Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Forua eta sudurra

Forua eta sudurra

mzap 2006/05/11 08:55

Zenbait herrik badu ezaugarri edo ohituraren bat gizalditan eta gizalditan luzatu denez bertako herritarren nortasuna erabakitzen duena: tuaregak nomada bizi dira basamortuan, igluetan inuitak. Gregorio Monrealen ustez, foruen zortziehun urteek euskalduna sakonki moldatu dute.

1-Freudek honela lotu zituen giza bizialdiko aroen joana eta foruak.

Freuden testu horren mamia interpreta liteke esanez euskaldunak pixka bat atzeratuak garela, erdi anormalak. Ordea, Freuden gainean dihardutenen artean finena den Catherine Clémentek inkontzientearen ezusteko agerpenekin lotu du testu hori, ustez guztiz uniformizaturik dagoen lurralde batean zapalduriko diferentzia bortizki itzultzearekin.

2-Freuden paziente Emma Ecksteinek ibiltzeko eta digestioa egiteko zailtasunak zituen, eta hilekoak desgaraiz, arraro eta txarto. Hasiera batean, Fliessek, Freudi sinetsarazi zionak sudurra aurpegiko sexu organoa dela, uste izan zuen horiek guztiak ez zirela sudur zikloen desorekaren adierazpenak baino.

Aitzitik, Freudek masturbazio frenetiko baten sintoma gisa interpretatu zituen. Halatan, Fliessek, Freuden diagnostikoa onarturik, ohiko sendabidea (sudurreko zulotxoen kauterizatzea eta kokainaz estaltzea) baztertu eta kezkaren araberako sendakuntza aholkatu zion Freudi, benetan errotikoa: sudurreko ezker hegalaren ablazioa.

Fliessek berak egin zuen ebakuntza. Haatik, hamalau egunen buruan hanpilot zen oraino, eta kirats nazkagarria zerion. Beste mediku batek zauria garbitu eta, sudurraz gelditzen zentxoan, hari bat ikusi, tiratu, eta metro erdiko gasa bildu zuen, Fliessek bertan ahantzia, aste biz lizundua. Gainera supituki hemorragia ikaragarri bat sortu eta ia Ecksteinenak egin zuen. Freudek, konortea ez galtzearren, erruz edan behar izan zuen pattarra. Ecksteinen aurpegia desitxuraturik geldituko zen sekula betikoz, muskuilu zinez itsusia erdi-erdian.

Freudek ez zion inoiz uzterik izan Ecksteinen sudur makabroari bueltak emateari. Freudek, bere azken hilabeteetan, enpatiaren eraginez, besteak beste, sudur hegalak hain zituen kakusaintsu, non bere azken pazienteek ihes egiten baitzioten, izuturik; bere txakurtxoa ez zitzaion inondik inora hurbiltzen; eta Freuden aurpegiaren gainean oihal bat paratu behar izan zuten, euliak uxatzearren. Freudek, orduan, Schur doktoreari txerto hilgarri bat jar ziezaion eskatu zion.

3-Bere bizitza osoan behin eta berriz itzuli zitzaion Freudi Fliessekin batera mutilatzen eta gero ahazten saiatu zen Emma Ecksteinen sudur ikaragarri hura. Hala ere, azkenean Freuden beraren aurpegian kokatu zen Ecksteinen sudurra, Espainian gero eta lurralde gehiago diren bezala “errealitate nazional.” Ildo berean, esaten da Rosa Diez ahaleginetan dabilela bakearen aldeko kontzertuan Bob Dylanekin batera “Blowin’ in the wind” abesteko, Joan Baez antzo, Zurriolako agertokian. Baina ez ote litzateke egokiagoa Maria Ostiz?

Patxi
Patxi dio:
2006/05/12 12:14

Zeharo txundituta nago. Wikipedira jo behar izan det kontakizun hau benetakoa dala egiaztatzeko.

Emma Ecksteinkiko errukia sentitzea ezinbesteko izanik ere, zeinek eutsi parregureari?

Rosa Diez PSOEren barruan uste det nahikoa Emma Eckstein sentitzen dala gaxua. On egingo al dio Bob Dylanekin kantatzeak, errukarriari.

Konparazioa berriz, ez det ulertu. Zergaitik Rosa Diezen aipamena? Fliesseren sudur zikloen desorekaren teoria bezain harrigarri gertatu zait. Biek eragin didate grazi berbera.

Hemen nabil, parre eta parre.

Ugutz
Ugutz dio:
2006/05/17 11:18

Zapiain doktorea:

Hilaren amaierarako, maiatzak 31arako, erreportai bat eta elkarrizketa bat aurkeztu behar ditut unibertsitatean. Elkarrizketa zuri egitea pentsatu dut Freud jaio zenaren 150.urteurrenari buruz.

Prest zengoke? Hala bada ze egun eta ordutan doakizun hobeto jakinaraztea eskatuko nizuke nire arreba, blog hau edo nire blogaren bidez.

Mila esker aldez aurretik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.