Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Masturbazioa, usaina

Masturbazioa, usaina

mzap 2006/05/09 11:37

Masturbatzeak beti sentiarazten omen ditu errudun nerabeak: masturbazioa utzi nahiaren eta ezinaren arteko gatazkaren bortitza, aitak eraginiko beldurraren araberakoa da. Errua, zikina, hazia ezkutatu beharra... putzu horretatik irtetearren, fantasia bat pizten zaio mutilari: amak salbatuko du masturbaziotik, amak du sexu harremanetan iniziatuko.

Edonola ere, mutilak, jatorra izatekotan, gizartean onartua, etikoki txintxo, ezinbestean behar du masturbatu: berezko indar basatia baretu egiten baitio masturbazioak, eta gizarteak eskatu oreka ahula ahalbidetu. Arras zaila iruditzen zaio Freudi bertutetsu izatea, fusila lantzean behin garbitu gabe.

Freudek susmo du beti ageria eta goikoa: beti bilatzen du giltza desiran eta gorputzeko zuloetan. Esaterako, haurtzaroko uzki erotismoari ez zaio muzin egiten, helduaroan zapaldu egiten da.

Era berean, Freuden ustez, amets humanista (Einsteinena adibidez: bake unibertsala), gizajoaren ilusioa da, behin eta berriro zapuztutako itxaropena. Freud materialista da, behean aurkitzen du beti funtsa. Honela ikusten ditu mito ezagun bi: Prometeo: gizakiak sua kontrolatzen ikasi zuen, garrak itzaltzeko txiza lehia, lehia homosexuala berau, utzi zuenean. Prometeo ez da bere jolas gogokoena kendu dioten mutiko bat baizik.

Paradisutik egotzitako Eva: beheko tximarroaren lotsa disimulatzearren asmatu zuten emakumeek ehungintza eta irutea, alpapa madarikatuaren ezkutatze kulturala alegia. Freudentzat, Eva ez da aluko ileez obsesionaturiko neskato bat baino.

Izan ere, zutitzeak erabaki zuen giza inhibizioa: atzeko hanken gainean tente, usaimena galdu baikenuen. Ezin aurrerantzean behar bezala hurbildu usain printzipaletara: sexuarena, ipurtzuloarena. Zapaldurik gelditu ziren ordudanik, hots, urruti sudurretik, jarioak, azpiko kalparra, zuloak. Neurosiak usaimenaren atrofia du sorkura. Nekez daki heziera onak zer egin gorputzeko putz eta jariakinekin: debekatu egiten da hemen korrokada, exijitu han; berdin uzkerra, malkoa, doministikua... Edonola ere, ez genuke ahantzi behar lau hankatan bizi izan garela, badakigula usnatzen eta milikatzen, beharrezko zaizkigula.

Freuden esanetan, gizateriaren historia eta norbanakoarena bat datoz: haurra, antzinako gizakia lakoa da, nartziso hutsa: unibertsoaren erdigune eta erregetzat du bere burua. Nartzisismo hori irainduz egiten du aurrera zientziak, bilakatzen da heldu haurra. Freudek bere obra gizakiaren harrokeriak nozituriko hirugarren makiladatzat dauka: Kopernikok Lurra, unibertsoko bihotza barik, bazter-toki ezdeus bat dela argitu zigun; Darwinek, gero, ez garela Jainkoaren seme-alabak, tximino tristeak baizik; psikoanalisiak, azkenik, gure burua arrotz zaigula erakutsi digu, gure nahien eta egintzen zergatia ezezaguna zaigula.

Kokaina zerabilen idazteko Vienako testugile bizi eta arinak. Batzuentzat Biblia Saindua, besteentzat disparate okaztagarria, deigarriak zaizkigu oraindik ere haren obraren eta bizi dugunaren arteko zubi arraroak. Agian ez zaie arrazoirik falta literaturatzat dutenei, literaturarik meatzariena, giza zuloetan adoretsu barnera dena. Freudek berak bere ideien zientifikotasuna hainbeste azpimarratzea, literatura horren alde komikoetako bat litzateke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.