Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Blair. Fidagaitz. El Ruso

Blair. Fidagaitz. El Ruso

mzap 2006/05/26 07:52

Tony Blairrek berriki aldarrikatu du zentral nuklearrez josiko duela Erresuma Batua, independentzia energetikoa xede. Blairrek dioenez, munduan nagusi den eredua aztertuz gero, eta erregai fosilak ahituz doazenez, burujabetza energetikoa zentral nuklearrekin lortzea beste biderik ez dago. Saddamek suntsipen handiko armak zeuzkala ere ziurtatu zuen Blairrek, eta berehala ekin zion mairu zikinak prebentziozko bonbatzarrez kixkaltzeari demokraziaren berri ona hedatzeko.

Ez da oso fidagarria. Gainera erregai nuklearra, uranio aberastua, kanpoan erosi beharko du eta menpekotasun berriak sortuko zaizkio.

Energia nuklearraren aldeko Etxenikek fidagarriagoak dirudi.

Ordea, hiritar arrunt ezjakinoi beste gizarte eztabaida askotan bezala gertatzen zaigu honetan ere: aztertu aldekoek diotena eta zentzuzkoa dirudi; orobat kontrakoena. Begiratu Antiguedadi eta egiatia dirudi; halaber nuklearraren aldeko Igor Peñalvak. Eta eskura dituzten datuak ez dira desberdinak. Bakoitzak bere interpretazioa egitea.

Berezilari itxuraz jakintsu eta zintzoek aurkako jarrerak erakusten dituztenean, zeure iritzia sortzeko orduan aukera desberdinak hoztasun eta distantzia ahal bezain handiz behar dituzu aztertu.

Alde batetik, susmoak biderkatu beharra dago, artifizialki bada ere, ez da komeni agintariez eta jakintsuez fidatzea. Orain dela hogeita hamar bat urte, Txernobilgo zentrala eraiki ala ez eztabaidan zebiltzala, Anatoli Alexandrovek (Sobiet Batasunaren Zientzia Akademia Gorenaren Presidenteak, Etxenikerenaren tankerako ospea zuenak) zentrala Plaza Gorrian bertan jar zitekeela bota zuen, Kremlinaren eta San Basilio Elizaren alboan, hain baitzen ziurra.

Era berean, zenbaitentzat ETAren lorpenik handiena Lemoiz ixtea izan da. Beste batzuentzat berriz lorpen bakarra. Garai hartan hainbat buruzagi politikok energia nuklearrik gabe atzeraturik geldituko ginela ziurtatu ziguten, zibilizazioaren trena galduko genuela. Ematen du alderantziz gertatu dela: trenez lepo gabiltza. Txernobil ingurukoek galdu zuten zibilizazioaren trena. Trenak oro dituzte galdu.

Eta nuklearraren aurkako Barcenak edo Ibarrak edo Antiguedadek, apika orain badakite jakin Peñalvak eta Etxenikek bezain ongi ez dagoela nuklearra erabiltzea beste erremediorik, baina behinolako borroketan barrikadaren alde batean nabarmen egoteak kateatu egin ditu, lotu, fideltasun txatxu batek ez die orduko sareak hausten uzten, ezin dira egia berrietara zabaldu, saldukeria leporatuko liekete betiko adiskideek eta ez dute bakarrik ibili nahi.

Norberaren eskarmentuari eta intuizioari heldu behar dio batek ezinbestean.

Oroitzen naiz bazela Berbinzanan “El Ruso” deitzen zioten mutiko bat, Yuri. Socorro andereak Txernobil ingurutik ekartzen zuen uda pasatzera. Zeharo pitzatuta zegoen, erradiazioaren ondorioz. Han ibiltzen zen igerilekuan ezagunak bezala ezezagunak ere uretara bultzatzen. Aguadilla edo ito-pasara bortitzak egiten zizkien, barre algara urdurigarriz. Eta ondo samar dabiltzanak baino ez dituzte ekartzen uda pasa. Azkenean, Socorrok utzi behar izan zion El Ruso ostatuz hartzeari.

Bigarren esperientzia zuzena, Homer Simpsonen kasua da. Eta euskaldun gehiegi zarete Homer Simpsonen antzekoak. “Larrialdi botoia sakatu, Homer!” “Ui, ui, ui! Zein ote da? Dona, dona, katona...”

etiketak: kalakakoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.