Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Katastrofistak eta frantsesak

Katastrofistak eta frantsesak

mzap 2006/05/25 08:09

Lehen begiratuan, energia nuklearrari buruzko KALAKAko mahainguruaren arazoa adostasuna zen. Telebistan oro har audientzia bilatzen da eta audientziak ika-mika eskatzen du, ezpata, sua eta odola. Uste nuen gaur egun gurean ia inor ez zegokeela prest jendaurrean bederen energia nuklearra aldezten duela aitortzeko. Hala ere, badira gurean nuklearraren aldeko jakintsuak, izan da eztabaida eta ika-mika.

Ematen du klima aldaketa ez dela energia nuklearraren aldeko interesak edo alarmismoak sorturiko irudikeria hutsa. Edonoren esku daude argazkiak. Egia da argazkiak ukitu daitezkeela, Photoshop eta abar, iristen zaigun informazio guztia izan daitekeela manipulatua, baina kasu honetan benetakoak dira.

Eta larria da. Bai nuklearra nagusitzea eta bai erregai fosilei eustea dira arriskutsuak, zikinak, ondorio ezezagun baina itxura guztien arabera ikaragarrikoak hurrengo belaunaldientzat eta epe luzera.

Horretxegatik da katastrofisten gai gogokoena aspaldion.

Gehienok irudimen amorfo bat dugu, batez ere pasiboa, kanpotiko kitzikapenek alde batetik bestera daramatena, albistegiak normaltzat hartzen dituena. Baina bada jendea irudimena berez bezala okerrera, sufrimendura eta kataklismora lerratzen zaiona.

Bigarren talde honetan, batzuk erakarri egiten ditu kataklismoak, liluratu, eta irrika gaixoti bat nabari zaie katastrofeez mintzo direlarik. Bizi sena baino indartsuago eta oroz lehen berritsuagoa dute heriotza sena eta Jesukristoren bizitzan pasioa dute gogokoen, zigorra, tortura, odola, gurutziltzatzea. Diotenez, biziki kezkatzen ditu espezieen desagertzeak, ozono geruzaren zabaltzeak eta ezinbesteko suntsitze nuklearrak, berehala etorriko omen da munduaren azkena eta denboraren amaia, baina bistan da gozamenezkoa zaiela heriotzaren forma desberdinen aipatzea, bestela ez lukete hain maiz aipatuko. Hauen berezko giroa eta elementu naturala duzu izu nuklearra.

Aldiz, bigarren taldeko bigarren azpitaldekoen beldurra garbiagoa da; batetik isila eta bestetik ezkutuko atseginik ez duena nahasirik.

Hauen beldurraren bazka gupidagabea da energia nuklearra. Frantziarrak arras dira sentsibleak eta Frantzia da Estaturik nukleartuena (energiaren %80a lortzen dute zentral nuklearren bidez; Europan, oro har, %50). Aldi berean, Frantziak du depresibo gehien munduan: sei biztanleko, depresibo bat. Harreman zuzena ote dagoen zentral nuklearren ugaritasunaren eta depresiboenaren artean, auskalo. Baina etxetik zenbait kilometrora zentral nuklear bat dagoela etengabe eduki beharra gogoan, zentralaren zurrumurrua belarrian, Homer Simpsonen antzeko langile horiek zentralera doazela begian... ez da lagungarria depresioa gainditzeko edota irudimena alaitzeko, bai aitzitik gurutze astuna eta martirio luzea. Ematen du frantsesek, horrenbeste zentral nuklear bertan pairatzeak eragiten dien ezinegona ahazte aldera, edozer gertakari gogor eta mediatikoki entretenigarri sortzen dutela, esaterako periferietako baztertuen matxinadak eta buruzagi gorenen legez kanpoko trikimailuak.

Hori bai, proba nuklearrik arriskutsuenak Frantziako lurraldean beharrean ahal bezain urruti egitea du Chiracek nahiago, Mururoa inguruan, antipodetan. Intelektual ofizialek zuritu zizkioten, gero segidan Euskal Herrira konstituzionalisten aldeko kanpainan laguntzera etorriko zirenak, gaur egun Frantzian agian ez baina Parisen behintzat nagusi direnak, perretxiko nuklearrak bezain ugari.

Inguruan zentral nuklear bat dagoela baneki ez nintzateke lasai biziko eta, Patxitraperok dioen bezala, ondo pasatzeko jaio ginen.

etiketak: kalakakoak
markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/05/25 20:51

ez al da ba bekatu mortala?

Jozulin
Jozulin dio:
2006/05/26 18:50

Tremebundo, arrebatador. Lamikizen aurpegia... zelako momentua! Mila esker.

r. xalba garez
r. xalba garez dio:
2006/05/30 19:10

Beno, iritzi kritikoak plazaratzen dituzten hoiei guztiei arras entzungarri deritzet, baina argi dago zuk "beste liga batean jokatzen duzula"...

Niri, egia esan, burutik pasa zaidan zeozer bota eta Lamikizena gisako aurpegiak aurrez aurre topatzea sarritan gertatu izan zait...

Baina tira, Lamikizena bera da larria: Grial santuaren jagotea misio gorentzat izan eta simaur artean sartu duena da Lamikiz... abokatu gisa ere bereak egin du akaso Bilbaon... beraz Kalaka.ko haren begiratuak gehiago iradoki zidan galdera ikurra aturdimentu kronikoan, haserrea baino.

ETAkoen torturak nekez erakutsi direnez, kaputxak dituztenez... jendetzaren maitasuna lortzerik izan ez dutela eta... egia esan ni neroni geratu nintzen aturdituta, ez trufa ikonoklastak maite ez ditudalako, gaztelerazko esaldiak dioen bezala "mas vale caer en gracia que ser gracioso"... Nago telebistak anplifikatu egiten dituela halako nahi-eta-ezin egoera absurduak. Beraz, nik behinipein nahiago dut zure testuak letu, zu telebistan ikusi baino. Akaso orduan grazi handiagoa emango didate zure grazietek.

markel
markel dio:
2006/05/25 20:56

Nahiz eta gehienek ezetz erran, nik biziki estimatu nuen zure egotaldia. Oso ondo pasatu nuen zure erantzunekin, filosofiako klaseak etorri zizkidan gogora. Bikain aritu zinen.

markel
markel dio:
2006/05/25 20:57

etorri zitzaizkidan... barkatu ekarri zizkidan idatzi dut lehenengo eta ekarri aldatu dut baina zizkidan ez.

Arbui Achen
Arbui Achen dio:
2006/05/25 16:23

Marko batean jartzeko modukoa izan zen zure lehen inter-mentzioa, MarMarko. Iraintzeko erabili zenuen fiura- denok erabiltzen ditugu definitzen gaituzten akatsak bertzea deskalifikatzeko - homosexualak deitu zenien San Mamesen biltzen diren otoigileei. Hain gaizki iruditzen al zaizu homosexuala izatea?

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/05/26 11:49

alaine, ugutz falzes institutura etorriko da astelehenean euskal saltsa arrosa abiarazteko asmoz: erne egon, gazteak behar ditu

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/05/29 23:51

kalakan bada diogenesen ikuspuntu zorrotzaren arabera politikoki zuzena litzatekeen jende franko: juan kruz lakasta, ines intxausti, iñaki antziñako, fermin etxegoien...

gainera, ikasgelan ez bezala, solaskideek badakite entzuten

niri pentsatua neraman guztitik bostena baino gutxiago azaldu ahal izana egin zitzaidan frustragarri

baina hor dago gero bloga euskalduna behar bezala leziatzeko

r. xalba garez
r. xalba garez dio:
2006/05/29 18:47

Aizue, bide batez, Diogenes kupela baten barruan bizi zen ezta...? Erran nahi baita berak etzuela bizitza eskatologiko, ikonoklasta eta kontenplatzailearen bidea hartu barrikako edukin osoa eztarritik behera hustuta gero... edo brote eskizofreniko baten ondorioz, edo "pose" hutsarengatik... bufoi ofiziala bilakatzeko... on Xabier "Eongoatxik"en aho ironiko-ustean... Garai batean halaxe aritzen zen Urrestillako organojolea Estepanekin, harik eta mahaira titi ortopediko portatil bat eraman zuen arte.. uki-ta-uki hantxe jarduteko (kanpaijotze mentalaren konplemento ideala).

Noski, egungo Diogenes Telebistan zozomikotez inguratuta (letaginak dir.dir... "pillotazzaleok, gabon deizzzuela"), ez baina "Consumer" baten sarreran topatuko dugu... "Don Simon" kartoi artean akaso, eskale... Bill Gates.i paretik kentzeko eskatuz, pareko tabernako pantaila erraldoian projektatzen ari diren peli-pornilloaren beroa tapatu diola eta.

Beraz, anima zaitez Markos... espektakulua zure pentzura egingo dute, denon ahotan egongo zara baina patetikoa izaten darrai, sinetsidazu, katodikoa ez da zuk merezi duzun testuingurua.

Ramuntxo Gartzes
Ramuntxo Gartzes dio:
2006/05/26 00:27

El puto amo zara. El Athletik, El Athletik, es de todos el mejoooooooooor!!!!!!!!!!!

alaine
alaine dio:
2006/05/26 00:06

Joe Markos ezta makala gaur insitutuen okinzun famie e! Laster salsa rosa-ko periodistek eskibeteko ikusko zaitzut neskan komunen...

Zure komentaridxuek hobienak izan ziren, naturaltasun guztidxegaz esanda. Jentie flipeta lotu zan. Baie, esan biher da, programa-txapa guztidxetik jentieri aztu ez datzozen komentario bakarrak zeuriek dizela. Zapping programa horretariko baten agertuten bazaran ez nai harritzuko.

Datorren eguaztenan orduen trenez?

markel
markel dio:
2006/05/26 11:38

Hori baraurik hartzen duzulako da! Niri ez dit triparik nahasten, ezta beheranzkorik sortzen ere.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/05/26 11:21

markel, ikasleei Berocca aholkatu nien; mundakako amaia hartzen ari da eta oso sarritan joan behar izaten du komunera, baina hainbat ikasgaitan aterako omen du bikain

nik, ikusirik gorkak ez zidala ekartzen, erosi egin nuen, baina eferbeszente edo irakigarria, eta uste dut gauza handirik ez didala egiten, tripa apur bat nahastu beharbada

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.