Depresioaren iturri bat
Freudek dioenez, gazte zein helduaroko goibelaldi, larridura, angustia eta depresio askoren iturria haurtzaroan dago, Edipo aroan zehazki. Orduko oinazeen errepikak dira geroko bizialdi osokoak.
Haurrari, guraso batenganako maitasuna, beste sexuarenganakoa maizenik, deslilurak apurtuko dio, bat egite bozkariotsuaren itxaropen inutilak. Gurasoek ordu arte berarengana bideratzen zuten maitasunak ihes egiten diola sentituko du, beste norbaitek erakarria. Kasurako, neba-arreba txiki baten jaiotzak bortizki nabarituko dio guraso maitearen infideltasuna, jelosia gogorra eraginez. Ondoren, haurraren ahaleginak berak ere antzeko ume bat sortzeko, mendekuak bultzatua, helduentzat xelebre bezain protagonistarentzat tragiko, lotsagarriki joko du erreka.
Halatan, haurraren sexu bizitza hasi orduko hautsiko da, bere desirak ez baitatoz bat errealitatearekin, besteak beste garapen fisiko eskasa duelako artean. Bere sexu ahalegin guztiek huts egiten dute.
Gainera, heldu ahala, haurra inguratzen zuen goxotasuna desagertzen doa pixkanaka; heziketa eta egiten zaizkion eskakizunak gero eta zorrotzagoak dira, errietak datoz, zigorrak. Haurrak azkenik mespretxatzen dutela sentituko du, biktima gisa ikusiko du bere burua.
Porrot etsigarri horrek, gurasoen maitasuna galtze lez bizi duena, minduta utziko du luzaro, orbain sakona bere nortasunean, berezko nartzisismoa arrakalatuko dion zauria. Oinaze horixe da neurotikoek beti, eta guztiok sarriegi, geure burua besteena baino gutxiagotxat jo dezagun arrazoietako bat, eta "ezin dut ezer lortu, dena egiten dut txarto" lelo ezagunaren iturria.
Helduaroan ere, halako sentimenduak behin eta berriro itzultzen zaizkigu, eta haurtzaroko maitasun tipikoa nola amaitu zen erakusten digute.
Egoera mingarri guztiok, norberak nahi izan ez zituen gertaerok, gizakiak edonoiz berpiztu eta errepikatuko ditu. Gurasoenganako sentimendu zama, gurasoengandik sentituriko abandonua zehazki, beste lagun bati igaroarazten diogu, hala nola irakaslea edo bikotekidea edo editorea. Gizakiak, ataka ilun horietan, badaki berriro bere buruarenganako mespretxua sentitzeko ingurua sortzen, badaki laguna behartzen hoztasunez eta gogorki trata dezan, badaki pertsona egokiak aukeratzen edo asmatzen bere jelosia piztu dadin.
Azkenik, haurtzaroan berak egin nahi izan zuen umea, helduaroan opari zoragarri magiko bat egin diezaioten itxaropenaz ordeztuko du zenbaitetan, ume hura egitekoa bezain itxaropen ustela inolaz ere.
Sigmund Freuden teoria kritikaren galbahetik igarotzeko asmorik agertu barik, Freud ezinean ageri zaigu, deprimituta oso, "porrot etsigarrian” murgilduta. Teoriaren alderik “lazgarriena”: ez duela inolako erantzunik eskaintzen prozesu jakin hori iraultzeko. Aitzitik, aipatutako esperientzia lazgarriok hausnarketarako eta “sufrimenduaren heziketan” balio dezaketen neurrian dira baliodun.
Bat-batean datorkidan intuizioa, porrotaren harresiaren kontra behin eta berriro jo beharrean, arrisku-jauzia egin dezakegu, beharbada, sasi-hausnarketa baten bidez: ez dira gurasoak gu aukeratzen gaituenak, baizik eta guk eurak esperientzia guzti horiek bizi ahal izateko.
Agian, C.G Jung-ek eman dezake porrotaren tunel horretatik ihes egiteko bidea, “Subkontziente kolektiboaren” indarra deskubritu zuen eta Freud-en erdeinua jaso ordainetan. Jung-ek bere esperientzia pertsonala profitatu zuen porrot etsigarriaren kontra egiteko, pertsonalitatean mugatzeaz oinazeen eta depresioren iturri bakarra.
Mircea Eliadek “El vuelo mágico y otros ensayos” (Siruela, 2000) kontatzen duenez, 1913ko udazkenean Lehen Gerrate Mundiala hasi baino lehen “amets kontzientea” izan zuen Jungek Suitzako trenbide batean zihoala, lorik gabeko amets horretan, tunel batera sartzerakoan ikusi zezakeen “uholde ikaragarria” Europa urperatzen zuena Suitzako mendiak ezik eta ondoren urak odolaren kolorea hartzen zuen. Zoratzeko arriskuan, psikoanalisian murgildu zen erantzun baten bila, alta, ez zuen erantzunik aurkitu urte batzuk geroago Gerra Handia hasi zen arte. “Inkontzientea kontziente egitea” zuen helburu Jungek. Auto-esplorazioan aurkitu zuen bidea.