Freuden ideia batzuk
Badira oinarri fisikorik gabeko buru eritasunak: piano-joleari hatzak zurruntzen zaizkio beste barik, bere burua albistegietako hilketa guztien erruduntzat du harakinak. Histeria, neurastenia, anorexia sendatu nahian hasi zen Freud. Hipnosia erabili zuen hasiberrian, baina gaixoa soilik hipnosi egoeran osatzen zen; egoera arruntera itzulitakoan, ostera ageri ziren sintomak. Horrenbestez, Freudek hitzezko sendabide bat asmatu zuen, psikoanalisia. Psikoanalista eta pazientea mintzatu egiten dira, pazientea etzanda eta sendagilea jesarrita, haren ikusmen eremutik landa. Apaizak bezala, belarriak alokatu egiten ditu psikoanalistak, diru truke ordea.
Psikoanalisiak, edonola ere, aise gainditu du sendakuntza eremua. Gizakia ezagutzeko erabil daitekeen linternarik indartsuenetakoa bilakatu da. Izan ere, ezezaguna zaigu geure burua: bizitzan gaindi geure nortasuna eta jokaera izango direnak, haurtzaroan erabaki baitziren, helduaroan inkontzientean dautzan desira eragotzi zenbaiten bidez.
Titia adibidez erabakigarria da: haurtzaroko unerik zoriontsuenak aurpegia titi artean galdurik eman genituelako zaigu erakargarri, emakumezkoei zein gizonezkoei. Zakila zurrupatzeko zaletasunak oren goxo haiek ditu sorburu: ahoratu, eragin eta azkenik esnea jario. Bizialdi osoan barrena, haurtzaroko jarrerak eta sentimenduak errepikatu baino ez dugu egiten funtsean.
Haurtzaroan ikaragarritzat hartu genuen gertaeraren bat dugu geure izaeraren giltza: adibidez, gurasoak larrua jotzen ikusi genituen. Aitak ama hil nahi duela ulertzen du haurrak. Hori onartzea gogorregia zaionez, inkontzientera du bidaltzen. Baina bertatik eragin handia izango du lagun horren bizitza osoan zehar. Zenbaitetan, kontzientziaren zentsura laxatzen delarik, agertu egingo zaio, ametsetan adibidez.
Freuden esanetan, ametsek desira inkontzienteak asetzen dituzte. Nahia ez betetzeak eraginiko frustrazioak nortasuna hausteko arriskua badakar, ametsetan nahi hori ase egingo dugu, oreka berreskuratuz. Helduaroan, haatik, nahiak eta asetzeak mozorroturik ageri dira ametsetan; psikoanalisiak ametsak ulertzen laguntzen du.
Ametseko bolaluma, farola, zuzia edo pepinoa, zakila da; hautsontzia, leizea, ahurra edo muskuilua, alua. Amets egiten baduzu etxera mozkor iritsi eta ez duzula giltza sarrailan sartzen asmatzen, sexu arazo latzak dauzkazula seinale. Freudentzat sexuak berebiziko garrantzia du, eta sexu desberdintasunak eragin nabaria ariman. Alegia, ez da gauza bera zakil harro, tente eta distiratsua sentitzea hankartean, edo klitori txiki, apal eta lotsatia. Urte bi inguru duela, neskatxak zakila nahi du. Klitoria masturbatzen du, zakil bilaka dadin itxaropenaz. Ezinaz ohartzen delarik, zakila izateko nahia aitarekin ume bat izateko nahiaz ordezten du. Orduan hasten da aita seduzitzearren emakumetxoarena egiten. Halatan, zio birengatik gorroto du ama: eskas munduratzeagatik, zakilbako, eta aita lapurtzeagatik.
Mutikoak, aitzitik, ama maite du; aita, berriz, miretsi bezain gorroto: hil egin nahi du, haren lekuan bera jartzearren. Baina aitaren indarrak ikaratu egiten du, susmatzen du maitasun-gorroto horri eutsiz gero aitak zikiratu egingo duela. Horren arabera interpretatzen du alua: zauria da, ama lar maitatzeagatik aitak zakila eta barrabilak ebakirik zigortu duen mutil izanikoarena. (Aluaren zauri izaera, bestalde, nerabezaroan egiaztatuko da, zauria odoletan hasiko baita.) Errukia eta izua eragingo dio aluak. Mutikoak, aparatua galtzeko beldurrez, aitaren nagusitasuna eta legea onartu beharko ditu, uko egingo dio ama bereganatzeari: hemen sortzen da supernia. Legearen beharra onartzea, irentsiriko aita da, aita gure baitan.
Gizonezko homosexualtasunaren sorburu bi bereiz daitezke: batzuk, gizonik gabeko inguru batean haziak, edo aitaren figura oso ahul iristen zaiela, ezin izan direnez identifikatu emakumeekin baino, emakume bilakatuko dira. Hauxe da "homosexualtasun greko" deitu izan denaren jatorria, erru sentimendurik gabeko homosexualtasuna, bere burua lasai onartzen duena, oro har alaia.
Beste zenbait, aldiz, hainbeste ikaratu ditu Edipo aroan zikiratuak izateko mehatxuak, estrategiaz aldatu beharko baitute: amarengatik aitarekin lehiatzeari utzi eta aita erakartzen ahaleginduko dira, ama bezalako emakume bihurtuz, amarenak bezalako armak erabiliz. Aita erakarri nahiak, beraz, aitarenganako beldurra du oinarri: "homosexualtasun judu" deitu izan zaio honi, eta iluna da, sekretua.