsen jarioa mozten duen jendarte paranoikoa.
Asteazkeneko ametsa (Kropotki, zakurrak)
Berrehun eta hamalaugarren orrialdean gaude. Hogeita hamar ditu ekainak, San Martzial. Rosa Luxemburgoren gutunak irakurtzen ari dela hartuko du loak Carlos berriro. Oraingoan hamakan etzanda dago, itzalean, biluzik, xomorroen hotsak entzunez, eta anaia Kropotkirekin amets egingo du, "Gizona bere bakardadean" ere "Anaiaren liburua" baita, baina, Carlosen ustez, Kain eta Kain anaiena:
"...Carlosi koloka egiten zioten orrialdeko letra guztiek, eta bere bular gainean utzi zuen liburua. Hurrengo segundoan, bezperatik metatuz joandako logaleak gainezka egin zion eta seko lo gelditu zen.
Ametsez betea egon zen bere loa. Azkenengoan, bere anaia mendiko txaleta baten atarian zegoen zain, ez bakarrik, baizik eta garai hartan –ametsa kokatzen zen 1977ko udan, alegia- bere komunitatean zeuden bospasei partaidez inguraturik, eta berak harako bidea egin bitartean zakur multzokada ugari batek zaunka egiten zion txaletaren alanbrezko hesiaren bestaldetik. Zakur gehienek, arraza nahastukoak, ez zioten kezkarik sortzen, baina taldeko buru egiten zuten bi dobermanek oso arriskutsuak ziruditen. Hortzak erakusten zizkioten, eta jauzi egiten zuten bere aurka hesia puskatu beharrean. -Kendu zakur horiek nire ondotik! –oihutu zion Kropotkiri entzungo zionentz dudatuz. Hesitik etxe atariraino 30 bat metro baitzeuden, bidatzur batek zeharkatzen zituenak.
Kropotkik abistu egin zuen orduan eta zakur guztiak –zenbat ote? Hogei? Hogeita bost?– txalet atarira bildu ziren korrika. Halere, ez ziren horregatik ixildu. Bera zegoen pundura begira jarri eta zaunkaka jarraitu zuten.
-Baietz, banoala –esan zuen Carlosek bai bere anaiak eta bai komunitateko beste guztiek egiten zizkioten jestuei –aurrera! aurrera!- erantzunez. Atea zeharkatu aurretik lurrean zegoen makila sendo bat hartu zuen. Ez zen fidatzen dobermanen diziplinaz.
Azkenean, bidatzurretik pauso lasaian joan eta inolako arazorik gabe eseri zen petrilean. Zakurrek orain sortzen zuten iskanbila izugarria zen, eta bere anaiak eta berak ezin zioten elkarri aditu. Hala eta guztiz ere, inork ez zien ixiltzeko agindurik eman; aitzitik, taldeko gehienek, Kropotki barne, farreiduria zeukaten aurpegian, iskanbila hura atsegina balitzaie bezala.
Carlosek –elkarrizketa bat hastea ezinezkoa zela-eta- txaletaren aurrekaldez haruntz gelditzen zen haranari erreparatu zion bere begi gartzelatik atera berriekin, eta Obaba bere jaioterria ikusi zuen haranaren abiapunduan bertan, eta herri haren erdian jaiotetxea, denen artean handiena bere garaje eta ostatuarekin; eta haruntzago, haraneko karreterari jarraituz, berak gehien maite zituen mendiak, kolore berde bizikoak aurrena, kolore urdin ilunekoak gero.
Ez zuen kotenplazioa erabat burutzerik izan. Horren aurretik zakurrak ixildu egin ziren, eta bere anaiak, seinale haren zain egon izan balitz bezala, besarkatu eta ongietorria eman zion.
-Zorionak, Carlos, komunitate guztia asko poztu huen gartzelatik atera hintzela jakin zuenean. -Zakurrak edukitzera dedikatzen zarete, orduan –esan zion Carlosek. -Badakik. Gure herritar zintzoei ezinbestekoak zaizkiek oporrak, eta zakurrek enbarazu egiten zietek. Guk bildu egiten diagu beraiek zaborra bezala botatakoa. Gai honetan Chazali jarraitzen zioagu: "Oinazea latza denean paperak aldatu egiten dira. Giza abereek animaliek bezala egiten dute garrasi; animaliek, berriz, giza abereek bezala". Beraz, ez gaudek hain urruti, animaliak eta gu. Nola utzi, orduan, mendian goseak eta erdi-erotuta hil daitezen? Ahal dugun bitartean, ez diagu holakorik ametituko.
Bere anaiari begira Carlosek errukia sentitu zuen, eta ez, gartzelara joan aurreko garaietan bezala, amorrua edo lotsa. Joanak ziren Kropotkiren harrotasunak, bere oroz gaineko begiradak, bere gorputzaren sasoitasunak. Hortz gehienak falta zitzaizkion, eta doi-doi hitz egiten zuen, armiarmaren haria baino hauskorragoa ematen zuen ahotsarekin. Soilik bere begiek zirauten lehengoan, urdin distiratsu.
-Gartzelatik atera berria haizenez, energia negatiboa erruz edukiko duk –jarraitu zuen Kropotkik bere adiskideen errespetuzko atentzioa bereganatuz-. Beraz, apartatzea komeni zaik, mendian edo beste edozein bakarlekuren batean bolada bat bakar-bakarrik pasatzea. Ez gero joan hire ohizko giroetara, demokrazia berriari buruz edo antzeko gai politikoei buruz eztabaidak izatera, zeren hartara bikoiztu egingo zaik energia txarra...
Zakur batek zaunka egin zuen Kropotkiren iharduna moztuz. Baina ez zen izan mendiko txaletean zegoenetako bat, baizik eta Greta. Begiak zabaldu orduko ikusi zuen. Eta Belle ere bai. Eta Danuta. Interpretea beragandik bost bat metrora zegoen, harri koskor batean eserita eta liburu bat irakurtzen.
-Berealditako lo premian zeunden, inondik ere. Zakurrak zaunka batean aritu dira ez dakit zenbat denboran, eta ez zara esnatu –esan zion Danutak liburua magalean utzi eta irrifarreka. Soineko xehe baina dotore bat zeraman orduan ere, gris argi batekoa.
Carlosek erlojuari begiratu zion. Arratsaldeko laurak eta hogei ziren. Rosa Luxemburgoren liburua lurrean erorita zegoen.
-Zakurrekin ametsetan ari nintzen –esan zuen azkenez tapakitzat zeukan toaja hobeto kokatuz. Belle eta Greta hamakara inguratu eta agurka hasi zitzaizkion.
-Berealditako zaunkak egin dizkidate zure zakurrek. Ez dakit zergatik. Dagoeneko ezaguna izan behar natzaie –esan zuen Danutak altxatzekoa eginez. Eta, hain zuzen ere, bere kexari arrazoi eman nahiz bezala, Belle eta Gretak zaunkaka erantzun zioten bere mugimenduari.
-Gosetuta daudelako. Beraiei jana kentzera etorri zarela pentsatzen dute.
Egoerak deseroso sentiarazten zuen. Ez zekien nola jaiki hamakatik. Ez zuen Danutaren aurrean biluzik gelditu nahi."
Ametsik (gogoratu) gabeko lo kuluxka (asteartea)
Carlosek 1982ko ekainaren 28ko ilunabarrean izan zuen lehen ametsa. Atxagak ez digu gau hartako ametsik kontatuko.
Loalditako ametsek ezinbestean ari dela putzura erortzen erakusten diote Carlosi. Egunez, aldiz, Carlos ametsek xuxurlatzen dioten kontu iluna konpentsatzen ahaleginduko da bizimodu aldaketa eta etorkizunerako asmo ederrak irudikatuz.
Ekainaren 29ko gauean, Guiomarrekin solasaldi luze bat izango du. Aurrena, "Carlosen beraren interpretazioa" sarrerak dakarrena dute eztabaidagai; hurrena, proiektu atsegin horietako zenbaitez arituko dira.
Gero ohera abiatuko da Carlos, baina oroituko ez dituen edo egingo ez dituen ametsen aurretik gauaren eta itsaso izoztuaren erakargarritasuna sentituko du berriro, heriotzaren dei urtsua.
"Ordea, iritsi bionboraino eta leihora itzuli zen ostera, zeren eta hotelaren inguruan hedatzen zen gaua -gau hezea, gau haize bigunekoa, gau ixil-ixila hamar edo hamaika izarrez inguratutako ilargi ezpal bat zuena- erakartzaile egiten baitzitzaion; eta ez soilik heze, haizedun edo ixil zelako, baizik eta, batez ere, masa likido bat bezala sentitzen zuelako eta iluntasun hartan -La Banyera-ko uren iluntasunean bezala- etzanda gelditzeko gogoa sortzen zitzaiolako. Carlosek, gauak tiratu egiten ziolako inpresio hura erabat bereganatzearren, begiak itxi eta leiho-markoaren aurka etzan zuen gorputza. Inpresioa, orduan, areagotu egin zitzaion, eta apur bat aldatu ere bai: edan egiten zuen haize biguna, bainatu egiten zen ixiltasunean, freskotasunak busti egiten zuen. Ordea likidotasun hura ez zen La Banyera-ko urei zegokiena, baizik eta itsaso izoztu eta ezti bati zegokiona..."
Lo kuluxka gorabehera, Carlosek bere burua nekatu eta astun sentitzen jarraituko du, eta beste behin hipnotizatuko du saguzar kezkagarri batek, liburu osoan zehar hotel atariko farola batetik bestera edota zerura eta buelta etengabeko biribilketan dabilena:
"Ostera begiak zabaldu zituenean lo kuluxka batetik ateratzen zelako susmoa izan zuen, eta susmoa ziurtatu egin zioten segituan bai erlojuak -seiak hogei gutxi markatzen zituen- eta bai alfonbran erorita zegoen Rosa Luxemburgoren liburuak. Geroxeago, erabat esnatu eta leihotik begira jarri zen arretaz, ea zer gertatzen ote zen arestian heze, ixil, eta batez ere urtsu juzkatu izandako gau hartan, eta betiko saguzar ttikia ikusi zuen hotel atariko farol batetik bestera, eta pittin bat haruntzago okindegiaren inguruko zuhaitzen errainu belatza; eta gasolindegiko argi urdin eta gorriak ere ikusi zituen, eta baita ordurako karreteran zebiltzan autoen argiak ere; eta Montserrateko murraila ere bai; eta zeruan orduantxe argitzen ari ziren bi laino arrosak ere bai. Mugimendu nagusia, iluna eta argitasuna txandakatzen ziren eszenario hartan, saguzar ttikiak jartzen zuen, bai bere etengabeko jiraketengatik eta bai zenbaitetan egiten zituen joan-etorriengatik ere, hoteleko ataritik arrosa koloreko zeru-zatiraino, eta zati honetatik, berriro ere, atariraino.
Carlosek eten egin behar izan zuen bere kontenplazioa. Gorputza, lo kuluxkaren ondoren, pisu sentitzen zuen, eta nekosoa egiten zitzaion zutik eta geldirik egotea. Beraz, liburua alfonbratik jaso eta bere gelara abiatu zen. Kontenplazioak utzi eta okindegira jaitsi beharra zeukan luze gabe."
Ametsik egin ote zuen Carlosek lo kuluxka horretan? Zer amets?
Ura
Ura da "Gizona bere bakardadean"eko funtsa, Carlosen zoria erabakiko duena; "Ehun metro"koa odola zen, "Exkixu"rena lurra, lur galdua, "Hamaika pauso"koa magnolia grandiflora, heriotza, "Zeru horiek"ekoa zerua, ez da behar-beharrezkoa beti originalak izan gaitezen, "Berriro igo nauzu"koa kaka, "Koaderno gorria"koa besazpiko izerdia eta dutxa, "Pasaia blues"ekoa txatarra, "Lagun izoztua"koa izotza eta "Soinujolearen semea"koa zenbakia, hau da, denbora, denboraren funtsa segida baita eta zenbakia ez da azken batean segida baino: hiruren esentzia biren ostean izatea da, eta lau baino lehen.
Carlosek La Banyeraren alboko bere bizimoduan Lou Reeden "Stupid man" haren joera hartuko du:
"Oh crazy, don't you know it will make you so damn crazy living all alone by those still waters?"
Anaia Kropotki bezain ero bilakatu baita Carlos bakartia, uretan ero herio.
"Lagun izoztuko" bainua errekan Andonirekin eta indioekin, uretan murgiltzea, Goioren berpiztearekin bat datorren bitartean, izotza urtuz biziberritzearekin, Carlosi berriz ematen du Heraklitok adierazi bezala uretara hurbiltzeak, urarekin nahasteak, ekarriko diola heriotza ("Filosofo presokratikoak", 64. garren gogoeta, 54 or., Klasikoak, 2004, Bilbo)
Carlos eta Irene Atxagaren etakide bakartien ametsak dira euskal literaturako pertsonaien artean kanpoko munduak eraginiko sentsazioak ametsetan sakonkien sartzen dituztenetakoak, sentsaziook ametsezko irudi ARRAKASTAZ bihurtzen dituztenak, hots, esnatu gabe. Lehen amets honetan, Carlosek telebistan pterodaktiloez berbetan ari direlako amestuko du itsaso izoztura jausten ari den asteroide bat dela, eta, doi-doi itsas azala ukitu baino lehen, berriro hegaldatuko dela, saguzar bilakaturik.
Eta, esan bezala, zarata, irudi gogorra, izuaren kirrinka ez dira gai lotia esnatzeko baldin honek ametsean txertatzen baditu. Ongi.
Ordea, hain trebea izaki Carlos ametsaren funtzio hori betetzeko orduan, eta bere lehen ametsaren igarpen izaeraz ohartu arren, ez dio heriori muzin egingo.
Bizia duzu kontrastea, orainak dakartzan sentsazioak ametsean sartzeko zabaltasunaren eta etorkizunaren ametsezko iragarkia ekiditeko ezinaren artean: ura erakusten dio ametsak Carlosi, uretan itoko zara, baina halabeharrak Carlos harrapatuko du.
Valiumaren eraginez soilik? Tentela ote da?
Pozarren ari da itsaso izoztu eztira erortzen. Carlos ez da batere kezkatuko, itotzera doan arren. Ai, ur barearen heriozko erakarmena!
Liburuko amets GUZTIEK abisatuko diote behin eta berriro hiltzera doala: lehen ametseko jaustea, anaia Kropotki behiala miretsiaren jaustea erokerian (Foucaultek zioenez, heriotzak Erdi Aroan zuen eginkizuna Aro Klasikotik aurrera eromenak bete izan du Europan), ibai lokaztura jaustea, umeen zenbaketan hamarretik beherantz jaustea...
ETA CARLOSI ERAKARGARRI ZAIO, HORRA GILTZA.
Gauez leihotik ilunari begiratzearen gozoa ederki ezagutzen du Carlosek, hil nahi duten autista batzuek bezala.
Carlosen ametsek hil nahi duela nabari dute, Inaki Abaituaren amets bakarrak bezala "Hamaika pauso"n.